Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2022ko abuztuaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3531

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 15ekoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira 2022ko Elkartu Laguntza Programa arautzen duten oinarriak, eta laguntzen deialdia egiten baita.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat jarduketa egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak zenbait ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.

Hala, Laguntza Programa hau diseinatu da, lankidetzan eginiko nazioartekotze-proiektuak eta -jarduerak bultzatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko nazioartekotze-prozesuan.

Bestalde, Euskal Autonomi Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak) bere 48.5 artikuluan agintzen du Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren bidez finantzatzen diren erakundeek publizitate-printzipiora egokitu behar dutela euren dirulaguntza-jarduera.

Gorago adierazitakoaren arabera, hauxe

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– «Elkartu» 2022 Laguntza Programaren deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2022ko uztailaren 15a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotzerako zuzendaria,

AINHOA ONDARZABAL ANDEREA.

ERANSKINA
ELKARTU 2022 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XII. legealdiko Gobernu Programak Industria eta Nazioartekotze arloaren barruan kokatutako bere lehen ardatzean (Oparotasuna) jasotzen du 18. konpromisoa: euskal enpresen nazioartekotzea.

Gobernu Programa horren aginduz, konpromiso hori gutxieneko eduki batzuekin zehaztu beharko da 2021-2024 aldiko Garapen Ekonomikoko eta Nazioartekotzeko Planean, eta eduki horien artean aipatzekoa da lehen atalean jasotakoa: «enpresen nazioartekotzea bultzatzeko finantza-laguntzen programen garapena».

Hala, jarraipena ematen zaio aurreko legealdietan hasitako sustapen politika publiko bati, zeinaren helburua baita bultzada bat ematea nazioartekotu nahi duten enpresa hasiberriak sustatzeko ekimenei, beharrezkoak baitira atzerriko merkatuetara sartzean dauden oztopoak gainditzeko.

Elkartu programako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza publikoak dira. Laguntza horiek helburutzat dute enpresen arteko lankidetza bultzatzea nazioartekotzearekin zerikusia duten proiektuetan eta, 17. GJHari jarraiki, aliantzak sortzea garapen jasangarria lortzeko.

Programa hau jasota dago erakundearen 2022ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina 2021eko abenduaren 15eko Administrazio-kontseiluaren erabakiz onartu baitzen.

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen helburua da nazioartekotzeko jardueretarako enpresa-lankidetzako dirulaguntzak arautzea eta 2022ko ekitaldirako deialdia egitea, jarraian datozen artikuluen arabera.

Hala, Elkartu programa bat dator Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren helburuekin (zeintzuk jasota daude XII. legealdiko gobernu-programan eta berau garatzen duten plangintza estrategikoko tresnetan), eta bere xedea da lankidetzako nazioartekotze-proiektuak eta -jarduerak bultzatzea, eta garapen jasangarria sustatzea nazioartekotze-prozesuan.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira. Dirulaguntza-programa hau Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 8.3 artikuluan ezarritako printzipioen menpe dago.

2.– Laguntza hauek egoki aurkeztutako eskaeren hurrenkerari jarraituz tramitatuko dira. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete diren unearen arabera.

3.– Programa hau aplikatuz ematen diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak dira eta, beraz, 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritakoa bete behar dute.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 500.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomi Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Deialdi honetara bideratutako funtsak agortzen badira, bukatu egingo da laguntzen prozedura eta, beraz, ez dira onartuko funtsak agortu ondoren aurkeztutako eskaerak. Aurretik aurkeztutako eskaeren kasuan, ebazteke badaude zuzkidura agortzen den unean, ezetsi egin beharko dira, dagokion ebazpenaren bidez. Funtsak agortzen direnean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak horren berri emango du sozietatearen web orrian (www.spri.eus/Elkartu) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1.– Erakunde onuradun izan ahalko dira lankidetzan jardungo duten enpresa-elkarte eta -taldeak, besteak beste, esportazio-partzuergoak, salmenta-taldeak eta kanpoko merkatuetan lankidetzan jarduteko konpromisoa duen bestelako edozein figura, juridikoki baliozkoa bada.

Nortasunik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean, berariaz adierazi beharko da (bai eskaeran eta bai dirulaguntza emateko ebazpenean) zein konpromiso hartuko dituen elkarteko kide bakoitzak, bai eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, denak izango baitira onuradun. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da talde osoarentzat, zeinak behar besteko ahalordea izango baitu taldeak onuradun gisa izango dituen obligazioak betetzeko. Taldea ezingo da desegin Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

2.– Oinarri hauetan aurreikusitakorako, elkartetzat hartuko dira baldintza hauek betetzen dituzten erakundeak:

a) Irabazi asmorik gabeko erakundea izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.

c) Helburu nagusitzat izatea elkartutako enpresen nazioartekotzea eta plangintza bat edukitzea helburu hori erdiesteko.

3.– Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeek bete beharreko baldintza orokorrak:

a) Taldea osatuko dute elkarren arteko loturarik gabeko gutxienez 2 enpresa independentek, zeintzuek, beren operazio-sinergiek eskaintzen dizkieten abantailek bultzaturik, konpromisoa hartuko baitute kanpoko merkatuetan elkarrekin jarduteko, arriskuak eta kostuak partekatuz. Egoitza soziala EAEtik kanpo duten enpresek ere parte hartu ahal izango dute taldean, baina beren partaidetza ez da izango partaidetza txikiena duen ETEarena baino handiagoa.

b) Onuradun izan daitezke egoitza edo produkzio-lantegiak Euskal Autonomi Erkidegoan dituzten enpresa handiak eta ETEak, baldin eta indarrean dagoen deialdia baino lehenago eratu badira.

c) Proiektuetan enpresa handiek parte hartzen badute, enpresa horiek trakziogileak izango dira eta gutxienez beste ETE bat sartu beharko dute taldean.

d) Jarduerek enpresa edota erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen batean (kontratu bat edo bestelako edozein dokumentu) oinarritu behar dute, eta hitzarmen horrek argi eta garbi jaso behar du alderdien konpromisoa.

e) Ekintza-plan edo nazioartekotze-estrategia bateratu bat izan beharko dute, zeinetan adieraziko diren: enpresa parte-hartzaileen deskribapena, euren produktu edo zerbitzuak, euren helburu eta igurikapen komertzialen definizioa, segmentu, bezero eta jomuga-merkatuen identifikazioa, garatuko diren jardueren definizioa, erantzukizunak eta epeak.

4.– Esportazio-partzuergoek, kategoria espezifiko bat direnez lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeen barruan, baldintza berezi hauek bete beharko dituzte, 3. atalean ezarritakoez gain:

a) Izaera juridiko propioa izatea, taldeko gainerako enpresa edo erakundeekiko independentea.

b) Pertsona bat lanaldi osoan kontratatzea partzuergoa kudeatzeko.

5.– ETEaren definizioa Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB gomendioan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

6.– Onuradun izateko baldintzak dirulaguntzaren indarraldi osoan bete behar dira.

7.– Ezingo dituzte eskuratu deialdi honen xede diren dirulaguntzak:

a) Bitartekaritza-lanak egiten dituzten enpresek eta/edo hirugarrenen produktuak bakarrik banatzen dituztenek. Hori horrela dela ulertuko da bitartekaritzako edo hirugarrenen produktuen banaketako jarduera komertzialaren negozio-bolumena negozio-bolumen osoaren % 50 baino handiagoa denean.

b) Horrez gain, ezingo dira Elkartu programaren onuradunak izan:

b.1.– Berreskuratze-agindu baten menpe dauden enpresak, erabaki bada Europako Batzordeak emandako laguntza bat legez kanpokoa edo merkatu erkidearekin bateraezina dela, eta ezta ere krisi-egoeran dauden enpresak, krisi-egoeran dauden eta finantza arlokoak ez diren enpresen salbamendurako eta berregituraketarako Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideen arabera (AO C249, 2014-07-31).

b.2.– Administrazio-zehapen edo zehapen penal bat duten enpresak eta, beraz, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko gaitasuna galdua dutenak, edo laguntza horiek eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpen bat dutenak, ez eta sexu bazterkeriaren bat gertatu delako ezarritako debekuren bat dutenak, Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken seigarren xedapenean ezarritakoaren arabera.

b.3.– 200.000 eurotik gorako de minimis laguntza bat jaso duten enpresak, egungo zerga-ekitaldia eta aurreko biak aintzat hartuta.

b.4.– Era berean, ez dira izango Elkartu programako laguntza publikoen onuradun 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluko eta 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluko kasuetan dauden enpresak, zeintzuen arabera ezin baitaitezke izan laguntzen onuradun eta, bereziki, egoera hauetan daudenak:

– Egunean ez egotea Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekiko eta bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrak izatea Eusko Jaurlaritzarekin edo SPRI Taldeko enpresaren batekin.

– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada) edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Enpresa dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura batean badago, horren emaitza ikusita emango da –edo, hala badagokio, ordainduko da– laguntza.

– Prozedura batean kaudimengabetzat joa izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

– Armak egitea, merkaturatzea eta finantzatzea, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraiki.

c) Azkenik, ez da eskaerarik onartuko, baldin enpresa edota bere legezko ordezkariak epai irmo bidez kondenatuak izan badira lan osasunaren kontrako delituak egin izanagatik edo zehapen irmoa jaso badute deialdi honen aurreko 5 urteetan arlo horretako arau-hauste administratibo oso larria egin izanagatik.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta exekuzio-epea.

1.– Taldearen sorkuntza-gastuak: alderdi juridiko, fiskal eta finantzarioei buruzko kanpo-aholkularitza, akordioak egiteko eta partzuergoak edo bestelako enpresa-taldeak sortzeko.

2.– Ekintza-planaren edo Nazioarteko Estrategiaren garapenerako gastuak: kanpo-aholkularitzako gastuak ekintza-plan bateratua egiteko.

3.– Operazio-gastuak: gainera, diruz lagundu ahal izango dira jomuga-merkatuan operatzeko egin beharreko gastuak:

3.1.– Merkatuen prospekziorako aholkularitza-zerbitzuak. Azterlan bat baino ez da diruz lagunduko jomuga-herrialde bakoitzeko.

3.2.– Jabetza industrialarekin eta homologazioekin lotutako gastuak:

a) Patenteak eta markak erregistratzea: diruz lagunduko dira beharrezkoak diren kudeaketa-gastuak, eta baita ere helmuga-herrialdeko erregistro ofizialetan inskribatzeko tasak.

b) Homologazioa eta ziurtapena: jomuga-herrialdean eskatzen den derrigorrezko homologaziotik (horretarako egiaztatuak dauden erakundeek eginak) eratorritako gastuak, eta atzerriko bezero handiekin egin beharreko ziurtapen eta aurre-kalifikazioak.

3.3.– Taldearen funtzionamendu operatiboarekin lotutako gastuak: halakotzat hartuko dira gastu partekatuak edo transbertsalak: bulegoen alokairua, hornidurak, gastu logistikoak edo taldearen sustapen-jarduerekin lotutako beste edozein gastu partekatu.

3.4.– Jomuga-merkatuan merkataritza-agente bat edo ordezkari bat hautatzeko gastuak.

4.– Sustapen-gastuak: Kontuan hartuko dira baita ere sustapenarekin zerikusia duten gastuak:

4.1.– Nazioarteko azoketan (Estatuan zein atzerrian) parte hartzea erakusle gisa, baldin eta enpresak ez badu ekitaldi berean parte hartzen beste administrazio, elkarte edo kluster batekin eta prezio publikoaren menpe dagoen dirulaguntzaren bat jasota. Nazioarteko azokaren definizioa arlo honetako ministerio eskudunaren irizpideen arabera zehaztuko da. Kasu horretan, diruz lagundu ahal izango dira gastu hauek: espazioen alokairua, erakutsiko den produktua garraiatzeko gastuak, standaren dekorazioa eta, atzerrian egiten diren azoken kasuan, bidaia-poltsa bat azoka bakoitzeko, I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

4.2.– Atzerriko nazioarteko kongresu, foro espezializatu eta azoketan parte hartzea bisitari bezala: diruz lagundu ahal izango dira izen-emate kuota eta bidaia-poltsa bat, I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

4.3.– Nazioarteko kongresu, foro espezializatu eta azoketan parte hartzea, on line formatuan: diruz lagundu ahal izango dira izen-emate kuota eta aipatutako ekitaldiekin zuzenean erlazionatutako beste gastu batzuk.

Diruz lagundu ahal izango dira espazioen alokairua, standaren dekorazioa (erakusgai jarriko diren produktuak garraiatzeko kostua barne), izen-emate kuota eta bidaia-poltsa bat azokako eta enpresa parte-hartzaileko.

a) Elkarteen kasuan: egoitza EAEn duten gutxienez hiru enpresa bildu edo ordezkatu beharko dituzte.

b) Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeak: azoketan erakusketari bezala parte hartzeko, taldearen eskaintza bateratua behar da.

Horrelakoetan, ezinbesteko baldintza izango da Basque Country markari (Euskadi Basque Country, SPRI Taldea eta Nazioartekotzeko Euskal Agentzia marken logotipoei) ikusgarritasuna ematea standean eta azokan erabiliko diren sustapen-materialetan.

4.4.– Zuzeneko misioak: Prospekzio-bidaiak merkatuak aztertzeko, edota bezero izan daitezkeen enpresekin harremanetan jartzeko, edota azoketara joateko, edota kongresu edo foro espezializatuetan parte hartzeko.

a) Elkarteen kasuan: egoitza EAEn duten gutxienez hiru enpresa bildu edo ordezkatu beharko dituzte.

b) Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeen kasuan, diruz lagunduko dira partzuergoaren kudeatzaileak edo enpresa-taldea ordezkatzen duen ordezkariak/liderrak edo lankidetza-taldeko ordezkariren batek egindako bidaiak.

Diruz lagunduko dira gehienez 3 misio zuzen jomuga-herrialde bakoitzeko, eta horietako bakoitzean bidaia-poltsa bat emango da erakunde parte-hartzaile bakoitzeko.

4.5.– Alderantzizko misioak, balizko bezeroentzako edo atzerriko preskriptoreentzako gonbidapenak.

a) Elkarteen kasuan: gonbidatuek elkartea eta EAEn kokatuta dauden elkarteko gutxienez hiru enpresa bisitatu beharko dituzte.

b) Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeen kasuan: partzuergoan edo taldean bildutako enpresak bisitatzeko gonbidapena.

Diruz lagundu ahal izango dira gehienez 3 alderantzizko misio herrialde bakoitzeko, eta gehienez 10 gonbidapen egingo dira misioko. Kalkulatzeko, oinarritzat hartuko dira I. eranskineko bidaia-poltsak.

4.6.– Sustapen- eta zabalkunde-elementuak. Bakarrik onartuko da talde osoarentzako sustapen-materiala, eta material horretan adieraziko da zeintzuk diren enpresa parte-hartzaileak. Partzuergoen kasuan, beronen izena bakarrik erabili ahal izango da. Sustapen-elementuetan jomuga-herrialdeko hizkuntza ofiziala edo ingelesa erabili beharko dira.

5.– Azterlanak egitea:

a) Nazioartekotze-planak berriren berri prestatzea eta kontingentzia-planak lankidetzan idaztea.

b) Birdiseinatze-azterketak egitea eta ikuspegi sektoriala duten global supply chain alternatibak sortzea.

c) Nazioarteko e-commerce estrategia bat egitea.

6.– Egitura-gastuak: langileak hautatzeko kanpo-kontratazioko gastuak edota kudeatzailearen soldata gordinaren kostua, esportazio-partzuergoen kasuan.

7.– Eskaintzak kudeatzea eta prestatzea lankidetzan egiten diren nazioarteko lizitazioetan.

8.– Ez da laguntzarik emango erakunde publikoek egin dituzten azterketak eta eman dituzten zerbitzuak ordaintzeko, prezio publikoen menpe badaude.

9.– Posible izango da dirulaguntzaren xede diren lanak osorik azpikontratatzea enpresa adituei. Kasu horretan, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten badu kontratazio publikoaren arloan kontratu txikientzat indarrean dagoen araudian zehaztutakoa, onuradunak gutxienez 3 hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna jasotzeko konpromisoa kontratatu edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago behar beste erakunde lan hori egin, zerbitzua eman edo hornitzeko edo gastua dirulaguntzaren eskaera baino lehenago egin bada.

10.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, ulertuko da onuradun batek azpikontratazio bat egin duela, baldin eta hirugarrenekin adosten badu partzialki edo osorik gauzatzea dirulaguntzaren xede den jarduera. Ez dira kontzeptu horretan sartuko onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuak. Zentzu horretan, posible da hirugarrenak azpikontratatu edo kontratatzea diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100eraino, eta hirugarrenen azpikontratazio edo kontrataziorako aplikagarri izango dira 29. artikuluan jasotako gainerako aurreikuspenak.

11.– Laguntza jaso dezakete 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean gauzatutako ekintzek.

6. artikulua.– Laguntza eskaerak.

Eskatzaile batek eskaera bat aurkeztu dezake gehienez.

7. artikulua.– Dirulaguntzen mugak eta zenbatekoak.

1.– Dirulaguntzak portzentaje hauetara irits daitezke, onuradunak jasangarritasunarekin duen konpromiso-mailaren arabera:

– Onartutako gastuaren % 80raino, baldin eta erakunde onuraduneko liderrak egiaztatzen badu Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko kide dela.

– Onartutako gastuaren % 60raino, baldin eta erakunde onuraduneko liderra ez bada Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko kidea.

2.– Horrez gain, gehienezko zenbateko hauek ezarri dira dirulaguntza-eskaera bakoitzeko:

– Gehienez 60.000 euro onuradun bakoitzeko partzuergoen kasuan, eta gehienez 20.000 euro partzuergoan parte hartzen duen enpresa bakoitzeko.

– Gehienez 50.000 euro elkarte bakoitzeko.

– Gehienez 45.000 euro onuradun bakoitzeko, eta gehienez 15.000 euro enpresako, lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeen kasuan; eta 20.000 euro enpresa trakziogilea izanez gero.

3.– Bidaia-poltsen zenbatekoa jasota dago 1. eranskinean.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateraezinak dira:

a) Administrazio honek, beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek jomuga-herrialdean kontzeptu bererako emandako beste edozein laguntzarekin.

Aurrekoa gorabehera, aplikagarria izango da de minimis dirulaguntzen metatze-erregimena, laguntza horiei buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1407/2013 Araudian edo Europar Batasunean xede horretarako emandako beste edozein zuzentarau edo xedapenetan ezarritakoaren arabera.

b) Klusterrak Dinamizatzeko Elkarteentzako laguntza-programakoekin.

9. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta 2022ko urriaren 28an edo funtsak agortzen direnean bukatuko da, 3. artikuluan adierazitakoari jarraiki. Aurrekoa gorabehera, publikoarentzako arreta 2022ko urriaren 28ko arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

2.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio eskaerak, eta deialdi honetatik eratorrirako izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera, helbide honen bitartez: www.spri.eus/elkartu

3.– Behin bete ondoren, eskaerak eskatzailea den pertsona edo erakundearen sinadura aitortua izan behar du eta hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa ere atxiki behar du.

4.– Laguntza-eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

5.– Dirulaguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion guztietan.

10. artikulua.– Eskaeren edukia eta atxikitako dokumentazioa.

1.– Erakunde eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera telematikoa, behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta. Eskaera horretan erakundeari nahiz ekintzei buruzko datuak jasoko dira, horiek izango direlarik proiektua egoki baloratzeko oinarria.

b) Erakunde eskatzailearen eskriturak edota ordezkaritza-ahalordea. Sorkuntza-gastuekin lotutako laguntza eskatzen bada, eskaera aurkezten den momentuan atxiki beharko da kanpoko zerbitzuaren kontratua edota kostuaren aurrekontua.

c) Eskatzaileak emandako kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria.

d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari egiaztapen hori zuzenean lortzeko.

e) ETEa dela egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpena, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan (EAO, 2003-05-20ko L 124, 0036 – 0041 or.) adierazitakoaren arabera (3. eranskina).

f) Erantzukizunezko adierazpena, eskatzaileak eta enpresa parte-hartzaileek aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jasotako de minimis laguntzei (Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Araudiaren menpe daudenak) buruzkoa. Enpresa parte-hartzaile guztiek bete behar dute 4. eranskina.

g) Memoria, zeinak bere baitan hartuko baititu dirulaguntzak xedetzat dituen jarduerak eta jomuga bakoitzeko gastu-moten banakapena.

h) Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko bazkide dela egiaztatzen duen akreditazioa, hala izanez gero.

2.– Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeen kasuan, aurreko puntuan adierazitako dokumentazioaz gain, ondoko hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Enpresen edota erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena, kontratua edo bestelako edozein dokumentu, non argi adieraziko baita alderdien konpromisoa. 2. eranskina bete behar da.

b) Lankidetzan jardungo duen enpresa-taldearen ekintza-plana: sorkuntza-gastuekin lotutako laguntza eskatzen bada, eskaera aurkezten den momentuan atxiki beharko da kanpoko zerbitzuaren kontratua edota kostuaren aurrekontua.

3.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak enpresa eskatzaileari eska diezaioke aurkeztu dezala eskaera egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu edo informazio osagarri. Bestalde, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoa aplikatuko da arau honetan berariaz adierazi ez den orotarako. Eskatzen zaion momentuan eta epean aurkeztu beharko du dokumentazio hori. Hala, beharrezkoa bada, ikuskapen-bisita baten bidez egiaztatu ahal izango da erantzukizunezko adierazpenean azaldutako datu eta eskakizunak egiazkoak direla.

4.– Eskaera ez badago osorik beteta edo ez badu atxikita dokumentazio osagarria, erakunde onuradunari eskatuko zaio zuzendu dezala akatsa edo aurkeztu ditzala dokumentuak 10 egun balioduneko epean. Bestela, ulertuko da atzera egin duela bere eskaeran, eta erabaki horri dagokion ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoaren arabera.

11. artikulua.– Zuzenketak.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak akats edo okerreko daturen bat aurkitzen badu aurkeztutako dokumentazioan, horren berri emango die enpresa eskatzaileei, eta 10 egun balioduneko epea emango die zuzenketak egiteko; zuzendu ezean, ulertuko da uko egiten diotela eskaerari, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan zehaztutakoarekin.

12. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpen-prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak modu ordenatuan ebaluatu eta ebatziko dira espedienteak osaturik daudenean.

2.– Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak egingo ditu behar diren txosten teknikoak, eta agentziak izendatutako teknikariek egingo dituzte eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak. Sozietate horrek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Erakunde Laguntzaile gisa jardungo du, eta hauek izango dira bere eginkizunak:

a) Laguntza emateko: bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea eta dagokion txosten teknikoa prestatzea.

b) Laguntza likidatzeko:

– Gastu hautagarriak behar bezala egin direla kontrolatzea.

– Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.

Txosten teknikoek informazio hau jasoko dute: baliozkotzearen xehetasunak eta eskaera bakoitzari dagozkion onartutako gastu hautagarriak.

3.– Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren txostenak oinarritzat dituzten proposamenak ikusita, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak laguntzak ebatziko ditu, eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera, eta beti ere aurrekontu-kreditua badago.

4.– SPRIko Nazioartekotzeko zuzendariak telematikoki emango du eskaera onartzeko edo ezesteko ebazpena eta eskatzaileari jakinaraziko dio. Eskatzaileak aukera izango du ebazpenaren aurkako berraztertze errekurtsoa aurkezteko SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.

5.– Ebazpen hori 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da espedientea osorik dagoen momentutik zenbatzen hasita, oinarri hauetako 2. artikuluko 2. atalaren arabera. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat joko da.

6.– Ebazpena SPRIren webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

13. artikulua.– Laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

– Dirulaguntzaren % 50 dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gero.

– Gainerako % 50aren likidazioa, dirulaguntzaren xede diren ekintzak burutzean egindako gastuak justifikatu ostean.

2.– Egiaztagiriak telematikoki aurkeztu behar dira www.spri/elkartu webgunean, enpresa onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, laguntza esleitu izanaren ebazpena jasotzen denetik 2023ko otsailaren 28ra bitartean. Hala ere, publikoarentzako arreta 2023ko otsailaren 28ko arratsaldeko 15:00etan amaituko da.

3.– Hauexek dira aurkeztu beharreko justifikazio-egiaztagiriak:

– Dirulaguntzarekin finantzatu diren jarduerak gauzatu izanaren justifikazio memoria.

– Jarduera bakoitzaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua.

– Onartutako gastuen fakturak, kostuak banakatuta, jaulkipen-data adierazita eta hornitzailea identifikatuta, eta baita ere ordainagiriak, bakoitza bere zenbatekoarekin eta ordainketa-datarekin.

– Egindako bidaiak justifikatzeko, beharrezkoa izango da garraio-txartelak eta ostatuaren ordainagiria aurkeztea –benetako kostua egiaztatuta– bidaiaren egiaztagiri gisa. Ez da onartuko ibilgailu propioa edo taxia erabiltzea.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek derrigor bete behar dituzte azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen bidez onartua) testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak. Zehazki, hauexek dira betebehar horiek:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta idatziz espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Dirulaguntza erabiltzea ekintza-plana garatzeko eta eskaeran aurkeztutako gastuak finantzatzeko.

c) Onartzea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak izendatutako pertsonalak beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

d) Fakturak gordetzea eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez fakturak egin direnetik zenbatzen hasita.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organismo eskudun batzuei.

f) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste edozein Administraziotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik.

g) Aldatu egin bada dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat, horren berri ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.

h) Elkartu programaren bidez emandako dirulaguntzaren jatorriari dagokion publizitatea egitea laguntza publiko honen xede diren sustapen-euskarri guztietan.

i) Era berean, azoketan parte hartzeko laguntza jasotzen bada, ezinbesteko baldintza izango da Basque Country markari (Euskadi Basque Country, Spri Taldea eta Nazioartekotzeko Euskal Agentzia marken logoei) ikusgarritasuna ematea stand-ean, eta erabiliko diren sustapen-materialetan.

j) Hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortutako dokumentu eta irudi guztietan.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen Agindu honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, edo ez badu betetzen ebazpenean ezarritako betekizunen bat, organo eskudunak, interesatuari entzun ondoren, ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du eta administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du galdu egin duela dirulaguntza jasotzeko eskubidea; eta, hala badagokio, orobat deklaratuko du jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak Euskal Autonomi Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola bi hilabeteko epean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomi Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Onartutako presupuestoaren % 30eko edo gehiagoko beheranzko desbideratzeak berekin ekar lezake dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea, salbu eta justifikatzen bada bete direla laguntzak xedetzat dituen helburuak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Araudia, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1) (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Araudian eta datu pertsonalen babesari dagokionez aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraiki, jakinarazten da jasotako datuak tratatuko ditugula eskatutako laguntza-espedientea kudeatzeko, kontuan izanik datuen tratamenduaren oinarri juridikoa funtzio publikoa dela, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren sorrera-estatutuetan ezarritako helburuei jarraiki.

Informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikusi http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri).

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake Datu Pertsonalen Babeserako Araudi bidez babestuta dauzkan eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera. Era berean, harremanetan jar daitezke erakundeko Datuen Babeserako Ordezkariarekin helbide elektronikoan.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuen babesa eskatu behar bada, Datuen Babeserako Euskal Agentzia (www.avpd.euskadi.eus) dela kontrolerako autoritatea duena.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala