Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2022ko abenduaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

OSASUN SAILA
5290

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 17koa, Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea erakunde autonomoaren arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, Osakidetzaren 2018-2019ko enplegu publikoaren eskaintzan eta 2020ko, 2021eko eta 2022ko enplegu publikoaren eskaintzetan eta egonkortzekoan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak antolatu eta gauzatzekoa.

2022ko urriaren 28an, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea erakunde autonomoaren arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa sinatu zen, Osakidetzaren 2018-2019ko enplegu publikoaren eskaintzan eta 2020ko, 2021eko eta 2022ko enplegu publikoaren eskaintzetan eta egonkortzekoan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak antolatu eta gauzatzeko. Akordio hori ondoren jasota dago, hitzez hitz.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2022ko urriaren 25eko Erabakiaren bidez baimendu zen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoak akordio hori sinatzea.

Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 29.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, kudeaketa-gomendioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da.

Horrenbestez, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 14.1.c) artikuluak zuzendaritza honi esleitzen dizkion eginkizunak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea erakunde autonomoaren arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, Osakidetzaren 2018-2019ko enplegu publikoaren eskaintzan eta 2020ko, 2021eko eta 2022ko enplegu publikoaren eskaintzetan eta egonkortzekoan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak antolatu eta gauzatzekoa. Aipatutako testua eranskin gisa dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 17a.

Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria,

IÑAKI ARRIZABALAGA ORMAETXEA.

ERANSKINA
KUDEAKETA-GOMENDIOARI BURUZKO AKORDIOA, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA ENTE PUBLIKOAREN ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDE AUTONOMOAREN ARTEKOA, OSAKIDETZAREN 2018-2019KO ENPLEGU PUBLIKOAREN ESKAINTZAN, 2020KO, 2021EKO ETA 2022KO ENPLEGU PUBLIKOEN ESKAINTZAN ETA EGONKORTZEKOAN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO PROBAK ANTOLATU ETA GAUZATZEKO

Vitoria-Gasteizen, 2022ko urriaren 28an.

BILDU DIRA:

Alde batetik, María Rosa Pérez Esquerdo andrea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia, eta, bestetik, Maite Barruetabeña Zenekorta andrea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria.

HAUXE ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren 2018ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez 2018ko Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zen, eta Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren 2019ko abenduaren 26ko Erabakiaren bidez, 2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zen.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko abenduaren 13ko Erabakiaren bidez, ente publikoaren 2021eko ekitaldirako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zen; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2020ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez, ente publikoaren 2020ko ekitaldirako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zen; eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 17ko Erabakiaren bidez, ente publikoaren 2022ko Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zen, zeinak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuak antolatzen dituen. Era berean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez, ente publikoaren 2022ko ekitaldirako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zen.

Bigarrena.– Uztailaren 6ko 6/1989 Legeak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, Herri Arduralaritzaren Euskal Institutuari ematen diola hautaketa-prozesuetako elementu bateratzailearen izaera, arau horrek administrazioei aukera ematen dielako erakunde autonomo horren bitartez haien langileak hautatzeko.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak adierazten duenez, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesuak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen bidez egingo dira.

Laugarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legearen 11. artikuluak kudeaketa-gomendioen sistema ezartzen du jarduera materialak edo teknikoak egiteko.

Bosgarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari eskatzen dio 2018-2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintzan parte hartu zutenen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesua gauzatzeko behar den operatibaren kudeaketa material eta teknikoa egin dezala, baldin eta proba horiek egitea eskatu bazuten eta EPEaren azterketa gainditu badute, EPEaren oinarrietan jasotzen den bezala.

Era berean, 2020, 2021 eta 2022ko Enplegu Publikoaren Eskaintzan eta Egonkortzean parte hartzen duten pertsonen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesua gauzatzeko behar den operatibaren kudeaketa materiala eta teknikoa egiteko eskatzen du.

Seigarrena.– Akordio honek arrazionaltasun handiagoa lortu nahi du baliabideen kudeaketan, bai eta arintasuna, gardentasuna eta zerbitzu publikoaren kalitatea ere, eta, esparru horretan, bi erakundeek erabaki dute kudeaketa-gomendioari buruzko akordio bat sinatzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan ezarritako baldintzetan.

Zazpigarrena.– Azkenik, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 29. artikuluak kudeaketa-gomendio intrasubjektiboa arautzen du, eta xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organoen edo haren mendeko erakunde instituzionalen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak edo zerbitzuzkoak administrazio edo erakunde berekoak ez diren beste organo batzuei agindu ahal izango zaizkiela, eraginkortasun-arrazoiengatik edo haiek betetzeko bitarteko egokirik ez dagoenean.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren esparruan, erabaki dute erakunde horrek behar den kudeaketa material eta teknikoa egin dezala 2018-2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintzari eta 2020, 2021 eta 2022ko Enplegu Publikoaren Eskaintzari eta Egonkortzeari dagozkien hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesua abian jartzeko eta garatzeko.

Bigarrena.– Osakidetzak bidaliko dio IVAPi hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetan onartutakoen behin betiko zerrenda, eta horretarako erabiliko du 1. eranskineko fitxategi eredua, eremu guztietan eskatutako datuak emanez.

Hirugarrena.– Osakidetzak deitu eta jakinaraziko die parte hartzaileei zein egun, ordu eta tokitan egingo diren probak, bai eta proba bakoitzera eraman behar duten dokumentazioa eta materiala ere.

Osakidetzari dagokio, halaber, proben emaitzak argitaratzea eta, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen dutenen kasuan, egiaztapen-ziurtagiri ofizialak ematea.

Laugarrena.– IVAPi dagokio Epaimahai Kalifikatzaileari aholkularitza eta laguntza tekniko-administratiboa emango dioten pertsonak izendatzea, 2018-2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintzan eta 2020, 2021 eta 2022ko Enplegu Publikoaren Eskaintzan eta Egonkortzean hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko. Hala ere, IVAPek laguntza teknikoa eskatu ahal izango dio Osakidetzako Euskara Zerbitzuari probak egiten diren egunetako laguntza-gestioetarako eta zaintzarako. IVAPek kontratatu eta prestatuko ditu probak aplikatu eta egiteko behar diren azpiegitura materialak eta giza baliabideak.

Bosgarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak gomendio honen kudeaketa materialak eragindako gastuak Osakidetzak ordainduko ditu, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko ekainaren 20ko Aginduan ezarritakoaren arabera egingo dira. Agindu horren bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ematen dituen jardueren eta zerbitzuen prezio publikoen zenbatekoa ezartzen da.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari gomendioan emandako lanen ondorioz, prezio publikoei buruzko arauan agertzen ez diren kontzeptuengatiko gastuak sortzen badira, gastu horiek aurrerakin-gastutzat hartuko dira, eta ondorioz, ez zaie BEZik aplikatuko.

Seigarrena.– Gomendio honetan xedatzen ez denari dagokionez, aplikatzekoa da hizkuntza-eskakizunen ohiko deialdietarako Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko kudeaketa-gomendioak kudeaketaz eta gauzatze materialaz ezarrita daukana, bidezkoa den guztietan.

Zazpigarrena.– Datu pertsonalen tratamendua:

Osakidetzak IVAP gaitzen du Gomendioa behar bezala betetzeko behar diren datu pertsonalak trata ditzan.

Datu pertsonalen babesari buruzko legeria (2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa indargabetzen dituena) eta informazioaren segurtasuna betetzeari dagokionez, honako hauek aplikatuko dira:

– Datu pertsonalen tratamendua:

Datu pertsonalen tratamendutzat hartzen da datu pertsonalen gainean edo datu pertsonalen multzoen gainean egiten den edozein eragiketa edo eragiketa multzo, prozedura automatizatuen edo automatizatu gabeen bidezkoa, esate baterako: datuak biltzea, erregistratzea, antolatzea, egituratzea, gordetzea, egokitzea edo aldatzea, ateratzea, kontsultatzea, erabiltzea, transmisioz jakinaraztea, zabaltzea edota sarbidea beste edozein modutan gaitzea, alderatzea edo interkonektatzea, mugatzea, ezabatzea edo suntsitzea.

Gomendio hau betetzeko, IVAPek «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehazten den moduan tratatu beharko ditu Osakidetza tratamenduaren arduradun gisa duten datu pertsonalak.

Ondorioz, IVAPek tratamenduaren enkargatu gisa jardungo du, eta unean-unean indarrean dagoen araudia bete beharko du, datu pertsonalak behar bezala tratatuz eta babestuz.

IVAPek datuak beste helburu baterako erabiliko balitu edota Gomendioaren edo indarreko araudiaren xedapenak bete gabe jakinaraziko edo erabiliko balitu, bera ere joko da tratamenduaz arduratzen den organotzat, eta berak erantzungo die egin dituen arau-hausteei.

«Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» izeneko eranskinean zehatz-mehatz azaltzen da zein diren babestu beharreko datu pertsonalak, bai eta IVAPek egin beharreko tratamendua eta ezarri beharreko neurriak ere.

Gomendioa betetzearen ondorioz «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean ezarritakoa aldatu behar bada inoiz, IVAPek modu arrazoituan eskatuko ditu aldaketak. Tratamenduaren arduraduna ados badago eskatutakoarekin, «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskina eguneratu beharko du eta, eranskin horretan, zehatz-mehatz jasoko du tratamenduaren xehetasuna.

– Estipulazioak tratamenduaren enkargatu gisa:

Klausula honetako betebeharrak eta dokumentu honetako «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinaren edukiak osatzen dute 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duen datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (aurrerantzean, DBEO) 28.3 artikuluan «Tratamenduaren enkarguaren kontratua» deritzona, tratamenduaz arduratzen den organoaren eta IVAPen artekoa, non IVAP tratamenduaren enkargatua den.

Behar horiek betetzeko prestazioak dokumentu honetan eta eranskinetan ezarritakoaren arabera soilik ordainduko dira, eta Gomendio honen iraupen bera izango dute. Dena dela, Gomendioa amaitzean, sekretu-betebeharrak indarrean jarraituko du, denbora-mugarik gabe, hura gauzatzen parte hartzen duten pertsona guztientzat.

Gomendio honen xedea betetzeko, ez da beharrezkoa IVAPek tratamenduaz arduratzen den organoaren ardurapeko beste datu pertsonal batzuk eskuratzea, eta, beraz, ez du baimenik izango «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehaztutakoak ez diren beste datu pertsonal batzuk atzitu edo tratatzeko.

Gomendioa gauzatzen ari den bitartean gorabeheraren bat gertatzen bada eta, horren ondorioz, «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean jasota ez dagoen istripuzko sarbideren bat gertatzen bada tratamenduaz arduratzen den organoaren ardurapeko datu pertsonaletan, IVAPek ahalik eta lasterren eta bidegabeko luzamendurik gabe jakinarazi beharko dio organo horrek adierazitako pertsonari, eta pertsona hori jakinaren gainean dagoela ziurtatu beharko du. Helaraziko duen informazioak datu pertsonalen segurtasunaren urraketaren izaera, eragindako pertsonen gutxi gorabeherako kopurua eta eragindako datu pertsonalen erregistroen gutxi gorabeherako kopurua deskribatuko ditu. Era berean, datu pertsonalen segurtasuna urratzeak izan ditzakeen ondorioak deskribatuko ditu, baita datu pertsonalen segurtasuna urratzea konpontzeko hartutako neurriak ere.

«Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehaztutakoaz gain, IVAPek betebehar hauek bete eta bermatuko ditu, DBEOaren 28. artikuluan ezarritakoaren arabera:

a) Datu pertsonalak dokumentu honetan eta Gomendioa gauzatzeari aplika dakizkiokeen gainerako dokumentuetan jasotako jarraibideen arabera tratatzea, baita, hala badagokio, tratamenduaren arduradunak unean-unean idatziz ematen dituen jarraibideen arabera ere.

IVAPek berehala jakinaraziko dio tratamenduaren arduradunari uste duenean jarraibide bat uneanunean aplikagarria den datu pertsonalak babesteko araudiaren aurkakoa dela.

b) Datu pertsonalak Gomendioaren xedearena ez den helburu batekin ez erabiltzea edo aplikatzea.

c) Datu pertsonalak segurtasun-irizpideen eta DBEOaren 32. artikuluan ezarritako edukiaren arabera tratatzea, eta isilpekotasuna bermatzeko eskura dituen datu pertsonalen konfidentzialtasuna, sekretua eta osotasuna bermatzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren segurtasun-neurri teknikoak eta antolakuntzakoak hartzea.

Bereziki, eta izaera mugatzailerik gabe, «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehaztutako arrisku- eta segurtasun-maila babesteko neurriak aplikatzera behartzen du bere burua.

d) Erabateko konfidentzialtasuna gordetzea Gomendioa gauzatzeko eskura dituen datu pertsonalen inguruan, baita tratamenduaren ondorioz eskuratzen dituen datuen inguruan ere, edozein euskarritan eskuratu dituela ere. Betebehar hori datu pertsonalen tratamenduaren edozein fasetan parte hartzen duen pertsona ororentzat da, eta IVAPen betebeharra izango da bere mendeko pertsonei jakinaraztea sekretu-betebehar hori dutela eta betebehar horri bete behar dutela baita zerbitzua ematen amaitu ondoren edo zerbitzuarekiko lotura amaitu ondoren ere.

e) Plegu honen xede diren datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonen zerrenda bat edukitzea; bermatzea pertsona horiek konfidentzialtasuna errespetatzeko eta dagozkion segurtasun-neurriak betetzeko konpromisoa berariaz eta idatziz hartzen dutela eta pertsona horiei dagokion informazioa ematea. Gainera, tratamenduaren arduradunaren eskura jarriko du dokumentazio egiaztatzaile hori.

f) Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek datu pertsonalak babesteari buruz behar duten prestakuntza jasotzen dutela bermatzea.

g) Datu pertsonalak hirugarrenei ez jakinaraztea (ez lagatzea) eta ez zabaltzea, ezta gordetzeko ere, salbu eta, kasuan-kasuan, tratamenduaz arduratzen den organoaren aldez aurreko baimen esplizitua badago.

h) Eskuratu dituen datu pertsonalak, tratamenduaren ondorioz IVAPek sortutako datuak eta datu horiek biltzen dituzten euskarriak eta dokumentuak itzultzea edo suntsitzea plegu honen xede den prestazioa amaitu ostean, baldin eta «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean jasotako tratamenduaz arduratzen den organoak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, ez dira suntsituko legez edo Europako Erkidegoko zuzenbideko arau baten bidez datuok mantentzea baimentzen edo eskatzen bada.

Hala ere, tratamenduaren enkargatuak datu pertsonalak gorde ahal izango ditu tratamenduaz arduratzen den organoarekin daukan harremanetik erantzukizunak erator daitezkeen bitartean. Datuak blokeatuta eta gutxieneko denboran gordeko ditu, eta modu seguruan eta behin betiko suntsituko ditu aipatutako epe hori amaitzen denean.

i) Datu pertsonalak tratatzea tratamendu-sistema eta -gailu eskuzkoetan eta automatizatuetan eta «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean zehazten diren kokapenetan. Ekipamendu hori tratamenduaz arduratzen den organoaren kontrolpean egon daiteke, enkargatuaren kontrolpean zuzenean zein zeharka edo tratamenduaz arduratzen den organoak aldez aurretik eta idatziz baimendutako beste batzuen kontrolpean, aipatutako eranskinean ezarritakoaren arabera eta Gomendioaren xedea zertzeko izendatutako erabiltzaileek edo profilek baimenduta.

j) Datu pertsonalak Europako Esparru Ekonomikoaren barruan edo aplikatzekoa den araudiak segurtasun-eremu baliokidetzat jotzen duen beste eremu batean tratatzea, eta ez tratatzea espazio horretatik kanpo, ez zuzenean, ez baimendutako azpikontratisten bidez, plegu honetan edo kontratuaren gainerako dokumentuetan ezarritakoaren arabera, salbu eta horretara behartuta badago aplikagarria zaion Europar Batasuneko edo Estatu Kideko zuzenbidearen arabera, «Datu pertsonalen tratamenduaren enkargua» eranskinean beste zerbait adierazten bada edo tratamenduaz arduratzen den organoak espresuki hala agintzen badu.

Zuzenbide nazionalaren edo Europar Batasuneko zuzenbidearen ondorioz IVAPek datu pertsonalen nazioarteko transferentziaren bat egin behar badu, legezko eskakizun hori idatziz jakinaraziko dio tratamenduaz arduratzen den organoari tratamendua egiteko behar besteko aurrerapenarekin, eta tratamenduaz arduratzen den organoari aplika dakiokeen legezko baldintza guztiak betetzen direla bermatuko du, salbu eta aplikatu beharreko zuzenbideak hala debekatzen badu interes publikoko arrazoi garrantzitsuengatik.

k) Tratamenduaren ardura duen organoari behar ez den atzerapenik gabe jakinaraztea bere ardurapeko datu pertsonalen segurtasunaren edozein urraketa, organo horrek adierazitako pertsonari, eta horretarako, honako hauek helarazi beharko dizkio, DBEOaren 33. artikuluaren arabera: gorabeheraren dokumentaziorako eta komunikaziorako garrantzizko informazio guztia edo informazioa tratatzeko eta kudeatzeko sisteman gertatu den edo gerta litekeen edozein akats, zeina arriskuan jartzen duen datu pertsonalen segurtasuna, osotasuna edota eskuragarritasuna, bai eta jasotako informazioen balizko urraketa ere, datu konfidentzialak ezagutzean eta gauzatzean, eta Gomendioa betetzean lortutako datuak eta informazioa hirugarrenei jakinaraztearen ondorioz konfidentzialtasunaren balizko urraketa oro (are gehiago, zer interesdunen datuen konfidentzialtasuna galdu den zehaztu behar da).

l) Tratamenduaz arduratzen den organoari ahalik eta lasterren jakinaraztea interesdun batek organoarekiko dituen eskubideren bat baliatu duela, hala nola datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, transferitzeko, haiei aurka egiteko eta haien tratamendua mugatzeko eskubideak edota aplikatzekoa den araudiak aitortutako beste eskubide batzuk eta banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko eskubidea.

Jakinarazpenean, eskubidea nork baliatzen duen adieraziko da, modu frogagarrian identifikatuta, eta, hala badagokio, eskaera ebazteko garrantzitsuak izan daitekeen dokumentazioa eta bestelako datuak erantsiko dira.

Tratamenduaz arduratzen den organoari lagunduko dio, ahal den guztietan, eskubidea baliatzen duen pertsonaren eskubidea bete dezan eta erantzun diezaion.

m) Tratamenduaz arduratzen den organoarekin lankidetzan aritzea segurtasun-neurrien arloan dituen betebeharrak betetzeko, agintaritza eskudunei edota interesdunei segurtasun-neurrien arrakalak jakinarazteko (burutuak eta saiakerak), datu pertsonalen babesari buruzko inpaktu-ebaluazioak egiteko eta agintaritza eskudunei inpaktu horiei buruzko aurretiazko kontsultak egiteko, tratamenduaren izaera eta eskura duen informazioa kontuan hartuta.

Era berean, tratamenduaz arduratzen den organoaren esku jarriko du, hark hala eskatuta, klausula hauetan eta kontratuaren gainerako dokumentuetan ezarritako betebeharrak betetzen direla frogatzeko behar beste informazio, eta lagundu egingo du, hala badagokio, tratamenduaz arduratzen den organoak edo hark baimendutako beste auditore batek egiten dituen auditoretzak eta ikuskapenak gauzatzen.

n) DBEOaren 30.5 artikuluan ezarritako kasuetan, idatziz jasotzea (formatu elektronikoan izan liteke) tratamenduaz arduratzen den organoaren kontura egindako tratamendu-jardueren kategoria guztien erregistroa. Erregistro horrek, gutxienez, DBEOaren 30.2 artikuluan aipatzen diren inguruabarrak jasoko ditu.

o) Datu pertsonalak babesteko araudia eta erantzukizun aktiboko betebeharra betetzen dituela frogatzen duten ebidentziak izatea (hala nola betetze-mailari edo auditoretzen emaitzei buruzko aurretiko ziurtagiriak), zeinak tratamenduaz arduratzen den organoaren esku jarri beharko baititu hark hala eskatuz gero. Horrez gain, Gomendioa indarrean dagoen bitartean, tratamenduaz arduratzen den organoaren esku jarriko ditu une bakoitzean egindako informazio, ziurtagiri eta auditoretza guztiak.

p) Interesdunei informazioa emateko eskubidea erraztea, tratamenduaren arduradunak ezartzen duen moduan. IVAPek ez du informazio-eredu propiorik erabiliko eta tratamenduaren arduradunak emandako ereduetara jo beharko du edo eskatu beharko ditu, baldin eta datuak biltzeko bitarteko edo kanalen batean halako ereduak behar badira.

q) Datuak babesteko printzipioak aplikatzea modu lehenetsian ezarritako datuen diseinu eta babesetik Gomendioaren xede diren zerbitzu, produktu edo aplikazioen garapenean, diseinuan eta eragiketan.

– Azpikontratazioei lotutako tratamenduaren azpienkarguak:

Gomendio honek aukera ematen du idatzizko azterketen zuzenketa eta hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ahozko azterketen garapena eta ondorengo zuzenketa azpikontratatzeko.

Azpikontratistek IVAPekiko soilik izango dute betebeharra, eta, beraz, hark hartuko du bere gain Osakidetzarekiko Gomendioa gauzatzeko erantzukizun osoa, artikulu honetan ezarritakoaren arabera. Besteak beste, adierazitako beharra betetzea ere hartuko du bere gain, datuen babesari buruzko Estatuko eta Europar Batasuneko araudiarekin bat.

Osakidetzak jakin arren IVAPek azpikontratuak sinatu dituela edo ezarritako legezko kasuetan baimena ematen dion arren, ez da aldatuko enkargatu nagusi horren erantzukizun esklusiboa.

Nolanahi ere, bi baldintzak hauek bete beharko dira tratamenduaz arduratzen den organoak baimena eman dezan:

1.– Azpikontratistak datu pertsonalez egiten duen tratamenduak bat etorri behar du indarreko legeriarekin, plegu honetan jasotakoarekin eta tratamenduaz arduratzen den organoaren jarraibideekin.

2.– IVAPek eta enpresa azpikontratistak datu pertsonalen tratamendurako enkargu-kontratu bat sinatu behar dute, gutxienez plegu honetan ezarritako baldintzen murriztapenak betez. Tratamenduaz arduratzen den organoak hala eskatzen badu, haren esku jarriko da kontratua, hura egon badagoela eta kontratuaren edukia egiazta dezan.

– Datuak babesteari buruzko informazioa:

Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua betetzeko, alderdien ordezkarien datu pertsonalak goiburuan adierazitako erakundeek tratatuko dituzte, hurrenez hurren, eta, horretarako, erakunde horiek modu independentean jardungo dute datuon tratamenduaren arduradun gisa. Datu horiek hitzarmen honetan jasotako eskubide eta betebeharrak betetzeko tratatuko dira. Datu horien tratamenduaren oinarri juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legetik (VI. kapitulua) eratorritako legezko betebeharrak betetzea da, eta helburu hori ezinbestekoa da Gomendio hau betetzeko.

Datu horiek hemen hitzartutako lankidetza indarrean dagoen bitartean mantenduko dira, baita lankidetzaren xedea betetzeko eta egon daitezkeen erantzukizunak zehazteko behar den denboran ere.

Hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera jarriko da indarrean, eta indarrean jarraituko du Osakidetzaren 2018-2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintzatik eta 2020, 2021 eta 2022ko Enplegu Publikoaren Eskaintzatik eta Egonkortzetik eratorritako hautaketa-prozesuetan.

Bi sinatzaileek beharrezkotzat jotzen dituzten koordinazio-neurriak hartuko dituzte hitzarmen hau betetzen dela bermatzeko.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala