Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2023ko urtarrilaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
148

5/2022 FORU ARAUA, abenduaren 20koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan oinarrizko ikerketarako mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalak arautzen dituena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «5/2022 Foru Araua, abenduaren 20koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan oinarrizko ikerketarako mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalak arautzen dituena», eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2022ko abenduaren 20a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea ikerketa, garapen eta berrikuntzako entitateen multzo bat da, zeinak, sarean lan eginez, ikerketa espezializatu eta bikaina egiten baitu aberastasuna eta ongizatea Euskadin sortzen laguntzeko.

Sare hori Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan dago arautua. Haren eduki nagusietako bat da eragile bakoitzaren helburuak eta posizionamendua definitzea I+G+B balio kateko espezializazioaren, bikaintasunaren eta egoeraren ikuspegitik, Sare horretako eragileen efizientzia eta emaitzak handitzeko eta EAEko ehun produktibo eta sozialari egiten dioten balio ekarpena hobetzeko, elkarren arteko kolaborazioa eta osagarritasuna direla medio.

Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak Sarea osatzen duten eragileen tipologiak definitzen ditu, eta horien artean daude Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroak eta Unibertsitateen Ikerkuntza Egiturak, Gipuzkoako lurralde historikoan ezarpen nabaria dutenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sentsibilitate handia erakutsi du aspalditik ikerketa, garapena eta berrikuntza ezarri eta bultzatzeko, bai alderdi ekonomikotik bai sozialetik. Arlo fiskalean zein dirulaguntzen bidez aplikatu diren neurri pizgarriak ditugu horren adibide.

Neurri pizgarri horien erakusgarri dira hainbat zerga figuratan ezarri diren pizgarri fiskalak, sozietateen gaineko zergan edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, esate baterako. Alde horretatik, nabarmendu behar da urtero lehentasunezko ikerketa programa edo jarduera jakin batzuk izendatzen direla Gipuzkoako lurralde historikoan garatzen diren proiektuei finantzaketa pribatua lortzeko, betiere Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauaren 29. artikuluan aurreikusitakoaren babesean.

Aurreko neurriak aplikatu diren urteetan lortutako esperientziak erakutsi duenez, I+G+B arloan oinarrizko ikerketa da finantzaketa zailtasun gehien dituen adarra. Hori dela eta, beharrezko gertatzen da ahalegin handiago bat egitea bikaintasuneko oinarrizko ikerketa sustatu dadin Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroak eta Unibertsitateen Ikerkuntza Egiturak direla medio, irakaskuntzarekin batera bikaintasuneko ikerketa zientifikoaren berezko zereginak garatu ditzaten.

Asmo horrekin, egokitzat jotzen da eremu pribatuan finantzaketa bide iraunkorrak irekitzea, eta, horretarako, mezenasgoak erakutsi du oso tresna baliagarria dela helburu hori lortzeko bidean.

Mezenasgo kulturalari buruz Foru Aldundi honek proposatutako ereduari jarraituz, zeinari Lurralde Historikoko Batzar Nagusiek berrespena eman baitzioten Gipuzkoako Lurralde Historikoan kultur mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalak arautzen dituen otsailaren 11ko 2/2019 Foru Arauaren bidez, proposatzen da foru arau bat onestea Gipuzkoako lurralde historikoan egiten den oinarrizko ikerketara zuzendutako mezenasgoaren pizgarri fiskalak arautzeko.

Helburua da Gipuzkoa talentugune aurreratu bat izatea eta bertan lehen mailako ikerketa zientifikoa bultzatzea, bikaintasuneko ikerketa zientifikoaren kalitatea areagotzeko.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio eremua.

1.– Foru arau honen xedea da pertsona fisiko edo juridikoek eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35. artikuluko 3. apartatuan aipatzen diren nortasun juridikorik gabeko entitateek oinarrizko ikerketara zuzendutako mezenasgoa sustatzea, aplikatuko zaizkion pizgarri fiskalak direla medio.

2.– Foru arau honetan xedatutakoa Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga araudiaren mende dauden zergadunei aplikatuko zaie, aintzat hartuta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 2. artikuluan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 2. artikuluan eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren 2. artikuluan xedatutakoa.

2. artikulua.– Oinarrizko ikerketara zuzendutako mezenasgotzat hartzea.

Foru arau honen ondorioetarako, oinarrizko ikerketara zuzendutako mezenasgotzat hartuko da oinarrizko ikerketa proiektuak gauzatzeko finantzaketa pribatua, proiektu horiek 4. artikuluan aipatzen diren entitateek garatuak direnean.

Ondorio horietarako, oinarrizko ikerketatzat hartuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 62.2 artikuluko a) letran halakotzat jotzen dena.

3. artikulua.– Mezenasgo modalitateak.

Mezenasgoa modalitate hauen bidez egin daiteke:

a) Emaitzak, dohaintzak, ekarpenak eta legatuak.

b) Kolaborazio enpresarialeko hitzarmenak, foru arau honen 9. artikuluan aipatuak.

4. artikulua.– Oinarrizko ikerketarako mezenasgoa hartzen duten entitateak.

Hauek izango dira oinarrizko ikerketara zuzendutako mezenasgoaren hartzaileak:

a) Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroak (BERC), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa egiaztatuak, Gipuzkoako lurralde historikoan kokatuak daudenean.

Ondorio horietarako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen duen Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 3.2 artikuluko c) letran jasotako entitateak hartuko dira Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentrotzat.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen duen Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 3.2 artikuluko b) letran aipatzen diren unibertsitateetako ikerkuntza taldeak, baldin eta A motako ebaluazioa lortu badute Hezkuntza sailburuaren 2021eko irailaren 7ko Aginduan xedatutakoarekin bat, eta Gipuzkoako lurralde historikoan kokatuta badaude (Agindua, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntza deialdia egiten baita euskal unibertsitate sistemako ikerketa taldeen jarduerak 2022-2025 aldian bultzatzeko).

5. artikulua.– Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuari komunikazioa bidaltzea.

Foru arau honetan aurreikusitako pizgarriak aplikatu ahal izateko, aurreko 4. artikuluan oinarrizko ikerketara zuzendutako mezenasgoaren hartzaile gisa aipatu diren entitateek komunikazio bat aurkeztu beharko diote Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuari.

Komunikazio horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroek (BERC) garatutako proiektuen kasuan, informazioa aurkeztu beharko da gai hauen inguruan: zentroak egingo duen ikerketaren plangintza eta ikerketa lerro bakoitzarena, ikerketa taldeak, lortu beharreko helburuk eta adierazleak, emaitzen estimazioa, finantza plana, azpiegituren eta ekipamenduaren deskribapena, ikertzaileak hautatzeko eta prestatzeko politika, berdintasun plana eta, hala badagokio, honen jarraipen eta/edo ebaluazio txostena, nazioartekotze estrategia, eta transferentziarako eta zabalkunde zientifikorako estrategia, ikerketa osorik deskribatzeko beharrezko diren kontzeptu guztiak barne.

b) Aurreko 4. artikuluko b) letran aipatutako unibertsitateetako ikerketa taldeek garatutako proiektuen kasuan, informazio hau aurkeztu beharko da:

● Euskal unibertsitate sistemako ikerketa taldeen barruan A taldeko sailkapena egiaztatzen duen dokumentazioa.

● Jarduera programa, helburuak eta lan plana.

● Ikerketa taldearen datuak: ikerketa arloa, ERC panelaren identifikazio kodea (https://erc.europa.eu/sites/default/files/document/file/ERC_Panel_structure_2021_2022.pdf), ikerketa ildoak, gako hitzak, gaiak, RIS3 lehentasunak, helburu sozioekonomikoak. Taldearen egitura eta lidergoa, diziplina aniztasuna, eraginkortasuna, iraunkortasuna eta taldearen ordezko belaunaldia. Taldearen lehiakortasun potentziala eta nazioartekotzea.

Pizgarriak emaitzei, dohaintzei, ekarpenei eta legatuei aplikatuko zaizkie, bai eta fiskalki sustatutako enpresa lankidetzako hitzarmenei ere, betiere komunikazioa aurkezten den egunetik aurrera egiten badira.

Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak honako hauek jakinarazi beharko dizkio, zergaldi bakoitzerako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuari: komunikatu diren proiektuen zerrenda, proiektuak garatuko dituzten entitate onuradunak, eta proiektu bakoitzeko jasotako dohaintzen zerrenda. Dohaintza bakoitzeko, izena, dohaintza-emailearen identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta zenbatekoa adieraziko dira. Komunikazio hori hurrengo urteko urtarrilean egingo da.

II. KAPITULUA
OINARRIZKO IKERKETARAKO MEZENASGOAREN ALDEKO PIZGARRI FISKALAK
1. SEKZIOA
PIZGARRI FISKALEN BIDEZ HOBARITUTAKO DOHAINTZAK

6. artikulua.– Emaitzen, dohaintzen, ekarpenen eta legatuen beharkizunak.

1.– Foru arau honetan jasotako pizgarri fiskalak aplikatzeko eskubidea emango dute honako emaitza, dohaintza eta ekarpen ezeztaezin, puru eta soil hauek, bai eta 4. artikuluan aipatutako entitateen alde oinarrizko ikerketa proiektuak gauzatzeko egindako «mortis causa» dohaintzek eta legatuek ere:

a) Emaitzak, dohaintzak eta diruzko ekarpenak, izan ondasunenak edo izan eskubideenak.

b) Ondasun, eskubide eta baloreen gaineko gozamen eskubide erreal bat eratzea, ordainik hartu gabe egiten bada.

2.– Dohaintza errebokatuz gero, errebokazioaren zergaldian dohaintza emaileak ordaindu beharko ditu kendutako kopuruei edo aplikatutako kenkariei dagozkien kuotak, kasuan kasuko berandutze interesak ere barne.

7. artikulua.– Pizgarri fiskalak aplikatzeko oinarria.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako dohaintzengatik pizgarri fiskalak aplikatzeko oinarria honako arau hauei jarraituz zehaztuko da:

a) Diruzko emaitza, dohaintza, ekarpen eta legatuetan, beren zenbatekoa.

b) Ondasun edo eskubideen dohaintza, ekarpen eta legatuetan, eskualdatzeko unean zuten kontabilitate balioa eta, halakorik ezean, ondarearen gaineko zergaren arauei jarraituz zehaztutako balioa.

c) Ondasun higiezinen gaineko gozamen eskubide erreal bat eratzen den kasuetan, gozamenak irauten duen zergaldi bakoitzean balio katastralari 100eko 2 aplikatuta ateratzen den urteko zenbatekoa; zergaldi bakoitzean dagokion egun kopuruaren proportzioan zehaztua.

d) Baloreen gaineko gozamen eskubide erreal bat eratzen denean, gozamenak irauten duen zergaldi bakoitzean gozamendunak jasotako dibidendu edo interesen urteko zenbatekoa.

e) Bestelako ondasun eta eskubideen gaineko gozamen eskubide erreal bat eratzen denean, eraketa egindako garaian ondare eskualdaketa eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren arauei jarraituz kalkulatutako gozamen balioari ekitaldi bakoitzean diruak duen legezko interesa aplikatuta ateratzen den urteko zenbatekoa.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera kalkulatutako balioa ezingo da izan eskualdatutako ondasun edo eskubideak eskualdaketaren unean merkatuan duen balio normala baino handiagoa.

8. artikulua.– Dohaintzen justifikazioa.

1.– Pizgarri fiskalak aplikatzeko, ezinbestekoa izango da dohaintza edo legatua benetan egin dela frogatzea dohaintza jasotzen duen pertsonak edo entitateak luzatutako ziurtagiria aurkeztuta.

2.– Aurreko apartatuan aipatzen den ziurtagirian alderdi hauek jaso beharko dira gutxienez:

a) Izen-abizenak edo sozietate izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia, bai dohaintza emailearenak bai dohaintza hartzailearenak.

b) Dohaintza hartzen duen pertsona edo entitatea foru arau honen 4. artikuluan aurreikusitakoen artean dagoela dioen berariazko aipamena.

c) Dohaintzaren data eta zenbatekoa, hura dirutan egina bada.

d) Dohaintzaren balorazioaren zenbatekoa, dohaintzak diruzkoak ez direnean.

e) Dohaintzak diruzkoak ez badira, dohaintzan emandako ondasuna entregatu dela edo gozamen eskubidea eratu dela frogatzen duen agiri publikoa edo bestelako agiri kautoa.

f) Dohaintza hartzen duen pertsonak edo entitateak dohaintzari emango dion erabilera.

g) Dohaintza errebokaezina dela dioen berariazko aipamena.

3.– Legatuak frogatzeko, dagokien oinordetza titulua aurkeztu beharko da.

2. SEKZIOA
PIZGARRI FISKALEN BIDEZ HOBARITUTAKO LANKIDETZA ENPRESARIALEKO HITZARMENAK

9. artikulua.– Lankidetza enpresarialeko hitzarmenak interes sozialeko proiektuetan.

1.– Oinarrizko ikerketa proiektuetako enpresa lankidetzako hitzarmentzat hartuko da foru arau honen 4. artikuluan aipatzen diren entitateak, oinarrizko ikerketa proiektu bat egiteko laguntza ekonomiko baten truke edo balorazio ekonomikoa jaso dezakeen laguntza baten truke, kolaboratzaileak oinarrizko ikerketa proiektu horretan izango duen parte hartzea edozein bitartekoren bidez zabaltzeko konpromisoa idatziz hartzen dutena.

2.– Lankidetza enpresarialeko hitzarmenengatik araututako pizgarri fiskalak aplikatzeko oinarria foru arau honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuko da.

3.– Artikulu honetan zehaztutako lankidetza hitzarmenen esparruan kolaboratzailearen parte hartzea zabaltzea ez da zerbitzu prestazioa balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako.

10. artikulua.– Lankidetza enpresarialeko hitzarmenen ondorioz jasotako laguntzen justifikazioa.

1.– Pizgarri fiskalak aplikatzeko, ezinbestekoa izango da lankidetza enpresarialeko hitzarmena benetan formalizatu dela frogatzea mezenasgoaren onuradunak luzatutako ziurtagiria aurkeztuta.

2.– Aurreko apartatuan aipatzen den ziurtagirian alderdi hauek jaso beharko dira gutxienez:

a) Izen-abizenak edo sozietate izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia, bai pertsona edo entitate onuradunarenak bai kolaboratzailearenak.

b) Berariaz aipatzea oinarrizko ikerketarako mezenasgoaren hartzaile den entitatea foru arau honen 4. artikuluan jasotakoen artean dagoela.

c) Lankidetza enpresarialeko hitzarmena benetan formalizatu dela frogatzen duen agiri publikoa edo bestelako agiri fede emailea.

d) Lankidetza enpresarialeko hitzarmenaren ondorioz jasotako laguntzaren zenbatekoa.

e) Mezenasgoaren hartzaile den entitateak jasotako laguntzari emango dion erabilera oinarrizko ikerketarako.

3. SEKZIOA
PIZGARRI FISKALAK

11. artikulua.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunak.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek eskubidea izango dute zergaren kuotatik foru arau honen aurreko 7. eta 9. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera zehaztutako oinarriaren 100eko 35 kentzeko.

Kenkari horren oinarria mezenasgoko kenkarien multzoaren oinarrian txertatuko da, eta inola ere ezingo du gainditu Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 90. artikuluaren 2. apartatuan jasotako muga.

12. artikulua.– Sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak.

1.– Sozietateen gaineko zergaren zergadunek zerga onura hauek izango dituzte:

a) Ordaindutako zenbatekoak edo foru arau honen aurreko 7. eta 9. artikuluetan xedatutakoaren arabera egindako eta baloratutako gastuak gastu kengarritzat hartuko dira entitate laguntzailearen sozietateen gaineko zergaren zerga oinarria zehazteko.

b) Gainera, foru arau honen aurreko 7. eta 9. artikuluetan jasotakoaren arabera zehaztutako oinarriaren 100eko 20ko kenkaria izango dute zergaren kuota likidoan.

Letra honetan aipatzen den kenkariari aplikagarriak izango zaizkio Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 67. artikuluan ezartzen dituen arauak. Kenkariaren aplikazioa hautazkoa izango da, eta autolikidazioa aurkeztean aukeratu beharko da foru arau horren 128. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako. Zehazki, aipatutako 67. artikuluaren 1. apartatuan jasotako 100eko 35eko muga aplikatuko da.

2.– Artikulu honetan arautzen diren zerga onurak ez zaizkie inola ere aplikatuko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunei.

3.– Establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek zilegi izango dute aurreko 1. apartatuan adierazitako zerga onurak aplikatzea.

13. artikulua.– Beste zerga onura batzuk.

Foru arau honen 3. artikuluan aipatutako dohaintzengatik dohaintza emaileak lortzen dituen ondare irabaziak eta errenta positiboak salbuetsita egongo dira baldin eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari, sozietateen gaineko zergari eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari lotuta badaude.

14. artikulua.– Bateraezintasunak.

Foru arau honetan araututako zerga onurak bateraezinak izango dira Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimena eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriak arautzen dituen apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauan zenbateko berberetarako ezarritakoekin.

15. artikulua.– Zerga onurak aplikatzeko baldintzak.

Aurreko artikuluetan jasotako zerga onurak aplikatzeko, oinarrizko ikerketarako mezenasgoaren hartzaile diren entitateek honako beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Ziurtagiri bidez egiaztatzea dohaintzak, legatua edo lankidetza hitzarmena benetan egin direla eta oinarrizko ikerketa proiektuetarako erabili direla.

b) Ziurtagirien edukia jakinarazi behar diote Zerga Administrazioari, zerga araudiak ezarritako eredu eta epeetan.

16. artikulua.– Elkarrekikotasuna.

Foru arau honetan jasotako onura fiskalak beste lurralde historikoek eta Estatuak onartutako oinarrizko ikerketa proiektuei aplikatuko zaizkie, mezenasgoari oinarrizko ikerketarako dagozkien onura fiskalen ondorioetarako, baldin eta foru arau honetan jasotakoaren arabera aitortutakoak elkarri onartzen bazaizkio.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Apirilaren 7ko 3/2004 Foru Araua, irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzkoa, aldatzea.

Aldatu egiten da Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga araubideari eta mezenasgorako pizgarri fiskalei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauaren hamahirugarren xedapen gehigarria, eta honela idatzita geratzen da:

«HAMAHIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Foru arau honetako zerga onuren bateraezintasuna.

Foru arau honetako artikuluetan eta xedapen gehigarrietan araututako zerga onurak bateraezinak izango dira, zenbateko berberetarako, Gipuzkoako lurralde historikoan kultur mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriak arautzen dituen otsailaren 11ko 2/2019 Foru Arauan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan oinarrizko ikerketarako mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalak arautzen dituen abenduaren 20ko 5/2022 Foru Arauan ezarritako zerga onurekin».

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Araua aldatzea.

Aldatu egiten da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 90. artikuluko 1. apartatua, eta honela idatzita gelditzen da:

«1.– Zergadunek aplikatu ahal izango dituzte irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimena eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriak, kultur mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriak eta oinarrizko ikerketarako mezenasgoaren aldeko pizgarri fiskalak arautzen dituzten foru arauetan ezarritako kenkariak.»

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaie foru arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean. Guztiarekin ere, oinarrizko ikerketarako mezenasgoari aplikatzeko bertan arautzen diren pizgarri fiskalek 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako izango dute eragina.


Azterketa dokumentala