Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

175. zk., 2022ko irailaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3984

AGINDUA, 2022ko ekainaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez laguntzetarako deialdia egiten baita, Lanbide Heziketako ikasleen artean ekintzailetzaren kultura sustatzeko 2022-2023 ikasturtean.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluak ezartzen duenez, «Konstituzioaren Lehenengo Xedapen Gehigarrian ezarritakoa betetze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluari eta berau garatzen duten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe, eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezkoa den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe».

Beste alde batetik, bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen II. kapitulua Lanbide Heziketako Sistema Integratuari buruzkoa da. Lege horren 21.1.a) artikuluan jasotako helburuen artean, honako hau dago: jarduera profesionalak garatzeko gaitasuna ematea; batetik, sustapen profesionaleko itxaropen pertsonalak ase ahal izateko eta, bestetik, produkzio-sistemaren prestakuntza-beharrizanei erantzuteko.

Horretarako, 21. artikuluaren 2.e) apartatuan, adierazten da Eusko Jaurlaritzak dagozkion neurriak hartuko dituela ekintzailetza-gaitasuna garatuko duten programak sartzeko prestakuntza-eskaintzan.

Beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 3. artikuluaren 2.c) apartatuan ezartzen denez, honako hauek izango dira, besteak beste, lanbide heziketako euskal sistemaren helburuak: berrikuntza, sormena, ekintzailetza-gaitasuna eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) erabilera sustatzea, bai hasierako lanbide heziketan, bai enplegurako lanbide heziketan.

Era berean, aipatutako 4/2018 Legearen 8. artikulua ekintzailetza-ikaskuntzaren esparrukoa da, eta, artikulu horren 2. apartatuak adierazten duenez, ekintzailetzaren ikaskuntza-proiektuetan, konpetentzia berriak (sormenezkoak zein kontzeptualak) garatzeko ahalegina egingo da ikasleen artean, ekintzailetzaren kultura sustatzeko asmoz eta jarduera errealen araberako esperientzia praktikoetan oinarrituta.

Ildo berean, 4/2018 Legearen 9. artikuluaren 2. apartatuak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide heziketaren arloan eskumena duen sailak berariaz bultzatuko du berrikuntzaren eta ekintzailetzaren eremuko ikaskuntza- eta sustatze-ekintzak sartzea, arlo horiek garatzeko beharrezkoa den prestakuntza ematea, eta bi eremu horiei lotutako proiektuak martxan jartzea.

Era berean, Lanbide Heziketako V. Euskal Planaren helburu eta ekintza-ildoetako batzuetan, ekintzailetzaren kultura sustatzea dago jasota. Hala, 1. esparru estrategikoa aipatu behar da: «Ikaskuntza 4.0 testuinguruan», 1. helburua: «Errendimendu Handiko Heziketa Zikloak finkatu eta hedatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan», 1.9 ekintza-ildoa, zeinaren helburua baita «Ekintzailetzaren kultura sustatzea, jarrerak aldatzeko eta, horrela, gaur egungo eta etorkizuneko gizartearen errealitatearekiko fidelagoak izango diren konpetentziak garatu ahal izateko».

Testuinguru horretan, zenbait ekimen egin dira ekintzailetzaren kultura sustatzeko, eta ikasleek enpresa-arloko simulazio-proiektuak egitea da esparru horretako funtsezko jardueretako bat. Ikasketa-tresna horren bitartez, ikasleek zenbait konpetentzia garatzeko aukera dute, eta, modu horretan, profesional onak, enplegagarriak, pertsona aktibo eta ekintzaileak, edo intraekintzaileak izango dira, eta lan-merkatu aldakor eta ezegonkorrari egin ahal izango diote aurre. Era berean, sentsibilizazioa piztu dakieke, autoenplegua ere aukeretako bat izan dadin.

Horregatik, kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, EAEko aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak zehazten dituena, eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak,

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA ETA BETEKIZUNAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Agindu honen xedea da ikastetxe pribatu itunduei zuzendutako laguntzen deialdia egitea, 2022-2023ko ikasturtean ekintzailetzaren kultura sustatzeko ikastetxe horietako Oinarrizko Lanbide Heziketako, Erdi Mailako edo Goi Mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloren bateko 2. mailan dauden ikasleen artean. 3 urteko iraupena duten Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan, deialdi hau 3. mailako ikasleentzat izango da soilik.

2.– Laguntza hauek itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez diren alderdietan, lege hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak emandako laguntzen eta dirulaguntzen araubideari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Helburu horretarako, 120.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura finantzatuta.

3. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Enpresa-arloko simulazio-proiektuez gain, ikastetxearen proiektuak curriculumekoak ez diren prestakuntza-jarduerak ere jaso ditzake, ikasleen ekintzailetza-gaitasuna areagotzeko asmoz: ekimena, sormena, inteligentzia emozionala, erresilientzia, lidergoa, lorpenetarako orientazioa, komunikazioa... landuko dira jarduera horietan, ikastetxetik kanpoko profesionalen eskutik.

2.– Ikastetxe onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak ere. Baldintza hori betetzea beharrezkoa izango da, bai onuradun izateko orduan eta bai onuradun izaten jarraitzeko ere, emandako dirulaguntza likidatu arte.

Organo kudeatzaileak modu automatikoan eta behar beste aldiz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela, eta, horretarako, ez du ikastetxe eskatzaileen baimenik beharko, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin bat etorriz.

Ikastetxe eskatzaileak horren aurka egin ahal izango du, arrazoituta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluarekin bat etorriz; kasu horretan, lehenago aipatutako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

3.– Ikastetxe eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte deialdi honetan parte hartzeko:

– Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea galarazten dion zehapen penal edo administratiborik.

– Ez egotea ezgaituta arlo penal edo administratiboan, sexu-bereizkeriagatik (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena).

Derrigortasun-kasuetan, berdintasun-plan bat indarrean izatea eta/edo sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzea, indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzetan.

Diruz lagunduko den jarduerak ezin izango du sexuan oinarritutako bereizkeriarik eragin.

4. artikulua.– Jarduerak eta gastu finantzagarria.

1.– Diruz lagundu ahalko den jarduera eskaera egin duen ikastetxearen proiektu baten garapena izango da, ekintzailetzaren kultura sustatzeko asmoz, betiere 2022-2023 ikasturtean ikastetxe horietan Oinarrizko Lanbide Heziketako, Erdi Mailako edo Goi Mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-ziklo bateko 2. mailan dauden ikasleei zuzenduta. 3 urteko iraupena duten Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan, deialdi hau 3. mailako ikasleentzat izango da soilik.

2.– Helburu hori lortzeko, ikastetxearen proiektuak enpresa-arloko simulazio-proiektuak jaso beharko ditu garatu beharreko jardueren artean. Proiektu horiek, hain zuzen ere, ikastetxearen proiektuan parte hartzen ari diren ikasleek egindakoak izango dira.

3.– Enpresa-arloko simulazio-proiektuak modu indibidualean egin ahal izango dituzte ikasleek, edo zenbait ikasleren artean lankidetzan.

Edonola ere, enpresa-arloko simulazio-proiektuak garatzeko orduan, ikasleek ikastetxeko irakasleen laguntza eta aholkuak jasoko dituzte, eta ikasleek objektibotasunean, gardentasunean eta aukera-berdintasunean oinarrituta hartuko dute parte.

4.– Enpresa-arloko simulazio-proiektuez gain, ikastetxearen proiektuak curriculumekoak ez diren prestakuntza-jarduerak ere jaso ditzake, ikasleen ekintzailetza-gaitasuna areagotzeko asmoz: ekimena, sormena, inteligentzia emozionala, erresilientzia, lidergoa, lorpenetarako orientazioa, komunikazioa... landuko dira jarduera horietan, ikastetxetik kanpoko profesionalen eskutik. Prestakuntza-ekintzetan, genero-ikuspegia hartuko da aintzat, eta bazter utziko da genero-rolen eta -estereotipoen erreprodukzioa.

Prestakuntza-jarduerak ikasleen eskola-orduetatik kanpo egingo dira. Irakasleek zuzeneko irakaskuntza-ordutegitik kanpora hartuko dute parte ekintzetan.

5.– Era berean, ikastetxeko ikasleen artean ekintzailetzaren kultura hedatzen lagunduko duten ekitaldiak egin ahal izango dira, deialdi honen bitartez garatutako enpresa-arloko simulazio-proiektuen zabalkundea egiteko beste ikastetxe batzuetan edo zuzkidura ekonomikoa jaso duen ikastetxearen udalerrian.

6.– Honakoak baino ez dira hartuko gastu finantzagarritzat: zalantzarik gabe, ikastetxearen onartutako proiektuan jasota dauden jardueren garapenari dagozkion gastuak; betiere, jarduera horiek 2022ko abenduaren 23ra arte egiten badira.

Proiektuan sartutako jarduerak garatzeko gastu finantzagarriak material suntsikorrak, tresna txikiak, tresnak edo software espezifikoak erosteari buruzkoak dira, baldin eta, inolako zalantzarik gabe, bat baldin badatoz enpresa-arloko simulazio-proiektuaren oinarrian dagoen produktuaren prototipo baten garapenarekin edo zerbitzuaren diseinu baten garapenarekin. Betiere, horrek ez badakar inbertsiorik zentroarentzat. Artikulu honen 4. puntuan jasota dauden eta curriculumekoak ez diren prestakuntza-jarduerak ere sartu ahal izango dira, bai eta, hala badagokio, zabalkunde-ekitaldiei dagozkien gastuak ere (4. artikuluaren 5. puntua): azpiegiturak alokatzea (espazioak, standak...), ekitaldiaren zabalkunderako eta komunikaziorako kanpaina, liburuxkak edo diptikoak, besteak beste.

Ez da finantzatuko beharrezkoak ez diren edo enpresa-arloko simulazio-proiektuaren oinarrian dagoen produktuaren prototipo baten garapenarekin edo zerbitzuaren diseinuarekin zuzenean lotuta ez dauden tresna edo software espezifikoen erosketa; adibidez, enpresa-arloko simulaziorako softwareak.

Ezin izango da ikastetxearentzako inbertsio-gasturik egin, emandako laguntzaren kargura.

Edonola ere, gastu horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 30/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Ikastetxe bakoitzeko esleitu ahal izango den zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da, gehienez ere. Horretarako, ikastetxeak aurkeztutako proiektua eta jarduera bakoitzerako xehatutako aurrekontua hartuko dira kontuan.

2.– Gehienez ere, emandako laguntzaren zenbatekoaren % 40 eman ahal izango da 4. artikuluaren 4. eta 5. apartatuetan jasotako jardueretarako. Beraz, emandako laguntzaren % 60, gutxienez, ikasleek enpresa-arloko simulazio-proiektuak egitera bideratu beharko da.

3.– Prestakuntza-jarduerek finantzaketa hau jaso ahal izango dute: emandako prestakuntza-ordu bakoitzeko, gehienez ere, 100 euro.

6. artikulua.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin.

Agindu honetan araututako laguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen dirulaguntzekin edo laguntzekin.

II. KAPITULUA
ESKABIDEAK, HAUTAKETA ETA PROZEDURA

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Ikastetxe itunduek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

Izapidetze elektronikoa araututa dago, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta, bestetik, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean.

2.– Eskaera izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak biltzen dituen administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxa, zeinaren bitartez lor baitaiteke eskaera egiteko inprimakia, helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1068005

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, modu elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkariak inskribatuta egon beharko du Eusko Jaurlaritzako ordezkarien erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1068005

3.– Ikastetxeko legezko ordezkariari dagokio eskaera egitea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari zuzenduta.

4.– Eskabideak eta haiei erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak aukeratutakoaren arabera. Era berean, eskaera egin duen ikastetxeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

9. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera egiten duten ikastetxeek agindu honetako eranskinak baino ez dituzte erabiliko dokumentazioa aurkezteko. Aurreko deialdietako eranskinak eta/edo eskaneatutako eranskinak dituzten agiriak baztertu egingo dira.

1.– Behar bezala betetako eskabide-inprimakia, Agindu honen I. eranskina erabilita.

2.– Ikastetxeak ekintzailetzaren kultura sustatzeko garatu nahi duen proiektua edo proiektuak deskribatzeko fitxa, Agindu honen II. eranskinean adierazitako edukiekin bat etorriz.

3.– Prestakuntza-jardueren fitxa, eskatutako prestakuntza-ekintzak bilduko dituena. Fitxa bat beteko da, III. eranskineko ereduari jarraituz.

10. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio, aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

11. artikulua.– Instrukzio- eta kudeaketa-organoa.

Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak izapidetzea eta kudeatzea.

12 artikulua.– Hautaketa egiteko eta puntuazioa emateko irizpideak.

1.– Deialdiko laguntzak eskuratu ahalko dituzte ikastetxe pribatu itunduek, baldin eta, eskabidea garaiz eta forman aurkeztuta, Agindu honen 3. artikuluko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen badute.

2.– Deialdi honetako laguntzak lehia-prozedura bidez emango dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen EAEko administrazio publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubidea arautzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49. artikuluan xedatutakoa betez.

Horrenbestez, artikulu honen 3. apartatuko hautaketa-irizpideak aplikatuta, eskabideen arteko hurrenkera finkatuko da, eta, Agindu honen 2. artikuluan ezarritako kreditu erabilgarriaren eta 5. artikuluan finkatutako mugen arabera, balorazio onena eskuratu duten eskabideei emango zaie laguntza, kreditu erabilgarria agortu arte.

3.– Hautaketa-irizpideak honako hauek izango dira:

3.1.– Ikastetxearen proiektuan sartutako enpresa-arloko simulazio-proiektuen balorazioa.

Puntuazio jakin bat emango zaio ikastetxearen proiektuan sartutako enpresa-arloko simulazio-proiektu bakoitzari, ondorengo apartatuen arabera. Kontzeptu honengatik lortutako azken puntuazio osoa modu honetan aterako da: enpresa-arloko simulazio-proiektu bakoitzari emandako puntuazio indibiduala, zati ikastetxearen proiektuan sartutako enpresa-arloko simulazio-proiektu guztien kopurua.

a) Definitutako negozio-ideia eta balio-proposamena: (gehienez, 7 puntu).

– Negozio-ideia eta balio-proposamena definitzea. (5 puntu).

– CANVAS negozio-ereduak jasotzen duen dokumentua eranstea. (2 puntu).

b) Enpresa-arloko simulazio-proiektua: (gehienez, 13 puntu).

– Horretan ari diren edo esparru horretan aurretiazko esperientzia duten ikasleen heziketa-zikloarekin dago erlazionatuta: puntu 1.

– Lotuta dago eraldaketa digitalarekin, eta teknologia aurreratuen erabilera sustatzen du, hala nola: digitalizazioa (errealitate birtuala, errealitate areagotua, adimen artifiziala, etab.), konektagarritasuna, robotizazioa eta automatizazioa, zibersegurtasuna, datuen azterketa. 2 puntu.

– Jasangarritasuna jorratzen du: energia-efizientzia, ekonomia jasangarria, ekonomia zirkularra, 4.0 osasuna, Biozientzia eta Bioteknologiak, etab. 2 puntu.

– Proiektua industria-sektoreko enpresa bat sortzera bideratuta dago, eta/edo zerbitzu aurreratuen arlokoa da. 2 puntu.

– Lotuta dago Garapen Jasangarriko Helburuen garapenarekin, eta/edo gizarte-ekonomiaren balioak jorratzen ditu. 2 puntu.

– Dibertsitatea duten eta bazterketa-arriskuan dauden kolektiboak gizarteratzen laguntzen du, edo pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko osagai soziala dauka: 2 puntu.

– Ez du genero-rolik eta -estereotiporik erreproduzitzen, eta/edo emakumezkoen ekintzailetza sustatzen du: 2 puntu.

c) Enpresa-arloko simulazio-proiektuan planteatutako forma juridikoa: (gehienez, 3 puntu).

– Autonomoa edo ondasun-erkidegoa: puntu 1.

– SL, SA: 2 puntu.

– Koop. S., Lan S.: 3 puntu.

d) Produktuaren prototipoa edo zerbitzuaren diseinua garatzeko beharrizanak: (gehienez, 3 puntu).

– Premien zehaztapena: puntu 1.

– Beharrizanen justifikazioa: 2 puntu.

3.2.– Aurkeztutako proiektuaren inpaktua (10 puntu, gehienez):

a) Ikastetxeak emandako heziketa-zikloen kopurua, ikastetxearen proiektuari dagozkionak:

– Zikloen % 100-76 inplikatzen badu: 5 puntu.

– Zikloen % 75-51 inplikatzen badu: 3 puntu.

– Zikloen % 50-25 inplikatzen badu: puntu 1.

b) Azken mailan dauden eta enpresa-arloko simulazio-proiektuak egingo dituzten ikasleak:

– Kopurua ikastetxeko azken mailan dauden ikasleen % 70 baino gehiago bada: 5 puntu.

– Kopurua baldin bada ikastetxeko azken mailan dauden ikasleen % 70 edo gutxiago, eta % 40 baino gehiago: 3 puntu.

– Kopurua baldin bada ikastetxeko azken mailan dauden ikasleen % 40 edo gutxiago, eta % 25 baino gehiago: puntu 1.

13. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Balorazio Batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko; kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango dira kideak:

a) Batzordeburua: Rikardo Lamadrid Intxaurraga, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.

b) Batzordekideak:

– Pilar Díez Mintegui, TKNIKA - Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroko Errendimendu Handiko Ikaskuntzen Arloan ekintzailetzaren kultura garatzeko berrikuntza aplikatuko teknikaria.

– Arantza Alvarez Rubio, TKNIKA - Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroko enpresak sortzeko berrikuntza aplikatuko teknikaria.

– Miriam Lasagabaster Herrarte, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

14. artikulua.– Ebazteko, jakinarazteko eta publikotasuna emateko prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, Balorazio Batzordeak hala proposatuta.

2.– Ebazpenak erabakiko du eskatutako laguntzak emango diren ala, hala badagokie, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, adierazi behar da zein den ikastetxe onuraduna, emandako laguntzaren zenbatekoa, eta diruz lagundutako proiektuaren izena. Ukatutako eskabideei dagokienez, ikastetxearen izena, proiektuaren titulua, eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

3.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa), eta hor argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Ebazpenetan honako hauek ere jasoko dira: emandako dirulaguntzen zerrenda, eta baztertu eta prozeduratik kanpo geratu direnen zerrenda; emandakoen kasuan, zenbatekoak adierazi beharko dira, eta, baztertu eta prozeduratik kanpo geratu direnen kasuan, horretarako arrazoiak zeintzuk izan diren.

4.– Ebazpenaren jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»-ren bitartez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Aurreko puntuan esandakoa alde batera utzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute, inolaz ere, egindako jakinarazpen-baliorik izango.

6.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

7.– Prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako ondorioetarako.

15. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira: lehena, emandako laguntza osoaren % 40, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Gainerakoa (% 60), berriz, justifikazioa 19. artikuluan adierazitako epean eta baldintzetan aurkeztu ondoren.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eman badituzte, eta horiek itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren bat oraindik izapidetzen ari bada, prozedura hori amaitu beharko da ikastetxe onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

16. artikulua.– Laguntza emateko baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzeak, eta, hala egokituz gero, helburu bererako edozein diru-sarrera edo baliabide lortzeak berekin ekarri ahal izango dute ebazpena aldatzea dirulaguntzaren araudian ezarritakoari jarraituz, betiere, haren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Ondorio horietarako, Lanbide Heziketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren kopurua doitu egingo da, edo, hala badagokio, jasotako gehiegizko diru-kopurua itzultzeko aginduko da.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa gehi dagokion berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio, hauetakoren bat gertatuz gero:

a) Ikastetxe onuradunak aurkeztutako azken memoriatik ondorioztatzea jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako proiektuan proposatutako gutxieneko helburuak.

b) Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.

c) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan daude jasota, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikuluan.

d) Aldi berean erakunde publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntza jaso izana.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretu Legegileak onartutako Testu Bategina), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA
IKASTETXE ONURADUNEN BETEBEHARRAK, JUSTIFIKAZIOA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

18. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako deialdiko laguntzen onuradun diren ikastetxeek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

2.– Ikastetxeko Urteko Planean sartzea diruz lagundutako jarduerak.

3.– Emandako dirulaguntza justifikatzea, 19. artikuluan jasotakoaren arabera.

4.– Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

5.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribaturengandik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri ematea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

6.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri ematea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

7.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horien euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau sartuko dute: «Eusko Jaurlaritzak finantzatutako jarduera».

8.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

9.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluko gainerako betebehar guztiak betetzea; eta, zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari haiek eskatzen duten edozein informazio ematea, laguntzen xedea fiskalizatu ahal izan dezaten.

10.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, ikastetxe onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak eskuragarri jarritako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak-argibideak

Hori egin ezean, ezin izango da ordainketa egin.

Era berean, gune elektroniko horretan, lehendik dauden datuak aldatzeko aukera ere badago. Ofizioz aztertuko da erakunde eskatzailea alta emanda dagoen erregistroan.

11.– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke dagokion zerbitzuan, zeina erabilgarri egongo baita egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

19. artikulua.– Laguntzak justifikatzea.

1.– Ikastetxe onuradunek 2023ko urtarrilaren 10a baino lehen aurkeztuko dute egindako gastuen justifikazioa, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Txosten ekonomikoa eta egindako gastuaren laburpena (IV. eranskina), fakturak eta emandako dirulaguntzari edo zuzkidura ekonomikoari legez inputa dakiokeen beste edozein egiaztagiri, honako hauek adierazita: jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data, hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, kontzeptua eta zenbatekoa.

Faktura eta/edo ordainagiri horiek 2022ko abenduaren 24a baino lehenagokoak izango dira.

Dirulaguntza ematen duen organoak, ausazko laginketa sinplearen bidez, egokitzat jotako egiaztagiri oro egiaztatu ahal izango du, dirulaguntza modu egokian erabili dela ondorioztatzeko adinako ebidentzia bildu arte. Horretarako, hautatutako gastuen egiaztagiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dio erakunde onuradunari. Halaber, salbuespen gisa, jatorrizko dokumentua aurkezteko eskatu ahal izango du, edo aurkeztutako kopiak erkatzeko; horretarako, jatorrizko dokumentua erakutsi beharko da.

b) Amaierako ebaluazio-memoria. Bilakaera eta emaitzak adieraziko ditu, aurreikusitako helburuekin alderatuta (V. eranskina).

20. artikulua.– Jarraipena.

1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak diruz lagundutako jardueren segimendua egingo du, jarduera horiek benetan egin direla bermatzeko. TKNIKA - Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroko Ikaskuntza eta Errendimendu Handiko Arloaren bitartez egingo da segimendua.

2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diruz lagundutako prestakuntza-jardueren garapenean, TKNIKAko Ikaskuntza eta Errendimendu Handiko Arloak, komeni bada, egoki irizten dion txostena bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, Agindu hau betearazteko neurriak har ditzan.

21. artikulua.– Ebaluazioa.

TKNIKAko Ikaskuntza eta Errendimendu Handiko Arloak, ikastetxeek igorritako amaierako memorian eta kontuan hartzekoa dela uste duen beste edozein datu edo txostenetan oinarrituta, lortutako emaitzen ebaluazio-memoria bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, laguntzak justifikatzeko epea amaitu eta 3 hilabeteko epean. Ebaluazio-memoria horretan, datu hauek egongo dira jasota: parte hartu duten ikastetxeen zerrenda, bakoitzak egindako jarduerak, eta onartutako jardueretan aurreikusitako helburuen betearazpen-maila. Era berean, proposatutako helburuen gutxienekoa bete ez denean, berariaz emango da egoera horren berri.

22. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: erakunde laguntzaileentzako eta lanbide heziketako ikastetxeentzako laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: laguntza ekonomikoen eskaerak izapidetzea, parte-hartzaileak eta/edo interesdunak identifikatuta. Erakunde laguntzaileentzako dirulaguntzak.

Prozedura honetako datuen babesari buruzko informazioa helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/dbao/1068005

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek jasotzen ez dituen alderdiak arautzeko, aplikatzekoak izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta laguntza eta dirulaguntza publikoei buruzko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 21a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala