Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

157. zk., 2022ko abuztuaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3628

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 27koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira 2022ko «Nazioarteko Gauzatu» laguntza programaren oinarri arautzaileak, eta laguntzen deialdia egiten baita.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat jarduketa egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak zenbait ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.

Hala, Laguntza Programa hau beraizik diseinatu da euskal enpresen atzerriko ezarpenak sustatzeko.

Bestalde, Euskal Autonomi Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak) bere 48.5 artikuluan agintzen du Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren bidez finantzatzen diren erakundeek publizitate-printzipiora egokitu behar dutela euren dirulaguntza-jarduera.

Gorago adierazitakoaren arabera, hauxe

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– «Nazioarteko Gauzatu» 2022 Laguntza Programaren deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen Eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzan, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2022ko uztailaren 27a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

ERANSKINA
«NAZIOARTEKO GAUZATU» 2022 LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XII. legealdiko Gobernu Programak Industria eta Nazioartekotze arloaren barruan kokatutako bere lehen ardatzean (Oparotasuna) jasotzen du 18. konpromisoa: euskal enpresen nazioartekotzea.

Gobernu Programa horren aginduz, konpromiso hori gutxieneko eduki batzuekin zehaztu beharko da Jaurlaritzaren Industria eta Nazioartekotze Plan Estrategikoan eta Enpresen Nazioartekotze Programan, eta eduki horien artean aipatzekoa da honako hau: «enpresak nazioartekotzeko finantza-laguntzarako programen garapena, eta euskal enpresen kapitalean aldi batez parte hartzea funts publiko-pribatuen bidez, euren garapena eta atzerriko zabalkundea bultzatzeko».

Hala, jarraipena emango zaio aurreko legealdietan hasitako sustapen politika publikoari, zeinaren helburua baita atzerriko merkatuetan inbertsioak egiten laguntzea enpresen posizionamendua hobetzeko.

Nazioarteko Gauzatu programak mailegu itzulgarriak ematen ditu produkzio-ezarpenak egiteko atzerrian eta atzerriko enpresak erosteko kanpo-merkatuetan.

Jarduera ekonomikoak eta mundu mailako merkataritzak ondorio kaltegarriak jasan dituzte pandemiaren ondoriozko osasun-krisiagatik eta Europaren egoera geopolitikoagatik. Pertsonen joan-etorriak eta salgaien mugikortasuna guztiz baldintzatuta dauden honetan, merkatuetan presentzia izatera bideratutako estrategiak bere garrantzia berretsi du. Horregatik, atzerrian produkzio-ezarpenak egiteko operazioak gero eta premiazkoagoak dira enpresentzat.

Nazioarteko Gauzatu programak helburutzat du enpresen premia berri horiek asetzea, arlo publikotik ahalegina egingo delarik errealitate berrietara egokitzeko.

Nazioarteko Gauzatu 2022 Programak badu behar besteko aurrekontu-kreditua, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak 2022rako prestatutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez 2021eko abenduaren 15ean onartua) sartuta dago.

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauetan arautzen diren laguntzen xedea da atzerrian, hots, nazioartean dauden euskal enpresen ezarpenak (produkzio-ezarpenak edo produkzio-prozesuari lotutako zerbitzu teknikoenak) kokatzen, zabaltzen eta berritzen laguntzea, babesa emanez sendotu daitezen eta kanpo-merkatuko presentzia indartu dezaten, horrela euren lehiakortasuna eta, beraz, etorkizuneko bideragarritasuna handitzeko nahiz garapen jasangarria bultzatzeko nazioartekotze prozesuan.

2. artikulua.– Laguntzaren izaera.

Norgehiagoka-prozeduraren arabera emango diren laguntza hauek aurrerakin itzulgarriak izango dira, eta publizitate-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz esleituko dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2022ko baliabide ekonomikoak 5.000.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2022ko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1.– Hauek dira oinarri hauetan jasotako laguntza eskuratu dezaketenak:

Enpresa Txiki eta Ertainak (ETEak), zeintzuei aplikatuko baitzaie Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Araudia (EB) –zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena, Ituneko 107 eta 108. artikuluak aplikatuz– zehazki, araudi horren 17. artikulua, eta, subsidiarioki, laguntza horizontalen araudia eta baita ere laguntza sektorialena, betiere kanpoan uzten badira Salbuespenen Araudi Orokorreko 1. artikuluan adierazitako laguntza-kategoriak.

Enpresa handiak, zeintzuei aplikatuko baitzaie Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1).

Enpresek EAEn kokatuta egon behar dute edo produkzio-instalazio bat izan behar dute bertan, eta badutela konpromiso soziala eta bat datozela ingurumenaren, energia eraginkortasunaren, emisioak gutxitzearen eta Garapen Jasangarriari buruzko 2030 Agendan onartutako Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) aldeko apustuarekin, aintzat hartuko da.

ETEaren definizioa Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB gomendioan (mikro-enpresa eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa) ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

2.– Ez dira izango programa honetako dirulaguntzen onuradun:

a) Administrazio-zehapen edo zehapen penal bat duten enpresak eta, beraz, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko gaitasuna galdua dutenak, edo laguntza horiek eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpen bat dutenak, ez eta sexu bazterkeriaren bat gertatu delako ezarritako debekuren bat dutenak, Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako Legea bigarren aldiz aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legean ezarritakoaren arabera.

b) 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko eta 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetako kasuetan dauden enpresak, zeintzuen arabera ezin baitaitezke izan laguntzen onuradun eta, bereziki, egoera hauetan daudenak:

– Egunean ez egotea Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekiko eta bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrak izatea Eusko Jaurlaritzarekin edo SPRI Taldeko enpresaren batekin.

– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada) edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Enpresa dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura batean badago, horren emaitza ikusita emango da –edo, hala badagokio, ordainduko da– laguntza.

– Prozedura batean kaudimengabetzat joa izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

– Armak egitea, merkaturatzea eta finantzatzea, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraiki.

c) Azkenik, ez da eskaerarik onartuko, baldin enpresa edota bere legezko ordezkariak epai irmo bidez kondenatuak izan badira lan osasunaren kontrako delituak egin izanagatik edo zehapen irmoa jaso badute deialdi honen aurreko 5 urteetan arlo horretako arau-hauste administratibo oso larria egin izanagatik.

d) Ez dira onuradun izango EBrekin zorrak dituzten enpresak, laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe badaude eta Europar Batasunak aldez aurretik erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela; ez dira onuradun izango ezta ere krisialdian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).

e) Enpresa Handien kasuan, ez dira onuradun izango 200.000 euro baino gutxiagoko minimis laguntza bat jaso dutenak, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta.

3.– Onuradun izateko baldintza guztiak dirulaguntzaren indarraldi osoan bete behar dira.

5. artikulua.– Laguntza jaso dezaketen inbertsioak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira atzerrian ezartzeko proiektuak, hots, atzerriko herrialde batean establezimendu berri bat irekitzea, atzerrian lehendik irekita dauden establezimenduak berritu edo handitzea edo atzerriko sozietateak eskuratzea, euskal enpresak gehiengo partaidetza duenean horietan, salbu inbertsioa jasoko duen herrialdeko legeak besterik agintzen badu. Enpresa berriak sortuta egon behar du edo lehendik existitzen denak erosita egon behar du laguntza-eskaera aurkeztu aurretik.

2.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuek gutxienez 120.000 euroko inbertsioa egin behar dute azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotako Kontabilitateko Plan Orokorraren kategorietan edo inbertsioak xedetzat duen herrialdeko Kontabilitate Plan baliokidearen kategorietan. Hona hemen kategoria horiek:

203 Industri Jabetza eta Patenteak.

206 Aplikazio informatikoak.

210 Lurrak eta Ondasun naturalak.

211 Eraikuntzak.

212 Instalazio teknikoak.

213 Makineria.

214 Tresneria.

215 Bestelako instalazioak.

217 Informazio-prozesuetarako ekipoak.

Gutxieneko inbertsioa 36 hilabeteko epean gauzatu beharko da goitik jota, eta euskal enpresak proiektuan duen parte-hartzearen araberako proportzioan zenbatuko da.

«Lurrak eta Ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren gehienezko zenbatekoa laguntza jaso dezaketen gainerako aktiboen berdina izango da. Gehienezko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da kontuan hartuko laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa, laguntzak ebazteari dagokionez.

Laguntza kalkulatzean ez da kontuan hartuko Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) ez eta proiektuan eragina izan dezakeen beste edozein zerga.

3.– Era berean, aktibo horiek:

a) Lehenengo aldiz erabilitakoak edo martxan jarritakoak izan behar dute. Lehendik erabilitako eraikinak eta bestelako eraikuntzak erosten diren kasuetan, berriak balira bezala hartuko dira.

b) Gutxienez hiru urteko amortizazio-epea izan behar dute, eta gutxienez bost urtez egon behar dute enpresaren aktiboan.

c) Ezin zaizkie laga hirugarrenei, kontraprestazioarekin edo kontraprestazio gabe.

d) Ezin dute izan enpresa eskatzaileak berak fabrikatutakoak (eta, nolanahi ere, inoiz ez dira zenbatuko barne hartzen dituzten kanpo-kontsumoak baino balio handiagoarekin).

e) Ez dira diruz lagunduko bazkide batek kapitalari generotan egindako ekarpenak.

f) Diruz lagun daitezkeen aktibo immaterialak enpresa onuradunaren establezimenduan bakarrik ustiatu beharko dira, aktibo amortizagarriko elementutzat hartuko dira, hirugarrenei merkatuko baldintzetan erosiak izango dira, eta gutxienez bost urteko epean mantendu beharko dira enpresaren aktiboan.

4.– Finantza-alokairuaren bidez finantzatutako inbertsioa diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat joko da, baldin eta enpresa berariaz konprometitzen bada erosketa aukera gauzatzera.

5.– Laguntzaren xede diren inbertsioak aurre-eskaera edo eskaera aurkeztu ondoren hasiko dira, eskaera aurkezten den deialdiko ekitaldiaren barruan.

6.– Atzerriko sozietateen erosketari dagokionez, Batzordearen 651/2014 Erregelamenduko (EB) 17. artikuluan ezarritakoa bete behar da:

a) establezimendua itxita egotea edo ixtekotan izatea erosia izan ez balitz.

b) aktiboak eroslearekin zerikusirik ez duen hirugarren bati erostea.

c) operazioa merkatuko baldintzetan egitea.

Oinarri hauen ondoreetarako, berritze proiektutzat joko dira lehendik dagoen establezimenduaren produkzio-prozesu orokorra esanguratsuki aldatzen dutenak.

7.– Laguntza jaso ahal izango dute soilik laguntzaren onuradun diren enpresen filialek atzerrian eginiko inbertsoek, baldin eta bi enpresen xede sozialek lotura argia badute elkarrekin.

8.– Enpresa elkartu edo lotuei aktiboak erostetik eratorritako inbertsioak espreski jakinaraziko zaizkio SPRIko Nazioartekotze Zuzendaritzari, Batzordeak 2014ko ekainaren 17an mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz emandako 651/2014 Salbuespenen Araudi Orokorreko I. eranskinaren arabera, eta kanpo-ikuskaritzetan oinarrituta baloratuko dira.

9.– Ez dira diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat joko:

a) Sektore hauetara zuzendutako inbertsioak: eraikuntza, higiezinak, finantzak, aseguruak, defentsa, arrantzako produktuak eta akuikultura eta nekazaritzako ekoizpen primarioa.

b) Ez da inbertsiotzat hartuko enpresa baten akzioak eskuratze hutsa, Batzordearen 651/2014 Salbuespenen Araudi Orokorraren 17. artikuluaren arabera.

c) Ekipamendua edo makineria ordezkatzea beste helbururik ez duten inbertsioak, baldin eta ez badute aldaketa nabarmenik eragiten ekoizpen-prozesuan.

d) Atzerrian banaketa-sare bat ezartzea helburu duten inbertsioak.

6. artikulua.– Balorazio irizpideak.

1.– Laguntza emango zaie onuradun izateko eskakizunak bete dituztela frogatzen duten enpresei, beti ere kontuan hartuz balorazio irizpide hauek eta oinarritzat hartuz 1. eranskinean adierazitako puntuazioak:

1. irizpidea: inbertsio-proiektuaren memoria xehea, zeinak barne hartuko baitu ezarpen-plana (ezarpen-plan horrek 2. eranskinean azaldutako edukia jasoko du).

2. irizpidea: Inpaktua enpleguan: aintzat hartuko da proiektuak lurraldearen lehiakortasun orokorrean eta EAEko enplegu sorkuntzan duen inpaktua (1. eranskina).

3. irizpidea: Gizartearekiko konpromisoa eta jasangarritasuna: Garapen Jasangarriko Helburuekiko konpromisoaren erakusgarri, aintzat hartuko da enpresa eskatzaileak eragin positiboa izatea jomugako ingurunean 2030 Agendaren helburuekiko konpromisoaren bidez, edo ziurtagiriak edo/eta planak izatea jasangarritasuna, genero-berdintasuna, euskararen sustapena eta erantzukizun sozial korporatiboa bezalako arloetan (3. eranskina).

2.– 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerek ezingo dute izan programaren onuradun.

7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Enpresa eskatzaileak aukera izango du Nazioarteko Gauzatu programaren finantzaketa itzulgarria eskuratzeko, baldin 100 puntutik 50 lortzen baditu balorazio irizpideetan. Enpresak lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuko dira.

2.– Ondore horietarako, balorazio-fasean gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskaerei dirulaguntzak emateko, kontuan hartuko da fase horretan lortu dituzten puntuak, goitik beherako ordenan. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, laguntzaren portzentajea eta artikulu honetan ezarritako muga kuantitatiboak aplikatuko dira, 3. artikuluan adierazitako deialdiaren zuzkidura agortu arte.

3.– Enpresaren tamainaren arabera, hauxe izango da finantzaketa itzulgarriaren portzentajea:

a) Enpresa txikiek: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 50eko finantzaketa itzulgarria.

b) Enpresa ertainek: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 35eko finantzaketa itzulgarria.

c) Enpresa handiek: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 25eko finantzaketa itzulgarria.

4.– Laguntza kalkulatzeko bakarrik hartuko da kontuan euskal enpresak inbertsio-proiektuan duen partaidetza portzentajea.

5.– Laguntza ezingo da izan 1.000.000 euro baino handiagoa enpresako.

6.– Proiektu bakar baterako laguntza emango da deialdi, enpresa eta herrialde bakoitzeko.

8. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.

Programa honetan jasotzen diren laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek xede bererako ematen dituztenekin, baldin eta betetzen badituzte oinarri hauetako 4.1 artikuluan enpresa txiki eta handientzat ezarritako mugak.

9. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hasiko da Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean eta 2022ko urriaren 28an amaituko da. Aurrekoa gorabehera, publikoarentzako arreta 2022ko urriaren 28ko arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) bukatuko da.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, bitarteko elektronikoak erabiliko dira eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntza-deialdi honek berekin dakartzan gainerako tramiteak egiteko.

3.– Tramitazioa elektronikoki egiteko xehetasunak www.spri.eus/gauzatuinternacional helbide elektronikoan daude, eta helbide horretan bete beharko dira eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erabili behar diren gainerako ereduak.

4.– Behin bete ondoren, eskaerak eskatzailea den pertsona edo enpresaren sinadura aitortua izan behar du, eta hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa ere atxiki behar da.

5.– Espedienterako sarbidea eta eskaera egin osteko gainerako izapideak elektronikoki egingo dira, www.spri.eus/gauzatuinternacional helbidean.

6.– Laguntza-eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Laguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion guztietan.

10. artikulua.– Zuzenketak.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak akats edo okerreko daturen bat aurkitzen badu aurkeztutako dokumentazioan, horren berri emango die enpresa eskatzaileei, eta 10 egun balioduneko epea emango die zuzenketak egiteko; zuzendu ezean, ulertuko da uko egiten diotela eskaerari, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan zehaztutakoarekin.

11. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Enpresa eskatzaileek ondoko hauek atxiki behar dizkiote eskaerari:

a) Eskaera telematikoa, enpresari buruzko datuekin behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta.

b) Inbertsio-proiektuari buruzko memoria xehea, zeinetan jasoko baitira inplementazio-egitasmoa, plan ekonomiko-finantzarioa eta horiek burutzeko epeak, 2. eranskinean definitutako egiturari jarraiki. Atzerriko sozietate bat erosten den kasuetan, beste enpresa batek egindako balorazioa aurkeztu beharko da, salerosketaren ondorioetarako. Makineria berritzeko proiektu bat egiten den kasuetan, memoriak xeheki justifikatu behar du berritze-proiektu horrekin esanguratsuki aldatu dela establezimenduaren produkzio-prozesu orokorra.

Kasu guztietan, memoriak frogatu beharko du proiektuak indartu egiten duela enpresak merkatuan duen posizioa, lehiakortasuna eta etorkizuneko jasangarritasuna, betiere Euskadin duen jarduera industrialari kalterik egin gabe.

c) Hala badagokio, jomugako ingurunean izan duen inpaktu positiboari buruzko justifikazio-memoria, 3. Irizpidean («Konpromiso soziala eta jasangarritasuna») adierazitakoaren arabera.

d) Aurre-eskaera bat aurkeztu bada oinarri hauek argitaratu baino lehen, ofizioz hartuko da kontuan.

e) Enpresa eskatzailearen eta laguntzaren xede izan den ezarpenaren eratze-eskritura eta ordezkaritza ahalordea eta, hala badagokio, horren aldaketena.

f) Emandako kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria.

g) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari egiaztapen hori zuzenean lortzeko.

h) ETEen kasuan: Sozietateen gaineko Zergaren azken 200 inprimakia, eskatzailea ETEa dela ziurtatzen duena.

i) Enpresa handien kasuan: aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jasotako de minimis laguntzak, Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Araudiaren menpe daudenak.

j) Azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan utzitako Urteko kontuak eta dokumentazio osagarria, eta Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak.

k) Emandako datuak egiazkoak direla dioen erantzukizunezko adierazpena.

2.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak behar den dokumentazio edota informazio osagarri guztia eskatu ahal izango dio enpresa eskatzaileari, aurkeztutako laguntza-eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

3.– Ez da derrigorrezkoa SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Horrelakoetan, eskaeran adierazi beharko da zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentu horiek, Administrazio Publikoen eta Administrazio Prozedura Erkidearen Araubide Juridikoari buruzko Legean ezarritako baldintzak eta eskakizunak betez.

12. artikulua.– Eskaeren azterketa.

Balorazio Batzordeari dagokio aurkeztutako eskaerak aztertzea. Balorazio Batzorde horretan 3 pertsona hauek egongo dira:

– Presidentea: Iñaki Ezkurra. Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria.

– Bokala: Maite Subinas. Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Enpresentzako Zerbitzuen arduraduna.

– Idazkaria: Inmaculada López. SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Programen saileko teknikaria.

Balorazio Batzordeak atzerrian ezartzeko eskaerak aztertuko ditu eta laguntzak esleitzeko proposamen bat idatziko du, Nazioartekotze zuzendariari zuzenduta.

13. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakar batean tramitatuko dira, eta SPRIko Nazioartekotze Zuzendariak ebatziko du prozedura hori, Balorazio Batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean adieraziko da eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren, eta laguntza ematen den kasuetan, alderdi hauek zehaztuko dira: erakunde onuraduna, diruz lagundutako proiektua, onartutako inbertsio-plana eta emandako aurrerakin itzulgarria. Eskaera ukatzen denean, ukatzeko arrazoiak adierazi beharko dira.

3.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaio enpresa interesdun bakoitzari. Nolanahi ere, esleipendunen eta emandako laguntzen zenbatekoen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa enpresa interesatuei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota interesatuei ebazpenik jakinarazi ez bazaie, ulertu beharko dute dirulaguntzaren eskaera ukatu zaiela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak xedatutako ondorioetarako.

5.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotzeko zuzendariak emango du eskaera onartzeko edo ezesteko ebazpena eta eskatzaileari jakinaraziko dio. Eskatzaileak aukera izango du ebazpenaren aurkako berraztertze errekurtsoa aurkezteko SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.

14. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko ebazpena.

1.– Laguntzak jasotzeko, enpresa onuradunek Basque Trade & Investment agentziari aurkeztuko diote gauzatutako inbertsioen aitorpen bat, aitorpen horri erantsiko dizkiotelarik fakturen koadroa -eman zaien ereduaren arabera- eta fakturak eta ordainagiriak. Horrez gain, kanpoko ikuskapen-txosten bat aurkeztu beharko dute, bere bitartez ziurtatzeko gauzatu direla ebazpenak xedetzat dituen inbertsioak eta benetan egokitzen direla oinarriotan adierazitakora.

Enpresa onuradunak, hala badagokio, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Basque Trade & Investment-en esku jarriko ditu egindako inbertsioak egiaztatzeko eskatzen zaizkion agiri guztiak.

2.– SPRIko Nazioartekotzeko zuzendariak ebazpen bat emango du, non adieraziko duen zein den enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala). Finantzaketa itzulgarria urtean behin ordainduko zaio enpresa bakoitzari.

3.– Goian adierazitako ebazpena, enpresa onuradunari ez ezik, Finantzen Euskal Institutuari ere igorriko zaio, ordaindu dadin bertan adierazitako zenbatekoa.

4.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak erabaki negatibo bat hartu duen hura itzultzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzuli ez bada, azken ordainketaren eskaerarekin batera, hura ezeztatu izanaren justifikazioa aurkeztu beharko da, ez baita ordainduko hori justifikatu arte.

15. artikulua.– Finantzaketa itzulgarria itzultzea.

1.– Behin inbertsioak amaitu ondoren, enpresek urtebeteko gabealdia izango dute itzulketak egiten hasi aurretik; beraz, lehen itzulketa egingo da inbertsio-proiektua amaitu eta hurrengo 2. urtean, eta gainontzekoak lau urtetan, bata bestearen ostean eta linealki.

Finantzaketaren itzulketak urtero egin beharko dira Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) kontu batean, itzulketari dagokion ekitaldi ekonomikoaren lehen bi hilabeteetan. Urte bakoitzean itzuli beharrekoa jasotako laguntzaren bosten bat izango da.

2.– Enpresa onuradunek autolikidazio txosten bat egin beharko dute emango zaien ereduari jarraiki, bertan adieraz dezaten bost ekitaldietako bakoitzean egin beharreko itzulketaren kalkulua. Behin itzulketa egindakoan, enpresak autolikidazio txosten hori eta bankuko transferentziaren kopia bat bidaliko dio Basque Trade & Investment agentziari.

Bigarren ekitalditik aurrera egiten diren autolikidazio-txostenek aurreko ekitaldietan egindako itzulketen aipamen bat jasoko dute.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak ez badu betetzen inbertsioa egiteko eta emandako finantzaketa itzultzeko konpromisoa, edo ez baditu betetzen Oinarri hauetan eta aplikagarri diren gainerako arauetan nahiz laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea egin ondoren, ebazpen administratibo bidez adieraziko du onuradunak galdu egin duela laguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, jasotako laguntzaren printzipala eta dagozkion interesak itzuli behar dizkiola SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari, beti ere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta beronen garapen arauetan ezarritakoari jarraiki. Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien ondorio guztietarako.

2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrari dagokio ez-betetzeari buruzko espedientea hasi eta ebaztea, eta posible da espedientea Basque Trade & Investment agentziak edo Finantzen Euskal Institutuak (FEI) proposatuta abiaraztea itzulketei buruzko gorabeherak daudenean.

17. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Inbertsioaren exekuzioa atzeratzea: salbuespen gisa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak urtebeteko atzerapen bakar bat eman ahal izango du egin beharreko jarduerak egiteko, enpresak aldez aurretik eskatu eta justifikatzen badu. Atzerapen horrek dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratuko du, gehienez urtebetez, betiere alegatutako arrazoiek hala justifikatzen badute. Atzerapen horrek ez du aldatuko onuradunak jasotako finantzaketa itzulgarriaren zenbatekoa, ez eta itzultzeko baldintzak, soilik suposatuko du urtebete atzeratzea laguntza emateko ebazpenean ezarritako itzulketa-datak.

2.– Luzapena itzulketen egutegian: salbuespen gisa, eta enpresaren finantza arloko egoera ebaluatu ondoren, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak luzapen bat eman ahal izango du, enpresak aldez aurretik eskatu eta justifikatzen badu. Luzapen horrek eragina izan dezake hasierako egutegian ezarritako itzulketa guztietan edo batzuetan, eta ezingo da izan hasieran finkatutakoa baino urtebete luzeagoa. Luzapen hau emateak berekin dakar dagozkion interes legalak ordaintzeko betebeharra, eta posible da luzapena eman aurretik bermeak eskatzea.

3.– Aldatu badira laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak -beti ere beteta egonik laguntzaren xedea-, eta horrekin batera, eskuratu badira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak, posible da dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, kontuan izanik arau honetan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu beharko dela dirulaguntzaren onuradun izateko. Horretarako, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotzeko zuzendariak dagokion ebazpena emango du, non emandako laguntzaren zenbatekoa berregokituko baita.

18. artikulua.– Erakunde kolaboratzaileak.

1.– Agindu honetan jasotako araubideari jarraituz ematen diren laguntzen ondorioetarako, erakunde laguntzaile izendatzen dira Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentzia eta Finantzen Euskal Institutua (FEI), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoari jarraikiz eta arau honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin bat etorriz.

2.– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Inbertsio-proiektuak aztertu eta kalifikatzea.

b) Ezarpen-plana eta enpresa-proiektua aztertzeko txostenak prestatzea.

c) Ordainketa-proposamenak eta ikuskatze-errekerimenduak egitea.

d) Itzulketen likidazioak ebaluatzea.

e) Oinarri hauetako 17. artikuluan araututako baldintzak aldatzeko proposamenak egitea.

3.– Finantzen Euskal Institutuak (FEI), erakunde laguntzailea den aldetik, honako funtzio hauek izango ditu:

a) Enpresa onuradunei ordaintzeko agindua ematea.

b) Itzuli beharreko zenbatekoak eta –interesik badago– haien interesak jasotzea, eta horiek Euskal Autonomi Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzea.

c) Programako funtsen finantza-kontrola.

d) Kontuko mugimenduen (sarrerak eta gastuak) berariazko kontabilitatea eramatea.

e) Kontabilitateari eta izan litezkeen intzidentziei dagokienez, aldizkako komunikazioak helaraztea Basque Trade & Investment–Nazioartekotzeko Euskal Agentziari eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari.

19. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradun diren enpresek betebehar hauek dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Hala, baldin eta laguntza esleitu izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten laguntzari, onartutzat joko da.

2.– Laguntza eman den helbururako erabiltzea, eta inbertsioaren eta enplegu-sorkuntzaren arloan hartutako konpromisoa bete eta justifikatzea.

3.– Inbertsioa gauzatu eta justifikatzea.

4.– Inbertsioa egin bitartean, eskatutako informazio osagarri oro igortzea, Administrazioak egin ditzan proiektuaren garatze eta gauzatzeari buruz egokitzat jotzen dituen egiaztapen guztiak.

5.– Inbertsio-proiektuarekin lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku uztea bost urtez.

6.– Eskatzen zaizkien agiri guztiak eman beharko dizkiete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, erakunde horiek, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta, beren funtzioak betez informazio hori eskatzen dietenean.

7.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginean, Dirulaguntzari buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein obligazio.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Enpresa handiei dagokienez, Europako Batzordearen (EB) 1407/2013 Araudia, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO L-352/1).

4.– ETEei dagokienez, Salbuespenei buruzko 651/2014 (EB) Erregelamendu Orokorra, EBAOren 2014ko ekainaren 26ko 187. alean argitaratua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Araudian eta datu pertsonalen babesari dagokionez aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraiki, jakinarazten da jasotako datuak tratatuko ditugula eskatutako laguntza-espedientea kudeatzeko, kontuan izanik datuen tratamenduaren oinarri juridikoa funtzio publikoa dela, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren sorrera-estatutuetan ezarritako helburuei jarraiki.

Informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikusi http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri).

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake Datu Pertsonalen Babeserako Araudi bidez babestuta dauzkan eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera. Era berean, harremanetan jar daitezke erakundeko Datuen Babeserako Ordezkariarekin dpd@spri.eus helbide elektronikoan.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/privacidad web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuen babesa eskatu behar bada, Datuen Babeserako Euskal Agentzia (www.avpd.euskadi.eus) dela kontrolerako autoritatea duena.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa izango da jurisdikzio eskuduna.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala