Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2023ko urtarrilaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
147

4/2022 FORU ARAUA, abenduaren 20koa, zerga iruzurra prebenitzeko eta haren aurka egiteko neurriak onesten dituena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «4/2022 Foru Araua, abenduaren 20koa, zerga iruzurra prebenitzeko eta haren aurka egiteko neurriak onesten dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2022ko abenduaren 20a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

Foru arau honek aldaketak sartzen ditu zenbait figura tributarioren erregulazioan iruzurra prebenitzea eta haren aurka egitea helburu duten jarduketak errazteko, kontrola indartzeko eta zerga justiziaren parametroak finkatzeko.

Zehazki, figura tributario hauek aldatzen dira: zergen foru arau orokorra, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga, ondarearen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga, eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga. Jarraian, sartzen diren aldaketa nagusiak zehazten dira.

Zergen foru arau orokorrean, berandutze interesen erregulazioa egokitzen da espresuki aitortzeko zerga bakoitzaren arauditik eta bidegabeko diru-sarreretatik eratorritako itzulketetan ez dela berandutze interesik sortuko epealdi jakin batzuetan.

Era berean, ez-egoiliarren ordezkaritza araubidea egokitzen da, Europar Batasuneko Zuzenbidearekin bat etor dadin.

Beste berme batzuk aurkeztuta edo bermeak aurkeztetik salbuetsita abiatzen diren etete prozedurak iruzurrez erabil ez daitezen, horiek tramitatu bitartean kautelazko neurriak hartzeko aukera gehitzen da.

Aldaketak sartzen dira zerga zordunen zerrendaren araubidean. Horrela, 600.000 eurora murrizten da zerrendan sartzeko gainditu behar zenbatekoa.

Era berean, erantzule solidarioak espresuki sartzen dira zerrenda horretan.

Zerga zorrak eta zehapenak borondatez ordaintzea sustatze aldera, egoki iritzi da onartzea ezen, hasiera batean, erreferentziako data orokorrean, abenduaren 31n, zerrendan sartuta dagoen zorduna zerrenda horretatik kanpo gera dadila baldin eta, alegazioak aurkezteko epea amaitu baino lehen, zor den zenbatekoaren zati bat ordaintzen bada (gutxienez erreferentziako datan dagoen zorraren 100eko 25) eta, zenbateko hori behin ordainduta, ordaintzeke geratzen diren zorrak eta zehazpenak guztira 600.000 euro baino handiagoak ez badira.

Azkenik, zerrenda horren esparruan, datuen babesari buruzko erreferentzia normatiboak eguneratzen dira. Gainera, foru arau honek xedapen iragankor bat ezartzen du zerrendaren 2023 urteko argitalpenarekin lotuta.

Auzitegi Gorenaren azken doktrina jurisprudentzialaren argitan, prozedurazkoak baino ez diren zenbait aldaketa ere sartzen dira zergen foru arauan. Aldaketa horiek ez dute eraginik ez egoitzaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubidearen edukian eta ez kontrol judizialaren bermeetan, baina argitu egiten dute zergapekoaren egoitzan sartzeko baimen judizialaren araubidea, sarrera hori Zerga Administrazioak eskatzen duenean tributuak aplikatzeko jarduketa edo prozedura baten barruan.

Era berean, hobetu egiten da finketan, negozio-lokaletan eta abarretan sartzeko behar diren baimenen idazkera, eta prozedura ere argitzen da.

Zorrak geroratzeko, zatikatzeko, konpentsatzeko, eteteko edo gauzaz ordaintzeko eskaerak behin eta berriz aurkeztearen erabilera desegokia saiheste aldera –epe exekutiboaren hasiera atzeratzea izaten baitu helburu–, xedatzen da ezen eskaerak behin eta berriz aurkezteak, aurretik aurkeztutakoak ukatu direnean eta dagokion diru-sarrera egin ez denean, ez duela epe exekutiboa hastea galarazten. Orobat, ordaintzeko borondatezko epea bakarra den neurrian, argitzen da konkurtso deklarazioak ez duela ezein eraginik izango epe horretan.

Indarrean dagoen araudia argitze aldera, erantzukizun solidarioa eskatzeko prozeduraren ondorioetarako, zehazten da zorrak ordaintzeko borondatezko epea ordaintzeko eman den lehen epea izango dela eta zordun nagusiarekin gertatutako gorabeherak, hala nola etendurak edo gerorapenak, ez direla proiektatu behar erantzulearekin jarraitzen den prozeduran.

Arau-hausle izan daitezkeenen zerrenda aldatzen da, subjektu horiek tratamendu homogeneo bat izan dezaten bai sozietateen gaineko zergaren baterakuntza fiskaleko araubidean, bai balio erantsiaren gaineko zergaren entitate taldeen araubide berezian.

Lege babesa ematen zaio bermeak aurkeztetik guztiz edo partez salbuetsitako etete eskaerak berraztertze errekurtsoaren xede den egintza eman zuten organoek eta Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboak ez onartzeko aukerari, baldin eta espedienteari erantsitako dokumentaziotik ondorioztatzen bada eskaerak ez dituela betetzen onartua izateko ezarritako baldintzak. Iruzur praktikak saihesteko helburu berberarekin –etete eskaera jakin batzuk izapidetzeko zailtasuna aprobetxatuz egiten direnak–, lege maila ematen zaio Zerga Administrazioak bere jarduketarekin jarraitzeko aukerari, zerga zorra epe exekutiboan dagoen kasuetan.

Tributuen araudi orokorrean aitortuta geratzen da Deggendorfen printzipioa, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak C-355/95 P gaiari buruzko epaian berretsi duena. Haren arabera, enpresa bati ezin zaio eman estatu laguntza indibidual berririk enpresa horrek Europako Batzordearen Erabaki batetik ondorioztatutako itzulketa betebeharra bete gabe duenean.

Zerga errolden kudeaketa hobetze aldera, identifikazio fiskaleko zenbakia errebokatzeko araubidea aldatzen da, zenbakia errebokatua duten entitate inaktiboek ezin izan dezaten inskripziorik egin inongo erregistro publikotan, ezta eskriturarik formalizatu notariotzetan, orri bazterreko oharra ezerezteko ezinbestekoak diren izapideetan izan ezik. Ondorio horietarako, Notariotzaren Legean espresuki aurreikusten da edozein motatako entitate juridikoa sortzen edo eratzen duen eskritura publikoan nahitaezkoa dela identifikazio fiskaleko zenbakia jartzea. Orobat, lege horretan sistema automatizatu bat ere aurreikusten da, zeinaren bidez Notariotzaren Kontseilu Nagusiak identifikazio fiskaleko zenbaki ezeztatua duten eta dokumentu publiko bat eman nahi izan duten entitateen identifikazioa komunikatu behar baitio Zerga Administrazioari, entitate horien kontrol eraginkorra hobetzeko eta iruzur egoerak saihesteko.

Nazioarteko parametro berriei jarraituz, «paradisu fiskal» terminoa erabiltzeari utzi eta haren ordez «jurisdikzio ez-kooperatibo» terminoa ezartzen da.

Horrez gain, jurisdikzio ez-kooperatibotzat hartzen diren herrialde eta lurraldeak zein diren zehazteari begira, eguneratze bat egin beharra dago nazioartean egin diren berrikuspenak eta lanak kontuan hartuta, bai Europar Batasunaren esparruan, bai ELGAren esparruan; izan ere, haien irizpideek posible egin dute jurisdikzio ez-kooperatibo jakin batzuk identifikatzea eta kategoria hori nazioartean uzteko zenbait konpromiso exijitzea. Horren ondorioa da herrialdeen zerrendak etengabeko berrikuspen prozesuan daudela.

Horrela, iruzur fiskalari modu eraginkorragoan aurre egiteko, beharrezkoa da paradisu fiskalaren kontzeptua zabaltzea eta, horretarako, jurisdikzio ez-kooperatibotzat zer hartzen den zehaztea, zerga ekitatearen eta gardentasunaren irizpideak aplikatuta eta ezaugarri hauek betetzen dituzten herrialde eta lurraldeak identifikatuta: benetako jarduera ekonomikorik gabe lurraldetik kanpo etekinak erakartzera bideratutako sozietateen existentzia errazten dutenak, tributazio txikia edo deuseza dutenak, opakuak edo gardentasun gabeak direnak, elkar laguntzaren esparruan zerga informazioa trukatzeko araudi aplikagarririk hitzartu ez dutenak, Espainiarekin zerga arloko informazio truke efektiborik egiten ez dutenak, edo herrialde eta lurralde horiekin egindako informazio trukeen eraginkortasunari buruzko ebaluazioen emaitzengatik aintzat hartzekoak direnak. Era berean, iruzur mota jakin batzuei erantzun zehatzagoa emate aldera, komeni da identifikatzea iruzur fiskala errazten duten herrialde edo lurraldeetan ezarritakoetatik zein zerga araubide diren bereziki kaltegarriak. Alde horretatik, irizpide horiek finkatu ondoren, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak beharrezko xedapenak emango ditu jurisdikzio ez-kooperatibotzat jotzen diren herrialde eta lurraldeen zerrenda argitaratzeko eta zerga araubide kaltegarrien berri emateko. Zerrenda horiek aldian-aldian eguneratuko dira. Era horretan, hartutako konpromisoak ez betetzeak jurisdikzio ez-kooperatiboen zerrendara itzultzea ekar dezake. Ikuspegi dinamiko horrek erantzun irmo eta eguneratua bermatzen du herrialde eta lurralde horiek iruzur egiteko erabiltzen direnean.

Aurrekoarekin lotuta, xedapen gehigarri bat onesten da Gipuzkoako Lurralde Historikoaren araudian zerga paradisuei, informazio trukerik egiten ez duten herrialde edo lurraldeei edo tributazio txikiko edo deusezekoei buruz orain aldatzen den erregulaziora egiten diren igorpenak arautzeko. Horrez gain, xedapen iragankor bat ere onesten da esateko indarrean dagoen araubidea mantendu egingo dela herrialde eta lurraldeen zerrenda berria eta jurisdikzio ez-kooperatibotzat hartzen diren zerga araubide kaltegarriak onetsi arte.

Atzerriko ondasunak eta eskubideak aitortzeko betebeharra mantentzen da (720 eredua), baina betebehar horri lotutako araubide juridikoaren alderdi jakin batzuk aldatuta Europako legeriara egokitzeko eta, horrela, Estatuko gainerako lurraldeekiko harmonizazioa errazteko. Era horretan, aitortzeko obligazioa ez betetzea zergen foru arau orokorrean aurreikusitako arau orokorren arabera zigortuko da. Era berean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta sozietateen gaineko zergan, aitortzeko obligazioa ez betetzeak dituen ondorioak arautzeko, hurrenez hurren, zerga horiek justifikatu gabeko ondare irabazietarako eta errentak lortzeari buruzko presuntziorako aurreikusitako arau orokorrak aplikatuko dira.

Atzerrian kokatutako ondasun eta eskubideei buruz informatzeko obligazioarekin jarraituz, haren sistematika aldatzen da atal espezifiko bat sartuz atzerrian dauden moneta birtualak arautzeko; horrek ez du esan nahi, hala ere, betebeharraren edukia aldatzen denik, moneta horiek ondasun higigarrien apartatuan sartuta egon baitira orain arte. Gainera, betebehar hori zabaldu egiten da onuradunei, baimenduei edo zeinahi den eran horiek xedatzeko ahalmena dutenei ere aplikatzeko.

ELGAren gomendioekin guztiz bat egiten dela ziurtatzeko, aldatzen da zenbat denbora eduki behar dituzten gordeta finantza entitateek dokumentu frogak, finantza kontuen titulartasuna edo kontrola duten pertsonei eska dakizkiekeen aitorpenak, eta informazioa emateko eta behar den arduraz jokatzeko betebeharrak betetze aldera erabilitako gainerako informazioa. Epe horrek ezin du inola ere izan bost urtetik beherakoa, finantza entitatea informazioa jakinaraztera behartuta dagoen epea amaitzen denetik aurrera.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, beharrezko aldaketak egiten dira inbertsio kolektiboko erakunde jakin batzuetan («inbertsio funts eta sozietate kotizatu» deritzenetan, edo ETF, ingelesezko sigletan) egiten diren inbertsioen tratamendua homogeneizatzeko, kontuan hartu gabe kotizatzen duten merkatua nazionala edo atzerrikoa den. Hala, Espainiako burtsan kotizatzen dutenen zerga tratamendua atzerriko burtsan kotizatzen duten inbertsio kolektiboko erakunde kotizatuetara zabaltzen da geroratze araubidearen ez aplikagarritasunari dagokionez. Horrekin lotuta, araubide iragankor bat onesten da.

Moneta birtualen inguruko zerga egitateen kontrol tributarioa indartzeko, bi informazio betebehar berri ezartzen dira, moneta birtualak edukitzeari buruzkoa bata, eta haiekin egindako eragiketei buruzkoa bestea.

Horrela, moneta birtualen titularrek mantentzen dituzten saldoei dagokienez ezartzen da ezen, horrelako monetak eduki eta erabiltzea ahalbidetzen duten pasahitz kriptografiko pribatuak babestearren beste pertsona edo entitate batzuen izenean zerbitzuak ematen dituztenek saldo horiei buruz informatzeko obligazioa izango dutela. Obligazio hori moneta horien truke zerbitzuan aritzen direnek ere izango dute esandako edukitze zerbitzua ere ematen dutenean.

Era berean, pertsona edo entitate horientzat ere, ezartzen da behartuta egongo direla moneta birtualekin egindako eragiketei buruz informatzera haietan esku hartzen dutenean (eskurapenak, eskualdaketak, trukeak, transferentziak, kobrantzak eta ordainketak). Betebehar hori bera dute moneta birtual berrien hasierako eskaintzak egiten dituztenek ere.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, hobekuntza tekniko bat sartzen da sozietateen gaineko zergaren entitateen aurkibidetik irteteko erregulazioan, berez «hutsegin» kontzeptua ezin baita kredituez predikatu, entitate zordunez baizik.

Ondarearen gaineko zergan, bestalde, zehazten da nola baloratu behar diren bizitza aseguruak haien hartzaileak erreskate eskubidea baliatzeko ahalmenik ez duenean; horrela, saihesten da bizitza-aurrezki aseguruak zergapetu gabe geratzea, haien ondare balioa ukaezina baita. Era berean, balorazio arau berri bat ezartzen da bizitza aseguru batetik aldi baterako edo biziarteko errentak jasotzen diren kasuetarako.

Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan, ordezkaritzarekin lotutako aldaketak sartzen dira, kokatzeko eta zirkulatzeko askatasunak erraztearren, Batasuneko Zuzenbidearekin bat etorriz.

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokionez, hobekuntzak sartzen dira enpresaburuek eta profesionalek egindako salmenta eragiketak eta balio erantsiaren gaineko zergari lotutakoak ondare eskualdaketen modalitateari ez lotzeari buruzko erregulazioan, eta zehazten da hori aplikagarria dela eskuratzailea edozein dela ere.

Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari dagokionez, araudia Erkidegoko ordenamendura egokitzen da, Europar Batasuneko estatu kideetan egoitza duten zergadunek edo zerga arloko informazio trukean edo diru-bilketan elkarri laguntzeko araudia duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetakoek ez dezaten zertan izendatu, zerga horrekiko betebeharrei dagokienez, Gipuzkoako ordezkaririk Zerga Administrazioaren aurrean.

Horren ondoren, gorago aipatu den xedapen iragankorra jasotzen da, zerga zordunen zerrenda 2023an argitaratzeko araubide iragankorra ezartzen duena.

Xedapen indargabetzaile generiko batek eta azken xedapen batek ematen diote amaiera foru arauari, azken kasu horretan, indarrean noiz jarriko den eta zer ondorioak izango dituen ezartzeko.

1. artikulua.– Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean:

Bat.– 31. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2.– Tributu bakoitzaren araudian ezarritako epea eta, edozein kasutan, sei hilabetekoa, igarotzen bada eta Zerga Administrazioak ez badu oraindik itzulketa ordaintzeko agindurik eman hari leporatu behar zaizkion arrazoiengatik, Administrazioak foru arau honen 26. artikuluan araututako berandutze interesa ordainduko du, zergapekoak zertan eskatu gabe. Ondorio horietarako, epea amaitzen denetik itzulketa jasotzeko eskubidea onesten duen erabakia hartzen den egunera arte sortuko da berandutza interesa.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren interesak kalkulatzeko, Zerga Administrazioari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik prozeduran izandako atzerapenak ez dira kontuan hartuko.»

Bi.– 32. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2.– Bidegabeko diru-sarrerak itzultzean, Zerga Administrazioak foru arau honen 26. artikuluan araututa dagoen berandutza interesa ordainduko du, zergapekoak eskatu behar izan gabe. Ondorio horietarako, bidegabeko diru-sarrera egiten denetik itzulketa jasotzeko eskubidea onesten duen erabakia hartzen den egunera arte sortuko da berandutze interesa.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren interesak kalkulatzeko, Zerga Administrazioari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik prozeduran izandako atzerapenak ez dira kontuan hartuko.»

Hiru.– 47. artikulua honela geratzen da idatzita:

«47. artikulua.– Pertsona edo entitate ez-egoiliarren ordezkaritza.

Zerga Administrazioarekiko harremanen ondorioetarako, Espainiako lurraldean egoiliar ez diren zergapekoek ordezkari bat izendatu beharko dute, zerga araudiak espresuki hala ezartzen duenean.

Zerga Administrazioari izendapen horren berri eman beharko zaio, araudian ezarritako eran.»

Lau.– 78. artikuluari 6. apartatu bat gehitzen zaio, ondoren zehazten den edukiarekin, eta, horren ondorioz, oraingo 6., 7. eta 8. apartatuak 7., 8. eta 9. apartatu bihurtzen dira:

«6.– Etete eskaera bat izapidetzean, non eskaera egin baita etendura automatikoa lortzeko beharrezkoak ez diren beste berme batzuk erabilita edo bermeak aurkeztetik guztiz edo partez salbuetsita, edo akats aritmetiko, material edo egitatezkoan oinarrituta, ikusten bada badirela arrazoizko zantzuak pentsatzeko exekutatu nahi diren zorrak ezingo direla kobratu eta kobrantza larriki oztopatuta gerta daitekeela, kautelazko neurriak hartu ahal izango dira zor horiek kobratuko direla ziurtatzeko, eta, posible izango da, halaber, lehendik hartutako kautelazko neurrien indarraldia luzatzea.

Neurri horiek kendu egingo dira hurrengo apartatuan xedatutakoaren arabera, edo eteteko eskaerari baiezkoa ematen zaionean.»

Bost.– Honela idatzita gelditzen da 92 ter artikulua:

«92 ter artikulua.– Zerga obligazioen ez-betetze kasu esanguratsuen publizitatea.

1.– Zerga Administrazioak erabaki dezake Foru Ogasunarekin zerga zor edo zehapenak dituzten zordunen zerrendak aldizka argitaratzea, erantzule solidario deklaratzean zordun direnak barne, zirkunstantzia hauek betetzen direnean:

a) Ordaindu gabeko zerga zor eta zehapenen zenbateko osoa eta, hala badagokio, erantzule solidariotzat jotzean exijitu diren zor eta zehapenena, 600.000 euro baino handiagoa direnean.

b) Behin ordainketako borondatezko epea igarota zerga zor edo zehapen horiek ordaindu ez direnean.

Erantzukizun solidarioa deklaratzeko erabakietan sartutako zorren kasuan, beharrezkoa izango da foru arau honen 61.2 artikuluan jasotako ordainketa epea amaitzea, behin erantzukizuna deklaratzeko erabakia eta, hala badagokio, ordainketa exijitzeko erabakia jakinaraziz gero.

Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, kanpoan geratzen dira geroratuta, zatikatuta edo etenda dauden zerga zorrak eta zehapenak.

2.– Zerrendetan informazio hau jaso beharko da:

a) Zordunen identifikazioa, jarraian zehazten den eran.

– Pertsona fisikoak: izena, abizenak eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

– Pertsona juridikoak eta foru arau honen 35.3 artikuluko entitateak: sozietate izen edo izendapen osoa, eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

b) Argitalpenaren ondorioetarako aintzat hartu diren zorren eta zehapenen baterako zenbatekoa.

3.– Artikulu honetan arautzen den publizitatea Gipuzkoako Foru Aldundiak aplika ditzakeen tributuetara mugatuko da –zehapen eta berrikuspen ahalmenak ere hari dagozkionean–, eta, beraz, ez da aplikagarria izango Gipuzkoako lurralde historikoko toki entitateek Foru Aldundiaren alde eskumenak eskuordetu dituenean.

4.– Zerrendan sartzeko beharkizunak betetzearen ondorioetarako hartuko den erreferentzia data hura argitaratzeko erabakia hartu aurreko urteko abenduaren 31 izango da, erabakiaren egunean ordaindu gabe dagoen zenbatekoa edozein dela ere.

Zerrendan sartzeko proposamena zordunari komunikatu behar zaio, eta zordunak 10 egun izango ditu alegazioak aurkezteko, komunikazioa jaso eta biharamunetik aurrera. Ondorio horietarako, komunikazioa egindakotzat jotzeko aski izango da Zerga Administrazioak frogatzea gutxienez behin saiatu dela komunikazioaren testu osoa interesdunaren zerga helbidean jakinarazten.

Alegazioak bakarrik izango dira 1. apartatuan adierazitako beharkizunekin lotutako akats material, egitatezko edo aritmetikoei buruzkoak.

Alegazioen tramitearen ondorioz, Administrazioak erabaki dezake zerrenda zuzentzea sinesgarriro egiaztatzen bada 1. apartatuan adierazitako legezko beharkizunak ez direla betetzen.

Zuzenketa hori ofizioz ere erabaki daiteke.

Baldin eta alegazioak egiteko epea amaitu aurretik zorraren zenbateko bat ordainduko balitz, eta, ordaindu ondoren, artikulu honetako 1. apartatuan aipatzen diren ordaindu gabeko zerga zor eta zehapenen zenbateko osoa 600.000 eurotik beherakoa balitz, zordunak ez dira sartuko zerga zor edo zehapenengatik Foru Ogasunarekin zordun direnen zerrendetan.

Aurreko paragrafoan aipatzen den ordainketa ezingo da izan erreferentziako datan zor den kopuruaren 100eko 25etik beherakoa.

Aurreko bi paragrafoetan aipatutako ordainketa egin bezain pronto, zerrenda zuzentzea erabakiko du Administrazioak.

Bidezko zuzenketak egin ondoren, zerrenda argitaratzeko erabakia hartuko da.

Erabakia jakinarazitzat joko da erabakia eta zerrenda argitaratzen direnean.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko ditu bai argitalpen data eta bai argitaratu beharreko fitxategi eta erregistroak. Argitalpena urte bakoitzeko lehen sei hilabeteen barruan egingo da beti.

Argitalpena bide elektronikoz egingo da, eta, beraz, beharrezko neurriak hartu beharko dira edukia interneteko bilaketa motorren bitartez indexatzea galarazteko. Hiru hilabete igarotakoan, argitalpen egunetik kontatuta, zerrendak ez dira atzigarriak izango.

Zerrendak argitaratzeko beharrezkoak diren datuen tratamenduak aintzat hartuko ditu, alde batetik, apirilaren 27ko 2016/679/EB Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, Pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazioari dagokionez, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datu Babesari buruzko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena eta, bestetik, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa, eta hura garatzeko araudia.

5.– Artikulu honetan araututako argitaratze erabakiak hartzeko eskumena Ogasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

6.– Zerrenda argitaratzen denean, zehaztu behar da bertan islatzen den egoera 4. apartatuan adierazitako erreferentzia datakoa dela, eta zordunak, erreferentzia data horren ondoren, jarduketak egiten baditu, jarduketa horiek ez dute eraginik izango zerrendaren argitalpenean, salbu eta ordainketa egiaztatzen bada apartatu horretan adierazitako kasuetan eta beharkizunekin.

Artikulu honetan xedatutakoak ez dio ezertan ere eragingo foru arau honetan ezarritako inpugnazio araubideari, zerga zorrak eta zehapenak ekarri dituzten jarduketa eta prozedurei dagokienez. Orobat, ez du inolako eraginik izango zor eta zehapen horien ondorioz tributuak aplikatzeko hasita dauden edo geroago hasi daitezkeen jarduketa eta prozeduretan.

Informazioa artikulu honetan araututakoaren arabera argitaratzearren bertan ezarritako prozeduran garatzen diren jarduketek ez dituzte etengo foru arau honen 67. artikuluan aurreikusitako preskripzio epeak.

7.– Zerrenda argitaratzeko erabakiak amaiera emango dio administrazio bideari.»

Sei.– Honela idatzita gelditzen da 109. artikulua:

«109. artikulua.– Zergapekoen helbidean sartzeko baimen judiziala.

Tributuak aplikatzeko jarduketetan eta prozeduretan beharrezkoa bada zergapekoak konstituzionalki babestuta daukan helbidean sartzea edo bertan miaketak egitea, Zerga Administrazioak zergapekoaren adostasuna edo bidezko baimen judiziala lortu beharko du.

Helbide horretan sartzeko erabakia exekutatzeko baimen judizialaren eskaerak behar bezala justifikatuta egon beharko du, eta sarrera horren helburua, beharra eta proportzionaltasuna arrazoitu beharko ditu.

Baimen judiziala eskatu eta eman ahal izango da, prozedura formalki hasi aurretik ere, baldin eta sartze erabakian zergapekoaren identifikazioa eta egiaztatuko diren kontzeptuak eta aldiak jasotzen badira eta haiek organo judizialari aurkezten bazaizkio.»

Zazpi.– Honela idatzita gelditzen da 136. artikuluko 2. apartatua:

«2.– Ikuskapen jarduketetarako beharrezkoa denean, zergak ikuskatzen dituzten funtzionarioak sartu ahal izango dira, arauzko baldintzak betez, finketan, negozio lokaletan eta gainerako establezimendu edo tokietan, baldin eta horietan zergari lotutako jarduerak edo ustiapenak egiten badira, zergapeko ondasunak badaude, zerga gaiak edo zerga betebeharren betekizunak gertatzen badira edo horiei buruzko frogaren bat badago.

Zerga Ikuskaritzako funtzionarioak aurreko paragrafoan aipatutako lekuetan sartu ahal izateko, erregelamenduz zehazten den organoaren sartze erabaki bat beharko da, salbu eta zergapekoak edo leku horiek zaintzapean dituen pertsonak horretarako baimena ematen badu.

Ikuskapen jarduketak gauzatzeko zergapekoaren etxebizitza konstituzionalki babestuan sartzea beharrezkoa denean, foru arau honetako 109. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Baimen judiziala eskatzeko, aipatutako artikuluan aipatzen den sartze erabakia erantsi beharko da, erregelamendu bidez zehazten den administrazio agintaritzak sinatua.»

Zortzi.– Honela idatzita gelditzen da 165. artikuluko 2. apartatua:

«2.– Zorra geroratu, zatikatu edo konpentsatzeko eskaera nahiz ondasun edo eskubideak zorren ordainez ematekoa borondatezko epean aurkezteak eragotziko du epe exekutiboa espediente horien tramitazioaren barruan hastea.

Aurretik xedatutakoa xedatuta ere, aurreko paragrafoan aipatzen diren eskaerek eta eten eskaerek ez dute eragotziko exekuzio aldia hastea, baldin eta aurretik ukatu bada, zerga zor berari dagokionez, borondatezko aldian geroratu, zatikatu, konpentsatu, eten edo gauza bidez ordaintzeko beste eskaera bat, behin beste ordainketa epe bat irekiz gero hura gauzatu gabe.

Zehapen baten aurka errekurtso edo erreklamazioa epe barruan eta bidezko moduan aurkezteak eragotziko du epealdi exekutiboa hastea harik eta zehapena administrazio bidean irmoa izan eta zorra borondatez ordaintzeko epea amaitu arte.

Konkurtso deklarazioak ez du etengo maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Konkurtso Legearen testu bateginaren arabera konkurtso kalifikazioa duten zorrak ordaintzeko borondatezko epea, exekuzio aldiko jarduketak testu bategin horretan xedatutakoaren arabera egitea eragotzi gabe.»

Bederatzi.– Honela idatzita gelditzen da 180. artikuluko 1. apartatua:

«1.– Erantzukizun solidarioa exijitzeko prozedura hauxe izango da, kasuen arabera:

a) Erantzukizuna adierazi eta erantzuleari jakinarazi zaionean zor deribatua ordaintzeko hasierako borondatezko epea amaitu aurreko edozein momentutan, nahikoa izango da behin epe hori bukatuta ordainketa errekeritzea.

b) Gainerako kasuetan, behin igarota zor deribatua ordaintzeko hasierako borondatezko epea, organo eskudunak erantzukizunaren adierazpen egintza emango du, eta erantzuleari jakinaraziko zaio.»

Hamar.– Letra berri bat, i), eransten zaio 186.1 artikuluari. Hona hemen haren edukia:

«i) Balio erantsiaren gaineko zergaren entitate taldearen araubide berezian nagusia den entitatea.»

Hamaika.– 222. artikuluan bi apartatu gehitzen dira, 5.a eta 8.a, ondoren jasotzen den edukiarekin, eta oraingo 5., 6., 7., 8., 9. eta 10. apartatuak 6., 7., 9., 10., 11. eta 12. apartatu gisa zenbakitzen dira aurrerantzean, hurrenez hurren:

«5.– Berraztertze errekurtsoaren xede den egintza eman zuten organoek edo Auzitegi Ekonomiko-Administratiboak erabakiko dute eten eskaera izapidetzea onetsi behar den, aurreko 4. apartatuko a) eta b) letretan aipatzen diren kasuetan, eta ez dute izapidetzea onetsiko, aldiz, eten eskaeran aurkeztutako dokumentaziotik edo administrazio espedientean dagoen dokumentaziotik ondorioztatu ezin denean konpontzen zailak edo ezinezkoak diren kalteen zantzurik dagoen edo akats aritmetiko, material edo egitaterik dagoen.»

«8.– Zorra exekuzio aldian egonez gero, baldin eta eten eskaera aurkezten bada, betiere eten automatikoa lortzeko beharrezkoak ez diren beste berme batzuekin edo bermeen erabateko edo zati bateko dispentsarekin edo akats aritmetiko, material edo egitatezkoan oinarrituta, horrek ez du eragotziko Administrazioaren jarduketekin jarraitzea, eskaeraren dataren ondoren egindako eskaerak deuseztatzea eragotzi gabe etena azkenean ematen denean.»

Hamabi.– 4. apartatu bat gehitzen zaio 257. artikuluari, honako eduki hau duena:

«4.– Europar Batasunaren arabera estatuko laguntza diren onura fiskalak ezin izango dituzte jaso legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat hartutako estatu laguntzak jaso dituztenek, baldin eta aldez aurretik Batzordeak laguntza horiek itzultzeko agindua eman badu, harik eta laguntza horiek itzuli arte.»

Hamahiru.– Honela idatzita gelditzen da laugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatua:

«4.– Identifikazio fiskaleko zenbakiaren errebokazioa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzeak berekin ekarriko du zenbaki horrek identifikazio ondorioetarako zerga arloan duen baliagarritasuna galtzea.

Era berean, aipatutako ezeztapena argitaratuz gero, kreditu entitateek ez dute kargurik edo abonurik egingo zenbaki errebokatu horien titularrak, titular edo baimendu moduan jasotzen dituzten banku kontu edo gordailuetan, salbu eta identifikazio fiskaleko zenbakia birgaitzen bada.

Errebokazioa entitate baten identifikazio fiskaleko zenbaki bati buruzkoa denean, hura Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzeak berekin ekarriko du, batetik, notarioa abstenitzea borondate deklarazioei eta adostasun prestazioa eta edozein motatako kontratu eta negozio juridikoak dakartzaten egintza juridikoei buruzko edozein tresna juridiko baimentzean eta, bestetik, edozein erregistro publikotan, administratiboak barne, sartzeko aukera debekatzea, salbu eta identifikazio fiskaleko zenbakia birgaitzen bada. Errebokazioak eragiten dion entitatea inskribatuta dagoen erregistro publikoak entitate horri irekitako orrian bazterreko ohar bat egingo du, entitate motaren arabera. Ohar horretan jasoko da aurrerantzean ezingo dela entitate horri eragiten dion inskripziorik egin, salbu eta identifikazio fiskaleko zenbakia birgaitzen bada.

Salbuespen gisa, aurreko paragrafoan aipatutako bazterreko oharra deuseztatzeko ezinbestekoak diren izapideak egitea onetsiko da.

Era berean, zenbaki errebokatuaren entitate titularraren erregistro ziurtagiri guztietan zenbaki hori errebokatuta dagoela jaso behar da.

Apartatu honetan xedatutakoa ez da oztopo izango Zerga Administrazioak bete gabe dauden zerga obligazioak betetzea eskatu dezan. Dena den, identifikazio fiskaleko zenbaki errebokatu bat jasotzen duten autolikidazio, aitorpen, komunikazio edo idatziak onetsiko badira, identifikazio fiskaleko zenbakia birgaitu beharko da, erregelamenduz ezarritakoaren arabera.»

Hamalau.– Honela idatzita gelditzen da hamargarren xedapen gehigarria:

«Hamargarren xedapen gehigarria.– Jurisdikzio ez-kooperatiboaren definizioa.

1.– Jurisdikzio ez-kooperatibotzat hartuko dira Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak zehazten dituen herrialdeak eta lurraldeak, bai eta zerga araubide kaltegarriak ere, xedapen honetako ondorengo apartatuetan ezartzen diren irizpideen arabera.

2.– Jurisdikzio ez-kooperatibotzat hartzen diren herrialde eta lurraldeen zerrenda honako irizpide hauei jarraituz eguneratu ahal izango da:

a) Gardentasun fiskalaren arloan:

1) Herrialde edo lurralde horrekin zerga informazio trukearen arloko elkarlaguntzari buruzko araudi aplikagarria egotea, foru arau honetan jasotzen denari jarraituz.

2) Espainiarekin zerga informazioaren truke efektiboa betetzea.

3) Helburu Fiskaletarako Gardentasuneko eta Informazio Trukeko Nazioarteko Foroak egindako "inter pares" ebaluazioen emaitza.

4) Titular errealari buruzko informazioa efektiboki trukatzea, kapitalen zuriketa eta terrorismoaren finantzaketa prebenitzeko Espainiako araudian ezarritako moduan definituta.

a) letra honen ondorioetarako, informazio truke efektibotzat jotzen da zerga informazioaren trukearen arloko elkarrekiko laguntzari buruzko araudia aplikatzea, Helburu Fiskaletarako Gardentasuneko eta Informazio Trukeko Nazioarteko Foroak onetsitako erreferentzia baldintzak kontuan hartuta.

b) Lurraldez kanpoko tresnak edo sozietateak erabiltzea edo existitzen laguntzea, betiere herrialde edo lurralde horietan benetako jarduera ekonomikorik islatzen ez duten onurak erakartzera bideratuta.

c) Tributazio txikia edo deuseza izatea.

Tributazio txikia dagoela ulertzen da dena delako herrialde edo lurraldean aplikatzen den zergapetze maila efektiboa, zero tasa barne, Gipuzkoan exijitzen dena baino askoz txikiagoa denean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren berdina edo antzekoa den zerga batean.

Tributazio deuseza da baldin eta dagokion herrialde edo lurraldean ez bazaio aplikatu, dagokionaren arabera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren berdina edo antzekoa den zergari.

Partzialki bada ere, errenta zergapetzea helburu duten zergak zerga berdin-berdin edo antzekotzat joko dira, zergaren xedea errenta bera, sarrerak edo errenta egon izanaren zantzua ematen duen beste edozein elementu dela ere.

3.– Jurisdikzio ez-kooperatibotzat hartzen diren araubide fiskal kaltegarrien zerrenda eguneratu ahal izango da Europar Batasuneko enpresa fiskalitatearen arloko Jokabide Kodearen edo ELGAko Araubide Fiskal Kaltegarrien Foroaren irizpideen arabera.

4.– Tributu bakoitzaren arauetan berezitasunak ezar daitezke xedapen honetan jasotako arauak aplikatzeko.

5.– Xedapen honetan ezarritakoarekin bat etorriz, jurisdikzio ez-kooperatibotzat hartzen diren herrialde edo lurraldeei dagokienez, baldin eta Espainiak haiekin hitzarmen bat sinatu badu indarrean dagoen zergapetze bikoitza saihesteko, jurisdikzio ez-kooperatiboekin lotutako zerga araudia ere aplikatuko da, aipatutako hitzarmeneko xedapenen aurkakoa ez den neurrian.»

Hamabost.– Honela idatzita gelditzen da hamaikagarren xedapen gehigarria:

«Hamaikagarren xedapen gehigarria. Atzerrian diren ondasun eta eskubideen berri eman beharra.

Zergapekoek, foru arau honen 29. eta 90. artikuluetan ezarritakoarekin bat eta erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan, honako informazio hau eman beharko diote Zerga Administrazioari:

a) Banku edo kreditu trafikoan diharduten atzerriko entitateetan irekita dauden kontuei buruzko informazioa, baldin eta zergapekoa bada kontuon titularra edo onuraduna, edo kontuon gaineko nolabaiteko xedatze ahalmenik badu.

b) Batetik, mota guztietako entitateen kapital sozialeko edo funts propioetako edo ondareko partaidetza adierazten duten titulu, aktibo, balore edo aktibo guztiei buruzko informazioa, zergapekoa haien titularra bada eta aurreko horiek guztiak atzerrian badaude edo han gordailatuta; bestetik, zergapekoa hartzaile den bizitza edo baliaezintasun aseguruei buruzko informazioa zein dirua, ondasun higigarriak edo higiezinak emanez eraturiko biziarteko edo aldi baterako errentei buruzko informazioa, zergapekoa haien onuraduna bada, baldin eta aseguru eta errenta horiek atzerrian kokatutako entitateekin kontratatu badira.

c) Zergapekoak bere titulartasunpean atzerrian dituen ondasun higiezinei nahiz ondasun higiezinen gaineko eskubideei buruzko informazioa.

d) Zergapekoak bere titulartasunpean atzerrian dituen ondasun higigarriei nahiz haien gaineko eskubideei buruzko informazioa.

e) Zergapekoak bere titulartasunpean atzerrian matrikulaturik edo erregistraturik dituen ondasun higigarriei nahiz haien gaineko eskubideei buruzko informazioa.

f) Zergapekoak bere titulartasunpean atzerrian dituen moneta birtualei buruzko informazioa, bai eta onuradun edo baimendu gisa agertzea edo beste moduren batean xedatzeko ahalmena izatea dakartenei buruzkoa ere, baldin eta gako kriptografiko pribatuak hirugarrenen izenean babesteko zerbitzuak ematen dituztenek zainduta badaude, moneta birtualak mantendu, biltegiratu eta transferitzeko.

Aurreko letretan aurreikusitako betebeharrak izango dituzte, orobat, Kapital zuriketaren eta terrorismoaren finantzaketaren kontrako prebentzioari buruzko apirilaren 28ko 10/2010 Legearen 4. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitakoari jarraituz titular erreal jo behar direnek ere.»

Hamasei.– Honela idatzita gelditzen da hamabosgarren xedapen gehigarriaren 6. apartatua:

«6.– Froga dokumentalak, finantza kontuen titulartasuna edo kontrola duten pertsonei exijigarriak zaizkien aitorpenak eta xedapen gehigarri honetan informaziorako eta behar den ardurari buruz aipatutako obligazioak betetzeko erabilitako gainerako informazioa Zerga Administrazioaren eskura egon beharko dira harik eta aipatutako kontuei buruzko informazioa eman beharra sortu ondorengo bosgarren urtea amaitu arte.»

Hamazazpi.– Xedapen gehigarri bat eransten da, hemeretzigarrena, eduki hau izango duena:

«Hemeretzigarren xedapen gehigarria. Paradisu fiskalei, informazio truke efektiborik ez duten herrialde edo lurraldeei edo tributazio deusezari edo txikiari buruzko arauzko erreferentziak.

1.– Ulertuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoaren araudian paradisu fiskalei, informazio truke efektiborik ez duten herrialde edo lurraldeei edo tributazio deusez edo txikiari egiten zaizkien aipamenak foru arau honen hamargarren xedapen gehigarrian jasotako jurisdikzio ez-kooperatiboaren definizioari egiten zaizkiola.

2.– Ezabatutzat hartuko dira foru arau hau indarrean jarri aurreko idazkeran foru arau honen hamargarren xedapen gehigarriaren 2., 3. eta 4. apartatuei egindako aipamenak.

3.– Zerga arloko informazio truke efektiboa duten estatuei egindako arau aipamenak zerga informazioaren trukearen arloko elkarlaguntzari buruzko araudi aplikagarria duten estatuei egindakotzat hartuko dira, foru arau honetan jasotakoari jarraituz.»

Hemezortzi.– Seigarren xedapen iragankorra eransten da, eta eduki hau izango du:

«Seigarren xedapen iragankorra.– Jurisdikzio ez-kooperatiboaren kontsiderazioaren aplikazio iragankorra.

Jurisdikzio ez-kooperatibotzat hartzen diren herrialdeak edo lurraldeak foru aginduz zehazten ez diren bitartean, halakotzat hartuko dira Paradisu fiskaltzat hartzen diren herrialdeak eta lurraldeak zehazten dituen martxoaren 3ko 22/1992 Foru Dekretuan jasotako herrialdeak edo lurraldeak.»

2. artikulua.– Urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoan:

Bat.– Honela idatzita gelditzen da 48. artikuluko 2. apartatua:

«2.– Aurreko apartatuan aipatutako araubidea aplikatu ahal izango zaie inbertsio kolektiboko erakundeen bazkide edo partaideei; hauek, dena den, hainbat baldintza bete behar dituzte, hots: balio higigarrietako inbertsio kolektiboko erakunde jakin batzuei buruzko lege, arau eta administrazio mailako xedapenak koordinatzen dituen Europar Legebiltzar eta Kontseiluaren ekainaren 13ko 2009/65/EE Zuzentarauak erregulatuak izatea; foru arau honetako 52. artikuluan aurreikusiak ez izatea; Europar Batasuneko estatu kideren batean eratuta eta helbideratuta egotea; eta Balore Merkatuko Batzorde Nazionalaren erregistro berezian izena emanda agertzea, egoitza Espainian duten entitateek merkaturatzearen ondorioetarako.

Aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatzeko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Inbertsio kolektiboko erakundeen akzio eta partaidetzak Balore Merkatuko Batzorde Nazionalean izena emanda dauden entitate merkaturatzaileen bitartez eskuratu, harpidetu, eskualdatu eta itzuliko dira.

b) Inbertsio kolektiboko erakundea konpartimendu edo azpifuntsetan egituratuta badago, aurreko 1. apartatuko b) letran aipatu diren bazkide kopurua eta gehienezko partaidetza portzentajea merkaturatutako konpartimendu edo azpifunts bakoitzari dagokiola ulertuko da.

c) Uztailaren 13ko 1082/2012 Errege Dekretuaren bidez onetsitako 35/2003 Legearen garapen Erregelamenduko 79. artikuluan jasotako inbertsio funts kotizatuen edo mota bereko sozietateen pareko inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzak edo akzioak itzultzea, eskualdatzea edo, hala badagokio, harpidetzea edo eskuratzea xede ez izatea, edozein izanda ere kotizatzen duten merkatu arautua edo negoziazio sistema aldeaniztuna eta birproduzitzen, berresleitzen edo erreferentzia gisa hartzen duten indizearen osaera.»

Bi.– Ezabatu egiten dira 50. artikuluko 3. eta 4. apartatuak.

Hiru.– Aldatu egiten da hamargarren xedapen gehigarriaren 2. apartatua, eta hari 6. eta 7. apartatuak gehitzen zaizkio. Hona hemen haien edukia:

«2.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo sozietateen gaineko zergaren zergadunek informazioa eman beharko dute, erregelamendu bidez ezartzen denaren arabera, jurisdikzio ez-kooperatibotzat jotako herrialde edo lurraldeekin egiten dituzten edo haiekin zuzenean edo zeharka loturiko balore edo ondasunen edukitzaren ondorio diren eragiketa, egoera, kobrantza eta ordainketei buruz.»

«6.– Espainian egoitza duten pertsona eta entitateek eta atzerrian egoitza duten pertsona edo entitateen Espainiako establezimendu iraunkorrek, baldin eta hirugarrenen izenean gako kriptografiko pribatuak gordetzeko, moneta birtualak mantentzeko, biltegiratzeko eta transferitzeko zerbitzuak ematen badituzte eta zerbitzu hori nagusiki edo beste jarduera bati lotuta ematen badute, Zerga Administrazioari eman beharko diote gordeta mantentzen dituzten moneta birtual guztiei buruzko informazioa, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan. Hornidura horrek barnean hartuko du moneta birtual bakoitzeko saldoei eta, hala badagokio, legezko erabilerako diruaren saldoei buruzko informazioa, bai eta saldo horien titular, baimendu edo onuradunen identifikazioari buruzkoa ere.

7.– Espainian egoitza duten pertsona eta entitateek eta atzerrian egoitza duten pertsona edo entitateen Espainiako lurraldeko establezimendu iraunkorrek, baldin eta moneta birtualen eta legezko erabilerako diruaren arteko truke zerbitzuak edo moneta birtualen arteko truke zerbitzuak ematen badituzte edo edozein modutan eragiketa horiek egiteko bitartekari gisa jarduten badute edo, hirugarrenen izenean, gako kriptografiko pribatuak babesteko zerbitzuak ematen badituzte moneta birtualak mantentzeko, biltegiratzeko eta transferitzeko, behartuta egongo dira, erregelamenduz jasotakoari jarraituz, zerga Administrazioari moneta birtualak eskuratu, eskualdatu, trukatu eta transferitzeko eragiketen berri ematera eta moneta horietan egindako kobrantzez eta ordainketez informatzera, eragiketa horietan esku hartu edo bitartekariarena eginez gero, haietan esku hartzen duten subjektuen izenen zerrenda aurkeztu beharko dute; era berean, haien helbidea, identifikazio fiskaleko zenbakia, moneta birtualen mota eta zenbakia eta eragiketaren prezioa eta data adierazi beharko dituzte.

Aurreko betebehar bera izango dute Espainian egoitza duten pertsona eta entitateek eta atzerrian egoitza duten pertsona edo entitateen Espainiako lurraldeko establezimendu iraunkorrek, baldin eta moneta birtual berrien hasierako eskaintzak egiten badituzte eta beste moneta birtual batzuen edo legezko erabilerako diruaren truke ematen badituzte.»

Lau.– Hamaseigarren xedapen iragankorra honela idatzita gelditzen da:

«Hamaseigarren xedapen iragankorra. Gerorapen araubidea aplikatzea 2023ko urtarrilaren 1aren aurretik eskuratutako inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetza edo akzio jakin batzuei.

Foru arau honetako 48. artikuluaren 2. apartatuaren c) letran ezarritako beharkizuna ez zaie aplikatuko c) letra horretan aipatutako inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzei edo akzioei, baldin eta zergadunak 2023ko urtarrilaren 1aren aurretik eskuratu baditu eta Espainiako balore burtsan kotizatu ez baditu, eta, betiere, errenboltsoaren edo eskualdaketaren zenbatekoa ez bada erabiltzen aipatutako c) letran jasotako inbertsio kolektiboko erakundeen akzioak edo partaidetzak eskuratzeko.»

3. artikulua.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:

Bat.– Honela idatzita gelditzen da 120. artikuluko 1. apartatua:

«1.– Zerga Administrazioak, aurretiaz interesatuari entzunda, entitateen indizean behin-behineko baja emateko erabakia hartu ahal izango du ondorengo kasuetan:

a) Zerga Administrazioarekin dituen zerga zordunketei dagokienez entitatea kaudimengabezia osoarengatik huts egina deklaratzen denean, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketa Erregelamenduan jasotakoaren arabera.

b) Entitateak zerga honen aitorpena aurkeztu ez duenean.»

Bi.– Ezabatu egiten dira 123. artikuluko 6. eta 7. zenbakiak, eta oraingo 8. apartatuaren edukiari 6. zenbakia ematen zaio, honela idatzita:

«6.– Aurreko 1etik 5era bitarteko apartatuetan aipatzen diren ondare elementuen balioa, behin zerga oinarrian sartuz gero, ondorio fiskal guztietarako izango da baliagarria.»

Hiru.– Edukirik gabe uzten da hamalaugarren xedapen iragankorra.

4. artikulua.– Ekainaren 11ko 2/2018 Foru Araua, Ondarearen gaineko Zergarena, aldatzea.

Aldatu egiten da Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauaren 19 artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

«19. artikulua.– Bizitza aseguruak eta aldi baterako edo biziarteko errentak.

Bat.– Bizitza aseguruak zergaren sortzapenaren unean duten erreskate balioaren arabera konputatuko dira.

Hala ere, zergaren sortzapen egunean hartzaileak ez badu erabateko erreskate eskubidea baliatzeko ahalmenik, aseguruaren zenbatekoa izango da hornidura matematikoak egun horretan hartzailearen zerga oinarrian duen balioa.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez zaie aplikatuko aldi baterako aseguru kontratuei, baldin eta bakarrik barnean hartzen badituzte heriotzaren edo baliaezintasunaren kasurako prestazioak edo beste arrisku berme osagarri batzuk.

Bi.– Aldi baterako errentak edo biziartekoak dirua, ondasun higigarriak edo ondasun higiezinak emanez eratu badira, zergaren sortzapen egunean duten kapitalizazio balioaren arabera konputatuko dira, eta, horretarako, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan pentsioak eratzeko ezartzen diren erregela berberak aplikatuko dira.

Hala ere, bizitza aseguru batetik aldi baterako edo biziarteko errentak jasotzen direnean, haiek artikulu honetako bat apartatuan ezarritako balioaren arabera zenbatuko dira.»

5. artikulua.– Abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergarena, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauan:

Bat.– Honela idatzita gelditzen da 9. artikuluko 4. apartatua:

«4.– Erantzukizun solidarioa izango dute foru arau honen 10. artikuluko 1. apartatuan aipatzen diren zergadunei dagozkien zerga zorren ordainketan, baldin eta establezimendu iraunkor baten bidez jarduten badute, edo, 38. artikuluko kasuetan, haien ordezkari izendatu direnek.»

Bi.– Honela idatzita gelditzen da 10. artikulua:

«10. artikulua.– Ordezkariak.

1.– Zerga honen zergadunak, baldin eta Europar Batasuneko beste estatu kide batean egoiliar ez badira, behartuta egongo dira Gipuzkoan lortutako errenta autolikidatzeko epea amaitu aurretik pertsona fisiko edo juridiko bat izendatzera, zerga honekiko betebeharretan haien ordezkari jardun dezan Zerga Administrazioaren aurrean. Ordezkari horrek Gipuzkoan izan behar du ohiko egoitza edo zerga helbidea, eta bi kasutan izendatu beharra dago: establezimendu iraunkor baten bidez jarduten dutenean 24.2 eta 38. artikuluetan aipatutako kasuetan edo, zergadunak Gipuzkoan lortutako errentaren zenbatekoa eta ezaugarriak direla-eta edo bertan ondasun higiezin bat edukitzeagatik, Zerga Administrazioak hala eskatzen duenean.

Europako Esparru Ekonomikoko kide izan arren Europar Batasuneko estatu kide ez diren estatuen kasuan, aurrekoa ez da aplikatuko zerga informazio trukearen eta diru bilketaren arloko elkarrekiko laguntzari buruzko araudia dagoenean martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, jasotakoaren arabera.

Horretara behartuta daude, baita ere, estatu espainiarrekin zerga arloko informazio trukerik egiten ez duten herrialde edo lurraldeetan egoiliar diren pertsona edo entitateak –martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian jasotzen du informazio truke hori–, baldin eta lurralde espainiarrean kokatuta dauden ondasunen edo bertan bete edo baliatzen diren eskubideen titular badira; kanpoan geratzen dira bigarren mailako merkatu ofizialetan negoziatzen diren baloreak.

Zergadunak edo haren ordezkariak bi hilabeteko epea du, izendapenaren egunetik aurrera, Zerga Administrazioari haren berri emateko, behar den bezala frogatuta.

Izendapena Zerga Administrazioari jakinarazten zaionean, komunikazioari ordezkariaren berariazko onespena erantsiko zaio.

2.– Europar Batasuneko beste estatu kide batean eratu diren pertsona egoiliarrak edo errenten esleipeneko araubideko entitateak direnean, haien ordezkaritza duten pertsonen bitartez jardungo dute Zerga Administrazioaren aurrean, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, ezarritako legezko eta borondatezko ordezkaritzari buruzko arauei jarraituz.

Europako Esparru Ekonomikoko kide izan arren Europar Batasuneko estatu kide ez diren estatuen kasuan, aurrekoa aplikatuko da zerga informazio trukearen eta diru bilketaren arloko elkarrekiko laguntzari buruzko araudia dagoenean martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, jasotakoaren arabera.

3.– 1. apartatuan ezarritako betebeharra, ordezkaria izendatzekoa, betetzen ez bada, Merkataritza Erregistroan ordezkari moduan agertzen dena jo ahal izango du Zerga Administrazioak establezimendu iraunkorraren edo 5.c) artikuluan aipatzen den zergadunaren ordezkaritzat. Ordezkaririk izendatu edo inskribatu ez bada, edo izendatutakoa haien izenean kontratatzeko ahalmenik ez daukan pertsona bat izanez gero, Zerga Administrazioak azken hori hartu ahal izango du ordezkaritzat.

Baldin eta ordezkaria izendatzeko obligazioa betetzen ez badute zerga arloko informazio trukerik egiten ez duten herrialde eta lurraldeetan egoiliar diren pertsonek edo entitateek –informazio truke hori martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian definitzen du–, zergadunen ondasunak edo eskubideak gordailatu edo kudeatzen dituena har dezake Zerga Administrazioak haien ordezkaritzat.

4.– Aurreko 1. apartatuan aipatutako obligazioa ez betetzea zerga arloko arau haustetzat joko da, eta 2.000 euroko diru isun finkoa ezarri ahal izango zaio.

Zergadunak egoiliar baldin badira estatu espainiarrekin zerga arloko informazio trukerik egiten ez duten herrialde edo lurraldeetan –informazio truke hori martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian jasotzen du–, isuna 6.000 eurokoa izango da.»

6. artikulua.– Abenduaren 30eko 18/1987 Foru Araua, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarena, aldatzea.

Honela idatzita gelditzen da Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren 7.5 artikuluaren lehen paragrafoa:

«5.– Ez dira titulu honetan arautzen diren "kostu bidezko ondare eskualdaketen" kontzeptuari lotuta egongo lehenago aipatutako eragiketak, baldin eta, eskuratzailearen izaera kontuan hartu gabe, enpresari edo profesionalek beren jarduera ekonomikoaren barruan egiten badituzte eta, nolanahi ere, balio erantsiaren gaineko zergari lotutako ondasun entregak edo zerbitzu prestazioak egitea badakarte.»

7. artikulua.– Martxoaren 10eko 2/2022 Foru Araua, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergarena, aldatzea.

Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko martxoaren 10eko 2/2022 Foru Arauaren 3. artikuluko 5. apartatua honela geratzen da idatzita:

«5.– Zerga hau betebehar errealagatik ordaindu behar duten zergadunak ez badira egoiliar Europar Batasuneko beste estatu kide batean, ondasun eta eskubideen eskurapena aitortzeko epea amaitu baino lehen, behartuta daude Gipuzkoako Lurralde Historikoan egoiliartutako pertsona fisiko edo juridiko bat izendatzera, zerga honekiko betebeharretan haien ordezkari jardun dezan Zerga Administrazioaren aurrean.

Europar Batasunetik kanpokoak izanik Europako Esparru Ekonomikokoak diren estatuen kasuan, aurrekoa ez da aplikatuko baldin eta haietan zerga arloko informazio trukean edo diru-bilketan elkarri laguntzeko araudia onetsita badago, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, jasotako terminoetan.

Betebehar hori zerga hau obligazio pertsonalagatik ordaindu behar duten zergadunek ere izango dute baldin eta, zerga egitatea behin gertatuta, eta dena delako dokumentua edo aitorpena aurkeztu baino lehen, Espainia uzten badute Europar Batasunetik kanpoko hirugarren estatu batera edo zerga arloko informazio trukean edo diru-bilketan elkarri laguntzeko araudia duen Europako Esparru Ekonomikotik kanpoko hirugarren herrialde batera joateko. Betebehar horretatik libratuko dira dokumentuak aurkezteko epea amaitu baino lehen itzultzen badira.

Izendapena Zerga Administrazioari komunikatzean, ordezkariaren berariazko onarpena erantsiko zaio.»

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zerga obligazioen ez-betetze kasu esanguratsuen publizitatea 2023an.

Zerga obligazioen ez-betetze kasu esanguratsuen publizitateari dagokionez –martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 92 ter artikuluan araututako publizitatea–, 2023an argitaratuko den zerrendaren ondorioetarako, haren 4. apartatuan jarritako erreferentzia datatzat hartuko da, ez 2022ko abenduaren 31, baizik eta, azken xedapen bakarraren arabera, foru arau hau indarrean jarri ondorengo lehen hilabetearen azken eguna. Gainera, publizitate horren ondorioetarako, 1. artikuluko bosgarren apartatuan jasotako aldaketak aplikatuko dira.

Zerrenda sei hilabeteko epean argitaratuko da, erreferentzia data horretatik aurrera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen dira foru arau honetan jasotakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak, salbu 3. artikuluak, azken horrek 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izango baititu ondorioak.


Azterketa dokumentala