Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2022ko irailaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4060

EBAZPENA, 2022ko irailaren 14koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntza-erakundeentzat berrikuntzaren gaineko inbertsioa finantzatzeko 2022rako dirulaguntzen deialdia argitaratzen da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko irailaren 13ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntza-erakundeentzat berrikuntzaren gaineko inbertsioa finantzatzeko 2022rako dirulaguntzen deialdia onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) apartatuan xedatutakoaren arabera (ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak finkatutako testua), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara emango da Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntza-erakundeentzat berrikuntzaren gaineko inbertsioa finantzatzeko 2022rako dirulaguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2022ko irailaren 13ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak laguntza-deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, erabakia aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 14a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO PRESTAKUNTZA-ERAKUNDEENTZAT BERRIKUNTZAREN GAINEKO INBERTSIOA FINANTZATZEKO 2022RAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak (zeinak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen baitu) 2. artikuluan ezartzen du Enplegurako Lanbide Heziketa Lanbide Heziketaren sistemetako bat dela, eta tresnak eta ekintzak dituela enpresen artean eta langileen artean (langabe nahiz landun) prestakuntza bultzatzeko eta zabaltzeko, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzute aldera. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, horrek dauzkan erantzukizunei dagokienez, eta Lanbide Heziketaren eremuan oro har zuzendaritza, antolamendu eta plangintzan Hezkuntza Sailak dituen eginkizunak ezertan eragotzi gabe.

Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak –zeina Lan eta Enplegu Sailari atxikita baitago– egitekoen artean ditu, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaz onarturiko organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Ekimen nagusietako bat enplegurako lanbide-heziketa da, bere prestakuntza-eskaintza desberdinetan.

Enplegurako lanbide-heziketa funtsezko tresna da lan-merkatuan laneratzen eta langileen enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko. Testuinguru horretan, aukera ematen da Euskal Autonomia Erkidegoko langabetuek eta landunek prestakuntza-eskaintza zabala izan dezaten. Eskaintza horrek eraginkortasunez lagundu beharko du beren enplegagarritasuna hobetzen, emandako prestakuntzak enpresen beharrizanei erantzun diezaien, ekoizpen-metodo eta -bitartekoen berrikuntza eta eguneraketako eremu guztiak batuz.

2021-2024 Enplegu Plan Estrategikoak hau zehazten du: «Trantsizio digital, energetiko-klimatiko eta sozio-demografiko hirukoitza gertatzen ari da, herrialdeen, negozioen, industrien, gizarteen eta pertsonen etorkizuna eraldatzeko gaitasuna duena, baina enplegua sortzeko aukera ere izan daitekeena; horretarako, beharrezkoa da pertsona prestatuak izatea». «Kualifikazio handiko eskulan bat behar da, ondo prestatua eta moldagarria, eta biztanleria aktiboaren kualifikazioaren eta enpresen beharren arteko desorekak saihestea hiru trantsizioei lotutako profiletan».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari ezinbestekoa iruditzen zaio pertsona langabetuak eta landunak prestatzen lankidetzan aritzen diren erakundeek EAEko enpresa-sarearen beharretara ondoen egokitzen diren eta eguneratuen dauden bitarteko eta instalazioak edukitzea eta, beraz, eguneraketa eta egokitzapen hori babestea.

Hori horrela, urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegu Legearen testu bateginaren 40. artikuluak, lan-eremuan enplegurako lanbide-heziketaren sistemaren oinarrizko alderdiak arautzean, 6. apartatuan agindu bat egiten die administrazio publiko eskudunei, «prestakuntza-erakunde publiko eta pribatuen sare bat mantentzeko, bere zentro propioekin batera, kalitatezko enplegurako prestakuntza-eskaintza iraunkorra bermatze aldera».

Enplegurako prestakuntza-erakundeentzako berrikuntzaren gaineko inbertsioa finantzatzera bideratutako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2022ko martxoaren 22ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2022ko irailaren 13ko bilkuran, onartu egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntza-erakundeentzat berrikuntzaren gaineko inbertsioa finantzatzeko 2022rako dirulaguntzen deialdia, honako baldintza hauekin:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da 2022ko ekitaldirako enplegurako lanbide-heziketa ematen duten erakundeentzako laguntzak arautzea, azpiegitura berritzaileak emateko inbertsioa finantzatze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden instalazioetan, prestakuntza-ekintzak eman daitezen kalitate, eguneraketa eta eraginkortasuneko bermeekin, enpresen errealitate teknologikora eta gaur egun dituzten ekoizpen-bitartekoetara egokituta. Hartara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako prestakuntzak merkatuaren benetako beharrei erantzungo die, eta, beraz, sustatu egingo du enpresen lehiakortasuna eta langileen laneratzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak guztira 7.000.000 eurokoak dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kontura.

Baliabide horiek bi dirulaguntza lerrotan banatzen dira:

a) 250.000 euro ordenagailuetan inbertsioak egiteko, 4. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, bereziki 4.2 artikuluaren bigarren paragrafoan.

b) 6.750.000 euro gainerako inbertsioetarako.

Dirulaguntzen lerroetako batean kreditua agortzen ez bada, gerakina beste lerroko laguntzak finantzatzeko erabili ahal izango da, eskabideak aurkezteko ordenaren arabera.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte honako baldintza hauek betetzen dituzten prestakuntza-erakundeek.

– Eusko Jaurlaritzaren mendekoa ez den prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoa izatea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako prestakuntza-erakundeen erregistroan, autonomia erkidegoren bateko prestakuntza-erakundeen beste erregistro batean edo Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan akreditatuta edo izena emanda egotea, dirulaguntzarekin lotutako inbertsioei dagokien familia profesionaleko prestakuntza-espezialitateetako gutxienez bi irakasteko.

– ekitaldi honetan ematen egotea edo 2018., 2019., 2020. eta 2021. urteetako batean edo batzuetan eman izana gutxienez bi prestakuntza-ekintza urtean (batez beste), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduta, laguntzarekin lotutako inbertsioei dagokien familia profesionalaren barruan. Batez besteko zenbateko hori kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: 2018. eta 2022. artean (biak barne) eman diren eta ematen ari diren ekintzen batura zati emandako urteen kopurua.

2.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren erakundeak:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.

c) Zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita edukitzea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen diona, hauek barne:

– Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzkoak) edo martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerakoak) ezarritakoaren arabera.

– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak (Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezarri izana, ebazpen irmo bidez.

d) Legez ezarritako kausaren bat izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, otsailaren 18ko 4/2005 Legean (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzkoan) aurreikusitakoak barne:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ez edukitzea ezarrita sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

e) Azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak (Dirulaguntzei buruzkoak) 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatzen duen gainerako egoeraren batean egotea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 2. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

4. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jarduerak.

1.– Deialdi honen babespean diruz lagundu ahal izango dira ekipamendu aurreratuak edo makinak erosi edo alokatzeko eragiketak, renting edo leasing modalitateak barne, bai eta horiek instalatzeko gastuak ere, baldin eta beharrezkoak badira familia profesional bereko prestakuntza-espezialitateak emateko, berrikuntzaren gaineko inbertsioa eragiten badute, edo azpiegitura-hornidurak lan-merkatuan gertatzen diren aldaketa teknologikoetara egokitzea eta eguneratzea badakarte, langileei aldaketa horietara egokitutako prestakuntza eskaintze aldera.

Errentamendu, renting edo leasing kasuetan, kontratuaren iraupena gutxienez 2024ko abenduaren 31ra arte luzatu beharko da. Leasing kasuan, kontratuaren iraupena baxuagoa izan ahalko da, baldin eta prestakuntza-erakundeak kontratua amaitzean hura erosteko aukera izango duela egiaztatzen bada, 6.3.b) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Era berean, diruz laguntzeko modukoa izango da instalazioak hobetu edo aldatzeko gastu oro, ikaskuntza-metodologia eta -tresna berritzaileak ezartze aldera.

2.– Diruz lagundutako ekipamenduak eta makinak dirulaguntzaren xede zehatzera bideratuko dira, gutxienez 2024ko abenduaren 31ra arte.

Ondore horietarako, fisikoki prestakuntzarako espazioetan kokatuko dira (prestakuntzaren tailerra edo gela), eta soilik prestakuntzarako erabiliko dira. Ez dira inoiz baliatuko irakasleen edo ikastetxeko zuzendaritzen erabilera esklusiboko ekipamendu moduan. Ondorioz, dagozkion espezialitaterako espezifikoak izango dira.

3.– Aurreko ataletan deskribatutako jarduera diruz lagungarriak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden instalazioetan instalatu beharko dira, izan propioak edo besterenak. Azken kasu horretan, errentamendu-kontratu bat edo horiek erabiltzeko hitzarmen bat egon beharko da tartean, aurreko atalean aurreikusitako denborarako, gutxienez.

4.– Makina edo/eta ekipoak erosi, errentamendu, renting edo leasingeko kuotak ordaindu eta deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzaren xedeko instalazioak hobetu edo aldatzeko lanak 2022ko urtarrilaren 1aren eta dirulaguntza-eskaria aurkeztu den dataren artean egin beharko dira. Ondorioz, diruz lagun daitekeen gastua aldi horretan benetan ordaindutakoa izango da.

5.– Makinak edo ekipoak erosi edo alokatzeko (renting edo leasing barne) kostua ez da inola ere izango merkatuko balioa baino altuagoa.

6.– Makinak edo ekipoak erosi edo alokatzean jasanarazitako balio erantsiaren gaineko zerga diruz laguntzeko modukoa izango da, baldin eta ezin bada berreskuratu zerga-araudi aplikagarriaren arabera.

7.– Honako makina edo ekipo hauek ezin izango dira diruz lagundu:

– Administrazio-elementu komunak, ordenagailuak eta beste elementu informatiko batzuk (eskanerrak, inprimagailuak edo bestelakoak), prestakuntzako gelan, tailerrean edo prestakuntza-jarduerak garatzen diren tokian fisikoki kokatzen ez direnak eta soilik prestakuntza-helburuetarako ez direnak; halaber, irakasleek, zuzendaritzak eta ikastetxeko administrazioak soilik erabiltzekoak diren ekipoak.

– Aplikazio informatiko edo teknologikoen erabilerarako software eta lizentziak, beren xedeko espezialitateetarako espezifikoak ez badira.

– Sareko elementu komunak, esaterako zerbitzariak, wifi sarbideak edo xedeko espezialitaterako espezifikoak ez diren beste batzuk.

– Erabilera partekatu eta orokorreko beste edozein elementu, xedeko espezialitaterako espezifikoa ez bada.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoaren gainean kalkulatuko da, Lanbidek deialdietako edozeinetan diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen kopuruaren arabera, baldin eta ekintzok 2018 eta 2022 arteko aldian (biak barne) ematen badira edo eman badira, eta laguntzarekin lotutako inbertsioei dagokien familia profesionaleko prestakuntza-espezialitateen kopuruaren arabera, baldin eta espezialitate horiek emateko akreditatuta edo izena emanda badago prestakuntza-erakunde eskatzailea, honako ehuneko hauek aplikatuz:

(Ikus .PDF)

2.– Prestakuntza-erakundeko eta familia profesionaleko gehieneko dirulaguntza 70.000 eurokoa izango da, 2. artikuluan aurreikusitako dirulaguntzen lerro batera nahiz bietara aurkeztu. Erakunde bakoitzeko ez dira hiru familia profesional baino gehiago finantzatuko dirulaguntzen bi lerroetan. Edonola ere, minimis laguntzak arautzen dituen araudi europarrean aurreikusitako muga aplikatuko da, deialdi hau araudi horren pean baitago, 15. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– Dirulaguntza-eskabideak, behar bezala eta guztiz beteta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren webgunean.

Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabideak eskuragarri egongo dira honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1218601

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Eskabide bakarra aurkeztuko da erakunde eta dirulaguntza lerro bakoitzeko (2. artikulua), eta diruz laguntzekoak diren gastuak familia profesionalen arabera bereiziko dira.

Inbertsio bakoitza familia profesional bakar bati esleitu ahal izango zaio.

3.– Eskabide bakoitzarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Aurkeztutako proiektu bakoitza deskribatzen duen memoria bat, elektronikoki sinatuta; bertan, egindako inbertsioaren azalpen labur bat, programatutako helburuen lorpen-mailari buruzko informazioa eta emaitzen eta hobetzeko proposamenen ebaluazioa jasoko dira.

b) Justifikazio-memoria ekonomikoa. Agiri horretan, honako hauek jasoko dira:

– Erosketaren kasuan: fakturak eta ordainketa egiaztatzeko dokumentazioa, bai eta faktura horien zerrenda ere, eta bertan jasoko dira hornitzailearen/finantza-erakundearen identifikazioa, faktura-zenbakia, fakturaren igorpen-data eta ordainketaren data.

– Errentamendu, renting edo leasingaren kasuan: kuoten hileroko ordainagiriak edo fakturak, horiek ordaindu direla egiaztatuta, eta kontratua, gutxienez 4.1 artikuluan aurreikusitako iraupenarekin. Leasingaren kasuan, kontratuaren iraupena artikulu horretan eskatutakoa baino baxuagoa bada, kontratua amaitzean hura erosteko aukera baliatzeko konpromisoa erantsi beharko da, bi aldeek sinatuta, edo, hala badagokio, diruz lagun daitekeen aldiaren barruan benetan egindako erosketaren egiaztagiria.

–. Instalazioak hobetu edo aldatuz gero, egindako gastua eta ordainketa egiaztatzen duten agiriak.

c) Inbertsioa, dirulaguntzaren bidez ez ezik, funts propioen edo beste dirulaguntza edo bitarteko batzuen bidez ere finantzatu bada, zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira.

d) Balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratzeari buruzko informaziorako, dirulaguntzaren eskatzaileek zergaren aitorpenak aurkezteko betebeharrik ez dutela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, zerga-administrazio eskudunak emanda, edo, hala badagokio, eskuragarri dagoen azken ekitaldiko zergaren urteko likidazio-aitorpenaren 390 eredua.

e) Diruz lagundutako inbertsioarekin edo gastuarekin lotutako instalazioak ez badira propioak, errentamendu-kontratua edo hura erabiltzeko baimena ematen duen hitzarmena (gutxienez 2024ko abenduaren 31ra arte) aurkeztu beharko da.

4.– Aurkeztutako dokumentazioak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

5.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2022ko urriaren 30ean amaituko da.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Prozedura izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendaria da.

2.– Berrikuntzaren gaineko inbertsioaren laguntzetarako dirulaguntza emateko prozedura ondoz ondoko lehiaketa izango da.

Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, eskabidea aurkezteko hurrenkeraren arabera emango diralaguntzak, 2. artikuluan aurreikusitako baldintzetan aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

Behin hasierako aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko du, egoitza elektronikoaren bidez.

4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa da, eskabide telematikoa egoitza elektronikoaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, dirulaguntzaren eskaera ezetsi dela ulertuko da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpenek ez dute amaitzen administrazio-bidea, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzearen baldintzapean.

7.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da jakitera zer erakundek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

8. artikulua.– Prestakuntza-erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan adierazitakoez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako makinak edo ekipoak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzea, gutxienez 2024ko abenduaren 31ra arte.

b) Jasotako funtsak erabili izana justifikatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz, beren eginkizunak betetzean hala eskatzen denean.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen eskutik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu direla, deialdi honetan aurreikusitako xede bererako.

e) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langileei erraztasunak ematea diruz lagundutako inbertsioak dauden instalazioetara sartzeko.

g) Berariaz jasotzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen den finantzaketa diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta jarduera horien zioz bideratzen diren ekintzetan ere. Finantzaketa hori hedatzeko neurri gisa, euskarri informatikoetan nahiz bestelakoetan honako adierazpen hau sartuko da: «Makina edo ekipo honek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kofinantzaketa jaso du 2022. urteko deialdian».

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, hura emateko ebazpena ezarri ondoren.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan egin ahalko du: https://euskadi.eus/hirugarrenak

10. artikulua.– Dirulaguntzaren aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da; betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako ematen dituenekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Kasu honetan, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskuratu direla jakinarazi beharko da. Gainfinantzaketa egonez gero, deialdi honen arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, harik eta laguntzen baturak 4.4 artikuluan aurreikusitako aldiko gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa gainditzen ez duen arte.

12. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bidezko egiaztapenak egingo ditu ziurtatzeko diruz lagundutako makina/ekipoa dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzen dela, gutxienez 4.2 artikuluan eskatutako gutxieneko aldian.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, berrikuntzaren gaineko inbertsioaren onuradun izan diren prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta diruz lagundutako makina/teknologia berriak erabiliz emandako prestakuntzaren emaitza ebaluatzeaz harago doan lana da, eta kalitatearen hobekuntza bermatzeko balio izango du.

Horretarako, prestakuntza-ekintzak garatzen diren eta eskuratutako horniduraren kokaleku den zentroa bisitatu ahalko da, eta idazki bidez jasoko da dirulaguntza onartzeko ezarritako baldintzak betetzeko beharra mantentzen dela (instalazioak, hornidura eta ekipamendua, baliabide didaktikoak, irakasleak...) edo, hala badagokio, zer-nolako irregulartasunak hauteman dituen, ongi zehaztuta, arazoak konpon ditzaten.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak auditoretzen eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako makinak/teknologiak prestakuntza-erakundearen instalazioetan benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.

13. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak –osorik edo zati batean– itzuli beharko dira, dirulaguntza eman denetik aplikatu ahal izan diren berandutze-interesekin batera, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan; edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan; edo deialdi honetan berariaz aurreikusitakoetan. Eta, bereziki, honako hauetan:

a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintzak eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

b) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Deialdi honetako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuraduna den erakundeari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.

3.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek aurkezteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, behar denean, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epealdian, bidezko diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio. Epealdi hori borondatezkoa izango da.

Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

14. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea izango dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta haien aurka egiteko eta haien tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

15. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan zehaztutako laguntzak, 3. artikuluan aurreikusitako onuradunei emandakoak, «minimis» laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an egindako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren (DOUE L352, 2013-12-24) pean daude. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati emandako minimis laguntzen guztizko zenbatekoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izango hiru zerga-ekitalditan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– 2020, 2021 eta 2022ko ekitaldietan jasotako minimis laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

16. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen araubide juridikoa arautzen duten arau-xedapen hauek aplikatu behar zaizkio: Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa), oinarrizko legeria baitira; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.


Azterketa dokumentala