Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2022ko azaroaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
4749

AGINDUA, 2022ko urriaren 14koa, Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez argitara ematen baita nola bete behar dituzten erregistro-betebeharrak eta Ertzaintzari jakinarazteko betebeharrak hondakin metalikoak kudeatzen dituzten zentroekin, txatarraren edo hondakin-produktuen handizkako merkataritza-establezimenduekin lotutako jarduerak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoek.

Herritarren Segurtasuna Babesteko otsailaren 21eko 4/2015 Lege Organikoaren 25.1 artikuluan ezartzen denez, herritarren segurtasunerako garrantzitsutzat jotzen diren jarduerak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoek dokumentu-erregistroaren eta informazioaren betebeharrak bete beharko dituzte, aplikatu beharreko xedapenetan ezarritako moduan. Jarduera horien artean daude hondakin metalikoak kudeatzen dituzten zentroekin, txatarraren edo hondakin-produktuen handizkako merkataritza-establezimenduekin lotutako jarduerak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoei aplikatzekoak.

Xedapen aplikagarriei dagokienez, uztailaren 1eko INT/1920/2011 Aginduan eta Barne ministroaren 1989ko azaroaren 2ko Aginduan jasotakoak aipatu behar ditugu. Uztailaren 1eko INT/1920/2011 Aginduaren bidez, kobrearen merkataritzaren gaineko kontrola indartzen da hondakin metalikoak kudeatzen dituzten zentroetarako eta txatarraren eta hondakin-produktuen handizkako merkataritzako establezimenduetarako. Barne ministroaren 1989ko azaroaren 2ko Aginduaren bidez, aldiz, erregistro-liburuak eta nahitaezko beste kontrol-dokumentu batzuk egiteko modalitateak arautzen dira.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoarena da bere lurraldean pertsonak eta ondasunak babesteko eta ordena publikoa zaintzeko eskumena. Hori dela eta, Ertzaintzak du herritarren segurtasunerako jarduera nabarmen horiek kontrolatzeko ahalmena.

Herrizaingoko sailburuaren 2012ko ekainaren 8ko Aginduaren bidez jakinarazi zen erregistro-betebeharrak eta Ertzaintzari jakinarazteko betebeharrak nola bete behar zituzten txatarraren eta beste hondakin-produktu batzuen handizkako merkataritza-establezimenduek. Agindu horren arabera, betebehar hau ezartzen zitzaien hondakin metalikoak kudeatzen dituzten zentroei eta, oro har, txatarraren eta hondakin-produktuen handizkako merkataritza-establezimenduei: kobrearen eta beste hondakin metaliko ororen erosketa eta sarrerak egunero erregistratzea eta Ertzaintzari jakinaraztea.

Globalizazio- eta teknifikazio-prozesu batean murgilduta gaude, eta Administrazio Publikoak, gizartearen parte diren aldetik, ezin dira hortik kanpo geratu. Administrazio guztiek, maila eta jarduera-eremu guztietan, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak sartu dituzte beren jardueran.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak komunikazio elektronikoa modu orokorrean sartu zuen administrazioaren eta administratuen arteko harremanetan, administrazio publikoen jarduna gidatu behar duten efikazia- eta efizientzia-printzipioei hobeto erantzuteko, bai eta herritarren eta enpresen bermeak sendotzeko ere, zioen azalpenean berariaz adierazten den moduan.

Ildo horretan, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakunde eta enteak behartzen ditu baliabide elektronikoen erabilera ezartzera herritarrekiko zerbitzu, komunikazio eta harremanetan.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jardueretan eta herritarrekiko nahiz beste administrazio publikoekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko, ordenamendu juridikoak ezartzen dituen mugak bete beharko dira, hango printzipio orokorrei une oro men eginez, eta, bestalde, herritarrek aitortuak dituzten eskubideen erabilera osoa errespetatu beharko da eta legeak berak ezartzen dituen printzipioei jarraitu beharko zaie:

Agindu honen bidez, jakinarazten da erregistro-betebeharrak eta Ertzaintzari jakinarazteko betebeharrak nola bete behar dituzten hondakin metalikoak kudeatzen dituzten zentroekin, txatarraren edo hondakin-produktuen handizkako merkataritza-establezimenduekin lotutako jarduerak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoek.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta eremua.

1.– Agindu honen bidez, aditzera ematen da nola bete behar diren herritarren segurtasuna babesteko araudian aurreikusitako erregistro informatikoko betebeharrak eta Ertzaintzari jakinarazteko betebeharrak, pertsona fisiko edo juridikoek hondakin metalikoak kudeatzen dituzten zentroekin, txatarraren edo hondakin-produktuen handizkako saltokiekin lotutako jarduerak egiten dituztenean.

2.– Agindu honen aplikazio-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin metalikoak kudeatzen dituzten zentroekin, txatarraren edo hondakin-produktuen handizkako merkataritzako establezimenduekin egiten diren jarduera guztiak sartzen dira. Tratamendu-zentro baimenduak kanpoan geratzen dira, baldin eta erabiltzen ez diren ibilgailuetatik datozen hondakinak soilik kudeatzen badituzte.

2. artikulua.– Erregistratzeko eta informazioa gordetzeko betebeharrak.

1.– Eranskinean zehazten diren identifikazio-datuak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/) erregistratu eta alta eman beharko dituzte hondakin metalikoak kudeatzen dituzten zentroekin, txatarraren edo hondakin-produktuen handizkako merkataritza-establezimenduekin lotutako jardueren titular direnek, agindu honen aplikazio-eremuan.

2.– Era berean, eragiketa bakoitza informatikoki erregistratzeko eta informazio hori gorde eta Ertzaintzaren eskura jartzeko betebeharra dute. Informazio hori hiru urtez gorde beharko da.

3.– Jasotako datuak nortasun-agiri ofizial onartuetan azaltzen direnekin bat datozela egiaztatzeaz arduratu beharko dute betebehar horren mende daudenek.

3. artikulua.– Eskuratzea jakinarazteko betebeharra.

1.– Horretarako betebeharra duten pertsonek eranskinean aipatzen diren datuei buruzko informazioa Ertzaintzari jakinaraziko diote, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez, eta hondakina eskuratzen denetik 24 orduko epean.

2.– Jakinarazpen hori Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan jasota geratuko da, eta horretarako betebeharra dutenen eskura egongo da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– Agindu honetan aipatzen diren establezimenduek hiru hilabete izango dituzte aginduko aurreikuspenetara egokitzeko, indarrean sartzen denetik aurrera.

2.– Epe horretan, agindu honetan aipatutako jakinarazpenak bide telematikoen bitartez gauzatu ezin dituzten establezimenduek zuzenean aurkeztuko dute informazioa, hain zuzen, establezimendua dagoen lurralde-eremuko ertzain-etxean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Herrizaingoko sailburuaren 2012ko ekainaren 8ko Agindua, zeinaren bidez argitara eman baitzen nola bete ziren txatarraren eta bestelako hondakin-produktuen handizkako merkataritza-establezimenduek erregistro-betebeharrak eta Ertzaintzari jakinarazteko betebeharrak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabetera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 14a.

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala