Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2022ko azaroaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4849

EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 17koa, Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordearena, Afesa Medio Ambiente SAri emandako ingurumen-baimen integratua berrikusi eta aldatzen duena. Baimen horren xedea Lantarongo udal-mugartean (Araba) hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso eta aldi baterako biltegiratzea eta sufre hexafluoruroa (SF6) duten edo izan duten ekipo elektrikoak deskontaminatzea da.

EGITATEAK

1.– Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Afesa Medioambiente SAk Lantarongo (Araba) udal-mugartean hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso eta aldi baterako biltegiratzeko eta sufre-hexafluoruroa (SF6) duten edo izan duten ekipamendu elektrikoak deskontaminatzeko sustatu duen instalazioari.

2.– Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez, aldatu eta eraginkor egin zen Afesa Medio Ambiente SAri emandako ingurumen-baimen integratua, Lantarongo udal-mugartean (Araba) hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak aldi baterako jaso eta biltegiratzeko instalaziorako eta sufre hexafluoruroa (SF6) duten edo eduki duten ekipo elektrikoak deskontaminatzeko, eta 16-I-01-000000000366 baimen-zenbakia esleitu zitzaion.

3.– 2015eko abuztuaren 10ean, Afesa Medio Ambiente SAk baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, EHZ kode batzuk kudeaketarako hondakin onargarri gisa sartzeko, eta organo honek 2015eko irailaren 3an berretsi zuen aldaketa hori ez-funtsezkoa zela.

4.– Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko urriaren 13ko Ebazpenaren bidez zuzendu ziren instalazioari ingurumen-baimen bateratua ematen dion 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren akatsak.

5.– 2015eko abenduaren 21ean, Afesa Medio Ambiente SAk baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, EHZ 170202 (isolatzaileak) eta EHZ 170103 (teilak eta zeramika-materialak) hondakin ez-arriskutsuak kudeaketarako hondakin onargarri gisa sartzeko, eta, 2015eko abenduaren 23an, aldaketa ez-funtsezkoa zela berretsi zuen organo honek.

6.– 2016ko apirilaren 14an, Afesa Medio Ambiente SAk baimenaren ez-funtsezko aldaketa bat eskatu zuen, hondakin arriskutsuak sortzeko baimena zabaltzeko, EHZ 13 05 07* (ur/substantzia oliotsuen bereizgailuetatik datorren ur oliotsua) eta EHZ 16 07 08* (hidrokarburoak dituzten hondakinak) kodeak gehituz. Organo honek aldaketa ez-funtsezkoa zela berretsi zuen, 2016ko ekainaren 24an.

7.– 2016ko ekainaren 30ean, ingurumen-organo honek dokumentazio gehigarria eskatu zion Afesa Medio Ambiente SAri, ingurumen-baimen integratua egokitzeari lotuta, Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

8.– 2016ko abenduaren 23an, Afesa Medio Ambiente SAk bere baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, EHZ 150101 (paperezko eta kartoizko ontziak), EHZ 150102 (plastikozko ontziak) eta EHZ 150103 (zurezko ontziak) kodeak dituzten hondakin ez-arriskutsuak kudeaketarako hondakin onargarri gisa sartzeko, eta organo honek aldaketa hori ez-funtsezkoa zela berretsi zuen, 2017ko urtarrilaren 19an.

9.– 2018ko azaroaren 28an, Afesa Medio Ambiente SAk bere baimenean aldaketa ez-funtsezko bat egiteko eskatu zuen, sufre-hexafluoruro (SF6) erabilia berroneratzeko (R5 tratamendu-eragiketa).

10.– 2015eko martxoaren 15ean, Afesa Medio Ambiente SAk baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, EHZ 17 09 01* kodea duen hondakin arriskutsua (merkurioa duten eraikuntza- eta eraispen-hondakinak) kudeaketarako hondakin onargarri gisa sartzeko, eta, 2021eko apirilaren 13an, aldaketa ez-funtsezkoa zela berretsi zuen organo honek.

11.– 2021eko apirilaren 9an, Afesa Medio Ambiente SAk baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, PCB olio-biltegiari baja emateko, eta organo honek, 2021eko apirilaren 13an, aldaketa hori ez-funtsezkoa zela berretsi zuen.

12.– 2021eko ekainaren 17an, Afesa Medio Ambiente SAk baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, EHZ 170202 (beira) kodea duen hondakin ez-arriskutsua kudeatzeko, eta organo honek, 2021eko urriaren 13an, aldaketa hori ez-funtsezkoa zela berretsi zuen.

13.– 2021eko ekainaren 18an, Ingurumen Organo honek Lantarongo Udalari eskatu zion, baimena berrikuste aldera, egoki iritzitako ohar guztien nahikotasun-txostena bidaltzeko, instalazioaren inguruan dituzten eskumenen esparruan. 2021eko ekainaren 25ean, Lantarongo Udalak ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatutako nahikotasunari buruzko dokumentazioa aurkeztu zuen.

14.– 2021eko uztailaren 13an, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek igortzeko eskatu zion Afesa Medio Ambiente SA sozietateari: instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bat eta instalazioari buruzko bestelako dokumentuak.

15.– 2021eko uztailaren 14an, Afesa Medio Ambiente SAk baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, EHZ 200140 (metalak) kodea duen hondakin ez-arriskutsua kudeatzeko, eta organo honek, 2021eko urriaren 13an, berretsi zuen aldaketa hori ez-funtsezkoa zela.

16.– 2021eko abenduaren 2an, eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuen Afesa Medio Ambiente SAk, ingurumen-baimen integratua berrikusteko.

17.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko otsailaren 1eko Iragarkiaren bidez, Afesa Medio Ambiente SAren ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea erabaki zen, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko, eta, horrenbestez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2022ko otsailaren 24an.

18.– 2022ko otsailaren 23an, Afesa Medio Ambiente SAk baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, EHZ 160213* eta EHZ 160214 kodeak urtarrilaren 19ko 27/2021 Errege Dekretura egokitzeko. Errege Dekretu horren bidez, otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretua (pilei eta metagailuei eta horien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa) eta otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretua (tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzkoa) aldatu ziren. Organo honek, 2022ko otsailaren 24an, aldaketa ez-funtsezkoa zela berretsi zuen.

19.– Ingurumen-baimen integratua jendaurrean jartzeko izapideak amaitutakoan, alegaziorik ez dela aurkeztu egiaztatu da.

20.– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Lantarongo Udalari eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari, 2022ko martxoaren 29an.

21.– 2022ko apirilaren 22an eta 2022ko apirilaren 29an, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Lantarongo Udalak txostenak bidali zituzten, eta espedientean dago jasota emaitza.

22.– 2022ko uztailaren 6an, Afesa Medio Ambiente SAk bere baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, EHZ 160601* (berunezko bateriak) eta EHZ 160602* (Ni-Cd metagailuak) kodeak aldatzeko.

23.– 2022ko uztailaren 6an, Afesa Medio Ambiente SAk bere baimenaren aldaketa eskatu zuen, EHZ 160602* (Ni-Cd metagailuak) aldatzeko. Berrikuspen honetan, aldaketa ez-funtsezkotzat jotzen da.

24.– 2022ko abuztuaren 9an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, Afesa Medio Ambiente SAren esku utzi zen espediente osoa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

3.– 2018ko abuztuaren 17an, Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakia (EB), hondakinak tratatzeko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen dituena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industria-isuriei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

4.– 2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

5.– Ingurumen-baimen integratua eman ondoren, ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu da; beraz, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren kondizioak, ebazpen horren laugarren apartatuan ezarritakoari eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.– Adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, Europako Batzordearen BREF dokumentu honen edukia hartu da kontuan: Hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei («Best available techniques conclusions for waste treatment») buruzko ondorioak, 2018ko abuztukoa.

7.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 72. artikuluan, izapideen kontzentrazioari buruzkoan, xedatutakoa aplikatuko da: «Administrazioa sinplifikatzeko printzipioari jarraikiz, egintza bakar batean erabakiko dira izaeragatik batera bultza daitezkeen eta nahitaez bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak».

8.– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak Ebazpen hau emateko eskumena du, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

9.– Aipatutako legeria, eta, oro har zein berariaz, gai honetan aplikagarri diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berrikustea ingurumen-baimen integratua, Afesa Medio Ambiente SAri 2015eko uztailaren 7ko ebazpenaren bidez emandakoa Lantarongo udal-mugartean (Araba) hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso eta aldi baterako biltegiratzeko instalaziorako eta sufre hexafluoruroa (SF6) duten edo eduki duten ekipo elektrikoak deskontaminatzeko, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakian jasotako baldintzetan.

Bigarrena.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoaren ondorioetarako, aldaketa ez-funtsezkotzat hartzea Afesa Medio Ambiente SAk sustatutako instalazioetan EHZ 160201* eta 160602* hondakin arriskutsuen kudeaketa-zabaltzeko aldaketak eta Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko 110/2015 Errege Dekretura egokitzearen ondoriozko aldaketak. Bestalde, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedurari aplikatu beharreko araubide juridikoari lotuta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean adierazitakoari dagokionez, ez da beharrezkoa hizpide ditugun aldaketen gaineko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura egitea.

Hirugarrena.– Aldatzea Afesa Medio Ambiente SAri emandako ingurumen-baimen integratua, 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez emandakoa hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso eta aldi baterako biltegiratzeko instalaziorako eta sufre hexafluoruroa (SF6) duten edo izan duten ekipo elektrikoak deskontaminatzeko. Zehazkiago, ebazpen horren lehenengo, bigarren eta laugarren apartatuak aldatuko dira, eta honela idatzita geratuko dira:

«Lehenengoa.– Afesa Medio Ambiente SAri (egoitza soziala: Derioko udal-mugarteko San Isidro II eraikina, Idorsolo kalea 15, IFK: A48169445) ingurumeneko baimen bateratua ematea Lantarongo udal-mugartean hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak aldi baterako jaso eta biltegiratzeko instalaziorako, bai eta sufre hexafluoruro (SF6) gasa duten edo izan duten ekipo elektrikoak deskontaminatzeko ere, ebazpen honen bigarren apartatuan ezarritako baldintzekin.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko 5.6. kategoria honetan:

«5.6. 5.5. epigrafean jasota ez dauden hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea, 5.1., 5.2., 5.5. eta 5.7. epigrafeetan adierazitako tratamenduetako bat aplikatu arte, 50 tonatik gorako edukierarekin, jasotzeko zain dagoen bitartean sortu den lekuan bertan aldi baterako biltegiratzea alde batera utzita».

Instalazioa Lantarongo industrialdean dago kokatuta, eta, guztira, 1.112,93 m2 ditu.

Ekoizpen-prozesuak bi ekoizpen-lerro ditu:

– Hondakinak jaso eta aldi baterako biltegiratzea (R1301/ D1501 kudeaketa-operazioa): prozesu horren baitan jarduera hauek egiten dira:

– Poliklorobifenilozko (PCB) isolamendua duten transformadore eta kondentsadore elektrikoak jasotzea eta aldi baterako biltegiratzea.

– Olio mineralezko isolamendua duten transformadoreak eta bestelako ekipamendu elektrikoak jasotzea eta aldi baterako biltegiratzea.

– Azpiestazio elektrikoak edo bestelako instalazioak desmuntatzean sortzen diren hondakin ez-arriskutsuak jasotzea, hartzea, aldi baterako biltegiratzea eta sailkatzea, gero baimendutako kudeatzaileari entregatzeko.

Prozesuak ondorengo etapak ditu:

– Kamioiak iristea.

– Kamioiak deskargatzea, bitarteko mekanikoekin (zubi-garabia, orga).

– Hondakinak identifikatzea, pisatzea, etiketatzea eta biltegiratzea, beren sailkapenaren arabera.

– Dokumentazioa kontrolatzea eta datuak prozesatzea.

– Ekipamenduak hustea, zisterna-edukiontziarengatik beharrezkoa bada.

– Hondakinak sailkatzea eta berriz ontziratzea.

– Ekipamenduak desmuntatzea, beharrezkoa bada.

– Olio-zisternaren edukia zisterna-kamioian hustea, azken kudeaketa egiteko.

– Kamioiak kargatzea.

– Dokumentazioaren kontrola.

– Hondakinak bidaltzea.

– Beste lan osagarri batzuk.

– GEEHak biltegiratzea eta horien deskontaminazioa.

110/2015 Errege Dekretuaren XVI. eranskinean adierazitakoaren arabera, mota hautako tratamendu-eragiketak egiten dira:

– R1203: GEEHen osagaiak bereiztea, barne hartuta substantzia arriskutsuak kentzea eta fluidoak, likidoak, olioak eta nahasteak ateratzea XIII. eranskinaren arabera.

– R1301: Hondakinak bilketaren eremuan biltegiratzea, transferentzia-instalazioak barne.

Egunean 0,2 tona kontagailu elektriko piladun (EHZ 160213* -51*) tratatzeko ahalmena ezartzen da.

Tratamendutik kanpo geratuko dira kutsatuta dauden GEEH hondakinak edo substantzia arriskutsuen osagaiak edo hondarrak dituztenak (infekziosoak, erradioaktiboak edo amiantodunak).

GEEHen transferentzia-zentroak 14,5 tonako gehieneko biltegiratze-edukiera du.

– Olio minerala duten ekipamenduak deskontaminatzea (PCBrekin edo gabe) (R1202 kudeaketa-operazioa):

Horretarako, olio mineralezko isolamendua duten transformadoreak eta bestelako ekipamendu elektrikoak jaso eta aldi baterako biltegiratzen dira. PCB duten likido isolatzaileen kasuan, bereiz kudeatzen dira, kontaminazio gurutzatua saihestuz.

Bi kasuetan ere, ekipamenduetako likidoak hustu eta ontziz aldatzen dira, gero baimendutako birziklatze-zentrora bidatzeko.

– SF6 duten ekipamenduak deskontaminatzea (R1202 kudeaketa-operazioa):

Sufre-hexafluoruroa (SF6) duten ekipamendu elektriko baztertuen deskontaminazio-prozesuak bi urrats ditu: aurrena SF6 erauzten da, ihesak saihesteko konpentsatutako presio-ganbara baten bidez, eta gero baztertutako ekipamendu elektrikoak garbitzen dira.

Garbiketa aspertsio bidez egiten da, ziklo itxian, automata baten bidez kontrolatutako ekipamendu semiautomatiko batekin. Zama kargatzeko eta deskargatzeko eremuak makinaren muturretan daude. Instalazioak zati hauek ditu, funtsean: iraultzeko makina bat, garbitzeko kabina bat (horren barruan aspertsio-sistema bat dago), haizagailu-sistema bat eta amaierarik gabeko uhal garraiatzaile bat ekipamendu elektrikoa garbitzeko lerro barruan garraiatu ahal izateko.

Garbitzeko instalazioak hiru depositu ditu (bakoitza 1.000 litrokoa), garbiketarako likidoak gordetzeko. Hauek dira likido horiek:

– Sufre-hexafluoruroaren (SF6) deskonposizioaren azpiproduktuak neutralizatzeko disoluzio alkalino bat.

– Ura. Sareko ura edo ur desmineralizatua erabil daiteke.

– Zikinkeria inorganikoak (adibidez, ur gogorraren metakinak edo metal-oxidoak) deuseztatzeko bereziki garatutako disoluzio azidoa.

– Sufre hexafluoriro (SF6) erabilia berroneratzea (R507 kudeaketa-eragiketa).

Sufre hexafluoruroa (SF6) berroneratzeko instalazioa bi unitatek osatzen dute: VPSA unitateak eta mintzen unitateak. VPSA unitateak gas purua eta ihes-gasa sortzen ditu. Mintzen unitateak aurreko unitateko ihes-gasak tratatzen ditu SF6 gasa bereizi eta atxikitzeko; horrela, SF6an aberastutako gas bat sortzen du, VPSA unitatean berriz sar daitekeena, eta gainerako gasen (gas geldoak eta oxigeno-gasak) emisio segurua egiten du.

Mintz-unitateak SF6ko 1.000 ppmv-ko igorpen puntual maximoa izango du, eta SF6ko 500 ppmv-ko batez besteko igorpena ekoizpen-fasean.

Tratatzeko jasotzen diren hondakin arriskutsuen biltegiratzeko gehieneko gaitasuna 526 tonakoa da, honela banaturik:

– 52 t: PCB duten hondakinak eta PCB duten likido kutsatzaileak.

– 180 t: PCBrekin kutsatuta dauden ekipamendu elektrikoak eta bestelako hondakinak; horietatik, 80 t transformadoreak eta bestelako ekipamendu elektrikoak izan daitezke, PCB duten likidoak hustu aurretik.

– 24 t: PCBrik gabeko ekipamendu elektrikoetatik ateratako olioa horretarako prestatutako gordailuan.

– 100 t: PCBrik gabeko olioa duten transformadoreez eta bestelako ekipamendu elektrikoez osatutako hondakin arriskutsuak.

– 40 t: Sufre-hexafluoruroa (SF6) duten edo izan duten baztertutako ekipamendu elektrikoak.

– 50 t: Sufre-hexafluoruro gasa (SF6).

– 80 t: Baimendutako gainerako hondakinak.

Sufre-hexafluoruroa (SF6) duten edo izan duten ekipamendu elektrikoen tratamenduari dagokionez, gehienez ere 8 tona tratatu ahal izango dira eguneko.

SF6 gasa birsortzeko instalazioaren gehieneko tratamendu-ahalmena 0,25 t/egun izango da; urtean kudeatu beharreko gehieneko kopurua 61,25 t izango da.

Ekoizpen-prozesuetan sortutako hondakin-urak ez dira isurtzen; aitzitik, amaierako kudeatzaile baimendu bati bidaltzen zaizkio. Saneamendu-sistema orokorrera komuneko hondakin-urak bakarrik isurtzen dira.

Sortutako hondakin arriskutsuak zein ez-arriskutsuak ekipoak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorretatik datoz, nagusiki.

Afesa Medio Ambiente SAren jardueran, BREFean hondakin-kudeatzaileen industriarako jasotako teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira («Reference Document on Best Available Techniques in the Waste Treatments Industries, 2018ko abuztua): MTD1, MTD2, MTD4, MTD5, MTD11, MTD18, MTD21, MTD24, MTD51».

«Bigarrena.– Hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak aldi baterako jaso eta biltegiratzeko eta sufre hexafluoruroa (SF6) duten edo izan duten ekipo elektrikoak deskontaminatzeko Afesa Medio Ambiente SAk Lantarongo (Araba) udal-mugartean sustatutako instalazioa ustiatzeko, baldintza eta betekizun hauek ezartzea:

A) Gutxienez seiehun mila euroko (600.000) erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena konpondu eta leheneratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

B) Ehun eta berrogeita bat mila zazpiehun eta hogei (141.720) euroko fidantza jartzea, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 23. artikuluaren 5.b) letran xedatutakoari jarraikiz. Fidantza horren zenbatekoa zehazten da, hondakinak tratatu eta biltegiratzeko gehieneko gaitasunen arabera.

Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.

Jarritako fidantza ez da itzuliko, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak Afesa Medio Ambiente SAk sustatutako hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduera uztea baimendu arte edo dagokionean jarduera uzteko finkatzen diren baldintzak bete arte; baldintza horiek, betiere, lurzoruaren kalitate-adierazpenean ezartzen diren betekizunak barne hartuko dituzte.

C) Afesa Medio Ambiente SAk administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-tituludunari buruz emandako datuen edozein aldaketaren berri emango dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala beteko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta honako apartatu hauetan ezarritakoari jarraituz:

D.1.– Hondakinak onartu, hartu, maneiatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Instalazioan balorizazioa egiteko onar daitezkeen hondakinak hurrengo apartatuetan daude zehaztuta, horiek behar bezala kudeatzeko zehaztapenekin batera.

D.1.1.– Hondakin onargarriak.

Afesa Medio Ambiente SAk ondorengo Europako Hondakinen Zerrendako EHZ kodea duten hondakin hauek tratatu ahal izango ditu goian aipatutako tratamendu-sistemen bidez. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (Erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betez). Halaber, aipatutako erabakiaren arabera emango zaie hondakinei dagokien kodea eta sailkapena, baita Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera ere. Erregelamendu horrek ordezten du Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (2008/98/EE Zuzentaraua, hondakinei buruzkoa eta zuzentarau jakin batzuk indargabetzen dituena). Hortaz, ondoren adierazten diren hondakin hauek baino ez dira onartuko:

a) Transferentzia-zentroa - Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea (R1301/D1501).

(Ikus .PDF)

b) Transferentzia-zentroa - Hondakin ez-arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea (R1301/D1501).

(Ikus .PDF)

c) GEEHen transferentzia-zentroa (R1301).

(Ikus .PDF)

d) Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen tratamendua (G1 tratamendu orokorreko eragiketa) (R1203).

(Ikus .PDF)

e) PCB duten ekipamenduen deskontaminazioa (R1202).

(Ikus .PDF)

Halaber, zamalanak baimentzen dira, eta, behar izanez gero, hondakin horien berrontziratze-eragiketak.

– Nolanahi ere, baimen honen eremutik kanpo geratzen dira hondakin leherkor, erregarri eta infekziosoak (HP1, HP2 eta HP9 kodeekin identifikatutako arrisku-ezaugarriak dauzkatenak), bai eta H12 arrisku-taldearen barruko hondakinak ere.

– Ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak eta hodi fluoreszenteak kudeatuko dira Tresna Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko 110/2015 Errege Dekretuan –otsailaren 20koan– xedatutakoaren arabera.

– Halaber, pilen eta metagailuen hondakinak otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatu beharko dira (Pilen eta metagailuen hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko Errege Dekretua).

– Afesa Medio Ambiente SAk industrian sortutako etxeko zaborrak eta merkataritza-hondakinak kudeatu ahal izango ditu (20. taldeko EHZ kodea duten hondakinak), ebazpen honetan adierazi direnak, baldin eta dagozkion udal-ordenantzen arabera ez bada beharrezkoa hondakinok hondakinen kudeaketa-sistema publiko bati entregatzea.

D.1.2.– Hondakinen sarrera kontrolatzea.

Instalaziora balorazioa egiteko iristen diren hondakinen kontrola egin beharko da, ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla bermatzeko.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Dena dela, kudeatu beharreko hondakinak zabaldu nahi izanez gero, beharrezkoa izango da aldez aurretik Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren onespena eta ebazpen honen I apartatuan adierazitakoa betetzea.

Kudeatzaile baimenduekin akordioak egingo dira GEEHak prestatzeko eta berrerabiltzeko.

Hondakinen hierarkiaren printzipioa aplikatuz eta tresna elektrikoen edo elektronikoen, horien osagaien, azpimultzoen eta kontsumigarrien hondakinak berrerabiltzeko prestatzeari lehentasuna emanez, hondakin hauek fusio-prozesuaren bidez tratatu ahal izango dira bakarrik berrerabiltzeko prestatzeko prozesuan alde batera utzi badira eta egiaztatzen bada igaro direla R12 kudeaketa-eragiketa batetik, non fluido mota guztiak –hor sartuta olioak, lubrifikatzaileak eta abar– eta materialen eta osagaien gaikako tratamendua izan baitu, arau aplikagarrietan ezarritakoaren arabera.

Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Afesa Medio Ambiente SAk onarpenaren agiria bidaliko dio hondakinaren titularrari, non baldintzak eta, hondakina entregatzen ez bada, epemuga ezarriko baitira. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik aztertu beharreko parametroak.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluari jarraikiz.

Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen barneko hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioak aintzat hartuta, eta, betiere, Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planaren helburu estrategikoak betetzeko.

Edonola ere, birziklatu edo balorizatu daitezkeen hondakinak helburu horietara bideratuko dira, eta Afesa Medio Ambiente SAk betetako onarpen-agirietan jasoko da gertaera hori.

Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planaren helburu estrategikoetan ezarritakoaren arabera, hondakinak ebazpen honen babesean emandako onarpen-agiri baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du agiri hori. Ezingo da Afesa Medio Ambiente SAk kudeatu beharreko hondakin arriskutsurik jaso aldez aurretik onarpen-agiria organo honek baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 eguneko epean egin beharko da, agiria jasotzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota, ez bada izan berariazko posizionamendurik, hura aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko onarpen-agirian, besteak beste, honako datu hauek jaso beharko dira: parametro mugatzaileak, hondakinen identifikazioa eta iraungitze-data, baldin eta hondakinik ez bada entregatzen.

Hondakin-partida bat baztertu egiten bada, ez dituelako betetzen onartzeko parametro mugatzaileak, berehala jakinarazi beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Horrekin batera, hondakinaren izaera –EHZ kodea– jatorria, kantitatea, enpresa garraiatzailea, bazterketaren arrazoia, baztertutako hondakinaren helmuga eta bestelako gertakariei buruzko datuak eman beharko dira.

Onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi beharko zaio.

Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatzeko xedearekin, Afesa Medio Ambiente SA enpresak eskuragarri izan beharko ditu une oro hondakin horiek onartzeko parametroen egiaztapena ahalbidetuko duten baliabide tekniko eta giza baliabideak.

Baimendutako EHZ kodea duen hondakin bat onartzerik ez badago, ezezko onarpen-agiria egin beharko da, hondakin hori kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

D.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxeta itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Zamalanak egitean, gai arriskutsuak manipulatzeko eskatutako segurtasun-baldintzak bete beharko dira.

c) Instalazioan egiten diren hondakinen zamalanek eta manipulazioek, baita ekipoen estankotasunak ere, emisio lausoak edo kontrolik gabeak saihestu beharko dituzte, edo, saihestu ezin denean, ahalik eta gehien murriztu.

d) GEEHak jasotzeko eta garraiatzeko baldintzek GEEHak eta horien osagaiak prestatzea eta berrerabiltzea ahalbidetu behar dute, eta ez dira apurtu behar, ez gehiegi pilatu, ez substantziarik isuri edo materialik galdu, ezta oliorik eta likidorik isuri behar ere. Behar bezala beteko dira horiek jaso eta garraiatzeko baldintza espezifikoak, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VII. eranskinean jasotzen direnak.

e) Aurrez manipulatu diren, hondatuta dauden edo osagai guztiak ez dituzten GEEHak jasotzen badira, gertakari hori behar bezala jakinarazi beharko da D.1.5. apartatuan aipatzen den fitxategi kronologikoan.

D.1.4.– Jasotako hondakinen biltegiratzea.

a) Balorizatu beharreko hondakinen gehieneko biltegiratze-epea bi urtekoa izango da hondakinak ez-arriskutsuak badira, eta sei hilekoa arriskutsuak badira.

b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru estankoak izan behar dituzte, aurreikusitako karga guztiak jasateko eta horien isuri edo ihesak atxikitzeko gaitasunarekin. Hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako biltegiratze-gune bereiziak izango dira.

c) Hondakin arriskutsuak biltegiratzetik eratorritako arriskuak murrizte aldera, Afesa Medio Ambiente SAk hondakinok gune bereizi batean biltegiratu beharko ditu. Gune hori estalita egongo da eta lurzoru estankoak izan beharko ditu.

d) Instalazioan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.

e) Hautsezko hondakinak eta soltean jasotakoak pabiloiaren barruan gorde beharko dira, multzotan edo gelaxketan, harik eta tratatzen diren arte.

f) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isuriak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko ontzi edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isuriak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahasiz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako.

g) Baldin eta hondakinak desagertu, galdu edo eskapatuko balira, berehala jakinaraziko zaie gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eta Lantarongo Udalari.

h) Aurrekoez gain, GEEHen kasuan honako hauek bete beharko dira:

i) Instalazioak hondakinak pisatzeko baskula izango du.

ii) GEEH hondakinak bereizita bildu beharko dira, gutxienez, 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskineko 1. taulan aurreikusten diren zatikiak kontuan hartuta: «GEEen kategorien, GEEHen bilketa-frakzioen eta EHZ-GEEH kodeen arteko baliokidetasunak».

iii) Halaber, GEEH biltegiratzeko eremu berezi bat sortu beharko da, berrerabiltzeko prestatzeaz arduratzen diren eragileek ikuskatzeko baldintza egokiekin.

i) Instalazioaren etenaldi teknikoaren egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Afesa Medio Ambiente SAk D.1.1 atalean adierazitako hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eramateko.

j) Ontzien hondakinak tratamendua jaso arte biltegiratu egin behar dira; eduki dituzten hondakin, substantzia edo prestakin motari buruzko identifikazioa izan beharko dute. Helburu horretarako, aurretiazko etiketa mantenduko da bertan jasotzen baziren ezaugarri hori eta egotz dakiokeen arrisku-motaren piktograma. Bestela, indarreko arauen arabera etiketatu beharko dira.

k) Aldi baterako biltegiratzean eta ontziak xukatu, prentsatu eta briketatzeko eragiketetan sortutako hondakin likido oro, gaika bildu eta euren artean bateragarriak diren hondakinetarako biltegietara eraman behar dira. Horiek sistema bat izango dute gainezkaldien edo estankotasuna galtzearen ondorioz izan litezkeen isuriak atxikitzeko. Horretarako, gutxienez 1 m3-ko eta gaitasun unitarioa duten 3 depositu izango dira, kudeatutako metalezko ontzien tipologiaren arabera.

l) Era berean, ontzien hondakinak labean sartu aurretik biltegiratzen eta tratatzen diren instalazioak garbitzean sortutako efluenteak gordailu horietara bideratuko dira.

Hondakin likido horiek, helburu horretarako baimendutako hondakin arriskutsuen kudeatzaileari bidaliz kudeatu behar dira.

m) Afesa Medio Ambiente SAk hondakin, substantzia edo prestakin arriskutsuak dituzten edo horiekin kutsatutako metalezko ontziz osatutako hondakin arriskutsuak biltegiratzeko guneak iragazgaiztu beharko ditu, epoxi pintura edo polietileno-xafla baten inprimazioaren bidez.

D.1.5.– Kudeatutako hondakinen datuak erregistratzea.

Bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluan ezarritakoarekin, Afesa Medio Ambiente SAk fitxategi kronologikoa izan beharko du, formatu fisiko edo telematikoan. Fitxategian, datu hauek jasoko dira, ordena kronologikoan: hondakinen kantitatea, izaera, jatorria, helmuga eta tratamendu-metodoa. Hala dagokionean, onartutako eta kudeatutako hondakinen garraiobidea eta bilketa-maiztasuna ere jasoko dira. Baztertutako hondakinei dagokienez, berriz, kantitatea, baztertutako hondakina sortzen duen enpresa, baztertzeko arrazoia, baztertutako hondakinaren azken helmuga eta beste gertakari batzuk jasoko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.

Fitxategi kronologiko hori hiru urtez gorde beharko da gutxienez, eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluari jarraikiz, urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da fitxategi kronologikoan jasotako informazioaren memoria laburra, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

GEEHak kudeatzeko, artxibo kronologikoak bat etorri beharko du 110/2015 Errege Dekretuaren XI. eranskinarekin, eta, bertan, gutxienez honako datu hauek jasoko dira ordena kronologikoan:

A) Sarrera.

a) GEEHa noiz entregatu den.

b) GEEHa entregatu duen erabiltzailearen edo erakundearen identifikazioa (kasuan-kasuan aplikatutakoaren arabera): GEEHen partikular/banatzaile/garbigune/ekoizle-sare/ekoizle profesionala.

c) Izena (sozietate-izena), helbidea, autonomia-erkidegoa, IFZ, ingurumeneko identifikazio-zenbakia, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko inskripzio-zenbakia.

d) Garraiolaria (halakorik balego): Izena (sozietate-izena), IFZ, helbidea, autonomia-erkidegoa eta kudeatzailearen kodea.

e) Entregatutako gailu mota eta marka.

f) Pisua.

g) EHZ-GEEH kodea.

h) Erabilera (etxekoa/profesionala).

i) Serie-zenbakia (ahal den guztietan).

j) GEEHaren etiketaren edo instalazioan GEEHak gordetzen diren edukiontziaren erreferentzia-zenbakia.

k) Oharrak eta gorabeherak, adibidez funtzionamendu-egoerari buruzkoak, berriz erabiltzeko aukerari buruzkoak, beterik dagoen, etab.

Gailu txikiei eta lanparei dagokienez, sarrerako banakako informazio hori ez da beharrezkoa izango, eta horren ordez frakzio horretarako berariazko edukiontzien identifikazioa beharko da.

B) GEEHak edukiontzi edo kaiolatan ateratzea:

a) Edukiontzia edo kaiola instalaziotik irteteko data.

b) EHZ-GEEH kodea.

c) Edukiontzi-erreferentzia, GEEHen irteera-pisua, edukiontzia.

d) Garraiolariaren identifikazioa.

e) Helmuga (hondakinak kudeatzeko instalazioaren datuak).

1) Helbidea eta autonomia-erkidegoa.

2) Mota: berrerabiltzeko prestatzeko zentroa (BPZ), kargaren transferentzia- edo bilketa-zentroa, tratamendu espezifikorako instalazioa.

3) Ingurumeneko identifikazio-zenbakia.

4) IFZ.

5) Ekoizpen- eta kudeaketa-erregistroko inskripzio-zenbakia.

f) Bildu eta kudeatzen duen erakundeari buruzko informazioa (esleipen-bulegoa edo biltzeko instalazioak kontratatutako kudeatzailea).

g) Esleipen-bulegoaren bilketaren erreferentzia-zenbakia.

h) Biltzeko instalaziotik bilketa finantzatzen duen erantzukizun hedatuko sistema.

Artxibo kronologiko horrek, deskontaminazioaren pean jartzen diren GEEHen kasuan, informazio hau ere jasoko du:

a) Tratamendu-lanak, datak, kontrol-parametroak eta prozesuari buruzko datuak.

b) Aldi baterako biltegiratutako hondakin arriskutsuak, gailu elektriko edo elektroniko deskontaminatuetakoak: mota, identifikazio-kodeak, kopuruak eta ontziratze-datak, instalazioko kokapena.

c) Kudeatzaile baimenduari entregatutako hondakin arriskutsuak: mota, identifikazio-kodea, kopuruak, entrega-datak, kudeatzailearen identifikazio-datuak eta entrega bakoitza egiaztatzen duen identifikazio-dokumentuaren zenbakia.

d) Berrerabiltzeko merkaturatutako gailu elektriko eta elektronikoen piezak eta osagai desmuntatuak: kopuruak pisuaren arabera, motak.

e) Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile baimenduari birziklatzeko entregatutako gailu elektriko eta elektronikoen piezak eta osagaiak: mota, identifikazio-kodea, kopuruak, entrega-datak eta hartu dituen kudeatzailearen identifikazio-datuak, kasu bakoitzean.

Laburpen-memoriak ekitaldi bakoitzaren amaieran behin-behinean biltegiratutako hondakinen eta hondakin kopuruen zerrenda ere jasoko du, lantokian tratatzeko onartuta baina oraindik tratatzeke dauden hondakinena bai eta sortutako hondakinena ere.

GEEHen kudeaketa-jarduerarako, urteko memoriak otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren XII. eranskineko gutxieneko edukia jaso beharko du.

Artxibo kronologikoa eta jasotako GEEHei buruzko urteko memoria plataforma elektronikoan kargatuko dira erabilgarri dagoenean, 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Plataforma elektroniko horren bitartez, fitxategi kronologikoari eta urteko memoriaren lanketari dagozkion obligazioak bete ahal izango dira.

Aurreko apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

D.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

GEEHen kudeatzaileei dagokienez, GEEH horiek Europar Batasuneko herrialdeetara nahiz Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetara lekualdatzeari buruzko informazioa kargatuko da 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan aipatzen den plataforma elektronikoan.

Horrez gain, aurreikusten bada zabortegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen helmugako instalazioan aurreikusitako balorizazio- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

D.2.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

D.2.1.– Instalazioan tratatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

D.1 atalean adierazten diren hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintza eta kontrolei kalterik egin gabe, Afesa Medio Ambiente SAk tratamendu-lerro hauetarako baldintza hauek betetzen dituela bermatu beharko du:

Jaso eta aldi baterako biltegiratzeko zentroa.

a) Aldi baterako biltegiratze-jardueraren barruan honako hauek sartuko dira: multzokatzea, produktua edukiontziz aldatu gabe, instalazioan horretarako gaitutako tokian 526 t inguruko ahalmenarekin, baita haren zama, hustuketa eta berrontziratzea ere beharrezkoa izanez gero, eta ez da ontzien barruko aldearen edo ontzietan gordetzen diren hondakinen gainean eragina daukan bestelako manipulaziorik aintzat hartzen.

b) Ontziratu gabeko hondakinei dagokienez, homogeneoekin batera beren izaera, osaketa eta kodifikazioaren arabera soilik biltegiratu ahal dira, eta aldez aurretik karakterizazioa egin beharko da elkarrekin biltegiratzeak ez duela arriskua areagotzen edo haren azken kudeaketa zailtzen ziurtatzeko.

c) Halaber, nahitaez bete beharko dira hondakin arriskutsuak ontziratu eta etiketatzeari buruzko jarraibideak, indarreko araudian jasotakoak.

Halaber, Europako Hondakinen Zerrendan –Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaz onartutakoan– ezarri kodearen arabera identifikatu beharko dira hondakinak. Erabaki horren bitartez aldatu zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauari jarraikiz.

d) Hondakinak aldi baterako biltegiratzeko instalazioetan, hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuak lurzoru estankoa izango du, eta beharrezkoak diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo gai arriskutsuen beste ibilgailu batzuetara hurbildu gabe.

e) Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko instalazioak estalkia izan beharko du, prezipitazio atmosferikorik iragaz ez dadin. Halaber, lurzoru estankoak izango ditu, eta behar diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, isuriok kutxatila itsurantz edo bilketa-putzurantz bideratzeko. Gainera, aurreikus daitezkeen hondakin arriskutsuen balizko isurien adinako edukiera izango dute horiek.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratutako hondakinek likido sukoiak eta erregaiak eta likido korrosiboak biltegiratzearen inguruan indarrean dagoen arautegian ezartzen diren exijentziak bete beharko dituzte, baita suteen prebentzio- eta babes-arauak ere, eta behar bezala identifikatu beharko dira ezagutu eta bereizi ahal izateko.

g) Isuriak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuak kubeta independenteetan biltegiratuko dira, eta, betiere, elkarrekin bateragarriak diren hondakinak dituzten ontzietara bideratuko da kubeta bakoitza. Isuriak biltzeko kubetek zoru eta horma iragazgaitzak izango dituzte, erabat estankoak direnak. Kutxatila horietan jasotako efluenteak kudeatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio.

h) Baimen honi lotutako hondakin arriskutsu ontziratuak gune bereizietan biltegiratuko dira, motaren arabera identifikatuta.

i) Berrerabilera barne hartuko duten akordioak sinatuko dira. Horretarako, GEEHak norako horretarako berrikusiko dira, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren IX.A eranskineko irizpideekin bat etorriz.

j) Hondakin arriskutsuak ezingo dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

k) Aldi baterako biltegiratzeko jardueran sortutako efluente oro, ur sanitarioak izan ezik, banatuta jaso beharko da, eta haren ezaugarrien arabera behar bezala kudeatu, eta ezin izango da sarera isuri.

l) Indarraldiaren arabera, Afesa Medio Ambiente SAk eta enpresak igorritako hondakin arriskutsuen kudeatzaile hartzaileen artean hitzartutako onarpen-kontratu edo -gutunen indarraldia aldizka egiaztatu beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren aurrean. Hondakinak hartuko dituzten kudeatzaileak ez badaude Espainian kokatuta, mugaz gaindiko lekualdatzeak arautzen dituen Europar Batasuneko araudia bete beharko da.

SF6 duten ekipamenduen deskontaminazioa.

a) SF6 gasa kudeatutako ekipamenduetatik erauzteko, konpentsatutako presio-ganbara erabiliko da beti, betirako zigilatutako ekipamenduetako hausturen ondoriozko ihesak saihesteko. Ekipamendu itxien eta epoxi erretxinarekin, zeramikarekin edo lodiera handiko metalezko materialekin egindako etengailuen kasuan, gasaren erauzketa egiteko gasa hartuko da presio-ganbara konpentsatuaren kanpotik edo 20 mbar-etik beherako hutsa lortzea ahalbidetzen duen beste edozein huts-ekipamendutik.

b) Piztuta egon beharko da beti ganbararen presio-transmisorea, ezohiko funtzionamenduak hautemateko eta, beharrezkoa denean, ekipamenduetako gas-erauzketa eteteko.

c) Manipulazio- eta tratamendu-eragiketak beti nabe estalian egingo dira; nabeak zoladura iragazgaitza izango du eta isurketak jasotzeko sistemez hornituta egongo da.

D.2.2.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

D.2.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen transferentzia-zentroa.

(Ikus .PDF)

D.2.2.2.– Isurketen muga-balioak.

Saneamendu-sarera egiten diren isurketen parametroak Lantarongo industrialdeko isurketen baldintzak arautzen dituen udal-ordenantzan ezarritakoak izango dira (2013 urriaren 9ko ALHAO, 116. zk: behin betiko onespena), instalazioa horretara isurtzen denez. Jarraian zehaztuko dira, parametro bakoitzaren gehieneko balioak adierazita:

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili, isurketen muga-balioak lortzeko.

D.2.3.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak apirilaren 8ko 7/2022 Legean –Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoan– eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helmuga egokiena zehazteko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Leheneratzea/berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, hondakin horiek instalazio haietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten bada, hondakinak karakterizatzeko, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideei ere.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan daude jasota– orientagarriak dira soilik; kantitate horiek kalkulatzeko kontuan hartu dira jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru iragazgaitza izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurketak edo lixibatuak sor baditzakete, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014/EB Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (hondakinei buruzko zuzentarau horrek zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta hura izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Baldin eta hondakinak desagertu, galdu edo eskapatuko balira, berehala jakinaraziko zaie gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eta Lantarongo Udalari.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan hondakinak lekualdatzeari buruz ezarrita dagoena bete beharko da.

D.2.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera ezartzen dira, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Horiek definitzen dituzte mota eta hondakinaren osagai arriskutsuak. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko eta Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, leheneratzea edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo ezabatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isuririk gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzen dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Afesa Medio Ambiente SA enpresak artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu egin beharko da ezen hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak bete egiten dituela halako gaiak garraiatzeko indarreko legerian ezarritako baldintzak.

h) Afesa Medio Ambiente SAk industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du bere enpresan erabilitako olioa.

i) Tresna elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak; besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute pilen eta metagailuen hondakinek. Kudeatzaile baimenduaren onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Afesa Medio Ambiente SAk, PCBa daukaten edo eduki dezaketen gailuak dituen heinean, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuak (poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituena) zehaztutako baldintzak eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuak xedatzen dituenak.

k) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu Afesa Medio Ambiente SAk, berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Afesa Medio Ambiente SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa, bidaliko du.

m) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Afesa Medio Ambiente SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa, bidaliko du.

n) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Fitxategi hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

o) Hondakin arriskutsuak kudeatzeko funtsezko oinarrietako bat betetzeko, zeinaren helburua baita hondakin horiek ahalik eta gehien murriztea baldin eta urtero hondakin arriskutsuen 10 tona baino gehiago sortzen badira, Afesa Medio Ambiente SAk, gutxienez lau urterik behin, plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari hondakin arriskutsu horiek murrizteko Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluaren arabera, baldin eta, lege horren araudia garatzean, Sercontrol 2000 SL ez bada katalogatzen hondakin arriskutsuen sortzaile txiki modura.

p) Afesa Medio Ambiente SA Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea baldin bada, Afesa Medio Ambiente SA ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, berau kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

q) Apartatu honetako e) eta f) letretan (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta l), m) eta n) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

r) Baldin eta hondakin arriskutsuak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

s) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Afesa Medio Ambiente SAk 108/1991 Errege Dekretuan (3. art.), amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan, ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

D.2.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak honako hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi, eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.

b) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebetetik gora biltegiratu. Hondakinen azken helburua balorizazioa denean, 2 urtez biltegiratu ahal izango dira.

c) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Afesa Medio Ambiente SA enpresak onarpen-agiriak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

d) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeari buruzko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraikiz.

e) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia zirkularra bultzatzekoaren, 31.2 artikuluaren arabera.

f) Afesa Medio Ambiente SA Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea baldin bada, Afesa Medio Ambiente SA ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, berau kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

g) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Afesa Medio Ambiente SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa, bidaliko du.

h) Hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia zirkularra bultzatzekoaren, 64. artikuluarekin bat etorriz, fitxategi kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Fitxategi hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

i) Apartatu honetako c), d) (kudeatzaileak EAEn daudenean), g) eta h) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

D.2.4.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Bat etorriz urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenarekin, eta hor jasotako gomendioei jarraikiz, lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu Afesa Medio Ambiente SAk.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuari jarraikiz, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtean behin, lege hori indarrean jartzen denetik aurrera.

Era berean, aurreko lerrokadan aipatutako araudian, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarrita dauden lurzorua babesteko betebeharrak betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta maiztasunak beteta.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde egiaztatu batek egina, eta aipatutako txostenak bilduko ditu hor (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak). Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Lur-mugimenduak.

Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 1.c) apartatuan jasotzen denari jarraikiz, induskatu beharreko materialak (lurrak, eraiste-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horiek kudeatzeko modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzematen bada, nahitaezkoa izango da indusketa selektiborako plan bat aurkeztea, lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta leheneratzeko egiaztatuta dagoen erakunde batek egina. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura gauzatu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketa sustatu duen pertsona fisiko edo juridikoaren eta jarduketa egingo duen kontratistaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-gunea zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, baita zolatak ere.

– Ingurumen-jarraipenerako lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan, erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du, eta, bertan, lurren karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira. Horrez gain, induskatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

f) Soberakinak zabortegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa egiteko, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan («Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa») biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

g) Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako EBA-B (industria-erabilera) balioaren azpikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde akreditatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta zehazten baita erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa.

h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-A ebaluazioko balio-adierazleak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoruaren arloko adierazpen bat lortu beharko du egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Horrez gainera, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek hartu beharreko neurriak ezar ditzan, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatua betez betiere.

D.2.5.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen, beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu beharko zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq, 60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko altueran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko behar den altuera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

D.2.6.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

Afesa Medio Ambiente SAren instalazioa ustiatzean, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak errespetatuko dira, giza osasuna eta ingurumena zainduta, betiere.

Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, emisio horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor honetatik salbuetsi ahalko dira emisio konfinatu gabeak, baldin eta teknikoki edota ekonomikoki atzeman ezin badira edo ingurunean oso eragin txikia dutela frogatua badago.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko eta horien ondoriozko efluenteek giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskurik ez izateko. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien laburtuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Atmosferako kutsadurari aurre egiteko neurriak daude jasota proiektuan, eta beti beteko dira neurriok. Bereziki, hautsa isurtzea ekiditeko neurriak hartuko dira: hala nola, agregakin-multzoak ureztatzea eta bideak garbitzea.

Organo horrek foku berri baterako baimena eman ondoren, fokua abian jarri eta sei hilabete igaro aurretik, ingurumen-kontroleko erakundeak egindako hasierako IKE txostena igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

E.1.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, azterketa hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo, bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Laginketak, kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.

d) Isurketak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren apartatuko D.2.2.2 azpiapartatuan ezarritako mugak.

E.2.– Zarata kontrolatzea.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urtean behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

E.3.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

a) Ebazpen honen bigarren apartatuko D.2.4 azpiapartatuan eskatutako dokumentazioaren kaltetan izan gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruarekiko afekzio berri baten aukera hauteman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren gorabeherak, substantzia arriskutsuak direla eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolatak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– ez ezik, larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela ere egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Ekipoak eta gainazalak egoera onean daudela egiaztatzen duen edo, hala badagokio, horietan hautemandako gabeziak azaltzen dituen berariazko adierazpena izan beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduari dagokionez jakinarazitako baldintzak aztertzean zehazten diren kontrolei kalterik egin gabe –agindu horrek Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa onartzen du–, eta lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta, Afesa Medio Ambiente SAk lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu urak ezaugarritzeko, ateratako lurzoru-zutabea ezaugarritzeko eta piezometro bana gaitzeko, eta horiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

E.4.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak jardueraren funtzionamenduaren inguruko parametro-adierazle nagusien urteko segimendua egingo du, ingurumenean duten eraginarekin lotuta, eta dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztu beharko du.

(Ikus .PDF)

E.5.– Emaitzak kontrolatzea eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-a2inguru/eu/

Hala, aipatutako programan zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko dira bakarrik, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, gertatutakoaren berri izan ondoren, betiere; horretarako helbide elektronikoa: ippc@euskadi.eus

Era berean, kontrolak urtean behin baino aldizkakotasun handiagoarekin egiten badira, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia, eta bereziki aipatuko dira epe horretan izandako gertakari nagusiak, haien kausa eta konponbideak, eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik zehaztu ez bada.

E.6.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du. Bertan, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak bildu beharko ditu. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

F) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

F.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren isurketen eta hondakinen zenbatespena egin beharko du enpresak, eta, dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak bigarren apartatuko D.2.3 azpiapartatuan («Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari jarraituz kudeatu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

F.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako estandarrak eta irizpideak ezartzen dituena. Horrenbestez, Afesa Medio Ambiente SAk jarduera etete horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea igaro baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoarekin.

Jarduera utzi baino lehen, Afesa Medio Ambiente SAk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu ebazpen honen bigarren atalaren D.2.3 azpiatalean ezarritakoarekin bat etorriz.

F.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Afesa Medio Ambiente SAk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du instalazioa jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isuri edo emisio oro saihesteko.

F.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduerak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko isurketak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako biltodien sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isurketak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoera prebenitzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako isurpenak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan sortutako soberako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura botako aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo zabortegi baimendu batera eramateko. Hala dagokionean, hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan biltegiratuko dira. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Instalazioek lohien tratamendua badute, lohi horietatik hustutako ura berriro bideratu beharko da arazketa-instalazioaren sarrerara, tratatu dadin.

Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Ez dago baimenduta hondakin-ura «bypass» bidez isurtzea arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez egin behar badira isurketak «bypass» bidez, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuta. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko isuri bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako j) puntuan adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko.

Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta orokorrean, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa dezake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak irazgaiztuko dira.

e) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako baldintzetan ezen ezin izango baitira ingurunean sakabanatu.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek eskakizun batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gertatzen diren isurketei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipo egokiak.

i) Ontzien hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura bat edukiko dute. Bertan, instalazioaren eraginkortasunari eragiten dioten isuriak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero, agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere). Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

Jatorriak eta arrazoiak (unean-unean zehatz daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

Hala badagokio, epe laburrera aurreikusitako jardunak.

Gertakari edo arazo larriren bat edo istripuzko isurketa edo emisioren bat egonez gero, SOS Deiak eta Lantarongo Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, gutxienez datu hauek agertuko dira:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Istripuzko isuria gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako zuzenketa-neurriak.

– Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketen bat gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egiteko arriskua badu, titularrak berehala etengo du isurketa hori, eta, horrez gain, gertakariaren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilean eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten organismoei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gertatzen diren gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko etenaldi programatu oro, prozesu etengabe batekoa bada, baita aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak ere, ahalik eta denbora-tarte handienarekin.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

G) Baldin eta hala egitea gomendatzen badute araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren maiztasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa alda daitezke, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

H) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, aurreko urtean atmosferarako eta uretarako isurketei eta sortutako hondakin-mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Afesa Medio Ambiente SAk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuari jarraikiz.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, bat etorriz uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da bete egiten dela Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa.

l) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Organo horren onespena ere beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Industriako emisioen Erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen du zer irizpide hartu behar diren kontuan aldaketa funtsezkotzat jotzeko.

Nolanahi ere, bat etorriz urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoarekin, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutako irizpideekin.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa egin aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

J) Ingurumen-arloko erantzukizuna.

Afesa Medio Ambiente SA 3. lehentasun-mailako operadore gisa dago sailkatuta ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera. Agindu horren bidez ezartzen da, hain zuzen ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen azken xedapenetako laugarrenean aurreikusten diren eta APM/1040/2017 Aginduak aldatzen duen ministerio-aginduak onartzeko lehentasun-ordena eta egutegia.

Afesa Medio Ambiente SAk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea hein batean garatzeko araudia onartzen duena). Artikulu horren hirugarren puntuaren arabera, operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan, eta jardueran, instalazioan edo baimenean funtsezko aldaketak egiten direnean.

Finantza-bermea eratu ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, agintaritza eskudunari erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio, zeinetan IV.2 eranskinean jasotako informazioa jasoko baita gutxienez.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik ez bada ere, Ingurumen-erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala».

«Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako emisioaren muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murritz daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan eginiko aldaketa handien ondoriozko gehiegizko kosturik izan gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta, beste teknika batzuk erabiltzea beharrezkoa denean.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian araututakoaren arabera, uste duenean ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isuriei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean hasteko berrikuste-prozesua.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen duenean, edo uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 22.3 artikuluari jarraikiz ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa denean (ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 16. artikuluak aldatu zuen artikulu hori).

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten denean, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo beste ohar batzuen arabera, egiaztatzen bada ez direla nahikoak ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak.

i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. puntuetan ezarritakoaren arabera egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan».

Laugarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak aldi baterako jaso eta biltegiratzeko eta sufre hexafluoruroa (SF6) duten edo izan duten ekipo elektrikoak deskontaminatzeko instalazioari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Afesa Medio Ambiente SAk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Bosgarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zehapenak ezartzea ekar dezake.

Seigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Afesa Medio Ambiente SAri, Lantarongo Udalari, ingurumen-baimen integratua berrikusteko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Zazpigarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Zortzigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 17a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala