Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2022ko irailaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4222

EBAZPENA, 2022ko irailaren 21ekoa, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita 2022ko ekitaldian enpresetan I+G bultzatzeko programaren II. fasea egiteko deialdia.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko urtarrilaren 26ko Aginduak enpresetan I+G bultzatzeko Hazitek programa arautzen du, eta diruz lagun daitezkeen proiektuak eskatzeko I. fasea deitzen du. Agindu horren 8. artikuluaren arabera, laguntzak emateko prozedurak bi fase bereizi izango ditu: I. fasea proiektuak aukeratzeko, zeina onartutako proiektuak zehaztuz amaituko baita, eta II. fasea laguntzak emateko. Azken horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzak esleituko zaizkie I. fasean onartu diren proiektuei, hala eskatzen badute.

I. fasea ebatzitakoan, II. fasearen deialdia egin behar da, Aginduaren hirugarren atalean jasotakoaren arabera.

13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. I. fasean onartutako proiektuei laguntzak esleitzeko II. fasearen deialdia Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen bidez egingo da.

Horregatik guztiagatik, eta esleitu zaidan ahalmena baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da I. fasean onartutako proiektuei laguntzak esleitzeko II. fasea deitzea 2022ko ekitaldirako (2022ko urtarrilaren 26ko Aginduaren bidez deitu zen I. fasea). Deialdi hau 8. eta 13. artikuluetan aurreikusten da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdiaren xede diren laguntzak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako aurrekontu orokorren arabera ezarritako aurrekontu-kredituei jarraikiz, 95.000.000 euro bideratuko dira.

Deialdiaren zenbateko osotik 45.000.000 euro izango dira lehia-izaerako proiektuak finantzatzeko eta 50.000.000 euro izaera estrategikoko proiektuak finantzatzeko.

Aurrekontu-ekitaldi honen barruan emango diren laguntzen bolumen osoak ez du aipatu kopurua gaindituko, ez eta eguneratutako beste kopuru bat ere, baldin eta indarreko legediaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira. Zilegi izango da zenbatekoa handitzea, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, eta horiek ebatzi baino lehen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren I+G+b laguntzen beste programa batzuk egikaritzean agortzen ez diren aurrekontuetan dirua badago. Hala bada, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearen ebazpen egokia argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, prozedura ebatzi aurretik, publizitate egokia emateko.

3. artikulua.– Baldintzak.

Deialdiko laguntzak eskuratu ahal izateko, proiektu eta erakunde eskatzaileekin lotuta ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da, Hazitek programa arautzen duen Aginduko 3. eta 21. artikuluen arabera.

4. artikulua.– Eskabideak: aurkezpena eta epea.

1.– Eskabidea enpresetan I+G bultzatzeko programa arautzen duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko urtarrilaren 26ko Aginduaren 14. eta 21. artikuluetan ezarritakoaren arabera egin beharko da.

2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko egoitza elektronikora jo beharko da, jarraian adierazitako helbideetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030807/ (euskaraz)

https://www.euskadi.eus/servicios/1030807/ (gaztelaniaz)

Eskabidea bitarteko elektronikotik aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak nahiz espedientea kontsultatzeko izapideak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

https://www.euskadi.eus/micarpeta

3.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost eguneko izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

5. artikulua.– Ebaluazio-organoa.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko nahiz laguntzak emateko proposamena egiteko, ebaluazio-organoa eratuko da, honako hauek osatuta:

Ebaluazio-organoko burua Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako titularra izango da, Alberto Fernández González eta, haren ordezko, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritzako titularra, Leyre Madariaga Gangoiti.

Organoko kideak honako hauek izango dira:

– Industria eta Eraldaketa Energetiko Zuzendaritzako titularra, Ana Belén Camacho Vera eta, haren ordezko, Industria eta Eraldaketa Energetikoko Zuzendaritzako teknikari bat, Rosa Murillas Maza.

– SPRI ordezkatzen duen pertsona bat, Amaia Martinez Muro eta, haren ordezko, Miguel García Altuna.

– Teknologiaren gaineko eskumena duen Zuzendaritzako teknikari bat, Natividad Niño Bartolomé eta, haren ordezko, Larraitz Segurola Bereciartua, zeina idazkari-lanetan arituko baita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 21a.

Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,

ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.


Azterketa dokumentala