Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2022ko azaroaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4803

ERABAKIA, 2022ko uztailaren 13koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, Euskal Herriko Unibertsitatearen Sailen esparru Arautegiaren aldaketa onartzeko dena.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Sailen esparru arautegia 2019ko irailaren 26ko Gobernu Kontseiluak onartu zuen, eta 2019ko urriaren 17ko EHAAn argitaratu zen.

Aldaketa honen funtsezko arrazoia da sailetako organoen funtzionamenduari buruzko zenbait alderdi hobetzea, horrela egitura horien kudeaketa malguagoa eta unibertsitatearen gainerako arauekin koherenteagoa izan dadin.

Aipatutako guztiagatik, idazkari nagusiaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onestea Euskal Herriko Unibertsitatearen Sailen esparru Arautegiaren aldaketa, 2019ko irailaren 26ko Gobernu Kontseiluak onartu zuena (2019-10-17ko EHAA), eranskinean jasotako moduan.

Bigarrena.– Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiaren esku uzten da aldaketa hau onartu ondorengo testu bategina egitea eta, ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Leioa, 2022ko uztailaren 13a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
HITZAURREA

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Sailen Oinarrizko Arautegia Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2019ko irailaren 26ko saioan, eta 2019ko urriaren 17ko EHAAn argitaratu zen.

Aldaketa honen funtsezko arrazoia sailetako organoen funtzionamenduari buruzko hainbat alderdi hobetzea da; horrela, egitura horien kudeaketa orain baino malguagoa izango da, baita koherenteagoa ere gainerako unibertsitate araudiekin.

Gobernu Kontseiluak UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegiaren erreforma hau onartu du 2022ko uztailaren 13ko saioan, honako termino hauetan:

Lehenengoa.– Sailen Oinarrizko Arautegiaren 2 h) artikulua aldatzen da, eta honela geratuko da idatzita:

«h) Urteko memoria egitea, Arautegi honetan aurreikusitako baldintzen arabera.»

Bigarrena.– Sailen Oinarrizko Arautegiaren 10. artikulua aldatzen da, eta honela geratuko da idatzita:

«10. artikulua.– Osaera.

Hauek izango dira saileko kontseiluaren osakideak: zuzendaria, idazkaria, irakasle-ikertzaile iraunkor guztiak eta irakasle ez-iraunkor doktore guztiak, sailari atxikitako gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkariren bat (saileko arautegiak zehaztuko du zenbat), sailak ematen dituen irakaskuntza zikloetako (gradua, masterra eta doktoregoa) ikasleen ordezkari bana gutxienez, eta sailari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileen 3 ordezkari gehienez, horien artean nahitaez sartuta idazkari administratiboa.

Sailaren arautegian besterik adierazi ezean, honako hauek ere saileko kontseiluko kide izango dira:

a) Sailari atxikitako gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkariak (ordezkari bat bost kideko edo bostetik beherako multzo bakoitzeko).

b) Graduko ikasleen ordezkari bat. Saileko kontseiluak 26 kide baino gehiago dituenean, graduko ikasleen ordezkariak bi izango dira.

c) Masterreko ikasleen ordezkari bat. Saileko kontseiluak 26 kide baino gehiago dituenean, masterreko ikasleen ordezkariak bi izango dira.

d) Doktoregoko ikasleen ordezkari bat. Saileko kontseiluak 26 kide baino gehiago dituenean, graduondoko ikasleen ordezkariak bi izango dira.

e) (Edukirik gabe).

2.– Irakasle-ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa izango da. Ikasleen ordezkarien agintaldia, berriz, bi urtekoa izango da.

3.– Sailari atxikitako gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkariak irakasle-ikertzaile horien artean eta artetik aukeratuko dira.

4.– Graduko eta masterreko ikasleen ordezkariak sailak eskolak ematen dituen ikastegietako ikasleen kontseiluen bitartez aukeratuko dira, ikastegietako ikasleen kontseiluen arautegiek xedatutako prozedurari jarraikiz.

5.– (Edukirik gabe).

6.– Sailaren arautegiak besterik xedatu ezean, doktoregoko ikasleen ordezkaria saileko zuzendariak deituta bi urterik behin, abenduan, egingo den bileran aukeratuko da. Bilera horretara saileko graduondoko programetan matrikulatutako ikasle guztiei deituko zaie. Horretarako, bilerara deitu beharreko ikasleen errolda eskatuko dio saileko zuzendariak hala dagokion zerbitzuari».

Hirugarrena.– Sailen Oinarrizko Arautegiaren 12.1 e) artikulua aldatzen da, eta honela geratuko da idatzita:

«e) Saileko irakasleen irakats betebeharren eta haien balizko aldaketen esleipena onartzea, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartutako indarreko arautegiaren arabera, Ataleko Kontseiluak edo Kontseiluek, halakorik balego, hala proposatuta.

Sail batek atalik eduki ezean, batzordeak izendatu ahal izango ditu, jakintza arloka; hartara, batzorde horiek arlo horri atxikitako irakasleen irakats betebeharra esleitzeko proposamena helaraziko diote Saileko Kontseiluari. Batzorde batek jakintza arlo bat edo batzuk bildu ahal izango ditu, eta gutxienez hamabi irakasle-ikertzailek osatuko dute, horietatik zortzik arduraldi osoa izango dutelarik.

Batzorde horiek ez dute erabakitzeko ahalmenik izango, eta saileko barne arautegian ezarritakoaren arabera osatuko dira, eta, halakorik izan ezean, batzordearen arloko edo arloetako irakasle-ikertzaile guztiek osatuko dituzte. Saileko Kontseiluak batzorde bakoitzerako koordinatzaile bat izendatu ahal izango du, hura osatzen duten irakasle-ikertzaileen artean».

Laugarrena.– Sailen Oinarrizko Arautegiaren 24.2 artikulua aldatzen da, eta honela geratuko da idatzita:

«2.– Sailaren arautegiak zehaztuko du hartutako erabakiak argitara emateko prozedura. Beranduen jota hiru egun balioduneko epean argitaratu beharko dira eta, betiere, datuak babesteko legeriak dioena errespetatuta. Organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete bat egongo direla ikusgai. Arautegiak ez badu zehazten nola emango diren argitara erabakiak, sailak hartutako erabakien zerrenda jasoko duen ziurtagiria egingo du idazkariak, eta ziurtagiri hori emango da argitara. Ziurtagiri hori saileko ohol fisikoan edo, lehentasunez, birtualean jarriko da».

Bosgarrena.– Sailen Oinarrizko Arautegiaren 29.1 e) artikulua aldatzen da, eta honela geratuko da idatzita:

«e) Sailaren urteko memoria, jardueren plana eta txosten ekonomikoa egitea. Urteko memoria eta jardueren planaren ordez, saileko webgunean saileko irakaskuntzari, ikerketari, transferentziari eta/edo dibulgazioari buruzko datuak argitaratzea lehenetsiko da, datu horiek eguneratuta badaude betiere eta Saileko Kontseiluak hala erabakitzen badu».

Seigarrena.– Sailen Oinarrizko Arautegiaren 30.1 artikulua aldatzen da, eta honela geratuko da idatzita:

«1.– Saileko idazkaria errektoreak izendatuko du, zuzendariak proposatuta. Iraunkorra den edo lanpostu zerrendako plaza bat arduraldi osoz betetzen duen irakasle-ikertzaile bat izendatuko da».


Azterketa dokumentala