Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

236. zk., 2022ko abenduaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5360

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 28koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bitartez dirulaguntzak ematen baitira euskal kultura-ondarea katalogatu, digitalizatu, kontserbatu eta OAI-PMH biltegien bitartez hedatzeko, 2022ko ekitaldirako.

2022ko irailaren 1eko EHAAn (168. zk.) argitaratu zen 2022ko uztailaren 27ko Agindua, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bitartez euskal kultura-ondarea katalogatu, digitalizatu, kontserbatu eta OAI-PMH biltegien bitartez hedatzeko dirulaguntzak emateko araubidea arautzen baita, eta 2022ko ekitaldirako deialdia egiten baita.

Eskabideak aurkezteko epea, Aginduaren 9.1 artikuluak dioenez, 2022ko urriaren 3an amaitu zen.

Aginduaren 13. artikuluan aurreikusitako Balorazio Batzordea bildu zen, eta, eskabideak aztertu ondoren, proiektuak baloratu ziren, Aginduaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Balorazio Batzordearen ebazpen-proposamena ikusita, eta aipatutako Aginduaren 16. artikuluan eta gainerako xedapen orokorretan ezarritakoarekin bat etorrita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– I. eranskinean zerrendatzen diren erakundeei bertan adierazitako dirulaguntzak ematea.

Bigarrena.– Pertsona eta erakunde onuradunak dirulaguntzak arautzen dituen Aginduak ezarritako baldintzen mende geratzen dira, bai eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eremuan indarrean dauden gainerako baldintza orokorren mende ere.

Horri dagokionez, pertsona/erakunde onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektuak deialdia arautzen duen Aginduaren I. eranskinean agertzen diren baldintza teknikoen arabera egiten direla ziurtatzea.

b) Proiektuak gauzatzea dirulaguntzaren xede diren arloetan espezialistak diren enpresak kontratatuz (erakunde eta instituzio espezializatuen kasuan izan ezik).

c) Ziurtatzea ez direla katalogatzen eta/edo digitalizatzen pertsonen segurtasunari, ohoreari, osasunari, intimitateari edo irudiari eragin diezaioketen datu pertsonalak dituzten baliabideak, ez eta genero-indarkeriari dagozkionak, Estatuaren segurtasunari eta merkataritzako sekretuari eragiten diotenak, eta Konstituzioan eta legeetan zabalkunderako aurreikusitako salbuespenak edo mugak dituzten beste edozein ere.

d) Jabari publikoan dauden materialak digitalizatu ondoren jabari publikoan mantentzeko konpromisoa hartzea.

e) Lizentzien esleipen oker edo desegoki baten ondoriozko erantzukizun oro bere gain hartzea.

f) Diruz lagundu daitezkeen gastuak deialdia ebazten den unetik 2023ko irailaren 15era bitartean (egun hori barne) sortu eta ordainduko direla bermatzea.

g) Eskatzaile guztiek, biltegi propioa izan zein ez, Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuari bidali beharko diote dirulaguntzaren esparruan egindako lanen emaitza. Horretarako azken eguna 2023ko irailaren 15a izango da, egun hori barne. Entrega disko gogor ateragarri batean edo USB memoria batean egingo da, eta disko/memoria bat entregatu beharko da aurkeztutako proiektu bakoitzeko.

h) Biltegi propioa duten eskatzaileek, gainera, dirulaguntzaren esparruan katalogatu eta/edo digitalizatutako erregistroetarako berariaz sortutako setaren URLa bidali beharko dute. URL hori 2023ko irailaren 15era arte, egun hori barne, bidali ahalko da helbide elektroniko honetara:

euskadikoliburutegidigitala@euskadi.eus

Hirugarrena.– Diruz lagundutako jarduera guztiak amaitzeko epea 2023ko irailaren 15a izango da, egun hori barne, dirulaguntza arautzen duen Aginduaren 8.15 artikuluarekin bat etorriz.

Emandako dirulaguntzen justifikazioa, likidazioa eta ordainketa egiteko, Aginduaren 18., 19. eta 20. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio. Era berean, kontuan hartu beharko da dirulaguntzen erakunde onuradunek 2023ko irailaren 15a baino lehenago aurkeztu ahal izango dituztela justifikazioak, egun hori barne.

Dirulaguntza jaso duten proiektuak gauzatu direla justifikatzeko, emandako dirulaguntza osoa hartuko da kontuan, baita pertsona/erakunde onuradunek egindako ekarpenak ere.

Laugarrena.– Agindu honen babesean eman beharreko dirulaguntzak zatika ordainduko dira, era honetan:

a) Lehen ordainketa, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60koa, dirulaguntza esleitzen den unean.

b) Bigarren ordainketa, dirulaguntzaren guztizkoaren % 40koa, dirulaguntza justifikatu ondoren ordainduko da, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Bosgarrena.– Pertsona eta erakunde interesdunei banan-banan ematea ebazpen honen berri, eta ohartaraztea ezen, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko dela.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluak aurreikusten duenarekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 28a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala