Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2023ko urtarrilaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
157

AGINDUA, 2022ko abenduaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, dirulaguntzen deialdia egitekoa Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek 2023ko ekitaldian konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurak sustatu eta bultzatzeko jarduerak gara ditzaten beren jarduera-eremuan.

Bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak dio Eusko Jaurlaritzak hartu beharreko neurriak hartuko dituela lan-esperientziaren eta bide ez-formal zein informalen bitartez ikasitakoa aitortzea sustatzeko.

1/2013 Lege horretan bertan aurreikusten da Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak gizarte-eragileen parte-hartzea bideratuko dutela ohiko prestakuntza-sistemetatik kanpo lortutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko sistemak behar bezala funtzionatzeko.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 20 artikuluak dio Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua dela administrazio publikoek, ordezkaritzarik handieneko antolakunde enpresarial eta sindikalek eta lanbide-heziketako eredu konbinatuan espezializatutako ikastetxeek parte hartzeko organoa, zeinean eztabaidatu, adostu eta bilatuko baita lanbide-heziketako politika guztien gaineko akordioa, orokorrean.

Era berean, azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak (lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen duena Euskal Autonomia Erkidegoan) Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua konfiguratzen du eta dio aholku-organoa izango dela egin beharreko deialdien plangintzan, eta ebaluatu beharreko pertsona-kopurua, egiaztatu daitezkeen konpetentzia-unitateak eta deialdi bakoitzeko aholkulari eta ebaluatzaileak izendatzeko irizpideak kontsultatuko zaizkiola. Deialdien garapenari buruzko azken txostena jaso behar du eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak kalitatea kudeatzeko sistemari buruzko txostena igorri behar dio, prozedura osoaren xede, helburu eta printzipioak betetzen direla ziurtatuz, eta lortutako emaitzen helburuen arabera ebaluatuta prozedura.

Ikaskuntza ez-formalak aitortzeko prozedura arautzen duen oinarrizko esparruak funtsezko aldaketak izan ditu duela gutxi. Uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak (lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ezagutzeari buruzkoak) hasierako bertsioan deialdi puntualen sistema bat aurreikusten zuen, eta ebaluatu eta egiaztatu beharreko konpetentzia-unitateak eta partaide-kopurua mugatzen zituen. Martxoaren 9ko 143/2021 Errege Dekretuak (1224/2009 Errege Dekretua aldatzen duena) arau horretan sartutako aldaketen ondorioz, prozedurak malgutasun handia du eta lanbide heziketako eskaintzako konpetentzia-unitate guztiak iraunkorrak eta irekiak dira orain. Urrats garrantzitsua da, hautagaiak aukera baitu, bideratu eta aholkatu ondoren, bere profilerako konpetentzia-unitate egokienak zein diren erabakitzeko, eta, ondorioz, horien ebaluaziora bideratu daiteke.

Gure inguruan prozeduraren egokitzapena 2021eko azaroaren 23ko Ebazpenaren bidez egin da, Lanbide Heziketako sailburuordeak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendariak batera emana, zeinaren bidez lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura ireki eta iraunkorra ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan.

Prozeduran sartutako funtsezko aldaketez gain, konpetentziak ebaluatu eta egiaztatzeko sistemaren erabilera sustatzeko erabateko borondatea dago, erabiltzaile kopurua nabarmen hazi dadin berehala. Horrek guztiak esan nahi du prozedurarekin zerikusia duten administrazio-organoek nahiz lanbide-heziketako eredu konbinatuko ikastetxe espezializatuek parte-hartze aktiboa izan behar dutela prozedurako zereginetan.

Era berean, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek ahalegin gehigarri handia egin behar dute beren jarduera-eremuan, lanbide-heziketan zerikusia duen gizarte-sareko kide diren heinean; ahalegin horrek prozedurako zereginen garapen eraginkorrari lagundu behar dio eta horrek ondorioak izango ditu gizarte osoan, pertsonen enplegagarritasunean eta euskal enpresen lehiakortasunean aurrera egin ahal izango baita.

Agindu honen bidez ahalegin gehigarri hori babestu nahi da laguntzen bidez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-eragileek bitarteko pertsonalak areagotu ditzaten berariaz kontratatuz edo esklusibotasunez esleituz teknikari espezializatuak, beren jarduera-eremuan, gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko sistema sustatu eta bultzatzeko lanak egin ditzaten.

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2022. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, zeina Hezkuntzako sailburuaren agindu bidez onartu baitzen.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuak Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari egiteko hauek egozten dizkio, besteak beste: hezkuntza- eta ekoizpen-sektoreek Lanbide Heziketako ikastetxeetako bizitzan parte har dezaten bultzatzea eta lan-esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aitortzeko ekintzak planifikatzea, Lan eta Enplegu Sailarekin koordinatuta.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten enpresa-erakundeei eta sindikatuei dirulaguntzak emateko deialdia egitea, beren jarduera-eremuan konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurekin zerikusia duten jarduera sustatzaileak eta eragileak garatzeko, baita horiek behar bezala gauzatzeko behar diren koordinazio- eta kudeaketa-lanak egiteko ere.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetako dirulaguntzen erakunde onuradunak izan daitezke:

a) Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten enpresa-erakundeak eta sindikatuak.

b) Aurreko paragrafoan definitutako erakundeetako antolakuntza federatuak edo konfederatuak.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduera eta gastuak.

1.– Deialdi honen ondoreetarako, diruz lagun daitezkeen jarduerak dira:

a) Dibulgazio-jarduerak aditzera ematen dutenak lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura modu iraunkorrean irekita dagoela, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako eskaintzan jasota dauden konpetentzia-unitatea guztietarako.

b) Konpetentziak ebaluatu eta egiaztatzeko sistemaren erabilera sustatu eta pizteko jarduerak, erabiltzaile kopuruan jauzi kuantitatiboa egiten laguntzeko.

c) Apartatu honetako aurreko paragrafoetan definitutako jarduerak behar bezala gauzatzeko erakunde onuradunek egin beharreko zereginak koordinatzea eta kudeatzea.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak dira aurreko paragrafoan definitutako jarduerak garatzeko berariaz kontratatutako edo esklusibotasunez esleitutako langileen gastuak Ondorio horietarako, honako hauek izango dira egotz daitezkeen gastuak:

a) Erakunde onuradunaren konturako ordainsariak eta gizarte-kargak.

b) Artikulu honetako 1. apartatuan definitutako jardueren ondorioz berariaz kontratatutakoak edo esklusibotasunez esleitutakoak ohiko lantokitik kanpo joan behar badira, joan-etorri horretako jatordu- eta bidaia-gastuak egotzi ahal izango dira.

Ondorio horietarako, jatordu-gastuak izango dira, banaka hartuta, bazkariak eta afariak.

Bidaia-gastuetan sartuko dira txartelaren gastuak edo, norbere garraiobidea erabiltzearen ondoriozkoak, egindako ibilbidearen kilometroei dagozkienak, baita ibilgailua aparkatzeko egindakoak eta autobideko ordainsariak ere.

3.– BEZaren zenbatekoa ez da diruz lagundu daitekeen gastua izango, pertsona edo erakunde onuraduna aipatutako zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastuari egotz dakiokeen kopurua izango da egiaztagirien oinarri zergadunari dagokiona.

Onuradunak aipatutako zergaren aitorpenik egiteko beharrik ez badu, eta zerga hori diruz lagundutako jardueraren gastu bat gehiago bada, diruz lagundu daitekeen gastua dela esango da, baldin eta eskudun zerga-administrazioak egindako ziurtagiri bidez egiaztatzen bada BEZa ezin dela berreskuratu.

4.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira. Alde horretatik, egindako gastutzat joko dira justifikazio-agiria aurkezteko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatua aplikatuko da.

4. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbatekoa, guztira, laurehun eta hirurogeita zortzi mila (468.000,00) eurokoa izango da.

Agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko, ezinbestekoa izango da kreditu egokia eta nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorretan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurreratutako izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

5. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.

Edonola ere, agindu honen deialdiko dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, interesdunek honako hauek bete behar dituzte:

a) Zergen arloko betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betekizunen betebeharrak ordainduta izatea. Betekizun horiek iraun behar dute dirulaguntza likidatu arte; beraz, egiaztatu egingo da bete egiten direla bai emateko orduan bai ordaintzeko orduan.

b) Laguntza edo dirulaguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekurik ez izatea, sexuagatiko diskriminazioagatik gertatutakoak barnean direla, martxoaren 3ko 1/2022 Legearen (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egitekoa) arabera.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako egoera batean ere ez egotea.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesdunek prozedura honetako izapide guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egingo dituzte.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak –Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretua bigarren aldiz aldatzen duen apirilaren 21eko 55/2020 Dekretuaren bidez aldatua– eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, zeinaren bidez onartu baitzen Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa.

3.– Honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri eskabideak bide elektronikoz izapidetzeko xehetasunak, erantsi beharreko dokumentazio-ereduak eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak:

https://www.euskadi.eus/servicios/1217201

4.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, baita jakinarazpen eta justifikazioak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

6.– Izapidetze elektronikoak ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira, eta, horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.

1.– Eskabideak (I. eranskina), baldintza guztiak behar bezala beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dituzte, agindu honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez ere hiru pertsonentzako laguntza eskatu ahal izango du. Pertsona bat baino gehiagorentzako laguntza eskatuz gero, bakoitzak Lurralde Historiko desberdinean garatu beharko du bere jarduera.

3.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

4.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen Legegintzako Dekretuaren (azaroaren 11ko 1/1997) 50.6 artikulua betez, erantzukizunpeko adierazpen bat sartu beharko da eskabidean, honako inguruabar hauek egiaztatzeko:

a) Ez eskatu eta jaso izana xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik administrazio publiko eta erakunde pribatuetatik.

b) Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez duela administrazio- edo zigor-arloko zehapenik, laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dionik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

c) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 3ko 1/2002 Legeko laugarren azken xedapenean ezarritako inguruabarretan sartuta ez egotea.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako egoeretako batean ez egotea.

f) Egiazkoak izatea eskabideko datuak eta emandako dokumentazioa, eta betetzea indarrean dagoen araudian dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak.

5.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango du Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zuzenean egiazta dezan dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidearekin batera (I. eranskina), honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurarako jarduera sustatzaile eta eragileen plana, eta horiek behar bezala betetzeko beharrezko koordinazio- eta kudeaketa-zereginak, honako elementu hauekin:

– Lortu beharreko helburuen eta jarduera sustatzaile eta eragileak garatzeko egin beharreko ekintzen zehaztapena, eta horiek behar bezala garatzeko beharrezko koordinazio- eta kudeaketa-lanen zehaztapena.

– Jarduera-planaren hedapena egituratzea eta definitzea, eta kontratatu edo esklusibotasunez esleitu beharreko pertsonen eginkizunak eta zereginak zehaztea.

– Esperotako emaitzak eta jarduera-planaren jarraipen eta ebaluazioaren adierazleak.

b) Eskatutako zenbatekoaren zehaztasuna (II. eranskina).

c) Agindu honetako 2. artikuluko a) apartatuan definitutako erakunde federatuek edo konfederatuek aurkezten badute eskabidea, izaera horren egiaztagiria ere aurkeztu beharko da.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabideak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzen dezala edo beharrezko agiriak aurkez ditzala. Hala egingo ez balu, eskaerari uko diola ulertuko da, ebazpena eman ondoren. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuaren arabera.

10. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoa.

Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza izango da agindu honetan deitutako laguntzen organo kudeatzailea.

11. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Eskabideen balorazioa, Agindu honetako 13. artikuluan xedatutako irizpideen arabera, honako hauek kide izango dituen balorazio-batzorde batek egingo du:

Presidentea: Nicolás Sagarzazu Alzua jauna, Plangintza eta Antolaketako zuzendaria, edo haren ordezkoa.

Bokalak:

Aitor Lopez de Aberasturi Ortiz de Pinedo jauna, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna, edo haren ordezkoa.

Beatriz Aranaga Elorriaga andrea, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Maite Lizartza Urrestarazu andrea, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Mikel Imaz Gorrotxategi jauna, Arabako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.

Pablo Gaztelumendi Martínez jauna, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa; idazkari-lanetan arituko da, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Balorazio-batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatutakoan, behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori agindu honen 6. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie onuradunei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, halaber, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzaten. 10 egun naturaleko epea igarotzen bada jakinarazpenaren edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea gauzatutzat joko da, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horra sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen bada.

3.– Aurkeztutako alegazioak aztertuta, balorazio-batzordeak prozeduraren ebazpen-proposamena egingo du, dirulaguntza ematea proposatutako eskatzaileen zerrenda adierazita, baita zenbatekoa ere, eta horretarako jarraitutako ebaluazioa eta balorazio-irizpideak zehaztuko ditu proposamen horrek. Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, organo instrukzio-egile gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori, ondoren ebazpena eman dezan.

4.– Ebazpenerako behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen onuradun gisa proposatutako pertsonen alde, harik eta emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.

12. artikulua.– Zenbatekoa eta emateko prozedura.

1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko, lehia bidezko konkurrentzia-prozedura erabiliko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak erkatuz emango dira, eta, 13. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, lehentasunen arabera ordenatuko dira, puntu 1 eta 10 puntu arteko puntuazioarekin.

Artikulu honetako 2 eta 3 apartatuetan ezarritako mugekin esleituko dira laguntzak, eskura dagoen kreditua agortu arte; eta gutxienez 5 puntu lortu eta aipatutako irizpideak ezarrita baloraziorik hoberena lortu duten eskabideei emango zaie. Dena dela, behar adina kreditu badago, 5 puntu edo gehiago lortzen dituzten eskabideek pertsona bati lotutako gastuei aurre egiteko laguntza lortuko dute, eta dirulaguntzarako lehiaketako arauak ezarriko dira bigarren eta hirugarren pertsona kontratatzeko/esleitzeko.

2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak garatzeko berariaz kontratatu edo esklusibotasunez esleitutako pertsona bakoitzaren gastuak finantzatzeko gehienezko dirulaguntza kontrataziorako/esleipenerako aurreikusitako dataren eta eskabidean adierazitako jarduerak amaitzeko aurreikusitako dataren arabera finkatuko dira (II. eranskina).

Erakunde onuradun bakoitzak diruz lagundu daitezkeen hiru pertsonen gastuen zenbatekoa jaso ahal izango du eta kontratatutako/esklusibotasunez esleitutako pertsona bakoitzeko dirulaguntza ezingo da izan urteko 52.000 euroren zenbateko proportzionala baino handiagoa.

3.– Agindu honetako 3. artikuluko 1. apartatuan definitutako jarduerak behar bezala garatzeko berariaz kontratatutako edo esklusibotasunez esleitutako pertsona bakoitzaren joan-etorrietako jatordu eta bidaietako gastuak finantzatzeko diruz lagundu daitekeen zenbatekoa honela kalkulatuko da:

a) Bidaia-gastuak diruz laguntzeko, erabilitako garraiobidearen txartelaren zenbatekoa emango da. Joan-etorria norbere garraiobidearekin eginez gero, erakunde eskatzaile bakoitzak xede horretarako ezarritako akordioetan finkatutakoa ordainduko da kilometroko. Horrelakorik ezean, egindako kilometro bakoitzeko zero euro eta hogeita bederatzi zentimo (0,29) ordainduko dira. Kilometroak kalkulatzeko, onuradunaren egoitza soziala izango da abiapuntua. Bizilekutik lantokirako joan-etorrien eta alderantzizkoen gastuak ez dira diruz lagunduko inolaz ere.

Era berean, aparkatzeko eta autobideko gastuak egiaz gastatu eta justifikatutako zenbatekoaren arabera ordainduko dira.

b) Jatorduetarako gastuetan diruz lagundu daitekeen zenbatekoa egiaz gastatu eta justifikatutakoa izango da, eta erakunde eskatzaile bakoitzak xede honetarako akordioetan finkatutako zenbatekoa ezingo du gainditu inolaz ere. Horrelakorik ezean, gehienez ere 21 euro emango dira jatorduko/bazkariko.

13. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Jardueren balorazio-plana irizpide hauei jarraikiz egingo da, dagozkien haztapenak eginda:

a) Helburuen garrantzia eta jarduera-planean zehaztutako ekintzen egokitzapena. Helburuen garrantzia kontuan izango da, deialdiko xedeekin duten loturaren arabera, eta sustatzeko eta eragiteko jarduerak garatzeko egin beharreko ekintza zehatzen egokitasuna baloratuko da (gehienez 4 puntu).

b) Jarduera-plana hedatu eta egiteko egitura eta metodologia egokitzea (gehienez 3,5 puntu).

c) Jarraipen-adierazleen egokitasuna eta jarduera-planaren ebaluazioa (gehienez 2,5 puntu).

14. artikulua.– Dirulaguntza emateko prozedura amaitzea, jakinaraztea eta publikotasun-prozedurak.

1.– Balorazio-batzordearen proposamenaren arabera, Lanbide Heziketako sailburuordeak prozedura ebatziko du, eta dirulaguntza ematea edo, dagokionean ukatzea edo ez onartzea, adostuko du; dagokion ebazpenean zehaztuko dira arrazoiak.

2.– Ebazpen horren berri banaka emango zaie interesdunei gehienez ere sei hilabeteko epean, Agindu honek eragina duen datatik hasita. Jakinarazpen honez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpena.

3.– Zehaztutako epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, interesatuek ezetsitzat joko dituzte eskaerak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuaren arabera; hori horrela izanik ere, Administrazioak berariazko ebazpena egin beharko du.

4.– Prozeduraren ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Hezkuntza sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradunek, 2024ko urtarrilaren 10a baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Jardueraren memoria: Agiri honetan zehatz azalduko dira dirulaguntzaren babesean kontratatutako/esklusibotasunez esleitutako pertsona bakoitzak egindako jarduerak, eskabidearekin batera aurkeztutako jardueren planeko ekintzen banakapenaren arabera. Era berean, lortutako emaitzak zehaztuko dira, jarduera-planean ezarritako adierazleen arabera. Dena dela, egindako ekintza-kopurua adierazi beharko da. Eranskin honekin batera kontratatutako/esklusibotasunez esleitutako pertsonen curriculuma aurkeztuko da.

b) Memoria ekonomiko justifikatzailea (III. eranskina). Agiri honek dirulaguntzaren babesean kontratatutako/esklusibotasunez esleitutako langileen inguruko gastuen zerrenda izango du. Eranskinarekin batera justifikazio-agiri hauek aurkeztu behar dira:

– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak garatzeko lan-kontratuaren benetako kopia edo, hala badagokio, esleitutako pertsonaren dedikazio esklusiboaren egiaztagiria.

– Dirulaguntzaren aldiari dagozkion nominen benetako kopia, eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak.

– Dirulaguntzaren aldian erakunde onuradunaren edo haren antolakunde federatu edo konfederatuen kargura gizarte segurantzan egindako gastuak egiaztatzeko kotizazio-agiriak.

– Fakturak, dagozkien ordainagiriekin, eta gastuen beste edozein ziurtagiri, legez onartuak, egindako gastuak ziurtatzen dituztenak eta emandako dirulaguntzari egotz dakizkiokeenak.

– Dagokionean, erakunde eskatzaileak jatorduak eta bidaiak konpentsatzeko ezarritako akordioen kopia.

– Onuraduna Agindu honetan 2.b) artikuluko hirugarren paragrafoan adierazitako egoeran badago balio erantsiaren zerga (BEZa) ez berreskuratzeari dagokionez, jasandako BEZa diruz lagundu ahal izateko egoera hori ziurtatu egin beharko da zerga-administrazio eskudunaren ziurtagiri bidez.

2.– Justifikazio-agiriak aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Onuradunek jatorrizko justifikazio-agiri guztiak izan behar dituzte zaintzapean eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eskura, hark eskatzen baditu ere.

16. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntza bi epetan ordainduko da.

a) Lehena, emandako laguntza osoaren % 40, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 20.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Gainerakoa (% 60), berriz, justifikazioa 15. artikuluan adierazitako epean eta baldintzetan aurkeztu ondoren.

2.– Ordainketa horiek egin ahal izateko, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 34.5 artikuluan adierazitako betekizun guztiak betetzen dituela. Era berean, ordainketak egiteko baldintza izan daiteke deialdian edo laguntza emateko ebazpenean eskatzen den dokumentazioa aurkeztea.

3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da elektronikoki: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

17 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

Erakunde onuraduna Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako kasuren batean egonez gero, Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako titularrak, ez-betetze espedientea (non interesdunari entzunaldia emango zaion) egin ondoren, ebazpen baten bidez adieraziko du onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskubidea osorik edo partez galdu duela eta jasotako zenbatekoak osorik edo partez itzuli behar dizkiola, berandutze-interesekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, atzemandako ez-betetzearen mailaren proportzioan; betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraituz eta, itzulketa partziala izanez gero, 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritakoari jarraituz (1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zen). Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako.

18. artikulua.– Ebazpena aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari. Horretarako, Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak aldaketa-ebazpena emango du eta, han, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

19. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk batera jaso ezina.

Agindu honetan deitutako dirulaguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen dirulaguntzekin.

20. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek laguntzaren xede diren jarduerak egin beharra dute.

2.– Halaber, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Onartutzat joko da esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote.

b) Agindu honen esparruan diruz lagundutako gastuak dituzten pertsonen jarduera finantzatuak kontratatzea edo esklusibotasunez esleitzea, gehienez ere dirulaguntza onartzen denetik edo eskabidean kontratatzeko/esleitzeko aurreikusitako dataren ondorengo 15 egun naturaletan.

c) Dirulaguntzaren xede den jarduera garatuko duten pertsonak kontratatu edo esklusibotasunez esleitu ondoren, horien nortasunaren berri ematea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

d) Emandako dirulaguntza justifikatzea 15. artikuluan jasotakoaren arabera.

e) Dirulaguntza zein xedetarako eman den, hartarako erabiltzea.

f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribaturengandik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri ematea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

g) Laguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

h) Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horiek diruz lagundutako jardueren garapenean erabilitako euskarrietan honako adierazpen hau jasotzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2023ko deialdian finantzatutako jarduera».

i) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluko gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek eskatzen duten edozein informazio, laguntzen xedea fiskalizatu ahal izan dezaten.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

21. artikulua.– Jarraipena.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak egingo du diruz lagundutako jardueren jarraipena, zuzen betetzen dela bermatzeko.

22. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Lanbide Heziketarekin lotutako laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: Laguntza ekonomikoen eskaerak izapidetzea, parte-hartzaileak eta/edo interesdunak identifikatuta. Entitate laguntzaileentzako dirulaguntzak.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: Onuradunek eskubidea dute datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/047400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan deitutako laguntzek EBko Funtzionamendurako Tratatuaren 107. 1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak betetzen ez dituztenez, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala