Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2022ko azaroaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4806

ERABAKIA, 2022ko uztailaren 13koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, Errektorea aukeratzeko hauteskundeei buruzko Arautegiaren aldaketa onartzeko dena.

UPV/EHUko errektorea hautatzeko arautegia 2011ko apirilaren 14ko bileran onartu zuen Gobernu Kontseiluak, eta 2011ko otsailaren 9ko EHAAn argitaratu zen.

Oraingo aldaketa honen funtsezko zioa da Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuen erreforma, Klaustroak 2021eko azaroaren 25eko bileran onartutakoa, Azken Xedapenetako Bigarrenera egokitzea. Izan ere, bertan ezartzen zenez, aldaketa horiek indarrean sartu eta bederatzi hilabeteko epean onartu behar ziren dagozkien arau aldaketak, hauteskundeetakoak barne, estatutuetan jasotako sektoreen definizio berrira egokitzeko. Halaber, hauteskunde prozesuaren faseetan eskatzen diren formalismoak eguneratu eta egungo errealitate teknologikora egokitu dira.

Aipatutako guztiagatik, idazkari nagusiaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak honako hau:

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– UPV/EHUko Errektorea Hautatzeko Arautegiaren aldaketa onartzea, 2011ko apirilaren 14ko Gobernu Kontseiluak onartu zuena (2012-02-09ko EHAA), eranskinean jasotako moduan.

Bigarrena.– UPV/EHUko idazkari nagusiaren esku uzten da aldaketa hau onartu ondorengo testu bategina egitea eta, ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Leioa, 2022ko uztailaren 13a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
ERREKTOREA AUKERATZEKO HAUTESKUNDEEI BURUZKO ARAUTEGIA
HITZAURREA

Erreforma honen arrazoi nagusia klaustroak 2021eko azaroaren 25ean onartutako UPV/EHUko Estatutuen erreformaren Azken Xedapenetatik Lehenenean dago; izan ere, bertan ezartzen zenez, indarrean sartu eta bederatzi hilabetera zegozkion arau aldaketak onartu behar ziren, horien barruan sartuta hauteskunde arauak, Estatutuetan aurreikusitako kidegoen definizio berrira egokitu daitezen. Era berean, hauteskunde prozesuaren faseetan eskatutako formalismoak eguneratu eta gaur egungo errealitate teknologikora egokitu dira.

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2011ko apirilaren 11n onartutako Errektorea Aukeratzako Hauteskundeei buruzko Arautegiaren erreforma onartu du, honako termino hauetan:

Lehenengoa.– UPV/EHUko Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren 3. artikuluaren 5. atala aldatzen da, termino hauetan:

«5.– Arautegi honetako idatzi eta agiri guztiak Hauteskunde Batzorde Nagusiko buruari zuzendu beharko zaizkio, eta dagokion deialdian zehaztutako moduaren arabera aurkeztuko dira, eta haien aurkezpena jasota geratuko da, dagokion epearen barruan.»

Bigarrena.– UPV/EHUko Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren 4. artikuluaren 2. atala aldatzen da, termino hauetan:

«2.– Irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreen, lotura iraunkorrik gabeko irakasle-ikertzaile doktoreen, gainerako irakasle-ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen –guztiak ere Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 3.2 artikuluaren b) c) eta e) letretan zerrendatuak– campuseko Hauteskunde Batzordearen burua dagokion Campuseko errektoreordea izango da (edo hark bere ordezko izateko izendatzen duen pertsona), eta adineko mahai batez osatuta egongo da, Hauteskunde Araubide Orokorraren Legearen 195. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.»

Hirugarrena.– UPV/EHUko Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren 6. artikuluaren 1. atala aldatzen da, termino hauetan:

«1.– Gobernu Kontseiluak errektorea aukeratzeko hauteskundeetarako deialdia egingo du, errektorearen agintaldia amaitu baino bost hilabete lehenago. Edonola ere, bozketarako eguna errektorearen agintaldia amaitu aurreko 60 egunetako batean finkatu beharko da.»

Laugarrena.– UPV/EHUko Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren 7. artikuluaren 3. atala aldatzen da, termino hauetan:

«3.– Behin-behineko hautesle erroldei buruzko erreklamazioak Hauteskunde Batzorde Nagusiari zuzendu beharko zaizkio, hauteskundeetarako egutegian jasotako epearen barruan, eta dagokion deialdian zehaztutako moduaren arabera aurkeztuko dira, eta haien aurkezpena jasota geratuko da, dagokion epearen barruan. Hauteskunde Batzorde Nagusiak lau egun baliodun izango ditu erreklamazioak ebazteko, eta, ondoren, behin betiko hautesle errolda onartu eta argitaratzeko agindua emango du.»

Bosgarrena.– UPV/EHUko Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren 8. artikuluaren 2. atala aldatzen da, termino hauetan:

«2.– Irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreen, lotura iraunkorrik gabeko irakasle-ikertzaile doktoreen, gainerako irakasle-ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen (AZP) hauteskunde barrutia UPV/EHUko hiru campusetako bat izango da. Hauteskunde talde horiek jasota daude 3.2 artikuluaren b) c) eta e) letretan.»

Seigarrena.– UPV/EHUko Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren 9. artikuluaren 4. eta 6. atalak aldatzen dira, termino hauetan:

«4.– Mahaiko burua (titularra eta ordezkoa) eta mahaikideak (titularrak zein ordezkoak) barrutiko hautesleen artetik eta, kasuan kasuko hauteskunde taldeetako kideen artetik, aukeratuko dira barrutiko hauteskunde batzordeak egindako zozketaren bidez. Zozketaz aukeratuko dira, halaber, titularren ordezkoak.

Ez dira zozketan sartutako errektore izateko hautagaiak eta haien taldeetan sartutako pertsonak.

6.– Mahaiaren eraketara ez joateak laneko betebehar bat ez betetzea dakar, AZPko langileen eta irakasle-ikertzaileen kasuan, eta, horren ondorioz, erantzukizunak eskatuko dira. Bertaratu ez direnak ordezkatzeko, hauteskunde mahaiko buruak edo, hala egokituz gero, Hauteskunde Batzorde Nagusiko buruak, ordezkoak izendatuko ditu hautesleen artetik.»

Zazpigarrena.– UPV/EHUko Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren 12. artikuluaren 4. eta 5. atalak aldatzen dira, termino hauetan:

«4.– Hautagaitza aurkezteko idatzia dagokion deialdian adierazitako moduan aurkeztuko da, Gobernu Kontseiluak onartutako egutegian aurreikusitako epean.

5.– Hautagaitza bertan behera utzi nahi izanez gero, Hauteskunde Batzorde Nagusiaren buruari zuzendutako idatzi bat aurkeztu beharko da, aurreko zenbakian adierazitako modu berean, botoa emateko aurreikusitako eguna baino 24 ordu lehenago.»

Zortzigarrena.– UPV/EHUko Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren 13. artikulua aldatzen da, termino hauetan:

«13. artikulua.– Hautagaitzak aldarrikatzea.

Hauteskunde Batzorde Nagusiak, hautagaiek baldintza guztiak betetzen dituztela behin egiaztatuta, hautagaiak behin-behineko aldarrikatuko ditu, Gobernu Kontseiluak onartutako egutegiari jarraituz. Hautagaiak behin-behinekoz aldarrikatuta, inpugnazioak aurkeztu ahal izango zaizkio Hauteskunde Batzorde Nagusiari dagokion deialdian adierazten den moduan, hauteskundeen egutegian horretarako zehaztutako epean. Inpugnaziorik egon bada, eta Hauteskunde Batzorde Nagusiaren ustez egoki bada, epea irekiko da alegazioak aurkezteko, bai eta okerrak zuzentzeko ere. Behin horiek guztiak ebatzita, hautagaiak behin betiko aldarrikatuko ditu Hauteskunde Batzorde Nagusiak, eta UPV/EHUko ikastegi guztietako iragarki ohol ofizialetan eta unibertsitatearen iragarki ohol birtualean argitaratzeko agindua emango du.

Aldarrikatutako hautagaitzak ikusgai egongo dira gutxienez botazio egunera arte.

Hautagaitza aldarrikatu ondoren errektorerako hautagaiak UPV/EHU kide izateari utziko balio, modu automatikoan geratuko da baliogabe hautagaitza hori.»

Bederatzigarrena.– UPV/EHUko Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren 16. artikuluaren 1. atala aldatzen da, termino hauetan:

«1.– Botazio egunean beren hauteskunde barrutian egoterik ez dutenei parte hartzea errazteko asmoz, ikastegietako zuzendariek eta campusetako errektoreordeek botoa aldez aurretik ematea onartuko dute, dagokion ziurtagiria igorria. Botoa aldez aurretik emateko epea hauteskunde egutegian adierazitakoa izango da, baina, edozelan ere, hautagaitzak behin betiko aldarrikatzen direnetik botazio eguna baino 48 ordu lehenagoko tartera bitartean izan behar da.

Ikastegietara atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileek, irakasle-ikertzaile iraunkor ez doktoreek, lotura iraunkorra ez duten irakasle-ikertzaile doktoreek eta gainerako irakasle-ikertzaileek beren ikastegian bertan eman ahal izango dute botoa aldez aurretik, campus bakoitzeko hauteskunde batzordeak zehaztutako prozedurari jarraituz.»

Hamargarrena.– UPV/EHUko Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren 19. artikulua aldatzen da, termino hauetan:

«19. artikulua.– Emaitzak argitaratzea.

Mahaiek argitara emango dituzte emaitzak aktak sinatu bezain laster. Horretarako, aktak fotokopiatu eta ikastegietako hauteskunde oholetan eskegiko dituzte, baita ohol birtualetan ere.»

Hamaikagarrena.– UPV/EHUko Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren 20. artikuluaren 2. eta 4. atalak aldatzen dira, termino hauetan:

«2.– Errektorea hautatzeko hauteskundeetako botoa haztatua izango da, unibertsitateko kidegoen banaketaren arabera. Kidegoak eta bakoitzari dagozkion ehunekoak honako hauek dira:

a) A taldea, unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle doktoreak: % 56,25.

b) B taldea, lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile ez doktoreak eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasle-ikertzaile doktoreak: % 8.

c) C taldea, gainerako irakasle-ikertzaileak: % 1,59.

d) D taldea, ikasleak: % 22,08.

e) E taldea, administrazio eta zerbitzuetako langileak: % 12,08.

Botoen haztapena egiteko, hautagaiei balioz emandako botoak baino ez dira kontuan izango. Artikulu honen ondorioetarako, boto baliodunak hautagai bakar bat markatuta dutenak izango dira. Beraz, ez dira hautagaiei balioz emandako bototzat hartuko ez boto zuriak, ez boto baliogabeak.

Zenbaketaren akta egin ondoren, hauteskunde batzordeak hautagaia hautetsia aldarrikatuko du behin-behinekoz.

4.– Eragiketak egiteko, ondorengo formula eta eranskineko adibidea hartu behar dira kontuan. Gehiengoa osoa izango da boto haztatuen % 50 baino gehiago lortu bada.

Formula aplikatzeko irizpideak:

Sa A taldea: Unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle doktoreak.

Sb B taldea: lotura iraunkorra daukaten irakasle ez doktoreak eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasle-ikertzaile doktoreak.

Sc C taldea: gainerako irakasle-ikertzaileak.

Sd D taldea: ikasleak.

Se E taldea: administrazio eta zerbitzuetako langileak.

Pr talde bakoitzari dagokion ehunekoa (artikulu honetako 2. puntuan adierazitakoak)

Vv Hautagaiei talde bakoitzean balioz emandako boto kopurua.

Cp Talde bakoitzaren haztapen koefizientea.

V1 1. hautagaiak lortutako boto kopurua.

V2 2. hautagaiak lortutako boto kopurua.

V3 3. hautagaiak lortutako boto kopurua.

C1 1. hautagaiak lortutako boto haztatuen %.

C2 2. hautagaiak lortutako boto haztatuen %.

C3 3. hautagaiak lortutako boto haztatuen %.

Talde bakoitzean hautagai bakoitzak lortu duen boto haztatua kalkulatzeko formula:

Cp = Pr/Vv, Ci = Cp x Vi, i = 1, 2, 3...

Hautagai bakoitzak guztira lortutako boto haztatuak hautagai bakoitzak talde bakoitzean lortutako botoen batura izango dira.»

Hamabigarrena.– UPV/EHUko Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren 21. artikuluaren 6. atala aldatzen da, termino hauetan:

«6 Hautetsia behin betiko aldarrikatu aurretik, Hauteskunde Batzorde Nagusiak baliogabetu egin ahalko du mahai bateko edo zenbaitzuetako botazioa, baldin eta botazioaren emaitzan eragina izan dezakeen akatsik egon bada. Horrelakoetan, berriro egingo da botazioa ahalik eta arinen dena delako mahaian edo mahaietan.»


Azterketa dokumentala