Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

2. zk., 2023ko urtarrilaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
38

AGINDUA, 2022ko abenduaren 21ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko hirigintza-diseinuaren eta arkitektura garaikidearen sustapenerako eta hedapenerako dirulaguntzak arautzen eta deitzen baitira 2023. ekitaldirako.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak ezarritakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoa da soilik lurraldearen eta itsas-ertzaren antolaketa, hirigintza eta etxebizitzaren arloetan aginpideduna.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenak eta funtzioak hartzen ditu bere gain, arkitekturari, eraikuntzari eta eraikuntzako jasangarritasunari, energia-efizientziari eta kalitateari dagokienez, eta bereziki, arkitekturaren, eraikuntzaren, birgaikuntzaren eta eraikuntzako jasangarritasunaren, energia-efizientziaren eta kalitatearen ezagutarazpen, sustapen eta ikerketari dagokienez, administrazio publikoetako beste sail eta organo batzuekin, profesionalekin, erakundeekin eta elkarte publiko nahiz pribatuekin elkarlanean.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak arkitektura-arloan duen helburuetako bat Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako arkitekturaren bikaintasuna batez ere nazioarteko eremuetan zabaltzea da. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko arkitektura garaikidea da, eta bere ondarearen identitate kulturala, historikoa eta artistikoa berrikuntzarekin eta modernitatearekin uztartzen ditu.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, lehen aipatutako ezagutarazpen-lanen esparruan, hainbat ikerketa- eta ezagutarazpen-jarduera sustatzen ditu, hala nola erakusketak, jardunaldiak eta hitzaldiak; eta, era berean, Mugak izeneko Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala ere egiten du; arkitekturan jarduteko modu ezberdinen arteko mugak ditu langai, bereziki arkitekturak gizarte mugak lekualdatzeko edo aldatzeko duen gaitasuna.

2017an, 2019an eta 2021ean egin den Mugak izeneko Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren lehen hiru edizioen helburua formatu handiko topagune bat sortzea izan da, arkitekturari buruzkoa, akademikoentzat, profesionalentzat, unibertsitateko ikasleentzat eta, oro har, herritarrentzat. https://www.bienalmugak.eus webgunean dago ekitaldi horri buruzko informazioa.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Etxebizitza Sailburuordetzaren, eta bereziki, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren bidez, uste du lehen aipatutako arkitekturaren sustapen- eta ezagutarazpen-jarduerak zuzen eta modu egonkorrean garatzeko funtsezkoa dela dirulaguntzen programa hau izatea, euskal arkitektura nazioartean erreferentzia bihurtzeko xede estrategikoarekin.

Hala, programa horretan diruz lagun daitezkeen jarduketak hauek dira: Euskadiko arkitektura garaikidearen gainean hitz egiten duten erakusketak, hitzaldiak, jardunaldiak eta mintegiak antolatzea; aplikazio informatikoak eta material digitala sortzea; liburuak edo dibulgaziozko gidak argitaratzea; eta dokumentalak eta webguneak egitea, betiere Mugak izeneko Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barneko hausnarketa-, elkarrizketa- eta eztabaida-eremuetan.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa bat dator Sailaren dokumentu programatiko sektorialetan jasotako konpromisoekin, batez ere Bultzatu 2050 Euskadiko Hiri Agendarekin, Etxebizitzaren Gida Planarekin, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planarekin, Irisgarritasun Unibertsalaren Euskal Estrategiarekin eta 2030erako Euskadiko Garraio Jasangarriaren Gida Planarekin, baita XII. Legegintzaldiko (2020-2024) «Euskadi martxan» Gobernu Programan jasotako konpromisoekin ere, zeintzuei erantzuten baitie Sailaren jardun-eremuak, beste plan estrategiko eta sektorial batzuek eta beste dokumentu programatiko eta adierazgarri batzuek. Dokumentu hori herritarren eskura dago Sailaren web-orrian.

Dirulaguntzen araubide hau Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago jasota (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko ekainaren 2ko Agindu bidez onartu zen), Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 8.1 artikuluak xedatzen duen bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Dokumentu hori herritarren eskura dago Sailaren web-orrian.

Normalean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari dagokion kreditu egokia eta nahikoa dagoenez, deialdi hau aldez aurretik izapidetzen da; beraz, dirulaguntza emateko ebazpena ematen den unean kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintzapean geratzen da dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.

Ondorioz, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuz, eta bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) xedatutakoarekin, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eman beharreko dirulaguntza ekonomikoak arautzea eta laguntza horien deialdia egitea, Euskadiko hirigintza-diseinua eta arkitektura garaikidea sustatzeko eta ezagutarazteko, balio aitortuko eraikinak eta hiri-espazioak barne, betiere Mugak izeneko Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak ezarritako hausnarketa-, elkarrizketa- eta eztabaida-eremuen barruan.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzei Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua (EB) aplikatu beharko zaie; alegia, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Araubide honen arabera, estatu kide batek enpresa jakin bati emango dizkion de minimis laguntzen zenbatekoa gehienez ere 200.000,00 eurokoa izango da hiru zergalditako edozer alditan.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz lagun daitezkeen jarduketatzat hartuko dira hauek:

1.1.– I. Lerroa: Euskadiko hirigintza-diseinuaren eta arkitektura garaikidearen gaineko aldi baterako dibulgazio-erakusketak.

Erakusketa ekoizpen propiokoa izan daiteke, edo Euskadi dagoeneko existitzen diren erakusketa ibiltarietan txertatzeko izan daiteke.

1.2.– II. Lerroa: Euskadiko hirigintza-diseinuari eta arkitektura garaikideari buruzko jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, mahai-inguruak, lantegiak eta workshopak.

1.3.– III. Lerroa: argitalpenak, dokumentalak eta tresna informatikoak. Lerro horren barnean daude hirigintza-diseinuaren eta arkitektura garaikidearen gaineko argitalpenak, liburuak edo dibulgaziozko gidak editatzea eta dokumentalak eta webguneak egitea.

Tresna informatikoak (aplikazio informatikoak, web-orriak eta material digitala) lizentzia irekiarekin sortu beharko dira.

2.– Diruz lagundutako jarduera guztiak Euskadiko hirigintza-diseinuari eta arkitektura garaikideari buruzkoak izango dira, balio arkitektoniko aitortua duten eraikinak edo hiri-espazioak barne, betiere 2023ko Mugak bienalaren kontzeptu-esparruaren barruan. Bienal honek «berreraiki, berpiztu, berrasmatu» du izenburu, eta eskuragarri dago bienalaren webgunean. www.bienalmugak.eus

3.– Deialdi honen xede diren jarduera guztiak 2023ko azaroan egingo den Mugak izeneko Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren laugarren edizioan zehar inauguratu, aurkeztu edo egin beharko dira, Bienalaren hainbat egoitzatan eta aurreikusitako programazioaren arabera.

4.– Deialdi honen xede diren jarduera diruz lagungarriak honako hauetan espezializatutako erakundeek parte hartuta egin ahal izango dira: erakusketak, hitzaldiak, jardunaldiak, mintegiak, aplikazio informatikoak, material digitala, argitalpenak, liburuak, dibulgazio-gidak, dokumentalak eta tresna informatikoak.

5.– Deialdi honen esparruan egiten diren jarduerak inoiz jendaurrean aurkeztu gabeak izango dira, dagoeneko existitzen diren erakusketa ibiltarien kasuan izan ezik.

Ez da dagoeneko argitaratutako materialen berrargitalpena edo egokitzapena diruz lagunduko, material hori Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean editatu behar denean salbu.

6.– Dirulaguntzaren xede den proiektua egiteko erabilitako materialak, zein deialdi honen xede diren erakusketek, hitzaldiek, jardunaldiek, mintegiek, aplikazio informatikoek, material digitalek, argitalpenek, liburuek, dibulgazio-gidek, dokumentalek eta tresna informatikoek jabetza intelektualari dagozkion lege-baldintzak bete beharko dituzte, baita materiala edota irudiak ustiatzeko beharrezkoak diren baimen guztiak ere.

7.– Diruz lagundutako jardueraren parte diren eta publikoari begira erabiltzen diren dokumentu idatzi guztiak gutxienez euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztuko dira.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta azpikontratazioa.

1.– Agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozen gastuak. Nolanahi ere, egindako gastutzat hartuko da dirulaguntza arautzen duen araudiak zehaztutako justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordaindu dena.

Era berean, diruz lagunduko diren gastuak izango dira dirulaguntzaren xede den jarduera gauzatzeko behar diren espazioen alokairuaren ondoriozkoak, hirugarrenek egindako doako lagapenak izan ezean edo espazio edo areto propioak erabili ezean.

2.– Ez dira inoiz diruz laguntzeko gastutzat hartuko gastu edo inbertsio hauek:

– Jarduketari oro har aplika dakizkiokeen zergak aplikatzearen ondoriozko gastuak, laguntzaren onuradunak benetan jasaten duen Balio Erantsiaren gaineko Zerga izan ezik.

– Ekipamendua erostera bideratutako inbertsioak edo horien amortizazioak.

3.– Pertsona onuradunak diruz lagundutako jardueraren % 100 ere azpikontratatu dezake. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araubidea onesten duena) 68. artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, ulertuko da pertsona onuradunak azpikontratatu duela, baldin eta hirugarren batzuekin hitzartu badu dirulaguntzaren helburuko jardueraren egikaritza osoa edo partziala. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da pertsona onuradunak berak diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

4.– Onuradunak ezingo du, inola ere, honako hauekin hitzartu diruz lagundutako jardueren egikaritza osoa edo partziala:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak ezarritako debekuren bat duten pertsona edo erakundeekin.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.

c) Pertsona bitartekari edo pertsona aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Pertsona onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisikoekin edo juridikoekin, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:

1) Erakunde emailearen berariazko baimena aldez aurretik lortzea;

2) Diruz laguntzeko zenbatekoa ez izatea lotutako erakundeak izandako gastua baino handiagoa. Kostua egiaztatzeko, pertsona onuradunaren gastuak frogatzeko ezarrita dauden baldintza berberak justifikatu beharko dira.

e) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsonekin edo erakundeekin.

5.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada Sektore Publikoko Kontratuen Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak baino, onuradunak, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoa betez, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa hartu aurretik, zerbitzua egiteko edo ondasuna emateko. Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskaeran aurkeztuko dira), efizientzia-eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

4. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunak izan ahalko dira honako pertsona hauek, Euskal Autonomia Erkidegoan badute egoitza:

a) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafeen barruan eraikuntzaren arloarekin lotutako sektore hauetakoren batean dauden enpresak eta profesionalak:

833.2) Higiezinen sustapena.

50) Obra berriko zein birgaitze- eta mantentze-lanetarako eraikinak egitea. Eraikinen akabera. Eraikuntza espezializatuko beste jarduera batzuk.

843) Arkitekturako eta ingeniaritzako zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin lotutako beste jarduera batzuk.

b) Zuzenbide publikoko korporazioak eta irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoak, beren jarduera hirigintza-diseinuaren eta arkitektura garaikidearen eremukoa bada.

2.– Honako erakunde hauek ezingo dira onuradun izan:

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak ondorio horietarako adierazitako baldintzaren bat aplika dakiekeen entitateek.

– Ezin izango dira onuradun izan horretarako ezgaitzen duen legezko debekua duten erakundeak, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetako Seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

– Administrazio Publikoak, erakunde publikoak eta partaidetza publikoko sozietateak eta fundazioak.

3.– Elkarteen kasuan, ezingo dira inoiz onuradun izan elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan zehaztutako debekuen kausak egotz dakizkiekeen elkarteak. Era berean, ezingo dira onuradun izan ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalen ondorioz inskripzio-prozedura administratiboa eten zaien elkarteek, harik eta dagokion erregistroan inskribatzea ahalbidetzen duen ebazpen judizial irmoa eman arte.

4.– Dirulaguntzen pertsona onuradunaren izaera inola ere ez zaie egokituko urteko kontuak aurkezteko betebeharra bete ez duten fundazioei, edo beren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean aurreikusitakora egokitu ez dituztenei, Lehen Xedapen Iragankorrean ezarritakoa betez.

5.– Deialdi honetarako eskaera pertsona fisiko edo juridikoen talde batek egiten badu, publikoak edo pribatuak nortasun juridikorik gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluaren arabera, taldeko kide guztiek bete beharko dituzte laguntzen onuradun izateko eskatzen diren baldintzak. Nolanahi ere, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Elkartea ezingo da desegin harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

6.– Orobat, agindu honetan araututako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, amaituta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek zein zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiek, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.

7.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatuko da automatikoki, bai dirulaguntza emateko, bai ordaintzeko, eta, horretarako, ez da eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Era berean, eskatzaileek dirulaguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta eduki beharko dituzte.

Apartatu honetan jasotako betekizunak indarrean izango dira harik eta emandako dirulaguntza kitatu arte.

5. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1.– Laguntza-eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira; agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

2.– Deialdi honen xede diren dirulaguntza-lerro ezeinetan ez zaio emango dirulaguntza bat baino gehiago pertsona eskatzaile berari.

Pertsona batek dirulaguntza-lerro bakar baterako dirulaguntza bi edo gehiago eskatuz gero, organo kudeatzaileak hori jakinaraziko du, 10 eguneko epean uko egiten zaion proiektua zehazteko. Pertsona interesdunaren jakinarazpenik jasoko ez balitz, organo kudeatzaileak zehaztuko du aurrekontu txikieneko proiektuak hartuko duela parte deialdian.

3.– Eskaera aurkeztutako lerroa ez den beste batekoa izan daitekeen jarduketa oro, lotura eta premia justifikatzen bada (esaterako, erakusketa bati loturiko argitalpenak), laguntza-eskaera bakar baten barneko diruz lagun daitekeen jarduketatzat hartuko da. Nolanahi ere, jarduketa gehigarri horiei lotutako kostuek ez dute Agindu honen 11.4 artikuluan aurreikusten den laguntzaren zenbateko maximoaren gehikuntzarik ekarriko proiektua aurkeztu den lerroan.

4.– Pertsona interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

Euskara: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1078303

Gaztelania: www.euskadi.eus/servicios/1078303

Eskaeraren ondorengo izapideak dagokion espedientean egiten dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoko, «nire karpeta» atalaren bidez: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Pertsona interesdunek euskaraz nahiz gaztelaniaz, nahi bezala, aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta dokumentuak. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzekoak, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

6.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak konpromisoa hartzen du datuak dagokien babes-mailarekin tratatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra edo DBEO), Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

6. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Plataforma elektronikoan egindako eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren 50. artikuluaren 6. apartatuak aipatzen duen erantzukizunpeko adierazpena egin beharra dakar, hauek jasotzeko:

a) Erakunde eskatzaileak edozer administraziori zein beste erakunde publikori nahiz pribaturi xede bererako laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera nahiz bestelako baliabideak eskatu dizkiela eta lortu dituela, eskatutako zenbatekoak eta emandako zenbatekoak zehaztuz, eta berariaz adieraziz BEZa ere diruz lagundu daitekeen ala ez dirulaguntza programa horietan.

b) Erakunde eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek zein zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehatze-prozedura batean sartuta dagoela edo horrelako prozeduraren baten xede izan dela.

c) Erakunde eskatzailea dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren batean edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen batean dagoela.

d) Pertsona edo erakunde eskatzailea ez dela administrazio-zehapenik edo zehapen penalik betetzen ari sexu-bereizkeria egiteagatik, eta ez dagoela debeku horrekin zigortuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

e) Erakunde eskatzaileak ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluak ezarritako pertsona onuradun izateko baldintza eskuratzeko debekurik.

f) Erakunde eskatzaileak abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduarekin (EB) lotutako laguntzarik jaso duen zerga-ekitaldi honetan eta bi aurrekoetan, eta, baiezkoa izanez gero, laguntzon zenbatekoa.

g) Elkarteen kasuan, erakunde eskatzaileari ezin egotz dakiokeela elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluan aurreikusitako debekuen kausetarik bat ere.

h) Fundazioen kasuan, entitate eskatzaileak ekainaren 2ko 9/2016 Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Legean aurreikusitako estatutuen arabera moldatu beharko ditu bere estatutuak.

2.– Eskaera egiten duen entitatearen ezaugarriak eta burutu nahi den jarduketa kontutan harturik, eskaera guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proposamenaren memoria, honako hauek, gutxienez, jasotzen dituena:

1.– Proiektuaren oinarriak eta azalpena:

– Proiektuaren deskribapena, krokisak, zirriborroak eta/edo erakunde eskatzaileak proposatutako jarduera behar bezala interpretatzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia barne.

– Proiektua eskatzen den laguntza-lerrora egokitzen delako justifikazioa. Laguntza eskatzen den proiektuarekin lotura izan dezaketen iraganeko antzeko proiektuei buruzko informazioa. Bai eskatzailearen aldetik, bai proposatutako taldearen aldetik.

2.– Proposamena Mugak izeneko Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren laugarren edizioa egituratzen den kontzeptu-esparrura egokitzea. Horrek «berreraiki, berpiztu, berrasmatu» leloa du, eta bienalaren webgunean garatuta dago.

3.– Proiektuak barne hartzen dituen jarduera guztien deskribapena.

4.– Gizartean izan dezakeen inpaktua, nahitaez barne hartuta inpaktu hori ebaluatzeko helburuak, adierazleak eta neurketak (adibidez, bertaratuko den pertsona-kopuruaren aurreikuspena, komunikabideetan izango duen oihartzuna, saldutako argitalpen kopurua, etab.).

5.– Laguntza-eskaeraren xede den proiektua gauzatzeko ardura duen taldearen kalitate teknikoa, kalitate zientifikoa eta esperientzia.

Proposatutako lantaldea berariaz definituko da, eta proiektuaren exekuzioan erakunde eskatzailearekin parte hartuko duten pertsonak identifikatuko dira, fisikoak zein juridikoak izan, eta jarduera osatzen duten atalak diseinatzen eta egiten espezializatuta daudenak, hala nola instalazioak, pabiloiak, erakusketak, hitzaldiak, jardunaldiak, mintegiak, aplikazio informatikoak, material digitala, argitalpenak, liburuak, dibulgazio-gidak, dokumentalak edo tresna informatikoak.

6.– Finantzaketa-eskema. Proiektua behar bezala gauzatzeko aurreikusitako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk barne.

7.– Proiekturako proposatutako helburuak eta epeak. Asteka, 2023ko lanak zehaztuko dira, eta egunka, 2023ko azaroan bienalean zehar egin beharreko jarduerak.

b) Laguntza eskatzen duen erakundeak laguntzaren xede den proiektua behar bezala garatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak dituela egiaztatzen duen agiria.

c) Eskatutako laguntzaren xede den jardun-lerroari dagokion aurrekontua. Aurrekontua hilabeteka xehatuta egon beharko da, amaitu arte, eta zereginen eta/edo jardueren arabera, ataza bakoitzean barne-gastuak (proiektua zuzentzen duen eragilearen beraren gastuak) eta kanpo-gastuak edo gastu azpikontratatuak (deialdi honen xede diren jardueretan espezializatutako kanpoko erakundeak azpikontratatzeagatiko gastuak) bereizita.

Barne-gastuen kasuan, egin beharreko zereginen aurreikuspena zehaztu beharko da, baita egindako ordu-tarifaren egozpena ere.

Kanpoko kontratazioaren kasuan, estimazio arrazoitua aurkeztu beharko da, edo, ahal dela, aurrekontua, eta errespetatu egin beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoa.

Azpikontratazioaren kasuan, haren aurrekontua aurkeztu beharko da, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

d) Diruz lagundutako jardueraren eredugarritasuna hedatzeko, jakinarazteko eta indartzeko ekintza-plana.

e) Laguntzaren xede den jarduera gauzatzeko guneen alokairuaren kasuan, aurreikusitako espazioaren kudeatzaile arduradunaren erabilgarritasun- eta partaidetza-konpromisoa aurkeztuko da.

f) Argitalpenen kasuan, aurreikusitako banaketa modua adieraziko da, baita helburua salmenta izango den ere. Azken kasu horretan, aurreikusitako kostu eta diru-sarreren aurrekontu xehatua erantsiko da.

7. artikulua.– Eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza kudeatzen duen organoak eskaeran akats edo hutsegiteren bat dagoela edo harekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.

2.– Halaber, eskaera izapidetzea onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egokiro baloratzeko, eta horretarako 10 eguneko epea emango dio, informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela jakinarazita.

8. artikulua.– Laguntzen organo kudeatzailea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskaerak aztertzea eta ebaluatzea.

9. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskaerak, diruz laguntzeko lerro bakoitzean, dagokion prozeduran izapidetuko dira.

2.– Dirulaguntzak lehia-konkurrentziaz esleituko dira dagozkien lerroan eta lehiaketa bidez zenbatetsiko dira puntuazio handienetik txikienera, harik eta lerro bakoitzeko aurrekontu-kreditua amaitzen den arte.

10. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak honako irizpide hauen arabera esleituko dira, kasu bakoitzean zehazten den haztapenarekin:

1.1.– 1. lerroa.

(Ikus .PDF)

1.2.– 2. eta 3. lerroak.

(Ikus .PDF)

11. artikulua.– Aurreikusitako kreditua eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honen 2. artikuluan zehaztutako ekintzetarako aurrekontu-zuzkidura, guztira, hirurehun mila (300.000,00) eurokoa izango da, eta 2023ko urtean osorik gauzatuko da.

Zuzkidura honako aurrekontu-posizio honetan dago: 4.43122.45001.

2.– Zenbateko hori honela banakatzen da dirulaguntza lerro bakoitzeko:

– I. lerrorako: Euskadiko hirigintza-diseinuaren eta arkitektura garaikidearen dibulgaziozko aldi baterako erakusketak eta lotutako alokairuak; 225.000,00 euro bideratuko dira, gehienez.

– II. lerrorako: jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak eta workshopak eta lotutako alokairuak; 50.000,00 euro erabiliko dira, gehienez.

– III. Lerrorako: argitalpenak, dokumentalak, tresna informatikoak eta lotutako alokairuak; 25.000,00 euro bideratuko dira, gehienez.

3.– Eskaerarik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez direlako, adierazitako jardun-ildoetako bati esleitutako zenbatekoa ez da agortuko, eta beste jardun-ildo bati esleitutako zenbatekoa handitu ahal izango da. Soberakina I. lerroan aplikatuko litzateke lehenik, gero II. lerroan eta, azkenik, III. lerroan, agindu honen 12. artikuluan aurreikusitako organo ebaluatzaileak horri buruz egiten duen proposamenaren arabera. Egoera hori Etxebizitzako sailburuordeak dirulaguntzak emateko emango duen ebazpenean jasoko da.

4.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta gehieneko zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa agindu honen 2. artikuluan arautzen diren diruz laguntzeko moduko gastuen % 100 izango da, salmentarako erabiltzen diren argitalpenen kasuan izan ezik. Horietan, laguntzaren zenbatekoa proiektua argitaratzearen kostu osoaren % 65 izango da, hau da, liburua argitaratzeak edo ekoizteak, banatzeak eta merkaturatzeak erakundeari eragiten dizkion kostuen batura. Kasu horietan, onuradunak kostuen gainerako % 35 finantzatu beharko du, erakundearen funts propioen kargura edo beste laguntza publiko edo pribatu batzuen bidez.

Laguntza-lerro bakoitzeko gehieneko zenbatekoak honako hauek dira:

– I. lerrorako: Euskadiko hirigintza-diseinuaren eta arkitektura garaikidearen dibulgaziozko aldi baterako erakusketak. Proiektu bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 75.000,00 eurokoa izango da.

– II. lerrorako: jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak eta workshopak. Proiektu bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 40.000,00 eurokoa izango da.

– III. Lerrorako: argitalpenak, dokumentalak eta tresna informatikoak. Proiektu bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 20.000,00 eurokoa izango da.

12. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

1.– Eskaerak baloratzeko, balorazio-epaimahai bat eratuko da, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko hiru teknikarik osatuko dute, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak izendatuta.

Balorazio-epaimahaiaren osaketa laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie, Sektore Publikoaren Araubi7de Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan arautzen den uko egiteko araubidearen ondorioetarako.

2.– Esandako epaimahaiak, 10. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta, diruz laguntzeko lerro bakoitzean aurkeztutako eskaerak balioetsiko ditu, 11. artikuluan haietako bakoitzerako zehaztutakoari jarraikiz, eta, hala, esleituko diren dirulaguntzen zerrenda biltzen duen ebazpen-proposamena formulatuko dute (onuraduna, diruz lagundutako jarduketa, eskuratutako puntuazioa eta zenbatekoa zehaztuta), baita ukatuena ere (eskatzailea, ukatzeko arrazoia eta norgehiagoka bidez proposatutako proiektuen puntuazioa adierazita).

Bere eginkizunak betetzearren eta beharrezko irizten dien gaiei dagokienez, balorazio-epaimahaiak adituak deitu ditzake hala bileretan parte hartzera nola aholku ematera.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskaerak, diruz laguntzeko lerro bakoitzean, dagokion prozeduran izapidetuko dira.

2.– Dirulaguntza-lerro guztiak ebatziko dira, pertsona interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Etxebizitzako sailburuordeari dagokio, betiere balorazio-epaimahaiaren proposamenez.

3.– Prozedura bakoitzean ematen den ebazpenean, eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokie, ukatu diren zehaztuko da, eta eman diren kasuetan, laguntza jaso duten pertsona edo erakunde onuradunen izena, diruz lagundutako jarduketa eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira.

Ukatutako eskaerei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

4.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaierarik ematen; izan ere, ebazpen horren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari; hilabeteko epea izango dute horretarako, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122.artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesatuei, dagokion prozeduraren bidez, eta horri kalterik egin gabe, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsi dela ulertu ahal izango dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

7.– Orobat, Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek zein zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako –eta izaera bereko diren– laguntza eta dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zehatzaile oro, prozedura horiek oraindik bideratzen ari badira, behintzat.

14. artikulua.– Jarduketen denbora-eremua.

1.– Laguntzaren xede diren jarduketak 2023ko azaroan egingo den Mugak izeneko Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren laugarren edizioan zehar gauzatu beharko dira, eta amaituta egon beharko dute 2023ko abenduaren 31 baino lehen.

Laguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak behar besteko aurrerapenez jakinaraziko die onuradunei aipatutako Bienalaren laugarren edizioaren denbora-esparrua eta egutegia.

2.– Erakunde onuradunaren asmoaz haragoko kausak gertatzen direnean eta kausa horiek behar bezala justifikatzen badira, erakundeak epea luzatzeko eska dezake, aurreko paragrafoan ezarritako gauzatze-epea amaitu baino lehen. Epea ez da luzatuko 2023ko abenduaren 31tik aurrera, eta luzapena Etxebizitzako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartu beharko da, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren.

15. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Erakunde onuradunek 2024ko urtarrilaren 30a baino lehen justifikatu beharko dute diruz lagundutako ekintza, Dirulaguntzen Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 30. artikuluarekin bat etorriz.

2.– Horretarako, eta betiere, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, bitarteko elektronikoz, https://euskadi.eus/nirekarpeta webgunean:

a) Dirulaguntza eskatu den jardun-lerroari dagozkion diruz lagundutako ekintzak gauzatzeari buruzko deskripzio-memoria, jarduketaren ezaugarri aipagarrienak eta helburuen betetze-maila adierazita.

b) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak.

Barne-gastuak justifikatzeko, taula bat aurkeztuko da, non langile bakoitzaren ordu-kostua banakatuko den, eskema honen antzeko batean:

(Ikus .PDF)

Diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotu ezin diren zeharkako kostuak, jarduera egiteko beharrezkoak badira, diruz lagundutako jarduerari egotzi beharko dizkio onuradunak, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauen arabera arrazoiz dagokion zatian, eta, betiere, kostu horiek jarduera benetan egiten den aldiari badagozkio. Zeharkako kostu horiek ezingo dute inolaz ere izandako benetako gastuen % 13 gainditu.

c) Sarreren eta gastuen zerrenda; hala badagokio, helburu berbererako beste dirulaguntza, laguntza edo sarrera batzuk jaso diren zehaztuko da.

d) Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio- eta publizitate-ekintzei buruzko deskripzio-memoria, Sailaren eta Bienalaren logotipoak barne.

e) Proiektuan sortutako materialen kopia.

3.– Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epeari dagokionez, salbuespen gisa, erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak gertatzen direnean (behar bezala justifikatuta), hasieran aurreikusitako epeak luzatzeko eskatu ahal izango du erakunde horrek, ezarritako exekuzio-epea amaitu baino hilabete lehenago gutxienez. Epearen luzapena Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariaren ebazpen bidez onartu beharko da. Ebazpen horretan, halaber, azken likidazioa egiteko eskatutako dokumentu guztiak aurkezteko azken data berria ezarriko da.

16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Agindu honen 17. artikuluaren 1.a) apartatuan finkatutako epea igaro ondoren uko adierazirik eman ez bada, ordaintzeko agindua emango da, aldez aurretik, emandako dirulaguntzaren ehuneko bostari (% 5) dagokion zenbatekoa, hain zuzen. Hasierako ordaindutako ehuneko horri dagokion jarduketaren justifikazioa aurkezten den lehen txostenarekin batera eman beharko da, laguntzaren gainerako ordainketak egin ahal izateko.

b) Emandako zenbatekoaren zati bat gordeko da, hau da, dirulaguntzaren ehuneko hogeita hamar (% 30). Zenbateko hori 2023ko azaroan egingo den Mugak izeneko Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren laugarren edizioa inauguratu baino lehen bidaliko zaio erakunde onuradunari. Horretarako, 2023ko uztailaren 15a baino lehen, onuradunak, dagozkion justifikazio-agiriez gain, proiektua aurkeztu beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari, onar dezan.

c) Emandako zenbatekoaren zati bat, ehuneko hamar (% 10), hain zuzen, gorde egingo da eta entitate onuradunak laguntzaren xede den jarduketa benetan gauzatu dela eta jarduketaren benetako kostua ziurtatzen duenean ordainduko zaio.

d) Gainerakoa, proposatutako lan-planetan aurkeztutako mugarriekin ados, txostenak aurkeztu ondoren ordainduko da. Hala, txosten horietan justifikatutako gastuaren zenbatekoaren ehunekoa (dirulaguntza osoaren gainekoa), aurretik ordainduta dagoena kenduta, kalkulatuko da ordaintzeko aginduak emateko garaian, betiere diruz laguntzeko jarduketarako aurrekontuaren gainean (hura baliatu baitzen laguntzaren kalkulua egiteko).

2.– Ordainketa egiteko eskaera bakoitzean, aurreko a) apartatuan aipatutakoa salbu, Agindu honen 15.2 artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu behar zaio organo kudeatzaileari.

17. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek ondoko betebehar hauek eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 56. artikuluetan zein Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezartzen diren betebeharrak bete beharko dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartu behar dute. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, dirulaguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

c) Diruz lagundutako ekintza gauzatu eta justifikatzea, agindu honetan ezarritako epeetan.

d) Hala badagokio, proiektuak gauzatzea, egoki diren lizentzien, baimenen eta gainerako sektore-eskakizunen arabera.

e) Jabetza intelektualaren gaineko indarreko araudia betetzea.

f) Dirulaguntza esleitzen duen organoak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egingo dituen egiaztapen-jarduketak bete behar dituzte, eta eskumena duten nazioko zein Europako Erkidegoko kontrol-organoek finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen edozein ekintza ere bai. Horretarako, aurreko jarduketak gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eskaini behar dute onuradunek.

g) Organo emaileari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu izana. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

h) Diruz lagundutako jardueraren ondorioz jendeari begira erabiltzen diren material inprimatu, bitarteko elektroniko edo ikus-entzunezko guztiak Mugak izeneko Arkitektura Bienalaren estilo-liburua aplikatuz egin beharko dira, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak koordinatuta eta gainbegiratuta. Horretarako, laguntzen organo kudeatzaileari materialen diseinuari buruzko dokumentazioa aurkeztuko zaio irailaren 1a baino lehen, ekoiztu aurretik onar dezan.

Argitalpenen kasuan, gutxienez, glasspack edo PVC erdizurrunezko estalki garden bat egingo da, 150 mikrometroko lodierakoa, arrailduta eta manipulatuta liburua besarkatuz, Bienalaren irudi korporatiboarekin inprimatuta, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak onuradunari horretarako emango dion diseinuaren arabera.

Eskubide intelektualak direla-eta edo aurrez ekoitzitako elementuak erabiltzeagatik ezin bada diruz lagundutako jarduera osoa Bienalaren irudi korporatiboan integratu, onuradunak aldez aurretik horren berri emango dio laguntzak kudeatzen dituen organoari, eta jakinarazpen horrekin batera, Bienalaren estilo-liburua aplikatzeko ordezko plan bat ere aurkeztuko du, onar dezan.

i) Onuradunek dirulaguntzei buruzko publizitatea eman beharko dute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluaren arabera.

Publizitatea egiteko, gutxienez, emandako dirulaguntzaren berri eman beharko da erakunde onuradunaren webgunean.

Era berean, lehentasunezko lekuan jarri beharko dira Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren logotipoak eta Mugak izeneko Arkitektura Bienalaren logotipoak, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren inprimatutako material guztietan, bitarteko elektroniko edo ikus-entzunezkoetan (iragarkiak, liburuxkak, kartelak, plakak, iragarkiak, komunikabideetan egindako aipamenak, etab.), eta beste publizitate-mota bat zehaztu ahal izango da emakidan, jarduketaren izaeraren eta ezaugarrien arabera.

j) Onuradunek Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren bitartez Mugak izeneko Arkitektura Bienalerako zehaztutako estrategiarekin koordinatu beharko dituzte komunikabideetan diruz lagundutako proiektuak hedatzeko egiten dituzten jarduerak.

Dibulgazio-jarduerak behar bezala garatzeko, onuradunek prentsa-txosten bat entregatu beharko dute (programazioa eta edukien eta gonbidatuen xehetasuna barne) 2023ko uztailaren 15a baino lehen.

Nolanahi ere, onuradunak komunikazio-estrategiarekin koordinatuta egindako komunikazio- eta irudi-ekintza horiek deialdi honen oinarrietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen erregelamenduan xedatutakora egokitu beharko dira.

k) Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari doan eta era ez-esklusiboan uztea dirulaguntzaren esparruan egiten den informazio teknikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren informazio-sistemetan erabili eta txerta ditzan, eta haren zabalkuntza eta/edo argitalpena egin dezan edozein baliabide edo formatu bibliografikotan, ikus-entzunezkotan, informatikotan edota teknikaren erabilerak ahalbidetzen duenetan. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.

l) Banakako minimis laguntzei buruzko erregistroak mantentzea 10 zerga-ekitalditan, laguntza ematen denetik aurrera.

2.– Erakunde onuradunek parte hartu ahalko dute Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Mugak ekimenaren barne susta ditzakeen sentsibilizazio-, prestakuntza- eta esperientzien truke-ekintzetan.

18. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Jarduketaren behin betiko benetako kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan murriztuko da.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan aldakuntzaren bat eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betekotzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako dirulaguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten dirulaguntzak edo laguntzak jaso badira, horren berri aurretiaz eman beharko dute Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak horrelakoak berariaz onar ditzan. Aipatutako aldaketek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango dute, betiere Agindu honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, dagokion kitapen-ebazpena emango da, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko, edo, hala badagokio, behar den zenbatekoaz gaindi jasotakoa itzultzea eskatzeko.

2.– Aldaketak ezingo du, inola ere, jarduketaren izaera aldatu.

3.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-izapidea ez denez egin, dirulaguntza eman duen organoaren esku geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea; betiere, hori eginda beste inoren eskubideak kaltetzen ez badira.

4.– Dirulaguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez dakar berekin onuraduna dagozkion zehapenetatik salbuetsita geratzea.

20. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko organoari eskaera helarazi beharko dio, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

2.– Onuradunak, gainera, uko egin ahal izango dio onartutako laguntzari, eta hala egin ahal izango du laguntza onartu ondoren. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko diote laguntzak kudeatzeko organoari, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

Ukoa onartutakoan, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere, eta, hala dagokionean, jasotako zenbatekoak bueltatu beharko ditu.

21. artikulua.– Ez-betetzearen ondorioak.

1.– Erakunde onuradunak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren dirulaguntza eskatu den eta eman den berariazko xederako erabiltzen ez badu, dirulaguntzaren oinarria den jarduketa egiten ez badu, dirulaguntza eskatuta lortu nahi ziren helburu zehatzetara aplikatu izana justifikatzen ez badu edo behar bezala egiten ez badu edo, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan, agindu honetan edo emate-ebazpenean aurreikusitako itzultze-arrazoiren bat gertatzen ez bada, emandako eta jasotako kopurua itzuli beharko du legez aplikatu beharreko interesekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen berme eta itzultzeen araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

2.– Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19. artikuluaren 3. zenbakian jasotako kasuan, halaber, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean izandako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da.

22. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira helburu berbera duten funts publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa eta deialdi honetan emandako dirulaguntzaren kopurua batuta, azken kostu osoa baino handiagoa bada, deialdi honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoari gehiegizko kopuru hori kenduko zaio.

2.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Europar Batasunak ezarritakoaren arabera, enpresa batek minimis erregelamenduaren arabera jaso ditzakeen laguntzen guztizkoa ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan 2020, 2021 eta 2022ko ekitaldi fiskaletan. Muga hori gaindituz gero, deialdi honen bidez emandako laguntzari soberakina kenduko zaio, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariaren ebazpen bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren.

23. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legea) jasota dagoen moduan; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legean (uztailaren 13ko 29/1998 Legea) jasotakoari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, zeinaren bidez lege horren araudia onartzen baita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 21a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala