Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2022ko azaroaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4908

EBAZPENA, 2022ko urriaren 3koa, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariarena. Honen bidez, ardogintzaren sektoreko inbertsioei laguntzeko neurriak ezartzeko 2023ko NBBEF ekitaldian aurkeztu diren eskaerak ebazten dira.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean, hainbat eskaera aurkeztu dira, ardogintzako eraldaketa-instalazioetan eta azpiegituretan egiten diren inbertsio ukigarri nahiz ukiezinei laguntza finantzarioa emateko neurriei heltze aldera, sektoreko enpresen errendimendu orokorra hobetzeko eta merkatuko eskariei egokitzeko, bai eta beren lehiakortasuna areagotzeko ere, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko uztailaren 28ko Aginduaren bidez egindako deialdiaren barruan.

Aintzat hartu da eskaera horiei honako arautegi hauetan adierazitakoa aplikatu behar zaiela: Nekazaritzako produktuen merkatuaren antolamendu bateratua ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamendua, Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 1149/2016 Erregelamendu Delegatua eta Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 1150/2016 (EB) Betearazpen Erregelamendua.

Aintzat hartu da, halaber, aplikatzekoa dela xedapen hauetan adierazitakoa: azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretua, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko 2019-2023ko programako neurriak ezartzen dituena; abenduaren 9ko 227/2014 Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretua.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Ministerioaren Nekazaritza eta Landa Garapeneko Biltzar Sektorialak 2022ko uztailaren 11n onartutako programen behin betiko zerrenda ikusi da.

Halaber, kontuan hartu da azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 68. artikulua, deialdian onartutako eskaeren behin betiko zerrenda egiteko baldintzak xedatzen dituena, bai eta 68.11 artikuluan ezartzen dena ere, autonomia-erkidego bakoitzeko eskabide onenei funtsak banatzeari dagokionez (eskatutako laguntzaren zenbatekoaren proportzioan).

Nekazaritza eta Landa Garapeneko Biltzar Sektorialak hautatutako eskaeren behin betiko zerrendan ez dauden gainerako eskabideen kasuan, laguntza-eskaera ezetsi da. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honen I. eranskinean zerrendatu diren eskabideak onartzea. Aipatutako eranskinean zehaztuta daude dirulaguntza jaso dezaketen gastuen zenbatekoa eta % 30 zuzeneko laguntza gisa dagokion zenbatekoa. Dirulaguntza 2.719.176,53 eurokoa da guztira, NBBEFaren kontura finantzatua.

Bigarrena.– Dirulaguntza ukatzea ebazpen honen II. eranskinean zerrendatzen diren eskatzaileei, bai eta ukatzearen arrazoia zehaztea ere.

Hirugarrena.– Ebazpen honen jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean, onuradunek ebazpen hau onartzen dutela jakinarazi beharko diote Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, 2021eko uztailaren 28ko Aginduaren I. eranskineko IX. apartatuan ezarritako baldintzetan.

Laugarrena.– Onuradunek dirulaguntza emateko eta jasotzeko ezarritako araudiaren arabera aplikatu beharreko betebehar guztiak bete beharko dituzte dirulaguntzaren prozedura osoan.

Bosgarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 3a.

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria,

RAÚL PÉREZ IRACHETA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala