Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2022ko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5745

AGINDUA, 2022ko azaroaren 30ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Iseak izeneko fundazioaren estatutuetako 3. artikulua, fundazioaren helburuei buruzkoa, aldatzea.

2022ko azaroaren 16an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Fundación Iseak izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Fundazioaren patronatuak 2022ko urriaren 29an erabaki zuen aldaketa, eta publiko bihurtu zen 2022ko azaroaren 11n, Bilbon, Juan Benguria Cortabitarte notario jaunaren aurrean egiletsitako eskrituraren bidez (protokolo-zenbakia: 3.060). Eskabide-idazkiari espedienteko dokumentazioa erantsi zitzaion.

Aldaketa horren bidez, estatutuen helburuei buruzko 3. artikuluaren idazketa zabaltzen da. Hemendik aurrera, aldatutako manua honela geratuko da:

«Interes komun eta orokorra interes partikularren gainetik jartzea premisatzat hartuta, hauek dira Fundazioaren helburuak:

A) Ikerketa- eta transferentzia-zentro bat eratzea eta finkatzea ekonomiaren eta hari lotutako diziplinen esparruan (garapena, inklusioa, enplegua, hezkuntza edo genero-berdintasuna, besteak beste), ikerketak egin eta sustatzeko, sistemaren beharrak, indarguneak eta ahuleziak identifikatze aldera.

B) Besteak beste, lan-eremuan eta esparru soziodemografikoan gauzatutako jardueren diagnostikoak eta ebaluazioak egitea, ekonomiaren eta gizartearen ezagutza sakona eta dinamikoa lortzeko, erantzun politikoak eta sozialak hartzea errazte aldera.

C) Politika sozial eta ekonomikoen azterketa eta azterlan zorrotzak eta independenteak etengabe eskaintzea, metodologia aurreratu eta kontrastatuak erabiliz, Euskadiko erakunde publikoei, pribatuei eta beste eskualde eta herrialde batzuetakoei erabakiak hartzen laguntzeko.

D) I+G+b sustatzea eta ekonomiaren eta politika publikoen arloko ikerketaren eta transferentziaren esparruan aplikatzea, datu-base berriak edo politika publikoak diseinatzeko eredu berriak aztertzeko, diseinatzeko eta ustiatzeko metodologia berriak ezartzera bideratuta, besteak beste.

E) Ezagutza gizarterantz transmititzeko eragile izatea, gizarte zibilak eta gobernu-erakundeek aurre egin behar dieten erronka gero eta handiagoak gainditzeko aukerak areagotzen laguntzeko.

F) Gizartearen eta bizitza politiko eta sozialaren balioak (lan-merkatua, hezkuntza, generoa, pobrezia, hiri-politika, besteak beste) hobetzeko garrantzitsuak diren eremu sozioekonomikoetan koiunturazko informazioa zabaltzea herritarren esku jartzea, gizarte zibilari helarazteko informazioa sortu eta aztertzeko plataforma gisa balio dezan.

Helburu horiek lortzeko, Fundazioak, besteak beste, honako jarduera hauek egin ahal izango ditu:

1) Azterketa- eta ikerketa-politikak, -tresnak, -mekanismoak eta -metodologiak garatzea, dimentsio handiko datu-baseak eskura izatea eta emaitza analitikoak eta diagnostikoak etengabe eta ahalik eta zorroztasun eta independentzia handienarekin lortzea errazteko.

2) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo pertsona fisiko edo juridikoetatik jasotako azterketa- eta garapen-jarduerak, -proiektuak edo -enkarguak egitea, eta Patronatuak onartzen dituen programak eta proiektuak zuzenean edo zeharka kudeatzea, bai eta analisi eta ikerketa sozial eta ekonomikoan bikaintasuna eta espezializazioa lortzeko lagungarri diren azterketa- eta prestakuntza-jarduerak egitea ere.

3) Europako eta are munduko beste bikaintasun-institutu eta -zentro batzuekin lankidetzan aritzea eta batera parte hartzea, Fundazioaren barruan ezagutza eta esperientzia metatzea ahalbidetzeko, Fundazioaz kanpoko operadoreek beste kokaleku batzuetan garatzen dituzten antzeko beste proiektu batzuetara estrapolatu ahal izateko. Eragile horiekin adostu ahal izango ditu ezagutza lagatzeko baldintzak, kostu bidezkoak zein doakoak.

4) Fundazioaren helburuak betetzeko beharrezkoak diren lankidetza-hitzarmenak edo kontratuak formalizatzea beste erakunde batzuekin, eta, bereziki, helburu horien berezko eremuetan lankidetzan aritzen laguntzen dutenak.

5) Fundazioaren helburuei lotutako gaiei buruzko ikastaroak, hitzaldiak, biltzarrak, mintegiak eta beste edozein dibulgazio-ekintza antolatzea eta egitea, modu autonomoan edo beste erakunde batzuekin lankidetzan.

6) Fundazioaren helburuak betetzeko beharrezkoak diren jarduera ekonomikoak egitea.

Egindako jardueren zerrenda adierazpen hutsezkoa da, ez mugatzailea, eta ez du esan nahi Patronatuak horien guztien garapenari erantzun behar dionik, ezta azalpenen ordenak jardueren arteko lehentasunik adierazten ez duenik ere. Nolanahi ere, fundazioaren gobernu-organoak libreki erabakiko du urte natural bakoitzeko baliabideak fundazioaren xedeari dagozkion jarduerei nola aplikatu. Era berean, Patronatuak askatasun osoa izango du Fundazioaren jarduerak zehazteko, betiere Fundazioaren iritziz eta bere helburuak betez une bakoitzean egokienak diren helburu zehatzak lortzera bideratuta badaude.»

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Fundación Iseak izeneko fundazioaren estatutuen 3. artikuluaren aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, Agindu honen datarekin, 2022ko azaroaren 11n, Bilbon, Juan Benguria Cortabitarte notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 3.060).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 30a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala