Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2023ko urtarrilaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
158

EBAZPENA, 2022ko abenduaren 27koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. Linea eraikitzeko proiektua. Sarratu-Aperribai tartea»k ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzen duena, eta titularrei dei egiten diena okupazioaren aurreko aktak egiteko.

BMTko 5. linea berria Sarratuko (Basauri) eremuan hasiko da eta Galdakaoko Ospitalean amaituko da. Ekialdera Bilbo Metropolitarrean muga egiten duen azken udalerria den Galdakaoko biztanleei eta Basauriko Sarratu auzoari zerbitzua emateko diseinatu da.

Xede horretarako, lineak bost geltoki ditu ibilbidean, bat Basaurin eta beste laurak Galdakaon: Sarratuko geltoki intermodala (Basauri), Aperribai, Bengoetxe, Galdakao hirigunea eta Ospitalea.

2022ko apirilaren 11ko Ebazpenaren bidez, «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. Linea eraikitzeko proiektua. Sarratu-Aperribai tartea» onetsi zen.

«BMTko 5. linea Sarratu-Aperribai tartean eraikitzeko proiektuaren» xedea Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. linea berria lehen tartean txertatzeko egin beharreko obra zibila eraikuntza arloan definitzea da, Basauriko Sarratu auzoan Metroren eta Euskotrenen lineak konektatzen diren lekuan hasi eta Aperribaiko geltokiaren ondoko tunel faltsua amaitzen den arte.

Basauri eta Galdakao herrien barruan dago eta bi geltoki hartzen ditu, Sarratuko geltoki intermodala (Basauri) eta Aperribaiko geltokia (Galdakao).

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2022ko ekainaren 16ko Ebazpenaren bidez, proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedurari hasiera ematea eta desjabetzeen eranskinaren zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zen. Interesdunei jakinarazi zitzaien eta 2022ko uztailaren 5ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta «El Correo» eta «Deia» egunkarietan argitaratu zen. Ondasun eta eskubideen zerrenda hori Basauriko eta Galdakaoko udaletxeetako iragarki-taulan ere jarri zen.

Izapide honetan zazpi alegazio-idazki aurkeztu dira; Zerbitzu Teknikoetara bidali dira, neurriak hartzeko eta kontuan hartzeko, akatsak zuzendu behar badira ere. Erantzun indibidualizatua bidali zaie.

Jendaurrean jartzeko epea amaituta, ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda egin da.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo trenbide-azpiegiturako beste elementu batzuk onesteak edo lehendik daudenak aldatzeak lursail berriak erabiltzea eskatzen badu, horietan identifikatutako eragindako ondasun eta eskubideen Nahitaezko Desjabetzearen ondorioetarako, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioa egingo da, eta okupatu beharreko eta presakoa dela deklaratuko da. Legezko adierazpen horrek nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako prozedurara jotzeko ahalmena ematen dio administrazioari; hartara, lurrak okupatu edo ukitutako ondasunak eskuratuko ditu, ondasun edo eskubide horiek deskribatzen dituzten aktak egin ondoren, titularrak identifikatuz eta baloraziorako beharrezkoak diren datuak jasoz, eta, aldez aurretik, okupazioaren aurreko gordailu gisa perituak zehaztutako zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz, eta, hala badagokio, okupatzeko presak eragindako kalteen zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz.

Ondorioz, egindakoa ikusita, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56. artikuluan eta horrekin bat datozen eta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. Linea eraikitzeko proiektua. Sarratu-Aperribai tartea»k ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta hura okupatu beharra deklaratzea, Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan adierazitako ondorioekin.

Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea, Basauriko eta Galdakaoko Udaletara joan ondoren, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, zerrenda horretan adierazitako egun eta orduetan, eta, hala badagokio, horiek formalki okupatzeko; hala ere, beharrezkoa izanez gero, aukera egongo da lursailetara bertaratzeko, interesdunek hala eskatuta.

Egintza horretara interesdunek berek joan beharko dute, edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek; haien titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, etab.), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste edozein agiri ere. Egoki iritziz gero, beren perituekin eta notario batekin batera aurkeztu ahal izango dira, baina hori haien kontura izango da.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek alegazioak aurkez ahal izango dituzte okupazioaren aurreko akta egiten den egunera arte, akatsik egonez gero horiek zuzentzeko. Horretarako, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko dute idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 – Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari zuzendu behar zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Nolanahi ere, aurretik aukera izango dute errekerimendua egiteko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 27a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala