Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2022ko urriaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4331

EBAZPENA, 2022ko irailaren 14koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Aginagako tunelaren eraikuntza proiektua» eta dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa.

ETSk kudeatutako trenbideek beren luzeraren zati handi bat dute bide bakarreko ibilbideekin, eta horrek nabarmen zailtzen du haien ustiapena, funtsean bidaiarien trafikora bideratua, eta oso gutxi mugatzen du garraiorako duten gaitasun globala, eta horrek merkantzien garraioa minimizatzen du.

Egoera horri irtenbideak bilatzeko, azterlan batzuk kontratatu ziren Bilbo-Donostia aldiriko linean tarteak bikoizteko.

Ebazpen honen bitartez jendaurrean jartzen den proiektuaren xede den zatia Bilbo-Donostia lineari dagokion Zarautz-Usurbil tartean dago. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren helburua da bikoizte-eremu bat bilatzea, zerbitzuak Zarautzera arte dituen maiztasunak hobetzeko, bidaia-denborak eta Usurbil eta Zarautz arteko zatiaren mantentze- eta istripu-kostuak murrizteko, eta, azken batean, trenbide bidezko garraio jasangarria sustatzeko.

ETSk Aginagako tunelean (221 m) egin beharreko jarduketak aztertu zituen. Proposatutako jarduketa guztien artean, bat, Eraikuntza Proiektu honen xedea, Aginagako tunelaren saihesbidea da, Euskal Trenbide Sarearen Bilbo-Donostia linean dagoen bideko 93+166,744 KParen eta 96+193,151 KParen artean. Proiektatutako bideari dagokion konexio-puntua 94+751,120 KP da.

Trazadura berriarekin, egungo mendia inguratzea saihestu nahi da, bidaia-denborak nabarmen murriztuz eta bidaiarientzako erosotasun eta segurtasun baldintza hobeak izanez, azpiegiturari eta mantentze-lanei ahalik eta kalte gutxien eraginez eta ahal den neurrian murriztuz.

2009ko maiatzaren 7an, Garraio Azpiegituren zuzendariak Aginagako tunela eraikitzeko proiektua onartu zuen.

2017ko uztailaren 28an, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlana eguneratu zen, jendaurrean jarri ahal izateko.

2019ko abuztuan, 2009an onartutako «Aginagako tunela eraikitzeko proiektua» eguneratzeko eskatu zitzaion Team Ingeniería y Consultoríari.

Aurrekari horiekin idatzi da Eraikuntza Proiektua, Aginagako tunelaren bikoizketa eta eraikuntza gauzatzeko beharrezkoak diren obrak eraikuntza-proiektuaren berezko mailarekin definitzeko.

2021eko urriaren 21ean, Garraio Azpiegituretako zuzendariak, «Aginagako tunelaren eraikuntza-proiektua» eta haren ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jartzeko ebazpena eman zuen.

2022ko martxoaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegitura Zuzendaritzak Aginagako tunela eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera bidali zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitate eta Ekonomia Zirkular Zuzendaritzari.

2022ko apirilaren 13an, Kostaldeko eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako alegazioaren eta alegazio-egilearekin izandako elkarrizketen arabera, eta LRJAP izenekoaren 90. artikuluan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituretako Zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitate eta Ekonomia Zirkular Zuzendaritzara bidali zuen Aginagako tunela eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena atzera botatzeko eskaera.

Aurrekari horiekin, Aginagako tunelaren bikoizketa eta eraikuntza gauzatzeko behar diren obrak eraikuntza-proiektuaren maila propioarekin definitzea helburu duen eraikuntza-proiektu honen eguneratze berria idatzi da.

Labur esanda, 93+166,744 KParen eta 96+193,151 KParen artean bide bikoitzeko tunel bat eraikitzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak definitzean datza proiektua, Euskal Trenbide Sarearen Bilbo-Donostia linean dagoen trenbidetik.

Proiektuari bertatik zirkulatzen duten unitateen trakziorako behar den elektrifikazioa ematen zaio.

Proiektuak segurtasun- eta komunikazio-instalazioen obra zibila, kanalizazioak eta arketak jartzea besterik ez ditu zehazten, etorkizuneko kableaturako.

Proiektua gauzatu ondoren, Oria ibaiaren ondoko tunelak zeharkatzen duen mendia inguratzen duen bide-zatiaren instalazioak egingo dira.

Nabarmendu behar da, tunela martxan jartzeko, instalazioen proiektua gauzatu behar dela.

Obrak egiteko hogeitazortzi (28) hilabeteko epea zehaztu da.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua hogeita zortzi milioi berrehun eta hamalau mila hirurehun eta sei euro eta hirurogeita hamazazpi zentimokoa (28.214.306,77 euros) da.

Trenbide Sektoreko Erregelamenduaren 11. artikuluaren arabera, eraikuntza proiektua behar bezala idatzita dago, eta dagokion informazio publikoa praktikatu ahal izateko legezko eta arauzko betekizun eta preskripzio guztiak betetzen ditu, behin betiko onartu aurretik.

Organo honek eskumena du trenbide-sareko azterlanak edota proiektuak idatzi eta onartzeko, hala xedatzen baitu Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluak.

Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluak ezartzen duenez, Informazio-azterlana, behin betiko onartu baino lehen, jendaurrean erakutsi beharko da hogeita hamar egun balioduneko epean, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan trazaduraren kontzepzio globalaz, ikusmolde horrek interes orokorreko alderdiei eragiten dien neurrian.

Kasu honetan, Trenbide Sektoreari buruzko Legearen 5.3 eta Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 9.2 artikuluei dagokionez, ez dago Eraikuntza Proiektuaren aurreko Informazio Azterlanaren beharrik, beraz, Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.6 artikuluari jarraituz, proiektuarekin izapidetze bera egingo da, informazio-azterlana balitz bezala.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren III. tituluaren II. kapituluaren eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana jendaurrean erakutsi beharko da, gutxienez, hogeita hamar egun balioduneko epean.

Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Jendaurrean jartzea «Aginagako tunelaren eraikuntza proiektua» eta dagokion Ingurumen-inpaktuaren azterketa, hartara, hogeita hamar egun balioduneko epean, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, korporazioek, elkarteek eta partikularrek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte jarduketa horren edukiaz, interes orokorreko deklarazioa justifikatzen duten gorabeherez, eta trazaduraren kontzepzio globalaz.

Epe horretan, proiektua eta Ingurumen-inpaktuaren azterketa jendearen eskura egongo da, aztertu ahal izateko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, - Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Usurbilgo udaletxean eta Interneteko www.euskadi.eus web orrian, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Garraioen ataleko Azpiegitura-proiektuei buruzko informazioaren atalean:

https://www.euskadi.eus/aginaga-tunel/web01-a2garrai/eu/

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 14a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala