Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2023ko urtarrilaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1

ERABAKIA, 2022ko abenduaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, Euskal Herriko Unibertsitatearen Ikasleen Arautegiaren aldaketa onartzeko dena.

UPV/EHUko Estatutuen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Gobernu Kontseiluaren eskumena da, UPV/EHUko Ikasle Kontseiluari entzun ondoren, Ikasleen Arautegia onartzea. Arau horrek, gutxienez, honako hauek izan behar ditu: kolektibo horren eskubideak eta betebeharrak, ordezkaritza-estatutua, eta UPV/EHUn ikasle-elkarteek parte hartzeko mekanismoak.

Agindu horretan xedatutakoa aplikatuz, Gobernu Kontseiluak, 2012ko ekainaren 21eko bilkuran, Ikasleen Arautegia onartu zuen, eta uztailaren 31ko EHAAn argitaratu zen.

Gobernu Kontseiluaren 2016ko azaroaren 3ko Erabakiaren bidez, Arautegia aldatu zen, batez ere araudia ikastetxeak berrantolatu ondoren sortutako egoera berrira egokitzeko. Aldaketa hori 2016ko abenduaren 22ko EHAAn argitaratu zen.

Era berean, 2018ko ekainaren 7ko Erabakiaren bidez, UPV/EHUko ikasleek unibertsitate-espazioak erabiltzeko prozedura arautzeko Arautegia aldatu zen.

Orain proposatzen den aldaketaren arrazoia, alde batetik, UPV/EHUko Estatutuen erreformaren Azken Xedapenetatik Lehenengoan dago. Azken Xedapen hori Klaustroak onartu zuen 2021eko azaroaren 25eko bilkuran, eta honako hau ezarri zuen: UPV/EHUko Estatutuen 20., 21. eta 22. artikuluen aldaketa indarrean sartu eta bederatzi hilabeteko epean, Gobernu Kontseiluak, UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua entzun ondoren, beharrezko arau-aldaketak onartuko ditu, UPV/EHUko Ikasleen Araudia, UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua, campusetako Ikasle Kontseiluak eta ikastetxeko edo ataleko Ikasle Kontseiluak Estatutuetara egokitzeko. Bestalde, Ikasleen Kontseiluen funtzionamendu-arau jakin batzuk eguneratu dira, haien jarduna arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Azkenik, egungo errealitatera egokitu dira UPV/EHUko Ikasle Elkarteak erregularizatzeko irizpideak.

Aldaketa hau Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzak, Idazkaritza Nagusiak eta Ikasleen Kontseiluak elkarrekin egindako lanaren emaitza da. Azken organo horren ekimenak ahalbidetu du UPV/EHUko Ikasleen Araudi zaharreko atalak hobetzeko proposamenak egitea.

Aurreko guztiagatik, UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak honako hau proposatua Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak:

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– UPV/EHUko Ikasleen Araudiaren aldaketa onartzea, I. eranskinean jasotako baldintzetan.

Bigarrena.– Euskal Herriko agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, eta argitaratu eta hurrengo egunean indarrean jartzea.

Leioa, 2022ko abenduaren 15a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
ATARIKOA

UPV/EHUko Estatutuen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Gobernu Kontseiluaren eskumena da, UPV/EHUko Ikasle Kontseiluari entzun ondoren, Ikasleen Arautegia onartzea. Arau horrek, gutxienez, honako hauek izan behar ditu: kolektibo horren eskubideak eta betebeharrak, ordezkaritza-estatutua, eta UPV/EHUn ikasle-elkarteek parte hartzeko mekanismoak.

Agindu horretan xedatutakoa aplikatuz, Gobernu Kontseiluak, 2012ko ekainaren 21eko bilkuran, Ikasleen Arautegia onartu zuen, eta uztailaren 31ko EHAAn argitaratu zen. Gobernu Kontseiluaren 2016ko azaroaren 3ko Erabakiaren bidez, Arautegia aldatu zen, batez ere araudia ikastetxeak berrantolatu ondoren sortutako egoera berrira egokitzeko. Aldaketa hori 2016ko abenduaren 22ko EHAAn argitaratu zen. Era berean, 2018ko ekainaren 7ko Erabakiaren bidez, UPV/EHUko ikasleek unibertsitate-espazioak erabiltzeko prozedura arautzeko Arautegia aldatu zen.

Orain proposatzen den aldaketaren arrazoia, alde batetik, UPV/EHUko Estatutuen erreformaren Azken Xedapenetatik Lehenengoan dago. Azken Xedapen hori Klaustroak onartu zuen 2021eko azaroaren 25eko bilkuran, eta honako hau ezarri zuen: UPV/EHUko Estatutuen 20., 21. eta 22. artikuluen aldaketa indarrean sartu eta bederatzi hilabeteko epean, Gobernu Kontseiluak, UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua entzun ondoren, beharrezko arau-aldaketak onartuko ditu, UPV/EHUko Ikasleen Araudia, UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua, campusetako Ikasle Kontseiluak eta ikastetxeko edo ataleko Ikasle Kontseiluak Estatutuetara egokitzeko. Bestalde, Ikasleen Kontseiluen funtzionamendu-arau jakin batzuk eguneratu dira, haien jarduna arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Azkenik, egungo errealitatera egokitu dira UPV/EHUko Ikasle Elkarteak erregularizatzeko irizpideak.

Aldaketa hau Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzak, Idazkaritza Nagusiak eta Ikasleen Kontseiluak elkarrekin egindako lanaren emaitza da. Azken organo horren ekimenak ahalbidetu du UPV/EHUko Ikasleen Araudi zaharreko atalak hobetzeko proposamenak egitea.

I. eranskin honek proposatutako artikuluen jarraian datozen aldaketak jasotzen ditu. Artikuluen aldaketak.

Lehenengoa.– Aldatu egin da 7.4 artikulua, eta honela geratu da idatzita:

4.– Arreta Psikologikorako Zerbitzuaren arreta jasotzea.

Bigarrena.– Aldatu egin da 14.2 artikulua, eta honela geratu da idatzita:

2.– Taldeko ordezkariak ikastegiko, egoitzako edo ataleko ikasleen kontseiluaren eta ikasleen arteko berezko solaskideak dira.

Ikastegi eta atalek ikastaro ordezkarien hauteskundeak deituko dituzte eskolaldia hasi eta hogei egunen barruan. Honetarako, honako arautegi honen III. eranskinean ezarritako protokoloari jarraituko zaio. Era berean, ikastegi eta atalek, zein bertako ikastegi eta ataleko ikasleen kontseiluaren berrespena tartean dela, hautatzeko berezko protokoloa onetsiko dute.

Honako titulu honetako 18. artikuluak ezarritako betebeharrak ordezkarien irudiari aplikatuko zaizkio. Ordezkarioi ere aplikatzekoak izango dira 17. artikuluaren 1 eta 3 arteko zenbakietan aitortutako eskubideak.

Ikasleek konfiantza kenduko ahal diote ordezkariari. Honetarako hautabidezko hautagaitza aurkeztuko dute eta, gutxien dela, lehengo ordezkaria hautatu duteneko zerrendan matrikulatutako ikasleen bi herenen botoa lortuta izan.

Ikastegiko, egoitzako edo ataleko ikasleen kontseilua ezin izan bada eratu, taldeko ordezkariak ikasleen solaskide gisa jardun ahal izango du unibertsitateko gobernu organoen aurrean, eta 17. artikuluaren 1., 2., 3., 5. eta 6. zenbakietan ikasleen ordezkariei aitortutako eskubideak izango ditu.

Hirugarrena.– Aldatu egin da 16. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

16. artikulua.– Ikasleen ordezkaria izateari uztea.

1.– Ordezkari izatea norberari dagokion ezaugarria da, eta galdu egingo da kasu hauetan:

a) Heriotza, ezintasuna edo gaitasunik gabe uztea.

b) Hauteskunde prozesua baliogabetzea.

c) Agintaldia iraungitzea.

d) Dimisioa ematea.

e) UPV/EHUkoa edo ordezkari izateko aukeratu zuen taldekoa izateari uztea.

f) Organoak jarraian eginiko bi bilkuretara edo aldizkako laura ez joatea justifikaziorik gabe. Horrek ez du esan nahi kredituak transferitzeko arautegian organo horren ordezkaritzarako ezarritako ECTS kredituak aitortuko ez zaizkionik.

2.– UPV/EHUko ikasleen kontseiluek kargutik kendu ahal izango dituzte UPV/EHUko ikasleen beste ordezkaritza organo batzuetan izendatu dituzten ordezkariak, bai eta ikasleen kanpoko ordezkaritza organoetan izendatu dituztenak ere, baldin eta azken horien araudiak aukera hori ematen badu.

Laugarrena.– Aldatu egin da 17. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

17. artikulua.– Ordezkarien eskubideak.

Ikasleen ordezkariek honako eskubide hauek izango dituzte:

1.– Ordezkaritzaren eginkizuna askatasunez betetzea.

2.– Adierazteko askatasuna, legezko arauak eta pertsona eta Erakundearekiko errespetua izanik horren muga bakarrak. Ordezkariek haien eginkizuna betetzean egiten dituzten adierazpenak ordezkari gisa egindakoak izango dira, eta ez pertsonalki egindakoak, eginkizun hori betetzean izan dezaketen erantzukizunari kalterik egin gabe.

3.– Ikasleei eragiten dieten gaiei buruzko informazio zehatza eta zuzena jasotzea.

4.– Erabakiak hartzeko prozesuan eta politika estrategikoetan erantzukizunez parte-hartzea.

5.– Ikasketak eta ordezkaritza-jarduerak bateragarriak izatea, beren prestakuntzari kalterik egin gabe. Zehazki, gobernu eta/edo ordezkaritza organoetan ikasleen ordezkari gisa parte hartzeak ordezkariaren prestakuntzari eragiten diola iritziz gero, irakasleek tutoretza osagarriak antolatuko dituzte, ordezkariak irakasgaia edo gaia arrakastaz gainditzeko beharrezkoa den ezagutza lortuko duela bermatze aldera. Nolanahi ere, ikasleen ordezkariek eskoletara ez joateko eskubidea dute, derrigorrezko eskola saioen % 25eko mugara arte, baldin eta UPV/EHUren Estatutuen 11. artikuluko 1., 4. eta 5. ataletan aurreikusitako kide anitzeko organoren batean parte hartu behar badute, edo UPV/EHUren Estatutuen 11. artikuluko 2. eta 3. ataletan aurreikusitako pertsona bakarreko organoen bileretara joan behar badute. Eskubide berbera izango dute UPV/EHUtik kanpoko ordezkaritza organoen bileretara joaten badira, ikasleen ordezkari gisa horretarako hautatu dituztelako.

Era berean, UPV/EHUren Estatutuen 11. artikuluko 1. eta 5. ataletan aurreikusitako kide anitzeko organoen bileretara edo UPV/EHUtik kanpoko ordezkaritza organoen bileretara joateagatik ebaluazio proba programatuetara aurkeztu ezin diren ordezkariek beste egun eta ordu bat eskatu ahal izango dute proba horiek egiteko. Ondorio horietarako, ordezkariak ebaluazio proba batera aurkeztu ezin direla joko da, baldin eta ebaluazio proba horretarako programatutako orduaren aurreko hogeita lau orduen barruan egiten bada dagokion organoaren bilera.

Unibertsitatez kanpoko arautegiren batek ordu praktikoen kopuru bat betetzea eskatzen badu, ikastegiak plangintza berezi bat emango die ikasleen ordezkariei, paragrafo honetan aipatutako ordezkaritza-eginkizunak betetzeagatik galdutako nahitaezko praktikak berreskuratzeko aukera izan dezaten.

Ordezkariak hala eskatuko balu, tokian tokiko idazkaritzak izaera honen berri emango du legokiekeen ikastegi eta sailetako pertsona bakarreko organoei, kasuan kasuko irakasgaietako arduradunei jakinarazteko, ordezkari izateak eragin litzatekeen auziak aurreikusi eta ebaztearren, ordezkariaren betebeharrak eta betebehar akademikoak batera eraman ahal izatea bermatuz.

6.– Dagokion ebaluazio araudian xedatutakoaren arabera ebaluatuak izatea.

7.– Ikasleentzat interesgarria izan daitekeen informazioa zabaltzeko espazio fisikoak eta baliabide telematikoak izatea. Horrez gain, espazio propioak eta esklusiboak bermatuko zaizkie ordezkariei, informazioa zabaltzeko ez ezik, ordezkaritza lanak ere egin ahal izateko. Funtsezkoa izango da informazio horrek formatu eskuragarria izatea, eta espazio horiek egokituta egotea, ahalmen urriko ikasleen sarbidea eta parte hartzea errazteko.

8.– Ikasleen ordezkari gisa bere funtzioak normaltasunez betetzeko baliabide teknikoak eta ekonomikoak izatea.

Bosgarrena.– Aldatu egin da 18. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

18. artikulua.– Ordezkarien erantzukizunak.

Ordezkatzen dituzten pertsonei eta UPV/EHUri dagokienez, ikasleen ordezkariek honako erantzukizun hauek izango dituzte:

1.– Bileretara joatea, eta ordezkatzen duten taldearen kritikak, ekimenak, interesak eta proposamenak defendatzea UPV/EHUko organoen aurrean, ikasle orok UPV/EHUko arauen arabera horiek zuzenean helarazteko duen eskubideari kalterik egin gabe.

2.– Eman zaizkien lanak eta erantzukizunak eraginkortasunez eta arduraz betetzea.

3.– Kargua izateagatik jasotako informazioa zuzen erabiltzea, horren konfidentzialtasuna errespetatuz, izaera horrekin eman bazaio.

4.– UPV/EHUren eskubideak eta ondasunak babestea, sustatzea eta defendatzea.

5.– Beren egitekoak edo eskubideak betetzeko utzitako lokalak, materiala, dokumentuak eta gainerako ondasunak zaintzea eta zuzen erabiltzea.

6.– Ikasleen eskubideak betetzearen alde lan egitea.

7.– Ordezkatzen dituzten kideei parte hartzen duten kide anitzeko organoen jarduerak eta erabakiak jakinaraztea, baita beren jarduerak ere. Informatzeko betebeharra behar besteko erreserbaz eta diskrezioz beteko du, datuak babesteari buruz dagoen araudiari errespetua galdu gabe. Betebehar hori ez betetzeak dagozkion erantzukizunak eragingo ditu.

Seigarrena.– Aldatu egin da 19.1 artikulua, eta honela geratu da idatzita:

1.– Ikasleen kontseiluek estatutuko organo independenteen izaera dute, eta Estatutuen 11.4 artikuluan onartuta daude UPV/EHUren organigrama orokorraren barruan, ikasleak ordezkatzeko kide anitzeko organo gisa. Ikasleen kontseilu hauek eratuko dira: UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua, campusetako ikasleen kontseiluak, ikastegietako ikasleen kontseiluak eta, hala balegokio, atal edo egoitzetako ikasleen kontseiluak dira. Arautegi honen ondorioz, egoitzako ikasleen kontseiluek, halakorik dagoenean, ataletako ikasleen kontseiluen tratamendu bera izango dute.

Zazpigarrena.– Aldatu egin da 20. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

20. artikulua.– Ikasleen kontseiluen kide anitzeko eta kide bakarreko ordezkaritza-organoak, oro har.

1.– Ikasleen kontseiluek kide anitzeko organoen funtzionamendua izango dute, eta, hobeto funtzionatzeko, lan batzordeak sortu ahal izango dituzte.

2.– Ikasleen kontseiluen kide bakarreko organoak hauek dira:

– Kontseiluburua.

– Idazkaria.

– Diruzaina. Ezinbesteko organoa izango da, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan eta campusetako ikasleen kontseiluetan.

– Kontseiluburuaren ordezkoa, hala behar bada. UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren kasuan, organo hori beharrezkoa izango da, eta kontseilu hori izango da kontseiluburuaren ordezko bat baino gehiago izan dezakeen bakarra.

3.– Campuseko ikasleen kontseiluko buruak kide bat, ikasleen kontseilukoa ala ez, hautatu ahal izango du funtzioetan laguntzeko. Nolanahi ere, kide horrek dagokion campuseko ikaslea izan beharko du.

Kide horiek ikasleen ordezkariei aitortutako eskubideak izango dituzte, bai jarduera akademikoaren eta ebaluazioaren bateragarritasuna izateko, bai kontseiluburuari laguntza emateko beharrezkoak dituzten baliabideak eskuratzeko.

4.– Nolanahi den, ikasleen kontseiluei dagokienez, kontseiluko kide den pertsona batek ordezkatuko du kontseiluburua, organoaren funtzioak betetzeko, eta, hala behar izanez gero, pertsona hori bera izango da Ikasleen Kontseiluko buruaren ordezkoa.

5.– Ikasleen kontseiluek, Arautegi honek eta indarrean dauden gainerako arauek ezarritakoa errespetatuz, barne funtzionamenduko araubidea adostu ahal izango dute bertaratutako kideen gehiengo osoz. Dagokion ikasleen kontseiluko buruak bere gain hartuko du, edonola ere, bere eginkizunen esparruan egindako kudeaketaren ardura.

Zortzigarrena.– Aldatu egin da 21. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

21. artikulua.– Ikasleen kontseiluko kide izatea.

Ateratzen den kontseiluburuak, edo, horrelakorik izan ezean, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren Hauteskunde Batzordeak, ikasleen kontseiluetako ikasleei deituko die kontseilua eratzeko. Ikasleen kontseiluko kidearen izaera organo hori eratzearekin batera eskuratzen da.

Bederatzigarrena.– Aldatu egin da 25. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

25. artikulua.– Ikasleen kontseiluen deialdiak.

1.– Ikasleen Kontseiluak ohiko bilera egingo du, hiru hilabetean behin, eta ezohiko bilerak egingo ditu, kontseiluburuak erabakitzen badu edo kideen bostun batek hala eskatzen badu, Ikasleen Kontseiluak bere barne-funtzionamendurako erregimenean ehuneko hori txikiagoa izatea erabakitzen duenean izan ezik. UPV/EHUko eskola-egutegian zehaztutako jaiegunetan eta oporraldietan salbuespeneko eta larrialdiko egoeretan bilduko da soilik. Esparruko eskola egutegian hala ezarritako egunak edo aldiak hartuko dira jaiegun edo oporraldi gisa.

2.– Ikasleen Kontseilua biltzeko deia kontseiluburuak egingo du, hura egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez. Deialdia egiteko idatzian aztergaien zerrendako puntu guztiak agertuko dira eta, hala behar izanez gero, horiei dagokien dokumentazioa erantsiko da ele bitan, salbuespenetan izan ezik. Kontseiluburuak kideen % 10ek idatzi baten bidez eskatutako puntuak sartu beharko ditu, bilkuretako aztergaien zerrendan. Zerrenda horretan, Kontseiluak larrialdikotzat jotzen dituen gaiak sartuko dira, baldin eta, gutxienez, kideen % 80 bilerara joan bada.

3.– Ikasleen Kontseiluko kide guztiak bertan egonda, lan saio edo bilera bat egiteko kontseilua aho batez eratzea erabakitzen badute aurreko puntuan aipatutako deialdia egin gabe, bilera edo saio horrek balioa izango du, ondorio guztietarako.

4.– Ohiko bilera guztietan, aztergaien zerrendako derrigorrezko puntuak honako hauek izango dira: aurreko bileraren eta onartu gabe dauden ezohiko bilkuren aktak irakurtzea eta onartzea, batzorde iraunkorrak hartutako erabakien berri ematea, lan batzordeek proiektuen gauzatze mailaren berri ematea, eta galde eskeak egitea.

5.– Ikasleen kontseiluaren bilerak publikoak dira, eta haren jarduera eremuko ikasle guztiek parte hartu dezakete horietan, aretoaren edukiera mugen barruan. Kontseiluburuak mintzaldiak moderatuko ditu, bilera zuzen egiten dela bermatzeko. Nolanahi ere, inguruabarrak ikusita, kontseiluburuak sarrera mugatua ezarri ahal izango du bilkuraren deialdian, saio osorako edo gai batzuetarako; edo sarrera mugatuko duela adierazi bilkuraren hasieran edo saioan zehar.

Hamargarrena.– Aldatu egin da 27. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

27. artikulua.– Ikasleen kontseiluen erabakiak.

1.– Ikasleen kontseiluek bertaratutako kideek zuzen emandako botoen gehiengo sinplearen bidez hartuko dituzte erabakiak, Arautegi honek edo Ikasleen Kontseiluak berak besterik xedatu ezean.

Bereziki, ataleko, ikastegiko edo campuseko ikasleen kontseiluetako edo UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kideen bi herenek eman beharko dute botoa, 2.7 artikuluan aurreikusitako etenaldi akademikoa egitea erabakitzeko.

2.– Berdinketa gertatzen bada eta kontseiluburuak hori hausteko kalitateko botoa erabiltzen ez badu, beste bozketa bat egingo da, eta, berriro ere berdinketa geratuz gero, proposamenari uko egin zaiola ulertuko da.

3.– Aurka eta abstentzioa bozkatzen duten organoko kideak erabakien ondorioz sor daitezkeen erantzukizunetatik kanpo geratuko dira.

4.– Bozketa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen duenean. Pertsonei buruzkoa denean, beti izango da isilpekoa.

5.– Erabakiak ikasleen ordezkaritza organoei erreserbatutako iragarki oholetan jarriko dira, eta dagokion webgunean. UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren edo campusetako ikasleen kontseiluen kasuan, erabakiak, gainera, kronologikoki jasoko dira, eta horien eraginpean dauden campus, ikastegi eta ataletako ikasleen kontseilu guztiei bidaliko zaizkie, dagozkien iragarki oholetan jar ditzaten.

Hamaikagarrena.– Aldatu egin da 28.4 artikulua, eta honela geratu da idatzita:

4.– Etenaldi akademikoa egiteko erabakiaren jakinarazpena ikastegian edo atalean dagoen erregistro orokorrean sartu eta, gehienez, hiru egun baliodunen epean, eskaera egin duen kontseiluarekin biltzeko deia egingo du organo eskudunak, eskakizunak betetzen direla egiaztatze aldera. Etenaldia egiaztatzeko bilera hori egin gabe eginez gero, ez da, inola ere, Arautegi honen 2.7 artikuluak xedatutakoa aplikatuko.

Hamabigarrena.– Aldatu egin da 29.2 artikulua, eta honela geratu da idatzita:

2.– Aktan jasoko dira, organoko kideek hala eskatuta, hartutako erabakiaren aurkako botoak, abstentzioak, edo botoen esanahia, bai eta arrazoiak ere.

Hamahirugarrena.– Aldatu egin da 31.2 artikulua, eta honela geratu da idatzita:

2.– Ikasleen Kontseiluko burua dagokion Ikasleen Kontseiluak hautatuko du, bere kideen artean. Hautaketa urte natural baterako egingo da, eta epe hori igarotakoan, berriro aukeratu ahal izango da.

Hamalaugarrena.– Aldatu egin da 32. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

32. artikulua.– Prozedura.

Hautatzeko prozesua honako hau izango da:

1.– Ateratzen den kontseiluburuak, hauteskundeen behin betiko emaitzak adierazi eta hamar eguneko epean, eta, hori izan ezean, UPV/EHUk berak, dagokion unibertsitate organo eskudunaren bidez eta hurrengo hamar egunetan, Ikasleen Kontseilua osatzen duten ikasleei deialdia egingo die, kide anitzeko organoa eratzeko eta kontseiluburua, idazkaria eta, hala badagokio, diruzaina eta/edo kontseiluburuaren ordezkoa aukeratzeko.

2.– Jarraian, bilera berean, hautagaiak aurkeztuko dira, ikasleen kontseiluaren barne funtzionamenduko araubidean besterik ezarri ez bada. Kontseiluburu izateko hautagai zerrenda bakoitzak idazkaria eta, hala badagokio, diruzaina eta/edo kontseiluburuaren ordezkoa izango ditu, eta horiek, aldi berean, ikasleen kontseiluko kideak izango dira.

3.– Hautagai zerrendak aurkeztu eta aurreko atalean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, hautagaiak bere jarduera programa aurkeztu ahal izango du, eta, gero, hautaketa egingo da, isilpeko eta zuzeneko bozketaren bidez.

4.– Lehen itzulian zuzen igorritako botoen gehiengo osoa eskuratzen duen hautagai zerrenda izendatuko da. Gehiengo hori lortzen duen hautagai zerrendarik izan ezean, bozketa jarraituak egingo dira, eta boto gutxien jasotzen dituzten hautagai zerrendak kenduko dira. Bi zerrenda geratzen badira eta eskatutako gehiengoa lortzen ez badute, gehiengo sinplea lortzen duena hautatuko da. Hautagai zerrenda bakarra edo bi aurkezten badira edo, hasieran zenbait zerrenda egon arren, bozketa egiteko egunean denek atzera egin eta bakarra edo bi geratzen badira, itzuli bakarra egingo da. Hautagai zerrenda bakarra badago, baiezko botoen edo boto zurien prozeduraren bidez egingo da bozketa. Hautagai zerrenda bakar hori izendatu egingo da, zuzen emandako aldeko botoen herena baino gehiago eskuratzen baditu. Bi hautagai zerrenda badaude, boto gehien lortzen dituena hautatuko da.

5.– Bi hautagai zerrendaren arteko berdinketa gertatuz gero, bileran eginiko zozketaz erabakiko da.

6.– Bozkatzeko ekitaldian sortutako alderdiak Ikasleen Kontseiluak berak erabakiko ditu. Kontseilua hautaketari lotutako alderdiren bat erabakitzeko ados jartzen ez bada, la Junta Electoral del Consejo de Estudiantes de la UPV/EHU egokitzat jotzen duen erabakia hartuko du, irizpide objektiboak eta zuzentasunekoak kontuan hartuta.

Hamabosgarrena.– Aldatu egin da 33.1 artikulua, eta honela geratu da idatzita:

1.– Hauteskunde prozesua amaitu ondoren, hautaketaren espediente osoaren kopia bat bidaliko zaio UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren Hauteskunde Batzordeari, hamabost egun baliodunen epean.

Batzorde horrek ikastegiko dekanotzara edo zuzendaritzara, campuseko errektoreordetzara edo UPV/EHUren Idazkaritza Nagusira (ikasleen kontseiluaren eremuaren arabera) bidaliko du espedientea, bai eta ikasle gaietan eskumena duen errektoreordetzara ere, jakinaren gainean egon daitezen eta gainerako ondorioetarako.

Hamaseigarrena.– Aldatu egin dira 34. artikuluaren 1. eta 2. atalak, eta honela geratu dira idatzita:

1.– Dagokion Ikasleen Kontseiluari deitzea eta hura gidatzea, eta horren ordezkari izatea UPV/EHUko gainerako organoen aurrean eta gainerako erakunde publiko edo pribatuen aurrean. Kontseiluburuak ikasleen kontseilua biltzeko deialdia egiten ez badu, Arautegi honen 41.16, 44.1 f) eta 47.7 artikuluetan aipatutako proposamenak edo ekimenak eztabaidatzeko eta, hala dagokio, onartzeko, ikastegiko idazkaritzak, campusekoak edo ikasle gaietan eskumena duen errektoreordetzak (ikasleen kontseiluaren eremuaren arabera) egingo du deialdia hilabeteko epean edo, urgentzia justifikatuz gero, 10 eguneko epean.

2.– Eztabaidak moderatzea eta gidatzea, eta ikasleen kontseiluaren barruko mintzaldiak arautzea, Arautegi honen arabera eta, egonez gero, barne funtzionamenduko araubidearen eta onartutako garapen arauen arabera.

Hamazazpigarrena.– Aldatu egin da 35. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

35. artikulua.– Kontseiluburu izateari uztea.

Kontseiluburu izateari utziko zaio, Arautegi honen 16. artikuluan aurreikusitako kausak gertatuz gero eta zentsura mozio bat onartuz gero. Horretarako, kideen heren baten ekimenez dagokion Ikasleen Kontseiluak ezohiko bilera egingo du, eta zentsura-mozioa onartu ahal izango du, Ikasleen Kontseiluko kideen gehiengo osoa ontzat ematen badute. Horren barruan, mozioa onartu daitekeela kontuan hartuta, hautagai-zerrenda bat proposatuko beharko da nahitaez. Zentsura mozioa onartzearekin batera, kontseiluburuak kargua utziko du, eta mozioan sartutako hautagai-zerrenda izendatuko da.

Hemezortzigarrena.– Aldatu egin da 36. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

36. artikulua.– Beste bat hautatzea.

1.– Bat-batean kontseiluburu gabe geratuz gero, kontseiluburuaren ordezkoak hartuko du kargua behin behinean, eta berehala, beste kontseiluburu bat hautatzeko prozedura jarriko du martxan, Arautegi honek ezarritakoaren arabera.

Kontseiluburuaren ordezkorik ez badago, ikasleen kontseiluko kide zaharrenak hartuko du kargua behin behinean, eta berehala, beste kontseiluburu bat hautatzeko prozedura jarriko du martxan. Aipatutako hauteskunde prozesuaren ondoren hautatzen den kontseiluburuaren agintaldiak iraungo du utzi duen kontseiluburuari agintaldia amaitzeko geratzen zitzaion denbora tartea igaro arte.

2.– Ez da bidezkoa hauteskunde partzialak deitzea eskolarik gabeko aldietan, ez eta organoa berritzeko hiru hilabete baino gutxiago geratzen direnean ere, non eta ikasleen kontseiluko kideek ez duten urgentzia aitortu gehiengo osoz.

Hemeretzigarrena.– 36 bis artikulu berria gehitu da, eta honela geratu da idatzita:

BOSGARREN ATALA

KONTSEILUBURUA, IDAZKARIA ETA DIRUZAINA

36 bis artikulua.– Izendatzea eta kargua uztea.

Aukeratutako hautagai zerrendan horretarako izendatutako pertsonak izango dira kontseiluburuaren ordezkoa, idazkaria eta diruzaina, eta ikasleen kontseiluko kide izan behar dute.

Kontseiluburuak erabaki ahal izango du organo horiek beteko dituzten pertsonak izendatzea eta kargutik kentzea. Izendatutako pertsonak dagokion ikasleen kontseiluko kideak izango dira, eta ikasleen kontseilu horrek berretsi beharko ditu.

Hogeigarrena.– 36 ter artikulu berria gehitu da, eta honela geratu da idatzita:

36 ter artikulua.– Kontseiluburuen ordezkoen eginkizunak.

Kontseiluburuen ordezkoen eginkizunak dira:

1.– Kontseiluburuari bere eginkizunak betetzen laguntzea.

2.– Kontseiluburuaren ordezkoak diren aldetik, haren eginkizun organikoak betetzea hura absente edo gaixorik dagoenean, eta haren abstentzioa edo errekusazioa deklaratu denean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean aurreikusitako moduan.

3.– Ikasleen kontseiluko buruak agindutako beste edozein eginkizun.

Hogeita batgarrena.– 39 bis artikulu berria gehitu da, eta honela geratu da idatzita:

39 bis artikulua.– Funtzionamendua.

UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluak osoko bilkuran eta batzorde iraunkor baten bidez jardun ahal izango du.

Hogeita bigarrena.– Aldatu egin da 40. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

40. artikulua.– Osoko bilkuraren kideak.

1.– UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren Osoko Bilkura ikasleen ordezkaritza organoa da, eta kide hauek izango ditu: gobernu kontseiluko ikasleen ordezkariak, campuseko ikasleen kontseiluetako buruak eta ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseilu bakoitzeko ordezkari bat edo gehiago. Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluetako buruak edo kontseilu horietan aukeratzen dituzten ikasle ordezkariak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kide izango dira. Ordezkaritzan proportzionaltasuna mantentzeko, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko Hauteskunde Batzordeak ordezkari kopuru gehigarri bat banatuko die ikastegiko ikasleen kontseiluei, ikastegi bakoitzeko ikasleen zenbakizko proportzio erlatiboaren arabera, ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluetako 47 ordezkarietaraino iritsi arte.

2.– UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kideen agintaldiak iraungo du Gobernu Kontseiluko ikasleen ordezkaritza berritu arte, campuseko, ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluetako kideen agintaldia bukatu arte, edo dagokion ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluak ordezkariak berritu arte, kolektibo horri dagozkion hauteskundeak amaitu ondoren.

3.– Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluek eta Gobernu Kontseiluko ikasleen ordezkariek UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan dituzten ordezkariak aldatu ahal izango dituzte, edozein unetan.

4.– Doktorego Eskolako Ikasleen Kontseiluak ordezkari bat izendatuko du UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan. Kontseilu horren osaera eskola horretako Arautegian zehaztuko da.

5.– Jatorrizko organoko idazkariak sinatutako agiriaren bidez egiaztatuko da ordezkari izatea.

Hogeita hirugarrena.– 40 bis artikulu berria gehitu da, eta honela geratu da idatzita:

40 bis artikulua.– Batzorde iraunkorraren osaera.

1.– Batzorde iraunkorrak kide hauek izango ditu:

a) Kontseiluburua, kontseiluburuaren ordezkoa, idazkaria eta diruzaina. Batzorde iraunkorrean postu bera izango dute. Kontseiluburuaren ordezko bat baino gehiago egonez gero, kontseiluburuak aukeratuko du batzorde iraunkorreko kide izango dena.

b) Campuseko ikasleen kontseiluetako hiru buruak.

c) UPV/EHUren Gobernu Kontseiluko ikasleen ordezkari bat, talde horretako kideek aukeratua taldeak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan dituen kideen artetik.

d) Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluetako bost ordezkari, talde horretako kideek aukeratuak taldeak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan dituen kideen artetik.

2.– Aurreko ataleko c) eta d) hizkietan aipatutako ordezkariren bat izendatzerik ez badago, dagokion kolektiboan hautagairik ez dagoelako, beste kolektiboko ordezkariekin osatuko da batzorde iraunkorra.

Hogeita laugarrena.– Aldatu egiten da 41. artikuluaren 2. paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

2.– Campuseko Ikasle Kontseiluak koordinatzea eta, oro har, UPV/EHUko ikasleen eskubideen eraginkortasuna Ikasle Kontseilu guztiek koordinatuta defenda dezaten zaintzea, bakoitzak bere eremuan. Ondorio horietarako, lehendakaritzak UPV/EHUko ikasleen ordezkarien nortasuna eta helbide elektroniko korporatiboa eskuratu ahal izango ditu, salbu eta ordezkari horiek horren aurka badaude.

Hogeita bostgarrena.– 41 bis artikulu berria gehitu da, eta honela geratu da idatzita:

41 bis artikulua.– Batzorde iraunkorraren eginkizunak.

1.– Batzorde iraunkorrak beteko ditu, alde batetik, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren barne funtzionamenduko arautegiari jarraituz eskuordetuta dituen eginkizunak, eta, bestetik, Kontseiluak une jakinetan eskuordetzen dizkionak. Edonola ere, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluak ezin izango dizkio eskuordetu ez kontseiluburua aukeratzeko eskumena, ez Kontseiluaren barne funtzionamenduko arautegia onartzekoa ere.

Barne funtzionamenduko arautegiak bestelakorik adierazi ezean, edo halakorik ez badago, batzorde iraunkorrak eskuordetuta izango ditu UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren eginkizun guztiak, kontseiluburua aukeratzekoa eta barne funtzionamenduko araubidea onartzekoa izan ezik.

2.– UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kideek batzorde iraunkorrak hartutako erabakien berri izan behar dute unean unean.

Hogeita seigarrena.– Aldatu egin da 43. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

43. artikulua.– Osaera.

Campuseko ikasleen kontseilua osatuko dute campuseko batzarreko ikasleen ordezkariek eta campus horrek Gobernu Kontseiluan dituen ikasleen ordezkariek. Arautegi honen ondorioetarako, Giza Zientzietako titulua (Esperientzia Gela) ikastegitzat hartuko da Campus bakoitzean, eta ordezkari bana izango du campusetako ikasleen kontseiluetan.

Hogeita zazpigarrena.– Aldatu egin da 44. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

44. artikulua.– Egitekoak.

1.– Campuseko ikasleen kontseiluak honako egiteko hauek izango ditu:

a) UPV/EHUren aurrekontuetan esleitu zaion aurrekontua nola banatu behar den erabakitzea.

b) Campusean kokatutako ikasleen kontseiluetako jarduerak koordinatzea, babestea eta bultzatzea.

c) Ikasleei eragiten dieten ekimenak eta gatazken gaineko erabakiak kudeatzea, bere eskumenen esparruan.

d) Ikuskaritza Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea, ikasleen irakaskuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzeko.

e) Berezko laguntzak onartzea, bere aurrekontuaren kargura.

f) Eztabaidatzea, eta, hala behar izanez gero, ikastegietako ikasleen kontseiluek edo Campus horretan matrikulatutako ikasleen % 5ek aurkeztutako ekimenak onartzea.

g) Campuseko ikasleei zuzenean eta modu esklusiboan eragiten dieten unibertsitateko arau guztiak onartu aurretik, haren iritzia entzutea, eta alegazioak aurkezteko aukera izatea.

h) Etenaldi akademikoa egitea erabakitzea, bere jarduera eremuan.

i) Soil soilik campuseko ikasleei eragiten dieten gaiei buruzko adierazpenak egitea.

j) Barne funtzionamenduko araubidea egitea eta, egoki iritziz gero, onartzea; Arautegi honetan xedatutakoa errespetatu beharko du araubide horrek, nolanahi ere.

k) Estatutuek, Arautegi honek eta gainerako araudiek emandako beste egiteko batzuk.

2.– Campus bakoitzak, UPV/EHUko organo orokorrekin lankidetzan, Campus horren Ikasleen Kontseiluak bultzatutako jarduerak antolatzen eta egiten lagundu behar du.

Hogeita zortzigarrena.– Aldatu egin da 46. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

46 artikulua.– Osaera.

1.– Ikastegi edo atal bakoitzeko ikasleen kontseilua ikastegiko batzarreko, egoitzako batzordeko edo ataleko batzarreko ikasleen ordezkariek osatuko dute, hurrenez hurren, eta dagokion ikastegiko ikasleek klaustroan duten ordezkaritzak eta ikastegiko edo ataleko ordezkarien ordezkariek.

2.– Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluek barne funtzionamenduko arautegian ezarri ahal izango dute ordezkarien zenbat ordezkarik osatzen duten kontseilua. Edonola ere, ez dira izango ikastegiko edo ataleko batzarreko ordezkariak baino gehiago. Ordezkarien ordezkari kopurua ezartzen ez bada, ikastegian edo atalean ematen den graduko titulazio kopurua adinakoa izango da ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluko ordezkari kopurua.

3.– Ikastegiko edo Ataleko Ikasleen Kontseiluko kide bakarreko organoak kontseiluburua, idazkaria eta, hala badagokio, diruzaina y el Vicepresidente o Vicepresidenta izango dira.

4.– Ikastegi edo ataleko ikasleen kontseiluko burua ikastegiko batzarreko, egoitzako batzorde edo ataleko batzarreko ikasleen ordezkariek hautatuko dute bere kideen artean, ikastegi edo ataleko ikasleen kontseilu gisa eratu ondoren.

5.– Kontseiluburua edo ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluko kideen artean horrek hautatutako pertsona UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan sartuko da.

6.– Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluko burua horren ordezkaria izango da, ikastegiko edo ataleko gobernu organoen aurrean, bai eta unibertsitateko gainerako instantzien aurrean ere, soil-soilik ikastegi edo atalari eragiten dizkioten gaietan.

7.– Ikastegiko edo Ataleko Ikasleen Kontseiluko buru izateko hautagai-zerrendan idazkaria eta, hala badagokio, diruzaina proposatuko dira.

8.– Ordezkarien ordezkarien agintaldia urtebetekoa izango da.

Hogeita bederatzigarrena.– Aldatu egin da 47. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

47. artikulua.– Egitekoak.

Ikastegiko edo Ataleko Ikasleen Kontseiluak honako egiteko hauek izango ditu:

1.– UPV/EHUren aurrekontuetan esleitu zaion aurrekontua nola banatu behar den erabakitzea.

2.– UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan dagozkion ordezkariak hautatzea. Hautaketa hori talde horretako kideek egingo dute, taldeak ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluan dituen kideen artetik.

3.– Kideen artetik, ikastegiaren ordezkaria aukeratzea dagokion campuseko batzarrerako.

4.– Ikasleen ordezkari izatea ikastegiko edo ataleko organoetan.

5.– Ikasleen eskubideak betetzen direla zaintzea eta eskatzea.

6.– Dagozkien organoetan ikasleen ordezkariak izendatzea, hau da: sailetan, graduko eta ikasketa zaharren –biak batera ematen diren bitartean– lehen eta bigarren zikloetan, eta, hala behar izanez gero, masterrean.

7.– Eztabaidatzea, eta, hala behar izanez gero, ordezkarien % 20k edo ikastegi edo atalean matrikulatutako ikasleen % 5ek aurkeztutako ekimenak edo proposamenak onartzea.

8.– Etenaldi akademiko osorako edo partzialerako deialdia egitea bere Ikastegi edo atalan.

9.– Irakasleen ebaluazioaren emaitzak eskatzea eta jasotzea, modu erantsian.

10.– Soil soilik ikastegiko edo ataleko ikasleei eragiten dieten gaiei buruzko adierazpenak egitea.

11.– Irakaslanarekin eta emandako ikasketekin zerikusia duten arazoen berri ematea erakunde eskudunei.

12.– Barne funtzionamenduko araubidea egitea eta, egoki iritziz gero, onartzea; Arautegi honetan xedatutakoa errespetatu beharko du araubide horrek, nolanahi ere.

13.– Arautegi honek eta gainerako araudiek emandako beste egiteko batzuk.

Hogeita hamargarrena.– 47 bis artikulu berria gehitu da, eta honela geratu da idatzita:

47 bis artikulua.– Ikasleen kontseiluek sailetako ordezkariak izendatzea.

1.– Ikastegi bakarra duten sailetan, ikastegiko ikasleen kontseiluak izendatuko ditu graduko eta, hala badagokio, masterreko ikasleen ordezkariak saileko kontseiluetarako.

2.– Ikastegi bat baino gehiago dituzten sailetan, ikasleen kontseilu bakoitzak ordezkari bat proposatu ahal izango du saileko kontseiluan parte hartzeko. Behar dena baino proposamen gehiago egonez gero, ikasleen kontseiluetako buruek erabakiko dute zein ordezkari izango diren saileko kontseiluko kide. Ikastegiaren ordezkari onena aukeratzen saiatuko dira.

Hogeita hamaikagarrena.– Aldatu egin da 54.2 artikulua, eta honela geratu da idatzita:

54.2.– artikulua.– UPV/EHUko ikasleen elkarteen erregistroan izena ematea.

1.– UPV/EHUko Ikasleen Elkarteen Erregistroan izena eman ahal izateko, elkarteek aldez aurretik izena emanda egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erroldan edo izaera publikoko beste Elkarteen Erregistroren batean.

2.– Ikasle gaietan eskumena duen errektoreordetzaren menpekoa den UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena emateko, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Elkartea EAEren Elkarteen Erroldan edo izaera publikoko beste Elkarteen Erregistroren batean izena emanda dagoela erakusten duen ziurtagiriaren kopia bat.

b) Elkartea osatzen duten pertsonen kopurua. UPV/EHUko ikasle diren bazkideen zerrenda eta, hala behar izanez gero, UPV/EHUko ikasle ohien zerrenda, izena, abizenak eta NAN zenbakia berariaz adierazita, bai eta, ikasleen kasuan, UPV/EHUko ikasle izatea egiaztatzen duten agiriak (matrikula agiria), eta ikasle ohien kasuan, UPV/EHUko titulu ofizialaren edo berezko tituluaren kopia ere.

c) Zuzendaritza batzordearen osaera, eta batzordekideen kokalekua, telefonoa eta haiekin harremanetan jartzeko helbidea, bai eta, ikasleen kasuan, UPV/EHUko ikasle izatea egiaztatzen duten agiriak (matrikula agiria), eta ikasle ohien kasuan, UPV/EHUko titulu ofizialaren edo berezko tituluaren kopia ere.

d) Dagokion Ikastegiaren edo Campusaren txostena, elkartearen egoitza ikastegi batean edo UPV/EHUko lokal batean jartzeko. Era berean, aurreko artikuluan aurreikusitakoak jasoko dira txosten horretan. Eskaera aurkeztu eta hilabete bateko epean aipatutako txostena aurkeztu ezean, letra honen eskakizuna gainditzeko nahikoa izango da behar bezala erregistratutako eskaera aurkeztea.

e) Elkartearen jarduera eremuaren arabera, dagokion Ikasleen Kontseiluaren txostena. Eskaera aurkeztu eta hilabete bateko epean aipatutako txostena aurkeztu ezean, letra honen eskakizuna gainditzeko nahikoa izango da behar bezala erregistratutako eskaera aurkeztea.

f) Jarduera egitaraua.

g) UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena emateko eskaera normalizatua.

3.– Prozedura amaituko da UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena ematean edo ikasleen gaietarako eskumenak dituen Errektoreordetzak erregistroa ukatzeko hartutako erabaki arrazoitua jasotzean. Bi kasuetan eskatzaileari jakinaraziko zaio, gehienez hiru hilabeteko epean, aurreko ataleko g) letran aurreikusitako UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena emateko eskaera normalizatuan horretarako adierazitako lekuan.

4.– UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena ematea ukatzen duen erabakiaren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango da errektorearen aurrean, hilabeteko epean.

Hogeita hamabigarrena.– Aldatu egin da 56.2 artikulua, eta honela geratu da idatzita:

b) Elkarteko burua, idazkaria eta zuzendaritza batzordeko kideak UPV/EHUko ikasleak direla erakusten duten dokumentuak (matrikula agiria), eta ikasle ohien kasuan, UPV/EHUko titulu ofizialaren edo berezko tituluaren kopia. Era berean, bazkide guztien zerrenda eguneratua aurkeztu beharko da, eta haien izaera egiaztatu. UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa erregistratuta egoten jarraitzeko, Arautegi honen 52. artikuluan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira.

Hogeita hamahirugarrena.– Aldatu egin da 57. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

57. artikulua.– Ez-betetzea.

Titulu honen aurreikuspen baten bat bete ezean, elkartea ohartarazteko espediente bat irekiko da, eta hilabeteko epea emango zaio aurkitutako akatsak zuzen ditzan. Hilabetea igarota akatsak zuzendu ezean, elkarteak ezin izango du UPV/EHUren laguntzarik eskatu, akatsak zuzendu arte. Urtebete igarota ez badira akatsak zuzendu, UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan behin betiko baja emango zaio elkarteari, eta, horrekin batera, aitortutako eskubideak galduko ditu, baita, hala balitz, emanak izan ditzakeen laguntzak ere.

Hilabetea igarota modu frogagarrian egiaztatzen bada elkarteak ez duela jarduerarik, UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan behin betiko baja emango zaio, Ikasleen arloko errektoreordearen erabaki arrazoitu bidez, eta, horrekin batera, aitortutako eskubideak galduko ditu, baita, hala balitz, emanak izan ditzakeen laguntzak ere. Modu frogagarritzat hartuko da, besteak beste, elkartearen egoitza dagoen ikastegiko zuzendaritza taldeari edo dagokion Campuseko Errektoreordetzari kontsulta egin ondoren, argi eta garbi ikusten denean elkarteak ez duela jarduerarik.

Gainera, behin betiko baja emango zaio elkarteari, elkarteak berak eskatuta, Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiaren akta aurkeztuz gero.

Hogeita hamalaugarrena.– 60. artikuluaren 1. atala aldatzea euskarazko bertsioan. Honela geratu da:

1.– UPV/EHUko ikasle ohien elkartetzat hartuko dira Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle izandako 5 kide dituztenak, baldin eta kide horiek elkartekide guztien % 70 badira. Horrez gain, Arautegi honen 52. artikuluan eskatutako baldintzak bete, eta 49. artikuluan aurreikusitako helbururen bat lortzeko xedea izan beharko dute. Zuzendaritza Batzordeko kideek, edonola ere, Unibertsitateko Ikasleak edo Ikasle ohiak izan beharko dute eta ezin izango dute aldi berean beste ikasleen edo ikasle ohien elkarte bateko Zuzendaritza Batzordeko kideak izan.

Hogeita hamabostgarrena.– Aldatu egin da 60.2 artikulua, eta honela geratu da idatzita:

2.– UPV/EHUko ikasle ohien elkarteek unibertsitate honen irudia sustatuko dute, eta lankidetzan jardungo dute, egresatuak lan arloan sartzeko, ikasle berriak prestatzeko, eta jarduerak antolatzeko, bai kulturalak bai interes sozialekoak. Ikasle ohien elkarteek unibertsitatea xede duten mezenasgo-jarduerak bultzatuko dituzte, baita unibertsitatearen eta gizartearen arteko loturak areagotzeko baliagarriak diren beste jarduera batzuk ere.

Hogeita hamaseigarrena.– Hirugarren Xedapen Gehigarria gehitzea; honela geratu da idatzita:

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluak, bere kideen artean, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren Hauteskunde Batzordea izendatuko du, arautegi honetan aurreikusitako eginkizunak izango dituena. Batzorde hori osatuko dute UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko buruak eta idazkariak (batzordeko berezko kideak izango dira) eta hiru campusetako ordezkari banak, zozketaz hautatuak campusetako UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kideen artean.

Hauteskunde Batzordeko kideek ezin izango dute parte hartu batzordeak parte hartu parte hartu behar duen hauteskunde prozesuetako zerrendetan, eta, kasu horretan, haien ordezkoak aukeratuko dira zozketa bidez UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko gainerako kideen artean.

Hogeita hamazazìgarrena.– Bigarren, hirugarren eta laugarren Xedapen Iragankorrak gehitzea; honela geratu dira idatzita:

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Azken urte naturalean eratutako ikastegiko eta ataleko ikasleen kontseiluak osaera berriarekin eratu beharko dira, eta beren pertsona bakarreko organoak aukeratu beharko dituzte, 2023ko abenduaren 31 baino lehen.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.

Campuseko ikasleen kontseiluek hilabeteko epea izango dute, arautegi hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eratu eta kide bakarreko organoak hautatzeko.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Ikastegiko eta ataleko ikasleen kontseiluek hilabeteko epea izango dute, arautegi hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, dagozkien ordezkari gehigarriak aukeratzeko UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan eta izendapenak bidaltzeko UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren Hauteskunde Batzordera.

Hogeita hamazortzigarrena.– Aldatu egin da arautegiaren 3. eranskina, eta honela geratu da idatzita:

3.– ERANSKINA IKASTALDEKO ORDEZKARIAK HAUTATZEKO PROTOKOLOA

Ikastegiek ikasturtearen hasieran hauteskundeak egingo dituzte ikastaldeko ordezkariak hautatzeko, honako protokolo honi jarraiki:

1.– Hauteskunde egutegia egitea:

Ikastalde bakoitzaren ordezkaria hautatuko da ikasturte bakoitzean matrikulaziorik handiena duen irakasgaian, hautazko irakasgaiak bazter utzita.

Ikastegiak edo atalak, bere Ikasleen Kontseiluarekin batera, hauteskunde egutegia osatu beharko du, eta bertan ikastalde bakoitzaren ordezkariak hautatzeko datak ezarriko ditu, ikasturtearen lehenengo 20 eskola egunen barruan. Ikastegi edo atala harremanetan jarriko da hautaketa egin behar deneko irakasgaien irakasle arduradunekin, eta jarraitu beharreko prozeduraren eta bete beharreko eginkizunen berri emango die. Ikastegi edo atalak bermatu egingo ditu irakasleen prestasuna eta parte hartzea.

Hautaketa egin behar deneko irakasgaiaren irakasle arduradunak bermatu egin beharko du hauteskunde prozedura behar bezala garatuko dela:

– Hautaketa egin beharreko egun eta orduan egin dadila bermatuko du.

– Hautaketa aktaren eredua jasoko du ikastegi edo ataleko zuzendaritzan.

– Hautaketa egin behar denean, matrikulatutako ikasleen zerrenda eramango du.

– Hautaketa prozesuaren akta egingo du eta ikastegi edo ataleko zuzendaritzaren esku jartzeko ardura izango du.

Dirección del Centro o Sección.

2.– Iragarkia.

Ikasturtearen hasieran, ikastegi edo atalak bere ikasle guztiei iragarriko die hauteskunde prozesua irekiko dela, gutxien dela, hautaketa egin baino astebete lehenago.

Ikasleei jakinaraziko zaizkie ordezkarien eskubideak eta betebeharrak (14.2 artikulua). Era berean, jakinaraziko da ordezkari izateak kredituak aitortzeko balio lezakeela, unibertsitateko arautegiak ezarritakoarekin bat etorrita.

Ikastegi edo atalak ikasleei jakinaraziko die, baldin eta hautaketa egingo den irakasgaietan matrikulatutako ikasleen zerrendan ez badaude, zerrenda batean sartzeko eskatu ahal izango dutela, bi egun lehenago eginez eskaera.

3.– Hautapen prozedura.

1) Hauteskunde mahaia osatuko da irakasgaiko irakasle arduradunekin eta, ordena alfabetikoz matrikulatutako ikasleen zerrendako lehenengo eta azken pertsonekin (ikasgelan ez baleude, zerrendan gora eta behera egingo da, hurrenez hurren, ikasgelan diren lehenengo eta azken ikasleak aurkitu arte).

2) 15 minutu izango ditu hautagaiak bere programa edo ideiak azaltzeko. Bi hautagai baino gehiago baleude, denbora hori 10 minutura murriztuko da.

3) Ondoren, mahaiak botoa emateko deia egingo die, zerrendaren ordenari jarraiki matrikulatutako pertsonei, gainean leramaketen identifikazio agiriaren bidez identifikatu behar dutelarik.

Pertsona bakarra aurkezten bada, bozketa egingo da, bai edo zuri bozkatuta, haren hautagaitza onartu edo errefusatzeko. Pertsona bat hautatua izan dadin, baiezko boto guztien heren bat izan beharko du.

Ikasle boluntariorik ez badago, bozketa egingo da eta zerrendako edozein ikasle izango da hautagai. Ikasle orok du karguari uko egiteko eskubidea. Hautatutako ikasle guztiek uko egiten badute, taldea ordezkaririk gabe geratuko da.

Bozketa egingo da ikasgelan dauden ikasleen kopurua gorabehera.

Boto txanda bakarra egongo da, eta boto gehien lortzen dituen pertsona hautatuko da, berdinketa bat desegitea beharrezkoa denean izan ezik. Bozketa sekretua izango da eta boto paperen bidez egingo da.

4) Kontaketa jendaurrean egingo da.

5) Irakasleak akta eginen du, azken emaitza eta hautaketan gertatutako edozein gorabehera jasota.

6) Akta dagokion ikastegi edo ataleko dekanotzan edo dekanordetzan gordeko da.

7) Ordezkarien zerrenda bidaliko zaio, posta korporatiboarekin batera, dagokion ikasleen kontseiluari, jakinaren gainean egon dadin eta gainerako ondorioetarako, bai eta Ikasleen arloko Errektoreordetzari ere.

4.– Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluan taldeko ordezkarien ordezkariak hautatzea.

Taldeko ordezkarien hauteskunde prozesua amaitzean, ikastegi edo ataleko ikasleen kontseiluak, edo, halakorik ezean, ikastegiko zuzendaritza taldeak, bilera batera deituko ditu ordezkari guztiak. Bilera horretan, beren betebeharren eta eskubideen berri emango zaie, baita beren taldeko ordezkari gisa interesatzen zaizkien gainerako gaien berri ere. Ondoren, ikastegi edo ataleko ikasleen kontseiluko kide izango diren ordezkariak hautatuko dira. Taldeko ordezkari guztiak izango dira hautesle eta hautagai. Boto gehien jaso dituzten ordezkariak aukeratuko dira, ikasleen kontseilu horretan dauden postu guztiak bete arte.


Azterketa dokumentala