Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2022ko abenduaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5680

AGINDUA, 2022ko abenduaren 9koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren programa (ISV Sustapena) hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko laguntzen 2023. urteko deialdia.

Argitaratu berri da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira estatu kideek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoetarako laguntzari dagokionez (NPBren plan estrategikoak) –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatutako laguntza–, eta indargabetzen baitira 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak. Gainera, 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 43. artikuluak jasotzen du mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean esku-hartzea nahitaezkoa dela estatu kide guztientzat, eta 57. artikuluek eta hurrengoek, berriz, zein diren mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean egin beharreko esku-hartze motak eta esku-hartze horretarako Batasunaren finantza-laguntza.

Ondoren, estatu-eremuan, Espainiako Erresumaren 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) Plan Estrategiko Nazionala argitaratu da. Plan horren helburua da nekazaritza, elikadura eta landa-eremuak modu jasangarrian garatzea, gizartearen elikadura-segurtasuna bermatzeko, sektore lehiakorraren eta landa-ingurune biziaren bidez. Europako Batzordeak onartu du plan hori 2022ko abuztuaren 31n.

Nekazaritza Politika Erkideari buruzko araudi berria indarrean jartzean, Espainiako mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa (PASVE) ez da NPEtik isolatutako neurria izango, eta NPEren Plan Estrategikoaren parte izango da, esku-hartze bat gehiago balitz bezala. Hori dela eta, orain Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektoreko Esku-hartze gisa (ISV) ezagutuko da.

Azkenik, Estatuan, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua argitaratu da, zeinaren bidez arautzen baita mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreko esku-hartzea, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 227/2014 Dekretuak ezartzen ditu Europako Erkidegoko erregelamenduak eta Estatuko oinarrizko araudia garatzeko eta aplikatzeko arauak (227/2014 Dekretua, abenduaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko Europako Erkidegoaren laguntza-neurriak aplikatu eta garatzekoa). Arau horrek abenduaren 22ko 630/2009 Dekretua indargabetu eta ordeztu du, hain zuzen ere, laguntza hauek arautzen dituzten funtsezko arauetan egindako aldaketak txertatzea ahalbidetzeko.

Bestalde, agindu honen bidez, deialdia egiten da urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuan ezarritako laguntzak emateko, baina laguntza horien gastua Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren 2024ko aurrekontuari egotziko zaio. Horrenbestez, laguntza horiek eraginkorrak izateko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko Aurrekontu Orokorretan behar besteko kreditua eduki behar da, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko 2007ko apirilaren 26ko Aginduan. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da ardogintzako produktuak hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko jarduerei laguntzeko 2023. urteko deialdia egitea, betiere 2023ko maiatzaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean garatzen badira.

Bigarrena.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.

1.– Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da ardogintzako produktuak hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko jarduerei laguntzeko eskabideak aurkezteko epea, eta 2023ko urtarrilaren 15ean bukatuko da.

2.– Eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztuko dira, ebazpen honen 3. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

3.– Eskabideak, justifikazioak eta gainerako dokumentazioa nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

https://www.euskadi.eus/servicios/1223001

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1223001

Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, honen bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/micarpeta, edo

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5.– Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia eskuragarri dago https://www.euskadi.eus helbidean, eta agindu honen III. eranskin gisa argitaratzen da.

Hirugarrena.– Egokitzapena.

Laguntza hauek xedapen eta erregelamendu hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 Erregelamendua (EB) (apirilaren 15eko 2016/1149 EB Erregelamendu Delegatuak osatua); Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua; Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1150 Betearazpen Erregelamendua (EB); urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreko esku-hartzea arautzen duena, eta abenduaren 9ko 227/2014 Dekretua, edo horiek ordezten dituzten araudiak.

2023ko laguntzak arautzen dituen araudia ezagutarazteko, bat etorriz abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren 7.2 artikuluan xedatutakoarekin, agindu honen I. eranskinean jasotzen da araudia, ekitaldi horretan aplikatzekoa zein erreferentziazkoa.

Laugarrena.– Balorazio-batzordea.

Bat etorriz abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren 10.2 artikuluan xedatutakoarekin, «Aurkeztutako eskaerak balioesteko, balorazio-batzorde bat eratuko da, hauek osatuta: elikagaien industriaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren titularra edo haren ordezkoa (batzordeko zuzendaria izango da), eta batzordekide izango diren beste bi pertsona. Azken bi horiek elikagaien industriaren arloko eskumena duen sailburuordetzaren mendeko zuzendaritzako teknikarien artean hautatuko dira, eta sailburuordetzaren titularraren ebazpenez izendatuko. Izendapen-ebazpenean batzordeko idazkaria era izendatuko da, zeinak hitza izango baitu, baina botorik ez».

Bosgarrena.– Baldintza.

