Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2022ko irailaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
4147

EBAZPENA, 2022ko irailaren 12koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, errepide bidezko salgai-garraioko flotak modernizatzeko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen, deialdia egiten eta argitaratzen dituena.

2022ko martxoaren 24an argitaratu zen EBEOn (2022/C 131 I/01) Errusiak Ukrainari eraso ondoren ekonomia bultzatzeko estatu-laguntzako neurriei buruzko Aldi Baterako Esparrua. EBko Aldi Baterako Esparru horretan ezartzen denez, Ukrainaren aurkako errusiar erasoaren edo ezarritako zigorren, edota zigorrei erantzunez hartutako errepresalia-kontraneurrien, eraginpeko enpresentzat, zenbateko mugatuko aldi baterako laguntzak konponbide egokia, beharrezkoa eta selektiboa izan daitezke egungo krisi honetan.

2022ko ekainaren 13an, Europako Batzordeak Aldi Baterako Esparru Nazionala onartu zuen, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia bultzatzeko laguntza-neurriei buruzkoa (SA102771). Aldi Baterako Esparru Nazional horretan ezarritakoarekin bat etorriz, eskumeneko agintariek aukera izango dute enpresa eta autonomoei aldi baterako laguntzak emateko, zehazkiago, aldi baterako laguntzak, likidezia bultzatzeko eta laguntzeko zenbateko mugatuekin, berme moduan eta subsidiatutako maileguen moduan, betiere, Aldi Baterako Esparru Nazional horretan aurreikusitako gainerako baldintzak bete beharko dituztenak.

Garraio-sektorea berotegi-efektuko gasen emisore nagusia da Euskadin, eta energia-kontsumitzaile nagusia ere bai (totalaren % 43,4), ia guztia (% 93,1) petrolioaren deribatuetatik eratorritako erregai fosiletatik datorrena; horregatik, garraioak lehentasunezko sektore bat izan behar du ekonomia deskarbonizatzeko estrategia guztietan, eta bereziki errepide bidezko garraioak, emisioen % 93 eta kontsumitutako energiaren % 80 baino gehiago dela aintzat hartuta. Salgai-garraioari dagokionez, errepide bidezko garraioa lekualdatze guztien % 75 da. Garraio-sektorea Euskadiko BEGaren % 5 da.

2010-2019 aldian energiaren erabilerak gora egin zuen nabarmen garraioaren sektorean (% 22,8 aldi horretan, ekonomiak oro har % 6,9ko beherakada izan bazuen ere), eta hori hala izan zen, nagusiki, 2008-2011 aldiko krisiaren ostean jarduera ekonomikoa suspertu zelako, eta, horren ondorioz, salgaien garraioak eta ibilgailu astunen bidez egindakoak ere gora egin zuelako. Neurri txikiagoan bada ere, Euskadiko ibilgailu-parkearen hazkundeak ere zerikusia izan du emisioen igoera horretan (% 4,8 2010etik 2019ra bitarte, automobil kopuruaren % 6,6ko igoerak bultzaturik). Inpaktu erlatiboa txikiagoa izan da ibilgailuetako emisio-tasek hobera egin izanaren eta erregai konbentzional efizienteagoak erabili izanaren ondorioz. Horregatik, salgai-ibilgailu astunen parkea berritzeak eta txatar bihurtzeak energia- eta ingurumen-efizientzia hobetzea ekarriko du berekin, eta horrela, Aldi Baterako Esparruen helburuak beteko dira.

Energiaren Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa dugu, eta bere gain hartzen ditu aurrezpena eta energia-efizientzia, energia-baliabide berriztagarriak, energia-dibertsifikazioa eta energia-azpiegituren sustapena bultzatzera bideratutako jardunak, betiere EAE Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan. 2030erako Euskadiko Energia Estrategiaren (3E2030) misioa, beharrezkoa den bultzada publikoaren bidez, energia-kontsumoan efizientzia gehitzekoa da, eta, horrekin batera, energia-sistema lehiakorrago, jasangarriago eta seguruago bat lortzea.

Aldez aurretik azaldutako guztiaren ondorioz, eta Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia gauzatuz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen martxoaren 5eko 64/1985 Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, errepide bidezko salgai-garraioko flotak modernizatzeko laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, programaren edukia ebazpen honi I. eranskin gisa eransten zaiolarik.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz, errepide bidezko salgai-garraioko flotak modernizatzeko laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau, oso-osorik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honek bide administratiboa agortzen du; hortaz, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako auzitegietan, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Bilbao, 2022ko irailaren 12a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

IÑIGO ANSOLA KAREAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala