Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2022ko azaroaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4805

ERABAKIA, 2022ko uztailaren 13koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren aldaketa onartzeko dena.

UPV/EHUren Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorra 2011ko apirilaren 14ko Gobernu Kontseiluaren bileran onartu zen eta 2011ko maiatzaren 18ko EHAAn argitaratu.

UPV/EHUren Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren oraingo aldaketa hau, funtsean, UPV/EHUaren Estatutuen erreforma, Klaustroak 2021eko azaroaren 25eko bilkuran onartutakoa, Azken Xedapenetako Bigarrenera egokitzearen ondorio da. Izan ere, bertan ezartzen zenez, aldaketa horiek indarrean sartu eta bederatzi hilabeteko epean onartu behar ziren dagozkien arau aldaketak, hauteskundeetakoak barne, estatutuetan jasotako sektoreen definizio berrira egokitzeko. Era berean, kide anitzeko organoetan hautagaitzak aurkezteko eta ordezkariak esleitzeko sistema aldatu da, bertan gutxieneko emakume kopurua bermatzeko helburuaz. Azkenik, hauteskunde prozesuaren faseetan eskatzen diren formalismoak eguneratu eta egungo errealitate teknologikora egokitu dira.

Aipatutako guztiagatik, idazkari nagusiaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak honako hau:

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– UPV/EHUaren Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorra 2011ko apirilaren 14ko Gobernu Kontseiluaren bileran onartu zen eta 2011ko maiatzaren 18ko EHAAn argitaratu, I. eranskinean jaso den bezala.

Bigarrena.– UPV/EHUko idazkari nagusiaren esku uzten da aldaketa hau onartu ondorengo testu bategina egitea eta, ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Leioa, 2022ko uztailaren 13a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
HITZAURREA

Erreforma honen arrazoi nagusia da klaustroak 2021eko azaroaren 25ean onartutako UPV/EHUko Estatutuen erreformaren Bigarren Azken Xedapena; izan ere, bertan ezartzen zenez, indarrean sartu eta bederatzi hilabetera zegozkion arau aldaketak onartu behar ziren, horien barruan sartuta hauteskunde arauak, Estatutuetan aurreikusitako kidegoen definizio berrira egokitu daitezen. Era berean, hautagaitzak aurkezteko eta kide anitzeko organoetako ordezkariak izendatzeko sistema berritu da, emakumeen gutxieneko ordezkaritza bat egongo dela bermatzeko. Azkenik, hauteskunde prozesuaren faseetan eskatutako formalismoak eguneratu eta gaur egungo errealitate teknologikora egokitu dira.

Gobernu Kontseiluak UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren erreforma hau onartu du 2022ko uztailaren 13ko saioan, honako termino hauetan.

Lehenengoa.– 2011ko apirilaren 19an onartutako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 3.1 eta 3.2 artikulua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

«1.– Hautesle eta hautagarri izango dira –bakoitza dagokion unibertsitateko kidegoan– edozein titulazio edo ikasketetan matrikulatuta dauden guztiak edo indarreko izendapen edo kontratua izanda Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean zerbitzuak betetzen ari diren guztiak, betiere, artikulu honetan zehaztutakoari jarraituz kasuan kasuko erroldan ageri badira. Sufragiorako eskubidea pertsonala da eta ezin da beste inoren esku utzi, beraz, ezin daiteke ordezkarien bidez gauzatu.

Sufragio aktiborako eskubidea izateko bete beharreko baldintzak erroldak ixteko egunean ez ezik (hauteskundeetarako egutegian zehaztutako egunean), botazio egunean ere bete beharko dira. Sufragio pasiborako eskubidea izateko bete beharreko baldintzak erroldak ixteko egunean bete behar dira (hauteskundeetarako egutegian zehaztutako egunean), eta kargua hartzeko egunera arte mantenduko dira, baldin eta pertsona hautatua bada. Behin karguaz jabetuta, galdu egingo da 4. artikuluan definitutako kasuetan.

Hautesle eta hautagai izateko bete beharreko baldintzak betez gero erroldak ixteko egunean, kontrako probarik agertu ezean baldintzok betetzen jarraitzen direla ulertuko da.

Hautagai ez izateko eta bateraezintasunerako arrazoiak legeetan, Estatutuetan, arautegi honetan eta ezar daitezkeen gainontzeko arautegietan ezarritakoak izango dira.

2.– Oro har, unibertsitateko kidego bakoitzean, hautesle eta hautagai izango dira honako hauek:

a) Lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile doktoreak.

b) Lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile ez doktoreak eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasle-ikertzaile doktoreak.

c) Gainerako irakasle-ikertzaileak.

d) Unibertsitateko gradu, master, doktorego programa edo berezko titulu ofizial batean matrikulatutako ikasleak (graduko ikasketa ofizialetara lotutako berezko ikasketetakoak izan ezik).

Ikasketa osagarrietako edo bizi osoko prestakuntzako ikasketa berezietako ikasleek sufragio aktiborako eskubidea izango dute, baldin eta eskubide hori izateko bete beharreko baldintza guztiak betetzen badituzte, kontuan izanda, batez ere, prestakuntzaren iraupena eta bozketa eguna, eta, betiere, hauteskundeetan parte hartzeko asmoa adierazten badute.

e) Administrazio eta zerbitzuetako langileak, hau da: UPV/EHUko funtzionarioak eta lan kontratudunak, eta indarreko legediari jarraituz UPV/EHUn zerbitzuak betetzen ari diren beste administrazio publiko batzuetako funtzionarioak.»

Bigarrena.– 2011ko apirilaren 19an onartutako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 4.1.e) artikulua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

«e) UPV/EHUko kide edo ordezkari izateko hautatu zuen kolektiboko kide izateari uztea. Ordezkaritza organoa UPV/EHUko campus, ikastegi, sail, institutu edo nortasun juridikorik gabeko beste egitura batera mugatzen bada, egitura horretako kide izateari uztea.»

Hirugarrena.– 2011ko apirilaren 19an onartutako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 5.4, 5.5 eta 5.6 artikulua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

«4.– Kide anitzeko organoetako ordezkariak hautatzeko hautagai zerrendak kolektiboak, itxiak eta ordenatuak izango dira, eta kasuan kasuko barrutiko hauteskunde batzordeari aurkeztu beharko zaizkio hautagai guztien sinadurarekin. Hautagai zerrendek kasuan kasuko hauteskunde taldeari dagozkion kideen laurdenak edo gehiago bete ahal izango dituzte, eta, edozelan ere, gutxienez bi hautagai. Edonola ere, zerrendan % 40 gutxienez emakumeak direla bermatuko da. Era berean, hautagai zerrendako lehen bi pertsonetako bat gutxienez emakumea izango da.

5.– Emakumeen presentzia aurreko paragrafoan adierazi den moduan bermatu ezin bada, hautagai zerrenda aurkeztearekin batera, baldintza hori betetzea eragozten duten arrazoiak argudiatu beharko dira. Hauteskunde Batzordeak argudio horiek UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzari igorriko dizkio, eta hark hautagai zerrenda horren onarpenari buruzko txosten lotesle bat igorriko du, aurkeztutako hautagai zerrendak behin betiko aldarrikatu baino lehen. Aipatutako txosten hori jaso bitartean, eraginpeko hautagai zerrenda prozesutik kanpo geratuko da behin-behinean.

6.– Baldin eta, artikulu honen 3. zenbakian aurreikusitakoaren arabera ordezkariak zerrendetan banatu ondoren aurkeztutako hautagaitzen ordenari jarraituta aukeratutako emakumeen portzentajea % 40ra iristen ez dela egiaztatzen bada, non eta aukeraketa horretan ez dagoen artikulu honen 5. zenbakian aipatutako Berdintasunaren arloko Zuzendaritzaren aldeko txostena, portzentaje horretara iristeko, honela jokatuko da:

a) Hautagai zerrenda bakoitzari esleitutako ordezkarien kopurua errespetatuko da, edonola ere.

b) Aurrekoa errespetatuta eta % 40ra iritsi arte, ordezkaritza lortu duten zerrendetako bakoitzean hurrengo emakumea aukeratuko da, haren aurretik dagoenaren kalterako, eta ordezkaritza ehuneko handiena duten taldeetako zerrendetatik hasiko da. Eta talde bakoitzaren barruan, lortutako ordezkari kopuru handiena lortu duten zerrendetatik. Bi zerrenda ordezkari kopuruetan berdinduta geratuz gero, zozketaz erabakiko da.

c) Postu hutsak betetzeari dagokionez, horren ondorioz organoan diren emakume ordezkarien kopuruak % 40ra iristeari uzten badio, zerrendan dagoen hurrengo emakumea izendatuko da ordezko gisa.»

Laugarrena.– 2011ko apirilaren 19an onartutako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 6.3, 6.5 eta 6.6 artikulua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

«3.– Ezinezkoa bada organoa eratzea, hauteskundeetarako deia egiteko eskudunak artikulu honetako 2. zenbakian adierazitakoak izango dira, aldez aurretik UPV/EHUko errektoreak erabakia emanda. Eta horiek ezin dutenean, errektoreak berak egingo du deialdia, arautegi honetako 9.5 artikuluan zehaztutakoa kontuan hartuta.

(...)

5.– Erabakian, era berean, jasota egongo da hauteskunde egutegia:

a) Errolda ixteko eguna.

b) Behin-behineko erroldak argitaratzeko eguna.

c) Errolda inpugnatzeko epea.

d) Behin betiko errolda argitaratzeko eguna.

e) Hautagai zerrendak aurkezteko epea.

f) Behin-behineko hautagai zerrendak aldarrikatzeko eguna.

g) Hautagai-zerrendak inpugnatzeko epea.

h) Behin betiko hautagai zerrendak aldarrikatzeko eguna.

i) Bozketa eguna.

j) Behin-behineko emaitzak aldarrikatzeko eguna.

k) Behin-behineko emaitzak inpugnatzeko epea.

l) Behin betiko emaitzak aldarrikatzeko eguna.

a), b), c) eta d) letretan adierazitako edukia hauteskundeak sufragio unibertsalaren bidez egiten direnean baino ez dira zehaztu beharko; beraz, ez dira zehaztu beharko kide anitzeko organoak berak aukeratzen duenean ordezkaria.

Zuzendariak eta dekanoak aukeratzeko hauteskunde egutegiak aurreikusi beharko du, halaber, botaziorako bigarren txanda bat, lotura iraunkorra duen doktorerik hautetsi aldarrikatu ez bada.

6.– Hauteskunde prozesu guztietan ondoko epeak bete beharko dira:

– Behin-behineko errolda argitara emango da errolda itxi eta gehienez ere 5 egunera, horretarako egokituko den iragarki ohol elektronikoan. Hauteskunde kanpaina egoki egin ahal izateko, behin betiko aldarrikatutako hautagai zerrendetako ordezkariek erroldaren kopia eskatu eta lortu ahal izango dute, baina erroldak kasuan kasuko hauteskunde prozesuarekin zerikusia duten helburuetarako eta arautegi honetan jasotakoetarako baino ezin izango dira erabili. Horrez gain, hautagaiak konpromisoa hartuko du lortutako datuak ez zabaltzeko eta datuon ezelango tratamendurik ez egiteko.

– Erroldan akatsik egonez gero, erroldak argitaratu eta hurrengo hiru egunetan interesdunak inpugnazioa aurkeztu ahal izango du; zuzenketak, epe berean, ofizioz ere egin daitezke, baldin eta hauteskunde batzordeak berak okerrik antzemanez gero.

– Erroldak eta, beraz, hauteskunde taldeen banaketa (hautagai edo hautesle izan zaitezkeen jakin ahal izateko), hauteskunde eguna baino hilabete lehenago itxiko da, hauteskundeetarako onartzen den egutegiari jarraituz.

– Hautagai zerrendak aurkezteko epea, gutxien dela, botazio eguna baino hamar egun lehenago amaituko da.»

Bosgarrena.– 2011ko apirilaren 19an onartutako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 7.1 artikulua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

«1.– Sufragio unibertsal bidez egiten diren hauteskunde prozesuetan parte hartzea errazteko asmoz, hauteskunde batzordeak botoa aldez aurretik emateko aukera onartuko du, eta behar den ziurtagiria emango dute. Hauteskunde prozesua kide anitzeko organoaren barruan egiten denean, botoa aldez aurretik eman ahal izango da, baldin eta organoaren arautegian aukera hori berariaz zehaztuta badago.

Botoa aldez aurretik emateko epea hauteskunde egutegian adierazitakoa izango da, baina, edozelan ere, hautagaitzak behin betiko aldarrikatzen direnetik botazio eguna baino 48 ordu lehenagoko tartera bitartean izan behar da.»

Seigarrena.– 2011ko apirilaren 19an onartutako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 8.4 artikulua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

«4.– Botoak zenbatzen amaitu ondoren, mahaiko buruak emaitzak irakurriko ditu eta botazioaren akta egiteko prozesua gainbegiratuko du. Mahaiko kide guztiek sinatuko dute akta hori. Aktan honakoak zehaztuko dira: hauteskunde barrutia; emandako boto kopurua; boto baliodunak, baliogabeak eta zuriak; hautagai zerrenda bakoitzak lortutako botoak; eta zerrenda bakoitzari dagokion ordezkari kopurua. Era berean, hautetsien izenak argitaratuko dira, 5. artikuluaren 6. zenbakian aurreikusitakoa aintzat hartuta.»

Zazpigarrena.– 2011ko apirilaren 19an onartutako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 9.2, 9.3 eta 9.4 artikulua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

«2.– Hauteskunde Batzorde Nagusiko kideak izango dira: errektorea edo hark izendatutako pertsona (batzordeburua izango da); idazkari nagusia; eta hauteskunde kidego bakoitzeko pertsona bana, Gobernu Kontseiluko kideen artetik zozketaz aukeratuak. Zozketan kidego bakoitzerako titularra eta bi ordezko aukeratuko dira. Zozketa horretarako, Gobernu Kontseiluko kide guzti-guztiak sartuko dira, bakoitza dagokion kidegoan.

3.– Ikastegiko hauteskunde batzordeko kideak honako hauek izango dira:

a) Dekanoa edo zuzendaria edo hark eskuordetutakoa (batzordeko burua izango da).

b) Idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da). Idazkari akademikoa ez badago, dekanorde edo zuzendariorde batek ordezkatuko du. Dekanorde edo zuzendariorde horrek eskuordetuta baditu batzordeburuaren eginkizunak, beste dekanorde edo zuzendariorde batek egingo ditu batzordearen idazkari lanak, eta horrek ere ezin badu, beste batek, eta abar.

c) Bestalde, ondokoak ere izango dira ikastegiko hauteskunde batzordeko kide, guztiak zozketa bidez ikastegiko batzarreko kideen artetik aukeratuak:

c.1.– Lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile doktoreen ordezkari bat.

c.2.– Irakasle-ikertzaile ez doktore iraunkorren ordezkari bat eta irakasle-ikertzaile doktore ez-iraunkorren ordezkari bat.

c.3.– Ikasleen ordezkari bat.

c.4.– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

4.– Saileko hauteskunde batzordeko kideak honakoak izango dira:

a) Saileko zuzendaria edo hark eskuordetutakoa (batzordeko burua izango da).

b) Saileko idazkaria (batzordeko idazkaria izango da). Saileko idazkaria ez badago, saileko zuzendariak izendatutako kidea izango da haren ordezkoa.

c) Bestalde, ondokoak ere izango dira saileko hauteskunde batzordeko kide, guztiak zozketa bidez saileko batzarreko kideen artetik aukeratuak:

c.1.– Irakasleen ordezkari bat.

c.2.– Ikasleen ordezkari bat.

c.3.– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.»

Zortzigarrena.– 2011ko apirilaren 19an onartutako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 16.2 artikulua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

«2.– Ikastegiko Batzarrerako hauteskundeetan, irakasle-ikertzaileak Arautegi honen 3. artikuluaren 2. atalaren a, b, eta c letretan aipatutako hiru hauteskunde taldetan banatuko dira.»

Bederatzigarrena.– 2011ko apirilaren 19an onartutako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 18.3 eta 18.4 artikulua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

«3.– Ikastegiko dekano edo zuzendari eta saileko edo institutuko zuzendari izateko hautagai zerrendak dagokion deialdian zehaztutako moduaren arabera aurkeztuko dira, eta haien aurkezpena jasota geratuko da, dagokion epearen barruan.

Hautagai zerrenda hautagaiaren izen-abizenez sinatuta egongo da, eta ikastegi, sail edo institutuko hauteskunde batzordearen buruari helaraziko zaio, barneko arautegian zehaztutako epean, eta, halakorik izan ezean, hamar eguneko epean, hauteskundeak deitzeko erabakia argitaratu ondorengo egunetik zenbatzen hasita.

4.– Ikastegiko dekano edo zuzendarirako hautagai zerrendari gobernu taldearen egitura eta programa erantsiko zaizkio, barneko arautegiak horrela aurreikusten badu. Saileko edo institutuko zuzendarirako hautagai zerrendari, nahi izanez gero, idazkaria eta programa erantsi ahal izango zaizkio, baldin eta barne arautegiak hala eskatzen badu».

Hamargarrena.– 2011ko apirilaren 19an onartutako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 20.3 eta 20.4 artikulua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

«3.– Bozketaren egunean hiru hautagai edo gehiago daudenean, lehenengo txandan boto baliodunen gehiengo osoa lortzen duena aukeratuko da. Inork lortuko ez balu boto kopuru hori, bigarren botazioa egingo da, baina horretan bakarrik lehiatu ahal izango dira lehen botazioan boto gehien lortu duten hautagai biak. Bigarren txanda horretan boto gehien lortzen duena aukeratuko da.

4.– Bozketaren egunean bi hautagai edo bakarra dagoenean, txanda bakarra egingo da. Bi hautagai izanez gero, boto gehien lortzen duen pertsona ikastegiko zuzendari edo dekano edo saileko edo institutuko zuzendari aldarrikatuko da; eta, hautagai bakarra izanez gero, hori bera aldarrikatuko da, boto baliodunen heren bat baino gehiago eskuratzen baditu.»

Hamaikagarrena.– II. eta III. kapituluak integratzea, 2011ko apirilaren 19an onartutako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 22. artikulua kenduta. Honela geratuko da idatzita:

«II. KAPITULUA IKASTEGIKO KIDE BAKARREKO ORGANOAK AUKERATZEKO XEDAPEN ESPEZIFIKOAK

23. artikulua.– Hauteskundeak sufragio haztatuaren bidez.

1.– Ikastegiko arautegian berariaz jasota badago, ikastegiko dekanoa edo zuzendaria sufragio unibertsal bidez aukeratu ahal izango da. Hala izan ezean, Ikastegiko Batzarrak aukeratuko du, Arautegi honen 20. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Aukeraketa sufragio unibertsalaren bidez eginez gero, errolda ixteko eguna bakarra izango da hauteskunde prozesu osorako, bai sufragio aktiborako bai pasiborako, eta hautagai hautetsirik ez badago, bozketaren emaitzak argitaratuko dira. Hauteskunde egutegian gehienez ere 15 eguneko tartea egongo da lehenengo eta bigarren txandaren artean. Horrela egin ezean, behar bezala arrazoitu beharko da.

2.– Dekanoa edo zuzendaria hautatzeko hauteskundeetako botoa ikastegiko unibertsitateko kidegoen arabera haztatuko da, ikastegiko funtzionamendu Arautegian fakultateko edo eskolako batzarra osatzeko ezarritako hauteskunde kidego eta ehunekoekin bat etorrita.

Botoen haztapena egiteko, hautagaiei emandako boto baliodunak baino ez dira kontuan izango. Artikulu honen ondorioetarako, boto baliodunak hautagai bakar bat markatuta dutenak izango dira. Beraz, ez dira hautagaiei balioz emandako bototzat hartuko ez boto zuriak, ez boto baliogabeak.

Zenbaketaren akta egin ondoren, hauteskunde batzordeak hautagaia aldarrikatuko du behin-behinekoz.

3.– Boto baliodunen haztapena kasuan kasuko hauteskunde batzordeak egingo du. Botoen haztapenari dagokion koefizientea lortzeko, zatiketa egingo da: 2. puntuaren arabera talde bakoitzari dagokion ehunekoa zati hautagai guztiei talde horretan balioz emandako boto guztiak. Hauteskunde batzordeak koefiziente hori ezarriko die hautagai zerrenda bakoitzak talde bakoitzean lortutako botoei, ondorengo puntuan adierazitako irizpideei jarraituz.

4.– Eragiketak egiteko, ondorengo formula eta II. eranskineko adibidea hartu behar dira kontuan.

Gehiengoa osoa izango da boto haztatuen % 50 baino gehiago lortu bada. Formula aplikatzeko irizpideak:

Sa A taldea: Unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile doktoreak.

Sb B taldea: lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile ez doktoreak eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasle-ikertzaile doktoreak.

Sc C taldea: gainerako irakasle-ikertzaileak.

Sd D taldea: ikasleak.

Se E taldea: administrazio eta zerbitzuetako langileak.

Pr talde bakoitzari dagokion ehunekoa (artikulu honetako 2. puntuan adierazitakoak).

Vv Hautagaiei talde bakoitzean balioz emandako boto kopurua.

Cp Talde bakoitzaren haztapen koefizientea.

V1 1. hautagaiak lortutako boto kopurua.

V2 2. hautagaiak lortutako boto kopurua.

V3 3. hautagaiak lortutako boto kopurua.

C1 1. hautagaiak lortutako boto haztatuen %.

C2 2. hautagaiak lortutako boto haztatuen %.

C3 3. hautagaiak lortutako boto haztatuen %.

Talde bakoitzean hautagai bakoitzak lortu duen boto haztatua kalkulatzeko formula:

Cp = Pr/Vv, Ci = Cp x Vi, i = 1, 2, 3,...

Hautagai bakoitzak guztira lortutako boto haztatuak hautagai bakoitzak talde bakoitzean lortutako botoen batura izango dira.»

Hamabigarrena.– 2011ko apirilaren 19an onartutako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 24.1 artikulua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

«1.– Bi hautagai izenez gero, balioz emandako boto gehien lortzen dituen hautagaia aldarrikatuko da, dagozkion haztapenak aplikatu ondoren.

Bi hautagai baino gehiago izanez gero, lehen txandan boto baliodunen gehiengoa eskuratzen dituen hautagaia aldarrikatuko da, aurreko zenbakian aurreikusitako haztapenak aplikatu ondoren. Inork lortuko ez balu boto kopuru hori, bigarren botazioa egingo da, baina horretan bakarrik lehiatu ahal izango dira lehen botazioan boto gehien lortu duten hautagai biak, lehen aipatutako haztapenak kontuan hartuta. Bigarren txandan botoen gehiengo soila lortzen duen hautagaia aldarrikatuko da, botoen haztapena egin ondoren. Bigarren txanda lehenengo txandako emaitzak argitaratu eta gehienez 10 egunera egingo da.

Hautagai bakarra izanez gero, hautagai hori aldarrikatuko da igorritako boto baliodunen heren bat baino gehiago lortzen badu, aipatutako haztapenak aintzat hartuta.»

Hamahirugarrena.– 2011ko apirilaren 19an onartutako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren lehenengo, bigarren hirugarren, laugarren eta seigarren xedapen iragankorrak ezabatzen dira, baita lehenengo eta laugarren xedapen gehigarriak ere.

Hamalaugarrena.– Xedapen iragankor bat gehitzen zaio 2011ko apirilaren 19an onartutako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrari.

«LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Egituretako gobernu organoek egungo osaera mantenduko dute, berritzeko unea iritsi arte. Postu hutsak dagokion ordezkaritza hautatu zen unean indarrean zen araudiaren arabera beteko dira.»


Azterketa dokumentala