Agindu hau eraginkorra izateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretan, behin betiko ebazpenaren unean, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

Seigarrena.– Bateraezintasuna.

Agindu honen bidez deitzen diren laguntzak bateraezinak izango dira xede bereko beste edozeinekin, eta, bereziki, «Lehiatu Sustapena» laguntzen programan aurreikusitakoekin.

Ezingo dira agindu honetan jasotako laguntzen kontura finantzatu Euskadiko Landa Garapenerako Programan bildutako neurriak, ez eta europar funtsekin finantzatutakoak ere. Laguntza hauek ezingo dira inola ere Eusko Jaurlaritzak edo Foru Aldundiek helburu berdinerako finantzatutako beste edozein laguntzekin batera hartu edo horiekin osatu. Zehazkiago, bateraezinak izango dira landa-garapenerako programetatik eratorritakoekin.

Zazpigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Zortzigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 9a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
MAHASTIZAINTZA ETA ARDOGINTZAKO ESKU-HARTZE SEKTORIALAREN PROGRAMA (ISV SUSTAPENA) HIRUGARREN HERRIALDEETAN SUSTATZEKO ETA KOMUNIKATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA

I.– Ekintza-motak eta programen iraupena.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren 58.1 artikuluaren lehenengo paragrafoaren k) letran aipatutako esku-hartzea programen bidez gauzatuko da, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 2. artikuluan definitzen den bezala. Programa horiek aipatutako errege-dekretuaren XX. eranskinean zerrendatutako ekintza eta azpiekintza bat edo batzuk izan ahalko dira, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorearen lehiakortasuna hobetzera eta merkatuak ireki, dibertsifikatu eta sendotzera bideratuak.

Halako ekintzak programa baten barruan gauzatu beharko dira, hala zehazten baita urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren 30. puntuan, eta programa hori 2023ko maiatzaren 1etik 2023ko abenduaren 30era bitartean garatu beharko da.

Hirugarren herrialde bateko merkaturako laguntzaren gehieneko iraupena, 905/2022 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako definizioaren arabera, urtebetekoa izango da, 4. apartatuan kalitate bereiziko figura batek (JDB edo AGB) babestutako ardoetarako adierazitakoa izan ezik.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 58.1 artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, gehienez hiru urteko iraupena izango dute BJD edo AGB duten ardoen merkataritza-irteerak finkatzeko hirugarren herrialdeetan egiten diren sustapen- eta komunikazio-ekintzek, eta ezin izango dira luzatu. Muga hori onuradun jakin bati aplikatuko zaio hirugarren herrialde bateko merkatu batean, eta, horretarako, herrialde, eskualde, ekintza, azpiekintza eta xede-taldea konbinazioa hartuko dira kontuan.

II.– Onuradunak.

1.– Hirugarren herrialdeetan sustapen-neurriak finantzatzeko laguntza-eskabideak honako hauek aurkez ditzakete:

a) Ardogintzako enpresak. 905/2022 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten ardogintzako enpresak. Eskabidea aurkezteko eguna baino lehen eratuta behar dute enpresek.

b) Mahastizaintzako eta ardogintzako ekoizleen erakundeak, eta erakunde horiek biltzen dituzten elkarteak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 152. eta 156. artikuluei jarraituz definituak.

c) Lanbidearteko erakundeak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 157. eta 158. artikuluen arabera definituak eta maila nazionalean aitortuak, eta Espainian aitortuak Nekazaritzako elikagaien lanbidearteko erakundeak arautzen dituen abenduaren 30eko 38/1994 Legean xedatutakoari jarraituz.

d) Erakunde profesionalak: halakotzat hartuko dira haien azpiekintza gehienbat ardoaren sektorean egiten dutenak, eta estatuan aitortuta daudenak indarreko araudiarekin bat etorriz, betiere estatutuetako helburuen artean sustapen-azpiekintzak egitea jasota badute.

e) Ardogintzaren adierazpen geografiko babestuen eta jatorri-deitura babestuen kudeaketa- eta ordezkaritza-organoak eta haien elkarteak.

f) Bi ekoizle edo gehiago biltzen dituzten aldi baterako elkarteak edo elkarte iraunkorrak, baldin eta beren helburuen artean ardoa sustatzeko eta merkaturatzeko ekimenak garatzea badute.

g) Kooperatibek berek edo kooperatibakideek egindako ardoak merkaturatzen dituzten kooperatibak.

h) Ardogintzaren sektoreko enpresez bakarrik osatutako irabazi asmorik gabeko elkarteak, helburuen artean ardoak kanpoan sustatzea dutenak.

i) Hirugarren herrialdeetan produktuak eta merkatuak sustatzeko eta komunikatzeko jarduerak garatzeko legez ezarritako eskumena duten erakunde publikoak, baldin eta erakunde hori ez bada laguntzaren onuradun bakarra.

Ekoizleak biltzen dituzten aldi baterako elkarteek edo elkarte iraunkorrek ordezkari bat izendatu beharko dute, ahalmen nahikoa izango duena elkarteak laguntzen onuradun den aldetik izango dituen betebeharrak konplitzeko, hala ezartzen baita azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 11.3 artikuluan. Elkarteko kide guztiak onuradun izango dira, eta elkartean jarraitu beharko dute eskaera egiten denetik azaroaren 17ko 38/2003 Legean ezarritako finantza-kontroleko betebeharrak bukatu arte.

2.– Onuradunek, langile-kopuruaren, enpresaren tamainaren eta azken urteetako lan-esperientziaren arabera, frogatu beharko dute gaitasun tekniko nahikoa dutela hirugarren herrialdeekiko merkataritza-harremanen eskakizunei aurre egiteko, eta badaukatela baliabide finantzario eta langile nahikoa bermatzeko neurria ahalik eta modurik eraginkorrenean aplikatzen dela. Horretaz gain, bermatu beharko dute aski produktu dutela, kantitate nahiz kalitatean, egindako sustapenaren ondorioz sor daitezkeen eskaerei epe luzeko erantzuna ziurtatzeko, behin sustapena bukatuta.

III.– Produktu eta herrialde onargarriak.

1.– Sustapeneko esku-hartzearen xede izan ahalko dira urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XXI. eranskinean zehaztuta dauden zuzeneko kontsumorako kalitatezko produktuak, baldin eta kategoria hauetako batean sartzen badira:

a) Jatorri-deitura babestu baten peko ardoak.

b) Adierazpen geografiko babestu baten peko ardoak.

c) Ardo-mahatsaren barietatea (edo barietateak) zehaztua duten ardoak.

2.– Merkataritza-irteerak sendotzeko programak jatorri-deitura eta adierazpen geografiko babestua duten ardoei buruzkoak baino ez dira izango.

3.– Hirugarren herrialde guztiak jotzen dira hautagarritzat sustapen-neurriak egiteko.

4.– Sustapen-neurriak egiteko hautagarritzat joko dira eskabide-inprimakian jasotako markak, «sustapen-programa honetan sartutako markak» izeneko atalean, hain zuzen ere.

IV.– Ekintzen eta programen ezaugarriak.

1.– Programek argiki definituta egon behar dute, eta, bereziki, zehaztuko dira helburu zehatzak, zer hirugarren herrialde edo merkatu duten helburu, zer ardo-mota landuko dituzten, zer ekintza eta azpiekintza gauzatu nahi diren eta haietako bakoitzak zer kostu izango duen gutxi gorabehera.

2.– Proposatutako estrategiak koherentea izan behar du programarako ezarritako helburuekin.

3.– Onuradunak bermatuko du proposatutako kostuek ez dituztela gaindituko merkatuaren prezio normalak, eta kostuen moderazioa betetzen dela.

4.– Sustapen-mezuak produktuaren berezko ezaugarrietan oinarrituko dira, eta helburu dituzten hirugarren herrialdeetako araudi aplikagarrira egokitu beharko dira.

5.– Jatorri-deitura babestua eta adierazpen geografiko babestua duten ardoen kasuan, produktuaren jatorria sustapenaren parte gisa adierazi beharko da.

6.– Hargatik eragotzi gabe aurreko 4. eta 5. apartatuetan adierazitakoa, marken erreferentziak sustapenaren parte izan daitezke, hala badagokio.

7.– Sustapen-materialak Europar Batasunaren ikurra izango du, eta adierazpen hau jasoko du: «Europar Batasunak finantzatuta». Ikurra eta finantzaketa-adierazpena Batzordearen 821/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduan ezarritako ezaugarri teknikoen arabera erakutsiko dira.

V.– Espedientearen fase desberdinetan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Pertsona fisikoentzat:

• Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, eskabidea aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiarena.

• Eskabidea aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion ekonomiako azpiekintzen eranskina.

– Pertsona juridikoentzat:

• Legezko ordezkariaren NANa.

• Enpresa eratzeko eskritura.

• Legezko ordezkariaren ahalordetze-eskritura.

• Entitatearen estatutuak.

• Eskabidea aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion sozietateen gaineko zerga.

– Bien kasuan:

• Sustapen-programa honetarako bakarra eta esklusiboa den kontuaren titulartasuna ziurtatzen duen agiri eguneratua, banku-erakundeak egina.

• Azken 3 urteetako finantza-aitorpenak eta/edo urteko txostenak (balantzea eta galera-irabazien kontua), ikuskatuak, legez behartuta badaude.

• Sustapen-programaren memoria deskriptibo zehatza, herrialdeka, eskualdeka, ekintzaka eta azpiekintzaka.

• Xede-taldearen taula, azpiekintza bakoitzeko eta eskatutako herrialdeka eta eskualdeka.

• Proposatutako kostuek merkatuko prezio normalak gainditzen ez dituztelako justifikazioa, eskatutako gastuaren zenbatekoa edozein dela ere (hiru aurrekontu identifikagarri eta konparagarri, ondasun edo zerbitzu berari buruzkoak, hiru hornitzaile gaitu desberdinenak, moduluka mugatutako kostuen edo kostu sinplifikatuen kasuetan izan ezik).

• Erantzukizunpeko adierazpenak, 905/2022 Errege Dekretuaren XXIII. eranskineko III. puntuaren arabera.

• Luzapenik egonez gero, lehenengo bi urteetako emaitzen txostena.

2.– Aldaketa-eskabide guztiak, aldaketa txikiak barne, 905/2022 Errege Dekretuaren 67. artikuluan deskribatuta dauden bezala, gutxienez azpiekintza egin baino 15 egun lehenago aurkeztu beharko dira, bigarren ebazpen-zatiko hirugarren puntuan deskribatutako bitartekoen bidez.

3.– Programa partez ordaintzea eskatzen bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– PDF artxibo pertsonalizatua.

– Laguntza-eskabidean sartutako ekintzen laburpen-txostena, azpiekintzetan banakatuta (azpiekintza bakoitzeko fitxa bat).

– Fakturak, ordainketa-ziurtagiriak eta aurkeztutako gastuen euskarri materiala.

– Lortutako emaitzen ebaluazioa, onuradunak programan hasieran aurreikusitako helburuak bete dituen egiaztatzeko.– Kontu bakar eta berariazkoaren bankuko kontu-laburpena.

– Kontu bakarrari lotutako txartelen bankuko kontu-laburpena.

– Konpentsazio-ordainketen kasuan, faktura igortzen duenaren ziurtagiria.

4.– Programaren azken ordainketa eskatzen bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– PDF artxibo pertsonalizatua.

– Laguntza-eskabidean sartutako ekintzen laburpen-txostena, azpiekintzetan banakatuta (azpiekintza bakoitzeko fitxa bat).

– Fakturak, ordainketa-ziurtagiriak eta aurkeztutako gastuen euskarri materiala.

– Lortutako emaitzen ebaluazioa, onuradunak programan hasieran aurreikusitako helburuak bete dituen egiaztatzeko.

– Finantza-egoeren ziurtagiria.

– Kontu bakar eta berariazkoaren bankuko kontu-laburpena.

– Kontu bakarrari lotutako txartelen bankuko kontu-laburpena.

– Konpentsazio-ordainketen kasuan, faktura igortzen duenaren ziurtagiria.

– Onuradunaren ziurtagiria, onartutako programaren administrazio- eta kudeaketa-gastuak justifikatzekoa.

– Sustapen-azpiekintzak egiten dituzten langileen gastuen justifikazioa.

– Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena, hau adieraziz:

• Ez duela jaso laguntza bateraezinik;

• Ez duela zorrik, itzultzeko ebazpen baten bidez aginduta;

• Sustapen-materiala Europar Batasuneko araudiarekin eta programa garatzen den hirugarren herrialdeko legeriarekin bat datorrela adierazten duen agiria, bai eta, hala badagokio, helmugara iritsi izanaren proba bat ere;

• Programa gauzatzean aurkeztu diren gastuak laguntza-eskabidean edo jakinarazitako aldaketetan sartutako ardoen markei bakar-bakarrik dagozkiela.

• Hala badagokio, eskatzaileari lotutako enpresek egindako gastuaren fakturazioari dagokiona.

VI.– Balorazio-irizpideak.

Aurkeztutako eskabideen balioespena bi fasetan egingo da:

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak laguntza-eskabideak aztertuko ditu, atal honekin bat datozen ikusteko, eta honako etapa hauen arabera ebaluatuko ditu:

a) Onargarritasuna egiaztatzeko fasea: 905/2022 Errege Dekretuaren 60. eta 61. artikuluetako baldintzak betetzen direla egiaztatuko da, bai eta proposatutako kostuek ez dituztela merkatuko prezio normalak gainditzen ere.

b) Lehenespen-fasea: aurreko fasea gainditu duten programei baino ez zaie aplikatuko. 905/2022 Errege Dekretuaren XXIV. eranskineko «Lehentasun-irizpideak» irizpideen arabera emango da puntuazioa.

2.– Gainera, 905/2022 Errege Dekretuaren XXIV.– 3. eranskinean ezarritako irizpidean oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegok erabakitako balorazio-irizpide hauek aplikatuko zaizkio:

a) ETEek egindako programak, bat etorriz Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Gomendioarekin: 20 puntu.

b) ETEak ez direnek egindako programak, bat etorriz Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin: 10 puntu.

c) JDB edo AGB kalitate-bereizgarriren bati lotutako produktuak barne hartzen dituzten programak: 20 puntu.

d) Ardo-mahatsaren barietatea (edo barietateak) zehaztua duten produktuak barne hartzen dituzten programak: 15 puntu.

c) eta d) irizpideak bateraezinak dira. Bi kategoria horien gaikuntza gertatzen bada, 20 puntu emango dira.

e) Eskabidea egitean indarrean dagoen ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria duten produktuak barne hartzen dituzten programak: 5 puntu.

f) Onuradunek garatutako programak, eskabidea egin den unean indarrean dauden ingurumen-ziurtagiriak, ingurumena babesteko neurriak ezarri direla egiaztatzen dutenak: 5 puntu.

3.– Bazter utziko dira 25 puntu lortzen ez duten programak.

4.– Bat etorriz abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren 10.2 artikuluan xedatutakoarekin, laugarren ebazpen-zatian deskribatutako balorazio-batzordea sortu zen, aurkeztutako eskabideak baloratzeko.

VII.– Laguntza emateko ebazpena.

1.– Nekazaritza eta Landa Garapeneko Konferentzia Sektorialak funtsen banaketari buruzko akordioa lortu ondoren, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak eskabideak ebatziko ditu, eta onuradunei jakinaraziko dizkie.

2.– Ebazpena aldekoa bada, onuradunek, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraziko diote, gehienez hilabeteko epean, dirulaguntza onartzen dutela ezarritako baldintzetan, eta, halaber, egikaritze onaren bermea gordailutu izana justifikatzen dutela, bat etorriz Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/127 (EB) Erregelamendu Delegatuan aurreikusitako baldintzekin, zeinaren zenbatekoa ez baita izango Europar Batasunaren finantzaketaren zenbatekoaren % 15 baino txikiagoa, programa behar bezala egikaritzen dela bermatzeko. Egikaritze onaren bermea gordailutzeko justifikazioa onartzen dela jakinarazten ez bada edo aurkezten ez bada, laguntzari uko egin zaiola ulertuko da, eta espedientea artxibatu egingo da bestelako izapiderik gabe.

VIII.– Ekintzak eta programak aldatzea.

1.– Hasieran onartutako sustapen-programaren aldaketak aurkeztu ahal izango ditu onuradunak, bi aldaketa-mota bereiziz:

a) Aldaketa handia, aldaketa txikia ez den oro.

b) Aldaketa txikia, 5. paragrafoan zehaztutako ezaugarriak dituena.

2.– Aldaketa guztiak jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko dira. Oro har, fakturaren datak aldaketaren eskabide-data baino geroagokoa izan beharko du.

3.– Honako aldaketa hauek ez dira onartuko:

a) Programa onartzeko aurkeztu ziren helburu orokorrak aldarazten dutenak.

b) Onargarritasun-baldintzak aldatzea dakartenak.

c) Onartutako edo aldatutako programaren aurrekontua % 20 baino gehiago murriztea dakartenak.

d) Programa egikaritzearen atzeratzea dakartenak.

e) Laguntza-eskabideak lehenespen-fasean jaso zuen puntuazioa aldatzea dakartenak, zeinaren ondorioz hautatutako eta hautatuak izan ez diren eskabideen arteko puntu-kopuruaren azpitik geratuko bailirateke.

4.– Azpiekintza egin baino gutxienez 15 egun lehenago aurkeztu beharko ditu onuradunak aldaketa handienak; nolanahi ere, aldaketa-eskabidea aurkezteko azken eguna 2023ko azaroaren 15a izango da.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak aurkeztutako aldaketa-eskabide nagusiak ebaluatuko ditu, eta haien emaitza jakinaraziko die onuradunei, bi hilabete igaro baino lehen.

Jakinarazpen hori banaka egin ahal izango da aldaketa bakoitzerako, edo batera, aurkeztutako aldaketa guztietarako.

Azpiekintza bat ez egitea aldaketa handitzat hartuko da beti.

5.– Aldaketa txikiek ez dute agintaritza eskudunaren aurretiazko baimenik beharko. Azpiekintza egin baino gutxienez 15 egun lehenago aurkeztu beharko ditu onuradunak aldaketa txikiak; nolanahi ere, aldaketa-eskabidea aurkezteko azken eguna 2023ko azaroaren 15a izango da.

Aldaketa txikitzat hartuko dira onartutako programa bateko azpiekintzen arteko finantza-transferentziak, onartutako edo aldatutako zenbatekoaren % 20raino gehienez.

6.– Artikulu honetan xedatutakoa gorabehera, organo eskudunak, salbuespen gisa, aurreko apartatuetan adierazitako baldintzetara egokitzen ez diren aldaketak baimendu ahal izango ditu ezinbesteko kasuetan edo salbuespenezko inguruabarretan.

7.– Onartutako edo aldatutako aurrekontuak gehitzea dakarten aldaketek emandako dirulaguntza doitzea ekarriko dute.

8.– Onartutako aurrekontuak gehitzea dakarten aldaketek ez dute ekarriko emandako dirulaguntza handitzea.

9.– Onuradunak bere horretan mantenduko du egikaritze onaren bermea gordailutzeko betebeharra, zeinaren zenbatekoa hasieran emandako dirulaguntzaren gainean kalkulatuko baita.

VIII.– Finantzaketa.

1.– Sustapen- eta komunikazio-ekintzetarako Batasunaren finantza-laguntzak ez du gaindituko gastu diruz lagungarrien % 50, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 59.7 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Onuradun bakoitzak eskatutako laguntzaren gehieneko zenbatekoa ezin izango da izan sustapenaren esku-hartzera bideratutako aurrekontu osoaren % 5 baino handiagoa; aurrekontu hori dagokion ekitaldirako mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialerako finantzaketa-fitxan jasotakoa da.

IX.– Aurrerakinak.

1.– Onuradunak aurrerakin-eskabide bat aurkez diezaioke Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, Europar Batasunaren urteko kontribuzioaren zenbatekoaren % 80ra irits daitekeena.

2.– Aurrerakina ordainduko da baldin eta onuradunak berme bat eratu badu, gutxienez Eusko Jaurlaritzako erakunde ordaintzailearen aldeko aurrerakinaren zenbateko berekoa, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamenduaren 64. artikuluarekin eta Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/127 Erregelamendu Delegatuaren IV. kapituluarekin, zeinak osatzen baitu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamendua, erakunde ordaintzaileei eta beste organo batzuei, finantza-kudeaketari, kontuen likidazioari, bermeei eta euroaren erabilerari buruzko arauekin. Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian gordailutuko dira bermeak.

X.– Ordainketak.

1.– Europar Batasunaren urteko kontribuzioa ordainketa bakarrean edo bitarteko ordainketen bidez jasotzeko eskatu ahal izango da. Egindako eta ordaindutako ekintzei edo azpiekintzei buruzkoak izango dira eskabideak. Ordainketa-eskabide guztiak –aurrerakin-eskabideak izan ezik– onargarritzat jo daitezen, V. apartatuko 2. puntuan deskribatutako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko dira gutxienez.

2.– Ordainketa guztiak horretarako bakarrik sortutako banku-kontu bakar baten bidez egingo dira, salbu eta Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak ezarritako salbuespen-kasuetan.

3.– Bitarteko ordainketen eskabideak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari aurkeztu behar zaizkio, lau hileko aldi bakoitza bukatu eta hurrengo hilabetea bukatu baino lehen, maiatzaren 1etik aurrera.

Bitarteko ordainketek eta urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 70. artikuluan aurreikusitako aurrerakinaren ordainketak guztira ezingo dute Europar Batasunaren kontribuzio osoaren % 80 gainditu.

4.– Urteroko bakoitzaren ekintzak bukatu ondoren, eta otsailaren 15a baino lehen, onuradunak laguntzaren azken ordainketa ordain diezaioten eska dezake Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan.

5.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak edota Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsak gehienez 90 eguneko epean egingo dituzte ordainketak, ordainketa-eskabidea osorik jasotzen duten egunetik aurrera. Epe hori eten egin ahal izango da Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egindako jakinarazpenaren bidez, baldin eta informazio gehiago jasotzea edo egiaztapenen bat egitea beharrezkoa dela iritziz gero.

6.– Ordainketa-eskabide guztiekin batera, finantza-egoeren ziurtagiri bat aurkeztuko da, eta, han, epigrafe honen hurrengo apartatuan oro har adierazten diren egiaztapen guztiak jasoko dira gutxienez.

Finantza-egoeren ziurtagirian zehaztuko da egin diren egiaztapenak oro, eta adieraziko dira onuradunak laguntza jaso ahal izateko betekizunak eta arau aplikagarriak ez dituela betetzen pentsarazi lezaketen gertakariak eta salbuespenak oro. Beraz, informazio hori zehatz eta argi eman beharko da, organo kudeatzaileak modua izan dezan hurrengo apartatuan adierazten diren puntuen gaineko erabakia hartzeko. Betiere, egiaztatutako atal guztietan ateratako ondorioak adieraziko dira, bai eta ez-betetzeak eta/edo aukeratu ezineko gastuak zein diren ere.

Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritza Institutuko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako kontu-auditore batek egingo du finantza-egoeren ziurtagiria, Kontu Auditoretzaren uztailaren 20ko 22/2015 Legearen 27. artikuluan adierazitako finantza-bermea ematearren, eta egokiro frogatu beharko du proposatutako gastuak diruz laguntzeko modukoak eta benetakoak direla.

7.– Finantza-egoeren ziurtagirietan, oro har, honako hauek egiaztatu behar dira:

a) Onuradunak egiazki izandako gastuak izango dira, edo onuradunak erakunde antolatzaile baten esku utzi badu sustapen- edo komunikazio-programaren edo haren zatiren bat aplikatzea, erakunde horrek izandako gastuak izan behar dira.

b) Onartutako programaren aurrekontuan agintari eskudunek gastu diruz lagungarritzat jotzen dituztenak dira, programa gauzatzeko beharrekoak direnak, agintari eskudunek sustapen-programako indarreko azken ebazpenean onartutakoari jarraituz.

c) Gastuak identifikagarriak eta egiaztagarriak dira: kontsignatuta daude, esaterako, sustapen-ekintzak gauzatzen dituen onuradunaren edo erakundearen kontabilitatean, eta zehaztuta daude onuradunari edo erakundeari aplika dakizkiekeen kontabilitate-arauen arabera.

d) Bat datoz lege fiskal eta sozial aplikagarrien betekizunekin.

e) Gastuak zentzuzkoak eta justifikatuak dira, eta finantza-kudeaketa onaren irizpidea betetzen dute, bereziki ekonomiari eta efizientziari dagokionez.

f) Onuradunak bere gain hartutako gastuak egiaztatzen dituzten jatorrizko fakturak dauzka, eta enpresaren erregistroetan daude adierazita.

g) Justifikatzen diren gastuak ordaintzeko, berariazko kontu bakarra erabili da.

h) Ordaintzeko erabilitako kreditu-txartelak berariazko kontu bakar horri lotuta daude.

i) Onuradunak aurkeztutako berariazko kontu bakarraren banku-laburpena aurkeztu du, eta hor daude jasota justifikatutako ordainketa guztiak, laguntza ordain dakiola eskatzeko oinarri.

j) Hirugarrenei eta/edo zerbitzu-hornitzaileei azpikontratatutako sustapen-ekintzak eta -azpiekintzak justifikatuta daude zein bere fakturarekin eta benetan egindako ordainketaren agiriarekin.

k) Justifikatutako sustapen-azpiekintza guztiak egin dira aldi hautagarriaren barruan, hau da, 2023ko maiatzaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra.

l) Egindako sustapen-azpiekintzetan izandako joan-etorrien bidaia-txartelak edo ontziratze-txartelak aurkeztu dira, honenbestean aurkeztutako dietenak izan ezik (taxia, busa...).

m) Egindako sustapen-azpiekintzek euskarri teknikoak dituzte: CDak, argazkiak, liburuxkak, bideoak, prentsa-oharrak, dastaketa-koadernoak, edo antzekoak, bai eta erabilitako sustapen-materiala helmugara heldu delako ebidentziak ere.

n) Langile-gastuak egiaztagiriek eusten dituzte, bat etorriz urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 68. artikuluan eta XXVII. eranskinean adierazitakoarekin.

o) Aurkeztutako administrazio-gastuak aintzat hartu dira, bat etorriz urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 68. artikuluan eta XXVII. eranskinean adierazitakoarekin.

Berrikusitako faktura guztien zerrenda ere barne hartu beharko da, eta han adieraziko dira, hala badagokio, gorabeherak edo diruz lagungarritzat hartzen ez diren zenbateko partzialak edo guztizkoak.

8.– Era berean, ekintzak teknikoki justifikatzeko, onuradunari eska dakioke sustapen-ekintzak egin izana egiaztatzeko frogabideak aurkezteko.

9.– Oro har, tributuak gastu diruz lagungarritzat hartuko dira, baldin eta onuradunak benetan ordaindu baditu. Inoiz ez dira gastu diruz lagungarritzat hartuko berreskura edo konpentsa daitezkeen zeharkako zergak. Beraz, finantzaketatik kanpo geratuko dira BEZa (balio erantsiaren gaineko zerga) eta IGICa (Kanarietako zeharkako zerga orokorra), kengarriak diren heinean.

10.– Ordainketa-eskabidea kasu honetan soilik eman ahal izango da ontzat: onuradunak egiaztatzen duenean egunean dituela zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharra ere.

11.– Onuraduna elkarte bat izanez gero, ez da dirulaguntzarik ordainduko baldin eta elkarteko kideren batek aurreko puntuan ezarri diren betebeharrak egunean ez baditu.

XI.– Gastu diruz lagungarriak.

1.– Oro har, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira diruz lagundutako azpiekintzaren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, dagokion programa gauzatzeko aldian egiten direnak eta onuradunak ordainketa-eskabidea egin aurretik ordaintzen dituenak, organo eskudunak ezar ditzakeen salbuespenak izan ezik.

2.– Halaber, diruz lagungarriak izango dira:

a) Onuradunaren administrazio-gastuak, baldin eta ez badute gainditzen gauzatutako programaren kostu diruz lagungarri guztien % 4. Gastu horiek onuradunaren gastuak barne hartuko dituzte, hala nola administrazio- eta kudeaketa-gastuak (barneko gastu informatikoak, adibidez), idazkaritza- eta kontabilitate-gastuak, korrespondentzia, alokairua, komunikazioak, ohiko kontsumoak (ura, gasa, elektrizitatea, mantentze-gastuak) eta, hala badagokio, finantza-egoeren ziurtagiriari dagozkion gastuak (urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 70.8 artikuluan jasoa).

Diruz lagungarri izateko, gastu horiek berariazko partida gisa jaso beharko dira programaren laburbiltze-aurrekontuan. Gastu horiek onartutako programan egiaztatuko dituen onuradunaren ziurtagiriaren bidez justifikatuko dira.

Finantza-egoeren ziurtagiriari dagozkion kanpoko auditoretzen kostuak diruz lagungarritzat hartuko dira kanpoko erakunde independente eta kualifikatu batek egiten dituenean.

b) Langile-gastuak Onuradunak, filialek (Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/126 (EB) Erregelamendu Eskuordetuaren 31.7 artikuluaren zentzuan) edo, agintaritza eskudunak aldez aurretik baimenduta, ekoizle-erakunde bateko kide den kooperatiba batek bere gain hartutakoak, baldin eta finantzatutako programa jakin baten prestaketarekin, egikaritzearekin edo jarraipenarekin lotuta egin badira.

Langile-gastu horien barruan sartuko dira, besteak beste, onuradunak kontratatutako langileen gastuak eta langile iraunkorrek programa bat gauzatzeko inbertitzen dituzten lanorduen kopuruari dagozkion gastuak.

Onuradunak aurkeztu beharko ditu dagokion programarekin lotuta benetan egindako lanak zehazten dituzten egiaztagiriak. Programa jakin batekin lotutako langile-gastuaren balioa modu independentean ebaluatu eta egiaztatu ahal izango da, eta ez ditu gaindituko zerbitzu mota horri dagokion merkatuko gastu arruntak.

Onuradunaren langile iraunkorrek programa bat egikaritzearekin lotutako langile-gastuak zehazteko, honela kalkulatu ahal izango da aplikatu beharreko ordu-tarifa: programa egikaritzen lan egin duten langileen urteko azken soldata-gastu gordin dokumentatuak zati 1.720 ordu, edo modu proportzionalean, lanaldi partzialeko langileen kasuan.

Langile-gastuen batura ezingo da izan gauzatutako ekintzetan kostu diruz lagungarri guztien % 20 baino handiagoa; beraz, gastu horiek behar bezala xehatuta agertu beharko dute aurkezten den programaren laburbiltze-aurrekontuan.

Gastu horiek eta beste zenbait diruz laguntzeko baldintzak urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XXVII. eranskinean jasota daude.

3.– Gastu bat diruz lagungarri izango da, betiere:

a) baldin eta gastua eragiten duen sustapen-azpiekintza programaren urtaldian egin bada, hau da, maiatzaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta

b) baldin eta onuradunak justifikazio-epea bukatu baino lehen ordaindu badu gastua, hau da, otsailaren 15a baino lehen.

4.– Aitzitik, ez dira diruz lagungarri izango urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XXVIII. eranskinean aipatutako kostuak.

XII.– Bermeak kentzea.

1.– Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 79. artikuluan jasotako bermea askatuko da erakunde ordaintzaileak egiaztatzen duenean betebehar guztiak bete direla eta ondorioztatzen duenean aurrerakina txikiagoa dela Batasunak programa horretara bideratutako ekarpenari dagozkion gastu errealak baino.

2.– Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 66. artikuluan jasotako bermeak azken ordainketara arte izango du balioa, eta autonomia-erkidegoko erakunde ordaintzaileak berme hori bertan behera uztea erabakitzen duenean kenduko da.

XIII.– Materiala egiaztatzea.

Laguntzaren onuradunek ziurtatu beharko dute programen esparruan komunikaziorako eta sustapenerako prestatutako materiala bat datorrela bai Europar Batasuneko araudiarekin bai programa garatzeko hirugarren herrialdeko legediarekin. Horretarako, onuradunak erantzukizunpeko adierazpen bar aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta, han, adierazi beharko du materiala egokia dela, behar den araudi aplikagarria betetzen dela eta hartzaileak hirugarren herrialdean erabilitako sustapen-materiala helmugara heldu delako ebidentziak badaudela, xede herrialdeaz bestelako merkatu batean erabili ahal bada, betiere.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala