Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2022ko azaroaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5204

AGINDUA, 2022ko azaroaren 16koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko eta teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologoak prestatzeko 2022ko laguntzetarako deialdia egiten duena (Ikertalent Programa).

Martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren bidez, nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko laguntzak arautzen dira (Ikertalent programa).

Dekretu horretako 15. artikuluak ezartzen du laguntzen urteroko deialdirako agindua eskumena duen saileko pertsona titularrak egingo duela eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dela. Modu berean, ezartzen du aginduak gutxieneko eduki hau izango duela: aurrekontu-kreditu eskuragarria, programa bakoitzean iragarriko diren laguntzen kopurua eta bakoitzaren zuzkidura-ekonomikoa, eskabideak aurkezteko epemuga eta hautespen-batzordearen osaera, bai eta eranskin bat ere, zeinean aipatu deialdirako bilduko baitira ikertzaileen eta teknologoen prestakuntzarako estrategiko eta lehentasunezkotzat jotzen diren I+G+Bko laguntza-proiektuen zerrenda eta proiektu bakoitzean onartuko diren atxikitze-ikastetxeen eta titulazioen edo ikerketa-arloen zerrenda.

Deialdi hau ebazterakoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen dirulaguntza jarduera arautzen duten publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere honako arau hauetan xedatutakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak agindu honetan ezarritako irizpideen arabera aplikatuko dira.

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Deialdia.

1.– 2022ko ekitaldian, hamabi laguntza emango dira prestakuntza jasotzen ari diren doktoratu aurreko ikertzaileentzako programaren barruan, eta hamar laguntza, berriz, teknologoak prestatzeko programaren barruan (Ikertalent Programa 2022).

2.– Agindu honetako eranskinean daude jasota Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren iritziz bi laguntza-programetarako estrategikoak eta lehentasunezkoak diren I+G+Bko proiektuen zerrenda eta proiektu bakoitzean onartuko diren atxikitze-ikastetxeen eta titulazioen edo ikerketa-arloen zerrenda.

Bigarrena.– Iraupena.

Ikertzaileen prestakuntzara bideratutako laguntzek lau urte jarraituko iraupena eta doktoratu aurreko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte. Dena den, kontratua desgaitasunen bat duen pertsona batekin hitzartzen bada, laguntzak sei urteko gehieneko iraupena izan dezake, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 8. artikuluak ezartzen duenez.

Teknologoen prestakuntzara bideratutako laguntzek 24 hilabeteko gehieneko iraupena izango dute, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duenez.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Laugarrena.– Aurkeztu beharreko eskabideak eta agiriak.

1.– Laguntza-eskabideak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzenduko zaizkio.

2.– Modu telematikoan aurkeztuko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/102910

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Eskabidea honako dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da (martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 16.4 artikulua):

a) Egiaztagiri akademiko osoa, hautagaiak lortutako kalifikazio guztiak eta horiek eskuratu zituen egunak adierazten dituena.

b) Curriculum vitaea, eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak.

c) Txosten labur bat, jardun-proiektuak zergatik aukeratu diren justifikatuko duena (bost orrialdekoa, gehienez); txosten horretan, interesdunak dagokion gaiari buruz zer dakien azaldu beharko da, eta haren profil akademikoa eta profesionala aukeratutako gaiari egokitzen zaizkiola justifikatzen duten merezimendu pertsonalak deskribatuko dira.

d) Hala dagokionean, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 7. artikuluko 2.b) eta 3.b) apartatuetan ageri diren salbuespenak egiaztatzen dituen dokumentazio ofiziala.

e) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauek egiazkoak direla adierazteko:

– Eskatzailea ez dagoela zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, eta ez dagoela hartarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako gaineko debekuak ez izatea.

– Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan ezarritako inguruabarrak ez izatea.

– Lege hau ez betetzearen ondoriozko arau-hauste astun edo oso astunengatik ebazpen irmo baten bidez zehatu dituzten pertsona fisiko eta juridikoek ezin izango dute zehapena ezartzeko eskumena duen administrazio publikoaren dirulaguntzarik edo bestelako laguntzarik jaso, harik eta zehapena bete arte eta, hala badagokio, eragindako ingurumen-kalteak eta galerak konpontzeko eta ordaintzeko neurriak gauzatu arte.

– Lege honetan aurreikusitako arau-hauste astunengatik eta oso astunengatik administrazio-bidean irmoa den ebazpen baten bidez zehatutako pertsona fisiko edo juridiko publiko zein pribatuek ezin izango dute kontratatu, ez eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko administrazio publikoen eta erakundeen dirulaguntzak eskuratu, harik eta dagozkien neurri zuzentzaileak gauzatu arte eta dagokien isuna ordaindu arte.

4.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egin eta jakinaraziko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta NANa, titulazioa, erroldatzea eta, hala badagokio, bizileku-baimena ere. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, hala egiten badu, eskatzen zaion dokumentazioa aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

Titulazioaren dokumentaziorik izan ezean, eskabideari honako dokumentuetako bat gehitu beharko zaio, hirugarren apartatuan zehaztutako dokumentuez gain:

– Tituluaren eskaeraren frogagiria, titulua lortzeko beharrezkoak diren ordainketak egin direla egiaztatzen duen dokumentuarekin batera.

– Espediente akademikoan ageri den nota, adierazten duena dagokion titulazioaren multzoko proba gainditu dela eta hura jasotzeko beharrezkoak diren ordainketak egin direla.

6.– Eskabidea eta nahitaezko gainerako dokumentazioa aztertuta ikusten bada akatsen bat dagoela edo dokumentazioa ez dagoela osorik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.5 artikuluan eskabideak zuzentzeko ezarritako arauak aplikatuko dira.

7.– Interesdunek programetako edozeinetan eskatu ahal izango dute laguntza, eta hiruna proiektu aukeratu ditzakete, gehienez, eranskinean jasotako guztien artetik.

8.– Eskabidean ezarritako lehentasun-hurrenkera loteslea izango da, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bosgarrena.– Diru-zuzkidura.

1.– Laguntza horiek finantzatzeko aurrekontu osoa, gehienez ere, 1.814.600,00 eurokoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik etorriko da. Zenbateko horretatik, 39.300 euro 2022rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainerako 1.775.300 euroak, 2023tik 2026ra bitarteko ekitaldietarako konpromiso-kredituei.

2.– Gehieneko aurrekontu orokor horretan, Gizarte Segurantzari atxikitzearen ondoriozko gastua dago sartuta, eta 309.600,00 euro dira; horietatik 5.800 euro 2022rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 303.800 euro, 2023tik 2026ra bitarteko ekitaldietarako konpromiso-kredituei.

Seigarrena.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.

Eskatzaileak, onuradun izateko, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 6. eta 7. artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

Halaber, eranskinean proiektu bakoitzarentzat adierazitako titulazioren bat izan beharko dute eskatzaileek.

Eranskinean proiektu bakoitzerako adierazitako titulazioez beste bat onartzen bada, hautespen-batzordeak justifikatu beharko du haren onarpena titulazioaren eta proiektuaren edukiak oinarritzat hartuta.

Zazpigarrena.– Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzen zuzkidura-ekonomikoaren helburua izango da prestakuntza-prozesuan dauden langileen kostua ordaintzea, laguntza mota bakoitzari ezarritako epean. Horrez gain, onuradunek laguntza gehigarri bat jasotzeko aukera izango dute, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

1.– Prestakuntza-prozesuan dauden langileen kostutzat hartuko dira urteko ordainsari ekonomiko gordina eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotari dagokion zenbatekoa.

Honako hauek dira onartutako diru-zenbatekoak, urteko ordainsari gordin gisa, eta laguntza-modalitate bakoitzari dagokionez:

– Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 19.000,00 euro lehen urtean, 20.000,00 euro bigarrenean, 22.000,00 euro hirugarren urtean eta 28.000,00 euro laugarrenean.

Dena den, prestakuntzan dauden ikertzaileei dagozkien laguntzek errespetatu beharko dituzte indarrean dagoen araudiak doktoratu aurreko kontratuentzat ezarritako ordainsarien gutxieneko zenbatekoak, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 12.2 artikuluan adierazten direnak, hain zuzen ere.

– Teknologoak: 14.000,00 euro lehen urtean, eta 14.000,00 euro bigarren urtean.

Enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuoten zenbatekoak laguntza mota bakoitzarentzat aplikatu beharreko araudiaren araberakoak izango dira.

2.– Laguntza osagarria. Prestakuntza-prozesuak sortutako gastuei aurre egitea izango du helburu, hala nola: laguntzarekin lotutako unibertsitate-ikastaroen matrikulazioa, eta harekin zerikusia duten kongresu-zientifikoetara, mintegietara, ikastaroetara eta lan-jardunaldietara bertaratzeari dagozkion gastuak; beste ikerketa- eta teknologia-zentro batzuetan egingo diren egonaldiek eta laguntzarekin lotutako material bibliografikoak sortutakoak, edo doktorego-tesiaren aurkezpenarekin lotutakoak.

Laguntza osagarri gisa onartutako zuzkidura honako hau da, laguntza-motaren arabera:

– Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 8.000 euro, 2.000 euro prestakuntza-urte bakoitzeko.

– Teknologoak: 2.000 euro, 1.000 euro prestakuntza-urte bakoitzeko.

Nolanahi ere, urte batean erabili gabeko laguntza osagarriaren zenbatekoa hurrengo urteetan eskuragarri izango du onuradunak, betiere dagokion aurrekontu-programan behar adina kreditu baldin badago.

Zortzigarrena.– Laguntzak ordaintzea.

Martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritako eran ordainduko dira laguntzak. Dekretu horren bidez, nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko laguntzak arautzen dira.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistro Telematikoan alta emanda egon beharko du. Alta emateko edo datuak aldatzeko, interesdunak helbide honetan egin beharko ditu izapideak:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Bederatzigarrena.– Hautespen-batzordea.

Eskabideak ebaluatu eta baloratzeko, hautespen-batzorde bat eratuko da: María Luisa Fraile Correa (Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako Ikerketa-programen arduraduna) izango da batzordeburua, eta Elisa Torre-Enciso Enciso (Enpresa Programaren arduraduna), berriz, ordezkoa. Batzordekideak izango dira Josune Jayo Garro, Sustapen eta Lehiakortasuneko teknikaria (ordezkoa Fernando Saenz de Buruaga Castillo izango da, Berrikuntzako teknikaria), eta Idoia Sasigain Saénz de Buruaga, Enpresa Programako teknikaria; azken horrek idazkari-lanak egingo ditu (ordezkoa María del Carmen González Hernández izango da, Sustapen eta Lehiakortasuneko teknikaria).

Hamargarrena.– Betebeharrak.

Onuradunek martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 25. artikuluan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte.

Hamaikagarrena.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Helbide honetan dago jasota datuen babesari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko da: martxoaren 23ko 115/2021 Dekretua, Nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko laguntzak arautzen dituena (Ikertalent programa); Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (Lege Orokor hori, era berean, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 16a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana