Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

216. zk., 2022ko azaroaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
4867

131/2022 DEKRETUA, azaroaren 2koa, Lanbarren Parke Logistikoa SA sozietate publikoaren azkentzea deklaratzen duena.

Uztailaren 4ko 126/2000 Dekretuaren bidez, Sprilur sozietateari baimena eman zitzaion Lanbarren Parke Logistikoa SA sozietate berriaren kapitalean parte hartzeko. Sozietatearen xedea da jarduera ekonomikoetan ekimena eta inbertsioa bultzatu eta sustatzea Oiartzunen (Gipuzkoa); horretarako, enpresak ezartzeko lurzoru egokia sustatuko du urbanistikoki; hirigintzako planak eta urbanizazio-, birpartzelazio- edo konpentsazio-proiektuak sustatu eta idatziko ditu edo hirigintza-arloko legedian aurreikusitako beste edozein aukera erabiliko du; lurzoru urbanizagarria eskuratuko du edozein motatako tituluen bidez, eta jarduera ekonomikoetarako lurzorua sustatuko du.

Lanbarren Parke Logistikoa SA sozietateak amaitu du Oiartzungo Lanbarren industrialdearen garapena, eta, beraz, sozietatea desegiteko unea da.

2022ko maiatzaren 19an, Lanbarren Parke Logistikoa SAren Ezohiko Batzar Orokor eta Unibertsalak aho batez erabaki zuen sozietatea desegitea, Administrazio Kontseiluko kideak kargugabetzea eta batzorde likidatzailea izendatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 20.3 artikuluan ezartzen duenez, Jaurlaritzaren dekretu bat beharko da, sozietate publikoak sortu edo desagertzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioa edo haren ente instituzionalak sozietate horietako partaide nagusi bilakatzeko edo izaera hori galtzeko.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposaturik, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko azaroaren 2ko bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Lanbarren Parke Logistikoa SA sozietate publikoaren azkentzea deklaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 20.2.a) artikuluan adierazitako arrazoia dela bide (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen).

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko azaroaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala