Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2022ko irailaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4223

EBAZPENA, 2022ko irailaren 21ekoa, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita, 2022ko ekitaldiari dagokionez, arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntzen II. faserako deialdia (Elkartek Programa).

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko urtarrilaren 26ko Aginduak arautzen du arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntza-programa (Elkartek Programa), eta I. faserako deialdia egiten du, diruz lagundu daitezkeen proiektuak eskatzekoa. Agindu horren 11. artikuluko 1. apartatuan ezartzen denez, dirulaguntzak bi fase bereiziren eta jarraituen bidez emango dira, eta horietako bakoitza deialdi publikokoa izango da.

I. fasea ebatzi ondoren, II. fasearen deialdia egin behar da, agindu horren lehenengo eta hirugarren ataletan xedatutako moduan, aldez aurretik I. fasean hautatutako proiektuei laguntzak esleitzeko.

Elkartek Programa arautzen duen aginduaren 11. artikuluko 3. apartatuak xedatzen duenez, II. fasearen deialdia ebazpen bidez egingo da, eta Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak izango du hura emateko eskumena.

Aurreko guztiagatik, eta eman zaidan eskumena baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da II. fasearen 2022ko ekitaldirako deialdia egitea, aldez aurretik I. fasean onartutako proiektuei laguntzak esleitzeko, zeina 2022ko urtarrilaren 26ko Aginduaren bidez deitu baitzen. Deialdi hau agindu honen 6. eta 11. artikuluetan aurreikusten da.

2 artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdiko laguntzak finantzatzeko, berrogeita bi milioi (42.000.000,00) euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

Aurrekontuko ekitaldiaren barruan eman beharreko laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu aipatutako zenbatekoa, ez eta, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuan aldaketak onartzen badira, zenbateko hori eguneratzearen ondorioz sortzen den zenbatekoa ere. Bereziki, zenbateko hori emendatu ahal izango da, kontuan izanik eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa eta laguntzok ebatzi baino lehen; betiere, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak I+G+B bultzatzeko beste laguntza-programa batzuk egikaritu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera. Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpena, emendatze hori erabakitzen duena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da prozedura ebatzi aurretik.

Elkartek Programa arautzeko aginduaren 2. artikuluak ezartzen duenaren arabera, deialdiaren zuzkidura osoaren % 25, gehienez, industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuak finantzatzeko izango da, eta % 10, gehienez, interes bereziko ekintza osagarriak finantzatzeko. Halaber, eta artikulu beraren arabera, baldin eta, proiektu eta ekintza horietarako laguntzak esleitu ondoren, gehieneko diru-zenbatekoak agortzen ez badira, soberakina elkarlaneko oinarrizko ikerketa-proiektuak finantzatzeko erabiliko da.

3. artikulua.– Eskakizunak.

Deialdi honetako laguntzak eskuratu ahal izateko, egiaztatu beharko da betetzen direla Elkartek Programa arautzen duen Aginduaren 3. eta 19. artikuluetan proiektu eta erakunde eskatzaileei buruz ezarritako baldintzak.

Nolanahi ere, kontuan hartu beharko dira agindu arautzailearen 18.6 artikuluak I. fasearen (onartu daitezkeen diren proiektuak hautatzekoa) ebazpenari dagokionez ezartzen dituen aurreikuspenak.

4. artikulua.– Eskabideak: aurkeztea eta epea.

1.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko urtarrilaren 26ko Aginduaren 12. artikuluan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz egin beharko da eskabidea. Agindu horren bitartez, arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntza-programa arautzen da (Elkartek Programa).

2.– Eskabidea eskuratu eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da beren-beregi.

https://www.euskadi.eus/servicios/1027109/ (gaztelaniaz)

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027109/ (euskaraz)

Eskabidea egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta ere, «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/micarpeta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

5 artikulua.– Ebaluazio-organoa.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, eta laguntzen emate-proposamena prestatzeko, ebaluazio-organo bat eratzen da; hau da haren osaera:

Lehendakaria Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria izango da, Alberto Fernández González, eta, ordezko gisa, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko zuzendaria, Leyre Madariaga Gangoiti.

Honako kide hauek izango dira bokalak:

– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako titularra, Ana Belén Camacho Vera, eta, ordezko gisa, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako teknikaria, Agustín García Pérez.

– SPRI ordezkatzen duen pertsona bat, Amaia Martinez Muro, eta, ordezko gisa, Maite Hernández Hernández.

– Teknologiaren arloan eskumena duen zuzendaritzako talde teknikoko kide bat, Natividad Niño Bartolomé, eta, ordezko gisa, Amaia Gandarias Uriarte, idazkari-lanak egingo dituena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera, edo, egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan, eta aipatutako sailburuak ebatziko du errekurtsoa; hori guztia, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 21a.

Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,

ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.


Azterketa dokumentala