Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2022ko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA SAILA
5738

AGINDUA, 2022ko abenduaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuetarako deialdia egiten duena, Hezkuntza Sailari atxikitako sukaldeko eta garbiketako lan-kategorietako lanpostuak modu finkoan betetzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kidegoei eta Eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen lehenengo xedapen gehigarriak xedatzen duenez, lege hori indarrean jarri ondoren, euskal administrazio publikoek erabaki ahal izango dute enplegu publikoan sartzeko kontsolidaziorako hautaketa-prozesu bereziak egitea, aldi baterako enplegua egiturazko lanpostuetan finkatzeko beharrezko neurri gisa.

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak seigarren xedapen gehigarrian ezartzen ditu iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdietan jarraitu beharreko irizpideak. Hala, ezartzen du administrazio publikoek, salbuespen gisa eta urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren (aurrerantzean, EPOETB) 61.7 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, lehiaketa-sistemaren bidez deituko dituztela 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etenik gabe beteta egon diren plazak, 2.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak. Aurreikuspen horri lege beraren zortzigarren xedapen gehigarrian jasotakoa gehitzen zaio, eta, gainera, adierazten da seigarren xedapen gehigarrian jasotako egonkortze-prozesuek beren deialdietan sartuko dituztela izaera horretako langileek aldi baterako okupatutako egiturazko plaza hutsak, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2021 eta 2022ko Enplegu Publiko Eskaintza Gobernu Kontseiluaren 2021eko abenduaren 21eko eta 2022ko maiatzaren 24ko erabakien bidez onartu zen, eta 2021eko abenduaren 28ko EHAAn (258. zk.) eta 2022ko maiatzaren 30eko EHAAn (103. zk.) argitaratu zen.

Bestalde, aipatutako 7/2021 Legearen bigarren xedapen gehigarriak –finkatzeko salbuespenezko prozesuak– ezartzen duenez, lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa alde batera utzi gabe, administrazio publikoek enplegua egonkortzeko prozesuak egin ahal izango dituzte euskal funtzio publikoan lehiaketa-sistemaren bidez sartzeko, enplegu publikoari buruzko Estatuko oinarrizko legerian xedatutakoaren esparruan. Egonkortzeko salbuespenezko prozesu horien bidez betetzen da Enplegu Publikoaren Behin-behinekotasuna Murrizteko Premiazko Neurriei buruzko Legearen aipatutako xedapenetan jasotako agindua.

Horretarako, aipatutako lege-arauetan, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23. artikuluan eta II. tituluko IV. kapituluan (langileak hautatzeari buruzkoa) ezarritakoaren arabera, eta lege horren 6.1.i) artikuluan emandako eskumenez baliatuz, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.3.f) artikuluan xedatutakoarekin lotuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko langile lan-kontratudun finko izateko salbuespenezko egonkortze-prozesu hauetarako deialdia egitea, plaza kopurua eta bakoitzari dagokion eranskina adierazita:

a) Garbiketako langileen kategorian sartzeko merezimendu-lehiaketa.

b) Sukaldaritzako kategorian sartzeko merezimendu-lehiaketa.

(Ikus .PDF)

Bigarren artikulua.– Deitutako prozedurak arautuko dituzten oinarriak onartzea. Oinarriok eranskin hauetan daude jasota:

I. eranskina: oinarri orokorrak.

II. eranskina: sukaldarien kategoriarako oinarri espezifikoak.

III. eranskina: garbiketako langileen kategoriarako oinarri espezifikoak.

Hirugarren artikulua.– Deialdiko kategorietan baloratu beharreko merezimenduei dagozkien baremoak onartzea. Agindu honen II. eta III. eranskinetan daude jasota.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute zuzenean, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA

1.– Xedea.

1.1.– I. eranskin honen xedea da egonkortzeko salbuespenezko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten arau orokorrak ezartzea, Hezkuntza Sailari atxikitako garbiketako eta sukaldeko langileen lan-kategorietako plazak merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko.

2.– Parte hartzeko betekizunak.

2.1.– Baldintzak betetzeko datak.

Eskatzaileek 2.3 oinarrian aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta baldintza horiek betetzen jarraitu beharko dute kontratua formalizatu arte.

2.2.– Betekizunak egiaztatzeko modua.

Baldintzak egiaztatzeko modua oinarri hauen 6. atalean ezartzen da.

2.3.– Parte hartzeko betekizun orokorrak.

Hauek dira hautaketa-prozesuetan onartua izateko baldintzak:

a) Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea izatea. Halaber, Europar Batasuneko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek ere parte hartu ahal izango dute, nazionalitatea edozein dela ere, baldin eta zuzenbidezko banantzerik ez badago, eta herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartu ahal izango dute, betiere zuzenbidezko banantzerik ez badago, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira. Era berean, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-eremuan dauden pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, itun horietan langileen zirkulazio askea aplikatzen bada.

b) Lortu nahi den kategoriari dagozkion zereginak betetzeko gaitasun funtzionala izatea.

c) 16 urte beteta izatea eta nahitaezko erretirorako adinera ez iristea.

d) Edozein administrazio publikoren edo autonomia-erkidegoetako konstituzio- edo estatutu-organoen diziplina-espediente bidez zerbitzutik kentzeko zehapena jaso ez izana, eta ebazpen judizial bidez enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza absolutua edo berezia jaso ez izana, banantzeko edo desgaitzeko subjektua izan den funtzionarioen kidegoan edo eskalan sartzeko. Beste estatu bateko herritarra izanez gero, desgaikuntza-egoeran edo egoera baliokidean ez egotea, eta bere estatuan enplegu publikora iristea eragozten dion diziplina-zehapenik edo baliokiderik ez izatea, baldintza berberetan.

e) Kategoria bakoitzerako oinarri espezifikoetan adierazitako ikasketa-maila izatea, edo agiriok jaso ahal izateko eskubideak ordainduta egotea. Atzerriko titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria eduki beharko da.

f) Indarrean dagoen araudiaren arabera, ezgaitasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean ez erortzea, horrek ematen dion aukera-eskubidea salbu utzita. Hezkuntza Saileko Lanbide Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak mediku-azterketak egingo dizkie hautatutako pertsona guztiei, funtzio horiek behar bezala betetzeko behar diren baldintza fisiko eta psikikoak betetzen dituztela egiaztatzeko, erreferentzia gisa hartuta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren balorazio profesionalerako indarreko gida, lanpostuen zeregin eta eskakizun psikofisikoak definitzen dituena.

g) Epai irmo bidez espetxe-zigorrik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituengatik (sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbideratzea eta gizakien salerosketa).

Horretarako, lanbidean edo jardueran aritu nahi duten pertsonek Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, delitu horiengatik kondenarik jaso ez dutela egiaztatzeko.

h) Ordainduta izatea langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatik ordaindu beharreko tasa, lehiatzen den prozesuari eta kategoriari dagokiona. Tasa horren zenbatekoa oinarri espezifikoetan zehaztuko da.

i) Lan-legepeko langile finkoa ez izatea lehiatzen den kategorian.

j) Oinarri espezifikoetan eskatzen den beste edozein baldintza.

3.– Desgaitasuna duten pertsonen sarbidea.

3.1.– Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazetara aurkezten direnek, 2. oinarrian aipatzen diren parte hartzeko baldintzak betetzeaz gain, % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortua izan beharko dute foru-aldundietako organo eskudunaren, IMSERSOren edo baliokidearen aldetik, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2.– Eskainitako plaza guztietatik, plaza hutsen ehuneko zazpiko kupo bat gordeko da desgaitasuna duten pertsonek bete ditzaten. Oinarri espezifikoetan, txanda eta modalitate bakoitzean deitutako plaza kopurua adieraziko da.

3.3.– Hautagairik ez dagoelako edo hautaketa-prozesuak gainditu ez dituztelako bete gabe geratzen diren desgaitasunak dituzten pertsonentzat gordetako plazak kasuan kasuko prozesuaren barruan sarbide orokorreko modalitatean eskaintzen diren plazei gehituko zaizkie. Hala ere, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako eta haiek betetako plazak ez badira iristen deitutako plazen % 3ko tasara, bete gabeko plazak hurrengo lan-eskaintza publikoaren ehuneko zazpiko kupoari gehituko zaizkio, % 10eko gehieneko mugarekin, Enplegu publikorako sarbidea eta desgaitasuna duten pertsonen lanpostu-betetzea arautzen dituen abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuaren arabera.

4.– Argitalpenak eta iragarki-taula.

Hautaketa-prozesuen deialdiak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ez ezik, Enplegu Publikoaren Atarian ere argitaratuko dira, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu publikoa/

Hautaketa-prozesuetan zehar, prozesuaren garapenarekin zerikusia duen informazio guztia aipatutako helbide elektronikoan argitaratuko da, jakinarazpenetarako.

Telefono mugikorraren zenbakia edo helbide elektronikoa eman duten parte-hartzaileei abisu bat bidaliko zaie, SMS bidez edo posta elektronikoz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, abisu hori ez egiteak ez du eragotziko jakinarazpena guztiz baliozkoa izatea.

Informazio hori Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) bulegoetan ere egongo da eskuragarri, leku hauetan:

– Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia (Lakua). Sarbidea: Wellingtongo Dukearen kalea.

– Bilbao: Errekalde zumarkalea 18.

– Donostian: San Bartolome kalea 28.

5.– Eskabideak aurkeztea.

5.1.– Prozesuan onartzea.

Parte hartu nahi dutenek eskabide bat aurkeztu beharko dute parte hartu nahi duten hautaketa-prozesu bakoitzeko. Onartua izateko eta, hala badagokio, hautaketa-prozesuetan parte hartzeko, honako hauek bete beharko dira: 1) eskabidea atal guztietan bete, 2) eskabidea epearen barruan aurkeztu eta 3) langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatik ordaindu beharreko tasak ordaindu. Era berean, eskabideak egiteko epea amaitzen denean, eskatutako baldintza guztiak bete beharko dira.

5.2.– Eskabideak aurkezteko epea eta langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatiko tasa ordaintzea.

Deialdietan parte hartzeko eskabideak Langileak kudeatzeko Zuzendariaren ebazpena ezarritako epean aurkeztuko dira. Ebazpena EHAAn argitaratuko da.

5.3.– Eskabideak aurkezteko modua.

Ahal dela, eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira. Eskaera bide elektronikoz aurkeztuko da Enplegu Publikoaren Atariaren bidez, https://www.euskadi.eus/empleo-publico/helbide elektronikoan, bete bitartean adieraziko zaizkion jarraibideak betez. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak onartutako bitartekoetako bat erabili beharko da (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak), edo, eskabidea bete ondoren, aplikazioak berak emandako aldi baterako erabiltzailea. Aldi baterako erabiltzaile hori eskaera kontsultatzeko soilik erabili ahal izango da. Gainerako izapideetarako, identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoetako bat eduki beharko da.

Enplegu Publikoaren Ataritik aurkezteak aukera emango du izapide hauek elektronikoki betetzeko:

– Parte hartzeko eskaera.

– Langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatik ordaindu beharreko tasak ordaintzea.

– Eskaeraren erregistro elektronikoa.

– Inskripzio-epean egindako inskripzioaren datuak aldatzea.

– Eskaera zuzentzeko epean zuzentzea, hala badagokio.

– Enplegu Publikoaren Atarian argitaratzen den prozesuari buruzko informaziorako sarbidea eta haren jarraipena.

– Erreklamazioak aurkeztea, horretarako ezarritako epeetan.

– Lehiaketa-faseko merezimenduak alegatzea, horretarako ezartzen den epean.

– Lanpostuak hautatzea eta, hala badagokio, lanpostuen betekizun espezifikoak alegatzea, horretarako ezartzen den epean.

– Hala badagokio, eskatutako dokumentazioa erantsi.

Eskaera Eusko Jaurlaritzaren KZGunea zentro publikoetan ere egin ahal izango da bide elektronikoz. KZ-Gunea zentroen zerrenda eta kokapena www.kzgunea.eus helbidean daude eskuragarri.

Inskripzio-prozesuan gorabehera teknikoren bat gertatuz gero, Enplegu Publikoaren Atarian horretarako adieraziko den telefonora edo helbide elektronikora jo ahal izango dute, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegupublikoa/

Era berean, eskabidea betetzeko, 4. oinarrian adierazitako IVAPen bulegoetara jo beharko da. Hala ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izango da. Kasu horretan, eskaera Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan jaso ondoren, dagokion ordainketa-gutuna emango zaio, langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatik ordaindu beharreko tasa ordaintzeko, hurrengo ataletan adierazten den bezala.

5.4.– Eskabidearen edukia.

Eskabidearen atal hauek bete beharko dira:

a) Datu pertsonalak, prozesua behar bezala kudeatzeko.

b) Harremanetarako datuak: posta-helbidea, telefono mugikorra eta helbide elektronikoa.

c) Zein hautaketa-prozesutan parte hartu nahi den.

d) Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako modalitatearen bidez parte hartzeko aukera.

e) Titulazioa.

5.5.– Langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatik ordaindu beharreko tasak ordaintzeko modua.

Zenbatekoa https://euskadi.eus/nireordainketa egoitza elektronikoaren ordainketa-pasabidearen bidez sartuko da. Bi ordainketa-modalitate daude:

1.– Online ordainketa.

Ordaintzeko modu hori eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri, eta ordainketa erakunde hauetako baten banka elektronikoko bezeroa bada egin ahal izango da: Kutxabank, Laboral Kutxa, Caixabank, Banco Santander, BBVA, Sabadell Guipuzcoano, Bankia, Bankoa, Rural Kutxa. Bizum bidez edo Visa edo Mastercard txartelen bidez ere egin daiteke.

2.– Off-line ordainketa.

Ordainketa-gutun inprimatuarekin, honako banketxe hauetako edozein sukurtsaletara joan daiteke, eta kutxazain automatikoetan ere ordaindu ahal izango da, barra-kodearen irakurketa optikoarekin edo eskuzko datu-kapturarekin:

– Banco Santander.

– Bankia.

– Bankoa.

– BBVA.

– Caixabank.– Kutxabank.

– Laboral kutxa.

– Rural kutxa.

– Sabadell Guipuzcoano.

Era berean, ordainketa-gutunean agertzen den QR kodea eskaneatzeko aukera dago, telefono mugikor batetik, eta automatikoki sartzen da ordainketa-pasabidera. Ez da beharrezkoa egiaztagiria administrazioari bidaltzea, finantza-erakundeek automatikoki bidaliko baitituzte ordainketa-datuak.

5.6.– Langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatiko tasa eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaintzen ez bada, prozesutik kanpo geratuko da.

Hala ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat izanez gero, errekerimendua egingo da 10 egun balioduneko epean akatsa zuzen dadin.

Langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatiko tasa ordaintzeak ez du inola ere ordezkatuko eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea, oinarri honetako aurreko ataletan adierazitakoaren arabera.

6.– Betekizunak eta merezimenduak. Erreferentzia-datak, deskribapena, alegazioa eta egiaztapena.

6.1.– Merezimenduak betetzeko erreferentzia-datak eta parte hartzeko eta lanpostuak esleitzeko baldintzak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna izango da alegatzen diren merezimenduak eta baldintzak eskuratzeko erreferentziazko data.

6.2.– Betekizunak eta merezimenduak alegatzea.

6.2.1.– Hurrengo apartatuan adierazten denaren arabera, izangaiek dagokien izapidean alegatu beharko dituzte parte hartzeko betekizun orokorrak eta espezifikoak, lanpostuen betekizun espezifikoak eta merezimenduak.

6.2.2.– Eskabideak aurkezteko epean alegatu beharko dira parte hartzeko baldintza orokorrak eta espezifikoak, bai eta desgaitasuna duten pertsonek sarbide-modalitatean parte hartzeari buruzkoak eta merezimenduak ere.

6.3.– Betekizunak eta merezimenduak egiaztatzea.

6.3.1.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak alegatutako eskakizunak eta merezimenduak egiaztatuko ditu.

6.4.– Desgaitasuna duten pertsonek sarbide-modalitatean parte hartzeko baldintza.

3.1 oinarrian ezarritako sarbide-modalitatean parte hartzeko baldintza –% 33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortzea– adierazpen bidez alegatu beharko da, aitorpena euskal administrazio publikoek egin badute.

Aitorpena beste administrazio publiko batzuek egin badute, aitorpen-dokumentuaren kopia sinplea ere aurkeztu beharko da.

6.5.– Esperientzia eta antzinatasuna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza-Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan egindako zerbitzuak alegatu egin beharko dira, eta ofizioz zenbatuko dira.

Gainerako administrazio publikoetan emandako zerbitzuak alegatu beharko dira egiaztagiriaren kopia sinple bat aurkeztuta. Dokumentu horrek, administrazio bakoitzak erabakitzen duen ereduan, lan egindako aldiak banakatu beharko ditu, taldea, kidegoa, aukera, eskala, mota edo kategoria eta lanpostuaren izena zehaztuz. Oinarri hauen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zaizkion eginkizunetan eta zerbitzuetan Estatuko Administrazioan emandako zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan egindako zerbitzutzat hartuko dira. Izaera bera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako erakundeetan emandako zerbitzuek (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 7.4 artikulua), baldin eta, osorik edo zati batean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sartuta badaude azken horrek subrogatutako langileek.

6.6.– Titulazioak.

Titulazioak alegatzeko, bai betekizun gisa bai merezimendu gisa, dagokion izapidean adierazi beharko dira.

Atzerriko titulazioen kasuan, tituluaren kopia soila ere aurkeztu beharko da, baita homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiriarena ere.

6.7.– Karrerako funtzionarioa edo langile lan-kontratudun finkoa izateko prozeduretan probak gainditzea eta lan-poltsetan egotea.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen alegatuko dira eta ofizioz baloratuko dira, oinarri espezifikoetan ezartzen diren baldintzetan, honako merezimendu hauek:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza-Administrazioko langile lan-kontratudun finkoa izateko prozeduretan probak gainditzea.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza-Administrazioaren lan-poltsetan sartzea.

6.8.– Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.

Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) kontsulta egingo da. Erregistro horretan jasota ez dauden euskararen ezagutza-ziurtagiriak edo -tituluak dituztenek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen aurkeztu beharko dute egiaztagiria. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen hizkuntza-eskakizunen baliokideak diren ziurtagiriak eta tituluak azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan zehazten dira (297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena; 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena).

7.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda.

7.1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, Langileriaren Kudeaketa Zuzendariak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak 4. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratzeko agintzeko. Zerrenda horietan, baztertzeko arrazoia adieraziko da, hala badagokio, bai eta zein modalitatetan eta, finkatzeko prozesu bereziaren kasuan, zein txandatan onartu den ere. 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko eta eskabideetan egindako akatsak zuzentzeko, aipatutako ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

7.2.– Lehentasun-hurrenkera ezartzea, kategoria baterako baino gehiagorako eskabideak aurkezten badira.

Salbuespenezko hautaketa-prozesu honetarako eskabide bat baino gehiago egin bada kategoria desberdinetan, kategoria bakarrean hautatu ahal izango dira hautagaiak. Horretarako, kategoria batean baino gehiagotan onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendetan daudenek eskatutako kategorien arteko lehentasun-ordena adierazi beharko dute. Hautagai bakoitzak aukeratu beharko du lehentasun-hurrenkera, Enplegu Publikoaren Atariaren bidez, https://www.euskadi.eus/enplegu publikoa/helbide elektronikoan, onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak aurkezteko ezarritako epe berean.

Kautelaz, lehentasun-ordena adierazi beharko dute, halaber, kategoria batean baino gehiagotan baztertuta daudenek eta baztertzearen aurkako erreklamazioa aurkezten dutenek.

Lehentasun-hurrenkera zehaztu ezean eta kategoria batean baino gehiagotan hautatuak izateko aukera izanez gero, puntuazio handiena lortu duten kategorian baino ez dira hautatuko, eta puntuazio bera lortuz gero, eskabidea lehenengo aurkeztu duten kategorian, aurkezpen-data eta -ordua kontuan hartuta.

Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, Langileak Kudeatzeko Zuzendariaren ebazpena argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Ebazpen horretan, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onartuko dira, eta zerrenda horiek oinarrian adierazitako lekuetan ikusgai egongo direla adieraziko da.

8.– Hautaketa-organoak.

8.1.– Horretarako izendatutako epaimahaiek hautatuko dituzte hautaketa-prozesu honetako parte-hartzaileak.

8.2.– Osaera.

Epaimahaiburuak, hiru mahaikidek edo gehiagok, idazkariak eta horien ordezkoek osatuko dute epaimahaia. Epaimahaiaren osaera orekatua izan behar da trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen artean, salbu eta hori egokia ez dela behar bezala justifikatzen bada. Ordezkaritza orekatutzat joko da lau kide baino gehiago dituzten organoetan sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza duenean, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Epaimahaiak, egoki iritziz gero, espezialisten aholkularitza izan dezake. Pertsona horiek, epaimahaiarekin lankidetzan, beren espezialitate teknikoetan aholku ematera mugatuko dira.

Epaimahaikide izatea norberaren izenean izango da beti, eta ezin izango da beste inoren izenean edo izenean aritu.

8.3.– Izendapena.

Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez izendatuko dira epaimahaikideak. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendarekin batera.

8.4.– Abstentzioa eta errekusazioa.

Epaimahaiko kideek ezin izango dute parte hartu prozeduran, eta hala jakinaraziko diote Hezkuntza Sailari, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako egoeretan, edo deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hautaketa-probetarako izangaiak prestatzen jardun badute.

Era berean, aurreko kasuetako bat gertatzen denean, interesdunek epaimahaikideak errefusatu ahal izango dituzte edozein unetan, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

8.5.– Jarduteko arauak.

Epaimahaiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 18.era bitarteko artikuluetan ezarritako arauen arabera jardungo du. Nolanahi ere, presidenteak aginduta, idazkariak deialdia egingo du, lehiaketa hasi baino behar beste denbora lehenago. Batzordea balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da lehendakaria eta idazkaria, edo haien ordezkoak, eta, gutxienez, kideen erdiak bertaratzea.

Epaimahaikide guztiek izango dute hitza eta botoa.

Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketak lehendakariaren kalitatezko botoak ebatziko ditu.

Kargua hutsik badago, presidentea kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, antzinatasun eta adin handieneko kideak ordezkatuko du, hurrenkera horretan.

Idazkariaren eta haren ordezkoaren kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo haiei eragiten dien legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, epaimahaiak gehiengoz hautatutako kideak ordezkatuko du.

8.6.– Ahalmenak.

Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, eta prozeduraren gardentasun eta objektibotasunaren eta deialdiaren oinarriak zorrotz betetzearen erantzule izango da.

Era berean, ordenamendu juridikoarekin bat etorriz, oinarri hauek eta oinarri espezifikoak aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu, eta deialdia behar bezala garatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko ditu, oinarrietan aurreikusi gabeko kasuetan hartu beharreko irizpideak ezarriz.

8.7.– Zerbitzuagatiko kalte-ordainak.

Epaimahaikideek zerbitzuagatiko kalte-ordainak jasoko dituzte, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Dekretu hori zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa da, eta osagarri gisa aplikatuko da.

Era berean, dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte epaimahaiari aholkuak ematen dizkiotenek edo hari zaintza edo laguntza materialeko lanetan laguntzen diotenek.

9.– Puntuazioa esleitzea eta argitaratzea.

9.1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu arte burututako merezimenduak baino ez dira barematuko.

9.2.– Izangai bakoitzak gehienez ere 100 puntu lor ditzake bere merezimenduak baloratuta.

9.3.– Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioen baturak zehaztuko du, kategoriaren arabera dagozkien eranskinetan zehazten diren kasuetan eta baldintzetan.

9.4.– Lehiaketan lortutako puntuazioen publizitatea.

9.4.1.– Merezimenduak baloratu ondoren, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak merezimenduen baremoan lortutako puntuazioen behin-behineko zerrendak argitaratzeko aginduko du.

Argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta, eta aurkeztutakoak ebatzita, Langileak Kudeatzeko Zuzendariak merezimenduen baremoan lortutako puntuazioen behin betiko zerrendak argitaratzeko aginduko du.

9.4.2.– Behin betiko puntuazioen aurka ezin izango da errekurtsorik jarri, eta interesdunek, hala badagokio, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu beharko dute azken ebazpenaren aurka.

10.– Izangaiak ordenatzea eta hautaketa-prozesuak gainditzea.

10.1.– Lehentasun-klausula.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, baldin eta trebakuntzaren ikuspegitik emakumeen eta gizonen artean gaitasun bera badago, emakumeei emango zaie lehentasuna emakumeen ordezkaritza % 40tik beherakoa den plaza edo kategoriei buruzko deialdietan. Salbuespena izango lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituenean –nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuaren ziozko bereizkeriarik–; kasurako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

Ondorio horietarako, hautagaien artean gaitasun bera dagoela ulertuko da hautaketa-prozesuetako azken puntuazioan berdinketa gertatzen denean, hau da, kasuan kasuko merezimendu guztiak baloratu ondoren.

Dagozkion eranskinetan zehaztuko da artikulu horretan xedatutakoa aplikatuko den ala ez, deitutako plazetan emakumeek duten ordezkaritzaren arabera.

10.2.– Lortutako puntuazio globalen arabera izangaiak ordenatzerakoan berdinketarik gertatuz gero, irizpide hauen arabera ebatziko dira, hurrenez hurren:

1.– Esperientzia espezifiko gisa baloratu daitekeen esperientzia-egun gehien dituenaren alde.

2.– Garbiketako edo sukaldeko langileen kategorietan deitutako edozein hautaketa-prozesutan eskatutako kategoriara sartzeko prozeduretan probak gainditzeari dagokion baremoaren atalean puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

3.– Lan-poltsetan egoteari dagokion baremoaren atalean puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Saileko ikastetxe publikoetako lehen enplegu-harremanaren data, eskatutako kategorian.

5.– Berdinketak jarraitzen badu, lehen abizenaren hurrenkera alfabetikoa izango da, G letratik hasita, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren 2021eko urriaren 14ko Ebazpenaren arabera. Ebazpen horren bidez, argitara ematen da 2022-2023 ikasturtean ordezkapenak egiteko hautagaiak kudeatzeko prozesuan ordena alfabetikoa zehaztuko duen letraren zozketaren emaitza, bai eta ikasturte horretan dei daitekeen beste edozein hautaketa-prozesutan ere (2021eko urriaren 28ko EHAA, 215. zk.).

10.3.– Izangaiek plaza aukeratu ondoren, lortu nahi duten kategorian lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, hautatu diren pertsonak zehaztuko dira.

Hautatutako pertsonen kopuruak ezin izango du gainditu kategoria bakoitzean merezimendu-lehiaketa honetarako deitutako plazen kopurua.

10.4.– Eskainitako plazen zerrenda.

Hautaketa-prozesu bakoitzerako eskainitako plazen zerrendan honako hauek adieraziko dira: plazaren izena, ikastetxea, destinoko herria eta esleitutako ordainsari-maila.

10.5.– Plazak hautatzeko eskabideak.

Lanpostuak bide elektronikoz hautatzeko, Enplegu Publikoaren Atarian eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu publikoa /

Plazak aukeratzeko eskabideetan, desgaitasuna duten pertsonentzako sarbide-modalitatearen araberako parte-hartzaileek plaza edo plazak egokitzeko eskatu ahal izango dute.

Eskatutako egokitzapena bidezkoa den eta eskatutako plazei esleitutako zereginak betetzearekin bateragarria den zehazte aldera, Hezkuntza Saileko Prebentzio Zerbitzuak izangaiei dei egin ahal izango die. Era berean, izapide hori betetzeko, 4. oinarrian adierazitako IVAPen bulegoetara jo beharko da, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako edozein bulegotan aurkeztu.

Oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera lanpostua garaiz eta behar bezala aukeratzen ez dutenek galdu egingo dituzte hautaketa-prozesuetan parte hartzeagatik dagozkien eskubideak.

10.5.1.– Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitateko izangaientzako arau espezifikoa.

Ezinduentzat gordetako sarbide-modalitatean parte hartzen dutenek plazak hautatzeko lehentasun-hurrenkera aldatzeko eskatu ahal izango diote epaimahaiari. Eskaera hori mendetasun-arrazoietan, mugitzeko zailtasunetan edo antzekoetan oinarritu beharko da, eta, eskaera horrekin batera, Administrazioko organo eskudunak (foru-aldundietako sail eskudunak, IMSERSOk edo baliokideak) alegatutako arrazoiak onartzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera (2271/2004 Errege Dekretua, desgaitasuna duten pertsonak enplegu publikoan sartzea eta lanpostuak betetzea arautzen duena).

10.6.– Plazak hautatzeko epea amaituta, hautatutako pertsonen eta esleituko diren plazen behin-behineko zerrenda egingo da, kontuan hartuta eskatutako baldintzak betetzen diren, izangai bakoitzaren puntuazio-ordena eta adierazitako lehentasunak. Zerrenda hori Langileak Kudeatzeko Zuzendariaren ebazpen bidez argitaratuko da, 4 oinarrian adierazitako lekuetan, eta 10 egun balioduneko epea ezarriko da erreklamazioak aurkezteko. Txanda irekiari hasiera batean esleitutako plazei gehituko zaizkie desgaitasuna dutenentzat gordetako txandan bete gabe geratu diren plaza guztiak.

Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamaziook ebatzi ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Langileak Kudeatzeko Zuzendariaren Ebazpena, non adieraziko baita hautatutako pertsonen behin betiko zerrendak eta esleituko diren lanpostuak 4 oinarrian adierazitako lekuetan egongo direla ikusgai.

10.7.– Kategoria bakoitzean hautatutako izangaien behin betiko zerrendekin batera, hautatutako ordezko izangaien zerrenda egingo da, ordenatuta eta kopuru berean.

Hautatutako ordezkoen zerrenda hori erabiliko da aldez aurretik hautatutako izangairen batek izaera hori galtzen badu, honako arrazoi hauengatik:

– Langileak kudeatzeko Zuzendariaren aurrean aurkeztutako hautaketa-prozeduratik eratorritako eskubideei uko egiteagatik, lan-kontratuak sinatu arte, egun hori barne.

– egon daitezkeen errekurtsoak zenbatetsiz.

– eskatzen den dokumentazioa ez aurkezteagatik edo aurkezpenetik ondorioztatzen bada 2. oinarrian eskatzen diren baldintzetako bat ez duela betetzen edo eginkizunak betetzeko eskatzen den gaitasun fisiko eta psikikoa ez duela.

Aipatutako hiru kasuetako bat gertatuz gero, ordezkoen zerrendan agertzen den puntuazio-hurrenkeraren arabera hautatutako pertsonen zerrenda osagarria argitaratuko da, eta aipatutako inguruabarren ondorioz hutsik geratu diren plazak adina izangai hautatuko dira.

10.8.– Hautapen-prozesuaren ondorioz plaza hutsik geratzen bada hautatuak ez daudelako edo deitutako plazei dagozkien hautagairik ez dagoelako, deklarazioak, hala badagokio, aurreikuspen hau ekarriko luke berekin: salbuespenezko deialdi hau ebatzi ondoren, plaza horiek handitu ahal izango dira deitzen diren ondorengo hautaketa-prozesuetako plazen kopurua.

11.– Dokumentuak aurkeztea.

11.1.– Hautaketa-prozedurak gainditu dituzten izangaiek dokumentuak aurkeztea:

Hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, pertsona horiek Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak eskatzen dizkien dokumentuak aurkeztu beharko dituzte. Agiri hauek baino ez dira aurkeztu beharko: prozeduran zehar modu frogagarrian egiaztatu ez direnak edo eskatzaileen baldintza pertsonalei buruzkoak, prozeduran zehar mantendu behar direnak, hala nola desgaikuntza-, ezintasun- edo bateraezintasun-inguruabarrik ez izatea edo desgaitasun-mailaren aitorpenari eustea modalitate honetan parte hartu dutenentzat.

11.2.– Dokumentuek bete beharreko baldintzak.

Aurkeztu beharreko dokumentuek jatorrizkoak izan behar dute, edo lokalizatzailea edo sinadura elektronikoa duten dokumentuak, aldaezinak izan daitezen.

Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko da. Dokumentu bat beste hizkuntza batean idatzita badago, dokumentu horrekin batera zinpeko itzulpena aurkeztu beharko da.

11.3.– Aurkezteko lekua eta epea.

Hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 egun balioduneko epea egongo da dokumentuak Langileak kudeatzeko Zuzendaritzan aurkezteko.

11.4.– Bete nahi den lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun funtzionala zehazteko eta, horrela, hautatutako pertsonek beren lanpostuaren eginkizunak eraginkortasunez eta autonomiaz bete ahal izango dituztela egiaztatzeko, osasun-azterketa egiteko deituko zaie, 2.3.f) oinarrian aurreikusitakoaren arabera. Azterketa horren emaitza «gai» edo «ez gai» izango da, eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari helaraziko zaio.

Justifikaziorik gabe osasun-azterketara joaten ez badira, ez-gaitzat joko dira. Justifikatutako arrazoirik badago, beste egun batean joan beharko da osasun-azterketara, eta ez dago justifikaziorik proba behin betiko salbuesteko.

11.5.– Dokumentuak ez aurkeztearen ondorioak.

Aipatutako epearen barruan dokumentazioa aurkezten ez dutenek, ezinbesteko kasuetan izan ezik, edo dokumentazioa aztertuta ondorioztatzen bada 2. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dutela, edo dagozkien zereginak betetzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa ez dutela, ezin izango dute langile lan-kontratudun finkoa izan, eta haien jarduketa guztiak baliogabetuta geratuko dira, eskaera faltsutzeagatik izan dezaketen erantzukizunari kalterik egin gabe.

12.– Langile lan-kontratudun finko gisa kontratatzea.

Behin dokumentazioa aurkezteko epea amaituta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Langileak Kudeatzeko Zuzendariaren ebazpena, aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duten pertsona hautatuen zerrenda zehazten duena. Era berean, langile lan-kontratudun finkoa izateko nahitaezko izapideak formalizatzeko epea ezarriko da.

Ezarritako egunetan eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, kontratua sinatzen ez dutenek galdu egingo dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioko langile lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak.

13.– Lan-poltsa.

Hautaketa-prozesuak amaitzean, garbiketako eta sukaldeko ekoizpen-gorabeherak eragindako behin-behineko eta bitarteko langileen zerrendak mantenduko dira.

Merezimendu-lehiaketa honek ez du lan-poltsa handitu edo sortuko.

14.– Datu pertsonalen tratamendua.

Parte-hartzaileek emandako datu pertsonalak hautaketa-prozedura honetan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Datu horiek «Hautaketa- eta hornikuntza-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueraren Tratamendu Jardueren Erregistroan tratatu eta sartuko dira (Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza da erregistro horren arduraduna), prozedura horren kudeaketaren ondoriozko administrazio-izapideak egiteko eta aplikatu beharreko lege-betebeharrak betetzeko behar den tratamendua emateko.

Hala badagokio, datu-lagapenaren hartzaile izan daitezke Estatuko Administrazioko organo eskudunak, Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk, sindikatuak eta langileen batzordeak.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea dute, bai eta webgunean kontsulta daitezkeen beste eskubide batzuk ere: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01sedepd/es/transparencia/049100-capa2-es.shtml

Bai datu pertsonalen tratamendua, bai datu horiek hirugarrenei lagatzea eta datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, datuen aurka egiteko eta datu horiek transferitzeko eskubideak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (2018ko abenduaren 6ko BOE), Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoaren arabera arautuko dira.

II. ERANSKINA

Hezkuntza Sailari atxikitako sukaldeko enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuaren oinarri espezifikoak.

1.– Deitutako plazak.

283 sukalde-plazarako deialdia egiten da; horien artean, 25 desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako sarbide-modalitatean eta 258 sarbide orokorreko modalitatean, guztiak ere hizkuntza-eskakizunik gabe.

2.– Parte hartzeko betekizunak.

2.1.– Plazak eskuratu nahi dituztenek oinarri orokorren 2. atalean ezarritako baldintza orokorrak bete behar dituzte.

2.2.– Langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatik ordaindu beharreko tasaren zenbatekoa 11,72 eurokoa da.

2.3.– Oinarri orokorretako 2.3.e) atalean xedatutakoari dagokionez, sukaldeko plazetara sartzeko eskatzen den titulazioa honako hau da:

– Eskola-ziurtagiria edo baliokidea, edo eskola-graduatua edo baliokidea, edo DBHko graduatua edo baliokidea, edo titulazio handiagoa.

Titulazio baliokideak Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren webgunean kontsulta daitezke (https://www.todofp.es/convalidaciones-equivalencias-homolociones/equivalencias.html).

3.– Hautaketa-prozesua.

Hautaketa-sistema lehiaketa izango da, eta gehienez ere 100 puntu lor daitezke.

Prozesuaren kalifikazioa baremo honen arabera emandako puntuen baturak zehaztuko du:

3.1.– Esperientzia.

Esperientzia orokorraren eta esperientzia espezifikoaren ataletan lortutako puntuazioa batuz lortuko da esperientzia bakoitzeko guztizko puntuazioa.

Atal bakoitzean, esperientzia-mota bakoitzerako eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten azken 20 urteetan lan egindako aldiak batuko dira, eta, esperientzia egin ondoren, hilabete baino gutxiagoko zatiak baztertuko dira. Ondorio horietarako, hilabetetzat 30 eguneko multzoa hartuko da. Esperientziagatik 60 puntu emango dira gehienez, baremo honen arabera:

a) Esperientzia orokorra.

Esperientzia orokortzat hartzen dira edozein administrazio publikotan –baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan ere–, erakunde autonomoetan edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan sukaldaritza gisa edo aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan ezarritako eginkizunen antzekoetan emandako zerbitzuak, alde batera utzita funtzionario- edo lan-harremana den.

Gainerako administrazio publikoetan emandako zerbitzuak alegatu beharko dira egiaztagiriaren kopia sinple bat aurkeztuta.

Dokumentu horrek, administrazio bakoitzak erabakitzen duen ereduan, lan egindako aldiak banakatu beharko ditu, taldea, kidegoa, aukera, eskala, mota edo kategoria eta plazaren izena zehaztuz.

Merezimendu gisa alegatu nahi den esperientzia duen lanpostuaren izena ez badator bat lanbide-kategoria bakoitzerako oinarri espezifikoetan ezarritakoarekin, lanpostuaren monografiaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, lanpostu horren eginkizunak eta zereginak zehaztuta.

Esperientzia hori lan egindako hilabete bakoitzeko 0,0416 punturekin baloratuko da, eta gehienez ere 10 punturekin.

b) Esperientzia espezifikoa.

Esperientzia orokorraren baloraziotik bereizita eta haren osagarri, berariaz baloratuko dira emandako zerbitzu hauek:

– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko langile lan-kontratudunen hitzarmeneko sukaldeko lanpostuetan.

Esperientzia hori baloratzeko, 0,2083 puntu emango dira lan egindako hilabete bakoitzeko, 50 puntu gehienez ere.

3.2.– Langile lan-kontratudun finkoa izateko prozeduretan probak gainditzea eta ordezkapen-zerrendetan egotea.

Gehienez ere 40 puntu emango zaizkie merezimendu hauei:

a) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikita dauden sukaldeko langile lan-kontratudun finkoen kategoriako plazak betetzeko 2002. urtean egindako hautaketa-prozesuetan (2001eko irailaren 19ko EHAA, asteazkena) oposizio-fasea gainditzeagatik 5 puntu emango dira (lehenengo eta bigarren ariketak gainditzeagatik).

b) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko sukaldaritza-kategoriako lan-poltsetan sartzea 30 punturekin baloratuko da gehienez, honela:

– Lan-poltsan sukaldeko kategorian izena emanda egotea: 5 puntu.

– Lan-poltsan sukaldeko kategorian izena emanda egotea, azken bost urteetako birbaremazio-prozesuetako batean gutxienez birbarematutako zerbitzuekin: 25 puntu.

c) Euskararen ezagutza baremo honen arabera baloratuko da:

– 1. hizkuntza-eskakizuna: 5 puntu.

Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) kontsulta egingo da. Egiaztatutzat joko dira aipatutako erregistroan izena emanda duten hizkuntza-eskakizunak, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan ondorio horietarako ezarritako egiaztapen-data baino lehenagokoak badira.

Erregistro horretan jasota ez dauden euskara-ziurtagiri edo -tituluak dituztenek deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ezartzen den eguna baino lehen aurkeztu beharko dute egiaztagiria.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen hizkuntza-eskakizunen baliokideak diren ziurtagiriak eta tituluak azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan zehazten dira (297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena; 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena).

4.– Lehentasun-klausula aplikatzea.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.2 artikulua aplikatzeko, ez da aplikatuko artikulu horretan aurreikusitako berdinketa hausteko klausula, ez baitago emakumeen azpiordezkaritzarik sukaldeko plazetan.

III. ERANSKINA

Hezkuntza Sailari atxikitako garbitzaileen enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuaren oinarri espezifikoak.

1.– Deitutako plazak.

Garbiketako langileen 197 plazarako deialdia egin da. Plaza horietatik 9 desgaitasuna duten pertsonentzat dira, eta gainerako 188ak txanda irekikoak. Ez da hizkuntza-eskakizunik eskatu.

2.– Parte hartzeko betekizunak.

2.1.– Plazak eskuratu nahi dituztenek oinarri orokorren 2. atalean ezarritako baldintza orokorrak bete behar dituzte.

2.2.– Langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatik ordaindu beharreko tasaren zenbatekoa 11,72 eurokoa da.

2.3.– Oinarri orokorretako 2.3.a) atalean xedatutakoari dagokionez, honako titulazio hauek eskatzen dira garbiketako langileen plazetara sartzeko:

– Eskola-ziurtagiria edo baliokidea, edo eskola-graduatua edo baliokidea, edo DBHko graduatua edo baliokidea, edo titulazio handiagoa.

Titulazio baliokideak Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren webgunean kontsulta daitezke (https://www.todofp.es/convalidaciones-equivalencias-homolociones/equivalencias.html).

3.– Hautaketa-prozesua.

Hautaketa-sistema lehiaketa izango da, eta gehienez ere 100 puntu lor daitezke.

Prozesuaren kalifikazioa baremo honen arabera emandako puntuen baturak zehaztuko du:

3.1.– Esperientzia.

Esperientzia orokorraren eta esperientzia espezifikoaren ataletan lortutako puntuazioa batuz lortuko da esperientzia bakoitzeko guztizko puntuazioa.

Atal bakoitzean, esperientzia-mota bakoitzerako eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten azken 20 urteetan lan egindako aldiak batuko dira, eta, esperientzia egin ondoren, hilabete baino gutxiagoko zatiak baztertuko dira. Ondorio horietarako, hilabetetzat 30 eguneko multzoa hartuko da.

Esperientziagatik 60 puntu emango dira gehienez, baremo honen arabera:

a) Esperientzia orokorra.

Esperientzia orokortzat hartzen dira edozein administrazio publikotan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta haren erakunde autonomoak barne–, erakunde autonomoetan edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan garbiketako langile gisa edo aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan ezarritako eginkizunen antzekoak betetzen emandako zerbitzuak, alde batera utzita funtzionario- edo lan-harremana.

Gainerako administrazio publikoetan emandako zerbitzuak alegatu beharko dira egiaztagiriaren kopia sinple bat aurkeztuta.

Dokumentu horrek, administrazio bakoitzak erabakitzen duen ereduan, lan egindako aldiak banakatu beharko ditu, taldea, kidegoa, aukera, eskala, mota edo kategoria eta lanpostuaren izena zehaztuz.

Merezimendu gisa alegatu nahi den esperientzia duen plazaren izena ez badator bat lanbide-kategoria bakoitzerako oinarri espezifikoetan ezarritakoarekin, dagokion plazaren monografiaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, lanpostu horren eginkizunak eta zereginak zehaztuta.

Esperientzia hori lan egindako hilabete bakoitzeko 0,0416 punturekin baloratuko da, eta gehienez ere 10 punturekin.

b) Esperientzia espezifikoa.

Esperientzia orokorraren baloraziotik bereizita eta haren osagarri, berariaz baloratuko dira emandako zerbitzu hauek:

– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko langile lan-kontratudunen hitzarmeneko garbiketako langileen lanpostuetan.

Esperientzia hori baloratzeko, 0,2083 puntu emango dira lan egindako hilabete bakoitzeko, 50 puntu gehienez ere.

3.2.– Langile lan-kontratudun finkoa izateko prozeduretan probak gainditzea eta ordezkapen-zerrendetan egotea.

Gehienez ere 40 puntu emango zaizkie merezimendu hauei:

a) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikita dauden Lan Garbiketako langile finkoaren kategoriako lanpostuak betetzeko 2002. urtean egindako hautaketa-prozesuetan (2001eko irailaren 19ko EHAA, asteazkena) oposizio-fasea gainditzeagatik 5 puntu emango dira (lehenengo eta bigarren ariketak gainditzeagatik).

b) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko garbitzaileen kategoriako lan-poltsetan sartzea 30 punturekin baloratuko da gehienez, honela:

– Garbiketako langileen kategoriako lan-poltsan inskribatuta egotea: 5 puntu.

– Azken bost urteetako birbaremazio-prozesuetako batean gutxienez birbarematutako zerbitzuak dituzten garbiketako langileen kategoriako lan-poltsan inskribatuta egotea: 25 puntu.

c) Euskararen ezagutza baremo honen arabera baloratuko da:

– 1. hizkuntza-eskakizuna: 5 puntu.

Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) kontsulta egingo da. Egiaztatutzat joko dira aipatutako erregistroan izena emanda duten hizkuntza-eskakizunak, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan ondorio horietarako ezartzen den egiaztatze-data baino lehenagokoak badira.

Erregistro horretan jasota ez dauden euskara-ziurtagiri edo -tituluak dituztenek deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ezartzen den eguna baino lehen aurkeztu beharko dute egiaztagiria.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen hizkuntza-eskakizunen baliokideak diren ziurtagiriak eta tituluak azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan zehazten dira (297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena; 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena).

4.– Lehentasun-klausula aplikatzea.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.2 artikulua aplikatzeko, ez da aplikatuko artikulu horretan aurreikusitako berdinketa hausteko klausula, ez baitago emakumeen azpiordezkaritzarik garbiketako langileen lanpostuetan.


Azterketa dokumentala