Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2023ko urtarrilaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
310

3/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 11koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko «Beldur barik» erakunde arteko kanpaina garatzeko eta finantzatzeko.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko «Beldur barik» erakunde arteko kanpaina garatzeko eta finantzatzeko. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskinean dago.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 11.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 11KO 3/2023 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ETA ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKOA, EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA PREBENITZEKO «BELDUR BARIK» ERAKUNDE ARTEKO KANPAINA GARATU ETA BATERA FINANTZATZEKOA, 2022. URTERAKO

Vitoria-Gasteizen, 2022ko azaroaren 29an.

BILDU DIRA:

Ramiro González Vicente jauna, Diputatu Nagusi gisa, kargua hautatu eta hartzeko 2019ko uztailaren 4ko Biltzar Nagusien oso bilkuraren Erabakiarekin bat etorriz. Diputatu nagusiaren uztailaren 5eko 324/2019 Foru Dekretuan, 2019-2023 agintaldirako Arabako Foru Aldundiaren sailak zehazten dituenean, xedatutakoaren arabera, Diputatu Nagusiaren Sailaren eginkizun eta eskumen izango da Berdintasunerako Politika, Immigrazio Politika eta Garapenerako Lankidetza.

Miren Elgarresta Larrabide andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria, erakunde horren izen eta eskuordetzan jarduten duena Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 17.2.f) artikuluari jarraikiz.

HONAKO HAU AZALDU DUTE:

Lehenengoa.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluarekin bat etorriz, Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen alor guztietan.

Aipatu Legearen 3. artikuluko a), h) eta n) apartatuetan ezartzen denez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen funtzioak izango dira aipatu xedeak lortzeko jarraibideak egitea eta horiek euskal botere publikoek aplikatu ditzaten bultzatzea; eta emakumeen eta gizonen berdintasunean, barne harturik emakumeen aurkako indarkeria matxista ere, eta emakumeen egoeran eragina duten programei dagokienez, Autonomia Erkidegoko botere publikoen artean izan beharreko koordinazio-neurriak bultzatzea. Orobat, hari dagokio herritarrak sentsibilizatzea, kasuan kasu egokitzat jotzen diren sentsibilizazio-, sustapen- eta zabalkunde-jarduerak eta -kanpainak eginez, herritarrak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esanahiaz eta garrantziaz jabetu daitezen, bai eta hori lortzeko eta emakumeak ahalduntzeko lan egiteko premiaz ere.

Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean antzera arautu da gaia. Hala, lege horren 5.e) artikuluari jarraikiz, hari dagokio euskal administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz egiten dituzten jarduketen arteko lankidetza bultzatzea, eta, artikulu bereko i) apartatuaren arabera, baita emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuneko egoerei buruz sentsibilizatzeko eta berdintasuna sustatzeko behar diren neurriei buruzko jarduerak ere, Euskal Autonomia Erkidego osorako eta Euskal Herri osorako era bateratuan egin behar direnean.

Horren haritik, Arabako Foru Aldundiaren helburuetako bat da, hain zuzen, toki-administrazioen esku-hartzea indartzea eta bultzatzea emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko esku hartzean eta sexuen arteko desberdintasunaren erakusgarririk larrienean, hau da, emakumeen aurkako indarkerian.

Bigarrena.– Autonomia-erkidegoko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanak arautzen dituen azaroaren 25eko 27/1983 Legean ezarritakoaren arabera, Arabako Foru Aldundiaren eskumenen artean dago, hain zuzen, erakunde erkideek emakumeei eta gizarte-laguntzari buruz dituzten legeak gauzatzea bere lurraldearen barruan.

Halaber, aipatu otsailaren 18ko 4/2005 Legearen (Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzekoa) 6.f) artikuluaren arabera, berari dagokio ere, bere lurralde esparruan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuneko egoerei eta berdintasuna sustatzeko behar diren neurriei buruzko sentsibilizazio jarduerak egitea.

Hirugarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak 2009az geroztik ari dira parte hartzen, Eudel-Euskal Udalerrien Elkartearekin elkarlanean, Beldur Barik erakunde arteko kanpainan, zeina gazteei zuzenduta baitago haien artean genero-indarkeria prebenitzeko helburuaz.

Laugarrena.– 2014. urteko ekitaldiaz geroztik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, EUDELek eskatuta, bere gain hartuko du Beldur Barik erakunde arteko kanpaina kudeatzeko ardura. Kanpainan parte hartzen duten alderdi guztiak ados daude horrekin, eta proposatzen da alde biko hitzarmenak sinatuz kudeatzea.

Bosgarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea eta Arabako Foru Aldundia ados daude 2022an Beldur Barik erakunde arteko kanpaina garatzen laguntzeko, eta, beraz, hitzarmen hau sinatzea adostu dute. Hitzarmenak klausula hauek izango ditu:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Arabako Foru Aldundiaren Diputatu Nagusiaren Sailaren arteko lankidetza egituratzea da, gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko Beldur Barik erakunde arteko kanpaina garatzeko.

Agiri honek, batetik, Arabako Foru Aldundiak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen alde eman duen dirulaguntza eraenduko duten baldintzak erregulatzen ditu. Dirulaguntza kanpainako laguntza teknikoaren garapenak sortutako gastuetara zuzenduta dago.

Bestetik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen konpromisoak eta diruzko ekarpenak jasotzen ditu, laguntza teknikoa batera finantzatzeko eta kanpainaren garapenak sor ditzakeen gainerako kostuak bere gain hartzeko.

Bigarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen konpromisoak.

1.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du gaiari buruz dauzkan ezagutza eta eskarmentua jartzeko, baita konpromiso hauek ere:

a) Arabako Foru Aldundiaren Diputatu Nagusiaren Sailarekin lan-plan bat aurkeztea eta adostea.

b) Ekintzen gauzapena garatzea eta haren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

c) Aurreko apartatuan aipatutako konpromisoak betetzeko behar diren adina baliabide material eta giza baliabide jartzea.

d) Kontratazio-organoaren eginkizunak egikaritzea.

e) Hitzarmen honetan aipatzen diren ekarpenak kudeatzea.

f) Urteko txostena egitea, aurreko apartatuan aipatutako konpromisoen arabera egindako lanari buruz. Halaber, hitzarmen honen xedea dela-eta eskatzen dioten adina informazio eta dokumentazio osagarri ematea Arabako Foru Aldundiaren Diputatu Nagusiaren Sailari.

2.– Era berean, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bere gain hartzen du Beldur Barik erakunde arteko kanpainaren laguntza teknikoaren kostuaren zati bat finantzatzeko betebeharra, 2022an gehienez 66.000 euro (hirurogeita sei mila) jarriz aurrekontuko 2022/2054701000/1.32230.24499– 2019/001463 aplikazioaren kargura. Zenbateko horrek, hiru foru aldundiek jartzea aurreikusita dagoen zatiarekin batera (gehienez Bizkaiak 35.000, Arabak 12.000 eta Gipuzkoak 23.500), zehazten du «Beldur Barik programa diseinatu eta betearazteko» laguntza teknikoaren kontratazio espedientearen aurrekontua, hau da, 125.860,61 euro.

3.– Azkenik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du ekimen hori bere web orriaren eta erakundearen beste hedabideen bidez zabaltzeko, Arabako Foru Aldundiarekin batera sustatu duela agertuz. Horretarako, bi entitateen logotipoak agertuko dira.

Hirugarrena.– Arabako Foru Aldundiaren konpromisoak.

1.– Arabako Foru Aldundiak bere gain hartzen du Beldur Barik erakunde arteko kanpainaren kostuaren zati bat finantzatzeko obligazioa, eta, horretarako, 2022. urtean gehienez ere 12.000,00 euro jarriko du Beldur Barik erakunde arteko kanpainako laguntza teknikoa garatzeko.

Hitzarmenaren xedearen finantzaketa Arabako Foru Aldundiak egingo du, Arabako Foru Aldundiaren 2022rako aurrekontuaren 02501.92.00 4.5.1 00.01 partidaren kontura, «Emakunde: Beldur Barik».

2.– Arabako Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du ekimena bere web orriaren eta erakundearen bestelako hedabideen bidez zabaltzeko. Horretarako, bi entitateen logotipoak agertuko dira.

3.– Arabako Foru Aldundiak ibilbide-orri bat ezarri eta han programaren esparruan garatzen dituen jarduketak jasoko ditu.

Laugarrena.– Ordaintzeko modua.

Arabako Foru Aldundiaren ekarpenaren ordainketa hitzarmen hau sinatu ostean egingo da, eta % 100eko aurrerakin moduan emango da.

Bosgarrena.– Justifikazioa.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak 2023. urteko otsailaren 28a baino lehen justifikatuko du hitzartutako jarduerak egin direla, egindako jarduerak justifikatzeko kontu bat aurkeztuz. Kontu horrek honakoak jasoko ditu:

– Bigarren klausulan adierazitakoari jarraituz, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak hartuko konpromisoak bete direla egiaztatzen duen jarduera-memoria.

– Diruz lagundutako jardueraren gastuen zerrenda sailkatua.

– Aurreko apartatuan aipatutako zerrendan jaso diren fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea edo eraginkortasun administratiboa duten gainerako agiriak (jatorrizkoak edo konpultsatuak) eta, hala badagokio, ordainketa egiaztatzeko agiriak.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.

Seigarrena.– Koordinazioa eta jarraipena.

1.– Jarraipen Batzordeak koordinazio- eta jarraipen-lanak egingo ditu, hitzarmen honetan xedatua behar bezala egiten dela ziurtatzeko. Jarraipen Batzorde hori xede horrekin sortuko da, hain zuzen ere, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak koordinatuko du. Zentzu horretan, beste eginkizun batzuen artean, burututako ekintzen gastuak behar bezala justifikatu direla egiaztatuko du.

2.– Jarraipen Batzorde horretan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Arabako Foru Aldundiaren ordezkariek parte hartuko dute. Beste alde batetik, EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariak gonbidatu ahalko dira, baita adituak ere, aholkularitza-lanak egin ditzaten.

3.– Programatutako jardueren jarraipena eta ebaluazioa egiteko bileretarako deialdiak egingo ditu Emakundek.

Zazpigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen honek sinatzen den egunetik aurrera izango du indarra, 2022ko abenduaren 31 arte.

Zortzigarrena.– Beste laguntza eta dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Hitzarmen honen dirulaguntza bateragarria izango da xede bera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein dela ere horiek eman dituen administrazioa edo entea (publikoa edo pribatua), izan Estatukoa, Europar Batasunekoa edo nazioartekoa, baina ezin izango da gehiegizko finantzaketarik eskuratu.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren baldintzak aldatzea eta beste laguntza batzuk jasotzea.

Dirulaguntza aldatu egin daiteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako baten bat aldatzen bada eta Estatuko edo nazioarteko erakunde publiko edo pribatu baten edo beste administrazio batzuen dirulaguntza edo laguntzaren bat jasotzen bada.

Hamargarrena.– Hitzarmena suntsiaraztea.

Hitzarmen hau suntsiaraziko da egoera hauetakoren bat gertatuz gero:

– Sinatu duten alderdi biak ados daudenean; hilabete aurretik jakinarazi beharko da.

– Aldeetako edozeinek bere konpromisoak ez betetzea.

Hamaikagarrena.– Itzulketa.

Hitzarmen hau betetzen ez bada edo emandako kopurua beste xede batzuetarako erabiltzen bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea guztiz edo zati batean galdutzat joko da, eta hura osorik edo zati batean itzuli beharko da, hari dagozkion berandutza interesekin batera, Arabako Lurralde Historikoko dirulaguntzen urriaren 19ko 11/2016 Foru Arauan ezarritakoari jarraikiz.

Hamabigarrena.– Hitzarmenaren izaera.

Hitzarmen hau administrazioaren arlokoa da. Beraz, azken instantzian, administrazioarekiko auzien epaitegi eskudunek aztertuko eta ebatziko dituzte hitzarmen hau dela-eta sortzen diren auziak.

Hamahirugarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Alderdiek adierazten dute ezagutzen dituztela Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduari buruzko xedapenak, eta konpromisoa hartzen dute lege horretan aurreikusitako betekizunak betetzeko, hitzarmen hau dela-eta dauzkaten erabiltzaileen datuei dagokienez.

Eta, hitzarmen honetan ezarritakoarekin bat datozela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, jarraian agertzen direnek honelako hiru ale sinatu dituzte, jatorrizkoak, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean:

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,

MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.

Arabako Diputatu Nagusia.

RAMIRO GONZÁLEZ VICENTE.


Azterketa dokumentala