Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2022ko abenduaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5454

EBAZPENA, 2022ko urriaren 25ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen da «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. Linea eraikitzeko proiektua. Galdakao-Ospitalea tartea».

2005eko otsailaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak behin betiko onartu zuen Bilbo Metropoli eremuko trenbidearen antolamenduari buruzko Euskadiko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektoriala aldatzea.

Aldaketa horrek Aperribai auzotik igarota Galdakaoko hiriguneari zerbitzua emango zion metroaren adar bat egitea jasotzen zuen, beste ekintza batzuen artean.

2007ko abenduaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak «BHT Galdakaora sartzeko informazio-azterketa idazteko Laguntza Teknikoa» kontratatzeko lehiaketa publikorako deialdia egin zuen, eta, 2008ko urriaren 29an, Garraio eta Herri Lan Saileko Zerbitzuetako zuzendariaren ebazpenaren bitartez FULCRUM enpresari esleitu zitzaion kontratua.

Izandako lizitazio eta esleipen-prozesu luzeak iraun zuen bitartean, trazadura Usansoloraino luzatzea gomendatzen zuten hainbat azterketa urbanistiko eta funtzional amaitu ziren, hartara handik hurbil dagoen Eskualdeko Ospitaleari zerbitzua emateko.

Ildo horretatik, informazio-azterlana egiteko laguntza teknikoko kontratuan metroko linea Usansoloraino luzatzea eta ibilbidean bi geltoki gehiago jartzea (Galdakaoko Ospitalean eta EuskoTrenekin aldatzeko geltokia Usansolon) jaso zen, eta azterketaren hasierako izena aldatu eta «BHTren 5. linearen Informazio Azterketa» izena jarri zitzaion.

Aurrerago, informazio-azterlana bitan banatu zen, Ariz-Galdakao Hirigunea eta 5. linea berriko Galdakao-Usansolo tarteekin bat eginda.

2016ko irailaren 27ko ebazpenaren bitartez, jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko espedientea, eta behin betiko «Bilboko Hiri Trenbidearen 5 linearen informazio-Azterlana. Galdakao Erdigunea-Ospitalea Tartea» onartzen dira.

2011ko martxoan, 5. lineako eraikuntza-proiektuak idazteko lanei ekin zitzaien. Proiektu hori Galdakao-Ospitalea tartea zehazten duen proiektuaren zati da, eta 2013an amaitu zen idazketa. Proiektu horiek BHTk ustiatuko zituela kontuan hartuta idatzi ziren.

2021ean, proiektu horiek eguneratu egin ziren, bai araudiari dagokionez, bai ustiapenari lotutako alderdiei dagokienez; kasu honetan, Euskotrenen esku egongo da ustiapena.

Dokumentu honek Bilboko Hiri Trenbidearen 5. lineako hirugarren tartea eraikitzeko proiektua jasotzen du, hain zuzen Galdakao-Ospitalea tartea.

Bilboko Hiri Trenbidearen (BHT) 5. linea berria Sarratuko (Basauri) eremuan hasi, BHTren Etxebarri-Ariz tarteari jarraipena emanez, eta Galdakaoko Ospitalean amaituko da. Ekialdera Bilbo Metropolitanoaren muga egiten duen azken udalerriko (Galdakao) biztanleei eta Basauriko Sarratu auzoari zerbitzua emateko diseinatu da.

Xede horretarako, lineak guztira bost geltoki ditu ibilbidean zehar: bat Basauriko udalerrian, Sarratuko geltoki intermodala, eta beste laurak Galdakaoko udalerrian: Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Ospitalea.

Galdakao–Ospitalea tarte hau 4+340 KPan hasten da, Aperribai-Galdakao aurreko tartea amaitzen den lekuan, eta Ospitaleko geltokia gainditu ondoren bukatzen da. Proiektuaren barruan sartzen dira lineako tunela (aurreko tartearekiko loturatik tartearen amaieraraino), Puentelatorreko larrialdietarako irteera eta ospitaleko geltokia, haitzuloan diseinatua.

Ebazpen honen bitartez onartzen den proiektuaren xedea da Bilboko metropoli-trenbidearen 5. linea berria hirugarren zatian ezartzeko egin behar den obra zibila eraikuntza mailan definitzea. Linea hori Euskotrenek ustiatzen du, eta Galdakaoko ospitalearen eta Usansolo auzoaren inguruan amaitzen da.

Galdakao-Ospitalea tarteak 4+340 KPtik lineako tunelaren amaieraraino doan linearen tartea jasotzen du, Ospitaleko geltokia igarota. Galdakaoko udal-mugartean garatzen da, eta ospitaleko geltokia eta Puentelatorreko larrialdietako irteera barne hartzen ditu.

BHTren 5. lineako Galdakao-Ospitalea tartearen eraikuntza-proiektu honek jasotzen dituen obra nagusiak honako hauek dira:

– BHTren 5. lineako bidearen plataforma eta gainegitura 4+340 KP eta 6+270 KParen artean.

– Puentelatorreko larrialdietako irteera.

– Ospitaleko haitzulo-geltokia.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua berrogeita zazpi milioi hogeita hamabost mila eta hogeita hemeretzi euro eta laurogeita bost zentimokoa (47.035.039,85 euro) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua hirurogeita bederatzi milioi laurehun eta hogeita hamahiru mila ehun eta hogeita bost euro eta laurogeita hiru zentimokoa (69.433.125,83 euro) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua BEZik gabe: berrogeita hamazazpi milioi bostehun eta berrogeita lau mila seiehun eta hirurogeita bi euro eta hogeita bi zentimokoa (57.544.662,22 euro) da.

Obrak egiteko berrogeita sei (46) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) zerbitzu teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua, eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du trenbide-sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2 b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Bilboko Metropoli Trenbidearen 5. Linea eraikitzeko proiektua. Galdakao-Ospitalea tartea» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hirurogeita bederatzi milioi laurehun eta hogeita hamahiru mila ehun eta hogeita bost euro eta laurogeita hiru zentimokoa (69.433.125,83 euro) da, eta obrak egiteko epea berrogeita sei (46) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, hargatik eragotzi gabe aldez aurretik errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 25a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala