Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2022ko irailaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
4070

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 29koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, lankidetza-erakundeei laguntzak emateko deialdia egiteko dena, 2022. urterako genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako prozesuak sustatzeko.

Martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuak (2018ko apirilaren 9ko EHAA, 67. zk.) lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, erakundeotan genero-berdintasunaren aldeko antolaketa -aldaketako prozesuak sustatzeko.

Dekretu horren 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, bidezko da lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzetarako deialdia egitea, 2022. urterako genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako prozesuak susta ditzaten.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2022ko urtarrilaren 25eko bileran, erabaki zuen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari proposatzea dirulaguntza-deialdia abiaraztea, eta dirulaguntzak emateko oinarrizko irizpideak onartu zituen.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren 2022rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago deialdi hau. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak onartu zuen plan hori, 2022ko martxoaren 21ean egindako bileran, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgunean dago argitaratuta.

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen bidez, lankidetza-erakundeentzako 2022ko ekitaldirako laguntzetarako deialdia egiten da, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak sustatzeko. Laguntza horiek genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuak bultzatzeko lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen dituen martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuan aurreikusita daude.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– 433.000 eurokoa izango da deialdi honetako laguntzak finantzatzeko ezarritako zuzkidura ekonomikoa.

2.– Diruz lagundu daitezkeen faseetariko bakoitzerako jarritako diru-zuzkidura hau da:

a) Generoaren partaidetza-diagnostikoa egitea eta genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzea: 210.000 euro.

b) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzea: 16.000 euro.

c) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa ezartzea eta ondoren plana ebaluatzea. 200.000 euro.

d) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoaren ezarpena ebaluatzea: 7.000 euro.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, eta epemuga-hilean argitaratzen den egun berean amaituko da. Epemuga-hilean ez badago epea hasi den egunaren baliokiderik, hilaren azken egunean bukatuko da epea.

2.– Dirulaguntza jaso ahal izango dute, gehienez ere bi fasetan, baldintza hauen arabera:

a) Generoaren partaidetza-diagnostikoa egitea eta genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzea.

b) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa ezartzea eta ondoren plana ebaluatzea.

3.– Agindu honen ondoriozko eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz bakarrik egingo dira.

4.– Eskaera-orria eskuratzeko eta betetzeko, www.euskadi.eus egoitza elektronikora jo beharko da; Dirulaguntzak atalera, zehazki.

5.– Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragai elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, bai eta eskaera-orria ere. Laguntzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.euskadi.eus webgunean eskuratu ahal izango da, laguntzen eta dirulaguntzen atalean.

6.– Entitate interesduna espedientean sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzenketak, jakinarazpenak eta prozedura honekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/)

7.– Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

8.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunak baimena eman ondoren, legezko ordezkaritzaren akreditazioa ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du administrazio eskudunean. Hala ere, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduketa guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:

– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo

– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua; eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu erantsi beharko dute, edo

– Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/erregistroa/reg_ag_coop/web01-tramite/eu/)

Ordezkariak egoitza elektroniko horretan onartutako bitarteko bat izan beharko du elektronikoki identifikatzeko.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

9.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera.

10.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzen direla.

4. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– I. eranskinaren araberako eredu normalizatuko eskabide-orria osorik bete behar du erakunde eskatzaileak, telematikoki; eskabidea aurkezteko behar diren erakunde eskatzailearen datu orokorrak jasoko ditu eskabide-orriak. Halaber, eskabideak erantzukizunpeko aitorpen hauek jasoko ditu:

a) Dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituela eta hori frogatzeko dokumentazioa duela; dokumentazio hori Administrazioaren eskura jarriko duela, eskatzen zaionean; eskubidea aitortzen zaion bitartean baldintza horiek betetzeko konpromisoa hartzen duela; funtsezko zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak izan ditzakeela; eta Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko eskumena duela.

b) Konpromisoa hartzen duela jakinarazteko helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso dituela, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

c) Konpromisoa hartzen duela jakinarazteko ea sartuta dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta bestelako entitateek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura batean.

d) Ez dagoela sartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako inolako debeku-egoeratan.

e) Ez zaiola ezarri laguntza eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez administrazio-arlokorik, ez zigor-bidekorik, eta ez duela halakorik eskuratzeko legezko debekurik (ildo horretatik, kontuan izan behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak).

f) Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko ezein aginduren pean, Europako Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

g) Konpromisoa hartzen duela jakinarazteko minimis erregimenari lotutako laguntzak lortu dituela, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak 2020ko, 2021eko eta 2022ko zerga-ekitaldietan minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundean kontratatutako (gutxienez) hiru pertsonaren lan-kontratuen kopia digitalizatua.

b) Ez da beharrezkoa izango entitate eskatzaileek inskripzioa Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan aurkeztea, baldin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari baimena ematen badiote eskumena duen administrazioan ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatzeko.

3.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak betetzen dituen, datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez.

Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak espresuki egin diezaioke uko egiaztatze horri, eta, hala eginez gero, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Eskabideak baloratzeko, entitate eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu ahal izango du:

a) Eskabidea generoaren partaidetza-diagnostikoa egiteko eta genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzeko aurkezten baldin bada:

– Proposamen teknikoa, II. eranskin gisa argitaratutako eredu normalizatuaren arabera.

– Aurrekontua, III. eranskin gisa argitaratutako eredu normalizatuaren arabera.

– Genero-egituren egokitasuna baloratzeko: curriculum vitaea eta genero-erreferentea den pertsonaren esperientzia eta prestakuntza egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria, bai eta genero-erreferentea den pertsonaren kontratua ere.

– Kanpoko dinamizazioa egiten duen pertsonaren edo pertsonen egokitasuna balioesteko: curriculum vitaea eta dinamizazioa egiten duen pertsonaren edo pertsonen egokitasuna egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria.

b) Eskabidea genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzeko aurkezten baldin bada:

– Proposamen teknikoa, II. eranskin gisa argitaratutako eredu normalizatuaren arabera.

– Aurrekontua, III. eranskin gisa argitaratutako eredu normalizatuaren arabera.

– Generoaren partaidetza-diagnostikoa, martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 3.a artikuluan ezarritako betekizunekin bat datorrena. Dekretu horrek lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuak sustatzeko.

– Genero-egituren egokitasuna baloratzeko: curriculum vitaea eta genero-erreferentea den pertsonaren esperientzia eta prestakuntza egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria, bai eta genero-erreferentea den pertsonaren kontratua ere.

– Kanpoko dinamizazioa egiten duen pertsonaren edo pertsonen egokitasuna balioesteko: curriculum vitaea eta dinamizazioa egiten duen pertsonaren edo pertsonen egokitasuna egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria.

c) Eskabidea genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa osorik edo zati batean ezartzeko eta ondoren ebaluatzeko aurkezten baldin bada:

– Proposamen teknikoa, II. eranskin gisa argitaratutako eredu normalizatuaren arabera.

– Aurrekontua, III. eranskin gisa argitaratutako eredu normalizatuaren arabera.

– Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa, martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 3.b artikuluan ezarritako betekizunekin bat datorrena. Dekretu horrek lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuak sustatzeko.

– Genero-egituren egokitasuna balioesteko: curriculum vitaea eta dinamizazioa egiten duen pertsonaren edo pertsonen egokitasuna egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria.

– Kanpoko dinamizazioa egiten duen pertsonaren edo pertsonen egokitasuna balioesteko: curriculum vitaea eta dinamizazioa egiten duen pertsonaren edo pertsonen egokitasuna egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria.

d) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoaren ezarpena ebaluatzea: 7.000 euro.

– Proposamen teknikoa, II. eranskin gisa argitaratutako eredu normalizatuaren arabera.

– Aurrekontua, III. eranskin gisa argitaratutako eredu normalizatuaren arabera.

– Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa, martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 3.b artikuluan ezarritako betekizunekin bat datorrena. Dekretu horrek lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuak sustatzeko.

– Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoaren ezarpenari buruzko txostena, martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 3.c artikuluan ezarritako betekizunekin bat datorrena. Dekretu horrek lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuak sustatzeko.

– Kanpoko dinamizazioa egiten duen pertsonaren edo pertsonen egokitasuna balioesteko: curriculum vitaea eta dinamizazioa egiten duen pertsonaren edo pertsonen egokitasuna egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria.

5.– Hizkera ez-sexista erabili beharko da diruz lagundutako prozesuan zehar sortutako dokumentu guztietan, bai eta egiten diren memoria eta txostenetan ere.

6.– Erakunde eskatzaileak berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuan parte hartu duela jakinaraziko du.

7.– Diruz lagundutako prozesuari kanpo-ebaluazioa egin ahal izango zaio, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak sustatuta.

5. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Eskabideak baloratuko dituen Hautaketa Batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:

– Batzordeburua: Alazne Camiña Izkara andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna.

– Batzordekidea: Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Aholkularitza Juridikoko arduraduna.

– Batzordekidea eta idazkaria: Edurne Bengoechea Sorozabal andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako genero arloko programetako teknikaria.

2.– Hautaketa Batzordeko titularren baten postua hutsik badago, titularra kanpoan edo gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, titularrak ordeztu ahal izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpena argitaratu ondoren.

3.– Hautaketa Batzordeak, behar izanez gero, teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.

6. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Balorazio-irizpideak martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 16. artikuluan aurreikusitakoak dira (40/2018 Dekretua, martxoaren 27koa, lankidetza-erakundeei aldaketa-prozesuak sustatzeko ematen zaizkien laguntzak arautzen dituena).

7. artikulua.– Ebazpena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9 artikuluarekin bat, eskabidea aurkeztu zenetik sei hilabeteko epea igaro ondoren, berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23.4 artikuluak dioenez, entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian.

Hori kontuan izanik, 2022ko aurrekontu-ekitaldian ematen diren dirulaguntza guztien % 7koa izango da entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa. Hau da, 2.989.000 euro, garapenerako lankidetzaren kargura urtean onartzen diren laguntzen edozein deialditan; dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuak bultzatzeko lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen dituen martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuan ezarritakoaz gain, ebazpen honek hizpide dituen dirulaguntzek honako hauek xedatutakoa dute oinarri: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren testuaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 29a.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala