Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2022ko abuztuaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3563

AGINDUA, 2022ko uztailaren 26koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeetan elkarte-egiturak finkatzeko laguntzen deialdirako oinarriak eta horren deialdia egiten baita 2022. urterako.

Lan eta Enplegu Sailaren 2022ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak aurreko ekitaldiko aurrekontu-zuzkidura bera izango du deialdi honetan. Elkarte-sare sendo batek gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeetan ondorio onuragarriak areagotzen dituela uste dugu, bai aukerei dagokienez bai emaitzei dagokienez; eta horregatik prestatu da dirulaguntzen agindu hau. Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legean jasotako familia batzuk sartzen dira agindu honetan, baita autonomoen elkarteak ere, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari dagozkion eskumenak bereizi eta gero.

Azken batean, EAEko urte honetarako aurrekontu orokorretan jasotzen dena betetzeko konpromisoari eusten zaio; hau da, berariaz lehentasunezko helburu moduan ezarri bezala, gizarte-ekonomiako, lan autonomoko, enplegu-zentro berezietako eta ekonomia solidarioko elkarteei lagunduko zaie.

Horrenbestez, 11/2021 Legea (abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, bat etorriz Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, 2022ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeen elkarte-egitura finkatzeko emango dituen laguntzetarako deialdia egiteko oinarriak onartzea, eta 2022. urterako deialdia egitea.

Laguntza jasoko duten erakundeek nortasun juridikoa izan behar dute, eta bere baitan bilduko dituzten kideak, haien ordezkaritza burutzeko eta guztien interesak defendatzeko, izango dira:

a) Lan-sozietateak eta lan elkartuko kooperatibak.

b) Lan elkartukoak ez diren kooperatibak, elkarte konfederatuak eta gizarte-ekonomiako entitateak dituzten erakundeak.

c) Ekonomia solidarioko elkarteak eta enplegu-zentro berezien elkarteak.

d) Langile autonomoen sektorearteko erakundeak, gutxienez bi urteko antzinatasuna dutenak.

2.– Agindu honen ondorioetarako, a) eta b) letretako kasuetan aipatzen diren kooperatiba-sozietateen elkarte-egituratzat joko dira Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 164. artikuluan aipatzen diren kooperatiba-elkarteak.

3.– Halaber, laguntzei buruzko agindu honetaz baliatu ahal izango dira elkartekideak babestea eta kooperatiba gisa sustatzea helburu hartuta eratu eta erregistratu diren kooperatibak biltzen dituzten elkarteak, aipatutako 11/2019 Legearen 163.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Erakunde horiek kooperatiba-mota bat baino gehiago eta beste sozietate-mota batzuk biltzen badituzte, dirulaguntzaren kalkulua egiteko, legeak aurreikusten duenarekin bat, gizarte-ekonomiako erakundeei dagozkien babes- eta sustapen-jarduerak baino ez dira kontuan izango.

4.– Agindu honen ondorioetarako, ekonomia solidarioaren elkarte-egitura izango dira Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluan jasotzen diren gizarte-ekonomiako erakundeak gehiengo moduan dituztenak.

2. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzak 1. artikuluan aurreikusitako elkarteak mantendu eta finkatzeko egitura-gastuak finantzatzera bideratuko dira, lege eta estatutuek bakoitzari esleitutako helburuak betetzeko.

2.– Agindu honen ondorioetarako, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako egitura-gastuak:

a) Elkarteei zerbitzu ematen dieten langileen gastuak, lanpostuarekin eta hortik eratorritako jarduerekin zerikusia duten gastu guztiak barne.

b) Funtzionamendu-gastuak, artezkaritza-kontseilu eta batzordeetara joan izana konpentsatzekoak barne; eta partaide direneko erakunde ordezkariei ordaindutako kuotak.

c) Egituraren ohiko jarduerekin zerikusia duten kanpoko gastuak; besteak beste: txosten juridikoak, auditoriak, eta marken defentsa eta babesa.

d) Erakundearen ibilgetuari dagozkion amortizazioen zenbatekoa.

3.– Ez dira egitura-gastutzat hartuko berariazko finantzaketa duten programa zehatzak gauzatzetik eratorritakoak, erakundearen berezko funtzionamenduari dagozkionekin zuzeneko harremana ez dutenak.

4.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak erakunde eskatzaile bakoitzak aurreikusitako gastuen plangintza baliozkotu eta onartuko du eta horiek izango dira sareko eskaerari atxikitako diru-sarreren eta gastuen aurrekontuan jasotakoak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, seiehun eta laurogeita bost mila eta zortziehun (685.800) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: bostehun eta hamalau mila hirurehun eta berrogeita hamar (514.350) euroko ordainketa-kreditua, 2022ko ekitaldirako; eta ehun eta hirurogeita hamaika mila laurehun eta berrogeita hamar (171.450) euroko konpromiso-kreditua, 2023ko ekitaldirako.

2.– Aipatutako zenbateko orokorra honela banatzen da:

a) II. kapituluari dagokionez, hirurehun eta laurogeita bost mila eta zortziehun (385.800) euroko gehieneko kopurua, honakoen bidez: berrehun eta laurogeita bederatzi mila hirurehun eta berrogeita hamar (289.350) euroko ordainketa-kreditua 2022ko ekitaldirako, eta laurogeita hamasei mila laurehun eta berrogeita hamar (96.450) euroko konpromiso-kreditua 2023ko ekitaldirako.

b) III. kapituluari dagokionez, ehun mila (100.000) euroko gehieneko kopurua, honakoen bidez: hirurogeita hamabost mila (75.000) euroko ordainketa-kreditua 2022ko ekitaldirako, eta hogeita bost mila (25.000) euroko konpromiso-kreditua 2023ko ekitaldirako.

c) IV. kapituluari dagokienez, ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko gehieneko kopurua, honakoen bidez: ehun eta hamabi mila eta bostehun (112.500) euroko ordainketa-kreditua 2022ko ekitaldirako, eta hogeita hamazazpi mila eta bostehun (37.500) euroko konpromiso-kreditua 2023ko ekitaldirako.

d) V. kapituluari dagokionez, berrogeita hamar mila (50.000) euroko gehieneko kopurua, honakoen bidez: hogeita hamazazpi mila eta bostehun (37.500) euroko ordainketa-kreditua 2022ko ekitaldirako, eta hamabi mila eta bostehun (12.500) euroko konpromiso-kreditua 2023ko ekitaldirako.

3.– Laguntzak esleitzean, lehiarik gabeko aldi bereko prozedura jarraituko da, garaiz eta modu egokian egiten diren eskabide guztietan, betiere berariaz egiaztatzen badute bete egiten dituztela eskatzen diren baldintza objektibo eta subjektiboak. Horretarako, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion eskabide bakoitzari, aintzat hartuta zein diren agindu honetako 17, 18, 19 eta 20. artikuluan aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.

4.– Artikulu honen lehen paragrafoan adierazten den hornidura ekonomikoa aski bada hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, aurreko atalean adierazitakoaren arabera, zenbateko baliokideen ziozko dirulaguntzak esleituko dira.

5.– Hornidura ekonomikoa ez bada aski hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, eta 3 artikuluko 2. apartatuan zehaztutako kolektiboetakoren batean erakunde onuradunen kolektiboa artatzeko saldoa sobratzen bada eta bestean ebazpen positibo guztiak estaltzeko baliabideak falta badira, soberan dagoen saldoa beste taldearen beharrizanak estaltzeko erabiliko da.

6.– Aurreko aukeretako ezein betetzen ez bada, murrizketa lineala aplikatuko zaie kalkulatutako zenbatekoei, talde bakoitzerako, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.

7.– II. kapituluan murrizketa proportzionala egin behar bada, 16.3 artikuluan ezarritako irizpidea beteko da; beraz, ordezkaritza txikiena duen erakundearen kopurua halako hiru emango zaio, gehienez, ordezkaritza handiena duen erakundeari, 16.1 artikuluan ezarritako parametroak aplikatuz.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.

2.– Kapitulu bakoitzaren informazio-fitxetan jasotzen dira izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, baita eskabide-inprimakia ere. Bada, informazio-fitxa horiek hemen jaitsi daitezke:

• II. kapitulua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097712

• III. kapitulua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097812

• IV. kapitulua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0103312

• V. kapitulua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0103418

3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, ordezkaritza inskribatu ahal izango da Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektronikoan egongo da, agindu honen 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2022ko irailaren 15ean amaituko da (egun hori barne).

3.– Erakunde eskatzaileek eskabideak eta dokumentuak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten hizkuntza hautatuta. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Erakunde eskatzaileek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela.

2.– Eskabidea aurkezten bada, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari baimena ematen zaio zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei lotutako baldintzak betetzen diren, baldin eta berariaz horren aurka agertzen ez bada. Izan ere, egiaztapen horren aurka agertuz gero, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu frogagiriak, bai Ogasuneko bai Gizarte Segurantzako administrazio-agintaritza eskudunek egindakoak. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.

3.– Dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren batean egonez gero, itzulketa-betebeharrak egunean izan behar dira, onuradun bihurtzen direnetik emandako dirulaguntza likidatu arte. Beraz, emakida egiten denean eta dagozkion ordainketak egiten direnean egiaztatuko da baldintza horiek betetzen direla.

4.– Berdintasun-plana indarrean eduki behar da, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta dagoenean. 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ezarrita edukitzea sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

5.– Eskabidearen inprimakian erantzukizunpeko adierazpena sartuko da, horren bidez erakunde onuradunek aitortuko dutelako honako baldintza hauek betetzen dituztela:

– Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

– Egunean izatea itzulketa-betebeharrak, dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren batean egonez gero.

– Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako bestelako laguntzak (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) zein egoeratan dauden adierazteko.

– Estatuko araudia betetzea berdintasun-planei dagokienez, eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriei dagokienez, Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

6.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretakoren batean dauden erakundeak.

7.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako –eta izaera bereko diren– laguntza eta dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zehapen-prozedura oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

7. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak oso-osorik bete behar dira, eta, eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira nahitaez:

a) 2022. urterako Kudeaketa Plana, aurreikusitako jardueren txostena eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza barne.

b) Honako hauen inguruko egiaztagiriak:

– Enpresa bazkidetuen kopurua eta haien 2022ko kuotak; eta enpresa horien zerrenda.

– Ordezkaritza duten bazkideen kopurua, sozietatearekin duten harreman-motaren eta horren izaeraren arabera bereizita.

2.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke https://www.euskadi.net/hirugarrenak helbidean.

8. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskabideen atal guztiak beteta ez badaude, edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

9. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo erakunde publiko batzuek xede eta helburu bererako emandakoekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu elkarte onuradunen egitura-gastuek osatzen duten kostu osoaren zenbatekoa.

2.– Agindu honetako laguntzak eta erakunde onuradunek arrazoi eta xede bererako jasotzen dituzten bestelako dirulaguntzak pilatzen badira, eta dirulaguntza horien batuketak egitura-gastuen kostu osoa gainditzen badu, gehiegizko kopuruaren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Enplegu Sailak ematen duen dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko.

3.– Eman beharreko zenbatekoak zehazterakoan, horien kalkulua egiteko kanpoan utziko dira, berariaz, beste administrazio edo erakunde publikoek emandako dirulaguntzak.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Lan eta Enplegu Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.

2.– Gizarte Ekonomiako zuzendariak esanbidez emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egindako proposamenaren arabera; izan ere, aipatutako irizpideen arabera aztertu eta ebaluatuko dituzte eskabideak. Ebazpen bakar horrek kapitulu bakoitza bereizita jasoko du, eta agindu honetan aurreikusitako murrizketa proportzionala aplikatuz gero, kasu bakoitzean egindako murrizketa bereiziko da.

Ebazpen horrek ez du administrazioarekiko bidea agortuko; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta dirulaguntza emateko ebazpena berariaz eta banaka jakinaraztea baztertu gabe, honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpena argitaratuta: alde batetik, agindu honen babespean dirulaguntza zein erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini aldatu zaien emandako dirulaguntza.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Arazoaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betekizun aplikagarriak betetzeaz gain, dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Alde horretatik, laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Egindako jarduerak egiaztatzen dituen memoria eta diruz lagundutako egitura-gastu guztien egiaztagiriak bidali beharko dituzte Lan eta Enplegu Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzara, 2022ko ekitaldiko kontabilitateko egoera-orriak onartzen direnetik hilabeteko epean.

c) Dirulaguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute konpromisozko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

d) Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintza objektiboak zein subjektiboak aldatzen badira, horren berri eman beharko diote laguntza ematen duen erakundeari, eta Lan eta Enplegu Sailarekin lankidetzan jardun beharko dute konprobazio-, ikuskatze-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

12. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Emandako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da. Lehen zatia, aurretiaz ordainduko da, eta emandako laguntzaren % 75ekoa izango da; jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera hasiko den hamabost eguneko epea amaitzen denean ordainduko da, baldin eta laguntzari uko egin ez bazaio. Bigarren zatia 2023an ordainduko da, diruz lagundutako jarduera amaitu ondoren baina agindu honetan eskatutako justifikazioa aurkeztu baino lehen, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoan.

2.– Azken memoria aurkezteko epea, gehienez, hiru hilabetekoa izango da, onartzen denetik aurrera, 2023ko uztailaren 31 baino lehen betiere.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Xedea bete denean, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketaren bat izanez gero, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasua bada, helburu bera duten bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitu egingo baitira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta erakunde interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren gutxienez % 75 erabiltzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduketa berri bat.

3.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira honako hauek: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen gaineko arau-hauste horiek zehatzeko, diru-zehapenak jarriko dira, eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zehapenak ere.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak erakunde onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehieneko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Laguntzak itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabeteko epean ebatzi behar da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.

16. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datuen babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/0097712

II. KAPITULUA
LAN SOZIETATEEN ETA LAN ELKARTUKO KOOPERATIBEN ERAKUNDEENTZAKO LAGUNTZAK

17. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

1.– Lan eta Enplegu Sailak garrantziaren araberako laguntzak emango ditu; hau da, 50.000 euro emango ditu erakunde onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen eta enpresa-kopuruaren arabera, baremo honekin bat etorriz:

a) Eskala honen arabera erakunde onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen kopurua:

1) Lehenengo bazkide langiletik hasi eta 5.000. bazkide langilera, zazpi (7) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

2) 5.001. bazkide langiletik 10.000. bazkide langilera, sei (6) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

3) 10.001. bazkide langiletik aurrera, bost (5) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

b) Erakunde onuradun eskatzaile bakoitzak ordezkatzen duen enpresa-kopurua; laurogeita hamar (90) euro emango dira ordezkatutako enpresa bakoitzeko.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, erakunde onuradun eskatzaileek, ordezkatzen duten bazkide langileen kopurua eta enpresa bazkidetuen kopurua egiaztatu beharko dute.

3.– Erakunde onuradun batek, gehienez ere, artikulu honen arabera gutxien dagokion erakundeak jasotzen duenaren hirukoitza jaso ahal izango du. Zenbatekoak ezin izango du inola ere gainditu Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusten diren gastuen % 50, alde batera utzita bestelako laguntza publiko ororen oinarrian dauden egitura-gastuak.

III. KAPITULUA
LAN ELKARTUKOAK EZ DIREN KOOPERATIBEN, ELKARTE KONFEDERATUEN ETA GIZARTE-EKONOMIAKO ENTITATEEK DITUZTEN ERAKUNDEEN ELKARTEENTZAKO LAGUNTZAK

18. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Lan eta Enplegu Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du, alde batera utzita bestelako laguntza publiko ororen oinarrian dauden egitura-gastuak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bitartez. Baina horretarako, inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman erakunde eskatzaile bakoitzeko.

IV. KAPITULUA
EKONOMIA SOLIDARIOKO ELKARTEAK ETA ENPLEGU-ZENTRO BEREZIEN ELKARTEAK

19. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Lan eta Enplegu Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du, alde batera utzita bestelako laguntza publiko ororen oinarrian dauden egitura-gastuak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bitartez. Baina horretarako, inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman erakunde eskatzaile bakoitzeko.

V. KAPITULUA
LANGILE AUTONOMOEN SEKTORE ARTEKO ERAKUNDEENTZAKO LAGUNTZAK

20. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Lan eta Enplegu Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du, alde batera utzita bestelako laguntza publiko ororen oinarrian dauden egitura-gastuak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bitartez. Baina horretarako, inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman erakunde eskatzaile bakoitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege organikoa).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 26a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala