Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2022ko abenduaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5451

EBAZPENA, 2022ko urriaren 6koa, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariarena, zeinaren bidez ebazten baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2021eko urriaren 14ko Aginduaren bidez abian jarritako deialdia. Agindu horren bidez, hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuei buruzko sustapen eta informazio-programetarako zein egintzetarako laguntzen 2022. urterako deialdia egin zen.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2021eko urriaren 14ko Aginduaren bidez, hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programetarako zein -egintzetarako laguntzen 2022. urterako deialdia egin zen (2021eko urriaren 22ko EHAA, 211. zk.).

Deialdi horri honako hauek aplikatuko zaizkio: 1308/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2013ko abenduaren 17koa, nekazaritza-produktuen Merkatuen Antolaketa Bateratua sortzen duena; 2016/1149 (EB) Erregelamendu Eskuordetua, Batzordearena, 2016ko apirilaren 15ekoa; 2016/1150 (EB) Exekuzio-Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 15ekoa; eta 1363/2018 Errege Dekretua, azaroaren 2koa, Espainiako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreari 2019-2023 aldian laguntzeko programaren neurriak aplikatzeko dena, baita 227/2014 Dekretua ere, abenduaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoan mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea laguntzeko Europako Erkidegoak emandako neurriak garatu eta aplikatzekoa.

Aipatutako 2021eko urriaren 14ko Aginduan ezarritako epearen barruan, eta bertan ezarritako prozeduraren arabera, laguntza-eskabideak aurkeztu ziren.

2021eko urriaren 14ko Aginduan eratu eta 2022ko martxoaren 15eko Aginduaren bidez aldatutako Balorazio Batzordeak aurkeztu ziren eskabideak aztertu eta baloratu ondoren, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuan xedatutakoaren arabera, behin-behineko zerrenda bat egin zen lehenetsitako programa hautatuekin, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziara bidali zen data honetan: 2022ko martxoaren 15ean.

Autonomia-erkidegoen proposamenak aztertuta, Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziak, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoa betez, hautatutako ekintzak eta programak eta, tartean, Euskal Autonomia Erkidegoarenak, biltzen zituen behin betiko zerrenda onartu zuen 2022ko martxoaren 22an.

Ikusita Sektoreko Konferentziak onartu duen behin betiko zerrendan Euskal Autonomia Erkidegoarenak diren programak, eta abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoa betez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honen eranskinean zerrendatzen diren eskatzaileei laguntzak ematea hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programetarako zein -egintzetarako, 2023ko NBEF ekitaldia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2021eko urriaren 14ko Aginduaren babespean, hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programetarako zein -egintzetarako laguntzak deitzen dira 2022ko ekitaldirako, eta aipatu eranskinean zehazten dira diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa eta onuradun bakoitzari aitortutako zuzeneko laguntzaren zenbatekoa; hala, guztizko zenbatekoa 10.624.492,57 euro (diruz lagun daitekeen gastuaren % 46,00a) da, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren kontura (NBEF).

Bigarrena.– Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 11. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoa betez, ebazpen hau jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunek ebazpen honen eranskinean zehazten den laguntza onartu dutela jakinarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen aldeko berme bat eratu dela ere, emandako laguntzaren zenbatekoa baino ehuneko 15 txiki izango dena gutxienez.

Abala honela aurkeztu ahal izango da:

Aurrez aurre: abalaren jatorrizkoa aldez aurretik gordailutuko da Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusian (Lakua II – 1. solairua), 09:00etatik 13:00era artean.

Telematikoki: Eusko Jaurlaritzaren Bermeen Erregistroan:

1.– Banketxe/Elkarrekiko Berme Sozietate/Aseguratzaile batek digitalki sinatutako abal/kauzio-aseguruen kasuan, horiek posta elektronikoz bidali ahal izango dira TesoreriaAval@euskadi.eus helbidera.

2.– Eskudirutan eratutako abalak banku-transferentziaren bidez egin ahal izango dira. Interesdunak erregistratzeko behar diren datuak bidaliko ditu Tesoreria-Aval@euskadi.eus helbidera. Hauek dira: enpresaren izena eta IFZ, abalaren zenbatekoa, espediente-zenbakia, «hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuei buruzko sustapen- eta informazio-programetarako zein -egintzetarako, 2023ko NBEF ekitaldia» laguntza-kontzeptua eta bermea Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen alde eratu dela. Datuak egiaztatu ondoren, dirua sartzeko kontu-zenbaki bat emango da eta, behin sartuta, egiaztagiria bidali beharko da. Diru-sarrera egin dela egiaztatu ondoren, bermea erregistratuta geratuko da. Hirugarrena alta emanda ez badago, horretarako behar den dokumentazioa eskatuko da.

Justifikazio-gastuen ordainketa guztiak sustapen-ekintzetarako eta programetarako bakar-bakarrik erabiliko den banku-kontu baten bitartez egingo dira.

Hirugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, erakunde interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 6a.

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria,

RAÚL PÉREZ IRACHETA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala