Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2022ko irailaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3817

AGINDUA, 2022ko ekainaren 7koa, 2022. urtean arlo sanitarioko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egin eta arautzen duena.

Osasun Sailaren helburuetako bat da zerbitzu sanitarioen kalitatea hobetzea, kolektibo sanitarioaren prestakuntza handiagoaren bidez. Horretarako, epe ertain eta luzeko estrategia bat planteatu du, EAEko sistema sanitarioko langileek praktika profesionalean duten gaikuntza areagotzeko.

Horrela, prestakuntzaren bidez, kualifikazio optimoa bermatzen du, eta langileen garapen profesionala sendotzen.

Beka eta laguntza horiek emanez, bi helburu hauek betetzea sustatu nahi da: batetik, zentro nazionaletan eta atzerrikoetan graduondoko prestakuntza-jarduerak egitea, arlo jakin batzuetan gaitasun aurreratuak eskuratzera bideratuta daudenak, eta Osasun Sailak estrategikotzat jotzen dituenak bere helburuak betetzeko; bestetik, atzerriko zentroetan prestakuntza-egonaldiak egitea, prestakuntza-programa indibidualizatuak egiteko, osasunaren zientziekin lotutako arlo guztietan ezagutza eta trebetasunak areagotze aldera.

Dirulaguntza-lerro hau bi xedapen hauetan jasota dago: Osasuneko sailburuaren 2022ko otsailaren 22ko Agindua (Osasun Sailaren 2022ko ekitaldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duena) eta abenduaren 23ko 11/2021 Legea (Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena).

Horregatik, kontuan hartuz Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako eskumenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da bekak eta laguntzak emateko deialdi bat egitea eta arautzea, arlo sanitarioan 2022. urtean hasitako prestakuntza-jarduerak finantzatzeko. Honako modalitate hauek daude aukeran:

a) Estatuko unibertsitate-ikastegiek edo Osasun Ministerioaren mendeko osasun-institutuek, edo autonomia-erkidegoen mendeko osasun-eskolek emandako graduondoko ikastaroetan parte hartzea; edo aipatutako erakundeek ematen ez badituzte ere, hitzarmen baten bitartez halako izaera lortzen duten ikastaroetan parte hartzea, baldin eta unibertsitatearen graduondoko titulu propioren bat sortzen badute.

Doktorego-programak deialdi honetatik kanpo geratzen dira.

Prestakuntza-jardueren helburua izango da konpetentzia aurreratuak eskuratzea, honako arlo hauetan:

– Kudeaketa sanitarioa: kostu sanitarioen eta ospitale-kostuen kudeaketa eta kontrola, marketina, giza baliabideak, zerbitzu sanitarioen produktibitatea eta plangintza, kalitatearen kontrola, arreta soziosanitarioa, langile sanitarioen arriskuak, erakunde sanitario motak, kudeaketa sanitarioko politikak, plangintza estrategikoa, zerbitzu sanitarioen ikuskapena eta kudeaketaren tratamendu informatikoa.

– Osasun publikoa: haurren obesitatearen eta elikadura-nahasmenduen prebentzioa; tresna metodologikoen ezarpena (estatistika eta epidemiologia); plangintza eta ebaluazioa (beharra, eskaintza eta eskaria, efikazia, eraginkortasuna, efizientzia eta ekitatea, adierazleak; gaixotasunen prebentzio- eta babes-estrategiak; osasunaren sustapena)

– Zaintza aringarriak: alderdi kulturalak, sanitarioak, psikosozialak, legezkoak eta etikoak; alderdi horiek eskaintzen dituzten zerbitzuen kudeaketa; ikerketa, sintomen kontrola eta erabakiak hartzea.

– Familia eta komunitateko medikuntza: horren garapena sustatzea eta bultzatzea.

– Integrazio asistentziala: zainketa sanitarioak antolatzea, pazienteen emaitzak hobetzea helburutzat hartuta, prozesu asistentzialak integratuz, EAEko Arreta Integratuaren Planean jasotakoaren arabera.

– Suizidioa prebenitzeko estrategiak: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/estrategia_prevencion_suicidio/es_def/adjuntos/euskadin-suizidioa-prebenitzeko-estrategia.pdf

– Euskadiko Onkologia Planeko ekintzak: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/plan_oncologico_2018_2023/eu_def/adjuntos/euskadi-onkologia-plana-2018-2023.pdf

– Dementzia neurodegeneratiboak: Alzheimer-en gaixotasuna, Parkinson-en gaixotasuna eta bestelako parkinsonismoak, alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) eta esklerosi anizkoitza.

– Gaixotasun neuromuskularrak: Duchenne-ren muskulu-distrofia, Steinert-en gaixotasuna, muskulu-atrofia espinala eta miastenia larria.

– Generoa eta osasuna: generoaren eta osasunaren arloko prestakuntza integrala, zeinaren helburua baita genero-ikuspegia txertatzea zerbitzu sanitarioetako jarduera asistentzialean, plangintzan eta kudeaketan, arlo horretako ikerketa-proiektuak egin eta ebaluatzea, ezagutza zientifikoa handituko duten osasunaren eta generoaren arloko ikerketak proposatu eta garatzea, eta arlo sanitarioan genero-indarkeriako kasuak detektatu eta tratatzea.

– Eutanasia.

– Gaixotasun kardiobaskularrak: kardiopatia iskemikoa eta iktusa.

– Zahartzea eta kronikotasuna.

b) Atzerriko unibertsitateek emandako graduondoko ikastaroak egitea, a) modalitatean aipatutako arloetan konpetentzia aurreratuak eskuratzera bideratuta badaude.

Doktorego-programak deialdi honetatik kanpo geratzen dira.

c) Atzerriko zentro sanitarioetan edo ikerketa sanitarioko zentroetan prestakuntza-egonaldiak egitea, osasun-zientziekin lotutako arlo guztietan ezagutzak eta trebetasunak areagotzera bideratutako prestakuntza-programa indibidualizatuak egiteko.

2.– Diruz lagundutako graduondoko ikastaroen karga akademikoa bat etorriko da egindako ikasturteari dagokion programan jasotako ETCS kredituekin. Titulu ofizialak zein propioak lortzera bideratu daitezke ikastaroak.

3.– Ez da bekarik edo laguntzarik emango Osasun Sailak diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak burutzeko.

2. artikulua.– Onuradunak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisikoak izan daitezke beken eta laguntzen onuradun:

a) Goi-mailako edo erdi-mailako unibertsitate titulu bat izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea, bekarako edo laguntzarako eskabidea aurkeztu baino gutxienez urtebete lehenagotik.

c) 1. artikuluan zehazten diren prestakuntza-jardueraren bat egitea.

d) Ez egotea egoiliar-sistemaren bidezko prestakuntza-aldian.

e) Eskabidea aurkezteko egunean eskatzailea arlo sanitarioan ari bada lanean, eskabidearekin batera lantokiko zuzendaritzaren baimena aurkeztu beharko du prestakuntza-jarduera egiteko; baimen horretan adieraziko da prestakuntza-egonaldiak edo graduondoko ikastaroak eskatzailearen jarduera profesionalarekiko duen egokitzapen-maila: handia, ertaina edo txikia. Baimen hori ez da beharrezkoa izango prestakuntza online egiten bada.

Beka edo laguntzen onuradunek, gainera, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorreko 13. artikuluan bildutako baldintza orokorrak bete beharko dituzte:

1) Onuradun izan daitezke dirulaguntza jasotzea onargarri egiten duen egoeran dauden pertsonak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenak.

2) Egoera hauetako edozeinetan dauden pertsonak ezingo dira izan lege honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun, salbu eta, dirulaguntzaren izaera dela-eta, haren araudiak salbuespentzat jotzen badu:

a) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo bidez zigorra jaso badute, edo zigor hori jaso badute delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafikoa, iruzurra eta ordainarazpen ilegala edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin badute, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota badaude, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta badaude (salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu), epailearen esku-hartzearen mende badaude, edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta badaude, betiere konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.

c) Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmoa eragin badute, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

d) Pertsona fisikoa Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legean edo Herri-administrazioen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aipatutako kasuren batean sartuta badago, edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak badira, bertan ezarritako baldintzetan edo arlo horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudietan ezarritakoetan.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ez betetzea, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Egoitza fiskala araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean izatea.

g) Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharrak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

h) Dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren ebazpen irmo bidez zehatuta egotea, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraikiz.

i) Ezin izango dira onuradun izan 11.3 artikuluko bigarren lerrokadan aurreikusitako taldeak, baldin eta kideren batek lehenago aipatutako debekuren bat badu.

Gainera, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 23.3 artikuluak xedatutakoaren arabera, eskabidearekin batera, arauan eta deialdian ezarritako agiriak eta informazioa bidali beharko dituzte interesdunek; dena den, ez dute halakorik bidali beharko baldin eta administrazio jardulearen edozein organoren esku badaude eskatutako dokumentuak, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

3. artikulua.– Aurrekontua eta organo kudeatzailea.

1.– 2022. urtean, 108.010 euro bideratuko dira bekak eta laguntzak finantzatzera; horietatik, 64.806 euro 2022ko ekitaldiari dagozkio, eta 43.204 euro, berriz, 2023ko ekitaldiari.

2.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu beka eta laguntzok.

4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak kategoria hauetan multzokatzen dira:

a) Beka: mantenu-gastuak hartzen ditu barnean, hala atzerriko unibertsitateetan ematen diren graduondoko ikastaroetakoak, nola atzerriko osasun-zentroetako edo ikerketa sanitarioko zentroetako prestakuntza-egonaldietakoak. Barnean hartzen du, halaber, prestakuntza-egonaldietan onuradunarekin bizi diren adingabeko seme-alabek sortutako gastuak –bidaia izan ezik– ordaintzeko laguntza-osagarria, jarraian hiru (3) hilabete baino gehiago emanez gero egonaldian.

b) laguntza: bidaia-gastuak, matrikula eta ostatua hartzen ditu barnean.

2.– Laguntzen onuradunak izan daitezke, soilik, prestakuntzako jarduerarekin batera ordaindutako beste jardueraren bat egiten duten pertsonak, eta laguntzak eta bekak jaso ahalko dituzte ordaindutako jarduerarik egiten ez dutenek.

3.– Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen gehieneko zenbatekoak:

a) Joan-etorrien kasuan, ostatu-gastuak: mila (1.000) euro hilean.

b) Matrikula-gastuak: sei mila (6.000) euro.

c) Bidaia-gastuak (1.1 artikuluko b) eta c) modalitateak: atzerriko ikastaroetarako eta prestakuntza-egonaldietarako bakarrik): bi mila (2.000) euro.

d) Laguntza-osagarria: hirurehun (300) euro hilean, seme-alaba bakoitzeko.

e) Mantenu-gastuak (atzerrian egindako prestakuntza-ikastaro eta -egonaldietarako bakarrik; 1.1 artikuluko b) eta c) modalitateak): bostehun (500) euro hilean.

f) Bai laguntza bakarrik jaso zein laguntza eta beka jaso, hilean, gehienez, mila eta bostehun (1.500) euro jaso daitezke, lehenago adierazitako kontzeptu guztiak kontuan hartuta.

4.– Emango den beka edo laguntza, gehienez, ikasturte batekoa izango da. Diruz lagundutako graduondoko ikastaroetan, ikasturteari dagokion prestakuntza-programan jasotako ETCS kreditu guztiak gainditu beharko dira.

5. artikulua.– Emateko prozedura eta ebaluazio-irizpideak.

1.– Norgehiagoka-prozedura erabiliko da bekak eta laguntzak emateko.

2.– Eskabideak alderatzeko prozesua 6.2 artikuluan aurreikusitako bi faseetan burutuko da.

3.– Eskabideak eta horien haztapena alderatzeko, ebaluazio-irizpide hauek erabiliko dira:

a) Egonaldiaren edo graduondoko ikastaroaren prestakuntza-planaren edukiek lanbide-jarduerarekin duten erlazioa; edo, langabezian badago, eskatzaileak egin dituen ikasketekin duten erlazioa (30 edo 15 puntu):

– 30 puntu emango dira, baldin eta eskatzailearen lanpostuari esleitutako eginkizunak orain edo etorkizunean hobetzea bada prestakuntza-ekintzaren helburua.

– 15 puntu emango dira, prestakuntza-ekintzaren helburua bada lana bilatzen eta lanbidearen garapenean eta sustapenean laguntzea, hau da, gaitasuna eta garapen profesionala ematea eskatzailearen lanpostua ez den beste baten zereginak bete ahal izateko.

b) Egonaldiaren edo ikastaroaren kalitatea (20 puntu, gehienez).

b.1.– Graduondoko ikastaroetan parte hartzea atzerriko unibertsitateetan: kontuan hartuta unibertsitateak zer toki duen Academic Ranking of World Universities–ARWU sailkapenaren azken argitalpenean: http://www.shanghairanking.com/ARWU2020.html

– lehenengo 100 postuen artean badago: 20.

– 101. eta 200. postuen artean badago: 15.

– 201. eta 300. postuen artean badago: 10.

– 301. eta 500. postuen artean badago: 5.

b.2.– Estatuko unibertsitateek emandako graduondoko ikastaroetan parte hartzea:

– Euskal Herriko Unibertsitatea: 20 puntu.

– Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako unibertsitateak: 17 puntu.

– Estatuko gainerako unibertsitateak, kontuan hartuta unibertsitateak zer maila duen BBVA-IVIE Fundazioaren Espainiako unibertsitateen U sailkapenaren edizio eguneratuenean (https://www.u-ranking.es/analisis.php):

– Lehenengo 4 mailak: 15.

– 5., 6., eta 7. mailak: 11.

– 8., 9., eta 10. mailak: 8.

11. maila eta goragokoak: 5.

b.3.– Prestakuntza-egonaldiak, atzerriko osasun-zentroetan edo ikerketa sanitarioko zentroetan: ikaskuntzaren gaian espezializatutako zentroen sailkapen bat erabiliko da nazioartean onartua, eta sailkapen horretan duen postuaren arabera baloratuko da zentroa:

– Lehen kuartila: 20.

– Bigarren kuartila: 15.

– Hirugarren kuartila: 10.

– Laugarren kuartila: 5.

Nazioartean ez badago dagokion ikasgaian espezializatutako zentroen onartutako sailkapenik, gaian adituak direnei egingo zaie kontsulta.

c) Eskatzaileak Euskadiko sistema sanitarioarekin eduki duen lan-harremanaren berri, eskabidea aurkeztu eta laguntzak ematen diren arteko aldian (10 puntu gehienez):

– Langile finkoa izatea, edo espezialitatea –egoiliar gisa– amaitua izatea agindu hau argitaratu aurreko bi (2) urteetan: 10.

– Bitarteko langilea: 5.

– Behin-behinekoa, ordezkoa eta norberaren konturako langileak: 2.

6. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea, zenbatekoak zehaztea eta ebazpena proposatzea.

1.– Balorazio-batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak, dirulaguntzen zenbateko indibidualak zehaztuko eta dirulaguntza eman edo ukatu behar den proposatuko, eta artikulu honen 2., 3., eta 4. apartatuetan xedatutakoaren arabera arituko da. Batzordeak kide hauek izango ditu:

a) Batzordeburua: Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria (Mikel Sánchez Fernandez)

b) Bokalak:

– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko zuzendaria (Víctor Bustamante Madariaga)

Ordezkoa: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzako teknikaria (Andoni Arcelay Salazar)

– Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko Zerbitzuko arduraduna (Antonia Daza Gutierrez).

– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prestakuntza Zerbitzuko burua (Pako Serna Rodriguez).

c) Idazkaria: Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko Zerbitzuko teknikaria (Javier Latorre Guinea)

2.– Bi fasetan egingo da eskabideak ebaluatzeko eta zenbateko indibidualak zehazteko prozesua:

a) Lehenengo fasea: programa honen azken hiru (3) deialdietan bekarik edo laguntzarik lortu ez duten pertsonek aurkeztutako eskaerei dagozkien zenbatekoak ebaluatu eta finkatuko dira.

Baldin eta 3. artikuluan adierazitako zuzkidura ekonomikoa ez bada aski gutxieneko puntuazioa lortu eta gainerako baldintzak bete dituzten eskabide guztiei erantzuteko, apartatu honetan adierazitako zenbatekoetan, zuzkidura ekonomikoa eskabideen artean hainbanatuko da, hasieran kalkulatutako kopuruen proportzio berean.

b) Bigarren fasea: lehenengo faseko laguntzak emateko proposamenak ez badu aurrekontua agortu, gainerako eskabideak ebaluatu eta dagozkien zenbatekoak ezarriko dira.

Baldin eta, lehenengo fasea bukatu ondoren, sobera geratu den zenbatekoa aski ez bada bigarren faseko gutxieneko puntuazioa lortu eta gainerako baldintzak bete dituzten eskabide guztiei erantzuteko apartatu honetan adierazitako zenbatekoetan, zenbateko hori eskabideen artean hainbanatuko da, hasieran kalkulatutako kopuruen proportzio berean.

3.– Hauek dira eskabideak ebaluatzeko eta zenbatekoak zehazteko prozedura osatzen duten jarduketak:

a) Egiaztatzea eskabideek 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta, hala badagokio, zuzenketa egiteko eskaria egitea 10.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Kanpoan uztea 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak.

c) 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzea, 5.3 artikuluan ezarritako irizpide eta haztapenen arabera.

d) Kanpoan uztea hogeita hamar (30) puntu baino gutxiago lortu dituzten eskabideak, hori baita izan beharreko gutxieneko puntuazioa.

e) Gutxienez hogeita hamar (30) puntu lortu dituzten eskabideei dagokien gastu diruz lagungarria kalkulatzea: eskabidean identifikatutako aurrekontua bat etorriko da 4. artikuluan ezarritako muga eta zehaztasunekin.

f) zenbatekoak zehaztea, diruz lagun daitekeen gastuari ehuneko hauek aplikatuz:

– % 90: 50 puntu edo gehiago lortu dituzten eskabideak.

– % 80: 41 eta 49 puntu bitarteko puntuazioa lortu duten eskabideak.

– % 70: 30 eta 40 puntu bitarteko puntuazioa lortu duten eskabideak.

4.– Zenbatekoak zehaztu ostean, ebazpen-proposamena egin eta Osasuneko sailburuordeari bidaliko zaio, zeinak hauek zehaztu beharko dituen eskabide bakoitzari dagokionez:

a) Dirulaguntza ematea: onuradunaren identitatea, diruz lagundutako prestakuntza-jarduera eta dirulaguntzaren zenbatekoa, kategoria zehaztuta.

b) Dirulaguntza ukatzea: eskatzailearen identitatea, zer prestakuntza-jardueratarako egin duen eskaera, eta dirulaguntza ez emateko arrazoia.

7. artikulua.– Ebazpena.

1.– Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez amaituko da prozedura, zeinak 6.4 artikuluan identifikatutako datuak adieraziko baititu. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.

2.– Ebazpena argitaratzeko epea hiru (3) hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Aipatutako epea igaro eta gero ez bada ebazpenik argitaratu, interesdunek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela.

3.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean (1), ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

8. artikulua.– Uko egitea.

Dirulaguntzari uko egin nahi dioten onuradunek idazki bat aurkeztu beharko dute Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzan, 10.3 artikuluan aurreikusitako eran, hamar (10) eguneko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Onuradunak ez badio uko egiten dirulaguntzari epearen barruan, ulertuko da onartu egin duela, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 2.2.b) artikuluarekin.

9. artikulua.– Beken eta laguntzen bateragarritasuna.

1.– Bekak ez dira bategarriak jarduera bera finantzatzeko emandako bestelako dirulaguntzekin.

2.– Laguntzak, ordea, bateragarriak dira jarduera bera finantzatzeko beste dirulaguntza batzuekin; baina, guztizko zenbatekoak gainditzen baditu jarduerak sortzen dituen gastuak, emandako laguntzaren zenbatekoa murriztuko da dagokion gehieneko mugaraino.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan –https://www.euskadi.eus/servicios/0086108 web-orrian– eskuragarri dauden eredu normalizatuak beteko dira, eta, horrekin batera, prestakuntza-egonaldiaren edo graduondoko ikastaroaren prestakuntza-plana bidali beharko da, non jasota egongo baitira programa, edukia eta jarduerak.

Hauek dira web-orrian eskura dauden agiri normalizatuak:

a) Eskabide-eredua eta, horrekin batera, eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluak eskatu bezala, hauxe egiaztatuko duena:

– Xede eta helburu berarekin laguntzarik jasotzen ari den edo ez administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik.

– Ez duela ordaintzeke laguntzak itzultzeko betebeharrik.

– Beste administrazio publiko zein pribaturen bati laguntza eskatu dion eta onartu zaion edo ebazteko zain dagoen.

– Ez duela zigorrik jaso, ez penalik ez administratiborik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.

– Ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko legezko debekurik, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.

– Eskatzaileak ez duela ikusten ezintasunik diruz lagundutako prestakuntza-jarduerei dedikazio egokia eskaintzeko, ordaindutako lana edo beste edozein egiteko duelako.

– Aipatutako betebeharrak betetzen jarraituko duela, aitortza edo ariketa horri dagokion aldian, eta baldintzen edozein aldaketa jakinaraziko zaiola administrazioari, baldintzak osorik ez betetzea eta hirugarrenen eskubideak kaltetzea saihesteko.

– Adostasuna: baimena ematen diola deialdia egin duen organo kudeatzaileari, administrazio eskudunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko eta ziurtatzeko. Aurka eginez gero, prozeduran eskatzen diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko ditu.

b) I. eranskina – Prestakuntza-planaren datuei buruzko inprimakia.

c) II. eranskina – Eskatzailearen curriculuma, azalpen-memoria bat barnean hartuko duena, non zehaztuko baita zer erlazio duten egonaldiaren edo ikastaroaren prestakuntza-planaren edukiek eskatzailearen jarduera profesionalarekin edo, eskatzailea langabezian badago, egin dituen ikasketekin.

d) Matrikula-inprimakia, 2022-2023 ikasturtekoa, non matrikulatutako kreditu guztiak eta matrikularen kostua jasoko baitira.

e) Eskabidea aurkezteko egunean eskatzailea arlo sanitarioan ari bada lanean, eskabidearekin batera lantokiko zuzendaritzaren baimena ere aurkeztu beharko du prestakuntza-jarduera egiteko; baimen horretan adieraziko da prestakuntza-egonaldiak edo graduondoko ikastaroak eskatzailearen jarduera profesionalarekiko duen egokitzapen-maila: handia, ertaina edo txikia. Baimen hori ez da beharrezkoa izango prestakuntza online egiten bada.

2.– Prestakuntza-jarduera baterako baino gehiagorako dirulaguntza lortu nahi duten pertsonek jarduera bakoitzerako eskabide bat aurkeztu beharko dute.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, –https://www.euskadi.eus/servicios/0086109 webgunean– eskuragarri dagoen formulario normalizatuaren bidez, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluko lehenengo paragrafoan.

Eskabidea egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpen eta justifikazioak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Helbide honetan eskura daitezke identifikazio eta sinadura elektronikorako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da (1), agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

5.– Eskabideak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, hamar (10) egun emango zaizkio interesdunari, akatsak zuzendu ditzan eta, zuzendu ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela jakinaraziko zaio.

11. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Dirulaguntzen Lege Orokorraren 30. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, gastuak egiaztatzeko, jatorrizko fakturak eta merkataritza-trafikoan baliozkoak diren edo administrazio-eraginkortasuna duten gainerako frogagiri baliokideak aurkeztuko dira. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuok.

Gainera, jarduerak finantzatzeko, dirulaguntzaz gainera norberaren funtsak edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuk jaso badira, justifikazioan egiaztatu beharko da zein diren funts horien zenbatekoak eta jatorria eta nola aplikatu diren diruz lagundutako jardueretan.

Jarduera gauzatu dela eta funtsak hura finantzatzeko erabili direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzan, beken zein laguntzen kasuan:

– Gastuen zerrenda eta dagozkien fakturak eta ordainagiriak.

– Gogobetetze-mailaren galdetegia, III. eranskinean zehazten dena.

– Zentroak emandako titulua, gainditutako ETCS kredituen guztizko kopurua jasotzen duena; kreditu horiek bat etorri beharko dute dagokion prestakuntza-programan ikasturte batean ezarritako irakastorduen kredituekin.

2.– Agiri horiek 2023ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira, 10.3 artikuluan ezarritako eran.

12. artikulua.– Ordainketa.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako Hirugarrenen Erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

Ordainketa bi zatitan egingo da:

a) Zenbatekoaren ehuneko hirurogei (% 60) 8. artikuluan zehaztutako epea igaro eta gero ordainduko da.

Salbuespenez laguntzaren % 60 aldez aurretik ordaintzea justifikatuta dago, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 51.1.h) artikuluari jarraituz, onuradunek maiz aurretiko gastuei aurre egin behar dietelako prestakuntza-jardueraren hasieran.

b) Gainerakoa (% 40) 11.1 artikuluan zehaztutako agiriak aurkeztu eta gero ordainduko da.

Ordaindutako zenbatekoei indarrean dagoen zerga-araudiak ezarritako atxikipena aplikatuko zaie, hala dagokionean.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek indarreko lege- eta erregelamendu-arauak eta agindu honetako edozein artikuluk ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta bere gain hartu honako konpromiso hauek:

a) Beka edo laguntza jaso dela adieraztea diruz lagundutako prestakuntza-jardueraren ondoriozko hedapen-dokumentu edo -ekintzetan.

b) Diruz lagundutako prestakuntza-jardueratik ateratako ondorioak erabiltzeko aukera ematea Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari, bere hedapen eta komunikazio korporatiboko planak lantzeko, eta parte hartzea hark antolatzen dituen hedapen-ekintzetan.

Gainera, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan bildutako betebeharrak izango dituzte, eta, zehazki:

a) Jarduera burutzea edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea.

b) Dirulaguntza ematen duen erakundearen aurrean egiaztatzea laguntza jasotzeko edo baliatzeko ezarritako betekizun edo baldintza guztiak betetzen dituela, eta egin beharreko jarduna egin duela.

c) Laguntza ematen duen erakundeak egin beharreko egiaztatze-lanak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei eta dirulaguntzei buruz egingo dituen kontrol-lanak onartu beharko dituzte, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak ezarritakoak ere.

d) Laguntza eman dion erakundeari jakinaraztea ea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batetik bestelako dirulaguntza edo laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik jaso duen xede berbererako.

e) Laguntza eman dion erakundeari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketa.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, esaterako:

a) Jasotako funtsak zertan erabili den justifikatzeko agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

b) Jasotako funtsak itzultzea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan.

Onuradunei ezingo zaie dirulaguntzarik eta laguntzarik eman eta, hala badagokio, ordaindu, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako eta oraindik abian den edozein itzultze- edo zigortze-prozedura amaitu arte, hala xedatuta baitago Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.4 artikuluan.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago dirulaguntza jaso duen onuraduna, edo agindu honetan nahiz aplika daitekeen gainerako araudian edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Osasuneko sailburuak ebazpen baten bitartez adieraziko du ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu dela, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola jasotako dirulaguntza eta aplika daitezkeen legezko interesak –dirulaguntza ordaindu zenez geroztikoak–, kontuan hartuta aipatutako legearen 37.2 artikuluan ezarritakoa, eta alde batera utzi gabe bidezkoak izan litezkeen gainerako ekintzak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.4 artikuluan aurreikusita dagoen bezala, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 41.1 artikuluarekin bat etorriz, dirulaguntza eman zuen organoak izango du eskumena itzultzeko prozedura ebazteko eta errebokatzeko erabakia hartzeko, bai eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa itzul dezan eskatzeko ere.

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

15. artikulua.– Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.

Izaera pertsonaleko datuak «Irakaskuntza eta Garapen Profesionala» deritzon tratamendurako erabiliko direla jakinarazten da, xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra); abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Hona tratamendu horren ezaugarriak:

Arduraduna: Osasun Sailaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

Helburua: eskabideak kudeatzea, eta irakaskuntzarako eta garapen profesionalerako Osasun Sailak deitutako laguntzen jarraipena egitea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoko misio bat betetzeko edo tratamenduaren erantzuleari emandako botere publikoak gauzatzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

Hartzaileak: arlo horretan eskumenak dauzkaten administrazio publikoei eman ahalko zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko edo ezerezteko eskubidea dute interesdunek, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaldu bezala.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke webgune honetan: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/089300-capa2-es.shtml

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen bidez iragarritako deialdiari eta berau garatzeko jarduketei bi xedapen hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie oinarrizko araudi gisa: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak xedatutakoa aplikatuko zaie. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 7a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala