Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2022ko abenduaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5632

1811/2022 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen diren estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak Diplomadun Sanitarioak lanbide-taldeko Osasun Mentaleko Erizaina kategorian, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetan.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpenaren bidez onartu dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko deitutako hautaketa-prozesu hauetako oinarri orokorrak: 2020ko, 2021eko eta 2022ko urteetakoak eta egonkortzeko prozesukoak.

Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.

Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesuetarako deia egitea.

Bigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-probak (lehiaketa-oposizioko blokea eta lehiaketako blokea) arautuko dituzten oinarri espezifikoak onartzea (I. eranskina) Diplomadun Sanitarioak lanbide-taldeko Osasun Mentaleko Erizaina kategorian.

Hirugarrena.– Bloke bakoitzean (lehiaketa-oposizioko blokea eta lehiaketako blokea) eskainitako destinoen zerrenda onartzea, Ebazpen honekin batera doan II. eranskinaren bidez.

Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa onartzea (baremo bera da oposizio-lehiaketaren blokerako eta lehiaketaren blokerako).

Bosgarrena.– Ebazpen honen IV. eranskinean dagoen gai-zerrenda onartzea lehiaketa-oposizioko blokerako.

Seigarrena.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea 2023ko otsailaren 21etik 2023ko martxoaren 20ko 14:00ak artekoa izango da, hala ezarri baita oinarri orokorrak onartzen dituen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 1736/2022 Ebazpenaren 9.3 oinarrian.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren estatutu sozialak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 24a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROBAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK DIPLOMADUN SANITARIOAK LANBIDE-TALDEKO OSASUN MENTALEKO ERIZAINA KATEGORIAN

1.– Deialdiaren xede diren destinoak.

1.1.– Deialdi honen xede izango dira Diplomadun Sanitarioak lanbide-taldeko Osasun Mentaleko Erizaina kategoriako Osakidetzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak, II. eranskinean jasota daudenak, alegia.

1.2.– Deialdian sartutako destinoen % 7 desgaitasunen bat duten langileek betetzeko gordeko dira, II. eranskinean jasotako oinarri orokorretako 1.3 oinarrian ezarritako banaketaren arabera.

2.– Izangaiek bete beharreko eskakizunak.

Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, izangaiek, oinarri orokorretan ezarritako salbuespenak kenduta, aurkezteko epearen azken egunean bete beharreko eskakizunez gain, oinarri orokorretan jasota daudenak ere bete beharko dituzte, eta horiek kasuan kasu esleitzen den destinoa jabetzan hartu arte bete beharko dira:

a) Oinarri orokorretako 6.2.c) apartatuan xedatutakoarekin bat, OLTko titulua edo Erizaintzako Unibertsitate Diploma edo Erizaintzako Graduko titulua izatea, baita Osasun Mentaleko espezializazioko titulua ere, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emana, ezinbestekoa baita lanpostu funtzionalean aritzeko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.

b) Edonola ere, lortu nahi den lanpostuaren baldintzak betetzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak xedatutakoaren arabera, bai eta indarrean dagoen araudiak eskatzen duen beste edozein eskakizun betetzea ere.

c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen lanbide-taldearen arabera:

A2 taldea (B talde zaharra): 20 euro.

3.– Prozesua nola garatuko den:

3.1.– Lehiaketa-oposizioko blokearen eta lehiaketako blokearen lehiaketa-fase bateratua:

3.1.1.– Eskakizunen eta merezimenduen egiaztapena. Dokumentazioa aurkeztea.

Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendan onartuta dauden izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute –onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratzen den egunaren hurrengotik hasita– deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzen eta merezimenduen alegazioa egiteko, bai eta horien inguruko egiaztagiriak aurkezteko ere, 12.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.

Egiaztatutako merezimenduak III. eranskineko merezimenduen baremoaren arabera baloratuko dira, oinarri orokorretan ezarritako irizpideen arabera (12.2 oinarria).

3.1.2.– Oinarri orokorretako 14.1.1 apartatuan (lehiaketa-oposizioko blokea) eta 14.2.1 apartatuan (lehiaketako blokea) zehaztutako puntuazio-hurrenkeraren araberako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu ondoren, I. eranskinean agertzen diren proposatutako izangaiek honako dokumentu hauen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, 14.1.2 oinarrian (lehiaketa-oposizioko blokea) eta 14.2.2 oinarrian (lehiaketako blokea) zerrendatzen den dokumentazioaz gain:

– Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako OLTko titulua, Erizaintzako Unibertsitate Diploma edo Erizaintzako Graduko tituluaren fotokopia konpultsatua edo notarioaren testigantza, eta Osasun Mentaleko espezializazioko tituluarena, lanpostu funtzionala betetzeko eskatzen dena, Osakidetza Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.

Izangai bat aldi berean lehiaketa-oposizioko blokeko I. eranskinean eta lehiaketako blokeko I. eranskinean sartuta badago, dokumentazioa behin bakarrik aurkeztu beharko du, oinarri orokorretan ezarritakoaren arabera (14.1.2 oinarria).

3.2.– Lehiaketa-oposizioko blokeari dagokion oposizio-fasea:

Epaimahai kalifikatzaileari dagokio probaren edukia eta kalifikazioa zehaztea, eta, horretarako, hautaketa-prozesua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu eta prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko du.

Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan, bai proba prestatzeari dagokionez, bai lehiaketa-fasean. Aholkulariek epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizun bera izango dute.

Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari kanpoko erakunde aholkularietara jotzea ere eskatu ahal izango dio, probak prestatzeko eta oposizio-fasean probekin zerikusia duten gai guztietarako.

Probari idatziz erantzun beharko zaio, ematen den gehieneko denboraren barruan, eta galderak IV. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira:

Gai-zerrenda komunari buruzko galderak Osakidetzaren webgunean argitaratutako galdera-sortatik aterako dira.

Gai-zerrenda komunari buruzko galdera horiek prestatzeko bibliografia ere eranskin berean emango da.

Epaimahai kalifikatzaileari dagokio gai-zerrenda komuneko galderak hautatzea eta gai-zerrenda orokorreko galderak hautatzeari buruzko erabakiak hartzea. Epaimahaiak galdera horiekin guztiekin osatuko du, hain zuzen ere, ariketa teorikoa.

3.3.– Osasun mentaleko erizain gisa lanean dauden erizainak.

Osakidetzan Erizaina kategorian langile finko izendatuta dauden langileek, baldin eta 2018-2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintzako Osasun Mentaleko Erizainen kategoriako deialdiko eskabideak aurkezteko epearen azken egunean Osasun Mentaleko Erizain Espezialista titulua badute eta baldin eta uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua indarrean jartzearen ondorioz Osasun Mentaleko lanpostu bat betetzen badute titular gisa, aukera izango dute dauden lanpostu eta destino horretan geratzeko eta lanbide-kategoria berria finkatzeko. Horretarako, hautaketa-prozesuan izena ematean, modalitate horretan parte hartu nahi dutela adierazi behar dute, eta hautaketa-prozesua gainditu.

3.4.– Lanpostuez jabetzea.

Oinarri orokorretako 17. oinarrian aipatutako dokumentazioaz gain, deialdi honetako destinoren bat jabetzan hartzen dutenek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte lanpostuaz jabetzeko ekitaldian:

– Elkargokide-ziurtagiria.

II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA KATEGORIA HONETAN: OSASUN MENTALEKO ERIZAINA

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 1736/2022 Ebazpenaren bidez onartutako oinarri orokorretako 1. oinarrian xedatutakoaren arabera, destino hauek betetzeko deialdia egiten da:

1.– Lehiaketa-oposizio blokea:

Txanda askeko deialdia: 38 destino.

Sarbide orokorra: 35.

Erreserba-kupoa desgaitasunen bat duten pertsonentzat: 3.

– Adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa: 0.

– Bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa:3.

2.– Lehiaketako blokea:

Sarbide orokorra: 10 destino.

Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak (adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kupoa) ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek desgaitasunen bat duten langileentzako erreserba-kupoan gehituko dira (bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzako kupoa).

Desgaitasunen bat duten langileentzako destinoak ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek dagokion txandako sarbide orokorreko lanpostuetan gehituko dira; hots, barne-sustapenean edo txanda irekian.

Oinarri orokorretako 2. oinarrian ezarritakoaren arabera, deialdi honen xede diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoak, lehiaketa-oposizioko blokekoak zein lehiaketako blokekoak, zehaztuko dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko uneko zikloko destinoen behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu ondoren, deialdiaren xede diren kategoriak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2018-2019ko EPEko behin betiko esleipenaren ebazpena argitaratu ondoren. Bi horiek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez argitaratuko dira, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko dira.

III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA DIPLOMADUN SANITARIOAK LANBIDE-TALDEKO OSASUN MENTALEKO ERIZAINA KATEGORIAN, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETAN

1) Lan-esperientzia (gehienez, 60 puntu).

Eskabideak aurkezteko epearen azken egunaren aurreko 20 urteetan izangaiei aitortu zaien zerbitzaldia hartuko da kontuan.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituko da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.

1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan eta autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan osasun mentaleko espezialitateko erizain lanpostuetan edota erizaintza-arloko kudeaketa lanpostuetan egindako hilabete bakoitzeko: 0,23 puntu.

2.– Gizarte Segurantzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetan edota Europar Batasuneko gainerako estatu kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan osasun mentaleko espezialitateko erizain gisa edo erizaintzaren arloko kudeaketa-lanpostuetan emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,0575 puntu.

Barne-sustapeneko txandaren bidez sartzen diren langileei ondoren zehazten den moduan zenbatuko zaizkie aldez aurreko zerbitzuak:

a) E taldean eskainitako zerbitzuak: 0,05 puntu hilabete bakoitzeko.

b) D taldean eskainitako zerbitzuak: 0,07 puntu hilabete bakoitzeko.

c) C taldean eskainitako zerbitzuak: 0,09 puntu hilabete bakoitzeko.

d) B taldean eskainitako zerbitzuak: 0,12 puntu hilabete bakoitzeko.

e) Lortu nahi den lanpostu berean B taldean emandako zerbitzuak:

e.1) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan: 0,23 puntu hilabete bakoitzeko.

e.2) Gizarte Segurantzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, aurreko puntuan aipatu ez diren administrazio publikoetan edota Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan: 0,115 puntu hilabete bakoitzeko.

Zerbitzu-eginkizunetan edo goragoko kategoriako eginkizunetan emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.

Halaber, jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak.

2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (gehienez, 20 puntu):

A) Apartatu honetan, honako hauen arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:

a) Graduaurreko prestakuntza:

Espediente akademikoaren balorazioa honela egingo da:

(Ikus .PDF)

Ez dira ebaluatuko, eta, horregatik, ez dira zatitzailean sartuko, ez ofizialki baliozkotu diren ikasgaiak, ez erlijioko, prestakuntza politikoko, gorputz-hezkuntzako, etxeko zereginen irakaskuntzako, autopsia mediko-legaleko eta hizkuntzetako ikasgaien kalifikazioak, ezta Osasun Teknikari Laguntzaile / Erizaintzako Diploma / Erizaintzako Gradu ikasketen edo baliokideren berezko edukiarekin funtsezko loturarik ez duten beste ikasgai batzuen kalifikazioak.

b) Graduondoko prestakuntza:

– Cum laude doktore-titulua: 10 puntu.

– Doktore-titulua: 9 puntu.

– Graduondoko masterra: 6 puntu.

– Unibertsitateko Aditu edo Espezialista titulua: 5 puntu.

– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 4 puntu.

– Lizentzia-gradua (bikain edo ohorezko matrikula): 3 puntu.

– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,25 puntu.

– Lotutako bestelako unibertsitate-tituluak: 2,5 puntu.

Cum laude doktore gisa puntuazioa emanez gero, ez da punturik emango doktore gisa. Cum laude doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo Ikasketa aurreratuen diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.

c) Prestakuntza espezializatua:

– Ofizialki onartutako espezialitateren batean Erizain espezialistaren titulua izateagatik: 3 puntu.

Apartatu honetan, ez da baloratuko lortu nahi den kategoriako lanpostua lortzeko eskatutako titulua.

d) Hizkuntzak (gehienez, 3 puntu):

– Ingelesa: gehienez, 1,5 puntu.

– Frantsesa: gehienez, 1,5 puntu.

– Alemana: gehienez, 1,5 puntu.

e) Informatikako ezagutzak (gehienez, 2 puntu).

B) Apartatu honetan, eskaerak aurkezteko azken egunaren aurreko 10 urteetan amaitu den prestakuntza baloratuko da, eta honela egiaztatuko da:

a) Etengabeko prestakuntza:

Eskatutako destinoaren kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:

– 9 ordura arte: 0,20 puntu.

– 10 eta 19 ordu bitartean: 0,75 puntu.

– 20 eta 29 ordu bitartean: 1,25 puntu.

– 30 eta 49 ordu bitartean: 2 puntu.

– 50 eta 99 ordu bitartean: 3 puntu.

– 100 eta 249 ordu bitartean: 4 puntu.

– 250 eta 599 ordu bitartean: 5 puntu.

– 600 ordu edo gehiago: 6 puntu.

Ikastaroen egiaztagirian kreditu kopurua bakarrik jasota dagoenean, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:

– Kredituen Europako Sistemaren (ECTS) 1 kreditu: 25 ordu.

– Etengabeko Prestakuntza Batzordeko 1 kreditu: 10 ordu.

Ikastaroaren ordu kopurua eta kreditu kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai, baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inolaz ere 0,20 puntu baino gutxiago emango.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak baloratuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak ere, betiere titulu ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

b) Irakaskuntza-jarduerak:

– Unibertsitateko fakultateko irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,75 puntu.

– Dedikazio partzialeko irakaslea Erizaintzako Unibertsitate Eskolan (8 orduko): 0,050 puntu.

– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,750 puntu.

– Praktika klinikoko irakasle-tutorea, venia docendi delakoarekin (urteko): 0,750 puntu.

– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.

c) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena:

Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzearren, txostenak aurkeztearren, komunikazioak aurkeztearren, hitzaldiak ematearren edo mahai-inguruetan parte hartzearren:

– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.

– Estatuko txosten bakoitzeko: 2 puntu.

– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 3 puntu.

– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,30 puntu.

– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,20 puntu.

– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 2 puntu.

– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.

– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.

– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.

– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 4 puntu.

– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.

– Tesina bakoitzeko: 3 puntu.

Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.

3) Euskara:

– 2. HE: 18 puntu.

– 1. HE: 9 puntu.

IV. ERANSKINA
OSASUN MENTALEKO ERIZAINA

I.– GAI-ZERRENDA OROKORRA

1.– Gaixotasun mentala Historian zehar. Osasun mentaleko eta psikiatrikoko asistentzia psikiatrikoaren eta erizaintzako zainketen bilakaera.

2.– Teoria eta eredu psikologikoak eta psikiatrikoak. Osasun mentaleko arazoen oinarri biologikoak, psikologikoa eta sozialak. Normaltasun psikikoaren nozioa. Osasun mentalaren eta gaixotasun mentalaren inguruko oinarrizko kontzeptuak. Nahasmendu mentalen epidemiologia.

3.– Bioetikaren funtsezko oinarriak: erizaintzako kode deontologiko espainiarra. Sekretu profesionala: kontzeptua eta arauketa juridikoa. 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa. Osasun mentaleko arretaren alderdi etikoak eta legalak. 1/2022 Instrukzioa, unitate psikiatrikoetan edo osasun mentaleko unitateetan euste-baliabide mekanikoak edo farmakologikoak erabiltzeari buruzkoa.

4.– Norbanakoa, harreman-unitate eta izaki holistiko gisa. Gizakiaren prozesu psikologikoak eta jokabidea.

5.– Erizaintzako zainketen oinarri psikosozialak Osasun Mentalaren arloan.

6.– Pertsona-arteko harremana erizaintzako esku-hartzearen oinarrizko tresna gisa, Osasun Mentalean. Komunikazio- eta harreman-trebetasunak zainketari dagokionez.

7.– Osasun mentaleko erizaina eta taldeak: talde-lana eta taldeetako lidergoa.

8.– Osasun mentaleko erizaintzako teoriak eta modeloak. Erizaintza-prozesua Osasun Mentalean. Erizaintzaren metodologiaren aplikazioa osasun mentaleko zainketa-planak prestatzeko. Erizaintzako sailkapen-sistemak eta nosografiak.

9.– Psikopatologia, klinika psikiatrikoa eta erizaintzako zainketa deribatuak: kontzeptuak, kontzeptu orokorrak, forma klinikoak, sintomatologia, bilakaera, pronostikoa, tratamendua, erizaintzako diagnostikoak eta erizaintzako esku-hartzerik ohikoenak Osasun Mentaleko hainbat arazotan bizitza-zikloan zehar:

– Haurtzaroan eta nerabezaroan hasten diren nahasmenduak.

– Antsietate-nahasmenduak.

– Sintoma somatikoen eta disoziaziozkoen nahasmenduak.

– Nahasmendu psikotikoak.

– Gogo-aldartearen nahasmenduak.

– Nortasun nahasmendua.

– Elikadura-nahasmenduak eta elikagaiak hartzearen ingurukoak.

– Substantzien kontsumoarekin erlazionatutako nahasmenduak eta adikzio-nahasmenduak.

– Nahasmendu neurokognitiboak, nahasmendu-sindromea eta dementzia.

– Erritmo zirkadianoaren nahasmenduak.

– Nahasmendu suntsitzaileak, bulkaden kontrolarenak eta jokabidearenak.

– Agresibitatea eta indarkeria.

– Abusuak, tratu txarrak eta indarkeria familian.

– Diagnostiko duala duten pazienteak.

– Gaixotasun mental larriak eta iraunkorrak dituzten pertsonak.

– Adineko pertsonen arazo psikiatrikoak.

– Larrialdi psikiatrikoak: jokabide suizidak, aztoramendu psikomotorra, larritasun-krisiak, alkoholaren abstinentzia-sindromea.

10.– Osasun mentalerako heziketa. Prebentzioa eta osasun mentalaren sustapena. Psikoheziketa. Errehabilitazio psikiatrikoa.

11.– Psikofarmakologia eta beste esku-hartze terapeutiko mota batzuk Osasun Mentalean. Erizaintzako zainketa deribatuak.

12.– Ikerketa-metodologia: diseinua, bilketa eta analisia. Teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak. Lan zientifiko baten egitura metodologikoa eta faseak: kontzeptuala, diseinua eta planifikazioa, enpirikoa, analitikoa eta ezagutzera emateari dagokionez.

13.– Oinarrizko ikerketa erizaintzan: Arazoak identifikatzeko eta lehentasunak ezartzeko azterketak. Erizaintzara aplikatutako ikerketa: azterlan deskribatzaileak eta ikerketa-diseinuak erizaintzako diagnostikoaren arloan.

14.– Estatistika deskribatzailea. Banaketa motak eta banaketa definitzen duten parametroak. Estatistika inferentziala. Konfiantza-tarteak. Hipotesi-testak.

15.– Segurtasun klinikoa: pazientearen segurtasunaren oinarrizko kontzeptuak. Segurtasun-gorabeheren jakinarazpena. Gertakizun kaltegarrien saihesgarritasuna eta eragina.

16.– Genero-indarkeria. Tratu txarren aurrean jarduteko protokoloa.

GAI-ZERRENDA OROKORRAREN BIBLIOGRAFIA

1.– Fornés Vives J, Sánchez Ortuño MM. Enfermería de salud mental y psiquiátrica. Valoración y cuidados. 3. edizioa. Madril. Editorial Médica Panamericana. 2022.

2.– Fornés Vives J, Gómez Salgado J. Principales problemas de salud mental e intervención enfermera: Enfermería de salud mental y psiquiátrica II. Colección Líneas de Especialización en Enfermería, 4. Madril: Enfo Ediciones: Fundación para el desarrollo de la Enfermería (FUDEN); 2008.

3.– Megías-Lizancos F, Serrano MD. Enfermería en psiquiatría y salud mental. 2. edizioa. Madril: Difusión Avances de Enfermería (DAE, S.L.). 2009.

4.– Novel G, Lluch MT, Miguel MD. Enfermería psicosocial y salud mental. Bartzelona: Elsevier Masson. 2005.

5.– Ortiz de Zárate A, Alonso I, Ubis A, Ruiz de Azúa MA. Guías de cuidados de enfermería en salud mental.

– 1. liburukia. Patología dual. Bartzelona: Elsevier-Masson. 2009.

– 2. liburukia. T. mental grave de larga evolución. Bartzelona: Elsevier-Masson. 2010.

– 3. liburukia. Psicogeriatría. Bartzelona: Elsevier-Masson. 2010.

– 4. liburukia. Trastornos psicóticos. Bartzelona: Elsevier-Masson. 2011.

– 5. liburukia. Trastornos del estado de ánimo. Bartzelona: Elsevier-Masson. 2011.

– 6. liburukia. Adicciones. Bartzelona: Elsevier-Masson. 2011.

6.– Rigol Cuadra A, Ugalde Apalategui M. Enfermería de salud mental y psiquiátrica. 2. edizioa. Bartzelona: Elsevier Masson. 2007.

7.– Shives LR. Enfermería psiquiátrica y de salud mental: Conceptos básicos. 6. edizioa. Madril: McGraw-Hill Interamericana. 2007.

8.– Vallejo Ruiloba J. Introducción a la psicopatología y la psiquiatría. 8. edizioa. Bartzelona: Elsevier Masson. 2015.

9.– Eusko Legebiltzarraren 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, osasun arloko aurretiazko borondateena.

10.– NANDA-I. Diagnósticos enfermeros: Definiciones y clasificación 2021-2023. 12. edizioa. Bartzelona: Elsevier, 2020.

11.– Butcher HK, Bulechek GM, Dochterman JM, Wagner CM. Clasificación de intervenciones de enfermería (NIC). 7. edizioa. Bartzelona. Elsevier. 2018.

12.– Moorhead S, Swanson E, Johnson M, Maas ML. Clasificación de los resultados de enfermería (NOC). Medición de resultados en salud. 6. edizioa Bartzelona. Elsevier. 2018.

13.– Sánchez MA. Bioética en ciencias de la salud. Elsevier Masson. 2021.

14.– Erizaintzako kode deontologiko espainiarra.

https://www.consejogeneralenfermeria.org/pdfs/deontologia/codigo_deontologico.pdf

15.– 147/2015 Dekretua. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua. Euskadiko osasun-sistemako pertsonen eskubideei eta betebeharrei buruzko adierazpena.

16.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena.

17.– Jarduketa gida osasun arloko profesionalentzat genero indarkeriaren eta sexu erasoen aurrean Euskadin nola jardun jakiteko. Gasteiz: Osakidetza. 2019. Eskuragarri:

https://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/guia_violencia_genero/eu_def/adjuntos/guia_rap_viol_genero_eu.pdf

18.– Hernández R, Mendoza CP. Metodología de la investigación. Las rutas cuantitativa, cualitativa y mixta. 1. edizioa. Mexiko. Mc Graw-Hill. 2018.

19.– Salamanca Castro AB. El aeiou de la investigación en enfermería. 2. edizioa. Madril. FUDEN. 2018.

20.– Jardunbide onak ezartzeko tresna (2. edizioa). 2012. Eskuragarri:

https://rnao.ca/sites/rnao-ca/files/Toolkit_en15.pdf

21.– Pazientearen Segurtasun Estrategia 20 20.

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/cinfo_estrategia_seg_paciente/eu_def/adjuntos/ESTRATEGIA2020_eu.pdf

22.– 38/2012 Dekretua, martxoaren 13koa, historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzkoa. Eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/bopv2/datos/2012/03/1201512e.pdf

23.– Euskadin Suizidioa Prebenitzeko Estrategia. Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Osakidetza 2019.

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/estrategia_prevencion_suicidio/es_def/adjuntos/euskadin-suizidioa-prebenitzeko-estrategia.pdf

24.– Fornés Vives J, Gómez Salgado J. Educación para la salud mental. Enfermería de salud mental. Madril. Enfo Ediciones. Fundación para el desarrollo de la Enfermería (FUDEN); 2008. 2008.

25.– 1/2022 Instrukzioa, urtarrilaren 19koa, Estatuko Fiskaltza Nagusiarena, unitate psikiatrikoetan edo osasun mentaleko unitateetan eta adinekoen eta/edo desgaituen egoitza-zentroetan eta/edo zentro soziosanitarioetan euste-baliabide mekaniko edo farmakologikoak erabiltzeari buruzkoa.

II.– GAI-ZERRENDA KOMUNA

1.– Osasun-lanbideen araudia.

2.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitatea.

3.– Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutua.

4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioa.

5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoa.

6.– Osakidetzako paziente eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

7.– Pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak informazio eta dokumentazio klinikoko gaietan.

8.– Osasunaren arloko aurretiazko borondateak.

9.– Datu Pertsonalak Babesa eta Eskubide Digitalak Bermatzea.

10.– Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.

11.– Marko Estrategikoa.

12.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak.

13.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan.

14.– Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategia.

15.– Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko III. Plana.

GAI-ZERRENDA KOMUNAREN BIBLIOGRAFIA

1.– 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa.

2.– 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzkoa.

3.– 55/2003 Legea, abenduaren 16koa, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuarena.

4.– 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena.

5.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena.

6.– 147/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sistemako pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena.

7.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena.

8.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, osasun-arloko aurretiazko borondateena.

9.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

10.– 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa, martxoaren 3ko 1/2022 Legearen bigarren aldaketa barne.

11.– Marko Estrategikoa. Osasun Saila. 2021-2024.

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/marco_estrategico_2021_2024/eu_def/adjuntos/Marco-Estrategikoa-Osasun-Saila-2021-2024.pdf

12.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak 2013-2020.

http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/eu_pub/adjuntos/osasun_plana_2013_2020.pdf

13.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 20 20.

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/cinfo_estrategia_seg_paciente/eu_def/adjuntos/ESTRATEGIA2020_eu.pdf

14.– Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategia (2021-2024).

https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/doc_sosa_soziosanitario_estrat/eu_def/adjuntos/estrategia_sociosanitara_187x280_eu_web.pdf

15.– Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko III. Plana 2022-2028.

https://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/osk_trbg_planes_programas/eu_def/adjuntos/Osakidetzan-Euskararen-Erabilera-Normalizatzeko-III-Plana-2022-2028.pdf


Azterketa dokumentala