Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2022ko urriaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4400

AGINDUA, 2022ko irailaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira 2023-2025 aldian egin beharreko oinarrizko ikerketako edo ikerketa aplikatuko proiektuetarako laguntzak eta 2023-2024 aldirako Unibertsitatea-Enpresa ekintzetarako aurreikusitako funtsen kargura emango diren ikerketa eta berrikuntza teknologikorako laguntzak.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra dago, eta ikerketa-taldeek kalitatezko ikerketa egin dezaten bermatu eta sustatu nahi da; hots, dela haien jarduerak nazioartekotzea eta horren emaitzak garrantzi zientifiko eta teknologiko handiko foroetan argitaratzea, dela euskal gizartearen arazo sozial, teknologiko eta ekonomikoak konpontzen laguntzea. Horregatik guztiagatik, sail honek kudeatzen dituen proiektuak –oinarrizko ikerketakoak eta ikerketa aplikatukoak eta Unibertsitatea-Enpresa proiektuak– egiteko programari eutsi egin behar zaio aurrerantzean ere.

Deialdi honek Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sistema sendotzen du, ezagutzaren garapena eta erakunde ezberdinetako taldeen arteko koordinazioa bultzatzen baititu. Aldi berean, modu koordinatuan uztartzen da honako helburu hau duten beste deialdi batzuekin: beste enpresa batzuekin lankidetzan teknologia berritzailea garatzea, baliabide materialak eta giza baliabideak bultzatzea, eta bikaintasuneko ikerkuntza-taldeak eta unitateak antolatzea eta abian jartzea.

Bestalde, unibertsitateen eta enpresen arteko ekintza bateratuak egiteko laguntza-programak ere aurrera egin behar du. Izan ere, ekoizpen-ingurunea jabetuta dago zientzia- eta teknologia-ezagutzaren arloan dituen mugez; baina, nahiz eta euskal unibertsitateek eta eragile zientifiko-teknologikoek ahalmen zientifiko eta teknologiko handia izan ezagutzei eta ekipamenduei dagokienez, ekoizpen-ingurunea ez da ari hori behar adina aprobetxatzen. Berrikuntza-prozesuak, arazo zehatzak ebazteko asmoz ezagutza zientifikoak eta teknikoak erabili eta aplikatzeko prozesua den aldetik, jadanik ez dio jarraitzen ohiko eskema linealari, zeinean oinarrizko ikerketatik ikerketa aplikatura pasatzen baita eta bertatik garapen teknologikora, ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuan amaitzeko; aitzitik, era askotako loturetan oinarritutako dinamika berri bati erantzuten dio.

Berrikuntza teknologikoa industria-ekoizpeneko enpresetan nabaritu ohi da, baina hainbat eragileren arteko elkarrekintza askoren ondorio da: ikerketa teknologikoko zentroak, unibertsitateak, enpresa-elkarteak, enpresa txiki eta ertainak, industria-talde handiak, azken erabiltzaileak, administrazio publikoak, etab. Berrikuntza, ondorioz, eredu elkarrekintzaile baten emaitza da, zeinean garrantzi handia ematen baitzaio eragileen arteko elkarrekintzari eta, egungo egoeran, haien arteko kontaktu- eta truke-mekanismoak sortzeari. Tartean dauden eragileen kulturak eta estrategiak aldatzea dakar horrek berarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sistemak badu alde ahul bat, unibertsitateen eta inguruko eragile zientifiko-teknologiko eta ekoizpen-enpresen arteko elkarrekintzari dagokionez. Agindu honen bitartez, Hezkuntza Sailak lankidetza sustatu nahi du unibertsitateko ikerketa-taldeen, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen –deialdiaren ondorioetarako, «lankidetzan diharduten erakunde parte-hartzaile» esango diegu– eta, hala badagokio, teknologia-berrikuntzan interesa duten industria-enpresen artean. Agindu honen Unibertsitatea-Enpresa proiektuen modalitatean lehenengoen eta azkenekoen parte-hartzea nahitaezkoa izaki, ZTBESko lankidetzan diharduten erakundeen parte-hartzea indartu eta bultzatu nahi da deialdi honetan.

Unibertsitatea-Enpresa proiektuen ildoarekin bat, asmoa da, ahal den neurrian, parte hartzen duten ikerketa-taldeetan enpresetako eta unibertsitate- eta teknologia-taldeetako teknikariak egotea, eta proiektuen helburuak produktu edo prozesu berritzaileak lortzera bideratzea, aurrelehiakortasunaren edo lehiakortasunaren mailan, aipatutako lehentasunekin bat etorriz enpresek haiekiko interes handia baitute. Halaber, proiektu horiek garatuko dituzten ikerketa-taldeetan doktoreak sartzea ere balioetsiko da, haien laneratzea ez ezik, unibertsitatearen, ikerketa-organismoen eta enpresen arteko lankidetza ere bultzatzeko; hartara, talentua ekoizpen-sarean txertatzea sustatuko da, sarearen lehiakortasuna areagotzeko.

Hezkuntza Sailak proiektuen zuzeneko kostuaren zati handi bat finantzatuz sustatuko du elkarrekintza hori, baina enpresek ere finantzaketan parte hartu beharko dute, ikerketa-proiektuarekiko duten interes teknologikoaren neurrian.

Horrenbestez, deialdi honen xedea bikoitza da: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sistema indartzea, sail honek kudeatzen dituen oinarrizko ikerketako edo ikerketa aplikatuko proiektu zehatzak garatzen lagunduta, eta, bestetik, unibertsitateko eta teknologia-zentroetako ikerketa-taldeen eta ekoizpen-inguruneko enpresen arteko elkarrekintza bultzatzea, enpresentzat interesgarriak diren ikerketa aplikaturako edo teknologikorako kalitatezko proiektuen bitartez, zeinek unibertsitatetik enpresarako teknologiaren transferentzia ekarriko baitute, edota prozesuen edo produktuen mailan helburu berritzaileak gauzatzea.

Era berean, agindu honek aintzat hartzen ditu Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planean (ZTBP) jasotako estrategiak –plan horrek koherente izan nahi du Europa mailan ezarritako helburu estrategikoekin; alegia, Europa 2020 estrategiarekin–; hartara, ezagutzan oinarrituta dauden, modu jasangarrian hazteko gai diren eta enplegua ikuspegi kuantitatibotik nahiz kualitatibotik hobetzeko gai diren ekonomia lehiakorrak eta dinamikoak garatuko dira.

Sailaren 2022rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen Hezkuntzako sailburuaren otsailaren 4ko Aginduan sartzen dira agindu honetan araututako laguntzak.

Administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denaren babespean, deialdi hau elektronikoki izapidetuko da.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua kontuan hartu da (2021eko martxoaren 5eko EHAA, 47. zk.).

Azkenik, aintzat hartu da Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea bi laguntza-lerro hauetako ikerketa-proiektuak egiteko:

1.– 2023-2025 aldian egin beharreko oinarrizko ikerketako edo ikerketa aplikatuko proiektuetarako laguntza-lerroa (aurrerantzean, OIAP); bi modalitate ditu:

– 1. modalitatea: erakunde bakarreko ikerketa-taldeen proiektuak.

– 2. modalitatea: proiektu berean, erakunde desberdinetako ikertzaile-taldeek parte hartzen duteneko lankidetza-proiektuak. Erakunde parte-hartzaile guztiek, zeinak 3. artikuluan aurreikusitako erakundeak izango baitira denak, eskatzaile gisa jardungo dute, banakako eskaerekin, eta lankidetza proiektu bateko ondorioetarako hartuko da soilik aintzat, izan haren ebaluazioan zein betearazpenean.

2.– 2023-2024 aldian, ezagutza unibertsitatetik enpresetara eramatea –enpresa horientzat interesgarriak diren arloetan– helburu duten ikerketa-proiektuetarako laguntza-lerroa (aurrerantzean, UEP). Unibertsitate-taldeak garatu behar ditu proiektuak, enpresako langileen partaidetzarekin; aukeran, lankidetzan diharduten erakunde parte-hartzaileetako ikertzaileek ere parte hartu ahal izango dute.

Parte hartzen duten enpresek proiektuaren kostu osoaren % 10, gutxienez, finantzatu beharko dute, eskudirutan egindako ekarpenarekin. Diru hori ikertzaileen lansariak ordaintzeko erabili ahalko da. Horretarako, lankidetza-hitzarmen bat izenpetuko da unibertsitate onuradunaren eta enpresaren artean, 16.2.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Eskaeran parte hartzen duten erakundeetariko bakoitzean garatu beharko dira ikerketa-jarduerak.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Agindu honen xede diren laguntzetarako 1.300.000 euro erabiliko dira, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako xedatutako partidaren kargura. Aurrekontu hori honela banatuko da, aipatutako laguntza-lerroen arabera:

1.– OIAP lerrorako, 950.000 euro erabiliko dira guztira. Aurrekontuaren % 50 azaldutako modalitate bakoitzeko proiektuak finantzatzeko izango da. Modalitateetako batean ez bada agortzen aurrekontu erabilgarria, soberakina beste modalitateko proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango da, baldin eta proiektuok ebaluazioa gainditu badute eta, lehentasun-ordenari jarraikiz, ez badute dirulaguntzarik jaso, modalitate hori finantzatzeko hasiera batean bideratutako zuzkidura ekonomikoa nahikoa ez zelako.

2.– UEP lerrorako, 350.000 euro erabiliko dira guztira.

3.– 50.000 eurokoa da diruz lagundu daitekeen bi lerroetako ezeinetan proiektu bakoitzarentzat ezarritako gehieneko finantzagarria, aintzat hartuz OIAP lerroko 2. modalitatean bi erakundek edo gehiagok lankidetzan dihardutela proiektu berean.

4.– Laguntza-lerroetako batean ez bada agortzen aurrekontu erabilgarria, soberakina beste lerroko proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango da, baldin eta ebaluazioa gainditu badute eta, lehentasun-ordenari jarraikiz, ez badute dirulaguntzarik jaso, modalitate hori finantzatzeko hasiera batean bideratutako zuzkidura ekonomikoa nahikoa ez zelako. Soberakin hori OIAP lerrora bideratzen bada, bi modalitateak batera hartuta puntuazio altuena lortu duten proiektuak aukeratuko dira, harik eta zuzkidura ekonomikoa amaitu arte.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Laguntza-lerro bakoitzak erakunde onuradun mota ezberdinak ditu, baina beti izango dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan egiaztatutako ikerketa-erakundeak (aurrerantzean, ZTBES), zeina jasota baitago Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan. Hona erregistro horretako zer kategoriatan egon behar duten erakunde eskatzaileek eskaera egiteko epea amaitu baino lehen eta laguntza exekutatzeko aldia amaitu arte:

1.1.– OIAP lerroan, hauek izango dira erakunde eskatzaileak:

a) Oinarrizko eta bikaintasunezko ikerketako zentroak (BERC).

b) Unibertsitateetako ikerketa-egiturak, zeinek 6. artikuluaren arabera eratutako ikertzaile-taldeak izan beharko baitituzte plantillan. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateen kasuan, ikerketa-taldeko kideak ez dira izango 2022-2025 aldirako euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak babesteko laguntzen deialdian A edo B talde gisa akreditatu den ezein ikerketa-taldetakoak, ez eta deialdi horretan dirulaguntza jaso duten taldeetakoak ere.

1.2.– UEP lerroan, aurreko b apartatuan adierazitako erakundeek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak.

1.2.1.– Enpresa, dirulaguntzaren onuradun ez bada ere, ikerketaren emaitzen benetako jasotzailea da, alde batetik, proposatutako gaiak eta ikerketaren emaitzek enpresaren interesekin bat etorri behar baitute eta, bestetik, enpresak emaitzei lotutako ezagutzak bere jakintzaren barruan sartuz erabili eta unibertsitate-talde ikertzailearekin izenpetu behar duen hitzarmenean ezarritakoaren arabera ustiatu behar baititu.

1.2.2.– Enpresa parte-hartzaileak edo parte-hartzaileek, zeinek den-denek eduki behar baitute beren egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan eta eskaeran parte hartu behar baitute, ezin izango dute jaso dirulaguntzaren parterik, ez zuzenean ez zeharka. Beraz, proiektuaren esparruan, unibertsitate onuradunak ezin izango ditu horiek kontratatu lanak egiteko, eta enpresa horiek ezin izango dute hornigairik saldu, ezta geldialdi teknikoengatik kobratu ere. Aitzitik, eskudirutan egindako ekarpen ekonomikoez gain, honako hauek ipini beharko ditu enpresak: proiektuaren helburuak lortu ahal izateko behar diren giza baliabideak, baliabide teknikoak eta materialak, horrek, izan ere, enpresak proiektuaren emaitzekiko duen interesa uzten baitu agerian. Xede horretarako, ez dira enpresatzat hartuko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile akreditatuak, I+G enpresa-unitateen kategoriakoak izan ezik.

1.2.3.– UEP lerro honetan, eskaeran lankidetzan diharduten erakunde parte-hartzailetzat hartuko dira, halakorik baldin badago, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan adierazten den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan egiaztatutako eragileak, hain zuzen ere, honako kategoria hauetan:

– Oinarrizko eta bikaintasunezko ikerketako zentroak (BERC).

– Teknologia-zentroak.

– Ikerketa kooperatiboko zentroak (IKZ).

Lankidetzan diharduten erakunde parte-hartzaile hauek ezin dira izan deialdi honetako laguntzaren onuradun, nahiz eta enpresaren ordainketetatik kobratu ahal izango duten, zehazki, 1.2 artikuluaren arabera dagokien ordainsarien zatia.

2.– Erakunde eskatzaileek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ezingo dute dirulaguntzen onuradun izan dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko zehapen administratiboa edo penala ezarrita duten erakundeek, ezta horretarako desgaikuntza berekin dakarren legezko debekuren bat dutenek ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tartean.

b) Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerei, ezta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalen bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta halako jazarpenari aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

c) Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Gainera, erakunde onuradunek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan behar dituzte.

Baldintza horiek bete beharko dira bai onuradun izateko eta bai izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean eta bai ordainketak egiten direnean.

d) Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako hauetan jasotako egoeraren batean dauden erakundeak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikulua.

4. artikulua.– Ikerketa-proiektuen betekizunak.

1.– Proiektuak 1etik 3ra bitarteko urte osotan egiteko eskatu ahal izango dira OIAP lerroan, eta 1 edo 2 urte osotan egiteko UEP lerroan, eta, azken urtearen ondoren, lau hilabeteko aldi gehigarria egongo da amaitzeko. Horretarako, baina, 16. artikuluan azalduta dauden gastuen amaierako ziurtagiria eta amaierako txosten zientifikoa entregatu beharko dira.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, 2023ko ekitaldian hasiko dira proiektuak gauzatzen, hots, 13.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, emandako dirulaguntza onartzen denean. Exekuzio-fasearen amaiera proiektuan aurreikusitako iraupenaren araberakoa izango da, baina administrazio-jarduketak 2026ko ekainaren 30a baino lehenago amaitu behar dira, OIAP lerrorako, eta 2025eko ekainaren 30a baino lehenago, UEP lerrorako.

3.– Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek I. eranskinean aipatzen diren printzipio bioetikoak errespetatu beharko dituzte.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak.

1.– Diruz lagundutako jardueraren ezaugarriari inongo zalantzarik gabe erantzuten dioten kontzeptuak lagunduko dira diruz, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta oinarri arautzaile hauetan zehaztutako epean egiten badira.

Diruz lagundutako gastuen eskuratze-kostuak ez du, inolaz ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Eskaerarekin batera joan behar duen proiektuaren aurrekontua epigrafeka eta urteka egituratu eta justifikatuko da, deialdi honen bidez lagun daitezkeen kontzeptu hauen arabera:

a.1.– Doktore ez diren laguntzaileak (OIAP lerroa eta UEP lerroa).

Bi lerrootan, proiektuko eta urteko laguntzaile bati ordaintzeko kopurua finantzatu ahal izango da, baldintza hauekin:

– Doktore ez diren laguntzaileei dagokienez, lanaldi oso baterako, 22.192 euroko dirulaguntza emango da (horietatik 17.396 euro nominaren zenbateko gordina izango da, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik) laguntzaile beraren lehenengo eta bigarren urtekoetan, eta 23.546 eurokoa (horietatik 18.639 euro nominaren zenbateko gordina izango da, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik) hirugarren urtekoan, OIAP lerroaren kasuan. Bigarren edo, hala badagokio, hirugarren urtekoan proiektuari eskainitako dedikazioa urtebete baino laburragoa izanez gero, zenbatekoa murriztu egingo da, urteko dedikazioarekiko proportzioan.

Gehigarri bat ezartzen da jarduera uzteagatiko kalte-ordaina estaltzeko, kontratua amaitzean aplikatu beharreko indarreko araudiaren arabera.

Gehigarri horrek lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguni dagokien zenbatekoa estaliko du gehienez, proiektuan parte hartzeari utzi arte. OIAP lerroan, 1.838,37 euro ordainduko dira gehienez, kalte-ordain gisa, kontratu bakoitzeko, eta, UEP lerroan, berriz, 1.143,85 euro. Kontratua amaitu eta hurrengo urtekoan ordainduko da zenbateko hori.

– Erakunde eskatzailearekin izenpetutako doktoratu aurreko kontratuak gutxieneko ordainsari gisa jasoko ditu diru-kopuru horiek, hargatik eragotzi gabe erakunde kontratatzailearen kontura osatzeko aukera; hala bada, erakunde kontratatzaileak ordaindu beharko du gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala.

– Laguntzaile horrek gradu, lizentzia, ingeniaritza edo arkitekturako titulua izan beharko du.

– Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezingo da inolako soldata-zenbatekorik jaso.

– Gutxienez urtebete eman beharko du proiektuan lanean.

a.2.– Doktore diren laguntzaileak (UEP lerrorako soilik).

Proiektuko eta urteko, laguntzaile bati ordaintzeko kopurua finantzatu ahal izango da, baldintza hauekin:

– Doktore diren laguntzaileen kasuan, lanaldi oso baterako, 41.258 euroko dirulaguntza emango da urteko (horietatik 30.500 euro nominaren zenbateko gordina izango da, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik). Proiektuan aritzeko arduraldia laburragoa izanez gero, urtekako arduraldi horren arabera kalkulatuko da kopurua, proportzioan.

Gehigarri bat ezartzen da jarduera uzteagatiko kalte-ordaina estaltzeko, kontratua amaitzean aplikatu beharreko indarreko araudiaren arabera.

Gehigarri horrek lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguni dagokien zenbatekoa estaliko du gehienez, proiektuan parte hartzeari utzi arte. 2.005,48 euro ordainduko dira gehienez, kalte-ordain gisa, kontratu bakoitzeko. Kontratua amaitu eta hurrengo urtekoan ordainduko da zenbateko hori.

– Erakunde eskatzailearekin izenpetutako doktoratu ondoko kontratuak gutxieneko ordainsari gisa jasoko ditu diru-kopuru horiek, hargatik eragotzi gabe erakunde kontratatzailearen kontura osatzeko aukera; hala bada, erakunde kontratatzaileak ordaindu beharko du gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala.

– Laguntzaile horrek doktore-titulua izan beharko du, eta 2022an lortu beharko du doktore-tesia.

– Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezingo da inolako soldata-zenbatekorik jaso.

– Gutxienez sei hilabete eman beharko du proiektuan lanean.

b) Material inbentariagarria.

Proiektuaren kargura eskuratutako ekipamendu bakoitzak urteko 20.000 euro baino gutxiagoko kostua izan beharko du, BEZik gabe, eta erakunde onuradunaren inbentarioan jasota egongo da, harik eta proiektua gauzatzen amaitu arte, 4. artikuluan deskribatu bezala, eta, nolanahi ere, eskuratzen denetik gutxienez bi urtez. Deialdi honetatik kanpo daude esplizituki altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako ekipamendu informatikoa erostea ere.

c) Material suntsikorra.

Mugarik gabe ordainduko da, behar bezala justifikatuta badago eta proiektuaren jardueretan beharrezkoa bada, betiere. Kanpo geratzen da bulegoko material orokorraren finantzaketa.

d) Bidaiak.

Proiektuaren jarduerak burutu ahal izateko egiten diren bidaien ondoriozko gastuak onartuko dira. Halaber, proiektuan ateratako emaitzak ezagutzera emateko egiten diren bidaia-gastuak ere onartuko dira, proiektua exekutatzeko azken urtean egiten badira. Azken kasu horretan, pertsona bakarrak eginiko gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.

e) Bestelako gastuak.

Aurreko kontzeptuetan sartzen ez diren gastuak finantzatu ahal izango dira, finantzatutako urteko aurrekontuaren % 5 gehienez, baldin eta proiektuaren helburuak garatzeko beharrezko direla justifikatzen bada.

3.– Ez dira inola ere aintzat hartuko ez deialdi honen eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak, ez 4. artikuluan adierazitako exekuzio-aldia amaitu ondoren egindakoak.

4.– OIAP lerroko 2. modalitateko eskaeren kasuan, kontzeptuetarako aurreikusi diren mugak parte hartzen duten erakundeetako bakoitzari aplikatzen zaizkio, modu independentean.

5.– Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

6. artikulua.– Ikertzaileen betekizunak.

1.– Osaera.

1.1.– OIAP lerroan, ikertzaileen zerrenda bat jasoko da eskaeran; ikertzaileok, bada, laguntzaren xede den proiektuan lan egingo duen ikerketa-taldea osatuko dute. Gutxieneko ikertzaile-taldea eratuko duten hiru pertsonek osatuko dute, gutxienez, talde hau. Horien artean egongo da ikertzaile nagusia, zeinak estatutupeko edo lan-kontratuko lotura izan behar baitu erakunde eskatzailearekin eta proiektua zuzenduko baitu. Gutxieneko ikertzaile-taldea osatzen duten pertsonek proiektuan jarraitu beharko dute, gutxienez, proiektua exekutatzeko fase osoan; ikertzaile nagusiak, gainera, 4.1 artikuluan aipatzen den lau hilabeteko aldi gehigarrian ere jarraitu beharko du. Horietako bik, gutxienez, doktore-titulua izan beharko dute, eta horien artean egongo da ikertzaile nagusia.

Ikerketa-taldean parte hartzen duten gainerako ikertzaileek gradu-, lizentzia-, ingeniaritza- edo arkitektura-titulua izan beharko dute.

OIAP lerroan, ikerketa-taldea osatzen duten ikertzaileek proiektuari eskainiko dioten gutxieneko dedikazioa urteko 1.400 ordukoa izango da; talde bakoitzeko ikertzaile nagusiaren gutxieneko dedikazioa, berriz, urteko 420 ordukoa izango da.

1.2.– UEP lerroan, eskabidean, dirulaguntzaren xede den proiektuan lan egingo duen ikerketa-taldeko ikertzaile guztien zerrenda aurkeztu behar da; eskaeran parte hartzen duen erakunderen batekin kontratua izan beharko dute ikertzaile horiek. UEP lerroan, ezinbesteko baldintza da gutxienez unibertsitate eskatzaileko ikerketa-talde batek –3.1.1.b) artikuluan ezarritako irizpideen arabera– eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duen enpresa bateko kideek parte hartzea proiektuan. 3.1.2.3 artikuluaren arabera, aukerakoa izango da lankidetzan diharduen erakunde baten parte-hartzea. Ikertzaile-taldea, gutxienez, unibertsitate eskatzaileko bi ikertzailek osatuko dute, horien artean ikertzaile nagusia, eta proiektuan parte hartzen duen enpresako hirugarren pertsona batek. Hiru pertsona horiek osatuko dute gutxieneko ikertzaile-taldea. Talde horrek proiektuan jarraitu beharko du, gutxienez, proiektua exekutatzeko fase osoan; ikertzaile nagusiaren kasuan, gainera, 4.1 artikuluan aipatzen den lau hilabeteko aldi gehigarrian ere jarraitu beharko du. Ikertzaile-taldeak honela osatuta egon beharko du:

a) Proiektua zuzenduko duen ikertzaile nagusi bat, doktore-titulua izango duena eta erakunde eskatzailearekin estatutupeko edo lan-kontratuko lotura izan behar duena.

b) Gainerako ikertzaileak, doktoretza-, lizentzia-, arkitektura- edo ingeniaritza-titulua edo unibertsitateko gradua izan dezaketenak. Erakunde parte-hartzaile bakoitzean baldintza hori betetzen duen ikertzaile bat gutxienez egon beharko da, eta erakundearen plantillakoa izan beharko du.

c) Enpresetako langileak, programaren xede den teknologiaren arloan esperientzia egiaztatua dutenak eta aurreko paragrafoetan adierazitako kategorietan sartzen ez direnak.

UEP lerroan, ikertzaile-taldea osatzen duten ikertzaileek proiektuari eskainiko dioten gutxieneko dedikazioa urteko 1.400 ordukoa izango da; talde bakoitzeko ikertzaile nagusiaren gutxieneko dedikazioa, berriz, urteko 420 ordukoa izango da.

1.3.– Gutxieneko eskakizun galdagarria izango da aurreko bi apartatuetan deskribatutako ikertzaile-taldeen osaera, eta hori ez betetzea (18.2 artikulua), nahiz eta bat-batean gertatutako zerbaiten ondorio izan, dirulaguntza eskubidea galtzeko arrazoi izango da.

2.– Erakunde bakoitzak nahi beste eskaera aurkeztu ahal izango ditu lerro bakoitzean, ikertzaile nagusien bitartez, laguntza-lerro bakoitzerako 3. artikuluan ezarritako eskakizunak betez gero, baina betiere honako muga hauekin:

– Ikertzaile nagusi bakoitzaren eskaera bat baino ez da onartuko lerro bakoitzeko. Lerro bakoitzean eskaera bat baino gehiago aurkeztu baditu, zeinetan parte hartuko duen aukeratzeko eskatuko zaio, eta beste eskaera deialditik kanpo geratuko da.

– Era berean, ikertzaile bakoitzak eskaera batean baino ezingo du parte hartu deialdiko lerro bakoitzeko. Lerro bakoitzean eskaera batean baino gehiagotan aurkezten bada, zeinetan parte hartuko duen aukeratzeko eskatuko zaio, eta beste eskaera deialditik kanpo geratuko da.

– Egoitza EAEn duten unibertsitateen kasuan, ikerketa-talde bakoitzari eskaera bakarra onartuko zaio lerro bakoitzeko.

– Ikertzaileek ezingo dute deialdi honetan parte hartu, baldin eta laguntza-lerro bereko proiektuetan parte hartu badute eta eskaera aurkezten duten egunean oraindik ez badituzte amaitu jarduketak, betebeharrak egiteke dituztelako, alde batera utzita amaierako txosten zientifikoa eta argitalpenak, bi laguntza-lerroen kasuan, eta, horrez gainera, enpresa-txostena, UEP lerroaren kasuan.

– Finantzatutako proiektu bat onartutako amaiera-data baino lehen bertan behera uzten bada, parte hartu duten ikertzaileek ezingo dute beste proiektu berri batean parte hartu, harik eta hasierako proiektu hori onartu zen unean aurreikusitako amaiera-data bete arte. Alderdi hori 18.2 artikuluan deskribatutako gutxieneko eskakizun galdagarritzat hartu denez, inguruabar horietan gertatzen diren proiektu-eskaerak ukatu egingo dira, eta gutxieneko horien gertatzezko ez-betetzeak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen sinatu baten bidez, parte hartzen duen ikertzaile bakoitzak adieraziko du zenbat ordu konprometitu dituen deialdi honetan eskatutako proiektua egingo den urteetan emandako edo eskatutako beste proiektu batzuetan. Hori horrela, ordu-kopuru nahikoa eskaini beharko die proiektu honetan esleitu eta konprometitutako jarduerei.

4.– Deialdiko eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen kontratatu beharko ditu erakunde eskatzaileak ikertzaile-taldeko kideak. Halaber, ikertzaile nagusiak, OIAP lerroan zein UEP lerroan, kontratu bat izan beharko du erakunde eskatzailearekin, proiektuaren iraupen osoa baino luzeagoa, eta hor sartuko dira exekuzio-fasea eta 4.1 artikuluan zehaztutako lau hileko aldi gehigarria. Artikulu honen 1. apartatuan aipatzen den gutxieneko ikertzaile-taldea osatzen duten beste bi ikertzaileek kontratatuta egon beharko dute, gutxienez proiektuak irauten duen denboraldirako eta dedikaziorako; salbuespen izango da doktore-tesia egiteko kontratatuko diren pertsonentzat artikulu honen 6. apartatuan ezarrita dagoena. OIAP lerroan, biak kontratatuko ditu erakunde eskatzaileak, eta, UEP lerroan, berriz, horietako bat erakunde eskatzaileak kontratatuko du, eta, bestea, proiektuan parte hartzen duen enpresak. Diruz lagun daitezkeen bi lerroetako edozeinetan gutxieneko ikertzaile-taldea osatzen duten pertsonek ezin izango dute aurkeztu erakunde eskatzailearen konpromisorik proiektuak irauten duen aldi osoan kontratuari eusteko.

Gainerako taldekideek proiektuan izango duten parte-hartzearen iraupena baino txikiagoko kontratua izan ahal izango dute, baldin eta erakunde eskatzaileak proiektuan parte hartzen duten aldi osoan zehar kontratu horiei eusteko konpromisoa egiaztatzen badu, betiere.

5.– Ikertzaileak obra baterako kontratatu badira, obraren iraupenari eta, hala badagokio, kontratuaren balizko luzapenari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, bai eta erakundearen adierazpen bat ere, kontratuaren xede den obrak dakarren ordu-dedikazioa zehaztuta; adierazpen horretan, proiektuan konprometitutako jarduerak burutzeko adina ordu badituela adierazi beharko du argi eta garbi.

6.– Doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsonen kasuan (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera), finantzatzen duen organismoaren izendapena aurkeztu beharko du, finantzaketa-aldi osoa adierazita; horrez gain, deialdi honetan eskatutako proiektuari urtean zenbat ordu eskain diezazkiokeen azaltzen duen ziurtagiria ere aurkeztu beharko du –doktore-tesiaren proiektuarekin bateragarria izateko moduan–, bai eta tesiaren eta proiektuko jardueraren arteko gainjartze-ehunekoa eta tesia zer zentrotan egin behar duen ere. OIAP lerroan, erakunde eskatzailea BERC bat bada, aski izango da aurreko ziurtagiria aurkeztea, zeinean, gainera, barne hartuko baita finantzaketa-aldi osoa. Prestatzen ari den doktoratu aurreko ikertzaile bakar bat baino ez da onartuko proiektu-eskaera bakoitzean.

7.– Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor, Research Associate edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta erakunde bati atxikita badaude, erakunde horretako langileak direla ulertuko da. BERCetako bati atxikitako UPV/EHUko irakasleak BERCeko langileak direla ulertu ahal izango da, dagokion atxikipen-agirian zehaztutako iraupen eta dedikazioarekin.

7. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan azaltzen diren laguntzak kudeatzea.

8. artikulua.– Eskaerak formalizatu eta aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Aurkeztu ondoren, eskaerak ezingo dira aldatu.

Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskabidearen aplikazio telematikoan sartutako agiriak manipulatzeak eskaera ezestea ekarriko du.

2.– Agindu honen II. eranskinean jasotzen da eskabidearen edukia. Eskaera-inprimakia bat etorriko da IV.1 eranskinarekin (OIAP lerrorako) eta IV.2 eranskinarekin (UEP lerrorako), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko esteka honetan egongo da eskuragarri, deialdiko bi lerroetarako: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173408.

Eskabidea bi urratsetan egin beharko da:

Lehenik, proiektuko ikertzaile nagusiak alta eman beharko du aplikazioan erabiltzaile gisa, dagoeneko hala ez bada, edo ziurtagiri elektroniko pertsonalaren bitartez sartu (esate baterako, NAN elektronikoa erabiliz). Eskabidea zein laguntza-lerrotan egin nahi duen hautatu eta gero, aplikazioan azaltzen diren jarraibideak bete beharko ditu, eskabidea amaitu arte.

Ondoren, eskabidea aplikazioan osorik bete eta gero eta agindu honen II. eranskinean azaldutako dokumentazio osagarria gehitu ondoren, erakundeak edo legezko ordezkariak eskabidea elektronikoki sinatu beharko du; horrela soilik geldituko da erregistratuta. Horretarako, erakunde eskatzaileak eskabidea elektronikoki sinatzeko erakunde-txartela eduki beharko du, edo, bestela, legezko ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda egon beharko du (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua), esteka honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

Deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari, beste organismo publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

4.– Parte hartuko duten gainerako ikertzaileek beren NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dute eskabidean. Administrazio eskudunak automatikoki egiaztatuko du zenbakia aipatutako aplikazioan, elektronikoki.

5.– OIAP lerroko 2. modalitateko eskabideen kasuan, parte hartzen duen erakunde bakoitza izango da eskatzaile –3. artikuluan aurreikusitako erakundeak izan beharko dute–. Haietako bat proiektuaren koordinatzailea izango da: proiektuaren garapenaz arduratuko da, eta Administrazioarekiko solaskidetza eta harremanak bere gain hartuko ditu. Berariaz adieraziko da hori eskabidean, baita erakunde parte-hartzaileak zein diren ere. Urrats hori egin ondoren baino ezingo dute erakunde parte-hartzaileek beren eskabidea aurrekoari lotu. Gainerakoan, banakakoaren modu berean egingo dute.

6.– Eskaerak honako hauetan aipatutako egoerei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jaso beharko ditu: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua –Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartua–.

7.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, erakunde eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiazta dezan, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Dena dela, erakunde eskatzaileak aurka egiteko eskubidea erabili ahal izango du. Hala eginez gero, beharrezkoak diren egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.

Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

9. artikulua.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskabideko hutsak zuzentzea.

Zorrotz bete beharreko epe bat adierazten duten jakinarazpenak (esaterako, hutsak zuzentzea eta deialdia ebaztea) prozedura honen arabera egingo dira:

1.– Dirulaguntzaren eskabideak oso-osorik beteta etorri ezean edo nahitaezko dokumentu guztiekin batera aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko errekerimendua egingo zaie erakunde eskatzaileei. Epe horretan ez badituzte akatsak zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hutsak zuzentzeko jakinarazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera bidaliko zaio eskatzaileari (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta); ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

2.– Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jakinarazpena argitaratu izanaren abisuak helaraziko dizkie interesdunei, eskaera-inprimakietan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.

10. artikulua.– Hautaketa Batzordea eta ebaluazio-prozedura.

1.– Hautaketa Batzordeak laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpenaren proposamena egingo du, agindu honetan xedatutakoa zuzen aplikatzen dela begiratuz, bereziki ebaluazio-irizpideei dagokienez. Aurrez erabaki beharko du zein eskabide onartu izapidetzeko eta zein ez.

2.– Batzorde hori hauek osatuko dute: Amaia Esquisabel Alegria, Ikerketaren zuzendaria (batzordeburua izango da); Miren Artaraz Miñón, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria; eta Mikel Rivero González, Ikerketa Zuzendaritzako teknikaria (idazkaria izango da).

3.– Proiektuen ebaluazioak bi urrats izango ditu. Lehenik, onartu den eskaera bakoitzari buruzko txostenak eskatuko dizkio Hautaketa Batzordeak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Ikerketako Estatu Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalari, zeinak 11.1 artikuluan aipatzen diren irizpideetarako puntuazioa ezarri beharko baitu, lerro bietan 8 zenbakia duen irizpiderako izan ezik, hurrengo artikuluan azaltzen denaren arabera.

Bigarrenik, Hautaketa Batzordeak berak baloratuko du 8. irizpidea –proiektu bakoitzak EAEko ikerketarako estrategiei eta plangintzei begira duen garrantzia neurtzen duen irizpidea–; eta, azkenik, 10. irizpidea ere berrikusiko du, 11.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz.

Ebaluazioaren bi faseon emaitza izango da puntuazio orokorra.

11. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatu ahal izateko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek izango ditu kontuan, lerro bakoitzeko eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:

(Ikus .PDF)

2.– 8. eta 10. irizpideen balorazioa.

2.1.– 8. irizpidea baloratzeko, zeina EAEko estrategiei eta plangintzei begira proiektuetako emaitzek duten garrantziari buruzkoa baita, Hautaketa Batzordeak agindu honen III.1 eta III.2 eranskinetan deskribaturiko itemak hartuko ditu kontuan.

2.2.– 10. irizpidea berrikusiz, Hautaketa Batzordeak egiaztatuko du lankidetzan diharduen erakunde parte-hartzailea bat datorrela 3.1.2.3 artikuluan adierazitakoarekin, eta kanpo-ebaluazioaren balorazioa errespetatuko du, halakorik dagoenean. Bestela, 0 puntu emango dira.

3.– Ebaluazio-sistema homogeneizatzeko eta irizpideak aplikatzean objektibotasun handiagoa lortzeko, balorazio-irizpideen xehetasunak jaso dira deialdiaren III.1 eta III.2 eranskinetan, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenagoa izateko.

4.– Puntuazio orokorrean berdinketarik egonez gero, 1. irizpidearen arabera lortu den kalifikazio handiena hartuko da aintzat, lehenik; berdinketak jarraitzen badu, 2. irizpidearen araberakoa; gero 3. irizpidearen araberakoa eta, azkenik, 4. irizpidearen araberakoa. Guztiarekin ere, berdinketak jarraitzen badu, eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakia erabiliko da ebazpena emateko irizpide gisa. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.

12. artikulua.– Onartutako aurrekontua zehaztea eta laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, eta proiektuak dirauen aldi osoa barne hartuko dute. Horretarako, Hautaketa Batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren.

2.– Ebaluazioan 50 puntu edo hortik gorako balorazioa lortzen duten eskaerak bakarrik lagun daitezke diruz.

3.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzak emateko, hiru prozedura independente erabiliko dira: bi OIAP lerrorako (modalitate bakoitzerako bat), eta beste bat UEP lerrorako.

4.– Onartutako aurrekontua 5. artikuluan ezarritako kontzeptuetara egokituko da, eta eskaeran planteatutako eta behar bezala egiaztatutako beharren arabera zehaztuko da, bai eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Ikerketako Estatu Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalaren txostenetan jasotako gomendioen arabera ere. Eman beharreko dirulaguntza bat etorriko da onartutako aurrekontuaren gehieneko zenbatekoarekin, baldin eta dagokion prozeduran 2. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan adierazitako kredituak agortu ez badira, eta 2. artikuluko 3. apartatuan ezarritako mugarekin. Urteka banatuko da dirulaguntzaren guztirako zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planaren arabera.

5.– Laguntzak lehentasun-ordenari jarraikiz esleituko dira, balorazio-fasean proiektu bakoitzak dagokion laguntza-lerroan –eta dagokion modalitatean, kasuan-kasuan– lortutako puntuazio orokorraren arabera.

13. artikulua.– Ebaztea, eta onartzea edo ukatzea.

1.– Hautaketa Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena, eta sailburuordeak dirulaguntzak esleitu edo ukatuko ditu, edo eskaerak kanpoan uztea erabaki, ebazpen arrazoitu baten bidez; artikulu honen 3. apartatuaren arabera jakinaraziko da ebazpen hori.

2.– Onartzen den proiektu bakoitzari buruzko datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:

Finantzatutako eskaeretarako:

– Laguntza zer lerrotan –eta modalitatetan, hala badagokio– eskatzen den.

– Eskaeraren kodea.

– Ikerketa-proiektuaren titulua.

– Erakunde eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde onuraduna.

– Erakunde parte-hartzaileak, halakorik bada.

– Enpresa parte-hartzailea, halakorik bada.

– Proiektua burutuko den urte bakoitzari esleitutako zenbatekoa.

Lankidetza-proiektuak badira (OIAP lerroko 2. modalitatea), parte hartzen duen erakunde onuradun bakoitzari dagokion finantzaketa jasoko da.

Finantzatuko ez diren edo kanpoan utziko diren eskaeretarako, hau adieraziko da:

– Laguntza zer lerrotan –eta modalitatetan, hala badagokio– eskatzen den.

– Eskaeraren kodea.

– Ikerketa-proiektuaren titulua.

– Erakunde eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde eskatzailea.

– Ez finantzatzeko edo kanpoan uzteko arrazoia.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jakinarazpen elektroniko bat igorriko da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara. Horrez gain, publikotasun-ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo bi hilabeteen barruan, adierazteko nortzuk diren onuradunak eta zenbateko dirulaguntza ematen zaien.

Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, organo kudeatzaileak aukera izango du interesdunei jakinarazpena argitaratu izanaren abisuak helarazteko, eskaera-inprimakietan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.

4.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean ebazpenik ematen edo jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira administrazio-isiltasunez. Ebazpena emateko epe hori eten egin ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Ikerketako Estatu Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalak 10.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz igorri beharreko txostenak direla bide, txosten horiek eskatu eta jaso bitarteko aldian. Eten hori ezin izan daiteke inoiz hiru hilabete baino gehiagokoa.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ebazpena argitaratzen denetik 10 eguneko epean erakunde onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egiten duela ulertuko da. Une horretatik aurrera hasiko da proiektua gauzatzen, urtebeteko, bi urteko edo hiru urteko aldian, ebazpenean zehaztutakoaren arabera.

6.– Deialdi honetan parte hartu duen erakunde onuradunen batek beste erakunderen baten finantzaketa lortu badu proiektu bererako eskaera aurkeztu edo ebazpena eman eta gero, Ikerketa Zuzendaritzari eman beharko dio horren berri, gainfinantzaketa baldin badago, deialdi honen bidez emandako finantzaketa behar beste murrizteko.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batzuek helburu bererako ematen dituzten dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, salbu eta sail honek euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak bultzatzeko deialdian eman dituen laguntza ekonomikoekin. Baldin eta ikerketa-proiektu batek beste instituzio baten deialdian edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, beste instituzio horren finantzaketak estaltzen ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztirako finantzaketak ezingo ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, dagokion diru-kopurua murriztuko da deialdi honen bidez emandako finantzaketan. Eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko baldintzak.

1.– Erakunde onuradunari ordainduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoa. Baldin eta OIAP lerroko 2. modalitatearen araberako lankidetza-proiektua bada, proiektuan parte hartzen duen erakunde onuradun bakoitzari ordainduko zaio.

2.– Urteari dagokion kopurua aurretik ordainduko da, exekuzio-faseko urte bakoitzean. 13.5 artikuluan deskribatutako dirulaguntza onartzeko aldia igaro ondoren egingo da lehen urtekoari dagokion ordainketa. Bigarren eta hirugarren urteetako ordainketa aurreratuak egin baino lehen, aurreko urteko txostena aurkeztu beharko da, baita helburuen betetze-mailaren eta dirulaguntzaren exekuzioaren justifikazio zuzena ere, onartutako proiektu-planean aurreikusitako eran.

Proiektua exekutatzeko azken urteari dagokionez, dirulaguntzaren % 75 ordainduko da aurrez. Azken urteko bigarren ordainketa egiteko –hau da, likidazioa egin ondoren geratzen den gainerako zenbatekoari dagokion ordainketa–, nahitaezkoa izango da erakunde onuradunak aginduaren 16.1 artikuluaren 2., 3. eta 4. apartatuetan zehaztuta dagoen dokumentazio guztia bidalita izatea eta Ikerketa Zuzendaritzak oniritzia ematea.

3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.

16. artikulua.– Proiektuaren garapenari jarraipena egiteko eta dirulaguntza justifikatzeko dokumentuak.

Dirulaguntza 13.5 artikuluan zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, dirulaguntza exekutatzeko fasea hasiko da, baita haren jarraipena egitekoa ere. Horretarako, erakunde onuradunak jarraipenerako eta justifikaziorako honako agiri hauek entregatu beharko ditu aplikazio telematikoa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin, adierazten diren epeetan (aplikazio telematikoak eskainiko ditu behar diren txantiloi edo ereduak):

1.– Bi lerroetarako agiri komunak.

1.1.– Laguntzaileen kontratuak, 5.2.a) artikuluaren arabera: dirulaguntzak laguntzaileentzako diru-hornidurarik badu, laguntzaileari buruzko proposamena bidali beharko da, zeinean ikertzailea nor den, haren ibilbide akademikoa edo CVa eta adostasuna jasoko baitira. Geroago, organo kudeatzaileak proposamena onartutakoan, laguntzailea erakunde onuradunarekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da, non parte hartuko duen proiektuaren kodea eta titulua adieraziko baitira, bai eta laguntzailearen egitekoak eta urteko dedikazioa ere. Kontratu hori ezingo da ebazpenaren argitalpen-eguna baino lehenagokoa izan, eta, zein urtetarako den, urte horren lehen sei hilabeteetan aurkeztu beharko da. Kontzeptu horrengatik emandako dirulaguntza ez bada deialdian ezarritako zenbatekoaren % 100 eta ez badu kontratuaren kostu guztia estaltzen, laguntzaileek beste eginkizun batzuk egin ahal izango dituzte erakundean, harik eta eurei dagokien dedikazioa bete arte.

1.2.– Urteko txostenak: 15.2 artikuluan aurreikusitako bigarren edo ondorengo ordainketak egin baino lehen aurkeztu beharko dira nahitaez. Erakunde onuradun bakoitzeko ikertzaile nagusiak, proiektua exekutatzeko urte bakoitza amaitzean, proiektuaren urteko txostena aurkeztu beharko dio organo kudeatzaileari. Txosten horretan, honako hauek jasoko dira: proiektuaren helburuen erdieste-maila, izandako gorabeherak, ateratako emaitzak, eta urtean dirulaguntzatik benetan gastatu denaren zenbatespena. Orobat, gastuen egiaztagiri eta faktura guztiak eta haien zenbatekoak jasoko dira, xehe-xehe, urteko txostenean.

Jarduera-planaren edozein apartatutan aldaketak egin nahi badira, ikerketa-zentroko edo unibertsitateko legezko ordezkariak baimena eskatu beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari. Egindako eta baimendutako aldaketek errespetatu egin behar dituzte Ikerketako Estatu Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalak (SCE) eta Hautaketa Batzordeak dagokion puntuazio-kalkulua egiteko erabili dituzten elementuak. Ikerketa Zuzendaritzak erabakiko du aldaketa horiek konprometitutako dirulaguntzak aldarazten edo indargabetzen dituzten, aurretik dagokion espedientea egin ostean.

1.3.– Gastuen amaierako ziurtagiria: proiektua exekutatzeko azken urtea amaitzerakoan, dagokion urteko txostena aurkeztu ondoren, exekutatutako gastu osoaren ziurtagiria aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, aplikatu gabeko gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiektu bererako edo proiektuaren helburu partzialetarako jasotako sarreren eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du. Ziurtagiria aurkezteko epea, zeinak bat etorri behar baitu urteko txostenetan adierazitakoarekin, bi hilekoa izango da, proiektua amaitzen denetik hasita. Gastuaren guztizko betearazpenaren % 40 –gutxieneko eskakizun galdagarritzat hartua– baino gehiagoko ez-betetzeak 18.2 artikuluan deskribatutako dirulaguntza eskubidea galtzea ekarriko du.

1.4.– Amaierako txosten zientifikoa: formatu askea du, eta nahitaez egin behar da, azken urtea ordainduko bada. Proiektua exekutatzeko azken urtea amaitu ondoren lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa aurkeztu beharko du, eta, bertan, zehaztasun handiz adierazi zein diren aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabalkundea emateko eta jendarteratzeko jarduerak.

1.5.– Argitalpenak: baldin eta liburu, monografia, artikulu, doktore-tesi, lizentzia-tesina, kongresuetarako komunikazio edo abarretan argitaratu badira proiektuaren emaitzak, edo patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar eragiten badituzte, Hezkuntza Sailaren babesaren berri emango beharko da, proiektuaren kodea aipatuz. Argitalpenen kopia bana bidali beharko da Ikerketa Zuzendaritzara.

1.6.– Urteko txostenei, amaierako txosten zientifikoari eta argitalpenei ebaluazio zientifikoa egin dakieke, 10. artikuluan aurreikusitako ebaluazioaren ildo beretik. Aipatu ebaluazioan 100 puntutik 50 ez lortzea dirulaguntza itzultzeko kausa izango da, eta 19. artikuluari jarraikiz jardungo da.

2.– Agiri horiez gainera, UEP lerrorako, jarraipen-dokumentazio hau beharko da nahitaez:

2.1.– Parte hartzen duten erakundeen arteko hitzarmena eta enpresaren ordainketa: lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da unibertsitate onuradunaren eta enpresa parte-hartzaile(ar)en artean, bai eta lankidetzan diharduten erakunde parte-hartzaileen artean ere, halakorik baldin badago, transferentzia teknologikorako erakunde baten bitartez. Hitzarmen horretan, honako hauek jaso beharko dira: ekonomia-harremanak; ikerketaren garapenean ardurak nola banatzen diren; proiektuaren emaitzen jabea nor den eta haien erabilera eta baliatzea zein izango diren, eta deialdiari dagokionez enpresek beren gain hartu dituzten betebeharrak.

Ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez hilabeteko epean, sinatutako hitzarmena eta enpresaren ordainketaren egiaztagiria aurkeztu beharko dira Ikerketa Zuzendaritzan; dirulaguntzaren lehen ordainketa egiteko aldez aurretik bete beharreko baldintza izango da hori.

2.2.– Enpresaren txostenak: diruz lagundutako ikerketan lortutako emaitzak enpresak nola aplikatu edo ustiatu dituen ikusteko, jarraipen bat egingo da; horretarako, enpresa parte-hartzaileak, proiektua amaitzen duenean, memoria bat aurkeztuko du, eta, bertan, proiektuaren garapenari eta lortutako emaitzei buruz duen iritzia adieraziko du. Geroago, proiektua amaitu ondorengo urtearen amaieran, emaitzen ustiapenari buruzko txostena aurkeztu beharko du, eta bertan adierazi beharko du emaitzak nola erabili dituen, emaitza horiek enpresan nola ezarri dituen, zer patente egin dituen eta zer onura lortu dituen.

Enpresaren legezko ordezkariak sinatu behar ditu txosten horiek, eta unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin aurkeztu behar dira.

3.– Salbuespenez, ikerketa-proiektua bukatzea eta, ondorioz, dirulaguntza osorik erabiltzea eragotzi duten arrazoiak egon badira, ikertzaile nagusiak, erakundeko legezko ordezkariaren oniritziarekin, proiektua burutzeko eta kreditua gastatzeko epealdia luzatu dadila eskatu ahal izango dio Ikerketako Zuzendaritzari. Luzapenak ez du gaindituko hiru hilabeteko epea proiektuaren betearazpen materialari dagokionez, eta ez dio inolaz ere eragingo emandako urtekoen betearazpenari. Aurreikusitako exekuzio-amaierako eguna baino lehen egin beharko da eskaera.

Luzapen-eskaeran emandako arrazoiak soilik izan ahal izango dira hirugarrenen esku-hartzerako aurreikusitako epeak luzatzea (hornidurak eta argitalpenak), edo laguntzaileek beren jarduera aurreikusitako epeetan egin ezin ahal izatea, betiere, behar bezala justifikatzen bada.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak konplitu beharko dituzte, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

1.– Dirulaguntza ematearen oinarrian dagoen proiektua betearaztea.

2.– Dirulaguntza ematen duen erakundeari betekizunak eta baldintzak betetzen direla frogatzea, eta dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela ere bai.

3.– Dirulaguntza ematen duen organoak egin beharreko egiaztatze-jarduerak onartzea, baita Espainiako nahiz Europako kontrol-organo eskudunek egin ditzaketen finantza-egiaztatze eta -kontrol oro ere, eta aurreko jardueren burutzapenean eska dakiekeen informazio oro ematea, EAEHONALTBko 50.2.c) artikuluan jasotzen den bezala.

4.– Organo emaileari jakinaraztea beste edozein administrazio edo ente publiko zein pribatutatik diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu dituela.

Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

5.– Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

6.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita elektronikoak ere, zeren eta egiaztatze- eta kontrol-jardueretan eskatu ahal izango baitira.

7.– Agindu honen 16. artikuluaren 1.5 apartatuan argitalpenetarako ezarrita dagoenaz gainera, erakunde onuradunen urteko memorietan zenbateko dirulaguntza jaso den adierazi beharko da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesaren berri ere emango da.

8.– Jasotako funtsak itzultzea, lege honen 37. artikuluan aurreikusitako kasuetan.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea. Gutxieneko eskakizun galdagarriak.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere dirulaguntzaren helburua bete bada, eta, hala badagokio, beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako dirulaguntza edo laguntzarik eman badu, dirulaguntzak emateko ebazpenean jasotako zenbatekoak alda daitezke. Dirulaguntza jasotzeko baldintzen aldaketatzat joko dira, halaber, behar bezala justifikatzen edo egiaztatzen ez diren gastuak, eta, beraz, halakoetan, diruz lagundutako kopuruak aldatzeko ebazpena emango da.

Horretarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak beharrezkoa den likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak, honela:

– Dirulaguntzaren xede diren gastuak ez badira behar bezala justifikatzen, ebazpenaren zenbatekoa murriztu egingo da; hain zuzen ere, justifikatu ez den gastuaren zenbatekoa bezainbeste.

– Erakunde onuradunak beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batzuen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso baditu ikerketa-proiektu bererako, eta deialdi honen ebazpenean esleitutako zenbatekoak gainditu egiten badu Hautaketa Batzordeak onartutako aurrekontuari kofinantzaketaren bidez eskuratutako zenbatekoa kenduta geratzen den kopurua, emandako dirulaguntza behar beste murriztuko da.

2.– Aldaketa horiek bidezkotzat jo daitezke, betiere agindu honen bitartez lagundutako proiektuek gutxieneko baldintza hauek betetzen badituzte:

– Ikertzaile-taldeen osaera, 6.1 artikuluan deskribatua.

– Aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuetan parte hartu duten ikertzaileen bateraezintasuna, 6.2 artikuluaren laugarren paragrafoan deskribatua.

– Gastuen amaierako ziurtagirian jasota dagoen proiektuaren gastu osoaren exekuzio-maila gutxienez % 40 izatea –16.1.3 artikuluan deskribatua dago ziurtagiri hori–.

Baldintza horietako edozein betetzen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak gehi bidezkoak diren berandutze-interesak ordaintzeko betebeharra sortuko da.

19. artikulua.– Dirulaguntza itzultzeko edo dirulaguntzarako eskubidea galtzeko arrazoia.

1.– Egiaztatuz gero ez direla betetzen dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako dirua eta dagozkion berandutze-interesak itzuli behar zaizkio, xedapen hauen arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikulua; arau-hauste eta zehapen administratiboen arloko oinarrizko araudia; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

2.– Arau-hauste administratiboa gertatzen bada, laguntza eta dirulaguntza publikoen alorreko arau-hauste eta zehapenen araubidea aplikatuko da; alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan azaldutakoez gain, hauek ere hartuko dira dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko arrazoitzat:

3.1.– Ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo ikertzaile hori erakunde onuraduna ez den beste erakunde batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

3.2.– Ikerketa-proiektu bera egiteko beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo ikerketa-proiektuaren aldaerak, behar bezala justifikatu gabeak, beste erakunde, ente edo zentro publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Ikerketa Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta haren onarpena jaso gabe.

3.3.– Ikerketa-proiektua ez garatzea proposatutako helburuen eta onartutako epeen arabera.

3.4.– Deialdi honetako oinarriak larriki ez betetzea –osorik edo partez–, hauei buruzkoak barne: urteko txostenen, gastu-ziurtagiriaren eta amaierako txostenaren ebaluazioari buruzko kontuak (16. artikulua) eta gastuaren justifikazio-agiriak gordetzeari buruzkoak (17.6 artikulua).

3.5.– Laguntzen izaera publikoari buruzko zabalkunde-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea, agindu honen 16. artikuluaren 1.5 apartatuan eta 17.7 artikuluan jasotako neurriak, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1.d) artikuluan xedatutakoarekin bat.

3.6.– Datuak larriki ezkutatzea edo aldatzea, edo eskaera manipulatzea.

4.– Aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, jada ordaindutako dirulaguntza baino zenbateko txikiagoko gastuak justifikatzeak berarekin ekarriko du dirulaguntza murriztea justifikatu gabeko zenbatekoan, eta jasotako dirulaguntzen itzulketa proportzionala egingo da.

5.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Nolanahi ere, hori ez da eragozpena izango bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratzeko. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

20. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa sustatzekoak).

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: erakunde eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: erakunde eskatzaileak datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea kontsultatu dezake web-orri honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aurretiaz izapidetzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, agindu honetako laguntzak emango dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa badago.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 15a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
DEIALDIRA AURKEZTEN DIREN PROIEKTUEK BETE BEHARREKO PRINTZIPIOAK

Deialdira aurkezten diren proiektuek printzipio hauek bete beharko dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea); Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena; Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruz Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egitea edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek Ikerkuntza Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean xedatutakoa bete behar dute.

Era berean, lege horri lotuta egongo dira jatorria giza enbrioietan duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan ezarritakoa (53/2013 Errege Dekretua, Esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako nahiz irakaskuntzarako erabiltzen diren animaliak babesteko oinarrizko arauak ezartzen dituena).

e) Genetikoki eraldatutako organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko da, batetik, Genetikoki eraldatutako organismoak konfinaturik erabiltzeari, nahita askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta bestetik, lege hori garatzeko erregelamendu orokorra onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hori garatzen duten errege-dekretuetan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio, agente biologikoekiko esposizioaren ondoriozko arriskuei dagokienez.

g) Material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena; Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Tratatua, eta Mintegiko Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzko uztailaren 26ko 30/2006 Legea.

II. ERANSKINA
ESKAERAREN EDUKIA

1.– Eskaeran honako informazio hau jasotzen da:

a) Erakunde eskatzailearen nortasuna, sinadura elektronikoaren bidez, eta ikertzaile nagusiarena, NANaren edo AIZren bidez. Enpresak IFZ aurkeztuko du.

b) Ikerketa-taldeak egingo duen lan-planari buruzko informazioa: helburuak, zereginen esleipena eta ikertzaile bakoitzaren ordu-dedikazioa.

c) Aktiboan edo eskabide-fasean diren ikerketa-proiektuen identifikazioa, zeintzuetan, eskatutako proiektua garatzen ari delarik, ikertzaile-taldeak parte hartuko baitu; parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak zenbat ordu eskainiko dien.

d) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren nortasuna, NANaren edo AIZren bidez; gainera, datu pertsonalak, titulazio akademikoa, kontratu-mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.

e) Aurrekontua: informazio ekonomikoa, diruz lagundu daitezkeen kontzeptuen arabera; eta kostu ekonomikoa, urtearen arabera. Biak ere 5. artikuluari jarraikiz.

f) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, 8.6 artikuluan jasotako betekizunei buruzkoa. Adierazpen horretan deklaratuko du, baita ere, aurkeztutako proiektuak bete egiten duela 4.3 artikuluan printzipio bioetikoei buruz ezarritakoa.

2.– Eskaerarekin batera, dokumentazio teknikoa zein administratiboa aurkeztu behar da:

2.1.– Dokumentazio teknikoa:

Dokumentazio administratibotik bereizita, eta aplikazioak sortzen duen eskabidearekin batera, dokumentazio teknikoan jasotako informazioaren bidez, aurkeztutako proposamen zientifikoaren ebaluazio teknikoa egingo da.

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, honako alderdi hauek jasotzen dituela:

– Laburpena.

– Gaiaren aurrekariak eta oraingo egoera.

– Bibliografia aipagarriena.

– Proiektuaren interes orokorra.

– Hipotesiak eta helburu orokor eta operatiboak.

– Proiektuaren azken emaitza eta emaitza hori ustiatzeko plana.

– Helburuei lotutako mugarriak. Lanerako plana. Kronograma. Ikertzaileek zereginei eskainiko dieten denbora.

– Mugarri bakoitzean erabilitako metodologia.

– Proiektua burutzeko eskuragarri dauden instalazioak, tresnak eta teknikak.

– Arduren banaketa.

– Ikerketa-taldeak gaiaren inguruan duen esperientzia.

– Egindako azken 5 proiektuen emaitzak eta errendimendua.

– Eskatutako dirulaguntzaren justifikazio zehatza.

– Bi erakunderen edo gehiagoren arteko lankidetza, egokia denean.

– (UEP lerrorako bakarrik) Enpresaren parte-hartzea proiektuan.

– (OIAPren 2. mod. bakarrik) Erakunde parte-hartzaileetako taldeen kudeaketa, integrazioa eta komunikazioa.

b) Ikerketa-taldea osatzen duten ikertzaileetako bakoitzaren curriculum vitae laburtua, formatu normalizatuan, horretarako prestatutako txantiloiaren arabera aurkeztua (azken 6 urteei buruzkoa, deialdiaren datatik zenbatzen hasita); eta UEP lerroan, baita enpresa parte-hartzaileko pertsona bakoitzarena ere. Titularrak sinatu beharko ditu CVak. Ezaugarri horiek betetzen dituzten CVak bakarrik hartuko dira kontuan, eta ezaugarri horiek betetzen ez dituztenei agiriak zuzentzeko eskatuko zaie.

c) Eskatutako material inbentariagarriaren proformako fakturak, hala dagokionean.

d) (UEP lerrorako bakarrik) Enpresaren ezaugarriak eta orain arte egin diren I+G+B ekintzak.

e) Ezaugarri teknikoetan oinarrituta proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio teknikoa.

2.2.– Dokumentazio administratiboa:

f) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako agiria (erantzukizunpeko adierazpena), 2023-2025 aldian (OIAP) eta 2023-2024 aldian (UEP) aktibo dauden proiektuei zenbat denbora eskainiko dien adierazita; horrez gain, zehaztu behar da bakoitzak zenbat denbora eskainiko dion eskatutako proiektuari, 6.3 artikuluaren arabera.

g) Ikertzaile bakoitzak erakunde eskatzailearekin edo enpresa parte-hartzailearekin duen lan-egoera egiaztatzen duen dokumentazioa (UEP lerroa):

– Kontratu mugagabea duen langileak badira, dagokion kontratua edo Gizarte Segurantzako kotizazio-datuen txostena aurkeztu beharko da.

– Gutxieneko ikertzaile-taldeko langileak badira, gutxienez proiektuaren exekuzio-fasearen iraupen bera izango duen kontratu bat aurkeztu beharko dute, eta, proiektuko ikertzaile nagusia izanez gero, lau hilabeteko aldi gehigarria barne hartu beharko du, 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Gutxieneko taldea osatzen dutenek ezin izango dute aurkeztu erakunde eskatzailearen konpromisorik proiektuak irauten duen aldi osoan kontratuari eusteko, 6.4 artikuluaren arabera.

– Ikertzaile-taldeko langileak badira, baina ez gutxieneko taldekoak, kontratua aurkeztu beharko dute, non zehaztuta agertuko baitira hasiera- eta amaiera-datak, urteko dedikazioa eta, hala badagokio, erakunde eskatzailearen konpromisoa proiektuan parte hartzen duten aldi osoan kontratuari eusteko, 6.4 artikuluaren arabera. Obra-kontratua duten langileen kasuan, gainera, kontratatu den obrari dagokion ordu-dedikazioa adierazi beharko da, 6.5 artikuluaren arabera.

– Ikerbasquek kontratatutako eta erakunde eskatzaileari atxikitako ikertzaileak badira, Ikerbasquek egindako kontratua eta erakunde eskatzailearekiko atxikipen-agiria aurkeztu beharko dituzte; eta UPV/EHUk kontratatuta eta BERC (erakunde eskatzailea) bati atxikita badaude, UPV/EHUk egindako kontratua eta dagokion atxikipen-agiria.

h) (UEP lerrorako bakarrik) Enpresa parte-hartzailearen adierazpena, proiektuari zenbat diru eta zer baliabide ematen dizkion adierazten duena, eta, hala badagokio, lankidetzan diharduen erakunde parte-hartzailearen adierazpena, proiektuari zer baliabide ematen dizkion adierazten duena.

i) (UEP lerrorako bakarrik) Enpresa parte-hartzailearen erantzukizunpeko adierazpena, 3.2 artikuluko baldintzak betetzeari buruzkoa.

j) Hala badagokio, doktoratu aurreko laguntza emateko edo izendatzeko dokumentua, proiektuan parte hartzeko baimenaren ziurtagiria eta laguntza aplikatzeko zentroarena, 6.6 artikuluaren arabera.

k) Hala badagokio, dirulaguntzak eta laguntzak lortzeko desgaikuntzei eta zehapenei buruz 3.2.a artikuluan xedatutakoarekin lotuta dagoen dokumentazioa.

l) Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, 3.2.b artikuluan aipatutakoak, erakunde horiek aurka egiteko eskubidea erabili dutenean, 8.7 artikuluan aurreikusi bezala.

m) Betekizun administratiboetan oinarrituta, proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio administratiboa.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala