Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2022ko urriaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4443

AGINDUA, 2022ko irailaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak iragartzen baitira hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeak dauden udal-jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuak finantzatzeko (Udalaguntza-2022).

Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriak ezartzen du toki-korporazioek eta Hezkuntza Administrazioak lankidetzan jardun behar dutela ikastetxeak sortu, eraiki eta mantentzeko, betiere indarrean dagoen legediari jarraikiz.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 1. artikuluan jasotzen diren printzipioen artean aurreikusten da hezkuntza-administrazioen eta toki-korporazioen arteko lankidetza, hezkuntza-politikaren plangintzan eta inplementazioan. Era berean, 8. artikuluko 1. apartatuak ezartzen duenez, hezkuntza-administrazioek eta toki-korporazioek beren jardunak koordinatuko dituzte (bakoitzak bere eskumenen eremuan), hezkuntzarako baliabideen eraginkortasun handiagoa lortzeko eta lege horretan ezarritako helburuak lortzen laguntzeko.

Lankidetza horri esker, lehendik zeuden baliabide publikoak optimizatu ahal izan dira, bai eta Administrazioak egindako ahalegin eta jarduerei ahalik eta etekin handiena atera ere.

Beraz, Hezkuntza Sailak komenigarritzat jotzen du udal-jabetzako zentroetan obrak egiteko jarduerak sustatzea, horrela hezkuntza hobetzen lagunduko baitu.

Oinarri gisa hartu da Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Hezkuntza Administrazioaren mendeko ikastetxeak dauden udal-jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuak finantzatzeko laguntzak iragartzea (Udalaguntza-2022).

2.– Agindu honen ondorioetarako, obra hauek finantzatu ahal izango dira:

a) 9/2017 Legearen 232. artikuluan jasotakoak (9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora).

b) otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretua betetzea helburua dutenak; errege-dekretu horren bidez ezartzen dira Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza ematen duten zentroen gutxieneko baldintzak.

c) Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea betetzea helburu dutenak, eta baita 173/2010 Errege Dekretua ere, otsailaren 19koa, Eraikingintzaren Kode Teknikoa (martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutakoa) aldatzen duena, desgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasunari eta ez-diskriminazioari dagokionez.

d) Ikasgelak sortzea edo eraberritzea aurreikusten dutenak.

3.– Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu jada onartutako laguntza duten obrek, epearen barruan uko egin ez zaielako, Hezkuntza Sailaren azken hamar urteetako Udalaguntza deialdiari dagokionez. Salbuespen batekin: udalak gerora eta modu justifikatuan uko egin izana, eta horren zenbatekoa itzuli izana.

4.– Obrak 2022ko urtarrilaren 1aren eta 2023ko abuztuaren 31ren artean hasiko dira, eta 2023ko abenduaren 31 baino lehen amaituko dira.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak amaitzeko epea luzatu ahal izango du ebazpen baten bidez –inola ere ez bi hilabete baino gehiago–, lanak luzatzea justifikatzen duten arrazoiak tarteko direnean, eta udal onuradunak amaiera-data baino lehenago hala eskatuz gero.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Agindu honen xede diren dirulaguntzetarako, zazpi milioi euro (7.000.000,00) bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan 2023ko ekitaldirako horretarako ezarrita dagoen aurrekontuko partidatik.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradun izango dira Hezkuntza Administrazioaren mendeko ikastetxeak dauden udal jabetzako eraikinetan obrak egiteko proposamenak egiten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalak eta udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak, obrak 1. artikuluan jasotakoak badira.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa.

1.– Hezkuntza Sailak balorazio-batzordeak onartutako aurrekontuaren % 60 ordainduko du.

2.– Eskabide bakoitzeko ematen den zenbatekoa ezingo da 360.000 euro baino handiagoa izan; hortaz, balorazio-batzordeak onartutako 600.000 euro baino gehiagoko aurrekontuak dituzten eskabideei dirulaguntza ematen bazaie, muga hori hartuko da kontuan.

3.– Obraren aurrekontuan ez dira sartuko proiektua idazteko, obra zuzentzeko eta obraren segurtasun eta osasun arloak koordinatzeko ordainsariak.

Halaber, obraren aurrekontu horretan ezin izango dira sartu udaleko langile diren pertsonen ordainsariak.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezartzen direnez gain, hauek izango dira dirulaguntza eskuratzeko betebeharrak:

a) Obrak egiteko dirulaguntza zein eraikinetarako eskatzen den, haren jabea izatea.

b) Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea horretarako aukera kentzen duen legezko debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuak barne.

c) Erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak, zuzenbide publikokoak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta hori horrela dela egiaztatu beharko dute eskabidea egiteko unean, bai eta dirulaguntza emateko eta ordaintzeko unean ere.

6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.

Honela egiaztatuko da aurreko artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen direla:

a) Titulartasuna idazkariak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da, korporazioaren inbentarioaren zerrendarekin.

b) Zehapenik betetzen ari ez dela egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena erantsiko zaio eskabideari.

c) Zerga-betebeharrak, zuzenbide publikokoak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena erantsiko zaio eskabideari.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskabideak bideratzeko, kontsultak egiteko eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

Izapidetze elektronikoa araututa dago, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta, bestetik, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean.

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri (www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096611).

Eskabidearen osteko izapideak kanal elektronikoaren bitartez egingo dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Hilabetekoa izango da deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096611

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako dokumentuak. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

4.– Ikastetxe batentzako baino gehiagorentzako finantzaketa eskatu nahi duten udalek ikastetxe bakoitzaren agiriak aurkeztu beharko dituzte, banaka.

5.– Ikastetxe bakarrean obra bat baino gehiago egin nahi bada, eskabide bat aurkeztu beharko da obrako.

6.– Aurkezten diren eskabideekin batera, agiri hauek ere erantsi beharko dira:

a) Gauzatze-proiektua aurkeztu behar bada edo halakorik aurkeztu behar ez bada, bi obra-mota bereiziko dira, Eraikingintza arautzeko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2. artikuluko 2. puntuan xedatutakoaren arabera:

– Proiekturik behar ez duten obrak: teknikari eskudunak izenpetutako azalpen-memoria eta kontrataren aurrekontu orokor xehatua (BEZa barne). Obrak amaituta egonez gero, gauzatutako obren faktura edo amaiera-ziurtagiria aurkeztu ahal izango da.

– Proiektua behar duten obrak: gauzatze-proiektua, teknikari eskudunak izenpetua eta elkargo profesionalak bisatua. Obrak amaituta egonez gero, gauzatutako obren amaiera-ziurtagiria aurkeztu beharko da, diruz lagundu daitekeen zenbatekoa zehaztu ahal izateko.

Oinarrizko proiektua ere aurkeztu ahal izango da, teknikari eskudunak izenpetua. Kasu horretan, teknikari eskudunak izenpetutako eta elkargo profesionalak bisatutako gauzatze-proiektua aurkeztu beharko du eskatzaileak, ebazpena jakinarazi eta, gehienez ere, hilabeteko epean.

Proiektua idatzi duen arkitektoa udaleko langilea bada, ez da elkargoaren bisaturik aurkeztu beharko.

b) Agiri hauek kasu guztietan aurkeztu beharko dira:

– 6. artikuluan aipatutako agiriak.

– Udal-organo eskudunaren akordioa, zeinaren bitartez onartzen baita aurkeztutako proiektua edo aurrekontua.

– Eskabideari edo obra bererako beste finantzaketa-iturri batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, beste finantzaketa-iturri batzuei buruzko inprimakiaren bitartez. Aipatutako inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096611

– «Datu-orria» izeneko inprimaki normalizatua. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096611

9. artikulua.– Eskabideak balioestea.

1.– Eskabideen azken aukeraketa balorazio-batzorde batek egingo du, eta kide hauek osatuko dute:

a) Azpiegituren, Baliabideen eta Teknologien zuzendaria; lehendakaria izango da.

– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria.

– Hezkuntzako lurralde-ordezkariak.

– Azpiegituren, Baliabideen eta Teknologien Zuzendaritzako teknikari bat; idazkaria izango da, eta ahotsa izango du, baina botorik ez.

2.– Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Unitate Teknikoek balorazio-batzordeari aurkeztuko dizkiote aurkeztutako eskabideak, dagozkien txostenekin batera, zerbitzuko buruak eta lurralde-ordezkariak behar bezala zigilatuta eta sinatuta. Horietan, 1. artikuluaren arabera egin beharreko jarduketa mota zehaztuko da. Halaber, txosten horietan azaldu beharko da zergatik diren presazkoak aurreikusitako jarduerak eta zein motatakoak diren; hori fitxa bakar eta bateratu batean jaso beharko da, obra eta presa mota hauen arabera:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Lurralde-ordezkaritzetako atal teknikoek emandako txosten horiek aztertuko ditu balorazio-batzordeak eta, lanak egiteko premia edo premiarik eza kontuan hartuta, «3» eta «26» puntu arteko puntuazioa jarriko dio obra bakoitzari, lehentasun-ordena ezartzeko.

3.– Deialdi honetarako aurreikusitako aurrekontuko diru-hornidura ez bada nahikoa aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, balorazio-batzordeak lehentasun-ordena ezarriko du, 2. puntuko balorazioak aintzat hartuta, eta zerrendaren hasieratik hasi, eta ordena kontuan hartuta esleituko ditu laguntzak, 2. artikuluan jasotako aurrekontu-kreditua amaitu arte.

4.– Bi eskabidek edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, irizpide hauek erabiliko dira berdinketa hausteko, betiere zerrendatutako lehentasun-ordenaren arabera:

1) Gauzatu beharreko jarduketaren presa-maila.

2) Deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa-kopuru txikiena.

3) Diruz laguntzeko jarduketen kostu ekonomiko txikiena.

10. artikulua.– Bateragarritasuna.

Deialdi honen xede den finantzaketa bateragarria izango da beste finantzaketa-iturri ororekin. Deialdi honen xede diren obrak hainbat administraziok laguntzen badituzte diruz, eta laguntza guztien diru-kopuru osoa handiagoa bada lanen kostu osoa baino, agindu honen bidez emandako laguntzaren gehiegizko zenbatekoa murriztu egingo da.

11. artikulua.– Udalen betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38//2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezartzen direnez gain, Betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren udalek:

a) Udalen ardura izango da proiektu osoa idaztea, obrak eta haien zuzendaritza fakultatiboa esleitzea, baita eraikuntzetako segurtasunari eta osasunari buruzko araudia betearaztea ere.

b) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek ez badiote berariaz uko egiten «Nire Karpeta» atalaren bitartez, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.

c) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute.

d) Deialdi honetan emandako dirulaguntzari dagokionez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatzen duten informazio guztia bidaltzea.

e) Obra deskribatzen duen kartel bat jartzeko aukera ematea Hezkuntza Sailari. Erantsitako ereduaren arabera egingo da kartel hori, A3 formatuan inprimatuta.

f) Lanak egiteko laguntzak eskatu izana, eta, hala badagokio, lortu izana jakinaraztea.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, eta sailburuordeak deialdiko prozedurari amaiera ematen dion ebazpena emango du, sei hilabeteko epean, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), eta hurrengo egunetik aurrera izango du jakinarazpen-balioa. Halaber, emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, soilik informazio gisa.

2.– Zehaztutako epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat joko dira eskabideak, hala agintzen baitute Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21 eta 25. artikuluek; hori horrela izanik ere, lege horren arabera, Administrazioak berariazko ebazpena egin beharko du.

3.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala behar denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro; zehazki, EAEko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

4.– Deialdiko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

13. artikulua.– Emandako laguntza ordaintzeko araubidea eta justifikatzeko betebeharra.

1.– Bi epetan ordainduko zaio dirulaguntza dagokion udalari:

a) % 15eko zenbatekoa, deialdia ebaztean, agindu honen 11.b) artikuluan adierazitako epea igaro eta gero, eta dirulaguntzari uko egin ez bazaio.

b) Gainerako % 85a, egindako inbertsioa justifikatu eta gero. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dira «Nire Karpeta» atalaren bidez (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta):

– Obrei dagokienez: Obra-zuzendaritzaren amaiera-egiaztagiria edo obra amaitutzat emateko udal-egiaztagiria. Dagokion zenbatekoa zehaztu beharko dute eta fakturak edo behar diren justifikazio-agiriak erantsi.

– Helburu bererako lortutako beste finantzaketa-iturri batzuk jaso izanari edo jaso ez izanari buruzko adierazpena, agindu honen 10. artikuluan xedatzen den bezala. Beste iturri batzuetako dirua jaso baldin bada, kopurua adierazi beharko da. Adierazpen hori egiteko, beste finantzaketa-iturriei buruzko inprimakia bete beharko da. Aipatutako inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096611

2.– Finantzatutako obra amaitu eta, gehienez ere, hilabeteko epean aurkeztu beharko dira adierazitako justifikazio-agiriak, eta 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen, betiere.

Justifikazio-agiriak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, agindu honen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera luzapena jaso duten obren kasuan, justifikazio-agiriak 2024ko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.

3.– Udalak aurkeztutako dokumentazioa aztertuta egiaztatzen bada kontzeptu guztiak batuta obren amaierako benetako kostua txikiagoa dela balorazio-batzordeak onartutako aurrekontua baino –zeinetan oinarrituta kalkulatu baitzen dirulaguntzaren zenbatekoa–, zenbatekoa aldatu egingo da amaierako benetako laguntzak ez dezan gainditu agindu honen 4. artikuluan adierazitako onartutako aurrekontuarekiko ehunekoa.

14. artikulua.– Egiaztatzeak.

Hezkuntza Sailak beharrezkotzat jotzen dituen gainbegiratzeak, ikuskapenak eta egiaztatzeak egin ahal izango ditu, emandako finantzaketaren arauak eta baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

Egiaztatzen bada finantzaketa emateko baldintzaren bat ez dela bete, Administrazio honek ohartarazpena bidaliko du aldez aurretik, jasotako diru-kopuruak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul dakizkion, arau hauek diotena betez: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53.1 artikulua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua eta horren Erregelamendua; eta abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretua.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, ezinbestekoa izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorretan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen izapidetze aurreratua arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan araututa ez dauden prozedura guztietan, arau hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 28a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala