Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2022ko azaroaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4816

AGINDUA, 2022ko urriaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez mahastizaintza eta ardogintzako sektorean inbertitzeko proiektuetarako laguntzen deialdia egiten den 2022rako, minimis laguntzen araubidea baliatuta.

Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizaintza eta ardogintzako ekoizleen lehiakortasuna areagotzeko eta haien ardoen kalitatea finkatzeko xedez, laguntza-lerro bat ezarri da, zeinaren bidez mahastizaintza eta ardogintzako sektorean inbertsioak egingo baitira, enpresen errendimendu orokorra hobetzeko eta merkatuko eskaeretara egokitzeko.

Europan, Merkatu Antolakunde Erkide bat (MAE) dago indarrean, Nekazaritza-produktuen merkatuen erakunde erkidea sortzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduak arautua. Gainera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duen Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1149 (EB) Erregelamenduan, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa nazionalak arautzen dira.

Estatuan, 2018ko azaroaren 3an, argitara eman zen azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretua, espainiar mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko 2019-2023 programako neurriak aplikatzekoa, dekretu hauek aldatuta: 25eko 608/2019 Errege Dekretua, ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretua, ekainaren 9ko 558/2020 Errege Dekretua, ekainaren 30eko 617/2020 Errege Dekretua, apirilaren 20ko 283/2021 Errege Dekretua, eta otsailaren 8ko 112/2022 Errege Dekretua. Errege-dekretu horretan, II. kapituluko 4. sekzioan, «Inbertsioak» neurria jasota dago.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2021eko uztailaren 28ko Aginduaren bidez, 2022. urteko laguntzen deialdia egiten da mahastizaintzako sektorea bultzatzeko programaren inbertsiorako.

Hala ere, laguntza horiek ez ziren iritsi Euskal Autonomia Erkidegoko upategi batzuetara; izan ere, Estatuko gainerako autonomia-erkidegoetako beste bodega batzuekin lehian jartzen dituzten betekizunak eta balorazio-irizpideak jasotzen dira bertan. Hori dela eta, laguntzen deialdi hau egiten da, kontuan hartu baita deialdi horretan balorazio ona izan duten proiektu horiek laguntzarik gabe gelditu direla, erabilgarri zeuden FEAGA funtsak agortzeko arrazoi hutsagatik; baina, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruari erreparatuta, laguntza jasotzea merezi dute, ardogintzaren alorrean daukaten interesagatik.

Hortaz, laguntza hauen bidez, 2022ko ekitaldiko deialdian bete gabe geratu ziren inbertsio-beharrei erantzun nahi zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura; baina, oraingo honetan, aipatutako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1407/2013 Erregelamenduak ezarritako esparruan eta mugen barruan (aipatutako erregelamendua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da).

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2022rako laguntzen deialdia egitea, zehazki, 2022ko ekitaldiko deialdian aintzat hartu ezin izan diren mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko inbertsio-proiektuetarako, mahastizaintza eta ardogintzako sektoreari laguntzeko programa nazionalei buruzko Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera eta Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko 2019-2023ko programako neurriak aplikatzeko azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren arabera.

2.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea aplikatuko zaie laguntza hauei.

Bigarrena.– Onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradunak izango dira 1363/2018 Errege Dekretuak aurreikusitako mahastizaintza eta ardogintzako enpresak, mahastizaintzako eta ardogintzako ekoizleen erakundeak, mahastizaintzako eta ardogintzako ekoizleen erakundeen elkarteak eta lanbide arteko erakundeak, baldin eta eskabidea egiten den unean egiaztatzen badute Ardogintza sektorerako MAE Inbertsioa programan 2022ko ekitaldiaren deialdian parte hartu dutela; baldin eta haien eskabideak eskabideen behin betiko zerrendan aukeratu, lehenetsi eta onartu badituzte, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoaren arabera; eta programa horretan aurrekontu-zuzkidura faltagatik laguntzarik jaso ez badute.

2.– Ez zaie laguntzarik emango krisian dauden enpresei, Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Batzordearen 2014ko uztailaren 31ko 2014/C-249/01 Komunikazioan definitzen diren moduan, ez eta 2021eko uztailaren 28ko Aginduan eta 1363/2018 Errege Dekretuaren 61. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenei ere.

Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak eta gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak Ardogintza sektorerako MAE Inbertsioa programaren 2022ko deialdietarako eskabideetan jasotakoak izango dira, zeinak aukeratu, lehenetsi eta onartutako eskabideen behin betiko zerrendan sartu ziren eta programa horretan aurrekontu-zuzkidura faltagatik laguntzarik jaso ez zuten.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 66. artikuluan ezarritakoak izango dira, Espainiako mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko 2019-2023 programako neurriak aplikatzeko, aurreko apartatuan aurreikusitako eskabideei aplikatzekoa zitzaien araua baita.

Laugarrena.– Laguntzen zenbatekoa eta mugak.

1.– Enpresa bakarrari minimis laguntzetan emandako guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan. Beraz, kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia izango da 2022ko ekitaldi fiskala eta aurreko bi ekitaldi fiskalak.

2.– Ardogintza sektorerako MAE Inbertsioa programaren 2022ko deialdietarako eskabideetan aurkeztutako proiektuaren arabera ezarriko da eskatzaile bakoitzari eman beharreko hasierako zenbatekoa, kasuistika hau kontuan hartuta:

– Dagokion deialdian onartutako inbertsio-kostuen % 30 mikroenpresa eta, enpresa txiki eta ertainetarako, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ematen den definizioaren arabera.

– Dagokion deialdian onartutako inbertsio-kostuen % 20, hain zuzen, 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2.1 artikuluaren kasuan ez dauden enpresetarako, zeinek 750 langile baino gutxiago dituzten edo 200 milioi eurotik beherako negozio-bolumena duten.

– Dagokien deialdian onartutako inbertsio-kostuen % 10 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2.1 artikuluaren kasuan ez dauden enpresetarako zeinek 750 langile edo gehiago dituzten eta 200 milioi euroko edo gehiagoko negozio-bolumena duten.

3.– Ondoren, laugarren atal honetako 1. puntuan adierazitako hiru urteetan eskatzaile bakoitzari legokiokeen minimis laguntza kalkulatuko da. Hori kalkulatzeko, 200.000 eurori kendu behar zaio aldi horretan jasotako minimis laguntzen zenbatekoa.

4.– Ondoren, eman beharreko laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da, atal honetako 2. puntuan adierazitako portzentajeak aplikatuz:

– Eman beharreko laguntzaren zenbatekoa dena delako eskatzailearentzat kalkulatutako laguntza baino txikiagoa bada, laguntzaren zenbatekoarekin ebatziko da.

– Eman beharreko laguntzaren zenbatekoa dena delako eskatzailearentzat kalkulatutako laguntza baino handiagoa bada, kalkulatutako minimis laguntzarekin ebatziko da.

Bosgarrena.– Finantzaketa eta emateko prozedura.

Laguntzen finantzaketarako, 1.110.000 euro bideratuko dira 2022ko ekitaldirako. Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko da, eta horietatik 610.000 euro 2022rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 500.000 euro, berriz, 2023rako konpromiso-kredituari.

Seigarrena.– Emateko prozedura eta lehenesteko irizpideak.

1.– Laguntza hauek esleitzeko prozedura norgehiagoka izango da.

2.– Eskabideak zerrenda bakarrean ordenatuko dira, 2022ko ekitaldirako Ardogintza sektorerako MAE Inbertsioa deialdian lortutako puntuazioaren arabera, eta laguntza esleituko da puntuazio handienetik txikienera.

Berdinketarik izanez gero, lehentasuna emango zaie eskabidea egitean ehunekorik handiena betearazita duten proiektuei.

Zazpigarrena.– Bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuaren bidez deitutakoekin. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen da eta 2022ra luzatu da. Laguntza hauek bereziki bateraezinak dira programa horretako «Lehiatu Berria» laguntzekin, bai eta helburu berarekin administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein laguntzarekin ere.

Era berean, bateraezinak izango dira Ardogintza sektorerako MAE Inbertsioa laguntzekin, zeinak Espainiako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreari laguntzeko 2019-2023 programako neurriei buruzko azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretua edo hori ordezten duen araudia aplikatuz dei egingo diren.

Zortzigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta dokumentazioa.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzenduko zaizkio.

2.– Eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztuko dira, ebazpen honen 3. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

3.– Eskabideak, justifikazioak eta gainerako agiriak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak agindu honen eranskinean aurreikusitakoaren araberakoak izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan egongo dira eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/servicios/1091804

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1091804

Eskaera egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/micarpeta eta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide hauetan eskuratu daitezke:

https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

5.– Eskabidean hauek adieraziko dira:

– Proiektuaren betearazte-ehunekoa, laguntza-eskabidea egiten den egunean.

Azalpen-txosten batean zehaztuko da proiektuaren betearazte-ehunekoa, eta dagozkion justifikazio-agiriak, fakturak eta ordainagiriak erantsiko dira.

– Laugarren ataleko 1. puntuan adierazitako epean jasotako minimis laguntzak eta laguntza horien zenbatekoak.

Hala badagokio, epe horretan minimis laguntza horiek eman zituen organoaren ebazpenak erantsiko dira.

– Erantzukizunpeko adierazpena, Agindu honen eranskinean ezarritakoaren arabera.

6.– Era berean, eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona fisikoen kasuan:

– Eskabidea aurkeztu aurreko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga.

b) Pertsona juridikoen kasuan:

– Legezko ordezkariaren NANa.

– Enpresa eratzeko eskritura.

– Legezko ordezkariaren ahalordetze-eskritura.

– Entitatearen estatutuak.

– Eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion sozietateen gaineko zerga.

c) Bien kasuan:

– Hirugarrenaren altaren dokumentua, ez badu Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso azken 5 urteetan.

– Enpresa merkaturatzailearen kasuan:

• Idatzizko konpromisoa, fakturazioaren % 80 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) VII. eranskinaren II. zatiko produktuetatik datorrela ziurtatzen duena.

– Proiektua deskribatzeko memoria, gutxienez hauek dituena:

• Bete beharreko ekintza eta inbertsioen deskripzio zehatza.

• Betearazteko aurreikusitako epea.

• Aurrekontu zehatza, euskarri-dokumentazioarekin, besteak beste, proformako fakturak, kontratuen kopia edo eskabide irmoak.

– Obra zibila duten proiektuen kasuan:

• Lurren jabetza-titulua edo lurzoruaren erabileraren lagapena.

• Obra betearazteko proiektu ikus-onetsia.

• Obra-lizentziaren eskabidea.

• Inbertsio guztien kostuen moderazioa (hiru eskaintza, hiru hornitzaile desberdinena).

• Enpresaren bideragarritasun-memoria tekniko-ekonomikoa; hauek jasoko dira gutxienez:

* Sustatzaileen identifikazioa (enpresaren aurrekariak).

* Enpresaren egitura.

* Ekoizpen-prozesuaren eta landutako produktuen deskribapena.

* Prestatutako produktuen merkatuak.

* Proiektuaren kokalekua.

* Inbertsioarekin aurreikusten diren emaitzak (ekonomikoak, modernizazioa, enplegua sortzea...).

* Azken bi urteetako balantzea eta emaitza-kontua.

* Lehenespen-irizpideak egiaztatzen dituen justifikazio-memoria.

• Egindako inbertsioa justifikatzeko memoria, eta aurretik onartutako inbertsioarekin lotuta dakarren ehunekoa.

7.– Ardogintza sektorerako MAE Inbertsioa programaren 2022ko deialdian, eskabidearekin batera erantsitako agiriak agindu honen babesean aurkeztutako eskabideen dokumentazio gisa erabili ahal izango dira. Edonola ere, administrazioaren esku dagoen dokumentazioa ez dute aurkeztu beharko eskatzaileek, baldin eta behar bezala eguneratuta badago.

8.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

9.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

10.– Eskabideak betebehar guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

11.– Betiere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak eskatzaileari eskatu ahal izango dizkio aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskaera izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak.

Bederatzigarrena.– Organo Kudeatzailea eta Ebazpena.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari egokituko zaio.

2.– Inbertsio-eskabideak ebaluatzeko eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako kide hauek izango dituena: Eduardo Castillo Díaz eta M. Cristina Ortega Álvarez, kide titular gisa jardungo dutenak, eta M.ª Carmen González Hernández eta Santiago Txintxurreta Uriarte, ordezko kide gisa; eta Elisa Torre-Enciso Enciso, presidente titular gisa jardungo duena, eta M.ª Luisa Fraile Correa, ordezko presidente gisa, guztiak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzakoak.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die bere bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean.

3.– Aurkeztutako eskabide guztiak aztertuko ditu balorazio-batzordeak, eta zerrenda bakarra osatuko du, 2022ko ekitaldiko deialdian lortutako puntuazioaren araberako hurrenkerarekin.

4.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamen bakarra egingo dio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrari. Proposamenak atal honetako 6. puntuko edukia jaso beharko du, gutxienez.

5.– Balorazio-batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

6.– Aurkeztutako eskaerak eta dokumentuak aztertutakoan, atal honen 3. puntuan xedatutakoaren arabera eginiko proposamena ikusita, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak deialdia ebatziko du, ebazpen bakar baten bidez. Ebazpen horretan, eskatutako laguntzak eman edo ukatu egingo ditu, eskabidea aurkezteko epea bukatu eta sei hilabeteko epean. Ebazpenean minimis laguntzak direla adieraziko da, eta, gutxienez, honako informazio hau jasoko da:

A) Aintzat hartutako eskabideei dagokienez:

– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura, diruz lagundutako zenbatekoa.

– Diruz lagun daitekeen inbertsioa.

– Aplikatutako irizpide objektiboak.

– Dirulaguntzaren ehunekoa.

– Diruz lagundutako jarduerak egiteko epea.

– Onuradunen betebeharrak.

B) Aintzat hartu ez diren eskabideei dagokienez:

– Eskatzaileen izena edo izen soziala, IFK edo NANa.

– Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

7.– Aurreko apartatuan ezarritako epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

8.– Laguntzei buruzko ebazpena interesdunei banan-banan jakinarazi behar bazaie ere, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren titularraren ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta elikagaigintzan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan (www.euskadi.net) argitaratuko da Agindu honen babespean esleitutako dirulaguntzak eskuratu dituztenen zerrenda, esleitutako zenbatekoak adierazita, publizitatearen ondorioetarako.

Hamargarrena.– Betearazteko gehieneko epeak.

2022ko deialdian aurkeztutako inbertsioak betearazteko gehieneko epea 2023ko abenduaren 30 izango da, eta ez da luzatzeko aukerarik izango.

Hamaikagarrena.– Inbertsioaren justifikazioa eta ordainketa.

1.– Laguntza ematea onartu ondoren, 2022ko ekitaldian egindako inbertsioak ordainduko dira, eta 2023ko ekainaren 1a baino lehen justifikatu beharko dira, hurrengo apartatuetan xedatutakoaren arabera.

2.– Emandako laguntzaren xede den inbertsioa betearazi dela justifikatzeko, laguntzaren ordainketa-eskabidea aurkeztuko da Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan, eta Zuzendaritza horrek ordainketa-ebazpen bat eman beharko du, behin inbertsio-eragiketan aurreikusitako ekintzak betearazi direla ziurtatzen denean.

3.– Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztuko dira, gutxienez:

a) Betearazpen-memoria baloratua, non gastuak, fakturak eta ordainketak justifikatzeko agiriak jasoko diren. Horiez gain, betearazpen-memoria horrek hauek ere jasoko ditu: aurreikusitako lanen eta egindakoen arteko aldeak, eta, beharrezkoa bada, ezinbesteko edo aparteko kasuen justifikazioa.

b) Honako hauen gaineko deklarazioa, onuradunak egindakoa: inbertsio bererako beste laguntzarik eskatu edo jaso ez izana, eta dirulaguntzak itzultzeko prozesuren baten barruan ez egotea, edo, hala badagokio, egunean egotea itzultze- edo zehapen-prozedura batean ezarritako zenbatekoen ordainketari dagokionez.

c) Eraikinak erosten diren kasuetan, behar bezala egiaztatutako tasatzaile independente baten edota behar bezala baimendutako organo edo erakunde publiko baten ziurtagiria ere aurkeztu beharko da; ziurtagiri horren bidez, frogatuko da erosketa-prezioak ez duela gainditzen merkatuko balioa, lurzoruaren balioa merkatu-prezioen arabera banakatuta.

e) Gastuaren fakturak edo egiaztapen-balio baliokidea duten kontabilitate-dokumentuak, jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izango direnak, eta ordainketen ziurtagiriak.

e) Onuradunak egiaztatu beharko du egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baldin eta automatikoki egiaztatzeko baimena berariaz ukatu badu.

f) Bete behar den arautegian exijitutako beste edozein dokumentu, baita emakida-ebazpenean adierazitakoa ere, laguntza emateko beharrezkoak diren inguruabar edo baldintzetakoren bat egiaztatzeko.

Dirulaguntza ordaintzeko, nahitaezkoa da inbertsioa justifikatzen duten kontuak aurkeztea. Kontu horiek egiaztatu egin beharko dira, hain zuzen ere Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda duen kontu-auditore baten edo auditoria-sozietate baten bitartez; halakorik ezean, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko ditu aipatutako fakturak eta dokumentuak. Egiaztapen horretan, laguntza-espediente bakoitzaren gainean in situ ikuskapen bat egingo da, gutxienez.

4.– Behin eragiketa osorik betearazita, ezin bada egiaztatu diruz lagundu daitekeen inbertsioa hasieran onartutakoaren % 60koa dela gutxienez, ez da inolako laguntzarik ordainduko.

5.– Ordaintzeko eskabidea aurkeztu eta sei hilabeteko epean ordainduko da laguntza, baina ordaindu aurretik egiaztatu beharko da osorik betearazi direla laguntza-eskaerak estaltzen dituen eragiketa globalaren ekintza guztiak, eta ekintza horien gainean administrazio-kontrolak eta bertatik bertarakoak egin direla.

Hamabigarrena.– Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek bete egin behar dituzte obligazio hauek: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50. artikuluan xedatutakoak, eta, edonola ere, honako hauek:

a) Dirulaguntza ematea zilegi egiten duen jardueran aritzea edo egoeran egotea, eta dirulaguntza eman duen erakundeari frogatzea dirulaguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera egiten dutela.

b) Baliteke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo Europar Batasuneko organo eskudunek informaziorik eskatzea agindu honen kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta, eta, beraz, informazio hori eman egin beharko zaie, eta horrez gain, egiaztatze-jarduerei –administratiboei zein bertatik bertarakoei– men egin.

c) Dirulaguntza ematen duen erakundeari, bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako dirulaguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea, bai eta dirulaguntza ematean kontuan hartutako gorabehera objektibo edo subjektiboetan izandako aldaketen berri ere.

d) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, pentsatuko da dirulaguntza onartu duela.

e) Emakumeak eta gizonak berdintasunez tratatzea esparru guztietan, kanpokoak zein barrukoak izan.

f) Pertsona onuradunari azken ordainketa egiten zaionetik, gutxienez, 5 urtez aktibo mantendu beharko dira inbertsioak eta, epe horretan, ezin dituzte besterendu ez amortizatu, ezta diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu bat lortzeko erabili ere.

g) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke; gutxienez bost urtez gorde beharko dira, azken ordainketa jasotzen denetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek, agindu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko idatzizko zein ahozko harremanetan, euskara eta gaztelania erabiltzeko duten eskubidea eta aukeratzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko da.

Hamahirugarrena.– Baldintzak aldatzea eta ez-betetzeak.

1.– Laguntzak emateko eta ordaintzeko kontuan hartu diren baldintzen aldaketa orok eragin dezake dirulaguntzak emateko ebazpena aldatzea, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak errespetatzen badira, eta, hala bada, beste dirulaguntza batzuk jasota gehieneko zenbatekoa gainditzen bada. Ondorio horietarako, gutxieneko betekizunak errespetatu direla ulertuko da, baldin eta inbertsioaren % 60 egin bada.

2.– Onuradunek ez badituzte Agindu honetako betekizunak betetzen, jasotako dirua itzuli egin beharko dute, aplika daitezkeen legezko interesekin batera. Hori guztia, hauetan xedatutakoarekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

Aurreko paragrafoan ezarritako gutxieneko betekizunak babestu ondoren, zati bat ez bada betetzen, itzuli egin beharko da diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako gaindikina, bai eta dagokion berandutze-interesa ere.

3.– Hala badagokio, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berriro doitzeko ebazpena emango du kudeaketa-organo eskudunak.

Hamalaugarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke nekazaritza-gaietan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Hamabosgarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 26a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
MAHASTIZAINTZA ETA ARDOGINTZAKO SEKTOREAN INBERTITZEKO LAGUNTZEN INPRIMAKIAREN EDUKIA, MINIMIS LAGUNTZEN ARAUBIDEA BALIATUTA.

Eremu generikoak:

– Identifikazio-agiriaren mota.

– Zenbakia.

– Izena (pertsona fisikoak soilik).

– Lehen abizena (pertsona fisikoak soilik).

– Bigarren abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Sexua (pertsona fisikoak soilik).

– Entitatearen izena (pertsona juridikoak soilik).

– Telefono finkoa.

– Telefono mugikorra.

– Helbide elektronikoa.

– Ordezkaria.

– Lurralde historikoa.

– Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.

– Abisuak jasotzeko posta-helbidea.

– Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.

– Abisuak jasotzeko telefono mugikorra.

– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuen hizkuntza.

– Aurreikusitako exekuzio- eta justifikazio-egutegia.

– Programen ustiapenaren arduraduna.

Eremu osagarriak:

Erantzukizunpeko adierazpena:

– Eskatutako inbertsioak bat datoz oso-osorik Ardogintza sektorerako MAE Inbertsioa programaren 2022ko deialdian eskatutako inbertsioekin.

– Ez du xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jaso administrazio publiko eta erakunde pribatuetatik.

– Laguntza-eskabidean adierazitakoa egia da, eta eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak benetakoak dira; faltsutasunik edo datu okerrik azalduz gero, erantzukizun osoa bere gain hartuko du; eta ez du adieraziko faltsutasun edo datu oker horiek eragin dituzten gertaerak ez zituela ezagutzen.

– Konpromisoa hartzen du, halaber, programa gauzatu dela egiaztatzeko beharrezko den dokumentazio guztia Eusko Jaurlaritzaren esku jartzeko.

– Proposatutako programaren iraupen osorako finantzaketa bermatzen du.

– Ez da krisian den enpresatzat hartzen, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europako zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauekin bat etorriz (Batzordearen 2014/C 249/01 Komunikazioa, 2014ko uztailaren 31koa).

– Konpromisoa hartzen du diruz lagundutako inbertsioak aktibo mantentzeko onuradunari azken ordainketa egin eta hurrengo 5 urteetan, gutxienez, eta, epe horretan, ezingo dira besterendu ez amortizatu, ezta diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu bat lortzeko erabili ere.

– Ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta.

– Ez dago zigor- eta administrazio-arloko dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoarekin bat.

– Konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude ekainaren 26ko 1/2014 Legean (kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

– Ez du zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

Enpresa mota:

– Enpresa ez da ez enpresa txikia ez ertaina, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat.

– Enpresa txikia edo ertaina da, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat.

Enpresaren kategoria:

– ETE-mikroenpresa (10 enplegatu baino gutxiago; 2 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra).

– ETE txikia (50 enplegatu baino gutxiago; 10 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra).

– ETE ertaina (250 enplegatu baino gutxiago; 50 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo 43 milioi eurotik beherako balantze orokorra).

Halaber, baimen inplizitua eman beharko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki ziurta ditzan NANa, IFZ, zerga-betebeharrak bete izana eta Gizarte Segurantzako ordainketak egin izana; baimen hori berariaz ukatzeko aukera izango du, eta, kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko du dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.


Azterketa dokumentala