Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2022ko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4424

AGINDUA, 2022ko irailaren 28koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, enpresen 5G programa arautzen eta iragartzen duena 2022ko ekitaldirako.

5G teknologia banda zabal mugikorraren belaunaldi berria da, eta azkenean 4G LTE konexioa ordeztu edo, gutxienez, areagotuko du. Hori horrela, teknologia hori izango da datozen urteetan ekonomia eta gizarte digitala eraikitzeko apustu teknologiko estrategikoetako bat. Teknologia mugikorraren belaunaldi berri horrek aldaketa bizkortuko du, ez telekomunikazioei dagokienez bakarrik, baizik eta gizarteko esparru guztietan ere bai: gailu gehiago konektatzeko aukera ez ezik, transmisio-abiadura handiagoa ere eskainiko du, energia-kontsumo apalagoarekin eta komunikazio-atzerapen txikiagoarekin.

Hainbat sektoretan aplikatzen dira 5G sareak dakartzan berrikuntza teknologikoak: industrian, prozesuen optimizazioa eta kontrola ahalbidetzen ditu denbora errealeko monitorizazio bidez; logistikan, hornidura-katean gailu gehiago, bizkorragoak eta kontrolatzen errazagoak dituzten komunikazio-sistema integratuen bidez; energiaren alorrean, sarea modu efizientean monitorizatuz eta kontrolatuz; edo are osasunaren alorrean ere, Gauzen Internet baliatzen duten gailuak eta wearable-ak erabiliz, zeinek datuak denbora errealean transmititu eta jasotzen baitituzte. Horretaz gainera, hainbat sektoretako esparruak garatzen ere lagunduko du, hala nola mugikortasun autonomoa, konektatutako ibilgailua ezarriz, eta, etorkizunera begira, ibilgailu autonomoa edo hiri adimendunak ere bai, ingurune seguruagoak, garbiagoak eta jasangarriagoak eskainiz, besteak beste.

5G konektagarritasuna zabaltzea lehiakortasun-faktore bihurtuko da EAEko enpresa-ekosistemarentzat eraldaketa digitaleko prozesuaren barruan, bai eta EAEko gizartearentzat ere, teknologikoki aurreratuak diren zerbitzuak baliatzeari dagokionez. Ildo horretan, azken urteotan lurralde osoan banda zabal finkoa hedatu izana hartuko da abiapuntutzat.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak 5G teknologiaren ezarpena bultzatu eta bizkortu nahi du lurralde osoan, bai eta enpresa-, hiri- eta landa-eremuan ere. Horretarako, administrazioek haren hedapena erraztuko dute eta enpresa-erabilerako kasuak sustatuko dituzte hainbat ekintzaren bidez, teknologia hori ezartzen eta zerbitzuak garatzen laguntzeko.

Programa hau sustapen-erreminta bat da, Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategian definitutako jarduera-ildoen barruan. Halaber, bat dator Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin –hau da, Euskadik eginiko ekarpena Nazio Batuek 2015eko irailaren 25ean onetsitako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari–. Programa horretan, enpresek funtsezko eginkizuna izango dute, eta horrek, aldi berean, aurrekaririk gabeko erantzukizuna eta abagunea sortzen ditu, negozioen helburuak berdintasun-, ekitate- eta jasangarritasun-helburuekin bat etorrarazteko. Finean, garapen jasangarriko helburuak aukera bikaina dira soluzio eta teknologia berriak garatzeko eta ezartzeko, guztia ere munduan garapen jasangarriarekin loturik ditugun erronkarik mamitsuenei aurre egiteko.

Laguntza hau jasota dago Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan –zeina Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu baitzen–, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta arau horretan bildutako edukia betez.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da laguntza-programa baten deialdia egitea eta programa hori arautzea, enpresen eremuan 5G teknologien ezarpen-proiektuak bultzatzeko eta teknologia horien erabilera bizkortzeko; hala, programa hau gauzatzeak antzeko proiektuetarako eredu gisa balioko du.

Proiektu horiekin zerikusia duten erabilera-kasuek barnean hartu beharko dute merkatuan eskuragarri dauden eta enpresen eragiketetan aplikagarriak diren 5G soluzio/teknologien ezarpena.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Lehenbiziko artikuluan adierazitako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 1.680.000 euro izango dira.

2.– Aipatutako baliabideak proiektu estrategikoen funtsetatik etorriko dira, eta Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak (Socade SA) kudeatuko ditu, harekin lankidetzan aritzeko hitzarmenean zehazturiko moduan.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte enpresa-jarduera gauzatzen duten pertsona fisiko eta juridikoek, edozein dela ere enpresaren tamaina, baldin eta EAEn badute jarduera-zentro bat eta bertan egiten badute diruz lagundu daitekeen jarduera hori.

2.– Ez dira onuradun izango sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak.

3.– Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eskabidea egiten denetik. Era berean, alta emanda egon beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) ere. Laguntzarako eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen direla, bai eta enpresa alta emanda dagoen Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren epigrafea kontsultatzeko ere. Hala ere, erakunde eskatzaileak uka dezake baimen hori, horretarako arrazoiak emanda, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Erakunde onuradunek, era berean, nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izan behar dute nahitaez, eta ez dira desgaituta egongo dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin edo beste ente publikoekin kontratuak izenpetzeko.

5.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

6.– Ezingo dira onuradun izan krisian dauden enpresa edo erakundeak, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen (2014/C 249/01) definizioaren arabera, salbu eta betetzen bada 2020ko martxoaren 19ko aldi baterako esparruaren 3.1.22.c bis apartatuan ezarritako salbuespena –egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu-laguntzen neurriei buruzkoa– [C (2020) 1863].

7.– Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten erakundeak ezin izango dira onuradun izan.

8.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradun edo erakunde kolaboratzaile izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan zehazten den egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

9.– Dirulaguntzen onuradun izateko, enpresa eskatzaileek ezin dute sexu-diskriminaziorik egin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

10.– Eskabidea aurkezten denetik dirulaguntza likidatzen den arte eutsi beharko zaie erakunde onuradun izateko baldintzei.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epea.

1.– Diruz laguntzeko moduko jarduerak izango dira EAEko enpresetan 5G teknologiak ezartzera bideraturiko proiektuak, baldin eta eredu-efektua badute eta Euskadin teknologia horren eskaintza eta eskaria aktibatzea ahalbidetzen badute, enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Proiektuek honako tipologia hauetakoren batekoak izan beharko dute:

a) 5G sareak erabiltzea sentsorikan, hari gabeko komunikazioetan eta industria-plantetako datu-prozesamenduan.

b) 5G sarea erabiltzea Industria 4.0 teknologiekin lotutako proiektuetan (zibersegurtasuna, ikusmen artifiziala, robotika kolaboratiboa eta abar).

c) 5G sareak erabiltzea mugikortasun-proiektuetan, ibilgailu autonomo-konektatuetan, garraio adimenduneko sareetan, hornidura-katearen logistikan eta optimizazioan, eta abarretan.

d) 5G sareak erabiltzea energia- eta ingurumen-trantsizioarekin lotutako proiektuetan (sareen monitorizazioa, kontsumo-murrizketa, energia-efizientzia, ingurumen-kudeaketa eta abar).

e) 5G sarea erabiltzea trantsizio soziosanitarioarekin lotutako proiektuetan (anbulantzia konektatua, urruneko ebakuntza kirurgikoak eta abar).

Ez dira diruz lagunduko erakunde onuradunaren produktu eta zerbitzuen katalogoaren parte diren produktu edo zerbitzuak.

2.– Proiektuak egikaritzeko gehieneko epea 12 hilabete izango dira, dirulaguntzak eman direla jakinarazten denetik hasita. Hala ere, 24 hilabetez luzatu ahal izango da epe hori, organo kudeatzaileak baimena eman ondoren (Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria), laguntzen aldaketari buruzko 20. artikuluko 2. apartatuan jasotako baldintzetan.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Honako hauek izango dira dirulaguntzeko moduko gastu edo inbertsioak:

a) Aholkularitzako edo ingeniaritzako gastuak.

b) Hardwarea edo softwarea eskuratzeko gastuak edo inbertsioak.

c) 5G proiektuko telekomunikazio-zerbitzuekin lotutako gastuak edo inbertsioak.

Gastu edo inbertsio hautagarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ingeniaritzan, aholkularitzan, hardwarean, softwarean edo telekomunikazio-zerbitzuetan 5G teknologian adituak diren enpresek egin beharko dituzte, eta, gainera, enpresa horiek ezingo dute izan loturarik laguntza eskatzen duten enpresekin akzioen edo partaidetzen bidez, ez zuzenean eta ez zeharka.

b) Gehienez ere 12 hilabetez onartuko dira softwarearen alorreko gastu errepikariak eta 5G proiektuko telekomunikazio-zerbitzuekin zerikusia duten gastuak.

c) Inola ere ez dira hartuko gastu eta inbertsio hautagarritzat eskatzaileak berak egindako lanak.

2.– Gastu edo inbertsio hautagarri guztien baturak 25.000 euroko zenbatekoa izan beharko du gutxienez (BEZik gabe).

3.– 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako edo fakturatutako gastuak onartuko dira, bai eta laguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo 12 hilabeteetakoak ere.

4.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez zenbait hornitzaileren hiru eskaintza eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta gastua ez den egin eta ordaindu dirulaguntzaren ebazpena eman aurretik.

6. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

Agindu honen esparruko dirulaguntzak norgehiagoka-araubidean emango dira, itzulezina izango da, eta proiektu bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gastuen eta inbertsioen % 75 izango dira, gehienez ere.

7. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Onartutako proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntza kalkulatzeko, gastu eta inbertsio hautagarrien % 75eko gehieneko laguntza-intentsitatea aplikatuko da, proiektu bakoitzeko 100.000 euroko gehieneko mugarekin.

Proiektu bakarra lagundu ahal izango da diruz enpresa eta urte bakoitzeko.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Programa honetan aurreikusitako laguntzak metatu ahal izango dira bateragarriak diren beste laguntza batzuekin edo Batasuneko beste finantzaketa modu batzuekin.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Beste laguntza publikoak eta programa honen bidez emandakoa batuta ateratzen den zenbatekoak kostu hori gainditzen badu, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den beste murriztu ere.

Betiere, agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 zenbakiko Erregelamenduan (EB) ezarritako de minimis arauak errespetatuko dituzte; izan ere, laguntza hauei edo Europar Batasunaren esparruan emandako beste jarraibide edo xedapen batzuei dagokie erregelamendu hori.

9. artikulua.– Laguntzen kontrola.

1.– Programa hau aplikatuz emaniko laguntzak garrantzi txikiagoko edo de minimis laguntza gisa hartzen dira, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan (EB) jasotakoarekin bat etorriz, zeinak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari egiten baitio erreferentzia.

2.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen de minimis laguntza ezin izango da 200.000 eurotik gorakoa izan, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Erakunde onuraduna salgaiak errepidez garraiatzeko eragiketak besteren kontura egiten dituen enpresa bat bada, 100.000 eurora murriztuko da gehieneko zenbateko hori (gainera, laguntza ezingo da erabili salgaien errepide-garraiorako ibilgailuak erosteko). Hori dela-eta, programa honetan xedatutako laguntzarik ez da emango baldin eta emandako laguntza, onuradunak aurretik lortu dituen beste de minimis laguntza batzuei gehituta (edozein izanik ere laguntza eman duen administrazioa edo administrazioak), muga horretatik gorakoa bada.

3.– De minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi batean edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

4.– Lehenago aipatutako mugaren bat edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, programa hau betez emandako laguntzatik gehiegizko zenbatekoa murriztuko da.

5.– De minimis laguntzak emandakotzat joko dira, onuradunari laguntza eman zaiola jakinarazten zaion unean.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da laguntza-eskabideak aurkezteko epea; amaitu, berriz, 2022ko azaroaren 30ean. Hala ere, eskatzaileei eskainitako arreta teknikoa 2022ko azaroaren 30eko 15:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).

2.– Bitarteko elektronikoen bidez egingo dira eskabideak, errekerimenduak eta jakinarazpenak, bai eta agindu honen bidez arauturiko laguntza-deialdi honetan jasotako gainerako kudeaketak ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

3.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak eskuratu eta betetzeko bide bakarra Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa izango da: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1111302

Kanal elektronikoaren bidez izapideak egiteko zehaztapenak, bai eta eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, eskuragarri egongo dira aipatu egoitza elektronikoan.

Agindu honekin zerikusia duten espedienteetarako irispidea, bai eta errekerimenduak, jakinarazpenak eta eskaeraren ondorengo gainerako izapide guztiak ere, honako helbide honen bitartez egiten dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Aurkeztu beharreko laguntza-eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Aurreko artikuluan zehaztutako helbide elektronikoan bete beharko dira agindu honetan aurreikusitako laguntza-eskabidea eta dokumentazio osagarria. Euskarri elektronikoan bete beharko dira, helbide horretan eskuragarri dagoen ereduarekin bat etorriz.

2.– Erakunde interesdunek eskabide bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko, erakundearen legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin. Eskabidearekin zenbait fitxategi aurkeztu beharko dira, honako agiri hauen kopia digitalizatua dutela:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena. Adierazpena eskabideari erantsitako ereduaren arabera egin behar du erakundearen legezko ordezkariak, eta, han, honako hauek jasoko ditu:

• Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak, Nortasun Agiri Nazionaleko zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

• Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro baten helbidea, Euskal Autonomia Erkidegokoa, non gauzatuko baitu diruz lagundutako jarduera.

• Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta laguntza eskatzen deneko zerga-ekitaldian jasotako de minimis laguntzen zerrenda, hauek adierazita: laguntza noiz eman den, zer erakundek eman duen eta laguntzaren programa eta zenbatekoa.

• Erakunde publiko edo pribatuetan proiektu bererako eskatu edo jaso dituen laguntzen zerrenda, hauek adierazita: noiz eskatu dituen edo, laguntza eman bazaio, noiz eman dioten, zer erakundek eman duen eta laguntzaren programa eta zenbatekoa.

• Araudi honetako 3. artikuluan –Erakunde onuradunak– aurreikusitako eta onuradun izatea eragozten duen egoeraren batean ez egotea.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia. Eskatzailea langile autonomo baldin bada, dagokion foru-aldundiaren edo udalaren ogasun-sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde eskatzailearen IFZ.

d) Finantza-erakundearen ziurtagiriaren kopia, kontu korrontearen titulartasuna eskatzaileari dagokiola eta zenbaki hori (IBAN) duela egiaztatzen duena.

e) Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomiko bereiziak. Honako puntu hauei buruzko informazio zehatza jaso beharko du:

• Enpresaren jarduera eta egungo egoera, teknologiari dagokionez.

• Hautemandako arazoa/beharra. Lortu nahi diren helburuak.

• Proiektuaren deskribapena eta zertarako erabiliko den.

• Proiektuaren maila teknologikoa, 5G teknologiaren ahalmenen erabilera-mailari dagokionez.

• Ezarri beharreko 5G soluzioaren deskribapen zehatza. Proiektuan erabili beharreko teknologiak.

• Zenbateraino hobetuko den enpresaren edo enpresen lehiakortasuna, 5G teknologiak ezartzeko proiektuaren bidez.

• Proiektuaren gaitasuna, enpresan bertan zuzeneko eta zeharkako enplegua sortzeko, fakturazioa areagotzeko edo enpresa onuradunen esportazioa handitzeko.

• Proiektuak EAEko ekonomian duen trakzio-eragina eta proiektua beste enpresa-jarduera batzuetara hedatzeko aukera.

• Egin beharreko ingeniaritza- edo aholkularitza-lanen deskribapena.

• Dirulaguntzaren xede den proiektuan landu beharreko hardware- eta software-inbertsioen deskribapena. Proiektuarekiko harremana eta haren beharra argitzea.

• Aurrekontuaren banakapena, proiektuaren kostu guztiak barnean harturik.

• Egin beharreko zeregin bakoitzeko orduen zenbatespena (dedikazioak).

• Proiektua gauzatzeko egutegia.

f) Enpresa onuraduna eratua izan bada laguntza-eskabidea aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan, «negozio-plana» aurkeztu beharko du.

3.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, edo, hala badagokio, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak –agindu honetan jasotako dirulaguntzak kudeatzen erakunde laguntzaile modura jardungo baitu– hau eska diezaiekete agente eskatzaileei: aurkeztutako eskabidea egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten agiri edota argibide osagarriak. Agindu honetan berariaz adierazi gabekoetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

4.– Eskatzaileei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, agindu honen haritik Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin izango dituzten harremanetan.

12. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.

2.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du, alde batetik, egiaztatzeko jakinarazpena zein egun eta ordutan jarri den jakinarazten den ekintzaren interesdunaren eskura eta, bestetik, egiaztatzeko interesduna noiz sartu den jakinarazpenaren edukira; une horretatik aurrera joko da gauzatutzat jakinarazpena. Baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki edo materialki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz.

13. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko organoa.

1.– Berariaz xede honetarako sortutako eta ordezkaritza paritarioa duen ebaluazio-organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta esleipen-proposamenak prestatzea ere.

2.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria izango da ebaluazio-organoko burua: Leyre Madariaga Gangoiti. Hauek izango dira bokalak: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendaria, Ana Belen Camacho Vera, zeina presidenteorde izango baita Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako kasuetan; Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako zuzendaria, Javier Hernando García jauna; Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendaria, Joseba Mirena Mariezkurrena Cuesta jauna; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendaria, Iker Estensoro Sarasola jauna; SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Eraldaketa Digitaleko Alorraren zuzendaria, Iñaki Suarez Arauzo jauna; eta Ana Isabel Vitórica Leoz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzako teknikaria, idazkari-lanetan jardungo duena. Ebaluazio-organoaren erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta kideen erdiek gehi batek parte hartu beharko dute, gutxienez.

3.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak egingo ditu proiektuak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak, eta, ondoren, ebaluazio-organoan aurkeztuko ditu.

4.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta lehendakaria, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat bertaratzen badira Ebaluazio-organoaren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta atal honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.

5.– Dirulaguntzak emateko proposamenak agindu honen 15.3 artikuluan jasotakoa bilduko du, gutxienez.

14. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Babestu beharreko proiektuak hautatzeko, irizpide hauek aplikatuko dira:

1. irizpidea: Proiektuaren maila teknologikoa, 5G teknologiaren potentzialtasunen erabilera-mailari dagokionez (latentzia, segurtasuna, gaitasuna, gailu aniztasuna, energia-efizientzia eta Edge Computing) (30 puntu).

2. irizpidea: Enpresa onuradunaren edo onuradunen lehiakortasuna hobetzea, 5G teknologiak ezartzeko proiektua inplementatzearen ondorioz, haien produktu, prozesu, bitarteko eta sistemekin oro har lotutako hobekuntzak neurtuta. (25 puntu).

3. irizpidea: Proiektuaren gaitasuna enpresan bertan zuzeneko eta zeharkako enplegua sortzeko, fakturazioa areagotzeko edo enpresa onuradunen esportazioa handitzeko (25 puntu).

4. irizpidea: Proiektuak EAEko ekonomian duen trakzio-eragina eta proiektua beste enpresa-jarduera batzuetara hedatzeko aukera (10 puntu).

5. irizpidea: Proiektua aurkezteko dokumentazioaren kalitatea. Helburuen, zereginen eta kostuen zehaztasun-maila. Lan-taldea (10 puntu).

2.– Irizpide bakoitzean, gehieneko puntuazio bat lor daiteke. Puntuazio hori lortzen da definitutako irizpideen betetze-mailaren arabera.

3.– Programa honetan, inola ere ezingo dira izan onuradun 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskabideak.

15. artikulua.– Dirulaguntzak emateko ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako alderdi guztiak erabakita, Gobernu Kontseiluari dagokio, betiere Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eskaturik, zeinak ebaluazio-organoaren proposamena helaraziko baitio.

2.– Hautatutako proiektuak puntuazio handienetik txikienera ordenatu ondoren, eskatutako laguntza hurrenez hurren esleituko da, eta hurrenkera horri jarraituko zaio, harik eta 2. artikuluan ezarritako zuzkidura ekonomikoa agortu arte, hala badagokio.

3.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:

a) Dirulaguntzak emango zaizkien proiektuen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera, horietako bakoitza egiteko epeak eta laguntzaren guztizko zenbatekoa adierazita, bai eta erakunde onuraduna ere.

b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik edo funtsak agortzeagatik dirulaguntza ukatu zaien eskabideen zerrenda, ezesteko arrazoiekin batera.

c) Aurrerakin gisa ordaindu beharreko zenbatekoen deskribapena, zeinak emandako laguntzaren % 70 izango baitira.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Ebazpenaren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Gobernu Kontseiluaren aurrean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean, hilabeteko epean, baldin eta egintza espresua bada, edo edozein momentutan, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz.

6.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da erakunde onuradunen, diruz lagunduko diren proiektuen eta emandako dirulaguntzen zerrenda, herritarrek oro har horren berri izan dezaten.

7.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.

16. artikulua.– Proiektua justifikatzea eta laguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak bi ordainketaren bidez formalizatu eta emango dira. Lehenengo ordainketa dirulaguntza onartzeko ebazpena jakinarazi ondoren eta uko egiteko epea amaitutakoan egingo da, eta dirulaguntzaren % 70 ordainduko da. Bigarren ordainketan emango da gainerako % 30a, artikulu honetan eskatutako likidazio-eskaera eta egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

2.– Onuradun bakoitzak diruz lagundutako proiektuaren egikaritzea justifikatu beharko du 90 egun naturaleko epean, proiektua amaitzen duenetik hasita, dirulaguntza jaso aurretik.

3.– Likidazio-eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eginiko lanak egiaztatzen dituen memoria teknikoa, erakunde hornitzaileak proiektua gauzatu ondoren idatzia eta honako informazio hau jasotzen duena:

• Konpondutako arazoa/beharra. Lortutako helburuak. Lortutako emaitzak.

• Egindako ingeniaritza- edo aholkularitza-lanen deskribapena eta proiektuan sortutako dokumentuak.

• Aholkularitza/ingeniaritza zerbitzuaren barruan egindako lanen deskargu xehatua, horietan emandako orduak adierazita (aholkulariaren/teknikariaren izena, data, zeregina, emandako denbora...)

• Dirulaguntzaren xede den proiektuarekin loturik, hardware eta softwarean egindako inbertsioen deskribapena eta ebidentziak (pantaila-argazkiak, argazkiak...). Haien arteko harremana eta beharra argitzea.

• Fakturatutako zenbatekoen xehakapena –aholkularitzaren edo ingeniaritzaren kostuak, hardwarean edo softwarean egindako inbertsioak– bai eta 5G proiektuaren telekomunikazio-zerbitzuekin lotutako gastuen xehakapena ere.

b) Memoria ekonomikoa.

• Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak.

• Finantza-erakundearen ordainketa-frogagiriak.

4.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta informazio osagarria eskatu ahal izango dute, erakunde onuradunak aurkeztutako datuen egiazkotasuna egiaztatzeko. Halaber, diruz lagundutako jarduera osorik gauzatu dela justifikatzeko dokumentazioa aurkeztea eskatu ahal izango dute.

5.– Dirulaguntzaren gainerako zatia ordaindu aurretik, eta aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatuta, Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak ebazpena emango du, eta, haren bitartez, enpresa onuradunari eman beharreko zenbateko osoa edo partziala adieraziko. Ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izango da. Emandako laguntza ordaindu aurretik, egiaztatuko da onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela, baita laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaindu dituela ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu.

Ordainketa Socade SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak egingo du, erakunde kolaboratzaile gisa, agindu honen 18. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

6.– Jardueraren zati bat funts propioekin finantzatu behar denez, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30.4 artikuluarekin bat, onuradunak justifikatu egin beharko du funts horien zenbatekoa eta jatorria, bai eta diruz lagundutako jarduerara bideratu dituela ere.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Hala, bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek esanbidez eta idazki bidez laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

2.– Laguntza emandako helbururako erabiltzea.

3.– Konprometitutako proiektua betetzea eta bete dela justifikatzea.

4.– Eskatzen zaion informazio osagarria bidaltzea, Administrazioak eta erakunde laguntzaileek aukera izan dezaten proiektuaren garapenaren eta betetzearen inguruan egokitzat jotzen dituzten egiaztapenak egiteko.

5.– Inbertsio-proiektuari lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan jartzea, bost urtez.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, eskatzen duten informazio guztia ematea.

7.– Dirulaguntzaren xede den edozein jarduketan, jasotako finantzaketaren izaera publikoaren publizitatea behar bezala egitea. Emandako dirulaguntzen publizitatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluari eta lege hori garatzen duen Erregelamenduaren 31. artikuluari jarraikiz egingo da, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean zehaztutako terminoetan eta baldintzetan.

8.– Eman den laguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

9.– Bere egitea Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak, hala nola tratu-berdintasunean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta desberdintasunei zor zaien errespetua.

10.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

18. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz ematen diren dirulaguntzen ondoreetarako, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia eta Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatea (Socade SA) erakunde laguntzaile izendatzen dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako terminoetan. Dirulaguntzen abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 15. eta 46. artikuluetan ezarritako betekizunak eta elkarlanean aritzeko betebeharra izango dituzte, eta artikulu honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenei jarraitu beharko diete.

2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako eskaeren dokumentazioa aztertzea, eta behar izanez gero, ondo ulertzeko eta aztertzeko beharrezkoa den dokumentazioa eskatzea.

b) Proiektuak ebaluatzea, eta ebaluazioa ebaluazio-organoari bidaltzea.

c) Dirulaguntzak proposatzea eta proposamena ebaluazio-organoari bidaltzea.

d) Ikuskapenak egingo ditu, proiektuak gauzatzen direla egiaztatzeko.

e) Hala badagokio, ez-betetzeagatiko espedientea hastea proposatzea, proiektua betetzearekin lotutako gertakariak direla medio.

3.– Socade SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Enpresa onuradunei ordaintzeko agindua ematea.

b) Itzuli beharreko zenbatekoak eta –interesik badago– haien interesak jasotzea, eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzea.

c) Programako funtsen finantza-kontrola.

d) Kontuko mugimenduen (sarrerak eta gastuak) berariazko kontabilitatea eramatea.

e) Aldian-aldian, jakinarazpenak egitea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

4.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen kudeaketan laguntzen duten erakundeek ezinbestean bete behar dituzte hainbat obligazio eta erantzukizun; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta horiek garatzeko arauek ezarritakoak.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatu behar diren gainontzeko arauak eta dirulaguntzak emateko ebazpenean ezartzen direnak betetzen ez baditu, Gobernu Kontseiluak, ez-betetzeagatiko itzulketa-espedientea egin eta interesdunari entzunaldia eskaini eta gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, baita Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateari jasotako dirulaguntzen tronkoa eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak bi hilabeteko epean itzuli beharra ere, betiere honako arau hauetan ezarritako terminoetan: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onestekoa; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta horiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako.

2.– Onuradunaren betetze-maila ia erabatekoa bada, eta onuradunak nabarmen egiaztatzen badu bere konpromisoak eta emandako dirulaguntzaren baldintzak bete nahian diharduela, itzuli beharreko zenbatekoa honako irizpide hauek aplikatuta xedatu beharko da:

a) Estaldura hedatzeko helburuak, dirulaguntzaren xede direnak, inbertsio finantzagarria edo justifikazio-betebeharra zati batean betetzen ez badira, dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da; hain zuzen ere, bete ez diren helburuei edo egin edo justifikatu ez den inbertsioari dagokien ehunekoa itzuliko da, eta, bi kasuak gertatuz gero, ehuneko handiena itzuli beharko da. Nolanahi ere den, ez-betetze partzial hori hautemateko, ehuneko berrogeita hamarretik gorakoa izan beharko du laguntzaren xede izan zen estaldura hedatzeko helburuen betetze-mailak.

b) Diruz lagundu daitekeen aurrekontuan baimendu ez diren aldaketak eginez gero, desbideratutako zenbatekoak itzuli beharko dira.

3.– Diruz lagundutako helburuak, inbertsio finantzagarria edo justifikazio-betebeharra inola ere ez badira betetzen, emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko da.

4.– Ezarritako justifikazio-epea igaro bada, edo haren luzapena igaro bada, justifikazioa aurkeztu gabe, erakunde onuradunari 15 egun luzaezineko epea emango zaio justifikazioa aurkezteko. Artikulu honetan ezarritako epean justifikaziorik aurkezten ez bada, justifikatu gabeko laguntza itzultzeko eskatuko da, eta eskatzekoak izango dira, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzeko arauetan ezarritako gainerako erantzukizunak ere.

5.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak irekiko ditu ez-betetzeagatiko itzulketa-espedienteak. Era berean, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren proposamenez ere ireki litezke, proiektua gauzatzearekin lotutako gorabeherak tarteko direnean.

20. artikulua.– Laguntzen aldaketa.

1.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotakoak izango dira gauzatu beharreko jarduerak. Nolanahi ere, Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak, organo kudeatzailea baita, aldaketak baimendu ditzake, erakunde onuradunak aldez aurretik hala eskatuz gero eta jarduerak amaitu aurretik justifikatuz gero, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoak desitxuratzen ez badira.

Baldin eta dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren xedea betetzat jotzen denean, eta, hala dagokionean, beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste dirulaguntza edo laguntza batzuk lortzen badira, edo diruz lagundutako gastuak txikiagoak badira aurrekontukoak baino, dirulaguntza emateko ebazpena alda liteke, edo emandakoa dirulaguntza egokitu liteke. Ezin da handitu, ordea.

2.– Dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako denboran eta moduan gauzatu beharko dira proiektuak. Hala ere, laguntza emateko kontuan hartu diren baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen badira, laguntza aldatzea eskatu ahal izango da Proiektuari egindako aldaketek betebehar izango dituzte:

a) Aldaketak ez die eragin behar laguntzarekin lortu nahi diren helburuei, bere oinarrizko alderdiei eta enpresa onuraduna zehazteari, eta ez ditu hirugarrenen eskubideak kaltetu behar. Ondore horietarako, aldaketak ez du eraginik izango erakunde onuraduna zehazteko garaian, baldin eta hasieran onuradun zen enpresaren fusioa, xurgapena edo zatiketa gertatzen bada.

b) Eskaera egitean aurreikusi ezin zitezkeen eta bat-batean gertatutako kausen ondorio izan behar da aldaketa.

c) Aldaketa proiektua gauzatzeko epea amaitu baino lehen eskatu behar da, eta espresuki onartu behar da.

d) Ez du emandako dirulaguntza handituko.

3.– Aldaketa-eskaerarekin batera memoria bat aurkeztuko da, eta, hor, aldaketaren arrazoiak azalduko dira, eta, horrez gain, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzeko ezintasuna justifikatuko da, baita aurreko 1. apartatuan adierazitako baldintzak bete izana ere.

4.– Laguntzak kudeatzeko organoa arduratuko da aldaketa-eskabideak ebazteaz.

5.– Ebazpena emateko, 3 hileko epea egongo da gehienez, eta ezin izango da dirulaguntza jaso duen proiektua amaitzeko indarrean dagoen epearen azken eguna gainditu. Proiektuaren amaiera-eguna baino lehen ebazpenik eman ez bada, ondorengo ebazpena ezezkoa bakarrik izan daiteke.

6.– Organo kudeatzaileak, hau da, Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak eskumena izango du erakunde onuradunen uko-egiteak onartzeko eskumena, betiere idatziz eta agindu honen 17. artikuluan ezarritako epean aurkezten badira.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, edo administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 28a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala