Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

206. zk., 2022ko urriaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4647

AGINDUA, 2022ko urriaren 19koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, 2021. urteari dagokion gizarte-bonu termikoa kudeatu, ebatzi eta ordaintzeari buruzkoa.

Energia ezinbesteko ondasuna da oinarrizko beharrak asetzeko, hala nola argiztapena, elikadura edo osasunerako gutxieneko konfort-baldintzak edukitzea ahalbidetzen duen aire-girotzea. Gainera, etxeek gero eta elektrifikazio handiagoa edukitzeak hornikuntza energetikoa fidagarria eta eskuragarria izatea eskatzen du.

Horrenbestez, 2008ko krisiaz geroztik nabarmentzen ari zen energia-pobretasun egoeraren aurrean, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 45. artikuluak kontsumitzaile ahularen figura sortu zuen, eta «gizarte-bonu» deritzon laguntza ezarri. Gizarte-bonua deskontu batean datza; hain zuzen ere, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioaren (KTBP) eta oinarrizko balio baten arteko aldea estaltzen duen deskontuan. Oinarrizko balioa aldagarria izan daiteke, ezartzen den kontsumitzaile ahularen mailaketaren arabera, eta azken baliabideko tarifa (ABT) esaten zaio. Deskontu hori merkaturatzaileak aplikatzen du atxikita dagoen kontsumitzailearen fakturan.

Kontsumitzaile ahularen eta «gizarte-bonuaren» figurak geroagoko araudiaren bitartez garatu ziren; besteak beste, urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuaren bidez (zeinak arautzen baititu kontsumitzaile kalteberak zein diren, gizarte-bonua eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileentzako beste babes-neurri batzuk). Errege-dekretu horren 6. artikuluak ezartzen duenez, kontsumitzaile ahulak gizarte-bonu deritzon deskontuaren onura jaso ahal izango du fakturan, eta deskontu hori KTBPan egindako deskontu batean datza, zeina martxoaren 28ko 216/2014 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kalkulatzen baita (216/2014 Errege Dekretua, Energia elektrikoaren kontsumitzaile txikientzako borondatezko prezioak kalkulatzeko metodologia eta energia elektrikoa kontratatzeko araubide juridikoa ezartzen dituena). Deskontu horretatik ateratzen den prezioari azken baliabideko tarifa (ABT) esaten zaio.

Hala ere, «gizarte-bonuak» emandako babesa nahikoa ez zela egiaztatu zenez, eta energiaren prezioen etengabeko igoeraren aurrean, 2018. urtean Trantsizio Energetikorako eta Kontsumitzaileen Babeserako Presako Neurrien urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretua onartu zen. Haren bidez, kontsumitzaile kalteberen pobrezia energetikoa arintzeko zuzeneko laguntzen programa berri bat sortu zen, etxea berotzeko, ura berotzeko eta sukalderako energiari dagokionez: «gizarte-bonu termikoa» deritzon laguntza.

Gizarte-bonu termikoa Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatzen da, eta laguntzak kudeatzea eta ordaintzea autonomia-erkidegoei eta autonomia-estatutuak dituzten hiriei dagokie. Horretarako, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak aurrekontu erabilgarriaren lurralde-banaketa kalkulatzen du, eta laguntzen zenbatekoak administrazio eskudunei transferitzen dizkie, haiek ordain ditzaten.

2021erako salbuespen gisa, urriaren 26ko 23/2021 Errege Lege Dekretuak gizarte-bonu termikoaren gutxieneko zenbatekoa handitu du (23/2021 Errege Lege Dekretua, Elektrizitatearen eta gas naturalaren kontsumitzaileak babesteko eta handizkako eta txikizkako merkatuen gardentasuna bultzatzeko energiaren arloko presako neurriena).

Hala ere, Konstituzio Auzitegiak, irailaren 23ko 134/2020 Epaian, deklaratu du urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren zati hauek konstituzioaren kontrakoak direla eta, beraz, deuseztatu egin ditu: 9. artikuluaren lehenengo apartatuko «urtean ordainketa bakarra eginez» tartekia; 10. artikuluaren bigarren apartatuko «onuradunen eta dagozkien zenbatekoen gaineko informazioarekin batera, aurreko apartatuetan ezarritakoarekin bat etorriz» eta «11. artikuluan aipatzen den informaziotik abiatuta» tartekiak; 10. artikuluaren hirugarren apartatuko «urteko lehen hiruhilekoan» tartekia; 11. artikulua; bederatzigarren xedapen gehigarria, eta azken xedapenetako hirugarrena.

Konstituzio-kontrakotasuneko deklarazioaren ondorioz, urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuan araututako prozedura osatu beharra dago, Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-bonu termikoaren laguntzak izapidetzea errazteko. «Gizarte-bonu termikoa» 15/2018 Errege Lege Dekretuak arautzen du egiturazko elementuetan, eta, 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, autonomia-erkidegoei dagokie laguntza kudeatzea eta ordaintzea. Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan 2021eko ekitaldiko «gizarte-bonu termikoa» kudeatzeko, ebazteko eta ordaintzeko esparrua ezartzen da.

Ukrainako gerraren ondorioz gizartea gaur egun bizitzen ari den krisi-egoerak eta bonu horren onuradunen kalteberatasun bereziak justifikatu egiten dute 2021eko gizarte-bonu termikoa agindu honen bidez kudeatzea, ebaztea eta ordaintzea.

Ondorioz, komunitate-garapenaren, gizarte-ongizatearen eta gizarte-zerbitzuen arloko eskumenez baliatuta (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkio eskumen horiek, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuan, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 4. artikuluan), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2021. urteari dagokion «gizarte-bonu termikoa» kudeatzeko, ebazteko eta ordaintzeko esparrua ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Trantsizio Energetikorako eta Kontsumitzaileen Babeserako Presako Neurrien urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen egoera.

Trantsizio Energetikorako eta Kontsumitzaileen Babeserako Presako Neurrien urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntza jasotzeko aukera ematen du Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 45. artikuluan aurreikusitako elektrizitatearen gizarte-bonuaren onuradun izaera eduki izanak 2020ko abenduaren 31n.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Gizarte-bonu termikoa Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatzen da; zehazki, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren aurrekontuaren kargura. Ministerio horrek 9.477.525,15 euro transferitu dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari, 2021. urteari dagokion «gizarte-bonu termikoa» ordaintzeko; diru-kopuru baliokidea dago Euskadiko 2022ko aurrekontu orokorretan, dagokion aurrekontu-partidan.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Onuradun bakoitzak jaso behar duen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da, batetik, ohiko etxebizitzako elektrizitatearen hornidura-puntuaren titularrak zenbaterainoko kalteberatasuna duen, gizarte-bonu elektrikoari buruzko araudian definitzen denaren arabera, eta, bestetik, etxebizitza kokatuta dagoen lekuari zer zona klimatiko dagokion.

2.– Pertsonaren kalteberatasun-maila urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuak xedatzen duenaren arabera zehaztuko da, zeinak arautzen baititu kontsumitzaile kalteberak zein diren, gizarte-bonua eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileentzako beste babes-neurri batzuk.

3.– Behin kalteberatasun-maila zehaztuta, ohiko etxebizitzari dagokion zona klimatikoa eta gizarte-bonu termikoaren onuradunetako bakoitzari dagokion urteko zenbatekoa urriaren 26ko 23/2021 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluan jasotako formularen arabera kalkulatuko dira (23/2021 Errege Lege Dekretua, Elektrizitatearen eta gas naturalaren kontsumitzaileak babesteko eta handizkako eta txikizkako merkatuen gardentasuna bultzatzeko energiaren arloko presako neurriena).

4.– Laguntzaren gutxieneko zenbatekoa 35 euro izango da onuradun bakoitzeko, baina, betiere, aurrekontu nahikoa baldin badago.

5. artikulua.– Onuradunak.

Laguntzaren onuradun izango dira agindu honen 2. artikuluan azaldutakoaren arabera dirulaguntza jasotzeko egoeran daudenak.

6. artikulua.– Laguntza kudeatzea.

1.– Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari dagokio laguntza-programa kudeatzea.

2.– «Gizarte-bonu termikoa» emateko, ez da beharrezkoa onuradun izan daitezkeenek aldez aurretik eskaera egitea; izan ere, laguntza automatikoki eta agindu honen 7. artikuluan aurreikusitako moduan ebatzi eta zuzenean ordainduko da.

3.– Gizarte Zerbitzuen zuzendaria da gizarte-bonu termikoa onartzeko ebazpena emateko organo eskuduna, eta ebazpen bakarra emango du. Ebazpen horren bidez, 2021eko gizarte-bonu termikoaren onuradunak zein diren eta horietako bakoitzari zer zenbateko dagokion zehaztuko du, bat etorriz urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuarekin (Trantsizio Energetikorako eta Kontsumitzaileen Babeserako Premiazko Neurriei buruzko Errege Lege Dekretua) eta urriaren 26ko 23/2021 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluarekin (Elektrizitatearen eta gas naturalaren kontsumitzaileak babesteko eta handizkako eta txikizkako merkatuen gardentasuna bultzatzeko energiaren arloko presako neurrien Errege Lege Dekretua).

4.– Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabete izango da, agindu hau argitaratzen den egunetik aurrera. Laguntza emateko ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, jakinarazpen-ondorioetarako.

5.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Gizarte Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

7. artikulua.– Uko egitea.

1.– Laguntzaren berri banaka emango zaie onuradunei, posta bidez; jakinaraziko zaie 10 eguneko epea dutela laguntzari uko egiteko, hala nahi izanez gero, eta ohartaraziko zaie epe hori igaro ondoren uko egin ez badute ulertuko dela laguntza onartu egin dutela.

2.– Gizarte-bonu termikoari uko egiteko, agindu honen I. eranskinean azaltzen den formularioa erabiliko da; formulario hori posta bidez bidaliko zaie onuradunei, eta helbide elektroniko honetan ere eskuragarri egongo da: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1112513

3.– Uko egiteko formularioa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluak aurreikusten dituen tokietako edozeinetan aurkeztu ahal izango da.

4.– Laguntzari uko egiteko eskubidea bitarteko elektronikoen bidez ere erabili ahal izango da, helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1112513. Bide elektronikoa erabili ahal izateko, onuradun bakoitzari identifikatzaile bat eta erreferentzia-kode bat bidaliko zaizkio posta bidezko komunikazioan.

8. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Aurreko artikuluan adierazten den komunikazioarekin batera, formulario bat bidaliko da, onuradun bakoitzak Zuzendaritza kudeatzaileari laguntza ordaindu ahal izateko beharrezkoak diren datuak eman diezazkion.

2.– Formulario hori, zeina aginduaren II. eranskinean azaltzen baita, helbide elektroniko honetan ere eskuragarri egongo da: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1112513. Uko egiteko formulariorako adierazi diren toki eta modu beretan aurkez daiteke.

3.– Laguntzaren zenbatekoa onuradunek horretarako adierazten duten bankuko kontu-zenbakian ordainduko da.

4.– Ordainketa egingo da, behin aginduaren 7. artikuluan laguntzari uko egiteko ezarri den epea igaro denean, laguntzari uko egin ez bazaio.

9. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Deialdiaren xede diren laguntzen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako egoeraren helburuari edo izaerari funtsean eragiten dion zerbait bada, horren berri ematea Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen zertarakoa fiskalizatzen dutenean.

c) Emandako laguntzari dagokionez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduerak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak ere.

10. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzeko prozedura.

1.– Laguntzaren onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan aurreikusitako betebeharren bat betetzen ez badu, Gizarte Zerbitzuen zuzendariak, onuradunari entzun eta dagokion prozedura gauzatu ondoren, deklaratuko du onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela.

2.– Gainera, emandako laguntza ordaindu bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra dagoela deklaratuko da, eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaindu zen egunetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte, edo zordunak itzulketa sartzen duen egunera arte, hura baino lehenagokoa bada, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan (1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).

3.– Hori guztia, ezertan eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako akzioak, bat etorriz abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak xedatutakoarekin, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen baitu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen baititu.

4.– Itzulitako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

11. artikulua.– Bateragarritasuna.

«Gizarte-bonu termikoaren» laguntzarekin batera, hartzaileek beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk jaso ahal izango dituzte helburu bererako, beste administrazio batzuetatik edo ente publiko zein pribatuetatik (nazioko zein nazioarteko). Halaber, laguntza hori bateragarria izango da elektrizitatearen gizarte-bonuarekin, hala ezarrita baitago Trantsizio Energetikorako eta Kontsumitzaileen Babeserako Presako Neurrien urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Emandako datu pertsonalak izen hau duen tratamendu-jardueran tratatuko eta sartuko dira: kontsumitzaile kalteberen pobrezia energetikoa arintzera bideratutako laguntzak.

– Arduraduna: Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza.

– Xedea: etxeetan energia-hornidura bermatzeko pertsonei ematen zaizkien laguntzak kudeatzea eta ordaintzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da aplikatu behar diren legezko betebeharrak betetzeko (Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra).

– Hartzaileak: ez da aurreikusten daturik komunikatzea.

– Eskubideak: datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko eskubideak, bai eta informazio gehigarrian adierazten diren eskubideak ere.

– Informazio gehigarria: gure webgune honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/rgpd/0102408

Honako xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra

https://www.boe.es/doue/2016/119/I00001-00088.pdf

– 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

https://www.boe.es/boe/días/2018/12/06/pdfs/boe-a-2018-16673.pdf

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aurkaratzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 19a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala