Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2022ko urriaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
4558

118/2022 DEKRETUA, urriaren 11koa, Ikerketa eta garapenerako zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboak diseinatzeko laguntzak arautzen dituena.

Eusko Jaurlaritzak, hiru hamarkada baino gehiagoan, ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustu estrategikoari eutsi dio, ongizate sozioekonomikoa sortzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko egiten duten funtsezko ekarpenean oinarrituta. Apustu hori Jaurlaritzaren politiketan eta zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-planetan islatu da, baita erabili dituen baliabide ekonomikoen eta giza baliabideen multzoan ere.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030 plan berriak (ZTBP Euskadi 2030) berrikuntzaren arloko Europako eskualde aurreratuenen artean kokatu nahi du Euskadi, bizi-maila eta enpleguaren kalitatea handituta. XII. Legegintzaldian onartutako Gobernuaren lehen plan estrategikoa da, eta 2021etik 2030era bitartean 18.600 milioi euro inbertitzea aurreikusten da.

ZTBP Euskadi 2030 Euskadi Basque Country 2030 Agendaren barruan dago. Agenda horrek Euskadik Nazio Batuen garapen jasangarrirako helburuekin duen konpromisoa eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Giza Garapen Jasangarriaren estrategia biltzen ditu. Horrekin batera, nazioarteko hainbat erreferentziarekin ere lerrokatzen da, bereziki, Horizonte Europa Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programarekin, Europa Digitala Programarekin eta Europako Itun Berdearekin.

Plan berriak oinarri hauek ezartzen ditu: bikaintasun zientifikoa, lidergo teknologiko industriala eta berrikuntza irekia, bai eta talentua ere, beharrezkoa den elementu nagusi gisa. Gainera, espezializazio adimenduneko RIS3 Euskadi estrategian sakontzen du, eta, horren ondorioz, hiru lehentasun estrategikoak birdefinitu dira: 1) Industria adimenduna; 2) Energia garbiagoak eta 3) Osasun pertsonalizatua, baita lau aukera-lurraldeak ere: 1) Elikadura osasungarria; 2) Ekoberrikuntza; 3) Hiri jasangarriak eta 4) Euskadi sortzailea.

ZTBP Euskadi 2030 planaren berrikuntza nagusien artean dago «zeharkako trakzio-ekimenak» kontzeptua; hau da, RIS3 arloen arteko lankidetza sustatuko duen tresna, eremu estrategiko zehatzetan. Horren bidez, Euskadik trantsizio teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta sozial eta sanitarioari aurre egin ahal izango dio. Hasteko, zeharkako hiru trakzio-ekimen proposatzen dira, «Zahartze Osasuntsua», «Mugikortasun Elektrikoa» eta «Ekonomia Zirkularra» arloetan.

Zeharkako trakzio-ekimenen helburu nagusia euskal gizartearentzat emaitza hautemangarriak eta agerikoak lortuko dituzten ikerketa eta garapenerako trakzio-proiektu kolaboratibo berriak bultzatzea da. Trakzio-proiektu horiek errazago identifikatzeko, tresna berri baten euskarria behar da, laguntza-programa baten euskarria, zeinaren baldintzak dekretu honetan arautzen baitira.

Dekretu honen babesean egiten diren laguntza-deialdiak dagokion dirulaguntzen plan estrategikoan jasota egongo dira.

Genero-berdintasuna Eusko Jaurlaritzaren politika publiko guztietan jasotzen den zeharkako konpromisoa da, eta, beraz, ZTBP Euskadi 2030 planean ere jasota dago. Ildo horretatik, estrategia horren zutabe estrategikoetako bat talentua prestatzea, garatzea, sustatzea eta erakartzea da, eta haren ezarpenak genero-berdintasuna sustatzeko ildo bat aurreikusten du zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren eremuan. Era berean, planaren helburu operatibo handienetako bat talentu zientifiko-teknologikoa sustatzea da, batez ere emakumeen artean. Dekretu honetan konpromiso hori betetzen da, laguntza-programan aurkezten diren eskabideak ebaluatzeko irizpideetan genero-ikuspegia txertatuz.

Euskal gizartearentzat emaitza hautemangarriak eta agerikoak lortuko dituzten zeharkako trakzio-proiektu kolaboratibo berriak bultzatzeko asmoarekin, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen IV. tituluarekin (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bategina) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin (38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatua), ZTBP Euskadi 2030 planaren zeharkako trakzio-ekimenen esparruan, ikerketa eta garapenerako zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboak diseinatzeko laguntza-programa hau garatzeko beharra ezarri da.

Ondorioz, lehendakariaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko urriaren 11n egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Laguntzen xedea eta aplikatu beharreko araudia.

1.– Dekretu honen xedea da «Zahartze Osasuntsuaren», «Mugikortasun Elektrikoaren» eta «Ekonomia Zirkularraren» esparruetan ikerketa eta garapenerako zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboak diseinatzeko laguntza-programa arautzea; horretarako, laguntzen erakunde eskatzaileek aurkeztutako proiektuak trakzio-proiektuetan integratuko dira, zeharkako trakzio-ekimen bakoitzerako ezarritako erronkei eta helburuei erantzun ahal izateko.

2.– Araudi honek Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluari heltzen dio. Erregelamendu horren bidez, ikerketa- eta garapen-proiektuetarako zenbait laguntza barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

2. artikulua.– Nahitaezko betekizunak.

1.– Entitate eskatzaileek zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboetan sartzeko aurkezten dituzten proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte, haien diseinua diruz lagunduko bada:

a) Proiektua zeharkako zein trakzio-ekimenetara aurkezten den, harentzat ezarritako erronka espezifikoetatik gutxienez 3 barne hartzea irismen tematikoari dagokionez («Zahartze Osasuntsua», «Mugikortasun Elektrikoa» eta «Ekonomia Zirkularra»). Erronka horiek dekretu honen eranskinean daude jasota.

b) Gutxienez 4 milioi euroko guztizko aurrekontua «Mugikortasun Elektrikoa» eta «Ekonomia Zirkularra» proiektuetarako, eta 0,5 milioi eurokoa «Zahartze Osasuntsua» proiektuetarako.

c) Gutxienez 3 erakundek parte hartu behar dute, eta horien artean, gutxienez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile zientifiko-teknologiko bat egon behar da.

d) Zahartze osasuntsuko proiektuetan, Euskal Osasun Sistemako erakunde batek parte hartu beharko du, gutxienez. Erakunde hori Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarekoa balitz, aurreko betekizuna ere beteko luke.

2.– Diruz lagunduko diren diseinu-jarduerek laguntza-eskaera aurkeztu ondorengo hasiera-data izango dute, laguntza-programak eragin sustagarria izan dezan bermatzeko.

3.– Diruz lagunduko diren diseinu-jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharko dira oso-osorik. Nolanahi ere, jarduera horien zatiren bat azpikontratatu ahal izango da, erkidego barruan edo kanpoan.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzen izaera.

1.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzetarako baliabide ekonomikoak dagozkien deialdien bidez esleituko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

2.– Programa honetan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta lehia bidezko konkurrentzia-prozeduraren arabera emango dira. Beraz, jasotzen diren eskabide guztiak aldi berean ebatziko dira zeharkako trakzio-ekimen bakoitzerako, eskatutako dokumentazioa eskuratu ondoren.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Erakunde hauek jaso ahal izango dituzte dekretu honetan araututako laguntzak:

a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratuta dauden eta horretarako egiaztatuta dauden eragile zientifiko-teknologikoak, bat etorriz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan, dekretu hori hirugarren aldiz aldatzen duen urtarrilaren 26ko 21/2021 Dekretuan edo bi horiek ordezteko araudian ezarritakoarekin.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko klusterren antolakunde dinamizatzaileak.

c) Enpresak, haien tamaina edo jarduera-sektorea edozein dela ere.

d) Elkarte edo fundazio gisa legez eratutako irabazi-asmorik gabeko erakundeak.

e) Administrazio publikoei lotuta edo haien mendean dauden eta nortasun juridiko propioa duten entitate eta sozietate publikoak.

2.– Ezin izango dira dekretu honetan araututako laguntzen onuradun izan:

a) Krisian dauden enpresak eta entitateak, Europako Batzordeak emandako definizioaren arabera (Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroak ezartzen dituen Batzordearen 2014/C 249/01 Komunikazioa, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratua, 2014ko uztailaren 31n).

b) Laguntzak berreskuratzeko aginduren baten mende dauden entitateak, Europako Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo duelako.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak.

d) Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikuluan edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak.

e) Sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten entitateak, dagokion zehapenean ezarritako aldian, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egiteko martxoaren 3ko 1/2022 Legearen arabera.

f) Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresak, bai eta 50 langiletik gorako enpresak ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egiteko martxoaren 3ko 1/2022 Legean ezarritakoarekin bat.

3.– Onuradun izateko, entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egotea, edo, irabazi-asmorik gabeko enpresak edo entitateak direnean, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizpen-instalazio bat izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetatik zuzenean garatzea diruz lagun daitezkeen jarduerak.

c) Nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izatea, eta dirulaguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin edo beste ente publiko batekin kontratuak egiteko inolako debeku edo desgaikuntzarik ez izatea.

d) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

f) Fundazioek Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean ezarritakoa bete beharko dute, xedapen horretan ezartzen baita, hain zuzen ere, fundazioak lege horretan esaten denera egokitzeko beharra.

g) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratutako eragile zientifiko-teknologikoek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 23.2 g) artikuluan xedatutakoa bete beharko dute. Artikulu horrek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2015 Legearen betebeharrak betetzeko galdatzen die Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten entitateei, eta martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 42.2 artikuluan xedatutakoaren arabera horretara behartuta dauden entitateei, berriz, berdintasun-plan bat izateko.

4.– Onuradun izateko baldintzak dirulaguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko dira.

5.– Aurreko apartatuetan aurreikusitako betebeharrak honela egiaztatuko dira:

a) Ofizioz egiaztatuko da, elkarreragingarritasun bidez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.

Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakoetan, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

b) Entitate eskatzailea fundazio bat bada, artikulu honen 3. apartatuko f) letran aurreikusitako betekizuna ofizioz egiaztatuko da.

c) Artikulu honen 3. apartatuko e) letran jasotako betekizuna eskabidearekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da.

d) Gainerako baldintzak eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agirien bidez egiaztatuko dira.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta haiek gauzatzeko epea.

1.– Dirulaguntza jaso ahal izango dute entitate eskatzaileek egindako jarduerek, baldin eta dekretu honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak beterik ikerketa eta garapenerako zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboa diseinatzera edo kontzeptualizatzera bideratuta badaude. Hauek dira diruz lagun daitezkeen jarduerak:

a) Gaiaren egungo egoeraren azterketa.

b) I+G+Bren bideragarritasun-azterketa.

c) Negozio-ereduaren azterketa.

d) I+G+B ibilbide-orria egitea.

e) Proiektuaren partzuergoa eraikitzea.

f) Proiektuen proposamena edo proposamenak egitea, finantzaketa-programetan aurkezteko.

2.– Dirulaguntzaren xede den jarduera eskabidea aurkezten den egunetik dirulaguntza ebatzi eta 12 hilabetera arte garatu ahal izango da.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira dekretu honen 5. artikuluan deskribatutako jarduera diruz lagungarriekin lotura zuzena dutenak, zehazki honako hauek:

a) Proiektuaren diseinuan inplikatutako entitate eskatzailearen langileen zuzeneko kostuak. Zuzeneko kostu horien eta proiektuan lan egindako orduen arteko zati proportzionala kalkulatuko da, barnean hartuta langileen ordainsari osoak (mozkinetako partaidetzak, bidaiengatiko kalte-ordainak eta dietak, ostatua eta mantenua izan ezik) eta entitatearen konturako Gizarte Segurantzako kotizazioak (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen ondorioz salbuetsitako hobariak, murrizketak edo enpresa-kuotak izan ezik).

b) Aurreko paragrafoko zuzeneko kostuei lotuta dauden entitatearen zeharkako kostuak. Zeharkako kostu horiek gehienez ere langileen zuzeneko kostuen % 25 izango dira. Honako kontu-zenbaki eta kontabilitate-kontzeptu hauei dagozkien zeharkako gastuak egotzi ahal izango dira: 621 Errentamenduak eta kanonak; 622 Konponketak eta kontserbazioa; 623 Profesional independenteen zerbitzuak (entitatearen zerbitzu orokorrei lotutakoak soilik); 624 Garraioa (salmenten garraioa izan ezik); 625 Aseguru-primak; 628 Hornidurak; 629 Bidaia-gastuak (entitatearen zerbitzu orokorrei lotutakoak soilik); 629 Beste gastu eta zerbitzu batzuk (bidaiak izan ezik); 64 Egiturazko langileen kostua (entitatearen zerbitzu orokorrei lotutakoak soilik) eta beste gastu sozial batzuk eta 68 Ibilgetu garbiaren amortizazioa (diruz lagundu gabea, ekitaldiko gastu guztien % 5eko mugarekin).

c) Proiektuaren diseinuaren zati oso espezializatuak eta/edo I+Gko osagai bat dutenak azpikontratatzea. Ezagutza teknikoak dituzten aholkularitza-enpresek edo zerbitzu baliokideek eskain ditzakete, edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek, baldin eta soilik proiektu-proposamena egiteko erabiltzen badira.

2.– Entitate publikoek edo nagusiki partaidetza publikoa duten entitateek Eusko Jaurlaritzako beste sail baten edo sektore publikoko beste entitate baten finantzaketa badute, zeharkako kostua soilik aplikatu ahal izango dute langileen kostuaren kontzeptuan, plantillako langileen edo estatutupeko langileen kasurako; ezin izango da finantzatu, inola ere, langile horien zuzeneko kostua. Proiektua egiteko berariaz kontratatutako langileen kasuan, haien zuzeneko kostua soilik lagunduko da diruz.

3.– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak azpikontratatu ahal izango dira, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 80 arte eta, betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29., 30. eta 31. artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritako baldintzak eta debekuak errespetatuz.

4.– Dirulaguntzaren xede diren kostuen kontzeptutik kanpo geratzen dira balio erantsiaren gaineko zerga eta gainerako zeharkako zergak, horiek entitate onuradunarentzat kengarriak direnean. Entitate publikoen kasuan, BEZa hautagarritzat joko da, baldin eta entitate eskatzailea salbuetsita badago edo BEZaren araubidearen mende ez badago.

7. artikulua.– Laguntzen intentsitatea eta muga.

1.– Eskabidean, oinarrizko ikerketari, ikerketa industrialari eta garapen esperimentalari dagozkien zeharkako proiektu kolaboratiboa diseinatzeko eta egiteko jarduerak konbinatu ahal izango dira, bakoitzari dagokion ehunekoa adierazita. Laguntzaren gehieneko intentsitatea honako hau izango da:

a) Oinarrizko ikerketako jarduerei dagokienez, zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboa diseinatzeko eta egiteko kostuen % 100, gehienez.

b) Ikerketa industrialeko (edo ikerketa aplikatuko) jarduerei dagozkien kostuen % 50, gehienez.

c) Kostuen % 25, gehienez, garapen esperimentaleko proiektua (edo garapen teknologikoko proiektua) bada.

2.– Laguntzaren gehieneko intentsitatea ehuneko 15 puntu handitu ahal izango da aurreko b) eta c) kasuetan, baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

a) Proiektuak berekin ekartzea enpresa baten eta ikerketarako eta ezagutza zabaltzeko organismo baten edo batzuen arteko lankidetza eraginkorra, betiere organismo horiek, gutxienez, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 10 beren gain hartzen badute eta beren ikerketaren emaitzak argitaratzeko eskubidea badute.

b) Proiektuaren emaitzak zabalkunde zabala izatea hitzaldien, argitalpenen, irispide libreko oinarrien edo doako edo iturri irekiko programa informatikoen bidez.

3.– Eskaera bakoitzeko laguntzaren gehieneko muga 25.000 euro artekoa izango da.

4.– Zeharkako trakzio-ekimen bakoitza finantzatzera bideratutako deialdiaren zuzkidura ekonomikoa nahikoa ez bada eskaera guztiei erantzuteko aurreko paragrafoan ezarritako baldintzetan, entitate onuradunen artean hainbanatuko da dagokion ekimeneko dirulaguntzetarako gehieneko zenbatekoa, proiektu eskatzaileak ebaluazioan lortutako puntuazioaren arabera.

8. artikulua.– Deialdia.

1.– Dekretu honetan araututako laguntzak aldizkako deialdi publikoaren bidez iragarriko dira, eta publikotasunaren, gardentasunaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioen arabera emango dira. Dirulaguntzak lehia bidezko konkurrentzia-prozeduraren bidez ebatziko dira.

2.– Deialdia Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiko titularraren ebazpen baten bidez egingo da.

3.– ZTBP Euskadi 2030 planean ezarritako zeharkako trakzio-ekimen bat edo batzuk barne hartu ahal izango dira deialdian, «Zahartze Osasuntsuaren», «Mugikortasun Elektrikoaren» eta «Ekonomia Zirkularraren» esparruei dagozkienak.

4.– Deialdian zehatz adieraziko dira zeharkako trakzio-ekimen bakoitzerako dirulaguntzen aurrekontu-kontsignazioen zenbatekoa eta ebaluazio-organoetako kideen izenak. Era berean, eskabideak aurkezteko epea eta modua zehaztuko dira.

5.– Deialdia egin ondoren helburu horretarako kreditu osagarriak badaude, deialdiaren zuzkidura handitu ahal izango da, Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiko titularraren ebazpen baten bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.

6.– Dirulaguntza-lerro bakoitzari esleitutako zuzkidurak ezertan eragotzi gabe, eskabiderik ez dagoelako, eskabideek baldintzak betetzen ez dituztelako edo eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutelako lerro horietako batean ezarritako zuzkidura ekonomikoa agortzen ez bada, Ebaluazio Batzordeak beste lerro batean ezarritako zuzkidura handitzea proposatu ahal izango du, betiere lerro hori oraindik ebatzi gabe badago.

9. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

1.– Entitate interesdunek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartu beharko da, dagokion deialdi-ebazpenean zehazten den helbidearen bidez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden formularioak eta ereduak erabili beharko dira, eta bertan ezarritako jarraibideak bete.

2.– Entitate batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, elektronikoki aurkezteko betebeharra duela adieraziko zaio, eta ohartaraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoaren arabera. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

3.– Eskabidea egin ondorengo izapideak bitarteko elektronikoak erabiliz bakarrik egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez.

4.– Laguntza-eskabidea aurkezturik, entitate eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Egiaztapen hori organo kudeatzaileak egingo du, entitate eskatzaileen baimenik behar izan gabe, hala ezarrita baitago uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan (Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duena) eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena). Hala ere, entitate eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena, eta, orduan, betebehar horien ziurtagiria aurkeztu beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

5.– Eskabidea elektronikoki sinatu beharko du entitatearen legezko ordezkariak. Gainera, diseinatu nahi den zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboaren proposamenari buruzko dokumentazio hau erantsi beharko da:

a) Proiektuaren memoria, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduari jarraitu beharko diona, eta, gutxienez, honako informazio hau emango duena:

– Proiektuaren izenburua.

– Zeharkako zein trakzio-ekimenetara aurkezten den (zahartze osasuntsua, mugikortasun elektrikoa edo ekonomia zirkularra).

– Deskribapena eta lortu beharreko emaitza nagusiak.

– Proiektuaren gutxi gorabeherako dimentsioa (eurotan kalkulatutako aurrekontua, guztira).

– Zeharkako trakzio-ekimenaren erronkei eta helburuei egingo zaien ekarpena.

– Proiektuan sartutako I+G+B jarduerak.

– Eragin sozioekonomiko potentziala (zeharkako trakzio-ekimenaren erronkei eta helburuei egingo zaien ekarpenaz harago).

– Proiektuan parte hartzen duten entitateen partzuergoa.

– Genero-ikuspegia txertatzea.

b) Proiektua diseinatzeko behar diren eta dirulaguntza jaso dezaketen gastuen zenbatespena, langileen barne-kostuak eta kanpoko azpikontratazio-gastuak bereizita, eta oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko jarduerei dagozkien gastuak zehaztuta.

6.– Eskabideak erantzukizunpeko adierazpenei buruzko atal bat izango du (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo diren ereduen arabera), eta, bertan, entitate eskatzaileak gutxienez informazio hau adierazi beharko du:

a) Laguntza-programarako proposatzen den zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboa diseinatzeko beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako eta/edo haiek emandako laguntzak.

b) Proiektua diseinatzeko behar diren gastuen zenbatespena entitatearen kontabilitate-arauei eta laguntza-programa hau arautzen duen Dekretuan ezarritako arauei jarraituz egin dela.

c) Entitateak ez duela dirulaguntza publikoak lortzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, eta ez daukala horretarako desgaikuntza dakarren legezko inolako debekurik, sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik ezarritako debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egiteko martxoaren 3ko 1/2022 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

d) Entitatea ez dagoela Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikuluan edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan aipatutako ezein egoeratan.

e) Entitateak egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak.

7.– Laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa entitate eskatzaileak aukeratzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Eskabideak egiaztatzea eta akatsak zuzentzea.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Plana bultzatu eta koordinatzeko eskumena duen organoari dagokio eskabideek ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta dekretu honen 2. eta 9. artikuluetan eskatutako dokumentazioa aurkeztu dutela egiaztatzea.

2.– Eskabidea osorik bete ez bada, edo dekretu honen 9. artikuluan zerrendatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, entitate eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta organo eskudunak horri buruzko ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.

11. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko organoak.

1.– Hiru ebaluazio-organo egongo dira, ondorio horietarako sortuak, ZTBP Euskadi 2030 planean ezarritako zeharkako trakzio-ekimenen bakoitzerako bat.

2.– Ebaluazio-organoei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta proiektu eskatzaileak integratzearen ondorioz sortzen diren zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboak onartzeko proposamenak egitea ere.

3.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua izango da hiru organoen burua.

4.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egiteko martxoaren 3ko 1/2022 Legea betez, ebaluazio-organoetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateko ahalegina egingo da. Horretarako, aipatutako legearen laugarren artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

5.– Ebaluazio-organoetako kideak izendatzeko orduan, kontuan hartuko da hizkuntza-gaitasun nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan. Ebaluazio-organoetako kideek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute beren jarduketetan. Euskararen erabileraren normalizazioa bermatzeko, ebaluazio-organoak hala erabakitzen duenean, deialdiak, gai-zerrendak, aktak, ziurtagiriak eta testu idatziak, oro har, euskaraz izapidetu ahal izango dira. Bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

6.– Ebaluazio-organoetako kideak izango dira:

a) «Zahartze Osasuntsua» zeharkako trakzio-ekimenerako: Osasun Saileko bi pertsona, Osasun Sailburuordetzaren ordezkari gisa; Bioef-en (Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Eusko Fundazioa) ordezkari bat, eta Lehendakaritzako ordezkari bat, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.

b) «Mugikortasun Elektrikoa» zeharkako trakzio-ekimenerako: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko bi pertsona, Industria Sailburuordetzaren eta Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren ordezkari gisa; SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren ordezkari bat; EEE-Energiaren Euskal Erakundearen ordezkari bat, eta Lehendakaritzako ordezkari bat, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.

c) «Ekonomia Zirkularra» zeharkako trakzio-ekimenerako: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko bi pertsona, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren ordezkari gisa; SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren ordezkari bat; IHOBE-Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren ordezkari bat, eta Lehendakaritzako ordezkari bat, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.

7.– Zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboetan integratzeko eskabideen eta proposamenen azterketa eta ebaluazio teknikoa dagokion ebaluazio-organoak egingo du, eta bulego tekniko baten laguntza izango du. Bulego hori trakzio-ekimen bakoitzaren gaian adituak diren pertsonek osatuko dute. Ebaluazio-organoek prozedura ebazteko proposamen arrazoituak aurkeztuko dizkiote ebazpena emango duen organoari.

8.– Ebaluazio-organoak balio osoz eratzeko, bilkurak egiteko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izango da lehendakaria eta idazkaria bertan egotea, eta gainerako kideetatik gutxienez pertsona bat gehiago egotea. Ebaluazio-organoen funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi ez den guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri gisa.

9.– Proposamenak ebaluatzeko eta zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboak eratzeko prozesuan, ebaluazio-organoek entitate eskatzaileei gomendatu ahal izango diete proiektuetan aldaketak egitea, dagokion zeharkako trakzio-ekimenaren helburuetara hobeto egokitzeko.

12. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak eta zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboetan integratzekoak.

1.– Hauek dira eskabideak ebaluatzeko irizpideak, zeharkako trakzio-proiektu kolaboratibo batean integratu ahal izateko:

a) Zeharkako trakzio-ekimenerako ezarrita dauden erronkei eta helburuei egiten zaien ekarpena. 5 puntu (pisua = 1).

b) Proposatutako I+G+Bren lehentasunezko orientazioa eta kalitatea. 5 puntu (pisua = 1,3).

c) Proiektuaren eragin sozioekonomiko potentziala eta emaitzen transferentzia. 5 puntu (pisua = 1).

d) Partzuergo orekatua eta ezagutza- eta balio-kateko eragileen parte-hartzea (unibertsitateak, teknologia- eta ikerketa-zentroak, enpresak, Euskal Osasun Sistemako entitateak, etab.). 5 puntu (pisua = 0,5).

e) Genero-ikuspegia txertatzea. 5 puntu (pisua = 0,2).

2.– Zeharkako trakzio-proiektu kolaboratibo batean integratzeko hautagai izateko, eskabideak 12 puntu edo gehiagoko guztirako nota haztatua (NGH = ∑Puntuazioai*Pisuai; i= a, b, c, d, e) lortu beharko du, eta 2 puntuko gutxieneko nota irizpide guztietan, 2. irizpidean izan ezik, non gutxienez 3 puntuko nota eskatuko baita. Irizpide bakoitzaren puntuazioa sistema honen arabera egingo da: 0 – Proiektuak ez dio irizpideari heltzen edo ezin da ebaluatu informazio nahikorik ez duelako; 1 – Ez nahikoa; 2 – Nahikoa; 3 – Ondo; 4 – Oso ondo; 5 – Bikain. Bitarteko puntuazioak eman ahal izango dira: 1,5; 2,5; 3,5 eta 4,5.

3.– Eskabideak, ebaluatu ondoren, tamaina eta irismen handiagoko proiektuetan (zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboetan) sartu ahal izango dira. Horretarako, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Proposatutako proiektu bakoitzean burutu beharreko ikerketa- eta garapen-jardueren osagarritasuna.

b) Proiektu bakoitzaren irismenean bete beharreko helburuen arteko sinergiak eta/edo osagarritasunak.

c) Proiektuaren partzuergoa handitzea, ezagutza- eta balio-kateko entitate gehiago integratuz eta ikerketaren, garapenaren edo transferentziaren zenbait arlotan eragile jakin batzuen falta estaliz.

4.– Proposatutako proiektu eskatzaileak nahikoa garrantzi eta irismen badu, zeharkako trakzio-proiektu kolaboratibo bat eratu ahal izango du bere kabuz. Bakarka behar besteko garrantzirik ez duten proiektuak nahitaez sartu beharko dira zeharkako trakzio-proiektu kolaboratibo batean, dirulaguntza eskuratu ahal izateko.

13. artikulua.– Ebazpen-proposamena, onartutako proiektuak.

1.– Ebaluazio-organoek ezarritako irizpideen arabera baloratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta prozedura ebazteko proposamen arrazoituak egingo dituzte.

2.– Ebazpen-proposamen arrazoituek honako hauek jasoko dituzte, gutxienez:

a) Onartzeko proposatzen diren zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboen zerrenda; horietako bakoitzari dagokionez informazio hau jasoko da: hura osatzen duten proiektuak, izenburua, entitate eskatzailea, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako aurrekontua eta emandako dirulaguntza.

b) Laguntzak arautzen dituen dekretuaren eta deialdiaren baldintzak ez betetzeagatik ezetsi beharreko eskabideen zerrenda, ezesteko proposamenaren arrazoiekin eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioarekin batera.

14. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak ebazpen bakar batean ebatziko dira. Ebazpen hori Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiko titularrak emango du, dagokion ebaluazio-organoak proposatuta. Ebazpen horrek, gutxienez, honako hauek jasoko ditu:

a) Onartutako zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboen zerrenda, horietako bakoitza osatzen duten proiektuak adierazita, eta, beraz, eskabidea onartu dela adierazita. Horietako bakoitzari dagokionez informazio hau emango da: izenburua, entitate eskatzailea, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako aurrekontua, emandako dirulaguntza eta gauzatzeko epea.

b) Ezetsi beharreko proiektuen eskaeren zerrenda, ezesteko proposamenaren arrazoiekin eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioarekin batera.

2.– Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabete da, deialdia argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita, abuztua alde batera utzita, hilabete hori baliogabetzat jotzen baita ondorio horietarako. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, laguntza-eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.9 artikuluan aurreikusitakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

3.– Ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, entitate interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete egintza eman zuen organoari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeari jarraikiz.

4.– Ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie entitate eskatzaile guztiei, hargatik eragotzi gabe entitate onuradunen, diruz lagundutako proiektuen eta emandako laguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, denek horren berri izan dezaten.

5.– Entitate eskatzaileari baiespen-ebazpena jakinarazten zaion egunetik hamabost egun natural igaro ondoren, emandako laguntzari berariaz uko egiten zaiola jakinarazten ez bada, ondorio guztietarako ulertuko da entitate horrek laguntza emateko ebazpena onartu duela.

15. artikulua.– Laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Laguntzaren zenbateko osoa bi ordainketatan ordainduko da. Lehenengo ordainketa, laguntzaren % 50era artekoa, laguntza ematen den unean, ebazpena argitaratu eta laguntza berariaz edo isilbidez onartu eta gero, dekretu honen 14.5 artikuluan ezarritako epean.

2.– Bigarren eta azken ordainketa, proiektuaren diseinua amaitu eta entitate eskatzaileak laguntzaren justifikazio-agiriak aurkeztu eta gero, Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza elektronikoan eskuragarri egongo diren ereduak erabiliz aurkeztu ere. Gutxienez, dokumentazio hau aurkeztuko du:

a) Onartutako zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboaren diseinuan egindako jardueren memoria, barnean hartuta entitateak egindako gastuen eta lortutako emaitza nagusien laburpena eta proiektuari jarraipena emateko aurreikusitako jarduerena.

b) Garatutako zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboaren azken diseinua jasotzen duen memoria. Hala badagokio, beste finantzaketa-programa batzuetara aurkezteko landu diren txosten edo memoria gehigarriak ere aurkeztu ahal izango dira, osagarri gisa.

c) Entitate eskatzaileak proiektuaren diseinuan egindako gastuen ziurtagiria, langile propioen zuzeneko kostua, entitatearen zeharkako kostuak eta azpikontratazio-gastuak banakatuta, eta oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko jarduerei dagozkien gastuak zehaztuta. Aipatutako azpikontratazio-gastuak merkataritzako trafiko juridikoan balioa duten edo administrazio-eraginkortasuna duten jatorrizko fakturen eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuen bidez egiaztatuko dira. Egiaztapena faktura elektronikoen bidez ere egin ahal izango da.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez entitatearen legezko ordezkariak bere gain hartuko baitu proiektu-proposamenerako beharrezkoak diren gastuen justifikazioa entitatearen kontabilitate-arauei eta dekretu honetan ezarritako arauei jarraituz egiteari dagokion ardura.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez entitateak bere gain hartuko baitu beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek helburu bererako emandako laguntzen edo dirulaguntzen zerrenda aurkezteko betebeharra.

3.– Justifikatzeko gehieneko epea 12 hilabete izango da, laguntza emateko ebazpenaren egunetik zenbatzen hasita.

4.– Justifikazio-agiriak ez badaude behar bezala beteta, edo eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten ez bada, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko 10 egun balioduneko epean. Entitateak akatsa zuzentzen ez badu, ulertuko da entitate onuradunak ez dituela betebeharrak bete, ez da bigarren ordainketa egingo, eta, hala badagokio, itzulketa-prozedura hasiko da.

5.– Justifikatutako gastua txikiagoa bada laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua baino eta entitateak diruz lagundutako proiektua gauzatu badu, emandako zenbatekoa doitu egingo du ebazpen-organoak, dagokion ebazpenaren bidez.

6.– Entitate onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

16. artikulua.– Dirulaguntzen konkurrentzia.

1.– Entitate onuradunek jakinarazi egin beharko dute beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek helburu bererako emandako laguntzak edo dirulaguntzak jaso dituztela. Xede bererako jasotako dirulaguntzen zenbateko osoak ezin izango du jardueraren kostu osoa gainditu. Ezarritako muga gainditzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49. artikuluko 12. apartatuan araututakoaren arabera.

2.– Dekretu honetan ezarritakoaren arabera entitate onuradunek aldi berean jaso ditzaketen dirulaguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira Europar Batasunean horri buruz indarrean dauden arauak, eta, bereziki, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. eta 25. artikuluetan ezarritakoa.

17. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan araututako betebeharrez gain, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntzaren zenbateko osoa onartu den zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboa diseinatzeko erabiltzea.

b) Diruz lagundutako proiektuaren jarduerek finantzaketa publikoa izan dutela jakinarazteko publizitate egokia egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 28/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Zeharkako trakzio-proiektu kolaboratiboaren egoerari buruzko informazioa ematea, Eusko Jaurlaritzak hala eskatuz gero, proiektuak irauten duen bitartean eta laguntza eman eta hiru urte igaro arte.

d) Fakturak gordetzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura edukitzea lau urtez, justifikazio-agiriak aurkezteko epea igaro denetik zenbatzen hasita.

e) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen duten informazioa ematea, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunetan dihardutelarik.

f) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egiteko martxoaren 3ko 1/2022 Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

g) Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 38.2 artikuluko a), b), c) eta d) letretan ezarritako betebeharrak betetzea.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Entitate onuradunek dekretu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, galdu egingo dute emandako laguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako laguntzen zenbatekoa itzuli beharko diote Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, bai eta dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion berandutze-interesak ere, kontuan hartuta zer dagoen araututa itzulketei dagokienez Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan.

2.– Dirulaguntzei buruzko legeria orokorrean ezarritakoez gain, honako hauek ere hartuko dira ez-betetzetzat:

a) Dekretu honetan edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzea.

b) Laguntzaren xede den proiektua egiteko edo justifikatzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere epeak aldatzeko edo luzatzeko baimenik ez badago.

c) Dekretuan edo laguntza ematean aurreikusitako edozein kontrol-neurri ukatzea edo oztopatzea.

d) Proiektuaren beste edozein desbideratze edo emandako laguntzarekin lotutako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– Entitate onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara, eta entitate onuradunak zalantzarik gabe konpromisoak betetzeko jardun bat egiaztatzen badu, dirulaguntzaren zati bat ordainduko zaio, edo, hala badagokio, zati bat itzuli beharko du, eta egindako jarduerak guztizkoarekiko duen proportzioa zehaztuko du kalkulua egiteko. Nolanahi ere, entitate onuradunak kobratzeko eskubidea izango duen zenbateko partziala bat etorriko da emandako dirulaguntzatik benetan eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, betiere justifikazioa egiaztatu eta entitate emaileak hura onartu eta gero.

4.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Plana bultzatu eta koordinatzeko eskumena duen organoko titularrak hasi eta ebatziko du ez-betetzeen espedientea.

19. artikulua.– Laguntzak kontrolatzea.

1.– Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiak aldian-aldian aztertu ahal izango du jarduketak dekretu honen helburuetara egokitzen diren, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak finkatu ahal izango ditu, eta egoki iritzitako egiaztapenak egin ahal izango ditu, laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko. Gainera, hala eskatzen badu, laguntzaren frogagiri guztiak eskuratu ahal izango ditu.

2.– Jarduketen garapena egiaztatu behar denean, entitate onuradunak bermatu eta erraztu egingo du ekintzaren tokirako eta higiezinetarako irispidea, bai eta dagozkion liburu, kontu eta justifikazio-agirietarako irispidea ere.

3.– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduari lotutako laguntzak argitaratzeari eta haiei buruzko informazioa emateari dagokionez, laguntza-programa hau kudeatzeko ardura duten agintariek konpromisoa hartzen dute Erregelamenduaren 9. artikuluan zehaztutako betebeharrak zorrotz errespetatzeko eta betetzeko.

4.– Era berean, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 11. artikuluaren b) letran ezarritakoaren arabera, agintari arduradunek urteko txosten bat egingo dute, laguntza-araubide honen aplikazioa eta garapena zehazteko.

5.– Gainera, programa honetan, laguntzaren eragin sustagarria bermatzeko, entitate eskatzaileak eskabidea aurkeztu eta gero hasten diren proiektuek soilik jaso ahal izango dituzte laguntzak, dekretu honen 2.2 artikuluan jasotzen den moduan.

20. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

Laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatu batzuetatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, betiere dekretu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak eta xedea betetzen badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19.4 artikuluan araututakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu honetan aurreikusitakoaz gain, honako hauek aplikatuko zaizkie laguntzei: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko urriaren 11n.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana