Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2023ko urtarrilaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
288

AGINDUA, 2023ko urtarrilaren 10ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2023ko «Kultura Ondarea Saria» deitzen eta arautzen duena.

Deialdi honen helburua da saritzea 2022-2023 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe ofizialetan matrikulatutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak; hain zuzen ere, euskal kultura-ondarearen ezagutza hedatzen hobekien laguntzen dutenak.

Sari honen bidez, ikasleen talde-lana sustatuko da (ikastetxeetako irakasleek gidatuko dute lan hori), eta, era berean, sustatuko da kultura-ondarearen ezagutza hedatzea sare sozialen bidez; hain zuzen ere, ekimen horiei tokia eman nahi zaie sariaren blogean (www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus), eta han geratuko dira artxibatuta aurkeztutako bideoak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak EAEko kultura-ondarearen araubide juridikoa ezartzea du xede, eta 3.2.i artikuluan xedatzen du Eusko Jaurlaritzari dagokiola, besteak beste, euskal kultura-ondarea hedatzeko eginkizuna.

Halaber, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, 14.1.c) artikuluan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari esleitzen dio kultura-ondarearen arloko eskumena.

Bestalde, Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren arabera, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eskumena da euskal kultura-ondarea zaintzea, aberastea, babestea, hedatzea eta sustatzea, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean eta hura garatzeko ematen diren xedapenetan ezarritakoaren arabera.

Era berean, agindu honen dirulaguntza-lerroa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (PES 2021-2024) sartuta dago. Plan hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren webgunean argitaratu zen (www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/). Haren bidez, Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zen. Bertan ezartzen denez, «Kultura Ondarea Saria»-ren bidez «sarituko dira euskal kultura-ondarearen ezagutza hedatzen hobekien laguntzen duten ikasleak», eta deialdiaren helburu estrategikoa da «Euskadiko kultura-ondarea babestea eta haren balioa nabarmentzea».

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da «Kultura Ondarea Saria» deitu eta arautzea. Sari horren helburua da saritzea 2022-2023 ikasturtean Euskal Kultura Ondarearen ezagutza hedatzen hobekien laguntzen duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehen mailako ikasleak.

2.– «Kultura Ondarea Saria»-ren helburua da hezkuntza-jardueraren ekimena, berrikuntza, ekintzailetzarako gaitasuna, sormena eta garapen soziala sustatzea, Euskal Kultura Ondarearen forma material zein immaterialen ezagutzarekin eta balorazioarekin lotuta. Zehazki:

a) Kultura berritzailea sustatzea eta Euskal Kultura Ondareari buruzko ezagutza ikertu, berreskuratu eta eraikitzeko egindako ahalegina aitortzea.

b) Euskal Kultura Ondarea ezagutaraztea, euskal hezkuntza-sistematik eta hezkuntza-sistemarako.

c) Hezkuntza-ekimen berritzaileak abian jartzen laguntzea.

d) Gazteek Euskal Kultura Ondareari lotutako ezagutzaren balorizazioan eta eraikuntzan duten zeregina aitortzea.

e) Gazteen artean tresna teknologikoen erabilera sustatzea, jabari publikoko kultura- eta hezkuntza-edukiak sortzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

30.000 euro bideratuko dira deialdi honetara.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko betekizunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe ofizialetan 2022-2023 ikasturtean matrikulatutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleek parte hartu ahal izango dute «Kultura Ondarea Saria»-n, baldin eta gutxienez 3 ikaslek eta gehienez 6k osatutako talde batek egindako bi bideo aurkezten badituzte (bideo bat, eta bideo horren making-of delakoa).

Ikasle parte-hartzaileak matrikulatuta dauden ikastetxeko tutore batek ordezkatuko ditu. Tutore horrek ordezkaritza-eginkizunak beteko ditu, eta, gainera, parte-hartzaileen lana egiteko prozesua motibatu, gidatu eta koordinatuko du, baina inola ere ez du prozesu horretan zuzenean parte hartuko.

2.– Honako pertsona fisiko eta ikastetxe hauek izango dira Kultura Ondarea Sariaren onuradun:

a) Hobekien baloratutako bideoak egin dituzten hiru taldeetako kideak (ikasleak eta tutoreak); 2022-2023 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak izan beharko dira.

b) Sariaren onuradunen ikastetxeek egiaztagiri bat jasoko dute.

c) Halaber, edizio honetan bideo kopuru handienarekin parte hartzen duen ikastetxea ere onuraduna izango da.

3.– Aurreko apartatuetan aurreikusitakoaz gain, pertsona eta erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eta mantendu egin beharko dira sariaren eskabidea aurkezten denetik hura likidatu arte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai saria ematen denean, bai entregatzen denean.

Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du sariak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginari jarraikiz. Egiaztapena saria emateko unean eta dagozkion ordainketak egiteko unean egingo da. Hala ere, erakunde interesdunek egiaztapen horren aurka egin ahal izango dute, arrazoituta; kasu horretan, dagokion ziurtagiri eguneratua aurkeztuko dute.

b) Itzulketa-betebeharrak egunean izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

4.– Honako hauek ezin izango dute agindu honetan aurreikusitako saria eskuratu:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin administratiboki edo penalki zigortuta dauden pertsonak edo ikastetxeak, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat dutenak, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedaturikoari jarraikiz; bai eta ekonomia zirkular baterako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikuluan jasotako aurreikuspenak eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan ezarritakoak ere jasoz.

b) Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten ikastetxeak, eta 50 langiletik gorako enpresak, baldin eta egiaztatzen ez badute neurriak ezarri dituztela sexu-jazarpenari edo sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.5 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan jasotako gainerako egoeretako batean dauden erakundeak.

5.– Baldintza horiek betetzen jarraitu beharko da sariaren eskabidea aurkezten denetik hura likidatu arte.

4. artikulua.– Proiektu sarigarriak eta betekizunak.

1.– Sarian parte hartu ahal izateko, talde parte-hartzaile bakoitzak dagokion eskabidea aurkeztu beharko du, agindu honen 7. artikuluaren arabera. Eskaeran, URL bat adieraziko da (baliabideen bilagailu uniformea), talde parte-hartzaileak edo ikastetxeak irekitako Youtubeko kanal batera eramango duena, non bilduko baitira talde bakoitzak aurkeztuko dituen bi bideoak (bideo bat eta making-of bat).

2.– Talde bakoitzak bi bideo aurkeztu beharko ditu:

a) 1. bideoa Euskal Kultura Ondarearen elementu bati buruzkoa izango da, ahal dela ikasleen ingurunekoa.

b) 2. bideoan, 1. bideoa egiteko jarraitu den prozesu osoa jasoko da (making-of), eta arreta berezia jarriko da lortu nahi diren helburuetan eta erabilitako metodologian.

Ondoren, bideo guztiak Kultura Ondarea Sariaren webgunean jarriko dira (www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus). Lurralde historikoen eta hurrenkera alfabetikoaren arabera ordenatuko dira.

3.– Eskabideak egiteko eta beharrezko dokumentazioa prestatzeko, parte hartzen duten taldeek Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikari baten laguntza teknikoa izango dute.

4.– Bideoaren gaia librea izango da, betiere Euskal Kultura Ondare material eta immaterialarekin zerikusia badu.

5.– Bideoek, gainera, honako baldintza eta betebehar hauek bete beharko dituzte:

1) Jatorrizko eta argitaratu gabeko obra izatea.

2) Gutxienez 3 minutu eta gehienez 10 minutu iraun behar du.

3) Bereizmen handiko kalitatea izatea (gutxienez 720 p).

4) Eskubiderik gabeko edukiak erabiltzea (idatzizkoak, soinudunak edo ikusizkoak) edo, bestela, egilearen edo ustiapen-eskubideen titularraren baimena izatea. Kasu horietan, dagokion baimen-agiria bidali beharko da inskripzio-eskabidearekin batera.

5) Eskolako curriculumean onartutako edozein hizkuntza edo hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea.

6) Pertsonen oinarrizko eskubide guztiak errespetatzea; ez dira onartuko konnotazio bortitzak, sexistak edo arrazistak dituzten edukiak, besteak beste.

7) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa betez, saritu daitezkeen jardueretan hizkera sexistarik ez erabiltzea. Era berean, jarduera horietan, jarduerak eskaintzean bertan bermatuko da ez dela erabilera estereotipaturik egongo gizonen eta emakumeen rolei dagokienez.

6.– Aurkeztutako bideo guztiak eta sarituak www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus webgunean egongo dira ikusgai, lurralde historikoen eta hurrenkera alfabetikoaren arabera ordenatuta. Horri dagokionez, parte hartzen duen talde bakoitzaren ardura da, bideoetan ager daitezkeen datu pertsonalak ikusita (bideoetan agertzen diren pertsonen irudia barne), datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera beharrezkoak diren adostasun guztiak eskatzea.

5. artikulua.– Saria.

Hiru bideorik onenak (bideoa eta making-of) egin dituzten lantaldeetako kideei emango zaie saria, tutorea eta ikastetxea barne. Honako hauek osatuko dute saria:

a) 7 eguneko bisita kulturala Napolesera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatuta. Hango gidari batek lagunduta, saridunek ibilbide bat egingo dute Napolesko leku enblematikoenetako batzuk bisitatuz eta hango kulturaren adierazpen esanguratsuak ezagutuz. Bidaian hegaldia, ostatua, otorduak eta gida sartzen dira, eta ekainean egingo da, ikasturtea amaitu ondoren.

b) Diploma bat talde irabazleen ikastetxeentzat.

c) Halaber, edizio honetan bideo kopuru handienarekin parte hartzen duen ikastetxeari aintzatespen-plaka bat emango zaio.

6. artikulua.– Emateko prozedura.

a) Deialdi hau lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da, agindu honen 5. artikuluko a) letran ezarritakoari dagokionez. Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira saria emateko, eta, 10. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera, lehentasunak ezarriko dira eskabideen artean. Hobekien baloratutako 2 bideoak aurkeztu zituzten 3 taldeetako kideei soilik emango zaie saria.

b) Agindu honen 5. artikuluko b) eta c) letretan ezarritako sariei dagokienez, lehenengo kasuan talde irabazleen ikastetxeek jasoko dituzte, eta, bigarrenean, edizio honetan bideo kopuru handienarekin parte hartzen duen ikastetxeak.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: epea, eskatzailea eta eskabideen onarpena.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko apirilaren 14an amaituko.

Eskabideak telematikoki eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako lekuetan.

2.– Parte hartzen duten taldeetako ikasleak matrikulatuta dauden ikastetxeko tutore bat izango da eskatzailea, eta bere izenean egingo du eskaera, bai eta ikastetxearen eta bideoak aurkezten dituzten taldeetako ikasleen ordezkari gisa ere.

3.– Izapidetze elektronikorako, eskatzaileak identifikazio elektronikorako onartutako eta argitaratutako bitarteko bat izan beharko du Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektronikoan eskura daitezke, helbide elektroniko hauetan:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/1051304

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, helbide honetan egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

4.– 2023ko apirilaren 24an, Kulturako sailburuordearen ebazpena argitaratuko da Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan, onartutako eta baztertutako eskabideen behin-behineko zerrendarekin, eta, hala badagokio, akatsak edo omisioak zuzentzeko arrazoia eta epea adieraziko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera. Eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo baloratzeko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda.

2023ko maiatzaren 18an, akatsak edo omisioak zuzentzeko epea amaituta, Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da onartutako eta baztertutako eskabideen behin betiko zerrenda, eta, hala badagokio, baztertzeko arrazoiak ere adieraziko dira.

5.– Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio, deialdiaren organo kudeatzailea den aldetik, agindu honetan aurreikusitako sariak kudeatzeko lanak egitea.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskatzaileari buruzko agiriak:

Eskatzaileak bere nortasuna egiaztatu beharko du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako identifikazio-bideetako edozein erabiliz.

Taldeko kideak matrikulatuta dauden ikastetxeko tutoreak bere izenean egingo du eskaera, bai eta ikastetxearen eta bideoak aurkezten dituzten taldeetako ikasleen ordezkaritzan ere. Ordezkaritza egiaztatzeko, tutore eskatzaileak ordezkatzen dituen ikasle guztien baimena aurkeztu beharko du, edo, 14 urtetik beherakoak badira, haien legezko tutoreena, bai eta ikastetxeko zuzendariaren gaikuntza ere, bera baita ikastetxearen ordezkaria, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 132.a) artikuluan eta Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 32. artikuluan oinarrituta.

2.– Eskabide-idazkiarekin batera, taldeko kide bakoitzak erantzukizunpeko adierazpen bidez honako betebehar hauek betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentu bat aurkeztu beharko du eskatzaileak:

Eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, honako betebehar hauek bete direla egiaztatu ahal izango da:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea).

– Pertsona eskatzailea ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako gainerako debekuetako batean.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen erakunde onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla adieraztea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenak emandako idazketan.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako ezein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta ez egotea.

3.– Gainera, eskabide-idazkiarekin batera, eskatzaileak agiri hau ere eman beharko du: taldekide bakoitzaren berariazko baimena, saria izapidetzeko orduan Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bere datu pertsonalak erabil ditzan.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Sarian parte hartzen duten proiektuak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legean ezarritakoarekin bat etorriz), aurkezteko epea amaituta eta proiektuak onartu diren ala ez erabaki ondoren. Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako sailburuordeari. Honako hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:

– Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da, eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko.

– Batzordekideak:

• Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.

Ordezkoa: Hezkuntza Berriztatzeko teknikaria.

• EITBko zuzendari nagusia.

Ordezkoa: EITBko Komunikazio Arloko teknikari arduraduna.

• Gaian ospe handia duten bi aditu, Kultura-ondarearen zuzendariak aukeratuta.

• Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikaria, idazkari-lanak egingo dituena: kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea, eratzeko eta erabakiak hartzeko prozedurak eta arauak errespetatzen direla bermatzea, eta Balorazio Batzordearen akta egitea.

2.– Balorazio Batzordeak, egoki iritziz gero, proiektuari dagokion gai zehatz eta espezifikoan adituak diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

3.– Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

4.– Balorazio Batzordea balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da batzordeburua eta idazkaria bertan egotea.

5.– Balorazio Batzordeko kideak abstenitu egin beharko dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitako baldintzetan.

6.– Batzordeak, agindu honen 10. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideetan oinarrituta, dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Kulturako sailburuordeari.

10. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Aurkeztutako eskabideak irizpide hauen arabera ebaluatuko ditu Balorazio Batzordeak:

Ebaluatzeko eta barematzeko irizpideak:

– Edukiek berrikuntza dakarte kultura-ondarearen tratamenduan, ikuspegi eta «begirada» berriak: sormena, bideoa egiteko prozesuari eta/edo azken emaitzari originaltasuna eta freskotasuna ematen dioten alderdiak. Gai berriak jorratzea baloratuko da, herritarrek gutxiago ezagutzen dituztenak.

– Hainbat informazio-iturri erabiltzea: dokumentazio-prozesua, informazio-iturrien bilaketa eta jarraipena, aurkeztutako materiala lantzeko aukeratutako gaiari buruzko dokumentazioa lortzeko.

– Proposamenaren interesa eta dibulgazio-izaera: aurkeztutako materialaren argitasuna, interesa eta komunikazio-ahalegina.

– Gizarte-ingurunearekiko interakzioa, bai informazioa biltzean, bai aurkeztutako materiala grabatzean: ikerketa-prozesuan, informazioa biltzean eta grabatzean, inguruneko eta hautatutako gaiarekin lotutako pertsona eta eragile garrantzitsuekin elkarreragitea.

– Sormena: bideoa egiteko prozesuari eta/edo azken emaitzari originaltasuna ematen dioten alderdiak baloratuko dira.

– Irudiaren, soinuaren eta edizioaren kalitatea: kalitate teknikoa, irudiarena, soinuarena eta edizioarena, betiere kontuan hartuta ez direla bideo profesionalak.

– Bideoaren inpresio orokorra: balorazio orokorra: bideoak ikuslearengan uzten duen inpresioa.

– Lehiaketan parte hartzeko jarrera, ideia berriak ekartzea: prozesu parte-hartzailea, talde bat sortzea eta lan-dinamika plurala, non kide guztiek ekitatez eta aktiboki parte hartzen duten lan-prozesuaren fase guztietan. Proiektuaren aurrerapenari buruzko jakinarazpenak (irudiak bidaltzea, making-of delakoari buruzko bideo txikiak...), ideia eta iradokizun berriak aurkeztea, horretarako Kultura Ondarea Sariaren sare sozialak eta erakundearekin harreman zuzena (kulturaondarea@gmail.com) erabili ahal izango dira.

– Bideoaren irisgarritasuna erraztea: azpitituluak.

2.– Ebaluatzeko eta barematzeko irizpideak:

1) Edukia (40 puntu). % 40

• Edukiek berrikuntza dakarte kultura-ondarearen tratamenduan: ikuspegi eta «begirada» berriak. % 10.

• Hainbat informazio-iturri erabiltzea. % 10.

• Proposamenaren interesa eta dibulgazio-izaera. % 10.

• Gizarte-ingurunearekiko interakzioa, bai informazioa biltzean, bai aurkeztutako materiala grabatzean. % 10.

2) Forma (30 puntu). % 30.

• Sormena. Gai berriak lantzea, herritarrek gutxiago ezagutzen dituztenak. % 10.

• Irudiaren, soinuaren eta edizioaren kalitatea. % 10.

• Azpitituluak. % 10.

3) Proposamenaren balio erantsia (30 puntu). % 30

• Bideoaren inpresio orokorra. % 15.

• Lehiaketan parte hartzeko jarrera izatea, ideia berriak ekartzea. % 15.

11. artikulua.– Sarien bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Deialdi honetan aurreikusitako sariak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Sariak emateko ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordeak helarazitako proposamena aztertu ondoren, eta gehienez ere sei hilabeteko epean argitaratuko da, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera.

2.– Ebazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Nire Karpeta atalaren bidez jakinaraziko da: Nire karpeta - Egoitza elektronikoa - Euskadi.eus. Abisu bat bidaliko da pertsona edo erakunde interesdunaren gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, pertsona edo erakunde horrek aldez aurretik jakinarazi badu eskabidean, eta ebazpenaren jakinarazpenaren berri emango zaio. Abisu hori egiten ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

Halaber, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Jakinarazpena bide batetik baino gehiagotatik egiten denez, lehenik egin dena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, ondorioz, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan deitzen diren sarien pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako saria onartzea. Alde horretatik, sariak eman direla jakinarazi eta hamabost eguneko epean pertsona eta erakunde onuradunek hurrenez hurren berariaz uko egiten ez badiote, dagokien saria onartu dutela ulertuko da.

b) Saritutako ikasleek Gazte Txartela indarrean izan beharko dute bidaian parte hartu ahal izateko. Txartel horrek arriskuak estaltzeko aseguru bat du. Gainerako parte-hartzaileek asegurua izateko eskubidea izango dute.

c) Talde irabazleetako tutoreak edo tutoreek izango dute beren taldea osatzen duten adingabeen tutoretza, eta haien ardurapean bidaiatuko dute. Tutoreak edo tutoreek ezin badute bidaia antolatura joan, ikastetxeak, dagokion baimena jaso ondoren, pertsona bat izendatuko du haren ordez joan eta lan hori egiteko.

d) Onuradunek baimena eman beharko diote Eusko Jaurlaritzari, aurkeztutako bideoak hedatzeko. Eusko Jaurlaritzak jendearen eskura jarriko ditu bideook www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus webgunean.

e) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea saria eman duen erakundeari.

f) Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen den saria eskatzeko unean erabakitzeke bazeuden edo une horretan ezagutzen ez baziren, laguntza horien egoera azaltzea.

g) Saria emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo edo subjektibo aldatuz gero, horren berri ematea saria eman duen erakundeari.

h) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.

i) Onuradunaren betebeharra da Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak sariaren xedea fiskalizatzeko eskatzen dioten informazio guztia ematea.

j) Ezingo dira sariak eman pertsona edo erakunde onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituzten bitartean, edo, hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez dituzten bitartean (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian zehaztutakoaren arabera).

14. artikulua.– Sariak ematea.

Sariak Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak deitutako aintzatespen publikoko ekitaldian emango dira. Ekitaldi horretan emango dira bidaiaren inguruko dokumentazioa, ikastetxearentzako, tutorearentzako eta saritutako ikasleentzako diploma bat eta edizio honetan ahalik eta bideo gehienekin parte hartzen duen ikastetxearentzako aintzatespen-plaka bat.

15. artikulua.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

Helburua: kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Huts-zuzenketa, lege honena: 6/2019 Legea, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena.

7/1997 Legea, ekainaren 19koa, dirulaguntzen eta laguntzen erregimena arautu eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea aldatzen duena.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

11/2007 Legea, urriaren 26koa, Euskadiko Liburutegiei buruzkoa.

6/2019 Legea, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena.

Hartzaileak: gaian eskumena duten administrazioak.

Eskubideak: zure datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko eskubidea ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo webgune honetara: https://www.euskadi.eus/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/261

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 10a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala