Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

167. zk., 2022ko abuztuaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3791

AGINDUA, 2022ko uztailaren 26koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, EAEn sektore pribatuan dauden lantokietan 2022an euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzak (Lanhitz) emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun arloak finkatu zituen. Dekretu horren 14. artikuluak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.

Bestalde, 73/2021 Dekretuak, otsailaren 23koak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 13.2 artikuluan (martxoaren 5eko EHAA, 47. zk): Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste organo batzuek horretarako espezifikoki dituzten egitekoak.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak, hainbat urtetako hausnarketaren ondoren eta eremu sozioekonomikoko eragile askorekin izandako prozesu parte-hartzaile baten ondorioz, «Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-23» izeneko plana onartu eta inplementatzeari ekin dio. Planean, hau da 5.1 helburu estrategikoa: «Euskara planak enpresetan garatzeko laguntzak eta programak indartu».

Helburu estrategiko horrek hau dio: «Enpresetan euskara lan hizkuntza moduan garatzeko oso tresna baliagarria da Euskara Plana. Enpresek euskara planak martxan jarri eta hedatzeko laguntzak eta programak bideratu behar dira gero eta enpresa gehiagotan, eta lantokien tipologia kontuan hartuta, euskara planaren baliagarritasuna barneratu dezaten. Enpresa txiki eta ertainetan bereziki, planak garatzeko aukerak eskaini eta areagotu behar dira».

Aipatu Planak, Lanhitz programa berrikusteko proiektua jasotzen du 5.1.1 apartatuan «LanHitz programa berrikusi, gaur egungo beharretara egokitu eta zabalkundea egin». Azalpenean, hau esaten da: «LanHitz programa berrikusteko beharra hautematen da, eragin esparrua zabaldu, enpresa mota gehiagotara iritsi eta lurralde guztietara zabaltzeko».

Premia horretatik sortu dira aurtengo deialdian egindako aldaketak, LanHitz programaren eragin esparrua zabaltzeko, enpresa gehiagotara iristeko dirulaguntza eta programak EAEko hiru lurraldeetan intzidentzia handiagoa izan dezan.

Eusko Jaurlaritzaren XII. Legegintzaldirako 2020-2024 Gobernu Programak ere jasotzen du eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko plana. Hain zuzen ere, hau dio II. ardatzeko 18.2 jarduketa-arloko 118. konpromisoko 9. ekinbideak: Garatzea «Euskara Eremu Sozioekonomikoan Normalizatzeko Plan Estrategikoa 2020-2023».

Era berean, emakumeek lan-esparruan duten egiturazko desberdintasuna, soldata arraila, sexuaren ziozko lan-jazarpen egoerak, bereizkeria horizontala eta bertikala eta lanaldi partziala, besteak beste, egiaztaturik, genero-ikuspegia modu eraginkorrean integratzea bermatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.5 artikuluan xedatzen den moduan. Hau da, emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontsideratuko dira, eta, horretarako, politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduketa zehatzak txertatuko dira.

Halaber, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko martxoaren 3ko 1/2022 Legearen bigarren aldaketa egitekoak hauek jasotzen ditu 3.15 artikuluan printzipio orokorren artean: Hizkuntza-eskubideak babestea eta euskararen erabilera sustatzea. Aipatutako artikuluaren arabera, euskal botere publikoek bermatu behar dute hizkuntza-eskubideak baliatzen direla eta euskararen erabilera sustatzen dela emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan. Horretarako, berdintasun-politikak garatzeko orduan, ziurtatuko dute, beste neurri batzuen artean, interesdunak aukeratutako hizkuntza koofizialean ematen direla zerbitzuak, herritarrentzako prestakuntza-, partaidetza- eta sentsibilizazio-jardueretan hizkuntza-eskubideak bermatzen direla, eta langile eta profesionalentzako jardueretan euskararen erabilera sustatzen dela.

Euskal Autonomia Erkidegoan laguntzei eta dirulaguntzei buruzko arau hauek daude indarrean: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege horren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez, Sailaren 2021-2024 epealdiko dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu da, eta euskadi.eus atarian argitaratu da. Halaber, 2022ko otsailaren 16an, Sailaren 2022. urteko dirulaguntzen plana onartu da. Bi plan horietan LanHitz deialdia aurreikusita dago.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea da EAEn sektore pribatuan dauden lantokietan, 2022an euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea eta deialdia egitea (Lanhitz).

2. artikulua.– Deialdira bil datezkeeen jarduerak eta diru baliabideak.

1.– Lau multzo hauetako jarduerak lagunduko dira diruz:

a) Lehenengo multzoa: entitatean euskara planik izan gabe euskararen erabilera edota presentzia sustatzeko jarduerak. Gehienez ere, hiru urtez jaso ahal izango da dirulaguntza multzo honetan.

b) Bigarren multzoa: entitatean euskararen egoeraren diagnostikoa egin eta euskara plana diseinatzea, eta, nahi izanez gero, abian jartzea ekintza solteak eginez. Urte bakarrean lagunduko dira multzo honetako jarduerak.

c) Hirugarren multzoa: entitatearen euskara plana eta urteko kudeaketa plana oinarri izanda, euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko jarduerak. Ezin izango dira multzo honetako onuradun izan, Lanhitzeko dirulaguntza 18 urtez jaso dutenak.

d) Laugarren multzoa: entitateko euskara planak ibilbide luzea izanda, edo euskararen kudeaketan maila aurreratuan egonda, euskara planetik harantzagoko hizkuntza proiektu estrategikoak garatzea. Multzo honetan hiru urtez dirulaguntza jaso dutenek aurreko hiru urteetan Bikain ebaluazioa egina izan beharko dute laguntza berriro eskatu ahal izateko. Lanhitzeko dirulaguntza 18 urtez jaso dutenek multzo honetan egin beharko dute eskabidea.

2.– LanHitz deialdirako aurreikusitako diru-baliabideak 2.000.000 euro dira.

2022an diru-kopuru hori, dagokion multzoa aukeratu eta eskabide bakarra betetzen duten pertsona edo entitate guztien artean banatuko da. Hori guztiori, agindu honen 15. eta 16. artikuluetan jasotako puntuen eta mugen arabera.

Kopuru hori honela banatuko da eta multzoren batean soberakinik egonez gero, 15.2 artikuluak zehaztutakoaren arabera banatuko da:

(Ikus .PDF)

3. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.

1.– Europar Batasuneko naziotasuna edo helbide soziala edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutakoa duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta indarreko legeriaren arabera eratuta badaude eta, edozein dela ere haien eraketa juridikoa, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten lantokien titularrak edo kudeatzaileak badira.

2.– Deialdi honetatik bazter geratuko direnak:

a) Herri administrazio batek edo gehiagok jarritako kapitala denetara entitatearen kapital sozial osoaren erdia baino gehiago duten entitateak.

b) Euskara-zerbitzuak eskaintzen dituzten entitateak: euskalduntzea, alfabetatzea, hizkuntza-kudeaketaren inguruko aholkularitza, itzulpenak eta trebakuntza.

c) EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeak eta haien fundazioak.

d) Krisialdian dauden enpresa ez finantzarioen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C 249, 2014-07-31koa), krisialdian dauden enpresak.

e) Europar Batasunak dirulaguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain dauden enpresak.

f) Fundazio publikoak.

4. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Eskatzaileari dirulaguntza esleitzeko eta ordaintzeko, eskatzaileak egunean egon beharko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketetan, eta, era berean, dirulaguntza itzultzeko betebeharrak egunean izan beharko ditu.

2.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da aurkeztu sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuta dagoenik, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoaren arabera.

3.– Eskatzailea pertsona fisikoa bada, Autonomoen Erregistroan edo dagokion elkargo profesionalean alta emanda egon behar du.

4.– Onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik ez izatea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoaren arabera.

5. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako dirulaguntzak.

6. artikulua.– Denbora-barrutia eta eskabideak aurkezteko epea.

1.– Laguntza-deialdi honek 2022an burutuko diren egitasmoak baino ez ditu kontuan hartuko. Hori dela eta, deialdi honetara jotzen duten egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edo gizarteratu beharreko jarduerak, zerbitzuak eta produktuak 2022ko abenduaren 31ra arte eskaini, eman edota gizarteratuko dira.

2.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epea izango du eskabidea egiteko.

7. artikulua.– Dirulaguntzen izapidetzea.

1.– Pertsona edo entitate interesdunek bide elektronikoak erabili behar dituzte prozedurako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan dioenari jarraituz.

Pertsona fisikoen kasuan aplikatuko zaie BIKAIN-Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen duen ekainaren 5eko 162/2017 Dekretuaren 13.1 artikuluan eta hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta bestelako ereduak modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak euskadi.eus-eko https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096110 helbidean daude eskuragarri.

Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak ere tartean direla, gune honen bitartez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide hauetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Era berean, izapidetzak elektronikoki ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

3.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete laguntza-eskabideak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarri den bezala.

8. artikulua.– Pertsona edo entitate eskatzaileen zenbait betekizunen egiaztapena.

1.– Dirulaguntzaren eskatzaileak egunean izan behar ditu indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, erregelamenduz zehaztutako moduan. Hori egiaztatzea dirulaguntzaren organo kudeatzaileari dagokio. Azken honek egiaztatu ahal izango du, eskatzailearen aldez aurreko baimenik gabe, Dirulaguntzei buruzko Legearen Erregelamenduaren 23. artikuluak esaten duenaren arabera. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezarri bezala. Kasu horretan, edo eskatzailearen helbide fiskala Espainiako Estatutik kanpo egonez gero, interesdunak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina betetze-aldera, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, eskabide normalizatuan ondorengo betekizunak egiaztatuko dira:

● Administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribaturen batetik, agindu honetan araututako dirulaguntzaren helburu bera duen laguntzarik jaso edota jasoko duen edo ez.

● Entitatea itzultze- edo zehapen-prozedura batean sartuta dagoen edo ez. Halaber, itzulketa-prozedura batetik eratorritako dirulaguntzarik itzultzeko betebeharrik duen ala ez.

● Pertsona edo entitate eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere, beren-beregi Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.

● Entitatea legez eratuta dagoela eta dagokion erregistroan izena emanda.

● Entitate edo pertsona eskatzaileak ez duela onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

9. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa: pertsona edo entitate eskatzailearen ingurukoa.

1.– Eskatzailea pertsona fisikoa izanez gero, Administrazioak ofizioz kontsultatuko ditu ondorengo dokumentu hauek, pertsona fisikoak berariaz horretarako baimena ukatu ezean: ondorengo hauek egiaztatu beharko ditu:

● Eskatzailearen nortasuna.

● Autonomoen Erregistroan edo dagokion elkargo profesionalean alta emanda dagoela.

● Jarduera Ekonomikoen zerga-ordainketan alta emanda dagoela.

Eskatzaileak aukera du berariazko baimena emateko gainontzeko datu eta dokumentazioa laguntza kudeatzen duen organoak lortu edo egiaztatu dezan, herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak aparte utzi gabe.

2.– Eskatzailea pertsona juridiko pribatua izanez gero:

Entitate bakoitza legez eratuta dagoela egiaztatzen duen agiria.

3.– Artikulu honetako 1. eta 2. apartatuetan aipatutako dokumentazioa Administrazioan aurkeztu izan bada eta eskabidea egitean indarrean badago, eskabide-orrian dokumentazioaren ordezko adierazpena markatu ahal da eta noiz eta non aurkeztu zen dokumentazioa adierazi.

4.– Administrazio honetako erregistroetan dauden fundazioak, elkarteak edo kooperatibak badira, ofizioz konprobatuko du Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak eta nahikoa izango da Eskabide-orrian hau adieraztea.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Eskatzaileren batek aurrez aurre aurkezten badu eskabidea, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

11. artikulua.– Dirulaguntza-gai diren jarduerek bete beharrekoak.

1.– Hauek izango dira multzo bakoitzeko jarduerek bete beharrekoak:

a) Lehenengo multzoa: eskabidean urteko jardueraren edo jardueren azalpen teknikoa jaso beharko da. Azalpen tekniko horretan, gutxienez, jardueren helburuak eta horien deskribapena zehaztuko dira.

b) Bigarren multzoa: entitateak 2022an, lehenengoz, diagnostikoa eta euskara plana egingo ditu, entitatearen jardueran euskara pixkanaka txerta dadin. Prozesua gauzatzeko, EMEren araberako entitatearen diagnostiko soziolinguistikoa (ezagutza eta erabilera datuak), eta eraldaketarako euskara plana zehaztuko dira, zerbitzu eta lan hizkuntza kontuan hartuta. Horrez gain, ekintza solteak egiteko aukera izango du entitateak.

Eskabidearekin batera, gutxienez, hau zehaztuko da:

● Metodologia. Diagnostikoa eta euskara plana diseinatzeko erabiliko den metodologia: datu bilketa, adierazleak, jarraipenerako maiztasunak, eta abar. Horiek guztiak genero ikuspegiarekin egingo dira, hau da, datu bilketa sexuaren arabera bereizita eta adierazleen artean genero adierazleak txertatuta.

● Kronograma. Diagnostikoa eta euskara plana diseinatzeko jarraituko den kronograma.

● Jarduera solteak egingo diren. Diagnostikoa eta euskara plana diseinatzeaz gain, euskararen erabilera sustatzeko jarduera solteak ere egingo diren. Horrela bada, aurrekoez gain, jardueren helburuak eta horien deskribapena ere zehaztuko da.

c) Hirugarren multzoa:

● Eskatzaile guztiek Erreferentzia Marko Estandarrari jarraikiz (EME aurrerantzean) osatutako urteko kudeaketa-plana aurkeztu beharko dute, «Hizketa» izeneko aplikazioa behar bezala betez. Hori guztia genero ikuspegiarekin egingo da, hau da, datu bilketa sexuaren arabera bereizita eta adierazleen artean genero adierazleak txertatuta.

● EMEri buruzko zehaztapenak honako helbide honetan aurki daitezke: http://www.euskadi.eus/errefrentzia-marko-estandarra-eme/web01-a2sekpri/eu/. Hizketari buruzko zehaztapenak honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zer-da-lanhitz/web01-a2lanhit/eu/

● Ez da zertan elementu guztietarako helburu eta ekintzarik zehaztu behar. Landuko diren elementu kopuruak ez du baldintzatuko lor daitekeen laguntza.

d) Laugarren multzoa: entitateak euskararen erabilera indartzeko marko ezberdinetan oinarritutako hizkuntza proiektu estrategikoa garatzea.

Eskabidearekin batera, gutxienez, hau zehaztuko da, ahal dela, genero ikuspegia txertatuta:

● Proiektuaren izena eta deskribapen orokorra.

● Helburua eta jarduera zehatzen deskribapena.

● Metodologia. Proiektuaren azalpena.

● Kronograma.

2.– Lau multzoetako jarduerak osatzeko, oinarri edo markotzat har daitezke honako erreferentzia hauek:

a) Erreferentzia Marko Estandarra (EME). http://www.euskadi.eus/errefrentzia-marko-estandarra-eme/web01-a2sekpri/eu/

b) Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-2023. https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/plan_euskera/eu_def/adjuntos/2020-2023-Planaren-PDF_eus.pdf

c) Kudeaketa Aurreratua eta Hizkuntzen Kudeaketa. Integraziorako Gida. https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/gestion_linguistica/eu_def/adjuntos/WEB-KUDEAKETA-AURRERATUA.pdf

3.– Entitate eskatzaileek, euskara-koordinatzailea edo garatuko diren jardueren gaineko komunikazioa errazteko arduraduna izan beharko dute. Aukeratutako pertsonak plantillakoa izan beharko du.

4.– Entitatearen aginte exekutibo gorena duen organoak edo pertsonak eskabidean onartu behar du urteko jarduera sorta eta horren inguruko informazioa.

12. artikulua.– Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak.

1.– Proiektuaren auto-finantzazioak lehenengo eta bigarren multzoetan gutxienez % 20koa izan behar du; hirugarrenean eta laugarrenean, berriz, gutxienez % 40koa.

2.– Eskatzaileak 13. artikuluan zehaztutakoaren arabera aurkeztu behar ditu bere jarduerak.

13. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa: jardueraren ingurukoa.

Entitateak dokumentazioan Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, ez du hizkera sexistarik erabiliko eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, ez du erabilera estereotipaturik egingo. Gainera, informazio guztia sexu-aldagaia kontuan harturik jaso eta eman beharko du eta, ahal dela, genero ikuspegia txertatuko du jardueran.

1.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Lehenengo multzoa:

● Eskabidea zuzen eta egoki beteta. Bertan, jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza eta xehatua jasoko da.

b) Bigarren multzoa:

● Eskabidea zuzen eta egoki beteta. Bertan, jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza eta xehatua jasoko da.

● Azalpen memoria. Gutxienez, entitatearen diagnostikoa eta euskara plana diseinatzeko jarraituko den prozesuaren metodologia eta kronograma jasoko dituena.

● Jarduera solteak garatuz gero, horien inguruko informazioa ere jasoko da eskabidean eta azalpen memorian.

c) Hirugarren multzoa:

● Eskabidea zuzen eta egoki beteta. Bertan, jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza eta xehatua jasoko da.

● «Hizketa» izeneko aplikazioa era egokian beteta. Bertan, hauek jaso beharko dira:

Lehenengoa.– Plan Estrategikoari dagokion atalean, erakundearen hizkuntza-egoera eta 2022rako helburuak.

Bigarrena.– Kudeaketa-planari dagoikionez, planaren aurrerapena lortzeko aurreikusitako ekintzen inguruko informazioa.

Urte bakarrerako kudeaketa-plana jasoko da aplikazioan, kasu honetan 2022koari dagokiona.

«Hizketa» aplikazioan sarbidea izateko, erabiltzaile berriek, erakunde edo aplikazioa elikatuko duen erabiltzaileak (erakundeko langilea izan edo ez), aldez aurretik Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzarekin harremanetan jarri behar dute «Hizketa» aplikazioan alta emateko.

Erabiltzaile berriek alta emateko dagokion fitxak (entitate fitxa/erabiltzaile fitxa) bete beharko dituzte. Fitxa horiek LanHitz webgunean eskuratu ahal izango dira. Erakundearen edota erabiltzailearen fitxak bete ondoren, helbide honetara bidali beharko dira: lanhitz@euskadi.eus

Erabiltzaile-alta eta aldaketa guztiak (bajak barne) Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari jakinaraziko zaizkio aipatutako fitxen bidez.

Aplikazioan sartzeko ezinbestekoa da ziurtagiri digitala izatea. Gai hauen inguruko informazio guztia Lanhitz webgunean dago (http://www.euskadi.eus/zer-da-lanhitz/web01-a2lanhit/eu/).

● «Hizkuntza trebakuntza orokorra» kontzepturako 12 urtetik gora HPSren laguntza jaso duten entitateek honako adierazpen hau aurkeztu beharko dute; euskara ikasten duten langileek lanean euskara erabiltzeko konpromisoa jasotzen duen dokumentua eta ikas-prozesu pertsonalizatua.

d) Laugarren multzoa:

● Eskabidea zuzen eta egoki beteta. Bertan, jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza eta xehatua jasoko da.

● Proiektua. Jardueren nondik norakoak jasoko dituen azalpen memoria. Gutxienez, helburua, metodologia eta kronograma jasoko dituena.

● «Hizkuntza trebakuntza orokorra» kontzepturako 12 urtetik gora HPSren laguntza jaso duten entitateek honako adierazpen hau aurkeztu beharko dute; euskara ikasten duten langileek lanean euskara erabiltzeko konpromisoa jasotzen duen dokumentua eta ikas-prozesu pertsonalizatua.

2.– Hirugarren eta laugarren multzoetarako, baloratzeko aurkez daitekeen dokumentazioa (aukerakoa):

a) Horrela badagokio, entitateak indarrean zenbait urterako daukan Euskararen Plan Estrategikoa edo baliokidea jasotzen duen dokumentua.

b) Entitatearen Hizkuntza-Politika eta/edo hizkuntza-irizpideak jasotzen dituen dokumentua.

c) Euskara ikasten duten langileak lanean euskara erabiltzen has daitezen entitateak ezarrita dituen irizpideak jasotzen dituen dokumentua.

d) Euskara dakiten langileek berariazko trebakuntza euskaraz jaso dezaten entitateak ezarrita dituen irizpideak jasotzen dituen dokumentua.

e) 2021ean edo 2022an jarraipena egiteko neurtutako adierazleen emaitzak.

14. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio-batzordea osatzeari dagokionez, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.9 artikuluan dioena hartuko da kontuan. Gainera, kideetako batek, gutxienez, berdintasunari buruzko prestakuntza izango du.

2.– 2022ko deialdian onartutako eskabideak baloratzeko, kide hauek osatutako balorazio-batzordea eratuko da:

a) Josune Zabala Alberdi andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, batzordearen buru izango dena.

b) Joseba Lozano Santos, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, edo haren ordezkoa, Estibaliz Alkorta Barragan andrea, Euskara Sustatzeko zuzendaria.

c) Edurne Pérez de San Román Ruiz de Munain andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako Euskara-planak Sustatzeko arduraduna, edo haren ordezkoa, Ane Crespo Calvo andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako EBPNren jarraipenerako arduraduna.

d) Leire Zuazo Urkaregi andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa, Ainhoa Delgado Iriondo andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria. Teknikari horrek idazkari-lanak egingo ditu.

3.– Balorazio-batzorde honek, agindu honen 15. eta 16. artikuluetan ezarritako dirulaguntzak emateko eta zenbatekoa finkatzeko irizpideak kontuan izanik, baloratu ondoren, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio.

Aipaturiko proposamenak honako atal hauek izango ditu gutxienez:

a) Deialdian finkaturiko baldintzak ez betetzeagatik baztertuak izan diren eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertzeko izandako zioa.

b) Diruz lagundutako egitasmoak, onartutako gastu-aurrekontua, eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

c) Gutxieneko puntuak ez lortzeagatik edo esleipen-proposamena 1.000 eurotik beherakoa izateagatik dirulaguntzarik gabe utzitako egitasmoak eta horiek lortutako puntuak.

4.– Balorazio-batzordeko kideek parte ez hartzea erabaki dezakete edo errefusatuak izan daitezke, 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako moduan.

15. artikulua.– Dirulaguntza ebazteko prozedura eta balorazio-irizpideak.

1.– Lehiaketa bidez erabakiko da deialdi hau; hots, onartutako eskabideen arteko konparaketa egingo da eta finkatutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, egitasmo bakoitzari dagokion puntuazioa emango zaio.

2.– Agindu honen 16.5 artikuluak zehaztutako gastuak eta mugak aplikatuta, aurkeztutako aurrekontuaren arazketa egingo da eta onartutako aurrekontua finkatuko da.

Proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, eskatutako kopuruaren arazketa egingo da, 16. artikuluak zehaztutako mugak aplikatuta. Proiektu bakoitzak lortutako puntuazioa ehuneko bihurtuko da (adib.: 50 puntu = % 50) eta ehuneko hori aplikatuko zaio eskabide araztu ondoren geratzen den kopuruari, bigarren multzoko diagnostikoa eta euskara planaren diseinua egiteari dagokion atalean izan ezik. Atal honetako balorazioan gai izanez gero, eskatutako kopurua eta entitatearen tamainari dagokion muga aplikatuta kalkulatuko da dirulaguntza. Gai izan ezean, ez zaio dirulaguntzarik esleituko pertsona edo entitate eskatzaileari, ez diagnostikorako eta euskara planerako, ezta ekintza solteetarako ere.

Dirulaguntzen baturak diru-baliabideen muga gainditzen badu, kasuan kasu esleitu beharreko diru-kopurua banaketa-sistema proportzionalaren arabera finkatuko da, hiruko erregela sinplea erabilita.

A --- B
C --- X

A = Diru mugarik izan ezean, onuradun guztiei legokiekeen diru kopurua.

B = Diru mugarik izan ezean, onuradun bati legokiokeen diru kopurua.

C = Onuradun guztien artean banatzeko dagoen diru kopurua.

X = Onuradun guztien artean banatzeko dagoen diru kopurua kontuan izanda, onuradun bati dagokion diru kopurua.

(Ikus .PDF)

Ebazpen-proposamena lantzerakoan, balorazio-batzordeak, multzo bakoitzean dauden diru-baliabideak kontuan izanik, multzo jakin batean diru soberakina izan eta besteren batean diru-falta balego, diru-soberakinen birbanaketa egitea proposatuko du.

Birbanaketa hori egiterakoan hirugarren multzoak izango du lehentasuna; multzo horren premiak bete ondoren, gainontzeko multzoek diru-birbanaketan hurrenkera hau jarraituko dute: laugarren multzoa, bigarren multzoa eta, azkenik, lehenengo multzoa. Birbanaketa egiterakoan, multzoen beharrak izango dira gogoan. Horrela jasoko da balorazio-batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean, azken honek dagokion erabakia har dezan. Halaber, EHAAn argitaratuko da Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpena eta esleipenaz gain, egindako diru-birbanaketen berri ere emango du.

3.– Egitasmoen balorazioari dagokionez: esleipen-prozedurari ekin aurretik, baldintzak betetzen dituzten egitasmoak baloratuko dira, artikulu honetako 5. puntuan finkatutako irizpideen arabera.

4.– Berrogei puntutik beherako egitasmoek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

5.– 2022ko jarduerak baloratzeko oinarrizko irizpideak:

a) Lehen multzoan:

● Aukeratutako helburuetara zein planteatutako aurrerapen-mailara iristeko jardueren egokitasuna eta bideragarritasuna: 55 (berrogeita hamabost) puntu, gehienez.

● Urteko jardueretara bideratutako diru-baliabideen egokitasuna: 35 (hogeita hamabost) puntu, gehienez.

● Euskal Autonomia Erkidegoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena edo baliokidea indarrean duen entitatea izatea. Aitorpen hori otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuak arautzen du: 5 (bost) puntu.

● Genero-ikuspegia txertatuta egotea: 5 (bost) puntu gehienez. Honetan baloratuko dira, besteak beste, emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua sustatzea, berdintasun-politikak eta hizkuntza-normalkuntzako politikak bateratzen dituzten jarduerak aurreikustea, genero-gaietan prestakuntza duen pertsonaren batek parte hartzea ekintzen diseinuan edota emakumeen eta gizonen beharrak (ordutegiak, kontziliazioa, ezagutza maila...) kontuan izatea ekintzak diseinatzerakoan eta planteatzerakoan.

b) Bigarren multzoa:

● Diagnostikoa eta euskara planaren azalpen memoria. Kontuan hartuko dira erabiliko diren metodologia eta baliabideak (ekonomikoak, giza baliabideak, dokumentazioa, kronograma...): Egitura eta edukia egokiak izanez gero, «gai» izango da.

● Ekintza solteak burutuz gero, lehen multzoko irizpideak jarraituko dira.

a) Aukeratutako helburuetara zein planteatutako aurrerapen-mailara iristeko jardueren egokitasuna eta bideragarritasuna: 55 (berrogeita hamabost) puntu, gehienez.

b) Urteko jarduerak bideratutako diru-baliabideen egokitasuna: 35 (hogeita hamabost) puntu, gehienez.

● Euskal Autonomia Erkidegoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena edo baliokidea indarrean duen entitatea izatea. Aitorpen hori otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuak arautzen du: 5 (bost) puntu.

● Genero-ikuspegia txertatuta egotea: 5 (bost) puntu gehienez. Hauetan baloratuko dira, besteak beste, emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua sustatzea, berdintasun-politikak eta hizkuntza-normalkuntzako politikak bateratzen dituzten jarduerak aurreikustea, genero-gaietan prestakuntza duen pertsonaren batek parte hartzea diagnostikoan eta planaren diseinuan edota emakumeen eta gizonen beharrak (ordutegiak, kontziliazioa, ezagutza maila...) kontuan izatea plana diseinatzerakoan eta planteatzerakoan.

c) Hirugarren multzoa:

● Egindako diagnostikotik aukeratutako helburuetara zein planteatutako aurrerapen-mailara iristeko kudeaketa-planaren egokitasuna eta bideragarritasuna: 10 (hamar) puntu, gehienez.

● Euskara planaren sendotasuna erakusten duten dokumentuak: 15 (hamabost) puntu, gehienez.

a) Indarrean dagoen entitatearen hainbat urtetarako euskararen Plan Estrategikoa jasotzen duen dokumentua: 3 (hiru) puntu, gehienez.

b) Entitatearen Hizkuntza-Politika eta/edo Hizkuntza-irizpideak jasotzen duen dokumentua: 3 (hiru) puntu, gehienez.

c) Euskara ikasten duten langileak lanean euskara erabiltzen has daitezen entitateak ezarrita dituen irizpideak eta ikas-prozesu pertsonalizatua jasotzen dituen dokumentua: 3 (hiru) puntu, gehienez.

d) Euskara dakiten langileek berariazko trebakuntza euskaraz jaso dezaten entitateak ezarrita dituen irizpideak jasotzen dituen dokumentua: 3 (hiru) puntu, gehienez.

e) 2021ean edo 2022an jarraipena egiteko neurtutako adierazleen emaitzak: 3 (hiru) puntu, gehienez.

● Euskara-planak zuzenean eragindako langile-kopurua: 15 (hamabost) puntu, gehienez.

(Ikus .PDF)

● Pertsona edo entitate eskatzaileak, bere izaeragatik, dagokion sektorearen ezaugarriengatik (industria/zerbitzua) eta finkatuta dauzkan hizkuntza-politika eta hizkuntza-irizpideak kontuan izanda, abiapuntutik finkatutako helburuetara iristeko aurreikusi dituen giza eta diru-baliabideen egokitasuna: 15 (hamabost) puntu, gehienez.

● EMEren lehen mailako elementuak oinarritzat hartuta, euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa areagotzeko aurreikusitako neurrien eta ekintzen egokitasuna: 25 (hogeita bost) puntu, gehienez.

● Bikain ziurtagiria aurreko 3 (hiru) urteetan eskuratuta izatea: 10 (hamar) puntu, gehienez. Egiaztatutako azkena hartuko da kontuan.

• Entitate osorako Oinarrizkoa: 6 (sei) puntu.

• Entitate osorako Ertaina: 8 (zortzi) puntu.

• Entitate osorako Goi-maila: 10 (hamar) puntu.

• Entitate osorako izan ezean: 4 (lau) puntu.

● Euskal Autonomia Erkidegoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena edo baliokidea indarrean duen entitatea izatea. Aitorpen hori otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuak arautzen du: 5 (bost) puntu, gehienez.

● Genero-ikuspegia txertatuta egotea: 5 (bost) puntu gehienez. Honetan baloratuko dira, besteak beste, emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua sustatzea, berdintasun-politikak eta hizkuntza-normalkuntzako politikak bateratzen dituzten jarduerak aurreikustea, genero-gaietan prestakuntza duen pertsonaren batek parte hartzea diagnostikoan eta planaren diseinuan edota emakumeen eta gizonen beharrak (ordutegiak, kontziliazioa, ezagutza maila...) kontuan izatea plana diseinatzerakoan eta planteatzerakoan.

d) Laugarren multzoa:

● Proiektuaren egokitasuna eta bideragarritasuna erakundeak aurreikusitako helburuetara iristeko: 20 (hogei) puntu, gehienez.

● Pertsona edo entitate eskatzaileak, bere izaeragatik, dagokion sektorearen ezaugarriengatik (industria/zerbitzua) eta finkatuta dauzkan hizkuntza-politika eta hizkuntza-irizpideak kontuan izanda, abiapuntutik finkatutako helburuetara iristeko aurreikusi dituen giza eta diru-baliabideen egokitasuna: 15 (hamabost) puntu, gehienez.

● Proiektuaren berrikuntza-maila: 10 (hamar) puntu, gehienez.

● Proiektuak beste enpresengan edo, oro har, gizartearengan duen eragina: 10 (hamar) puntu, gehienez.

● Proiektuan inplikatutako langile-kopurua: 10 (hamar) puntu, gehienez.

(Ikus .PDF)

● Euskara planaren sendotasuna erakusten duten dokumentuak: 15 (hamabost) puntu, gehienez.

a) Horrela badagokio, entitateak indarrean zenbait urterako daukan Euskararen Plan Estrategikoa edo baliokidea jasotzen duen dokumentua. 3 (hiru) puntu, gehienez.

b) Entitatearen Hizkuntza-Politika eta/edo hizkuntza-irizpideak jasotzen dituen dokumentua. 3 (hiru) puntu, gehienez.

c) Euskara ikasten duten langileak lanean euskara erabiltzen has daitezen entitateak ezarrita dituen irizpideak jasotzen dituen dokumentua. 3 (hiru) puntu, gehienez.

d) Euskara dakiten langileek berariazko trebakuntza euskaraz jaso dezaten entitateak ezarrita dituen irizpideak jasotzen dituen dokumentua. 3 (hiru) puntu, gehienez.

e) 2021 edo 2022an jarraipena egiteko neurtutako adierazleen emaitzak. 3 (hiru) puntu, gehienez.

● Bikain ziurtagiria aurreko 3 (hiru) urteetan eskuratuta izatea: 10 (hamar) puntu, gehienez. Egiaztatutako azkena hartuko da kontuan.

• Entitate osorako Oinarrizkoa: 6 (sei) puntu.

• Entitate osorako Ertaina: 8 (zortzi) puntu.

• Entitate osorako Goi-maila: 10 (hamar) puntu.

• Entitate osorako izan ezean: 4 (lau) puntu.

● Euskal Autonomia Erkidegoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena edo baliokidea indarrean duen entitatea izatea. Aitorpen hori otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuak arautzen du: 5 (bost) puntu.

● Genero-ikuspegia txertatuta egotea: 5 (bost) puntu gehienez. Honetan baloratuko dira, besteak beste, emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatua sustatzea, berdintasun-politikak eta hizkuntza-normalkuntzako politikak bateratzen dituzten jarduerak aurreikustea, genero-gaietan prestakuntza duen pertsonaren batek parte hartzea diagnostikoan eta planaren diseinuan edota emakumeen eta gizonen beharrak (ordutegiak, kontziliazioa, ezagutza maila...) kontuan izatea plana diseinatzerakoan eta planteatzerakoan.

● Beharrezkotzat jotzen denetan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak pertsona edo entitate eskatzaileari behar beste informazio eta dokumentazio eskatu ahal izango dio, aurkeztutako jarduerak era egokian baloratzeko.

16. artikulua.– Dirulaguntzen mugak.

1.– Esleitu beharreko dirulaguntza ez da eskatutako diru-kopurua baino handiagoa izango. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak pertsona edo entitate eskatzailearen proposamena bertan behera utziko du 40 (berrogei) puntu baino gutxiago jasotzen dituzten jardueren kasuan, edo HPSri eskatutako kopurua 1.000 eurotik beherakoa baldin bada edota balorazio-batzordeak esleipen-proposamena prestatu ondoren, pertsona edo entitate jakin bati esleitu behar zaion diru-kopurua guztira mila (1.000) euro baino gutxiagokoa balitz.

2.– Edozein modutan ere, 15.2 artikuluan jasotzen den aurrekontu araztuaren gaineko % 80ko dirulaguntza esleitu ahal izango da, gehienez ere, lehenengo multzoan eta bigarrenean, eta % 60koa hirugarrenean eta laugarrenean.

3.– Halaber, lehen multzoan, eskaria aukezten duen pertsona edo Entitateak, gehienez ere, 5.000 euro jaso ahal izango ditu. Nolanahi ere, multzo honetako pertsona edo entitate eskatzaileak dirulaguntza jasotzeko beharrezkoa den gutxieneko puntuazioa jasoz gero, bermatuta izango du, gutxienez, 1.000 euroko dirulaguntza.

Bigarren multzoan, berriz, eskaria aukezten duen pertsona edo entitateak gehienez ere 13.000 euro jasoko ditu. Horren barruan bi kontzeptu egongo dira eta bakoitzak bere mugak izango ditu. Lehenengoa, diagnostikoa eta planaren diseinua aurkezten dituen erakundearen tamainak baldintzatuko du, honela:

• 1-10 langile: 3000 euro, gehienez.

• 11-50 langile: 5000 euro, gehienez.

• 51-100 langile: 7000 euro, gehienez.

• > 100 langile: 8000 euro, gehienez.

Bigarren kontzeptua ekintza solteak direnez, lehen multzoan jarritako muga berdina egongo da, 5.000 eurokoa.

Hirugarren eta laugarren multzoetan: euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso duen pertsona edo entitate bakoitzak gehienez ere 25.000 euro jaso ahal izango ditu, eta gainontzekoek, 35.000 euro.

4.– Agindu honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu bertsurako eman ditzakeenekin, baldin eta agindu honetako mugak errespetatzen badira eta eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Laguntza-mugak gainditu edota gain-finantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren kopurua murriztu egingo da, diruz lagundutako jardueraren kostu osoari gehienez dagokion dirulaguntzara arte.

5.– Hauek dira kontuan hartuko diren gastuak eta mugak:

Dirulaguntza honetako gastuak eta mugak finkatzeko, diruz lagundu daitezken gastuak finkatzen dituen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikulua hartu da kontuan.

a) Itzulpenetarako, gehienez ere, gastu osoaren % 50 hartuko da kontuan, betiere, 12.000 euroko gastua baino gehiago ez bada. Lehenengo eta bigarren multzoetan ez da aplikatuko % 50eko muga hori.

Kontuan hartuko den tarifa honako hau izango da multzo guztietan: 0,0823 euro hitzeko.

Euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso duten eskatzaileek softwarearen itzulpenetarako bakarrik jaso ahalko dute itzulpen-gastua aurrekontuan eta zehaztu beharko dute zein aplikaziotarako eskatzen duten (eskabide-orrian).

b) Batzarretako aldibereko itzulpen-zerbitzua. Gehienez ere 2.000 euro arteko gastua hartuko da kontuan.

c) Langile elebidunen lanari lotutako hizkuntza-trebakuntza orokorra, baldin eta HABEk diruz lagundu ez badu. Kalkuluak egiteko erabiliko den erreferentzia: 8 euro ikasle/orduko.

Langileek hizkuntza-gaitasuna eskuratzeko edo hobetzeko euskalduntze zein alfabetatze ikastaroak, baldin eta HABEk diruz lagundu ez baditu.

Euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso duten eskatzaileek, beti ere erabilerarekin lotzeko plan pertsonalizatua egiten bazaie ikasleei (hala bada, markatu eskabidean, izena adierazi proiektuari buruzko dokumentazioaren atalean eta erantsi dokumentua).

d) Langileentzako prestakuntza-ikastaroa euskaraz. Lanari lotutako berariazko prestakuntza euskaraz.

e) Softwarea. Gehienez ere 15.000 euroko gastua hartuko da kontuan. Kontzeptu honetan diruz lagunduko dira:

1.– Euskarazko softwarearen sorkuntza.

2.– Programa, aplikazio edo software baten iturburu kodea euskaratzea.

Hemendik kanpo geratzen dira webguneak euskaraz elikatzea, edo sortuta dauden aplikazioen bitartez euskarazko informazioaren bidaltze soila, aplikazioa bera euskaratu gabe.

Terminologia zein hizkuntza egokitzapen soila denean, honi dagokion diru-zuzkidura itzulpenen atalean sartu beharko da, derrigorrean. Dena den, entitateek softwaregintzan egin dituzten lanen merkatuko kostu estimatua zein izan litekeen jakiteko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak era horretako lanetan eskarmentua duten aholkularitzekin jarduteko aukera izango du, baldin eta beharrezkotzat joko balu.

f) Diagnostikoa, plangintzaren diseinua, jarraipena, ebaluazioa, inplementazioa eta egokitzapena. Honetan hiru azpi-kontzeptu hauek hartuko dira aintzat:

1.– Euskara Batzordearen jarduera; hots, euskara batzordekideen eta euskara-lantaldeen lan-bileren orduak.

2.– Euskara-koordinatzailearen edo jardueren komunikazioaz arduratuko den pertsonaren dedikazioa; bere lan-jardunaren barruan zeregin horri eskainitako denbora (ehunekotan) eta horren kostua.

3.– Pertsona edo entitate eskatzaileak kanpo aholkularitza-zerbitzua kontratatua baldin badu, planaren jarraipenari eta ebaluazioari dagokien gastua, muga hauekin:

● Euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza behin edo 12 urtera arte jaso dutenek, 5.000 euroko muga.

● Euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso dutenek, 2.000 euroko muga.

● Salbuespen modura, lehen edo bigarren multzoetako eskabideei ez zaie kontzeptu horretan mugarik aplikatuko.

g) Ez da aintzat hartuko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzeari edota eskuratzeko aurrelanari lotutako gasturik.

17. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasi eta sei hilabeteko epean jakinaraziko die interesdunei.

2.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei «Nire karpeta» atalaren bidez eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan eta dagozkion ondorioak izan ditzan. Edozein modutan, lehenago egin den jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Sei hilabeteko epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunean hasi eta hilabeteko epean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.

5.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako –eta izaera bereko diren– laguntza eta dirulaguntzak itzultzeko prozedura nahiz zehapen-prozedura oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren onarpena.

Dirulaguntza esleitu zaiola adieraziz bidalitako jakinarazpena jaso eta hamar (10) eguneko epean dirulaguntzaren eskatzaileak berariaz eta idatziz uko egin ezean, dirulaguntza onartutzat emango da.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Esleitutako dirulaguntzen ordainketak bi zatitan egingo dira:

1.– Lehenengo ordainketan dirulaguntza osoaren ehuneko hirurogeita bost (% 65) ordainduko da.

2.– Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako ehuneko hogeita hamabost (% 35) ordainduko da, dirulaguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren, hilabeteko epean. Bigarren ordainketa 2023ko aurrekontuen kontura egingo da.

3.– Erregistratuta egon ezean, edo Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenaren Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, hirugarrenaren datuen alta aurkeztu beharko du. Inprimaki hori euskadi.eus-en dago (https://www.euskadi.eus/hirugarrenak)

20. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Justifikaziorako, Dirulaguntza publikoei buruzko justifikazioa arautzen duen 38/2003 Legearen 30. artikuluak ezarritakoa hartuko da kontuan.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du ezinbestean Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzaren aurrean.

3.– Dirulaguntza justifikatzeko, gastuak 2022ko urtarrilaren 1a eta 2022ko abenduaren 31 bitartekoak izango dira, eta gastu horiei dagozkien ordainketa-agiriak 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak eta justifikazioa egiteko epea amaitu baino lehenagokoak.

4.– Dirulaguntzaren justifikazioa egiteko azken eguna 2023ko martxoaren 31 izango da.

5.– Justifikatzeko era:

Bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dira, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta webgunean sartuta.

21. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Diruz lagundutako jardueren behin betiko balantze ekonomikoa, 2022ko diru-sarrerak eta -irteerak «Emandako dirulaguntza justifikatzeko inprimakia» izeneko formularioaren arabera zehaztuz eta erakunde publiko nahiz pribatuetatik jasotako beste dirulaguntzak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak esleitutakoa ere adierazita. Pertsona edo entitate onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez badu, horren adierazpena egingo du «Emandako dirulaguntza justifikatzeko inprimakia» formularioan bertan.

2.– Justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egin beharko da. Justifikazio-kontu erraztuak, erantzukizunpeko adierazpenaren izaera izango duenak, honako hauek jaso beharko ditu («Justifikazio-kontu erraztua» deituriko formularioa):

a) Agindu honen 24. artikuluak ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko aitorpena.

b) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion gastuen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, jaulkipen-data, guztirako zenbatekoa eta egotzitako gastua biltzen dituena, «Emandako dirulaguntza justifikatzeko inprimakian» finkaturiko kontzeptu nagusien arabera sailkatuta. Langile-gastuak zuritzeko ez dira onartuko berariaz egindako ziurtagiriak.

3.– 2022ko jarduerak garatzeko dirulaguntza jaso duten pertsonek edo entitateek honako hauek erantsi behar dituzte:

a) Lehenengo multzoan: Egindako ekintzen amaierako egoera azaltzeko txostena. Bertan zehaztuko da zer egin den, helburua bete den, parte hartzaileak zeintzuk izan diren, zer baliabide erabili diren...

b) Bigarren multzoan: entitateak gauzatutako diagnostikoa eta euskara plana. Gutxienez, hauek jaso beharko dituzte:

● Diagnostikoa: entitatearen egoera soziolinguistikoa zein den, euskararen ezagutza eta erabilera zenbatekoa den EMEren arabera.

● Euskara Plana: indarraldia, helburu nagusiak, lehentasunezko lan-ildoak, aurreikusten diren baliabideak, jarraipenerako adierazle nagusiak eta maiztasuna.

● Ekintza solteak ere eginez gero, egindako ekintzen amaierako egoera azaltzeko txostena, lehenengo multzorako aurreikusitakoaren arabera.

c) Hirugarren multzoan: «Hizketa» aplikazioa behar bezala beteta. Bertan, Euskararen Plan Estrategikoaren atalean amaierako egoera bete behar da eta, Kudeaketa-planaren atalean, ekintzaren amaierako egoera ekintza bakoitzean.

d) Laugarren multzoan: entitateak burututako proiektuaren ebaluazio-txostena.

4.– Bestalde, dagokion entitateak honako kontzeptu hauek ere erantsi beharko ditu:

a) Itzuli edo egokitutako testuak eta jatorrizkoak euskarri informatikoan (15 MB-tik gorako artxiboak helbide honetara bidaliko dira fitxategiak partekatzeko tresna/Web zerbitzu baten bidez: lanhitz@euskadi.eus) eta horren zerrenda («Exceleko formularioa»). Hala eskatuz gero, agiri-ereduak, glosategi eta terminologia-lanez gain, diruz lagundutako prestakuntza eta trebakuntza-material kurrikularra ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esku jarri behar da euskarri informatikoan.

b) Hizkuntza-trebakuntza orokorraren eta euskaraz egin diren laneko berariazko prestakuntza-ikastaroen zerrenda, iraupena, erabilitako material didaktikoa eta bakoitzean parte hartutako ikasleen kopurua, sexuaren arabera berezita («Exceleko formularioa»).

Entitateak dokumentazioan Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, ez du hizkera sexistarik erabiliko, eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, ez du erabilera estereotipaturik egingo. Gainera, informazio guztia sexu-aldagaia kontuan harturik jaso eta eman beharko du.

c) Euskara-batzordearen bileren akten kopia aurkeztu behar da euskarri informatikoan (15 MB-tik gorako artxiboak helbide honetara bidaliko dira fitxategiak partekatzeko tresna/Web zerbitzu baten bidez: lanhitz@euskadi.eus), besteak beste, honako hauek zehaztuz: data, partaideak (sexuaren arabera berezita), iraupena eta jorratutako gaiak.

d) Softwaregintzari dagokionez, egindako lanen gaineko memoria aurkeztuko da («Exceleko formularioa»).

5.– Dirulaguntza jaso duten pertsonek edo entitateek % 100 justifikatu behar dute 15.2 artikuluan jasotako aurrekontu onartua.

6.– Justifikazio-kontu erraztuaren arabera egiten bada ere, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak ausazko laginketa sinplea izeneko laginketa-teknika aplikatuko du frogagiriok egiaztatzerakoan, dirulaguntza egoki aplikatzeari buruzko zentzuzko ebidentziak lortu ahal izateko. Lagina gutxienez % 30ekoa izango da. Eta, horrela eginez gero, organo emaileak eskatu ahalko dio onuradunari bidaltzeko bai laginketan aukeratutako gastu-inbertsioen egiaztagiriak, bai eta haiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere.

Justifikazio garaian, anomalia edo irregulartasunen bat ikusiz gero, agindu honen 22. eta 24. artikuluetan finkatutakoari ekingo zaio zuzenean.

22. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa eta kitapen-ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren helburua bete bada. Hori dela eta, onartutako aurrekontuaren eta justifikatutako gastuaren arteko desbiazioa % 5era artekoa bada, ez da ebazpena aldatuko. Desbiazio hori % 5etik % 25era artekoa bada, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berregokitu egingo da, onartutako aurrekontuarekiko desbiazioaren proportzio berean. Hortik gorako desbiaziorik ez da onartuko eta ebazpena bertan behera utziko da.

23. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 52.2 artikuluan finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Dirulaguntza eskabidean zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.

b) Dirulaguntza eskabidean aurrikusitako ekintzetarako erabili beharko dute.

c) Eskabidean aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute urtean bertan.

d) Eusko Jaurlaritzak deialdi honen bidez diruz lagundutako edozein egitasmoren betetze-mailaren jarraipena egin ahal izango du, eta horretarako egokien irizten dituen neurriak hartuko ditu. Dirulaguntzaren onuradunak behar beste erraztasun emango dizkio Eusko Jaurlaritzari, honek jarraipen hori egin ahal izan dezan.

e) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.

f) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte.

g) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

h) Laguntza-gai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementurik ere.

i) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte-, eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

j) Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

k) Dirulaguntzaren jasotzaile direnek diruz lagundutako programa, proiektu edo jardueren ondorioz agerpen publikoetan erabiltzeko diren iragarki-txarteletan, argazkietan eta gainerako material idatzietan, entzunezkoetan eta elektronikoetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskainitako babesa adierazi beharko dute, horretarako logotipo normalizatua erabiliz. Arestian zerrendatutako material horiek guztiek gutxienez euskaraz egon beharko dute.

24. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako dirulaguntza ez justifikatzea edo bere osotasunean ez justifikatzea.

b) Jasotako dirulaguntza, osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.

c) Agindu honen 24. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.

d) Hala badagokio, kitapen-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

e) Dirulaguntzen araudian nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako dirua eta horren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenean eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenean, adierazitakoa betez eta horretarako ezartzen den prozedurari jarraituz.

25. artikulua.– Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Helburua: Euskararen presentzia eta erabilera indartzeko dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioak.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/023400-capa1-eu.shtml

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bideari amaiera ematen dioen agindu honen aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Laguntza programa hau Europako Batzordeak zenbait dirulaguntza mota barne-merkatuarekin bateragarriak jotzen dituen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren barruan dago, Itunaren (EBAO 2014, L 187, 2014-06-26) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz (Kategorien Araberako Salbuespen Araudi Orokorra edo 651/2014 Araudia), eta Erregelamendu horren 53.2 artikuluak ezarritakora egokitzen da.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango du eragina agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 26a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana