Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

171. zk., 2022ko irailaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3913

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 7koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2022an «Renove 4.0 Industria» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartu, argitaratu eta deialdia egiteko agintzen duena.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, eginkizuntzat dauka Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria-sustapena, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, enpresen ikerketa eta garapena, eta abar bultzatzeko jarduerak gauzatzea.

Alde horretatik, SPRI hainbat ekintza garatzen ari da enpresen lehiakortasuna hobetzeko, besteak beste ekipoak eta makineria modernizatuta, eta, horrela, aplikagarria den sektoreko legeria beteta.

Horren ondorioz, Renove 4.0 Industria programaren helburua da inbertsioak sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarea osatzen duten enpresetan makineria edo ekipamendu aurreratu gaitzaile berrietan (hardwarea eta softwarea), ingurune horiek modernizatzeko eta Fabrikazio Aurreratuaren barruan 4.0 Industria programako proiektuei aurre egin ahal izateko.

Bestalde, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 48.5 artikuluak Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek finantzatutako erakunde guztiei agintzen die haien dirulaguntza-jardueran publikotasun-printzipioa betetzeko, besteak beste.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2022an «Renove 4.0 Industria» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.

Bigarrena.– 2022an «Renove 4.0 Industria» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzeko ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Erabaki honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDApena

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2022ko uztailaren 7a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
2022ko «RENOVE INDUSTRIA 4.0» laguntza-programaren oinarri arautzaileak

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak euskal ekosistema industriala indartzeko baldintza egokiak sortzea sustatzen du, industriarekin duen konpromisoa indartzen du arlo ekonomikoan jarduteko ardatz nagusi gisa, eta enpresen eskura jartzen ditu lehiakortasunari laguntzeko tresnak.

Horiek horrela, honako helburu hauek lortu nahi dira:

– Industria gehiago: industria Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiari dagokion BPGaren % 25era iristea.

– Industria hobea: fase berri bat lortzea 4.0 Industria paradigman; jauzi kualitatibo bat ematea euskal enpresak merkatu globalean txertatzean eta nazioarteko lehiakortasunean; lehiakortasunaren hobekuntza orokorra lortzea enpresen, sektoreen eta lurraldeen tipologiari dagokionez; eta enpresen premiak eta profil profesionalen eskuragarritasuna lotzeko oinarriak ezartzea.

– Industria-politika efizientea: Jaurlaritzaren industria-politika modernizatzen eta hobetzen jarraitzea, eta, horretarako, programa aurreratuez baliatzea eta baliabide publikoak gero eta eraginkortasun handiagoz erabiltzea.

– Trantsizio energetikoa; euskal industriako ETE-ei jasangarritasunean, deskarbonizazioan, eta abarrean laguntzea.

Planaren zeharkako ardatza 4.0 Industria kontzeptua da, eta honako hauek dira bere egiteko nagusiak:

– ETEak 4.0 Industria programari eta EIKTen ahalmenari buruz sentsibilizatzea.

– 4.0 Industria programaren euskal ekosistema sendotzea, trakzio- eta lankidetza-gaitasuna duten eragile berriekin.

– Basque Digital Innovation Hub azpiegitura teknologikoen sarea abian jartzea.

– Euskal industriaren digitalizazioa bultzatzea, teknologiei eta negozio-ereduei dagokienez.

– Klusterren arteko lankidetza sustatzea 4.0 Industria programaren inguruan.

– Ekintzailetza aurreratuaren 4.0 Bind programa.

Renove 4.0 Industria programak bat egiten du helburu horiekin, eta gauzatu egiten du Jaurlaritzaren konpromisoa euskal ETE-en lehiakortasunaren hobekuntza babesteko 4.0 Industria programarekin lotutako inbertsioen bidez, bai eta Europako zuzentarauetan (2019/27/EB Zuzentaraua) eta Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Energia Estrategian ezarritako azken energia-kontsumoa murrizteko helburuekin ere. Era berean, laguntza horiek euskal enpresen lehiakortasunerako garrantzitsua den faktore bati eragiten diote, hala nola faktura energetikoari.

Esan behar da Renove 4.0 Industria programa erakundeak 2021erako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dagoela jasota, Administrazio Kontseiluak 2021eko abenduaren 15ean hartutako erabakiaren bidez.

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea enpresa parte-hartzaileen lehiakortasuna hobetzera bideratutako laguntza-programa bat arautzea da, makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosten laguntzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko produktu-prozesu industrialari lotutako industria- eta zerbitzu-enpresetan fabrikazio aurreratuaren esparruan teknologiak aplikatzera bideratutako Industria 4.0 proiektuak inplementatze aldera:

1.– 4.0 Industriako proiektuak inplementatzea, Industria Adimendunaren (1. lerroa) eremuaren baitan teknologiak aplikatzeko, eta/edo

2.– Efizientzia energetikoko eta hobekuntza teknologikoko proiektuak inplementatzea, baldin eta ezarri behar diren ekipamenduek ez badituzte lehendik dauden instalazioak ordezten, eta ekoizpena handitzen badute (2. lerroa).

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Dirulaguntzen programa honek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.3 artikuluak ezarritako printzipioak bete behar ditu.

2.– Laguntza horiek behar bezala jasotako eskaeren ondoz ondoko lehiaketaren prozedurarekin bat etorriz emango dira. Ildo horretan, banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera oinarri hauetan eskatzen den dokumentazioa osoarekin betetzen den unearen arabera.

3.– Programa honen esparruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.

4.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis motako laguntzak dira. Ondorioz, 2013ko abenduaren 18an Batzordeak onartutako 1407/2013 (EB) Araudiak xedatutakoaren mende egongo dira.

5.– Programa honen baitan emandako dirulaguntzak ez daude esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo jarduera esportatzaileari lotutako beste gastu korronte batzuei zuzenean lotuta.

3. artikulua.– Baldintzak eta definizioak.

Programa honen helburuetarako, definizio hauek ezarri dira:

1.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu edo inbertsio hautagarrien gehieneko aurrekontu onartuen ehunekoan adierazita.

2.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak) (Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioaren arabera).

3.– Ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea): gailua edo gailu-multzoa, bai M2M (Machine-to-Machine), bai M2H (Machine-to-Human edo Human-to-Machine) edo M2M (Machine-to-Human edo Human-to-Machine) prozesatzeko eta konektatzeko gaitasun aurreratuak eskaintzeko gai direnak, eta modu erabat autonomoan, automatizatuan edo mendekoan jardun dezaketenak (gizakiaren esku-hartzea). Horrelako gailuak edo gailu-multzoak industria-ingurune horietan sartzeak/ezartzeak nabarmen lagunduko du horiek digitalizatzen, eta ekoizpen-prozesuen ikuspegitik ingurune erabat konektatuak, seguruak, automatizatuak eta optimizatuak izatea ahalbidetuko du.

Ekipamendu aurreratutzat joko da, halaber, gailu edo gailu-multzo horien funtzionamenduari lotutako softwarea.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

2022an laguntzak emateko programa honen helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 5.000.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Funtsak mugatuak direnez, programak laguntzak eskatu eta eman bitartean ahalik eta epe laburrena egotea nahi du; beraz, espedientea osatzen den unearen arabera esleituko dira, hurrenkerari jarraituz, eta laguntzak ukatu egingo dira, ebazpen bidez, baldin eta laguntza horiek programarako gehieneko zuzkidura gainditzen badute.

3.– Programarako funtsak agortzen direnean, programa amaitu egingo da. Horren berri SPRIko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez emango da eta www.spri.eus webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Aurrekontu-kreditua amaitzen denean, ezin izango da laguntzarik eman, eta, hori dela-eta, ezetzi egingo dira aurkeztu baina ebatzi gabe geratu diren eskaerak.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko baldintzak.

1.– Deialdiaren xede diren laguntzak eskuratu ahal izango dituzte produktuari eta prozesu industrialari lotuta dauden eta industrian zein zerbitzuetan aritzen diren enpresa txiki eta ertainek (ETEak), makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko proiektuak aurkezten badituzte:

1.a) 4.0 Industriako proiektuak inplementatzeko (1. lerroa) eta/edo

1.b) Efizientzia energetikoko proiektuak eta hobekuntza teknologikoko proiektuak inplementatzeko, baldin eta ezarri behar diren ekipamenduek ez badituzte lehendik dauden instalazioak ordezten eta ekoizpena handitzen badute (2. lerroa).

Baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) ETEak izatea, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera– Aldizkari Ofiziala (EBAO) 2003/05/20ko L 124 zk., 0036-0041 or.

b) Jarduera-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta bertan instalatzea/ezartzea erositako makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren dagokion epigrafean alta emanda egotea.

2.– Honako hauek ezin izango dituzte eskuratu deialdiaren xede diren dirulaguntzak:

a) Administrazio publikoek eta horietako baten sektore publikokoak direnek.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek; horien artean daude:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean ez izatea.

– Zigor penal edo administratiboa izatea, eta, horrekin batera, dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik ez izatea, edo horretarako desgaitzen dituen lege-debekuren baten mende egotea.

c) Jarduera armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketaren arloan gauzatzen dutenek, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoaren arabera.

d) Laguntzak berreskuratzeko agindu bat dutenek Europako Batzordearen aldez aurreko erabaki baten ondorioz, laguntza hori ilegaltzat edo barne-merkatuarekiko bateraezintzat deklaratu ondoren.

e) Krisialdian dauden enpresak eta erakundeak direnek, Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko Estatu-laguntzei buruzko Zuzentarauen definizioaren arabera (2014/c 249/01), salbu eta COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko Estatuko laguntza-neurriei buruzko 2020ko martxoaren 19ko Aldi Baterako Esparruko 3.1.22.c bis atalean ezarritako salbuespena gertatzen bada [C (2020) 1863].

f) Sexuagatik diskriminazioren bat egin dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren azken xedapenean ezarritakoaren arabera; edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso dutenek, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuaren araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez duten erakundeek, ezta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.

3.– Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko ataletan adierazitako baldintzak bete egin beharko dira, laguntza-eskaera aurkezten denetik hasi, eta ematen den dirulaguntza likidatu arte.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du baldintza hauek betetzen direla:

– Jarduera-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta bertan instalatzea/ezartzea erositako makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea).

– Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren dagokion epigrafean alta emanda egotea.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean organo eskudunaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako baldintzak eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira, eta horien egiazkotasuna, hala badagokio, xede horretarako egindako ikuskapen-bisitan egiaztatuko da.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta exekuzio-epea.

Diruz lagunduko dira honako hauek:

1.– Makineria edo ekipamendu aurreratuak (hardwarea eta softwarea) erostea, produktuari eta prozesu industrialari lotuta dauden eta industrian zein zerbitzuetan aritzen diren enpresetan Industria 4.0 proiektuak ezartzeko eta horri lotutako aholkularitza- edo ingeniaritza-zerbitzuak ere ezartzeko.

Makineria edo ekipamendu aurreratu hori (hardwarea eta softwarea) teknologia hauek txertatzeko edo erabiltzeko proiektuei aurre egiteko erosi beharko da:

a) Fabrikazio aurreratuaren proiektuak, makineria edo ekipamendu aurreratuarekin (hardwarea eta softwarea), Big Data eta Analitika aurreratuko teknikak barne hartzen dituztenak, industria-inguruneen barruan hainbat iturritatik datozen «datu-bolumen handiak» prozesatu eta aztertzeko. Helburua da enpresetan hainbat eremu eta prozesuri eragiten dieten portaera-ereduak identifikatu (Business Intelligence, Data Mining,...) eta aurreikustea. Hala, erabakiak errazago hartuko dira eta lehiakortasuna hobetzen lagunduko da.

b) Fabrikazio gehigarriaren proiektuak, material mota desberdinen bitartez (plastikoetatik metaletara) pieza eta forma geometriko pertsonalizatu berrien produkzio/fabrikazio malgua sustatzen dutenak, sektore edo industria-enpresa bereziaren beharrak asetzeko.

c) Robotika aurreratuko eta elkarlaneko proiektuak, denbora errealean langileekin lankidetzan jarduteko robot konektatuak, bestelako robotak, baita makinak ere atxikitzen dituztenak; xedea da prozesuak hobetzea eta instalazioan produktibitatea areagotzea.

d) IIoT (Industrial Internet of Things) proiektuak, fabrikaren barruan gailuei eta makineriari sentsoreak ipini eta Internetera konektatu ahal izatea bermatzeko, denbora errealean informazioa jaso eta trukatu ahal izateko. Modu horretan, neurri handi batean, konektatutako gailu eta makineriaren erabilera-aukerak eta jarraipena kontrolatu, automatizatu eta ugarituko dira.

e) Industria-ingurunerako adimen artifizialeko proiektuak, zeinetan instalazioko makinak edota ekipamenduak modu autonomoan ikasi eta erabakiak hartzeko gai izango diren. Halaber, halako proiektuei Machine Learning edo Deep Learning-aren teknikak gehituz gero, besteak beste, instalazioko ekoizpenaren ikuspegitik garrantzitsuak diren portaerak edo egoerak iragar daitezke (adibidez, makinen mantentze-lan prediktiboak), bai eta objektuak antzeman, irudiak identifikatu edo argibideak iragarri ere. Horri esker, instalazioko aktibo eta prozesu guztiei buruzko ezagutza automatizatu eta handitu daiteke eta, ondorioz, enpresa jakin batean erabakiak hartzen lagunduko da.

f) Sistema ziber-fisikoen proiektuak, konputazio- eta konektagarritasun-gaitasun aurreratua duten instalazioko osagaiak, objektu fisikoak edo makineria gehitzen dituztenak. Modu horretan, objektu adimentsu bihurtuko dira enpresa jakin baten balio-katean.

g) Errealitate birtualaren proiektuak, mundu simulatuetan edo inguru birtualetan egoera errealak berregiten dituztenak.

h) Errealitate areagotuaren proiektuak; horien barruan erabilitako teknologiei esker, erabiltzaileak, gailu teknologikoaren bitartez, mundu errealaren zati bat ikusiko du eta gailuak informazio grafikoa erantsiko du. Modu horretan, egiazko informazioa edo informazio fisikoa informazio birtual osagarriarekin areagotuko da.

i) Biki digitalen (Digital Twins) proiektuak, objektu edo sistema baten erreplika birtuala sortzen dutenak, beren kide errealaren portaera simulatzeko. Helburua monitorizatzea da, egoera zehatzetan portaera aztertu eta eraginkortasuna hobetzeko. Beste abantaila batzuen artean, produktuak garatu eta testatzea produktu fisikoarekin egitea baino merkeagoa eta eraginkorragoa izatea ahalbidetzen du. Horrez gain, eredu birtualaren kopia asko egin daitezke, eta agertoki ugari kontuan hartuta testatu ere bai.

2.– Makineria edo ekipamendu aurreratuak (hardwarea eta softwarea) erostea, produktuari eta prozesu industrialari lotuta dauden eta industrian zein zerbitzuetan aritzen diren enpresetan efizientzia energetikoko eta hobekuntza teknologikoko proiektuak eta horri lotutako aholkularitza- edo ingeniaritza-zerbitzuak ezartzeko, baldin eta ez badituzte lehendik dauden instalazioak ordezten eta ekoizpena handitzen badute.

– Horri dagokionez, diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira makineria edo ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) egindako inbertsioak, baldin eta:

a) Efizientzia energetiko handiko teknologiak erabiliz gero, ohiko erreferentziako instalazio batekin alderatuta energia-kontsumoa gutxienez % 30 murriztu dela egiaztatzen badute.

b) Erregaiaren zein energia elektrikoaren kontsumoa neurtu eta erregistratzeko aukera ematen duten gailuak badituzte.

3.– Gastu hautagarria egiaztatzeko, aldeek (laguntzaren eskatzailea eta fabrikatzailea/hornitzailea) onartutako enkargua edo kontratua eta fakturarekin erosi den makineria edo ekipamendu aurreratuaren zenbatekoaren % 10, gutxienez, ordaindu izanaren agiria aurkeztuko dira.

4.– 4.0 Industriako eta efizientzia energetikoko proiektuan sartuko dira ezarri nahi den makineria berria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea), bai eta proiektuari lotutako aholkularitza- edo ingeniaritza-gastuak ere. Horren guztiaren baturak 50.000 euroko gutxieneko zenbatekoa izan beharko du (BEZik gabe), eta erakunde eskatzailearen ustiapen ekonomikoaren ekoizpen-prozesuari lotuta egon beharko du; era berean, enpresa onuradunean hornitu eta instalatu beharko da.

Aholkularitzako/ingeniaritzako gastuak ezingo dira proiektuaren aurrekontu osoaren % 25 baino handiagoak izan. Aholkularitza-/ingeniaritza-lanetarako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 25etik gorako zenbatekoa bideratzen bada, doikuntza bat egingo da partida horretan, gehienez ere proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 25era mugatzeko.

5.– Erositako makineria berria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera entregatu eta jarri beharko da abian, eta, edonola ere, eskaera aurkeztu eta hurrengo 12 hilabeteetan.

6.– Ez dira onartuko diruz lagundu daitezkeen jarduera gisa artikulu honetan deskribatutako produktuak edo zerbitzuak, erakunde onuradunaren produktuei/zerbitzuei buruzko katalogoan badaude.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak eta aplika daitezkeen baldintzak.

1.– Gastu hautagarritzat hartuko dira makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erostetik eratorritakoak, bai eta aurreko artikuluan deskribatutako 4.0 Industriako edo efizientzia energetikoko eta hobekuntza teknologikoko proiektuak inplementatzeko sortutako aholkularitza-/ingeniaritza-gastuak.

2.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da izango gastu hautagarria.

3.– Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Oinarri hauetako 6. artikuluan deskribatuta dauden eta diruz lagundu daitezkeen jardueretatik eratorritako gastuak izan beharko dira, eta horietan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarria euroa ez den monetaren batean balioetsiz gero, eurora pasatuko da, fakturaren datan dagoen kanbio-tasaren arabera.

d) Ez dira inola ere gastu hautagarriak izango makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteak eta erakunde eskatzaileak berak edo taldeko enpresek edo laguntzaren eskatzailearekin akzioen edo partaidetzen bidez zuzenean edo zeharka lotutakoek egindako aholkularitza- edo ingeniaritza-zerbitzuek eragindako gastuak.

e) Ez dira diruz laguntzeko gastutzat hartuko:

– Lehendik dauden instalazioak berritzea eta/edo hobetzea, prozesukoak zein elementu osagarrietakoak.

– Eraikin eta pabiloien inguratzaile termikoko edozein elementutan egindako jarduketa oro.

– Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak eta langileenak, ez eta lurrak erosteko gastuak ere.

– Erabilitako ekipamenduak erosteko inbertsioak.

– Makineria autopropultsatuetan, ibilgailuetan eta salgaietarako eta, oro har, bidaiarientzako garraiobideetan egindako inbertsioak.

– Ekipamenduak eta instalazioak konpontzeko, egokitzeko eta mantentzeko egindako inbertsioak.

– Kondentsadoreen bateriak edo energia erreaktiboa konpentsatzeko elementuak.

– Eta, oro har, argi eta garbi zehaztuta ez dauden eta laguntza-programa honen oinarrietan xedatutako jarduketetako inbertsioen ondorioz aurreikusitako energia-helburuak erdiesteko zuzenean identifikatu ezin diren kostu guztiak.

f) Makineria berria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erostean, finantza-errentamenduaren bitartez finantza daiteke eta diruz lagundu ahal izango da, betiere enpresak eragiketa egiten duen finantza-erakundearen aurrean erosketa-aukera erabiltzeko konpromisoa berariaz hartzen badu. Ildo horri jarraikiz, konpromisoa idatziz jasota duen dokumentua entregatuko du, bi erakundeen sinadurarekin eta zigiluarekin.

g) Halaber, makineria berria erostea hornitzaileak finantzatu ahalko du eta diruz lagundu ahalko da, baldin eta finantzaketa-kontratua edo -akordioa aurkezten badu. Bertan, gutxienez, finantzaketaren epeak eta amaiera jasoko da, bai eta baldintzak ere, eta aldeek sinatu beharko dute.

4.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoa baino handiagoa bada, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziengatik horiek egiten, mailegatzen edo hornitzen dituzten behar besteko erakunderik ez badago merkatuan, edo gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

5.– DLOren 29. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, onuradun bat azpikontratatzen ari dela esaten da hirugarrenekin adosten duenean dirulaguntzaren xede den jardueraren egikaritze osoa edo partziala. Onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik at geratuko da. Horri dagokionez, hirugarrenen azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jarduketaren zenbatekoaren % 100 ere izan daiteke, eta, diruz lagundutako jarduketen hirugarrenen azpikontratazio edo kontrataziorako, DLOren 29. artikulu horretan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatuko dira.

8. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira onartutako gastu eta inbertsio hautagarriei buruzko neurrietan adierazitako ehuneko eta kopuruetan.

Dirulaguntzaren ehunekoa, laguntza-eskaera bakoitzerako «onartutako gehieneko gastuen/inbertsioen aurrekontuekiko», % 25ekoa izango da.

Makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko eta aholkularitza- edo ingeniaritza-gastuak ordaintzeko laguntza-eskaera bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 100.000 eurokoa izango da, 5.1 artikuluan deskribatutako bi laguntza-lerroetako bakoitzeko.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzekin batera beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako beste finantzabide batzuk eskuratu ahal izango dira, betiere gastu hautagarri berberetarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen bada. Aurrekoari kalterik egin gabe, laguntza hauek bateraezinak izango dira Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) proiektu bererako edo proiektu horretan sartutako gastuetarako emandako edozein dirulaguntzarekin.

2.– Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ez da inolaz ere izango erosi beharreko makineria edo ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) kostua eta Industria 4.0 proiektuarekin lotutako aholkularitza- edo ingeniaritza-gastuak baino handiagoa, ez bera bakarrik, ez beste edozein administraziok edo haren sektore publikoek nahiz erakunde pribatuek helburu bererako emandako beste batzuekin batera. Beste laguntza publiko batzuk eta programa honen babesean emandakoa batu ondoren, kostua gaindituz gero, programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteari begira gainfinantzaketa saihesteko neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz ematen diren laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis motako laguntzak izango dira.

4.– Enpresa onuradun batek jaso dezakeen gehieneko minimis laguntza ezingo da 200.000 eurotik gorakoa izan, egungo ekitaldi ekonomikoa (2022) eta aurreko biak (2020 eta 2021) aintzat hartuta.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagundu daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gainditu egiten badu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak hartutako erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kopurua murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

10. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren helbide elektronikoaren bidez.

2.– Izapidea bide elektronikoarekin bidez egiteko jarraibideak eta eskaera-eredua, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta gainerako ereduak egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri.

3.– Laguntza-eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskaeraren ondorioz sortutako jardueretan eta prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak xedatutakoaren arabera.

11. artikulua.– Laguntza eskatzea.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza-eskaera egiteko inprimakiak bete beharko dituzte SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren helbide elektronikoan.

2.– Eskaera hori erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatuko du sinadura elektroniko aurreratuaren bitartez (onartutako ziurtagiri elektronikoa). Eskaeraren sinadura elektronikoa SPRIk gaitutako helbide elektronikoan aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

3.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela automatikoki egiaztatuko da, behar adina aldiz, salbu eta aurka ez badaude, modu arrazoituan. Kasu horretan, betebehar horiek bete dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute.

Era berean, eskabidearekin batera, SPRIri baimena ematen zaio enpresa JEZen alta emanda dagoen epigrafea kontsultatzeko. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

4.– Laguntza-eskaeran jaso beharko dira erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak.

5.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako adierazpena, eskabideari erantsitako ereduaren arabera, honako inguruabar hauek jasotzen dituena:

– Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) edo Kodea (IFK) eta egoitza soziala.

– Erakunde eskatzaileak gutxienez jarduera ekonomikoari dagokion zentro baten egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Bertan jarriko da laguntzaren eskaeran deskribatutako makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea).

– Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

– Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan.

2020, 2021 eta 2022ko zerga-ekitaldietan jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren barruan, eta emandako laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta, hala badagokio, kontzesioaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Enpresaren tamainari buruzko datuak zehaztea laguntza-eskaeraren barruan, horretarako gaitutako atalean.

– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagundu daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo baldin eta gastua ez bada egin dirulaguntzaren aurretik.

– Oinarri hauetako 5. artikuluko baldintzak betetzea, eta bereziki hauek:

– Enpresa eskatzaileak ez izatea dirulaguntza publikoak ez jasotzeko zigor penal edo administratiborik edo laguntzak jasotzeko legezko debekurik, sexu-diskriminazioarekin lotutako arrazoiak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoari jarraikiz. Halaber, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketari buruzko martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenean dauden aurreikuspenak betetzea.

– Enpresa eskatzaileak ez izatea oraindik izapidetzen ari diren itzultzeko prozedurarik edo zehapen-prozedurarik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen testuinguruan.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean izatea.

– Ez egotea berreskuratzeko agindu baten mende Batzordearen aurretiazko erabaki bati jarraikiz, zeinaren bidez laguntza bat ilegaltzat edo barne-merkatuarekiko bateraezintzat jo den, eta ez izatea krisian dagoen enpresa bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko erkidegoko gidalerroekin bat (EBAO 2014/C 249/01).

– Enpresa eskatzaileak ez edukitzea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako debekurik.

– Ez jardutea armen ekoizpen, komertzializazio edo finantzaketan, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoarekin bat.

– Konpromisoa hartzea jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari itzultzeko, baldin eta itzultzea agintzen duen ebazpen bat ematen bada.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa bada, dagokion foru-aldundiaren edo udaleko ogasun sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Erositako makineria berriaren edo ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) salerosketa-kontratua, bi aldeek sinatutakoa edo aldeek onartutako eskaera.

e) Ordainketaren % 10eko faktura gutxienez eta makineria edo ekipamendu aurreratuaren banku-ordainketen ordainagiria, kontuetan edo ordainketarako banku-ziurtagirian islatuta.

f) Jorratu nahi den proiektuaren deskribapen tekniko-ekonomikoaren memoria (gehienez 25 orrialde).

f.1) 4.0 Industriako proiektuen kasuan (1. lerroa), memoriak halabeharrez honako puntu hauei buruzko informazio zehatza izan beharko du:

– Enpresaren egungo jarduera eta egoera (teknologian oinarrituta).

– Ebatzi beharreko arazoa edo hautemandako beharra. Lortu nahi diren helburuak.

– Makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) gehituta jorratu nahi den Industria 4.0 proiektuaren deskribapena (ez funtzionalitateen katalogoa). Halaber, proiektuak oinarri hauen 6. artikuluan adierazten diren teknologiekiko duen doikuntza edo lerrokadura ere justifikatu beharko da (proiektuaren alderdi nagusien ezaugarriak, beste sistemekiko konektagarritasunari edo integrazioari, datuen bilketa eta ustiaketari, eta abarri dagokienez).

– Enpresa onuradunak Industria 4.0 proiektuari esker lehiakortasuna hobetu izana justifikatzea (prozesu berriak, ekoizpena handitzea, etab.).

– 4.0 Industriako proiektuak enpresa onuradunaren emaitzetan izandako eragina, fakturazioa handitzeari, enplegua sortzeari eta esportazio-ehunekoari dagokionez.

– Hornitzaileak kontuan hartuta, erakunde onuradunak Industria 4.0 proiektuaren edo inbertsioen efektu eragilea justifikatzea.

– Makineria edo ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) ingurumena eta energia kontuan hartu direla justifikatzea.

– Makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri eta abian jartzeko egutegia.

f.2) Efizientzia energetikoko eta hobekuntza teknologikoetako proiektuen kasuan (2. lerroa), memoriak halabeharrez honako puntu hauei buruzko informazio zehatza izan beharko du:

– Enpresaren egungo jarduera eta egoera (energia-kontsumoan oinarrituta).

– Ebatzi beharreko arazoa edo hautemandako beharra. Lortu nahi diren helburuak.

– Oinarri honen 62. artikuluan deskribatzen diren inbertsio-motekin doikuntza edo egokitzapena justifikatzea.

– Makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri eta abian jartzeko egutegia.

– Aurreikusitako azken egoeran jarduketa bakoitzerako energia termikoaren eta/edo elektrikoaren azken kontsumoak eta erreferentziako oinarrizko proiektua zehaztea, bi egoeren arteko konparazioa egin eta proiektuko aurrezpen termiko eta elektrikoak definitzeko. Ondorio horietarako, erreferentziako egoeratzat hartuko da ohiko instalazio baliokidea, hobekuntza teknologikorik eta ingurumen-hobekuntzarik edo energia-aurrezpenik gabekoa, laguntza izan ezean, modu sinesgarrian egin litekeena.

– Proiektuaren ondorioz enpresa onuradunaren lehiakortasunean hobekuntza justifikatzea; proiektuaren eragina enpresa eskatzailearen emaitzetan: ekoizpen-kostuak murriztea, produktibitatea hobetzea, CO2-ren igorpen-mailak, etab.

– Hornitzaileak kontuan hartuta, erakunde eskatzaileak efizientzia energetikoko proiektuaren edo inbertsioen efektu eragilea justifikatzea.

– Enpresa hornitzailearen eskaintza ekonomikoa, partiden arabera banatuta. Ez da onetsiko partida ekonomikoak elkartuta dituen eta, ondorioz, instalazio energetikoaren partida ekonomiko garrantzitsuak bereiztea oztopatzen duen eskaintzarik.

6.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotasuna emango diete enpresak laguntza-eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora bidalitako jakinarazpen guztiei. Soilik harremanetarako posta elektronikoko kontu gisa onartuko da programaren onuradun gisa agertzen den enpresari dagokiona.

12. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2022ko azaroaren 10ean amaituko da. Dena dela, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2022ko azaroaren 10eko 15:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).

13. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak espedientea osoa dagoenean ebaluatu eta ebatziko dira zuzeneko adjudikazio-araubidean. Eskaerak aurkeztutako ordenari jarraikiz ebatziko dira, aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

2.– Laguntza-eskaerak ebaluatzea. Hautespen Batzordeak aztertuko ditu epearen barruan aurkeztutako eskaerak, eta programa honetan xedatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du. Hauek izango dira Hautespen Batzordeko kideak: Aitor Cobanera Rodriguez jauna, SPRIko Enpresa Sustapeneko zuzendaria, presidentearen zereginetan; Ana Belen Camacho Vera andrea, Eusko Jaurlaritzako Industriaren eta Trantsizio Energetikoaren zuzendaria; Agustín García Pérez jauna, Eusko Jaurlaritzako Industriaren eta Trantsizio Energetikoaren Zuzendaritzako teknikari arduraduna; eta Imanol Cuétara Camiruaga jauna, SPRIko Ekintzailetza eta Sustapen arduraduna, idazkariaren zereginetan. Hautespen Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideak aplikatuz, dagokion txostena bidaliko dio SPRIko zuzendari nagusiari, honako hauek adieraziz: nortzuk diren onuradun izateko proposatutakoak, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, proposatutako jarduketa eta zenbatekoa; bai eta uko egiteko proposatutakoak, uko-egite horren arrazoiak adierazita.

3.– Proiektuak ebaluatzeko, irizpide eta puntuazio hauek aplikatuko dira:

3.1.– 4.0 Industriako proiektuetarako (1. lerroa).

– Industria 4.0 proiektuaren gaitasuna enpresaren teknologia- eta berrikuntza-maila bultzatzeko (40 puntu).

– Industria 4.0 proiektuaren emaitza gisa enpresan espero den lehiakortasunaren hobetze-maila (20 puntu).

– Industria 4.0 proiektuak enpresaren emaitzetan izandako eragina, fakturazioa handitzeari, enplegua sortzeari eta esportazio-ehunekoari dagokionez (15 puntu).

Proiektuaren aurkezpen-dokumentazioaren kalitatea. Helburuen, zereginen eta kostuen definizio-maila. 4.0 Industriako proiektuak eta oinarri arauemaileetan deskribatutako teknologiek duten egokitze- edo lerrokadura-maila (10 puntu).

– Proiektuak hornitzaileengan duen ondorio eragilea (10 puntu).

– Ingurumen- eta energia-alderdiak kontuan hartzea makineria edo ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) (5 puntu).

3.2.– Efizientzia energetikoko proiektuetarako (2. lerroa).

– Efizientzia energetikoan oinarrituta, proiektuaren emaitza gisa enpresan espero den lehiakortasunaren hobetze-maila (40 puntu).

– Efizientzia energetikoko proiektuaren eragina enpresaren emaitzetan, ohiko inbertsioarekiko neurtuta: ekoizpen-kostuak murriztea, produktibitatea hobetzea, CO2-ren igorpen-mailak (40 puntu).

– Proiektuaren aurkezpen-dokumentazioaren kalitatea. Helburuen, zereginen eta kostuen definizio-maila. Efizientzia energetikoko proiektuaren doikuntza- edo lerrokatze-maila (10 puntu).

– Proiektuak hornitzaileengan duen ondorio eragilea (10 puntu).

4.– Irizpide bakoitzak lor daitekeen gehieneko puntuazioa du. Puntuak definitutako irizpideen betetze-mailaren arabera lortuko dira.

5.– 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerak ezingo dira inolaz ere laguntzaren onuradunak izan programaren barruan.

6.– Ebazpena SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiak emango du, zuzeneko adjudikazio-araubidean. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta moduan.

7.– Ebazteko epea. Gehienez ere 6 hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, eskaera eta oinarri hauetan eskatzen den dokumentazio guztia aurkezten denetik aurrera. Ebazpena ez bada epean ematen, gaitzespen-ebazpentzat joko da.

8.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak jakinaraziko dizkie ebazpenak erakunde eskatzaileei, ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziz, baita hura garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere.

9.– Denek izan dezaten esleitutako laguntzen berri, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Behin diruz lagundu daitekeen jarduketa amaitzean (erositako makineria edo ekipamendu aurreratua instalatu edo ezartzea), hilabeteko epean, erakunde onuradunek hori justifikatu beharko dute, SPRIren webgunean eskuragarri dauden likidazio-eskaeraren inprimakiak erabiliz.

2.– Likidazio-eskaera erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko bidez. Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRIren sistemetako sinadura elektronikoarena.

3.– Likidazio-eskaerak erakunde eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko ditu.

4.– Likidazio-eskaera dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da.

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturei dagokien kopia, makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko kostu eta aholkularitza- edo ingeniaritza-gastu bereiziekin.

b) Finantza-erakundearen ordainagiriak.

c) Deskribapen memoria (gehienez, 25 orrialde), non honakoak egiaztatuko baitira: egindako lanak; makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri izana; eta horiek 4.0 Industria Proiektuaren lerroan edo aurkeztutako efizientzia energetikoan erabili izana. Memoriak honako atal hauek jaso beharko ditu, eta erantzuna emango die:

– Egindako proiektuaren emaitza gisa lortutako hobekuntzak edo onurak.

– Egindako lanen eta makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) egindako proiektuan erabili izanaren deskribapena.

– 4.0 Industria Proiektuaren edo efizientzia energetikoko proiektuaren hurrengo urratsen deskribapena edo jarraipena, behin erositako makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri ondoren.

– Hasierako planarekiko desbideratzeak.

– Makineria edo ekipamendu aurreratuko (hardwarea eta softwarea) eta egindako proiektuko inbertsioen deskribapena eta ebidentziak (pantaila-argazkiak, irudiak, bideoen estekak...).

d) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen duena, hura aldatuz gero aurretik aipatutakoari begira.

e) Hornitzailearen finantzaketarik izan ezean, hark sinatutako idatzia, enpresa onuradunari emandako laguntzaren likidazioa onartuz, makineria osoa kobratuta ez izan arren.

6.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta moduan.

15. artikulua.– Laguntza- edo likidazio-eskaeren zuzenketa.

1.– Laguntza- edo likidazio-eskaera ez badira guztiz betetzen edo ez bada haiekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk erakundearen legezko ordezkariari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean hutsune hori betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko.

2.– Epe hori igarotzean erakunde onuradunak ez badu hori egin, SPRIk espedientea eten ahalko du, eta erakunde eskatzaileari horren berri emango dio.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Emandako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da:

– Lehen ordainketa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 50ekoa, jakinarazi ondoren, oinarri hauen 17.1.a) artikuluan aurreikusitako epea igaro ondoren, berariazko uko-egiterik gabe.

– Bigarren ordainketa, emandako dirulaguntzaren gainerako zatiarena; SPRIko zuzendari nagusiaren likidazio-ebazpenean zehaztuko da zenbatekoa, dirulaguntza justifikatu ondoren, oinarri hauen 14. artikuluan ezarritako baldintzetan.

Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ez baditu edo itzultze-bidezkotasunaren ebazpenagatik zorduna bada.

2.– Egindako gastu hautagarria laguntza esleitzeko ebazpenean onetsitako aurrekontua baino txikiagoa bada, proportzionalki doituko da, 8. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Oinarri hauen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrei daude lotuta, eta, zehazki honako hauei:

a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamar egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badio espresuki uko egiten hari SPRIren aurrean, ulertuko da hura onartuta gelditu dela.

b) Emandako laguntza jarduketa-plana garatzeko erabiltzea, baita esleipenaren xede izan ziren gastuak finantzatzeko ere.

c) Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezkotzat eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela euren instalazioetan, esleitutako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.

d) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea lau urteko epean, gastu hautagarriak egiten direnetik aurrera.

e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo beste kontrol-organo eskudun batzuei, bai Estatukoak eta bai komunitarioak, eskatutako informazioa ematea laguntzen jomugaren fiskalizazio-funtzioak betetzean.

f) Berehala jakinaraztea SPRIri eskaera edo dirulaguntza edo laguntzak jaso izana, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, hemen araututako laguntzen xede bera badute, eta edozein Administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak badira.

g) SPRIri laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela jakinaraztea.

h) Programa honen bitartez emandako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia egitea.

i) Hizkuntza eta irudien erabilera ez-sexista egitea diruz lagundutako proiektua osatzen duten dokumentu eta euskarrietan.

2.– Onuradunak diruz lagundutako makineria edo ekipamendua Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko du gutxienez hiru urtez, hura abian jartzen den egunetik aurrera.

18. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, beste Administrazio edo erakunde publiko edo probatuek emandako laguntza edo dirulaguntzak, eta xede bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabideak aldatzen badira, laguntza emateko ebazpena ere aldatu ahalko da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpenaren bidez, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak babesten badira.

2.– Halaber, erakunde eskatzaileen eskaera eta justifikazioaren ondoren, programaren kudeaketa-arduradunak luzapen bat eman ahalko du egin beharreko jarduerak egikaritzeko, betiere ez bada 12 hilabete baino gehiagoz gainditzen diruz lagundutako jarduera egiteko gehieneko epea (erositako makineria edo ekipamendu aurreratua instalatu edo ezartzea), 12 hilabeteko iraupenerako finkatu dena.

3.– Jarduketak laguntza-eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, eta aldaketak baimendu ahalko dira, betiere aldaketa horiek aldez aurretik justifikatu baditu erakunde onuradunak, amaitu aurretik, eta ez bada hutsaltzen programa honek hasieran jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

19. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak edo laguntzen kontzesioaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko legezko ekintzak abiaraziko dira.

2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira honako hauek, artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:

a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntza eman izanaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez-betetzetzat joko da ondorio horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, betiere SPRIri eskatzen bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, betiere ez bada hutsaltzen programa honek hasieran jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea, edo programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.

d) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak bete gabe edo laguntza emateko ezarritakoak urratuz.

e) Programan edo laguntza ematerakoan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo horiek oztopatzea.

f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo ez betetzea laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren zeregina izango da itzultzeko prozedura hastea, izapidetzea eta ebaztea.

4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta, hala badagokio, kontzesioaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, hura indargabetuko da, ez-betetzearen aurretiazko espedienteari jarraikiz, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. Tituluan xedatutakoari jarraikiz, dagozkien legezko ekintza eta zehapenei kalterik egin gabe. Indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRI - Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

5.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da gehiegizko finantzaketa gertatzen bada, beste laguntzen pilaketaren ondorioz hura kobratu ondoren (9. artikuluan arautzen da). Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloko oinarrizko legeria osatzen duen aldetik.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

4.– Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Zuzentaraua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainerako araudietan ezarritakoarekin bat eginez, jakinarazten da emandako datuak tratatu egingo direla eskatutako dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-legean eta garapen-araudian ezarritakoari jarraikiz.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei bidali ahalko zaie, baita arlo horretan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei ere (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri). Interesdun guztiek aukera dute datu pertsonalak babesteko araudiak ezarritako eskubideez baliatzeko SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera. Bestela, harremanetan jarri beharko da SPRIko Datuak Babesteko ordezkariarekin, helbide honetara idatzita: dpd@spri.eus.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenari buruzko informazio gehigarri eta zehatza jasotzeko, jo https://www.spri.eus/pribatutasun-politika/ webguneko pribatutasun-politikara. Tutoretza eskatu behar izanez gero, jakinarazten da Datuen Babeserako Euskal Agentzia izango dela horren arduraduna (www.avpd.euskadi.eus).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala