Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2023ko urtarrilaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
9

157/2022 DEKRETUA, abenduaren 20koa, baimen hauek ematen dituena: SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematen zaio Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda / Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA (CEDEMI) sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren zuzeneko edo zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariei baimena ematen zaie sozietate horren estatutuen 5. artikulua aldatzeko onespena emateko.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak, 2022ko martxoaren 31n egindako bilkuran, erabaki zuen Eusko Jaurlaritzarengana jotzea baimena eman ziezaion SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda / Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA (CEDEMI) sozietatearen kapital sozialaren zabalkuntzan parte hartzeko. Parte-hartze hori, guztira, 124.343,10 eurokoa izango litzateke, hau da, % 50ekoa. Eskaera hori, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko aurrekontuak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren 5. apartatuaren c) letraren babespean egin zen (hamahirugarren xedapen gehigarriaren bidez, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzen da, zuzenbide pribatuko ente publiko gisa). Eragiketa horren ostean, % 50ekoa izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluak ezartzen duenez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko ente baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Kapitala adierazten duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskurapena ez baldin bada behinik behin, nahitaez adieraziko du zein den sozietatearen xedea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak sozietatean zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 111.2 artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, zuzenean nahiz zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo Instituzionalaren titulartasunekoak diren akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak onartzeko edo aldatzeko onarpena emateko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen saileko sailburuak biek batera proposaturik.

Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda / Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA (CEDEMI) sozietatearen helburu soziala da enpresa-jarduera berriak sortu eta indartu daitezen bultzatu eta sustatzea; horretarako, ekintzaileak aurkituko dira, eraikinen ustiaketa kudeatuko da errentamendu-formulen bidez, eta enpresa-izangaiak hautatuko dira eta eraikin horietan ezartzeko gonbidapena egingo zaie. Enpresa horien osagai handi bat berritzailea edo ingurumenari dagokiona izango da, eta enplegua sortuko dute; horretarako, lokalak eta zerbitzuak sustatuko dituzte, berrikuntza eta teknologiaren transferentziaren alde egiteko jarduerak garatuko, ingurumen-alderdiak behar bezala kudeatuko eta lanpostuak sortuko, eta Nerbioi Ezkerraldearen garapen ekonomikoari laguntzeko behar diren jarduera eta zerbitzu oro gauzatuko dira horretarako.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak batera proposaturik, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 20ko bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematea Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda / Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA (CEDEMI) sozietatearen kapital sozialaren zabalkuntzan parte har dezan; parte-hartze hori ehun eta hogeita lau mila hirurehun eta berrogeita hiru euro eta hamar zentimokoa da (124.343,10), hau da, % 50ekoa. Eragiketa horren ostean, % 50ekoa izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea.

2. artikulua.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren titulartasuneko akzioen ordezkariei baimena ematea Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda / Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa SA (CEDEMI) sozietatearen estatutuen 5. artikulua aldatzeko onespena emateko, kapital-zabalkuntzaren ondorioz. Honela geratzen da idatzita artikulua:

«Hiru milioi berrehun eta hogeita hamabi mila bederatziehun eta hogei euro eta hirurogei zentimotan (3.232.920,60) ezartzen da kapital soziala, bostehun eta berrogeita hamabi mila seiehun eta hogeita hamasei (552.636) akziotan zatituta; akzio bakoitzak bost euro eta laurogeita bost zentimoko (5,85) balio nominala du, eta akzioak modu korrelatiboan zenbakituta egongo dira, 1etik 552636ra, biak barne, eta erabat harpidetuta eta ordainduta.

Sozietateak jaulkitako tituluek ordezkatuko dituzte akzioak, zeinak gasturik gabe emango baitzaizkie akziodunei.

Akzio bat baino gehiago duten pertsonentzat titulu anizkoitzak jaulkiko dira; hala badagokio, aurretiaz, banakako tituluak entregatu beharko dituzte, trukea egiteko».

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko abenduaren 20an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala