Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2022ko azaroaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
5053

3/2022 FORU DEKRETU-ARAUA, azaroaren 8koa, Gipuzkoako toki entitateek aurrekontuen egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorretan 2023an aplikatu beharreko arau fiskalak eteteari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bitartez onetsiak, 48. artikuluan, besteak beste, honako printzipio hauek ezartzen ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen zerga eta finantza autonomiaren printzipioa, beren eskumenak garatzeko eta exekutatzeko; eta Estatuarekiko koordinazio eta lankidetza printzipioak, aurrekontu egonkortasunaren arloan. Artikulu horrek ezartzen du, baita ere, Estatuak toki erakundeen arloan unean-unean gauzatzen dituen finantza tutoretzako ahalmenak Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eskudunei dagozkiela. Halaber, 62.b) artikuluan, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoari honako eginkizun hau esleitzen zaio: «Aurrekontu egonkortasunaren arloko lankidetza eta koordinazio konpromisoak adostea».

Bestalde, apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoak, azken xedapenetako hirugarrenaren bitartez, bigarren apartatuan, ezartzen du, lege horretan xedatutakoa Euskal Autonomia Erkidegoari aplikatzerakoan, haren foru araubidea kontuan hartuta, Ekonomia Itunaren Legean ezarritakoari kalterik egin gabe jokatu beharko dela.

Araudi horretan oinarrituta, Gipuzkoako Batzar Nagusiek otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua onetsi zuten, Gipuzkoako toki erakundeen finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena, aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren arloan.

Era berean, Foru Aldundien Baliabideak Banatzeko eta Ekarpenak Zehazteko Metodologiari buruzko urriaren 7ko 4/2021 Legeak, bigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuan, ezartzen du Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak erabaki ahal izango dituela Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio publikoen aurrekontu egonkortasuneko helburuak, kontuan hartuta zer konpromiso hartzen den haientzat Ekonomia Itunaren 62. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuta.

COVID-19ak sortutako pandemiak aurrekaririk gabeko astindu ekonomikoa eragin zuen, eta agertoki ekonomikoa goitik behera aldatu zuen. Ondorioz, Europako Batzordeak 2020an Egonkortasun eta Hazkunde Itunaren babes klausula orokorra aplikatzea erabaki zuen, 2021 eta 2022ko ekitaldietarako luzatu zuen erabaki hura, eta joan den maiatzaren 23an jakinarazi zuen 2023rako ere luzatuko zela. Europako Batzordeak uste du honako arrazoi hauek justifikatzen dutela luzapena: Ukrainako gerraren testuinguruan ziurgabetasuna handitzeak eta aurreikuspen ekonomikoak apaltzeko arriskuak, energiaren prezioen aurrekaririk gabeko igoerek eta hornidura-katearen etengabeko asaldurek. Ildo beretik, Ministroen Kontseiluak 2022ko uztailaren 26an erabaki zuen 2023rako arau fiskalak etenda mantentzea. Diputatuen Kongresuak, berriz, 2022ko irailaren 22an, akordio hori babestu du, hori justifikatzen duten salbuespen baldintzak mantentzen direla iritzita.

Testuinguru horretan, 2022ko irailaren 28an, Estatuaren Administrazioak eta Eusko Jaurlaritzak adostu dute zeintzuk izango diren defizitaren eta zorraren erreferentzia tasak 2023rako, bai Eusko Jaurlaritzarentzat bai foru aldundientzat.

Hori oinarri hartuta, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak, 2022ko urriaren 14an egindako bileran, foru aldundien aurrekontu egonkortasuneko helburuak adostu zituen 2023rako.

Foru aldundiei defizit helburu horiek esleitzearen arrazoia hau da: arrisku partekatuaren printzipioa dela Ekonomia Itunaren baliabideak banatzeko barne ereduaren ezaugarria. Izan ere, foru aldundiek zerga ahalmen handia dute, eta, beraz, krisi ekonomikoko egoera baten aurrean, berehala jasaten dituzte diru sarreren beherakadak; jaitsiera horiek ezin dira beste administrazio batzuen transferentzia arrunten bidez konpentsatu, eta zorpetzera jo behar izan dezakete.

Era berean, udalek zerga itunduetan duten partaidetzaren ezaugarria arrisku partekatuaren printzipioa da, udalek ere parte hartzen baitute Ekonomia Ituneko baliabideetan izandako irabazietan zein galeretan.

Lehen aipatutako araudiak foru aldundien esku finantza tutoretzaren eskumena utzi izanak ahalmena ematen die tokiko entitateen zorpetze araubidea ezartzeko. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako erakundeekin batera arriskua konpartituz udalek zerga itunduen banaketan parte hartzeak justifikatzen du aldundiei esleitutako defizit helburu berriak udalekin partekatu ahal izatea.

Bizi dugun testuinguru honetan, beharrezkoa da gure lurraldeko toki erakundeei zuzendutako neurri batzuk hartzea, bat etorriko direnak aurrekontu egonkortasuneko eta finantza iraunkortasuneko neurri orokorrekin, eta, gainera, errespetatuko dutenak Gipuzkoako foru berezitasuna. Hori guztia zuhurtziaz eta erantzukizunez egin behar da, ez jartzeko arriskuan toki erakunde horien finantza iraunkortasuna etorkizuneko ekitaldietan.

Neurri horiek onartzea presazkoa da honako arrazoi hauengatik: batetik, 2022ko ekitaldiaren aurrerapen maila; eta bestetik, lehen aipatutako akordioetatik ondorioztatutako aparteko egoeraren aurrean toki erakundeek komenigarrienak iruditzen zaizkien neurriak hartzeko duten beharra, bai inbertsio eta zorpetze politikaren arloan, bai 2023ko aurrekonturako jarraibideak ezartzearen arloan.

Hemen proposatzen diren neurriak onartzekotan, ezin da erabili foru arauak onartzeko araugintza prozedura arruntaren bidea, haren epeak oso luzeak direlako. Horregatik, bidezkotzat hartzen da neurriak foru dekretu-arau baten bidez onartzea.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan ezartzen duenaren arabera, behar larri eta apartekoek eraginda, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango ditu, bere eskumen esklusiboen esparruan; xedapen bereziok foru dekretu-arauak izango dira eta ezingo diete eragin foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Horrela hartzen diren xedapenak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu beharko dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Gipuzkoako Finantza Kontseiluaren txostena ikusita, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Arau fiskalak etetea 2023an.

1.– Ezohiko izaeraz, eta 2023rako bakarrik, etenda uzten dira Gipuzkoako toki erakundeen arau fiskalak. Horrek esan nahi du aurrekontu egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak eraginik gabe uztea, eta gastu araua ez aplikatzea urte horretan.

2.– Arau fiskalak eteteak berekin dakar, halaber, eten egingo dela sarrera handiagoak eta diruzaintzako gerakina zorra murriztera bideratzeko eskakizuna.

Toki erakundeek kreditu aldaketak finantzatzeko erabili ahal izango dituzte beren diruzaintzako gerakinak.

3.– Arau fiskalak eteteak ez die eragingo haiekin zuzenean lotuta ez dauden obligazioei, eta jarraipen eta gainbegiratze neurriei eutsi beharko zaie. Bereziki, zorpetze eragiketak baimentzeko prozedura mantenduko da, baita hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epeari dagozkion obligazioak ere, eta horiek betetzen direla egiaztatu beharko da.

Era berean, hurrengo artikuluan araututako defizit helburuak gaindituz gero, udalak behartuta egongo dira plan ekonomiko-finantzario bat egin eta onartzera, plan hori kudeaketa tresna eta epe luzerako planifikazio tresna izan dadin, baina haren betetze mailagatik neurri gehigarriak hartzeko obligaziorik izan gabe. Mankomunitateak, berriz, aurrekontua defizitarekin likidatzen dutenean bakarrik egongo dira behartuta aipatutako plan-ekonomiko-finantzarioa egin eta onartzera.

2. artikulua.– Aurrekontu egonkortasuneko helburuak 2023rako.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei lagako die berari esleitutako defizit helburuaren % 40. Ondorioz, defiziteko helburu global hau ezartzen da udalentzat:

(Ikus .PDF)

2.– Udalen defiziteko banakako helburua zehaztuko da lehen aipatutako defizit globala Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren kuoten proportzio berean banatuz.

3.– Superabit helburu global hau ezartzen da mankomunitateentzat:

(Ikus .PDF)

4.– Banakako superabit helburu hauek ezartzen dira mankomunitateentzat:

(Ikus .PDF)

5.– Gipuzkoako toki erakundeen epe luzeko zorpetzea koherentea izango da ekitaldi bakoitzerako onartutako defizit helburuarekin.

6.– Arau fiskalak etenda gelditu ondoren, artikulu honetan ezarritako defizit eta zor helburuak erreferentzia tasatzat hartuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.

Ahalmena ematen zaie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2022ko azaroaren 8a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala