Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

165. zk., 2022ko abuztuaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3737

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, argitaratu egiten da langile kualifikatuen eskari altuko sektoreetan prestakuntza-jarduerak egiteko 2022. urterako dirulaguntzen deialdia, batez ere langile langabeei zuzenduta, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenak) ezarritako esparruan.

2022ko uztailaren 20ko bileran hartutako erabaki baten bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak langile kualifikatuen eskari altuko sektoreetan prestakuntza-jarduerak egiteko 2022. urterako dirulaguntzen deialdia onartu du, batez ere langile langabeei zuzenduta, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenak) ezarritakoaren esparruan. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) apartatuan xedatutakoaren arabera (ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak finkatutako testua), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2022rako deialdi jakin bat argitaratuko da, langile kualifikatuen eskari altuko sektoreetan prestakuntza-jarduerak egiteko dirulaguntzei buruzkoa, batez ere langile langabeei zuzenduta, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenak) ezarritako esparruan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu baitzuen 2022ko uztailaren 20ko bileran hartutako Erabakiaren bidez. Deialdia ebazpen honen eranskin moduan jasota dago.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak laguntza-deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, erabakia aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
LANGILE KUALIFIKATUEN ESKARI ALTUKO SEKTOREETAN PRESTAKUNTZA-JARDUERAK EGITEKO 2022. URTERAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, BATEZ ERE LANGILE LANGABEEI ZUZENDUTA, MAIATZAREN 31KO 82/2016 DEKRETUAK (EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETA ARAUTZEN DUENAK) EZARRITAKOAREN ESPARRUAN.

Deialdi hau lehen aldiz argitaratu da, proba pilotu modura, prestatutako eta espezializatutako profesionalen eskari altuko sektoreetan prestakuntza-jarduera berritzaileak garatzeko, hala nola logistikaren eta garraioaren sektorean (nazioarteko garraioaren adarrean eta garraio-kudeatzaileak eta aduanakoak diren enpresetan), programazioaren eta garapen informatikoaren eremuan (Boot Camps metodologian oinarrituta), eta espezializazio-maila altuko sormenaren eta musikaren industrietan.

Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-kudeatzailetzako eta aduanako enpresen sektoreari dagokionez, Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak eta ATEIA Euskadik profesionalen beharrizanen diagnostiko bat egin dute. Diagnostiko horretan agerian geratu da, batetik, beharrezkoa dela prestatutako langileak sartzea eta, bestetik, estali gabeko lanpostu hutsak daudela. Horrenbestez, prestakuntza-ibilbide espezifikoak sortzeko beharrizana aipatu da. Ibilbide horiek hainbat prestakuntza-espezialitatez osatuta egon beharko dira, trafikoko operadorearen edo aduana-saileko langilearen (batez ere) profil profesionaletan lanpostu batera sartzeko beharrezko eskumenak eskuratzeko. Era berean, aduanako eta garraio-kudeatzailetzako jarduerarekin lotutako hiru profesionaltasun-ziurtagiri ematea garrantzitsua dela azpimarratzen da.

Programazioaren eta garapen informatikoaren eremuan, azterketa askok adierazten dute eremu horretan behar diren lanpostu ugariak estali ahal izateko prestakuntza espezializatua nabarmen areagotu beharra dagoela. Kontuan hartuta enpresetako kudeaketa-prozeduren digitalizazioa eta harreman birtualaren orokortzea bezeroen, hornitzaileen eta enpresen artean, bai eta administrazioaren eta herritarren artean ere, eta gogoan izanda adimen artifiziala, datuen kudeaketa edo big data, machine learning edo zibersegurtasuna, beste arlo teknologiko batzuen artean, beharrezkoa da lan handia egitea informatikako aplikazio seguruak eta kalitatezkoak garatzen, gailu elektroniko desberdinen bidez (esaterako, ordenagailuak, telefono mugikorrak edo tabletak). Aplikazio hauek ezarri ahal izateko, programazioko lengoaia desberdinak sakon ezagutu behar dira eta garatzaile informatikoen lanpostu ugari eduki behar dira. Gaur egun, talentu digitalean dagoen arrakala hori murrizteko, bete beharreko hainbat lanpostu huts daude.

Egungo metodo berritzaileetako bat, programatzaile eta garatzaile informatikoen prestakuntzan emaitza onak ematen ari dena, Boot Camps izenekoa da. Boot Camp prestakuntza eta entretenimendu espezializatu eta intentsiboko programa bat da, partaideak zenbaizt gaitasun garatu ditzan, gero modu oso azkarrean praktikara eraman eta ezagutzak eskuratzeko, erabateko murgiltzean oinarritzen den esperientzia baten bidez. Prestakuntza hau oso praktikoa da, ez da zertan aldez aurretik programazioaren gaineko ezagutzarik izan, eta laneratze-maila altuak lortzen ditu. Ondorioz, oso egokia da profesionalki beren burua berrasmatu nahi duten eta beren ibilbidea eremu digitalera bideratu nahi duten pertsonentzat.

NBEk 2021. urtea Garapen Jasangarrirako Ekonomia Sortzailearen Nazioarteko Urte izendatu zuen. Adierazi zuenez, industria sortzaileak funtsezkoak dira garapen jasangarriaren agendarako, berrikuntza eta ekonomiaren dibertsifikazioa sustatzen dute, zerbitzuen sektore indartsuan faktore esanguratsua osatuz, enpresa-espiritua babesten dute eta kultura-aniztasunean laguntzen dute.

Pandemiak eragindako berrogeialdiak agerian utzi du ekonomia sortzaile kulturaleko zerbitzu eta produktuen balioa. Izan ere, igo egin da online jarduera kulturalen kontsumoa, besteak beste zinema, nahierako telebistak, internet bidezko kontzertuak eta plataforma eta sare sozialen bidezko musikaren kontsumoa, irakurketa-produktuak, joko digitalak, argazkigintza, argitalpenak eta audio eta bideoko era guztietako artxiboak, bai eta zuzeneko irratia edo artxibo digitalen deskargen bidezkoa ere.

Hala ere, jasandako osasun-krisiaren eta laneko eta mugikortasuneko mugen ondorioz, industria sortzaile honetan atzerapen bat egon da, eragina izan baitu zuzeneko eta jendaurreko emanaldietan eta eduki berrien ekoizpenean. Merkatuak edukien ekoizpen handiagoa eskatzen du, egungo urritasuna arintzeko. Horrez gain, eremu honetan sortzen den edozein berrikuntzari adi dago. Horregatik, industria sortzaileek, orokorrean, epe labur eta ertainean hazteko aukera altuak dituzte, eta etorkizun onena duten jarduera ekonomikoetako bat osatzen dute balio erantsiko ekosistema sortzaile bat sortzen laguntzen duten eremuetan, jabetza intelektualean eta egiletza-eskubideetan oinarrituta.

2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiak EAEko eta nazioarteko testuinguruan nagusitzen ari diren joera handiak identifikatzen ditu (horietako bat trantsizio teknologiko-digitala da), eta 2. bektore bat ezartzen du kalitatezko enplegu inklusiboan aurrera egiteko giltzarri estrategikoen artean, «produkzio-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea» bultzatzea helburu duena.

2021-2024 Enplegu Plan Estrategikoak bere ildo estrategikoen artean jasotzen du "trantsizio digitalerako enplegatuen eta langabeen enplegua eta prestakuntza", eta deialdi honetan planteatutako prestakuntzak eragin zuzena dauka ildo honetan aurreikusitako helburuak lortzeko orduan.

Berreskuratze eta erresilientziarako Euskadi Next programan jasotakoez gain, trantsizio teknologikorako, pertsonen zaintzarako eta energia ekologikoetarako, deialdi honetan bultzada bat eman nahi zaio ekonomia sortzaileari, zerbitzuen sektorea indartzeko faktore garrantzitsutzat jotzen denez gero.

Enplegurako lanbide-heziketa funtsezko tresna da lan-merkatuan laneratzen eta langileen enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko. Horrenbestez, erabaki honetan arautzen diren finantzabideei esker egingo diren prestakuntza-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko langileei, eta, batez ere, langabeei prestakuntza-eskaintza espezializatua emango zaie. Horrela, beren enplegagarritasuna hobetu ahal izango dute modu eraginkorrean, deskribatutako sektore horietan prestatutako profesionalen beharrak estaltzen diren bitartean.

Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak (zeinak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen baitu) 2. artikuluan ezartzen duenez, Enplegurako Lanbide Heziketa da Lanbide Heziketaren sistemetako bat enpresen artean eta langileen artean (langabeak nahiz lanean ari direnak) lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko (hurrenez hurren), prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, horrek dauzkan erantzukizunei dagokienez, eta Lanbide Heziketaren eremuan oro har Zuzendaritza, antolamendu eta plangintzan Hezkuntza Sailak dituen eginkizunak ezertan eragotzi gabe.

Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoari (Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago) dagokio, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horren barruan dago dirulaguntzetarako deialdiak onestea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onetsiriko organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan.

Eskari altuko sektoreetako prestakuntzara bideratutako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2022ko martxoaren 22ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, 2022ko uztailaren 20an hartutako erabaki baten bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak langile kualifikatuen eskari altuko sektoreetako prestakuntza-jarduerak egiteko 2022. urterako dirulaguntzen deialdia onartu du, batez ere langile langabeei zuzenduta, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenak) ezarritakoaren esparruan. Hona deialdia:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xedea langile kualifikatuen eskari altuko sektoreetan prestakuntza-jarduerak egitea finantzatzeko 2022ko ekitaldian eman beharreko laguntzak arautzea da, batez ere langile langabeei zuzenduta.

Langile kualifikatuen eskari altuko sektoreak, deialdi honen ondoreetarako, honako hauek dira:

– Garraio-kudeatzailetzako eta aduanako enpresen sektore logistikoa.

– Programazioa eta garapen informatikoa.

– Espezializazio altuko industria sortzaile, kultural eta musikala.

2.– Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren baliabide ekonomikoak 1.000.000 euro dira; horietatik 600.000 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 400.000 euro 2023ko konpromiso-kredituari.

Baliabide horiek hiru dirulaguntza-lerrotan banatzen dira, eskari altuko hiru sektoreetako bakoitzeko bana, honela:

– 300.000 euro, garraio-kudeatzailetzako eta aduanako enpresen sektore logistikoarekin lotutako prestakuntza-proiektuetarako.

– 500.000 euro, programazioaren eta garapen informatikoaren sektorearekin lotutako prestakuntza-proiektuetarako, eta.

– 200.000 euro, espezializazio altuko industria sortzaile, kultural eta musikalarekin lotutako prestakuntza-proiektuetarako.

Banaketa hau aldatu egin ahal izango da, aurrekontu-kreditua agortzeko. Dirulaguntza-lerroren batean kreditua agortzen ez bada, soberakina gainerako lerroetako laguntzak finantzatzera bideratu ahal izango da, eskabideak aurkeztu diren ordenaren arabera.

3.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsak lagunduta finantzatuta egon daitezke, osorik edo zati bat, EGF+ Euskadi 2021-2027 programaren esparruan.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan ahalko dira prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoak, baldin eta dirulaguntza argitaratu baino lehen akreditatuta edo/eta inskribatuta badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-erakundeen erregistroan, autonomia-erkidegoko enplegurako prestakuntza-erakundeen beste edozein erregistrotan edo Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan.

Deialdi hau argitaratu baino lehen egiaztatu behar da, halaber, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzak ematen direla dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-proiektuaren barruan. Gainerako prestakuntza-ekintzei dagokienez, erakundeak izena emanda egon beharko du eskabidea aurkezten denean.

2.– Deialdi honetako dirulaguntza eskuratzeko, prestakuntza-erakundeek dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-proiektuak egiteko giza baliabideak eta baliabide materialak eduki beharko dituzte, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntza adjudikatu ondoren edukiko dituztela, prestakuntza-jarduerak hasten direnerako.

Instalazio eta baliabide horiek propioak edo hirugarren erakunde pribatu edo publikoenak izan ahal izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean baliatu beharko dira.

Ezin da azpikontratatu prestakuntza-jarduera egiteko zerbitzua. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat jotzen prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.

Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkaritzak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (erantzukizunpeko adierazpena eskaera-orrian jasota dago). Edonola ere, erakunde eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku izan beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla erakusten duten dokumentuak.

3.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren erakundeak:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direnez, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, eskakizun hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.

c) Zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita edukitzea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen diona, honako hauek barne:

– Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzkoak) edo martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerakoak) ezarritakoaren arabera.

– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak (Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onesten duenak) 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarria, ebazpen irmo bidez.

d) Legez ezarritako kausaren bat izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, otsailaren 18ko 4/2005 Legean (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzkoan) aurreikusitakoak barne:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ez edukitzea ezarrita sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

e) Azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak (Dirulaguntzei buruzkoak) 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatzen duen gainerako egoeraren batean egotea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

3. artikulua.– Diruz lagun daitekeen jarduera.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira prestakuntza-proiektuak, baldin eta prestakuntza-ekintza bat egiteko edo partaide-talde berari eman beharreko hainbat ekintzaz osatutako prestakuntza-ibilbide batzuk garatzeko helburua badute, langile kualifikatuen eskari altuko sektoreetako gaitasun profesionalak eskuratzeko prestakuntza-espezialitateetan, 1.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, betiere Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoan jasota badaude.

Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoan jasota ez dauden espezialitate berriak emateko, alta eman beharko zaie katalogoan. Dirulaguntza-eskaria aurkezten den unean, eman nahi den prestakuntza-espezialitatea Katalogoan sartuta egon beharko da, eta prestakuntza-erakundeak dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta eduki beharko du, Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoan inskribatzeko.

2.– Prestakuntza-ekintza programagarriak honela sailkatzen dira:

a) Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutakoak, ibilbide osoen arabera –espezialitatearen ordu guztiengatik egiten dutenean– edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.

b) Prestakuntza egiaztaezina edo inskripziokoa: prestakuntza-espezialitateen katalogoko prestakuntza-ekintza hauek ez dute aukerarik ematen eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko. Kualifikatzaileak edo ez-kualifikatzaileak izan ahalko dira.

3.– Prestakuntza emateko modalitatea.

Prestakuntza-ekintzak aurrez aurreko modalitatean eman beharko dira.

Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle-talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dizkietenean, edozein motatako baliabide didaktikoak erabilita.

Salbuespen moduan, eta Lanbidek aldez aurretik baimenduta, gela birtuala erabili ahal izango da prestakuntza-saioren bat garatzeko, baldin eta programaren gairen batean aditua den irakasleren batek ezin badu lekualdatu.

4.– Irakasteko metodologia programazioaren eta garapen informatikoaren sektorean.

Programazioaren eta garapen informatikoaren sektoreko prestakuntza-proiektuak Boot Camps metodologiarekin bideratuko dira, prestakuntza intentsiboko ezaugarriekin, aldez aurreko ezagutza behar izanik gabe, enplegurako esanguratsuak diren programazio informatikoko jarduerak garatzeko eskumen aski eskuratzeko.

5.– Prestakuntza-proiektuak dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 2023ko urriaren 14ra bitartean gauzatu beharko dira (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua edo lanekoak ez diren praktikak barne, egonez gero).

Prestakuntza-ekintzak 2022ko ekitaldian hasi beharko dira, eta, gehienez ere, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hurrengo bi hilabete igaro baino lehen.

6.– Prestakuntza-ekintzak eta -ibilbideak onestean, diruz lagundu beharreko gehieneko partaide-kopurua 20 izango da, eta gutxienekoa 10. Beraz, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 10 parte-hartzaile baino gutxiagorekin.

Hala ere, laguntza jasoko dutenez gain, beste bi parte-hartzaile ere onartu ahal izango dira prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroak kopuru hori hartzeko egiaztatuta edo inskribatuta badaude. Partaide gehigarri horiek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

7.– Prestakuntza-ekintzaren alde teoriko eta praktikoa baino ez da diruz lagunduko. Ez dira diruz lagunduko lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua, profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eta lanekoak ez diren enpresa-praktikak, gainerako espezialitateetan.

8.– Prestakuntza-ekintza bakoitzaren iraunaldi osoaren % 25 betetzean, hasi diren parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko dute (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Ehuneko txikiagoak jarraitzen badu, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, deialdi honen 16.4 artikuluan adierazitakoaren arabera. Ondorio horietarako, prestakuntza hasi duten partaideen kopurutzat hartuko da prestakuntza-ekintzaren lehen egunean prestakuntza hasi zuten pertsona guztien kopurua.

4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Deialdi honen babespean diruz laguntzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeek eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian izena emanda daudenek. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langabeek ere parte hartu ahal izango dute.

Era berean, lanean ari diren langileek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, betiere prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien ehuneko 30 gainditu gabe. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan.

Ondorio horietarako, honako hauek sartuko dira langabeen taldean: lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren langileak, baldin eta beren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-proiektuaren dirulaguntzaren zenbateko osoa prestakuntza-ekintzaren zenbatekoak zehaztuko du, edo prestakuntza-ibilbidea osatzen duten prestakuntza-ekintzetako bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoaren baturak.

2.– Prestakuntza-ekintza bakoitza parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, prestakuntza-espezialitate bakoitzeko modulu ekonomikoen arabera.

Modulu ekonomiko bakoitzak hiru ditu: horietako bi zuzeneko kostuei dagozkienak –langileak (A) eta funtzionamendua (B)– eta hirugarrena zeharkako kostuei (C) dagokiena –kostu zuzenei dagozkien moduluen baturari % 10eko ehunekoa aplikatuz kalkulatua–.

A modulua: Langile-kostua. Zuzeneko kostuaren kontzeptu honek honako hauen kostuak biltzen ditu: irakasleak, bitartekotza-tutorea eta ikasketa-burutza. A moduluaren kostu unitarioa 4,34 euro/orduko/ikasleko izango da, eta 15 ikasleko kopuru finkoari aplikatuko zaio. Horrela, moduluaren baremo estandarrak 65,03 euro/orduko balio finkoa izango du prestakuntza-talde bakoitzeko.

B modulua: Funtzionamendu-gastuak. Modulu horretan, bi motatako zuzeneko kostuak sartzen dira:

– Mantentze-kostuak. Hauek sartzen dira, besteak beste: altzariak ordeztea, konponketak, publizitatea, komunikazioak, batzarrak eta ikastaroak, enpresekin egin beharreko kudeaketak, liburuak eta argitalpenak, higiezinen alokairuak eta amortizazioak, eta ekipamenduak.

– Prestakuntza-ekintzari dagokion kualifikazio-mailaren eta lanbide-arloaren arabera kalkulatutako berariazko material didaktikoaren kostuak.

Prestakuntza-espezialitate bakoitzaren B modulu espezifikoaren zenbatekoa LanF kudeaketarako aplikazio informatikoan argitaratzen da.

C modulua: Zeharkako kostuak. Modulu hau A eta B moduluen kostuen % 10 da, eta, besteak beste, kontzeptu hauek biltzen ditu: zuzendariaren pertsonal-gastuak, administrazio-langileen pertsonal-gastuak, berokuntza, argiztapena, garbitzea, instalazioen asegurua, itzalgailuak, alarmak, kanpoarekiko komunikazioak, batzarrak, hitzaldiak, ikastaroak eta bestelakoak, lokomozioa eta enpresekiko kudeaketa, fotokopiak (administrazio-arloa), bulegoko materiala eta informatikoa, ura, farmazia-produktuak, aholkularitzak eta gestoriak, telefonoa eta Internet, administrazio-sailerako softwarea, langileentzako mutuak, kalitate-sistemak, igogailuak konpontzea.

Modulu honen zenbatekoak ezin du inola ere gainditu dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren % 10.

Prestakuntza-ekintza bakoitzerako onartutako guztizko dirulaguntza A + B + % 10en (A+B) batukaria izango da. Hau da:

A = A modulua x ordu-kopurua x 15 ikasle.

B = B modulua x ordu-kopurua x parte hartzen duten ikasleen kopurua.

Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ezin izango dituzte gainditu, inola ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan aurreikusitakoak. Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzen kasuan, gehieneko muga urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduan jasotakoa da (horren bidez garatzen da 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena). Ondorioz, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluen batura handiagoa balitz aipatutako araudietan aurreikusitakoak baino –edo, hala badagokio, horien ordez ezartzen diren eta deialdi hau argitaratzen denean indarrean dauden araudietan aurreikusitakoak baino–, azken horiek aplikatuko dira.

3.– Prestakuntza-erakundeek 1.1 artikuluan jasotako hiru sektoreetako edozeini buruzko prestakuntza-proiektuak eskatu ahal izango dituzte. Prestakuntza-erakunde batek ere ezingo ditu 150.000 euro baino gehiago jaso deialdi honen babesean onartutako proiektuengatik.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari bidaliko zaizkio, eta elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LanF).

Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten erakundeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan egongo da eskuragai: https://www.euskadi.eus/servicios/1217601

2.– Dirulaguntza-eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

2.1.– Laguntzaren xede den prestakuntza-proiektua, eman beharreko prestakuntza-ekintza edo prestakuntza-ibilbidea zehaztuta.

2.2.– Proiektuaren memoria, LanF aplikazioan emandako ereduaren arabera, gutxienez honako hau jasoko duena: xede duen eskari altuko sektorearen jarduerarekin lotutako prestakuntza egiteko beharrizana arrazoitzen duen txostena, sektore horietan dauden prestakuntza-beharrizanen diagnostikoetan babesten dena eta proiektuarekin lotutako langile kualifikatuen eskari altuko sektoreko enpresa eta elkarteen iritzi dokumentatuetan babesten dena.

3.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, erakunde interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, hala xedatzen duen ebazpena egin ondoren.

5.– Dirulaguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko urriaren 14an bukatuko.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Prozedura izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren Zuzendaritza izango da.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura lehiarik gabekoa izango da, eta 1.2 artikuluan ezarritako laguntza-lerro bakoitzean, lagutnza emateko ebazpenak eskaerak aurkezteko hurrenkeran emango dira, diruz laguntzeko moduko jardueraren konkurrentzia dagoela, beren memorian jasotako proiektua era egokian arrazoitu dela, eta eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, deialdian esleitutako aurrekontuko kreditua agortu arte, 1.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, EHAAn argitaratuko da laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak agortu direla, eta, beraz, ukatu egingo dira ebazteke dauden eskabideak.

3.– Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko du, bitarteko telematikoen bidez.

Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera; epe hori igarotakoan erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, dirulaguntzaren eskaera ezetsi dela ulertuko da.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpenek ez dute amaitzen administrazio-bidea, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren organismo autonomoen antzeko dirulaguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zehapen-prozedurak amaituta egotea.

6.– Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean berariaz adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsetik datorrela, EGF+ Euskadi, 2021-2027 programaren esparruan.

7.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer erakundek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten. Ebazpenean adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsak ipini duela.

8. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautaketa.

1.– Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:

a) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egiteko agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.

b) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, beren prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda ez dauden landunak, baldin eta Lanbideren sareko bulegoren batean eskaera aurkeztu badute, edo eskaera erakunde autonomo horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.

2.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonek urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak (profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituenak) 20. artikuluan xedatutako baldintzak bete behar dituzte, lanbide-kualifikazioaren 2. eta 3. mailetarako. Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte.

3.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa erakunde onuradunak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen erakundeak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetara Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF). Erakundeak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, eta behar diren bermeekin.

Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan hautaproba bat ere egingo da aurretik, ekintza baliagarria dela ziurtatzeko eta ekintza kualifikatzaileen helburuak lortzeko behar diren ezinbesteko ezagueren maila finkatzeko, honako printzipio hauekin bat etorriz.

– Aurretik Lanbideko teknikariekin adostu behar da.

– Beraren xedea izango da prestakuntzari etekina ateratzeko behar diren gutxieneko ezagutzak modu objektiboan ebaluatzea.

– Prestakuntza-zentroko instalazioetan egingo da. Inolaz ere ez da onartuko ezagutza-probatzat elkarrizketa egitea telefonoz edo prozedura telematiko baten bidez.

– Hautaketaren aurreko hautaproba ez da berez hautaketako prozedura. Izan ere, gainditzen duten parte-hartzaileak artikulu honen 5. puntuan ezartzen den lehentasunen hurrenkeran hautatuko dira.

– Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiria bada, ziurtagiri horren gaitasunen bat gainditu duten pertsonek ez dute egin beharko proba, eta maila bereko edo goragoko mailako lanbide-arlo bereko ziurtagiria dutenek ere ez.

– Proba hori LanF aplikazioaren atal egokian erantsiko da, prestakuntza-ekintzak burutzeko ematen diren jarraibideen arabera.

4.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, hurrenkera honetan:

1.– Lehenik, eta lehentasun-maila berean, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak:

– Kualifikazio-maila baxua duten pertsonak.

– 30 urtera arteko gazteak, luzaroko langabeak, 45 urtetik gorakoak eta desgaitasuna duten pertsonak.

– Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren (GEA) eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradunak, eta langabezia-sorospen bereziaren (LSB) hartzaileak.

– Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.

– Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko edo ezinbesteko kausen ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileek; horiek langabetzat joko dira ondorio horietarako.

– Aukeraberri programan (krisian dauden sektoreetako langileak birkualifikatu eta birkokatzeko) parte hartzen dutenak ere; programa 2021eko uztailaren 13ko bileran onartu zuen Lanbideko Administrazio Kontseiluak.

Emakumeen ehunekoa langabeen artean duten pisuaren proportziozkoa izan behar da. Beraz, emakumeak langabeen % 55 direnez gero, prestakuntza-taldean ere emakumeak gutxienez % 55 izan behar dira, ahal dela.

2.– Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.

5.– Landunek, lehentasunezkoak ez direnez, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten langabe nahikorik ez egoteagatik plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute.

6.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituen beste norbaiten eskaera jaso bada.

7.– Hautaketa bukatu ondoren, erakunde onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.

8.– Hautatuak izan direnen zerrenda eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda erakutsi behar dituzte prestakuntza-erakundeek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez, hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Hor, zehaztuta egon behar du non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren prestakuntza-ekintzak.

Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

9. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak diruz lagunduko dituzte.

2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan eta, behar denean, enpresako prestakuntza praktikoan, bai eta haietara joateko bidean dituzten arriskuetarako, istripuak eta erantzukizun zibila estaltzeko poliza sinatuko baitu Eusko Jaurlaritzak.

3.– Parte-hartzaileek, lehen eskola-egunean, ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua jasoko dituzte, eta jaso izanaren dokumentua sinatuko dute.

4.– Ikasleek modu jarraituan joan beharko dute eskoletara, eta prestakuntza-ekintzei probetxua atera beharko diete. Hori bermatzeko, erakunde onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.

5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, honako kasu hauetan izan ezik: enplegua aurkitu badute, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten badie, edo bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

10. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea hilean.

b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gorako hutsegiteak biltzea, arrazoia edozein dela ere, justifikatuta egon zein ez.

c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

2.– Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia argitara emango du. Erabakian, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkeztu daitekeen.

Aste batean ikasle baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilean, eta ikasleak ekintzara joaten jarraitzen badu, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako huts egiteak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

Ikasle batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta asistentzia-falten % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

11. artikulua.– Prestakuntza-jarduerak egitea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren onura jasotzen duen erakundeak prestakuntza-ekintzak egin beharko ditu deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen ereduen arabera, eta erakunde autonomo horren prestakuntzarako aplikazio informatikoa (Lan-F) baliatu beharko du jakinarazteko prestakuntza-ekintza bakoitza hasi dela (hasiera-eguna baino 7 egun baliodun lehenago gutxienez), geroago aldaketak gertatu direla (gertatu eta berehala), eta amaitu dela. Halaber, parte-hartzaileen asistentzia kontrolatuko du. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez ere 7 egun balioduneko epealdiaren barruan egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi aurretik Lanbidek ez badu Lan-F aplikazioan Hasierako komunikazioa baimentzen.

2.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza ematen duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eduki beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera.

3.– Dirulaguntza jasotzen duten ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztiek baldintza berak edukitzea bermatzen bada. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipoak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.

4.– Langile langabeek ezingo dituzte egunean 8 ordu baino gehiago eman prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 40 ordu baino gehiago. Behar denean, muga horien barruan sartuta egongo dira profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagokion lantokiko prestakuntza praktikoko moduluaren orduak, edo profesionaltasun-ziurtagiriez kanpoko ekintzen praktikak.

5.– Prestakuntza-erakundeak ahaleginduko dira prestakuntza-ekintzak ordutegi zentzuzkoetan programatzen, ikasleek prestakuntza eta bizitza pertsonala bateratzeko aukera izan dezaten.

Prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-erakundeak ezin izango du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbidek onartuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

6.– Ikastaroaren hasieran, erakunde onuradunek gutxienez material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:

– espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan,

– ikastaroa zuzen gauzatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta

– behar diren babes-elementuak.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 9. eta 10. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

7.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezte hori, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-jarduerak badira; kasu horretan, ordeztea prestakuntza-jarduera hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko da soilik, betiere ehuneko hori gainditu ez bada.

Hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen diren ikasleek maila nahikoa bat izan beharko dute, hartara ikastaroa normaltasunez gauzatzea oztopatu gabe hari jarraitzeko eta etekina ateratzeko gai izan daitezen. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari etekina ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko gutxieneko maila eskagarria dutela bermatze aldera.

8.– Prestakuntza-jardueran parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten erakunde onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, gertaera horiek zergatik gertatu diren zehaztuta.

9.– Prestakuntzaren helburua ez bada profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza gainditu badu eta ebaluazioa positiboa izan bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Dokumentu horretan honako datu hauek adieraziko dira gutxienez: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi eta amaitu den, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak.

10.– Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea bada, ikasleak egiten duen modulu bakoitza ebaluatuko da, ikasketaren emaitzak eta, horrenbestez, konpetentzia profesionalak eskuratu direla egiaztatzeko.

Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza bati egokituta, eta bertan jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusitako egunen aurreikuspena, zein tokitan egingo den, erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horien aplikazioak iraungo duen denbora (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatuko dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, konpetentzia profesionalak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

Konpetentzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» diren adierazita.

Prestatzaileek dokumentu bidez islatuko dituzte txosten batean prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan ikasleek lorturiko emaitzak, eta bertan bilduko da aplikaturiko ebaluazio-tresnetan ikasle bakoitzak izandako jarduna, egindako zuzenketekin eta horietan lorturiko puntuazioekin (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera).

Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, egiaztaezina» edo «ez gai».

Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dituzte prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LanF aplikazio informatikoaren bitartez.

Ikastaroa bukatutakoan gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien egiaztapen partzial metagarria (EPM) emango zaie parte-hartzaileei, eta, hura osotu badute, profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da.

Ikasleak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio eta, behar izanez gero, gainditu dituen prestakuntza-moduluen egiaztapen partzial metagarriak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria ere bai.

Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen erakundeak honako datu edo agiri hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikazioan:

• Ikastaldia hasi aurreko 7 egun baliodunetan:

– Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (Lan-F informatika-aplikazioan eskuratu ahal izango da).

– Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.

• Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun baliodunetan:

– Ikasleen emaitzak biltzen dituen dokumentazioa LanF aplikazioan, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoan eskuratu ahal izango da).

– Ebaluazio-aktak, beteta.

11.– Dirulaguntzen prestakuntza-erakunde onuradunek zuzenean egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezin izango dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da hartuko irakasleak kontratatzetzat.

12. artikulua.– Lanekoak ez diren lanbide-praktikak.

1.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea ez bada, lanekoak ez diren praktika profesionalek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko bi hilabeteetan hasi beharko dira gehienez. Epealdi hori 3.5 artikuluak ezartzen duenak baldintzatzen du.

2.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada:

– Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lantokiko prestakuntza praktikoko moduluarekin, profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera. Enpresak uste badu iraupena eta eduki horiek nahikoak ez direla, praktikaldia luzatu ahal izango du lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez. Nolanahi ere, praktikaldi biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.

– Prestakuntza-erakundeek lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa egitea aurreikusi beharko dute, ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten ikasle guztientzat (salbuespenak: urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituenak, 5.bis artikuluan xedatzen dituen salbuespen-egoera batean dauden ikasleak).

– Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatzen denetik lau hilabete igaro baino lehen hasi behar dira lanbide-praktikak. Epealdi hori 3.5 artikuluak ezartzen duenak baldintzatzen du.

Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahal izango dute prestakuntza praktikoko modulua lantokian, haien lan-egoera administratiboa gorabehera (landuna zein langabea).

– Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, hari lotutako lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa amaitzea ekarriko du.

– Profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematen ez bada, lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntza-modulua, langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta izan ezean.

3.– Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-erakundearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den egiaztatzeko, langileen legezko ordezkariek akordioari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko agiria erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda ere erantsi beharko da.

4.– Praktikak, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak baimena eman ondoren.

5.– Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo erakunde publiko edo pribatuarekin, Lanbidek horretarako baimena eman ezean.

6.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

7.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin behar da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.

13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitza ebaluatzeaz harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.

2.– Jarduera-plan bat ezarriko da, deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren eta prestakuntza-proiektuak erregulartasunez garatzen diren egiaztatzeko eta, hala badagokio, dagozkion neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduera horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.

3.– Batasunaren arautegian ezartzen den bezala, eta prestakuntza-erakundeen egiaztatzea arautzen duen arautegiarekin bat etorriz, plan horretan in situ egiaztapen-bisitak sartuko dira Europako Gizarte Funtsaren finantzabideen baldintzak betetzen direnez egiaztatzeko eta inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak egiaztatu zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.

14. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE).

Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-proiektuan jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jardueren artean.

Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan ere. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.

Galdetegiak telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen erakundearen ardura da ziurtatzea kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten ikasleek betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, dirulaguntzaren likidazioa 16. artikuluko 3. eta 4. apartatuetan adierazten den bezala egingo da.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntza bi ordainketatan ordainduko da, horiek eskatu eta gero, honela:

a) Lehen ordainketa, 2022ko ordainketa-kredituaren kargura, prestakuntza-proiektuaren dirulaguntza guztiaren % 60, prestakuntza-ekintzaren hasieraren edo prestakuntza-ibilbideko lehen ekintzaren hasieraren jakinarazpena jaso ondoren.

b) Bigarren ordainketa, 2023ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-proiektuaren dirulaguntzaren gainerakoa, prestakuntza-ibilbidea osatzen duten prestakuntza-ekintza(k) amaitutakoan, lanekoak ez diren praktikak barne, diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo da prestakuntza-proiektuak gauzatzeko emandako dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa, ezarritako modulu ekonomikoei jarraituz.

Likidazioak ez du inola ere gaindituko proiektua gauzatzeko hasieran onartu zen dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epealdien barruan lantokian prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.

3.– Orokorrean, likidazioa honela kalkulatuko da:

– A modulua bider 15 ikasle bider emandako prestakuntza-orduak egingo da.

– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan –prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-ekintzaren % 25 egin badute–; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu-kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle-kopuru batentzat onetsi da, eta muga horiek errespetatuz egingo da kalkulua.

Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.

– Aurreko bi eragiketak aplikatzetik ateratako balioa % 10 handituko da zeharkako gastuengatik.

4.– Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez badute, prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleen kopurutik abiatuta ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, prestakuntza-jardueraren % 25 gutxienez egin badute. Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.

5.– Dirulaguntza jasotzen duen erakundeak prestakuntza-ekintza bakoitza justifikatzeko memoria ekonomikoa aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LanF aplikazio telematikoaren bitartez, prestakuntza-ekintza amaitutakoan prestakuntza-erakundeak ikasleei buruz egingo duen azken ebaluazioa Lanbidek baliozkotu eta 15 egun balioduneko epealdian, gehienez, honako dokumentazio honekin:

– Laburpen-koadro bat. Horretan jaso beharko dira ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta dagokien zenbatekoa, hots, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetan aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortutakoa.

– Prestakuntza-proiektua osorik edo zati batean finantzatu duten bestelako sarrerei edo dirulaguntzei buruzko aitorpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo halakorik ez dagoela dioen adierazpena.

Ezarritako epealdietan beharrezko agiriak aurkezten ez baditu, organo eskudunak 15 eguneko epealdi luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epealdi horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.

1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsiak) 50.2 artikuluan jasotakoak, eta enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen araudian zehaztutakoak.

2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

Europako Gizarte Funtsak finantzatzen lagundutako prestakuntza-ekintzek, Europar Batasuneko araudiaren ondorioz, arlo horretan eskumena duen ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte.

3.– Kontrol-jarduerak onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

– Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditoretzen eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunak laguntzarekin zerikusia duten transakzioak identifikatu beharko ditu, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.

6.– Erakunde onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko dute, dirulaguntza onartzeko unean, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamendu-eragile diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren erakunde onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

7.– Laguntzen erakunde onuradunek lagunduta finantzatutako gastuei buruzko egiaztagiri guztiak edo jatorrizko agirien kopia ziurtatuak gordeko dituzte, oro har onartutako datu-euskarrien gainean, 2029ko abenduaren 31ra arte.

Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.

8.– Azkenik, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko.

18. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketagatik eta Europak lagundutako finantzaketagatik sortutako komunikazio-betebeharrak.

Diruz lagundutako jarduera guztietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen duten finantzaketa berariaz adierazi beharko dute erakundeek, bai eta horien ondoriozko ekintzetan ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez erakunde onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).

Prestakuntza-ekintza guztiek Europak lagundutako finantzaketa jasoko dutela aurreikusita, erakundeek berariaz adierazi beharko dute Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketa hori, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan jasota dagoen EGF logoaren bidez, sortzen diren material didaktiko guztietan nahiz bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jardueren berri emateko, hedatzeko eta/edo publizitatea egiteko ekintzetan ere.

Halaber, dirulaguntza jasotzen duten erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan adierazten den webgunean.

19. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da; betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

20. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen xedea diren laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, hainbat finantzaketa-iturritatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu, diruz lagundutako aldian, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

21. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, kasu batzuetan, jasotako kopuru osoak edo horien zati bat itzuliko dira, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere, dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak (Dirulaguntzei buruzkoak) 37. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duenak) 53.1 artikuluan arautzen dituen kasuetan. Eta, bereziki, honako hauetan:

a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintzak eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

b) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Deialdi honen 18. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Erabateko ez-betetzea:

Emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko da, honako kasu hauetan:

– Dirulaguntzaren helburua edo hura justifikatzen duen betebeharra erabat urratzen bada.

– Diruz lagundutako jarduerak ez baditu lortzen helburuen % 25, adierazle honen bidez neurtuta: prestakuntza-orduen kopurua bider amaitu duten ikasleen kopurua. Kalkulu horietarako, aintzat hartuko dira justifikatutako hutsegiteen edo lana lortzearen ondorio diren absentzia-orduak. Ikasleek ikastaroa amaitu dutela joko da ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez joan badira. Ondorio horietarako, ikastaroa amaitu dutela joko da, halaber, enplegua aurkitzeagatik prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langabeen kasua, bai eta egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileena ere, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-jarduera gutxienez % 25ean egin badute.

– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzetan, praktiketan hasi ez diren ikasleak praktikak egin behar dituzten ikasle guztien % 30 baino gehiago badira. Prestakuntza-ibilbideen kasuan, arrazoi horren ziozko itzulketa ez-betetzea duten prestakuntza-ekintzetara mugatuko da.

b) Ez-betetze partziala:

– Dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean ez betetzeak emandako dirulaguntza aldatzea edo hein batean itzultzea ekarriko du.

– Aurreko a) apartatuan aipatutako adierazlea % 25 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza gutxituko da bete gabe utzi den ehuneko berberean.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren enpresa edo erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duten gertaeren berri emateko. Era berean, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost egun balioduneko epealdia duela ere jakinaraziko dio.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek aurkezteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, behar denean, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epealdian, bidezko diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio. Epealdi hori borondatezkoa izango da.

Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

22. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

23. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

1.– Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen araubide juridikoa arautzen duten arau-xedapen hauek aplikatu behar zaizkio: Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa), oinarrizko legeria baitira; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.

2.– Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduan xedatua aplikatu behar zaie. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGIF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.

3.– Deialdi honetan aurreikusi ez den horretan, aplikagarri izango dira 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena.

Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzei dagokienez, arau hauek aplikatuko zaizkie: 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena, eta ESS/1897/2013 Agindua, urriaren 10ekoa, errege-dekretua arautzen duena, deialdi honetan ezarritako alderdi guztiei dagokienez, araudi horietan baldintza partikularrak ezartzen baitira.

24. artikulua.– Deialdi honetako ehunekoen kalkulua.

Deialdi honetako kalkuluen ondoriozko ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.


Azterketa dokumentala