Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2022ko uztailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3125

AGINDUA, 2022ko ekainaren 22koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Bergarako (Gipuzkoa) Arrizuriaga Jauregia eta haren lorategia, Monumentu Kategoriarekin, Babes Ertaineko Kultura Ondasun deklaratzen baita.

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE), Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Bergarako (Gipuzkoa) Arrizuriaga Jauregia eta haren lorategiaren ondare-interesa ikusita, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kulturako sailburuordeak erabaki zuen Arrizuriaga Jauregia eta haren lorategia, Monumentu Kategoriarekin, Babes Ertaineko Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, 2022ko martxoaren 11ko ebazpenaren bidez (martxoaren 17ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 55. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 13. artikuluan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia eman zitzaien.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea irekita, ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea ikusita, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseilua arautzen duen urriaren 26ko 228/2021 Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, kontseilu horrek, 2022ko ekainaren 16an egindako bilkuran, oniritzia eman zion Bergarako (Gipuzkoa) Arrizuriaga Jauregia eta haren lorategia Babes Ertaineko Kultura Ondasun izendatzeari, Monumentu Kategoriarekin.

Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 18.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren eta Kulturako sailburuordeak proposatuta,

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Kultura-ondasunaren babes-maila.

Bergarako (Gipuzkoa) Arrizuriaga Jauregia eta haren lorategia, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzea, eta agindu honen III. eranskinean jasotako babes-araubide berezia aplikatzea.

Bigarrena.– Babestutako kultura-ondasunaren mugaketa.

Bergarako (Gipuzkoa) Arrizuriaga Jauregiaren eta haren lorategiaren mugaketa agindu honen I. eranskinean jasotzen dena izango da, bertan azaldutako arrazoiak oinarri hartuta.

Hirugarrena.– Babestutako kultura-ondasunaren deskribapen formala.

Bergarako (Gipuzkoa) Arrizuriaga Jauregiaren eta haren lorategiaren deskribapen formala egitea, II. eranskinean adierazitakoarekin bat etorrita eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena.– Babestutako kultura-ondasuna hirigintza-plangintzan sartzea.

Bergarako Udalari (Gipuzkoa) eskatzea ondasun higiezin hori babesteko, udaleko hirigintza-plangintzako tresna egokituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Bosgarrena.– Argitalpena.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Agindua jakinaraztea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango die Bergarako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola eta Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuei, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jabetza-erregistroa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango dio jabetza-erregistroari, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Babestutako kultura-ondasunean esku-hartzeak baimentzea.

Oro har, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura izango da agindu honen bidez babestutako kultura-ondasunean esku-hartzeak egiteko baimenak ematea, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hirigintzako lizentziak eman aurretik, nahitaezkoa izango da aurreko paragrafoan aipatutako baimenak lortzea, monumentuari eragiten dioten obrak edo jarduketak egiteko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 22a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Bergarako Arrizuriaga Jauregia izeneko Monumentuaren mugaketa bat dator egungo hiri-parkearen ertz urbanizatuekin, eta horien artean daude eraikina bera eta babes-ingurune bat, bere baitan hartzen dituena jatorrizko lorategi zuhaizduna eta etxadia osatzen duten gainerako berdegune libreak.

Aurreikusitako mugaketak zehazten du zer babes-eremu behar den multzoaren balio historiko, konpositibo-formal, urbanistiko, ingurumeneko eta naturalak babesteko, eta babestutako kultura-ondasuna osatzen duten elementu guztiak behar bezala kontserbatzeko eta balioa emateko.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

1884. urtearen inguruan, Maria Purificación Urquizu Zurbano eta Jose María Unceta Murua senar-emazteek Arrizuriaga Jauregia eraiki zuten Unceta Etxeko baratze eta lorategietan. Etxe hori iparralderago dago, Bidekurutzetako errebalaren mugan, eta Unceta Loyola familiaren jabetzakoa da XVII. mendetik. Jauregi dotore hura, estilo eklektikokoa eta eragin frantsesekoa, lorategi berri eta mardul batez geratu zen inguratuta.

Jauregiak bolumen prismatiko trinkoa du, eta, hasieran, oinplano angeluzuzena hautsi zuen hego-mendebaldeko angeluan. Hegoaldeko eta mendebaldeko fatxaden atzeraemangune hori kendu egin zen mende erdi gehiago egindako obretan, eta hori da jatorrizko bolumenaren aldaketa bakarra; izan ere, egungo eraikinak bere horretan mantentzen ditu 5 altuerak (erdisotoa, beheko solairua, solairu nagusia, txapitula-formako bigarren solairua eta estalkipeko solairua); 4 isurkiko mantsarda-estalkia, goian argizulo zentrala duena; eta ipar-ekialdeko muturrari atxikitako oinplano oktogonaleko dorrea.

Fatxadak harlangaitzezkoak dira, eta hareharrizko harlanduz egindako plakak dituzte izkinetan, platabandetan, bao-markoetan, inpostetan eta erlaitzetan. Ardatzetan lerrokatutako proportzio bertikaleko baoen konposizio erregular baten bidez antolatzen dira, eta zurezko kontraleiho tolesgarriak dituzte kanpoan (gaur egun desmuntatuta daude). Nabarmentzekoa da, bereziki, izkinako dorrea, konposizioaren simetria eta soiltasuna hausten dituen elementu berezi gisa. Fatxada nagusian bost bao-ardatz daude, zutabe-erdi ildaskatuz inguratutako ate zentral dintelduarekin. Sarrera horren alboetan, Unceta eta Urquizu familien leinuen armarri bana dago. Fatxada horretako lehenengo solairuan, hiru baoko balkoi jarraitua dago, albo bakoitzean leiho angeluzuzen bat daukana. Harburu lisoko erlaitzaren gainean dagoen goiko solairuan, molduraz apaindutako hiru bao baino ez daude, txapitula formakoak; horietatik, erdiko baoa eta tximinia zilindrikoa nabarmentzen dira. Apaingarri hori, era berean, iparraldera eta hegoaldera begira dauden mantsardetan ere agertzen da tarteka.

Gainerako altxaeren osaerari dagokionez, fatxada nagusiaren ordenari eusten dio ardatz bertikaletan lerrokatutako baoekin (4 daude iparraldeko eta mendebaldeko fatxadetan, eta 7 hegoaldeko fatxadan), baina beste bao-ilara bat dute erdisotoko solairua argiztatzeko eta aireztatzeko, apaingarri gutxiagorekin. Atzeko fatxadaren konposizioa da gutxien zainduta dagoena. Hain zuzen ere, apaingarri gutxi ditu, zenbait elementu falta zaizkiolako: mantsarda, balkoiak eta baoen inguruko moldurak, zehazki. Gainera, beheko solairuan, neurri handiagoko baoak daude, ziurrenik erraztu egiten zutenak jauregiko espazio osagarri horien funtzioak (garajeak), bai eta espazio horiek lorategiarekiko duten lotura ere. Azkenik, fatxada honetan ikusten da argien nola kendu zen hego-mendebaldeko angelua, geroago egindakoa; izan ere, argi ikusten da horma-atalen diferentzia kromatikoa, bai eta erantsitako baoen ardatz bertikala konposizio simetrikotik desplazatu zela ere. Oro har, jatorrizko arotzeriak aldatu egin dira, baina oraindik mantentzen dira kanpoko kontraleihoak eta balkoietako errementaritza-lanak.

Estalkiak arbelezko jatorrizko estaldura mantentzen du: pikotx-formako piezak ditu plano bertikalenetan, eta pieza angeluzuzenak malda gutxiagoko isurialdeetan; era berean, zink-xafladun erremateak ditu, bai eta polikarbonatozko argizulo zentrala ere. Hala ere, estalkiaren barruko egitura, jatorriz egurrezkoa zena, aldatu egin zen 1953an, eta, haren ordez, hormigoizko egitura jarri zuten, gaur egun ere mantentzen dena. Izan ere, garai hartako jabeak, Gaspar Narvaiza Orbek, eraikina eraberritzeko eskatu zion Damián Lizaur arkitekto oñatiarrari, eraikinean 7 etxebizitza egin ahal izateko (bi etxebizitza, solairu bakoitzeko). Proiektu horrek, gainera, bolumenaren hego-mendebaldeko angelua osatu zuen, hegoaldeko eta mendebaldeko fatxadak handituz.

Gaur egun, lehenagoko eskemarekin alderatuta, barrualdeak beste antolaketa bat dauka, eta akaberak erabat aldatuta daude, 1986an Ertzaintzaren bulegoak instalatzeko egindako erreforma handiaren ondorioz. Hala eta guztiz ere, antolaketa orokorrari eusten zaio erdiko eskaileran eta barrualdeko patio txikian (komunak eta espazio osagarriak aireztatzeko), eta horien inguruan banatzen dira kanpoko fatxadetara ematen duten gelak. Obra horren ondorioz, barruko egitura ere aldatu zen: hormigoizko bi zutabe-lerro gehitu ziren, eta, zurezko forjatuen ordez, hormigoi armatuzko sistema arinagoak ezarri ziren. 2001az geroztik, eraikina hutsik egon da, eta, beraz, zenbait kontserbazio-arazo ditu, batez ere fatxadetan eta estalkian.

Garai berean, Pierre Ducassek zuhaitzez hornitutako lorategi ederra diseinatu zuen jauregiaren inguruko lursail angeluzuzenean, eta lorategia eraikitzeko lana, berriz, Donostiako Villa María Luisa enpresak hartu zuen bere gain. Landatutako landare-espezie ugarietatik, honakoak nabarmentzen dira: 12 indigaztainondo, 32 ezki eta 44 astigar, bai eta chamaerops excelsa delakoak, magnoliak, bola-akaziak, katalpak eta zumarrak ere; eta, horiez gain, fruta-arbolak, zuhaixkak, musak, panpa-lezkak eta 2.900 lore-landare. Gaur egun, zenbait ale bikain kontserbatzen dira: astigar zuria (Acer pseudoplatanus), indigaztainondoa (Aesculus hippocastanum), lizarra (Fraxinus excelsior), magnolia (Magnolia grandiflora), platanoa (Platanus acerifolia), ezkia (Tilia), izeia (Abies), izei gorria edo Gabonetako zuhaitza (Picea abies), intsentsu-zedroa (Calocedrus decurrens) eta Lawson altzifrea (Chamaecyparis lawsoniana). Zuhaixken artean, ezpela, aukuba eta ereinotza nabarmentzen dira.

Lorategia lursail aldapatsu batean dago, eta 10 metro inguruko desnibela dago beheko eta goiko aldeen artean (jauregia goian dago). Jauregiaren atzeko fatxadan harlangaitzezko euste-horma bat dago. Espazio lau horretan, ziurrenik, gurdiek maniobrak egiten zituzten. Gainera, sigi-sagaka doan bide batek lorategiaren hego-mendebaldea zeharkatzen du. Bide horrek hartxintxarrezko zorua du, eta zintarri baxu batez dago mugatuta.

Lorategiaren jatorrizko perimetro-itxituraren zati batzuk ere kontserbatzen dira: ekialdean, harlangaitzezko eta errementeritza-lanez egindako hormatxo baxua eta Espoloia kaletik sartzeko atea, eta, ipar-mendebaldean, harlangaitzezko horma, oso lodia eta 2 metro baino gehiagoko altuera duena. Hegoaldeko mugan, partzelaren itxitura duela gutxiago berreraiki da, nola edo hala jatorrizko trazadurari jarraituz eta Arrizuri kaleko sarbidea mantenduz. Mendebaldean, bihurgune formako itxitura erabat desagertu da, eta, ondorioz, partzelaren muga aldatu egin da.

Gaur egun, hiri-parke berde handi bat dago etxadi osoan, eta, deskribatutako lorategiaz gain, iparraldeko beste espazio batzuk ere hartzen ditu barnean, tartean Unceta Etxeari atxikitako lursailak. Hain zuzen ere, lursail horiek 2007an bereizi ziren etxetik, bide berri bat ireki zenean (Ramón María Lili kalea). Urbanizazio berri horren parte gisa, errementaritza-lana ere baduen harrizko hormatxo bat eraiki zen kale horretan, eta Unceta finkaren sarrera nagusia lekuz aldatu zen (hasieran, etxearen ondoan zegoen). Sarrera horrek errementeritza-lanez egindako orri bikoitzeko atetzarra du, alboetan pitxer banarekin errematatutako bi zutaberekin.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Babes-neurriei buruzko eranskin honek osatu egiten du Arrizuriaga Jauregia eta haren lorategia, Monumentu kategoriarekin, Babes Ertaineko Kultura Ondasun izendatzeko deklarazioa, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikulua betez.

2. artikulua.– Izaera loteslea.

1.– Eranskin honetako aginduak lotesleak dira, eta bertan aurreikusitako babes-neurrien arabera kontserbatu beharko da babestutako kultura-ondasuna.

2.– Hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnek beren baitan jaso beharko dituzte babestutako kultura-ondasunaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko behar diren zehaztapenak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren aldeko txostena izan beharko dute, 6/2019 Legearen 47. artikuluarekin bat etorriz.

3. artikulua.– Babestu beharreko ondasun eta balio kulturalak.

1.– Babestu beharreko kultura-ondasuna Arrizuriaga jauregiak eta haren babes-inguruneak osatzen dute, I. eranskineko mugaketaren arabera.

2.– Kultura-ondasunaren deklarazio hau eragin duen ondare-balorazioaren arabera, Arrizuriaga Jauregia eta haren lorategia ondasun garrantzitsuak dira EAEko kultura-ondarean, eta balio kultural hauek dituzte:

– Balio historikoa: Unceta eta Urquijo leinuen ondorengoek eraiki zuten XIX. mendearen azken laurdenean. Garai hartan, eraikinaren sustatzailea, José María Unceta Murua, Bergarako alkate eta Gipuzkoako Aldundiko presidente izatera iritsi zen.

– Proiektuaren eta eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa: estilo eklektikoko eta eragin franseseko diseinu txukuna, eraikuntza-teknika onekoa.

– Berezitasuna: bere testuinguruan batere ohikoa ez den hiri-jauregia; izan ere, eraikinak haussmanniar estiloa du; garai hartan Parisko erreforma urbanistiko-higienikorako erabiltzen zen estiloa, alegia.

– Balio konpositibo-formala: fatxaden konposizio dotorea, non estilo frantsestuko baliabideak erabiltzen baitira; hala nola, ardatz bertikaletan antolatutako leihate handiak, errementeritza-lanez egindako balkoiak, malda nabarmeneko eta txapitula-formako estalkia, eta apaindura-elementuak. Konposizio-ordena horren kontrapuntu gisa, ipar-ekialdeko angeluan dagoen dorre oktogonala nabarmentzen da.

– Hirigintza-balioa: eraikinak eta lorategiak osatutako unitate morfologikoak (zeina testuinguru askoz trinkoago batez baitago inguratuta) hiri-sarea bereizteko eta aberasteko gaitasuna du.

– Ingurumen- eta natura-balioa: lorategi mardularena, duen hedaduragatik, hango landare-espezieen aniztasunagatik, eta zuhaitzetako batzuen adinagatik, tamainagatik edo arrarotasunagatik.

3.– Deskribatutako balioak babesteko asmoz, elementu hauek izango dira babesaren xede:

– Egungo eraikinaren bolumetria, barne hartuta hego-mendebaldeko angeluaren 1953ko zabalkunde-lanak.

– Estalkia: isurialdeak, txapitulak, argizuloa, estaldurarako materiala (pikotx-formako arbelezko piezak eta pieza angeluzuzenak) eta erremateak (zink-xafla), apaindura-elementuak, tximiniak, dorrearen gaineko haize-orratza, eta abar.

– Kanpoko fatxadak: baoak, estaldurak, leihoetako eta kontraleihoetako arotzeria (materiala, kolorea, beiraren zatiketa eta irekiera-sistema) eta apaindura-elementuak; hala nola, zokaloen eta eskantzuen plakazko estaldura, baoen inguruak, erlaitzak, moldurak, inpostak, armarriak, harburuak, mentsulak, balkoietako pilastrak, errementeritza-lanak, fatxada nagusiko luminariak eta abar.

– Sarbide nagusien eta bigarren mailakoen antolaketa orokorra eta estalkiko argizuloaren azpiko komunikazio bertikaleko elementuen konfigurazio zentratua.

– Kanpoko lorategia, konposizio-elementu guztiak barne: trazadura eta profila maldan; landare-masa, gaur egun duen dibertsitatearekin, tamainarekin eta proportzioekin; eta eraikuntza- eta dekorazio-elementuak (Unceta eta Arrizuriaga finken jatorrizko itxiturako harlangaitzezko hormak, errementaritza-lanak eta sarbideak, I. eranskinean identifikatuak, eta mendebaldeko fatxadako plataforma eta euste-horma).

4. artikulua.– Elementu degradatzaileak.

1.– Honako elementu hauek hartzen dira kultura-ondasunaren balio babestuen degradatzailetzat:

– Fatxadetan: harriaren gaineko landaredia, goroldioa eta efloreszentziak, kristalezko babesak eta baoen itxiturak, banaketa-kaxak eta gainazaleko hoditeriak, kea ebakuatzeko hodiak eta lehengo garajeetako hutsuneetako arotzeria.

– Estalkia: kanpoko argiteriarako proiektoreak eta kableak, telekomunikaziorako antena, eta txapitulak eta erremateak iragazgaizteko obrak.

5. artikulua.– Arau orokorrak.

1.– Babestutako kultura-ondasun hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren mende egongo da, baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Babestutako kultura-ondasunaren jabeak, edukitzaileak eta haren gaineko eskubide errealen gainerako titularrak behartuta daude hura kontserbatu, zaindu, babestu eta erabiltzera, hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzetan, haren osotasuna ziurtatu dadin, eta ez dadin hura galdu, suntsitu edo hondatu.

3.– Babestutako kultura-ondasunei ematen zaizkien erabilerek eta haiek ustiatzeko aukera ematen duten administrazio-emakidek bateragarriak izan beharko dute babestu beharreko balio kulturalekin, betiere bermatuz kontserbatu egingo direla eta balioa emango zaiela.

4.– Babestutako kultura-ondasunaren titularrek ondasunerako sarbidea bermatu behar dute Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, informazioa eta sarbidea emanez agintari eskudunei edo beren eskumenak egikaritzeko ardura duten funtzionarioei, eta ondasuna modu publikoan bisitatzeko eta aztertzeko aukera emanez foru-organo eskudunak berariaz baimendutako ikertzaileei.

5.– Babestutako kultura-ondasuna osorik edo partzialki eraisteko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatu beharko da ezinbestean.

II. KAPITULUA
ESKU-HARTZE ERREGIMENA

6. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.

Babestutako kultura-ondasunean edozein esku-hartze egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen organoaren baimena beharko da, dagokion hirigintza-lizentzia edo administrazio-baimena eman aurretik.

7. artikulua.– Esku hartzeko proiektua.

1.– Babestutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek proiektu tekniko espezifiko bat beharko dute, ondasunaren eta esku-hartzearen izaerarekin bat datorrena. Ondasunaren titularrak aurkeztu beharko du proiektu hori, Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen departamentuak onar dezan.

2.– Edonola ere, babestutako kultura-ondasunean egin beharreko esku-hartzeen aurretik, ondasunaren azterketa historikoa egin beharko da, eta lan horiek profesional eta enpresa espezializatuen esku utzi beharko dira. Profesional eta enpresa horiek, gainera, egiaztatu beharko dute beharrezko gaitasun teknikoa dutela lanak bermerik handienekin egiteko.

8. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.

1.– Babestutako kultura-ondasunetan egiten diren esku-hartzeek bermatu egingo dute ondasun horien gaineko ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta birgaitzea, multzoaren itxura eta interpretazioa hutsaldu edo degradatu gabe.

2.– Babestutako kultura-ondasunaren balio kulturalak transmititzen direla bermatzeko, oinarrizko jarduketa-printzipio hauek ezartzen dira: ezinbesteko eta gutxieneko esku-hartzea, prozeduren itzulgarritasuna, eta osotasuna eta benetakotasuna mantentzea.

3.– Babestutako kultura-ondasunen gaineko esku-hartze orotan, ondasunaren konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak mantendu beharko dira.

4.– Segurtasunaren, irisgarritasunaren, efizientzia energetikoaren, osasungarritasunaren eta bestelakoen oinarrizko baldintzak ahalik eta egokitasun handienera mugatuko dira, babestutako kultura-ondasunetan edo haien ondare-balioetan eragin negatiborik izan gabe. Horretarako, konponbide berritzaileak erabiliko dira.

5.– Esku-hartzeek errespetatu egingo dituzte ondasunean bizirik dirauten eta ondasunaren bilakaerari buruzko informazio esanguratsua ematen duten garai guztietako eranskin interesgarriak.

6.– Debekatuta dago babestutako ondasunaren teknikekin edo materialekin edo babestu beharreko balioekin bateragarriak ez diren teknikak eta materialak erabiltzea. Esku-hartzeetan erabilitako teknikek eta materialek behar bezala bermatutako portaerak eta emaitzak eman beharko dituzte; zehazki, esperientziak edo ikerketak bermatutakoak.

9. artikulua.– Babestutako ondasunen araubide espezifikoa.

1.– 3. artikuluan identifikatutako kultura-balioak babesteko, onargarritzat hartzen dira jauregiaren gaineko esku-hartze hauek:

– Fatxadak zaharberritzea eta aldatutako zatiak jatorrizko egoerara lehengoratzea; hala nola, arotzeriak, kontraleihoak edo beiren zatikatzeak.

– Barne-banaketaren eskema orokorra zaharberritzea, komunikazio-elementu zentralekin eta perimetroko egongelekin.

– Barneko egitura finkatzea edo ordeztea, forjaketen kotak pixka bat aldatzeko aukerarekin, erlaitzak eta baoak finko mantenduz.

– Beharrezkoak diren instalazio teknologikoak edo higieniko-sanitarioak jartzea, baldin eta babestu beharreko elementuei modu negatiboan eragiten ez badiete.

– Degradatzaileak diren, interesik ez duten, edo babestutako kultura-balioak ezkutatzen dituzten edo horiekin kontraste negatiboa egiten duten estaldurak, eranskinak, obrak edo elementuak kentzea.

2.– Lorategian, bestalde, honako hauek onartu ahal izango dira:

– Jatorrizko finka interpretatzera edo berreskuratzera bideratutako hirigintza-ekintzak; besteak beste, Ramón María Lili kaleko atea jatorrizko kokapenetik hurbilago dagoen toki batera eramatea (Unceta Etxearen ondora, alegia).

– Jatorrizko itxiturako hormak, errementaritza-lanak eta ateak zaharberritzea (I. eranskineko planoan daude identifikatuta), jatorrizko trazaduraren gainean berreraikitako zatiak ordeztea (hegoaldeko mugan) eta iparraldeko eta mendebaldeko mugetako zatirik berrienak ordeztea edo kentzea.

– Landare-masa puntualki eta aldizka berritzea (epe luzerako programa bat egin ondoren). Birlandatu beharreko zuhaitz, zuhaixka, landare eta lore espezieak hautatzearen helburua jatorrizko espezieak babestea izango da, bai eta multzoa ahalik eta benetakoena izatea ere.

3.– Oro har, debekatuta daude 3. artikuluan identifikatutako kultura-balioei kalte edo galeraren bat eragiten dieten esku-hartzeak, bai eta, bereziki, fatxadak eta haien elementu babestuak aldatzea (konposizio orokorrean funtsezko aldaketak eragiten badituzte) eta kanpoko akaberak modu berreskuraezinean aldarazten dituzten garbiketa-tratamenduak egitea ere.

4.– 4. artikuluan kultura-ondasun babestuaren degradatzaile gisa identifikatutako elementuak ezingo dira sendotze- edo berritze-jarduketen xede izan, eta kendu egin beharko dira ondasunaren gaineko esku-hartze integrala egiten denean, eskumena duen foru-organoak aldez aurreko baimena emanda.

10. artikulua.– Babes-ingurunearen araubide espezifikoa.

1.– Arrizuriaga jauregiaren babes-ingurunea deklaratutako kultura-ondasunaren parte da, eta, beraz, bertan egiten den edozein esku-hartze multzoan bateratu eta integratu beharko da, inguruko lorategiak eta zuhaitzak mantenduz.

2.– Babes-ingurunean, esku-hartze hauek baimenduko dira:

– Irisgarritasuna hobetzea, 11. artikuluko baldintzetan.

– Hiri-altzariak, seinaleak, argiak edo segurtasun-elementuak instalatzea.

– Ibilbideak egokitzea, zoladura bigunak edo hartxintxarrezkoak erabiliz horretarako.

– Eraikuntza berriak, baldin eta sestra gaineko bolumena, gutxienez, jauregiko fatxadak baino 30 metro harago badago, eta baldin eta jauregiaren mende geratzen bada neurriei eta kokapenari dagokienez. Edonola ere, lorategiko elementu babestuak errespetatu beharko dira.

3.– Saihestu egingo da babestutako kultura-ondasunaren gaineko kutsadura bisual edo akustikoa eragiten duen edozer instalatzea, baldin eta instalatutako horrek ondasunaren gaineko behaketa eragozten, zailtzen edo desitxuratzen badu edo haren ondare-balioak degradatzen baditu.

4.– Babes-ingurunean egindako obra txikiak, betiere kultura-ondasun babestuan eragin materialik edo bisualik ez badute, Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen organoari jakinarazi beharko zaizkio, gutxienez hilabete lehenago.

11. artikulua.– Irisgarritasun unibertsaleko arrazoizko neurriak.

1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.4 artikulua betetzeko, babestutako kultura-ondasunerako sarbidea ahalbidetuko duten neurriak aurreikusi behar dira, eta aipatutako sarbidea irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan eman beharko da. Neurri horiek, nolanahi ere, bateragarriak izan beharko dute babestutako balio kulturalekin.

2.– Arrizuriaga jauregiak oztopo arkitektonikoak ditu, eta oztopo horiek eragotzi egiten dute eraikinaren kanpoaldetik barrualderako irisgarritasuna, eta, eraikinaren barruan, komunikazio bertikala ere eragozten dute.

3.– Kanpoaldearen eta barrualdearen arteko desnibela kentzeari dagokionez, lehentasuna emango zaio edozein elementu irisgarri berri instalatzeari jauregiaren atzeko fatxadan, halakorik egin daitekeenean; eta, bestela, gainerako fatxaden balio konpositibo-formala eta balio handieneko elementu estilistikoak babestea bermatuko da, batez ere fatxada nagusia.

4.– Solairuen arteko barne-komunikazioari dagokionez, konponbiderik zentzuzkoena erdiko patioko hutsartean jasogailu bat instalatzea izango litzateke, patioaren jatorrizko neurriak mantenduz. Debekatuta dago estalkian edo fatxadetan bolumen berriak sortzea.

5.– Lorategiari dagokionez, ezinbestekotzat jotzen bada hiri-espazioetarako indarrean dagoen legeriaren araberako ibilbide irisgarriak egokitzea, lorategiaren orografia funtsean aldatu gabe eta babestutako elementuei modu negatiboan eragin gabe egokituko dira aipatutako ibilbideak.


Azterketa dokumentala