Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

2. zk., 2023ko urtarrilaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
37

AGINDUA, 2022ko abenduaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, beste agindu hau aldatzen duena: 2022ko ekainaren 21eko Agindua, Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Ondoko Programarako laguntzak berritzea eta laguntza berriak ematea arautu eta horietarako deialdia egiten duena 2022-2023 ikasturterako.

Hezkuntzako sailburuaren 2022ko ekainaren 21eko Aginduak (2022ko uztailaren 4ko EHAA, 128. zk.) Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Ondoko Programarako laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko deialdia egin zuen 2022-2023 ikasturterako.

Aurreko paragrafoan aipatutako doktoretza-ondoko deialdia arautzen duen agindua argitaratu ondoren, irailaren 5eko 17/2022 Legea jarri zen indarrean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legea aldatzen duena (2022ko irailaren 6ko BOE, 214. zk.). Aurreikusten diren aldaketek deitutako doktoretza-ondoko laguntzaren erregulazioari eragiten diote. Hori dela eta, beharrezkoa da aldaketa hau argitaratzea.

Azaldutakoagatik, indarrean den legediak aitortzen dizkidan ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

1.– Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Ondoko Programarako laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko deialdia egiten duen aginduaren 4.1 artikulua aldatzea, jarraian adierazitako moduan.

«4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programaren guztizko zenbatekoa, deialdi honetan, 3.837.500,00 eurokoa da, eta horren barruan deialdi honen beharrak 2022. eta 2023. urteetan asetzeko behar den zuzkidura bakarrik sartzen da, aurrekontu-ekitaldika eta jarduketa-lerroka banatuta, taula honen arabera:

(Ikus .PDF)

2.– Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Ondoko Programarako laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko deialdia egiten duen aginduaren 5.1 artikulua aldatzea, jarraian adierazitako moduan.

«5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Sozietatearen egoitza EAEn duen unibertsitate, ikerketa-zentro edo osasun-ikerketako institutu batekin edo Ikerbasque fundazioarekin ikertzaile doktore izateko sarbide-kontratua sinatzen duen ikertzaile doktorea izango da laguntzaren onuraduna».

3.– Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Ondoko Programarako laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko deialdia egiten duen aginduaren 6.1 artikuluaren lehen paragrafoa aldatzea, jarraian adierazitako moduan.

«6. artikulua.– Ezaugarriak.

1.– Kontratua: Diruz lagundutako ekintza berriek ikertzaile doktore izateko sarbide-kontratu baten ezaugarriak izango dituzte. Kontratu hori Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Legearen 22. artikuluan eta indarreko lan-araudian ezarritakoaren babesean egingo da.

Berritzeek sinatu ziren baldintza berberei eutsiko diete, eta ez zaizkie aplikatuko 17/2022 Legeak araututako aldaketak».

4.– Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Ondoko Programarako laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko deialdia egiten duen aginduaren 6.2 artikuluaren lehen paragrafoa aldatzea, jarraian adierazitako moduan.

«6. artikulua.– Ezaugarriak.

2.– Iraupena: Kontratu berriek hiru urteko iraupena izango dute, 9. artikuluko 1. apartatuan laguntza hasteko ezarritako egunetik aurrera.

Hiru urteko aldia amaituta, laguntza urtebeteko aldiaz berritu ahal izango da, kasuan-kasuan dagokion deialdi-aginduan horretarako ezartzen diren mekanismoen arabera».

5.– Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Ondoko Programarako laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko deialdia egiten duen Aginduaren 9. artikulua aldatzea, 4. apartatu berri bat gehituta, lehendik zeuden apartatuak jarraian zenbatuz:

«9. artikulua.– Ikertzaile onuradunen betebeharrak.

4.– Laguntza berrien onuradunek laguntza zertarako erabili duten bada erabilera horren inguruko jarraipena eta egiaztapena egiteko informazioa aurkeztu beharko dute aplikazio informatikoaren bidez; hau da, egiaztatu beharko dute hobekuntza-programa aprobetxatu dutela eta kontratuak iraun bitartean bilakaera egokia izan dutela. Egiaztapena urtero egin beharko da, urteko lehen hiruhilekoan, eta laguntza aplikatu den zentroan proiektuaren zuzendari den pertsonak eta atzerrian proiektuaren zuzendari den pertsonak sinatu beharko dute (laguntzaren urtebeteko lehenengo bi aldien kasuan)».

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala