Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2022ko abuztuaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3565

AGINDUA, 2022ko uztailaren 26koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bitartez onartzen baitira Ukrainako gerraren ondorioz eta Errusiari ezarritako zehapen ekonomikoen ondorioz galera ekonomikoak izan dituzten ekonomia sozialeko enpresei zuzendutako laguntza berezien deialdiaren oinarriak, eta horien deialdia egiten baita 2022rako.

Europako gaur egungo egoera politiko, sozial eta ekonomikoaren gorabeherak kontuan hartuta, Gobernu Kontseiluak zenbait neurri hartu ditu, Ukrainako gerraren ondorioz gure lurraldea jasaten ari den hemorragia sozial eta ekonomikoa geldiarazteko edo arintzeko. Hori dela eta, 2022ko apirilaren 12an, Gobernu Kontseiluak akordio bat onartu zuen «Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei buruzko aurrekontu-neurriak hartzeko». Akordioan, eranskin bat jasotzen da, baimena ematen duena Erreskate Ekonomikoko Funts bat sortzeko, 142,9 milioi euroz hornitua. «Enpresa eta mikroETEei eman beharreko laguntza osagarriak» atalean zehazten diren proiektuen artean, 6. puntuak 5 milioi euro ditu 2022ko ekitaldirako, eta hor zehazten da «Ekonomia sozialeko enpresentzako laguntza-programa» bat dela.

Laguntza-programa hori sail honen 2022ko Dirulaguntza Plan Estrategikoan dago jasota, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren 2022ko maiatzaren 30eko Aginduaren bitartez (zeinaren bidez aldatu egiten baita Lan eta Enplegu Saileko 2022ko dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duen agindua).

Eusko Jaurlaritzako manuak betetzeko eta Eusko Legebiltzarrak Ukrainari buruz 2022ko apirilaren 8an egindako osoko bilkura monografikoan emandako Ebazpena betetzeko, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak laguntza berezien ildo hau egituratu du ekonomia sozialeko enpresentzat, baldin eta galera ekonomikoak izan badituzte Ukrainako gerraren ondorioz eta Errusiari ezarri zaizkion zehapen ekonomikoen ondorioz.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta diruz lagun daitezkeen egitateak.

1.– Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bidez, emango dituen laguntza berezien deialdiaren oinarriak onartzea eta horien deialdia egitea 2022rako. Hain zuzen ere, Ukrainako gerraren ondorioz eta Errusiari ezarri zaizkion zehapen ekonomikoen ondorioz lan-sozietateek edo kooperatibek izandako zuzeneko galera ekonomikoak arintzeko emango dira laguntza horiek.

2.– Honako hauek izango dira diruz laguntzeko moduko egitateak:

a) Fakturak: ezin zaizkienak kobratu Ukrainako bezero edo enpresei edota Errusiari ezarritako zehapenen ondorioak jasaten dituzten herrialdeetako bezeroei, baldin eta haien kredituak ez badaude segurtatuta.

b) Langile-kostu zuzenak: Ukrainan lan egiten duten enpresenak edo Errusiari ezarritako zehapenek eragiten dieten herrialdeetan edo haien filialetan lan egiten duten enpresenak, baldin eta aseguru-entitateek eta/edo aseguru-mutuek ez badute segurtatzen edo babesten kostu zuzen horien kontingentzia.

c) Enpresako aktiboko material- edo produktu-eskaera irmoa: ez badago aukerarik Ukrainara edo Errusiari ezarritako zehapenek eragindako herrialdeetara esportatzeko eta berriro erabiltzeko.

d) Ibilgetu-galerak: kontabilitate-balio garbiaren arabera, eta galera horiek ez badaude segurtatuta.

e) Lehengaien kostua garestitzea: baldin eta zuzenean lotuta badago gerrarekin eta gerra osteko zehapenekin.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak, esleitzeko prozedura eta laguntzaren mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, 5.000.000 euro jarriko dira.

2.– Laguntzak esleitzeko, aldibereko konkurrentzia-prozedura erabiliko da, lehiarik gabekoa; prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta forman formulatzen badituzte, eta egiaztatzen badute betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela. Horretarako, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion eskabide bakoitzari, aintzat hartuta zein diren agindu honetako 5. artikuluan aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.

3.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta artikulu honetako 1. paragrafoan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko. Hala ez bada, sobera geratzen den zenbatekoarekin, murrizketa lineala aplikatuko zaie kalkulatutako zenbatekoei, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.

3. artikulua.– Onuraduna izateko betekizunak.

1.– Oro har, enpresa eskatzaileek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jardutea.

b) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Dirulaguntza eman baino lehen eta hura ordaindu baino lehen, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote diren. Hala ere, eskatzaileak espresuki egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.

c) Hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko ordainketa guztiak egunean izatea.

d) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zehapenik ez jaso izana, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako egoeretan, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

f) Berdintasun-plan bat izatea indarrean, baldin eta beharrezkoa bada Estatuko araudiaren arabera. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, neurriak izatea sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

2.– Espezifikoki, lan-sozietateak edo kooperatiba-sozietateak izan ahal izango dira deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan badihardute eta agindu honen 1.2 artikuluan azaltzen den egoeraren batek eragiten badie.

3.– Agindu honen ondorioetako, honako herrialde hauek hartuko dira Ukrainako gerraren eta Errusiari ezarritako zehapenen eraginpekotzat: Ukraina, Errusia, Bielorrusia eta Kazakhstan.

4.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan egon beharko du inskribatuta.

Pertsona hori ez badago erregistratuta Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan, edo erregistro horretako banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du, helbide honetan ezarritako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/.

5.– 1.2.e) artikuluan jasotzen den garestitze hori kalkulatzeko, kontuan izango dira epe hauek: 2022ko otsailaren 1etik 2022ko urriaren 31 arte, 2021eko maiatzaren 1etik 2022ko urtarrilaren 31koarekin alderatuta.

6.– 1.2.b) artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, enpresa hauek hartuko dira filialtzat: enpresa horien matrizeek beraien gaineko partaidetza gehiengoduna dutenean.

7.– 1.2) artikuluan jasota dauden eta diruz lagundu daitezkeen egitateak kontabilitatean islatu beharko dira 2022-02-01etik 2022-10-31ra bitarteko epean, 6.c), 6.d), 6.e), 6.f) eta 6.g) artikuluetan adierazita dagoen moduan.

4. artikulua.– Entitate eskatzaileek betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabide-orrian jasotzen den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, entitate onuradunek adierazi beharko dute bete egiten dituztela agindu honen 3 artikuluan zerrendatzen diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Kasu honetan, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, adierazpenean jasotako datuak benetakoak direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko eskaera egin beharko da, eta, hain zuzen ere, 15 eguneko epean aurkeztu beharko da, gehienez.

2.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari baimena ematen zaiola zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote diren. Baimen hori espresuki ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, entitate eskatzaileak aurkeztu beharko ditu Zerga Administrazioko eta Gizarte Segurantzako administrazio-instantzia eskudunek emandako ziurtagiriak. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko eta onuradun gisa jarraitzeko, onartutako dirulaguntza likidatu arte; horrenbestez, dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean, betebehar horiek betetzen ote diren egiaztatuko da.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak albo batera utzi gabe, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen entitateak berariazko baimena eman dezan organo kudeatzaileak datuak edo dokumentuak eskuratzeko edo egiaztatzeko.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Agindu honetan jasotako laguntza-eskabideak izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera. Eskabidea helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/servicios/1218101.

2.– 2022ko urriaren 31 izango da eskabideak aurkezteko azken eguna.

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearen osteko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egin beharko dira, eta hor egongo da adierazita zein izapide egin behar diren bide elektronikoz (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).

6. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Eskabidearen inprimakiarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena: egiaztatu behar da galerak zuzenean daudela lotuta Ukrainako gerrarekin eta arrazoi horregatik Errusiari ezarritako zehapenekin.

b) Izandako galeren errealitatea justifikatzen duen memoria ekonomikoa, 1.2 artikuluan jasotako zerrendari dagokionez. Gainera, memorian adierazitakoa dokumentu bidez egiaztatu beharko da.

c) 1.2.a) eta 1.2.b) artikuluetan jasota dauden eta diruz lagundu daitezkeen egitateen kontabilitate-idazpena. Hala badagokio, filialak egindako kontabilitate-idazpenaren ziurtagiria, 1.2.b) artikuluan jasota dauden eta diruz lagundu daitezkeen egitateetarako.

d) Aldeen artean sinatutako akordioa eta, halakorik ezean, akordio hori egiaztatzen duten mezu elektronikoen trukea edo eskaera galdu izana egiaztatzen duen beste edozein dokumentu, bai eta, berrerabilgarriak ez diren eta 1.2.c) artikuluan jasota dauden material edo produktuen eskaera irmoaren galera dela-eta, biltegian izandako galeren kontabilitate-idazpenak ere.

e) Ibilgetuaren kontuaren eta metatutako amortizazio-kontuaren kontabilitate-idazpena, bai eta 1.2.d) artikuluan jasotzen den ibilgetuaren galerarengatik dagokion gastuarena ere.

f) Hala badagokio, matrizeak filialaren gaineko partaidetza gehiengoduna duela egiaztatzea, 1.2.b) artikuluan jasota dauden egitateetarako.

7. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Baldin eta dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badatoz bat nahitaezko dokumentazioarekin, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

8. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat joko dira, eta galera ekonomikoak murrizteko erabiliko dira.

2.– 2. artikuluan jasota dauden eta diruz lagundu daitezkeen egitateekin zuzenean lotutako galeren % 50ekoa izango da laguntzaren zenbatekoa; betiere, galerak justifikatzen badira eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartzen baditu. Onuradun bakoitzari eman dakiokeen zenbatekoa, gehienez ere, laurehun mila (400.000) eurokoa izango da.

9. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo erakunde publiko batzuek arrazoi eta xede beragatik ematen dituzten laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jarduketaren kostu osoa, ezta agindu honen 8. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Baldin eta agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera entitate onuradunak arrazoi eta xede bereko beste laguntzaren bat jasotzen badu beste administrazio publiko edo erakunde publiko batetik, eta, laguntzak batuta, gainditu egiten bada dirulaguntzaren xede den jardueraren kostua edo agindu honen 8. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa, soberakin hori bateraezina dela adieraziko da, eta murriztu egingo da Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

3.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak ekonomia babesteko laguntza-neurriei buruzko Estatuko Aldi Baterako Esparruaren mende daude. Hain zuzen ere, neurri horiek Errusiak Ukraina inbaditu ostean ezarritakoak dira, SA 102771 (2022/N) europar erabakiaren edukiarekin bat etorriz.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epeak eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar horretan jasoko dira 2. artikuluan arautzen diren bi prozedurak. Bestalde, eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa betez.

Ebazpen horrek ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, aginduak ondorioak dituen egunetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten, ulertuko da eskabideei ezezkoa eman zaiela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, eta hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak entitate onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, baldintza hau ezarriko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaituta egotea.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, zer entitatek jaso dituzten dirulaguntzak agindu honen babesean, eta zenbateko laguntzak jaso dituzten; bestetik, zer entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

11. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

Laguntza onartu eta gero, ordainketa bakarra egingo zaie entitate onuradunei, baldin eta, jakinarazpena egin eta hamar egunen buruan, espresuki uko egin ez badiote dirulaguntzari.

1.2) artikuluan jasota dauden eta diruz lagundu daitezkeen egitateak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkezteko, kontuan izan beharko da dirulaguntza eman izanaren ebazpena baino lehen aurkeztu beharko dela, eta, edonola ere, 2022-11-31 baino lehen.

12. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunen betebeharrak izango dira, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezartzen direnak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Beste edozein administrazio edo entitate publiko nahiz pribatutatik xede bererako beste dirulaguntzaren bat edo beste laguntzaren bat jaso badute, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

b) Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein egoera objektibo zein subjektibo aldatu bada, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

c) Gorabeheraren batek nabarmen eragiten badio diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek, edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat hasi bada eta oraindik bideratzen ari bada, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

e) Erakunde onuradunak jasotako dirulaguntzaren zenbatekoaren berri ematea entitateen urteko kontuen memorian.

f) Laguntza ematen duen erakundearen egiaztatze-jarduketen mende geratzea, eta, laguntza edo dirulaguntza Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura eskuratzen denean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen mende ere geratzea, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusten diren jarduketez gain.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu den baldintzaren bat aldatzen bada, eta, nolanahi ere, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira, edo xede bera duten beste diru-sarrera edo baliabide batzuk jasotzen badira; betiere, dirulaguntzari buruzko arauan laguntza jasotzeko ezartzen diren gutxieneko betekizunak betetzen badira.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Entitateak ez baditu arauak betetzen (dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak, eta erabilgarri diren gainerako xedapenak); edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio entzunaldirako. Espediente horren arabera, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hilabeteko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hargatik eragotzi gabe legez egin daitezkeen gainerako egintzak. Hori guztia, honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa.

2.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak, zeinak zehatu ahal izango baitira, zabarkeria soil gisa bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hauste horiek diruzko zehapenen bidez zehatuko dira, eta, hala dagokionean, diruzkoak ez diren zehapenen bidez.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiako zuzendariak, ebazpen bidez, jakinaraziko dio entitate onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den; horrez gain, 15 eguneko epea emango dio onuradunari, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiako zuzendariak ebazpena emango du, eta horren bitartez adieraziko du, hala badagokio, dagozkion diru-kopuruak itzuli behar zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezkoa izango da.

Laguntzak itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenek ezartzen dutenaren arabera.

16. artikulua.– Datuak babestea.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak tratatu egingo dira, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera.

Datuen babesari buruzko informazio zehatza lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1218101.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Europako araudia.

Laguntza hauek zenbait neurriren mende daude: alde batetik, Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoaren ostean, ekonomia indartzera bideratutako Estatuko laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparruaren mende (EBAO, CI 131, 2022-03-24); eta, bestetik, Errusiak Ukraina inbaditu ostean, ekonomia babestera bideratutako laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparruaren mende (SA102771 laguntza, Europar Batzordeak 2022-06-10ean baimendutakoa).

Estatuko Aldi Baterako Esparruarekin bat etorriz, 2022-06-10etik aurrera, «eskumena duten agintariek laguntzak eman ahal izango dizkiete krisiak eragindako enpresei edo autonomoei, baldin eta guztirako balio nominalak ez badu gainditzen gehieneko zenbateko gordina, zergen eta bestelako atxikipenen aurretik, hau da, 400.000 euro enpresa edo autonomo bakoitzeko, kasu hauetan: zuzeneko dirulaguntzen, zerga- edo ordainketa-abantailen, aurrerakin itzulgarrien, bermeen, maileguen eta kapitalen forman egiten denean.»

Ulertu behar da laguntza globalak 400.000 euroko muga duela, eta kopuru horren barruan sartzen dela enpresa batek jaso ditzakeen laguntza publiko guztien batura, bi gertakari hauen ondorioz: Ukrainako gerraren ondorioz, eta Errusiari 2022ko otsailaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean ezarritako zehapenen ondorioz, aipatutako azken data horretan amaitzen baita Aldi Baterako Esparruaren indarraldia.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege organikoa).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 26a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala