Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2022ko uztailaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3283

AGINDUA, 2022ko uztailaren 12koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko arauaren testu berrikusi eta osatua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumena da bertako Errepide Plan Orokorra onartzea, hala ezarrita baitago honako xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.34 artikuluan; Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko harremanei buruzko azaroren 25eko 27/1983 Legearen 7.a.8 artikuluan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 7.1 artikuluan. Agiri horretan, arau teknikoak eta seinalizaziokoak ezartzen dira, gero EAEko administrazio publikoek errepide-sareetan indarrean jarriko dituztenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorrean jasotako arau teknikoek barne hartzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen titulartasuneko errepideetan obrak gauzatzeko nahitaez bete beharreko arau edo instrukzioen multzoa, betiere errepideen arteko koordinazio teknikoa bermatzea helburu hartuta (Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 7.1 eta 11.2 artikuluak).

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra idaztea eta ohiko aldaketak landu eta onartzea. Aldaketa horien artean, eraikuntzako eta materialetako arauei edo instrukzio teknikoei buruzkoak daude, Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan edozein obra egiteko bete beharrekoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 4 eta 8.3 artikuluak, eta 2017-2028 eperako Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Hirugarren Plan Orokorra onartzen duen maiatzaren 19ko 63/2020 Dekretuaren 5. artikulua).

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko azaroaren 13ko Aginduaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko arauaren testu berrikusi eta osatua.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko azaroaren 10eko Aginduaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko arauaren lehenengo aldaketa, testuari honako eranskin hau eransteko asmoarekin: 7. eranskina: Errodadura geruzetan erabili beharreko nahaste bituminosoetarako agregakinak.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko arauaren bigarren aldaketa, testuari honako eranskin hau eransteko asmoarekin: 8. eranskina: zementuarekin tratatutako materialak (lurzoru-zementua eta legar-zementua).

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hiru foru-aldundiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorraren Batzordeko kide diren aldetik, Planaren ohiko aldaketa egitea erabaki dute. Aldaketa hori indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko arauaren berrikuspenean datza, testuari honako eranskin hauek eransteko asmoarekin: 9. eranskina: Nahaste bituminoso epelak hormigoi bituminoso motako emultsioarekin; 10. eranskina: Hotzean irekitako nahaste bituminosoak; 11. eranskina: Fresatuetatik berreskuratutako material bituminosoa (EO) eta 12. eranskina: Fresatuetatik berreskuratutako material bituminosoekin fabrikatutako nahaste bituminosoak, zentralean beroan edo erdiberoan. Horretaz gain, eranskin berrietara moldatu eta ingurumen-arloko jardunbide hobeak sartzeko asmoarekin honako hauek aldatuko dira: 5., 6. eta 7. eranskinak eta arauaren 1., 7. eta 9. kapituluak.

Bestalde, errepide-plan horren gainean egindako ohiko aldaketak arlo horretako eskumena duen saileko sailburu titularrak onartuko ditu, agindu bidez, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 14.artikuluan.

Sail honek dauka aipatutako aldaketak onartzeko eskumena, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 11.1.h) artikuluan.

Adierazitako guztia aintzat hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorraren ohiko aldaketa onartzea (ikus agindu honen eranskina). Aldaketa horren bidez, berrikusi eta osatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko arauaren testua.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Honako xedapen hauek indargabetuta geratzen dira:

– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko azaroaren 13ko Agindua, zeinaren bitartez onartu egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko arauaren testu berrikusi eta osatua.

– Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko azaroaren 10eko Agindua, zeinaren bitartez onartu egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko arauaren lehenengo aldaketa, testuari honako eranskin hau eransteko asmoarekin: 7. eranskina: errodadura geruzetan erabili beharreko nahaste bituminosoetarako agregakinak.

– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Agindua, zeinaren bitartez onartu egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko arauaren bigarren aldaketa, testuari honako eranskin hau eransteko asmoarekin: 8. eranskina: zementuarekin tratatutako materialak (lurzoru-zementua eta legar-zementua).

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 12a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO M.ª ARRIOLA LOPEZ.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERREPIDE SAREKO BIDE-ZORUAK DIMENTSIONATZEKO ARAUA. TESTU BERRIKUSI ETA OSATUA.

(Erantsitako dokumentua interneteko helbide honetan dago:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/norma_firmes/eu_norfir/adjuntos/norma_dimensionamiento_firmes_eu.pdf).


Azterketa dokumentala